☉ Arrigorriaga
Nahikari Román: «Emaitza onak lortu arren, oztopo ugari ditugu goi-mailako kirolari lez onartuak izateko»
Arrigorriagako atleta paralinpikoa munduko txapelunorde izendatu dute 400 metro hesidunetan. Javi Conde Atletismo klub basauriarreko kidea da Nahikari Román eta lurraldeko talde onena lez finkatu berri da

[2023ko urriaren 5ean argitaratutako elkarrizketa – Geuria 100] Beren bizitzetan zehar, ezgaitasuna duten pertsonek hainbat oztopoen gainetik salto behar izan dute gizarteak integra ditzan. Baina oraindik metro batzuk falta dira berdintasuna esparru guztietara zabaltzeko. Kirola sentsibilizazio-tresna indartsua da, eta horretaz ondo daki Basauriko Javi Conde klubak, ia 30 urte baitaramatza errendimendu handiko atletismo egokitua sustatzeko lanean. Bere dedikazioari esker, garaipen handiak lortu ditu aurten ere, atleta hauen trebetasuna lehen lerrora ekarriz. Izan ere, Espainiako klub onenetako bat bezala sendotzeaz gain, Nahikari Román Ortizek (Arrigorriaga, 1999) zilarrezko domina eskuratu du Frantzian ospatutako adimen-urritasuna duten kirolarientzako Munduko Txapelketan, 400 metroko hesiduneko modalitatean. Ahaleginaren eta iraunkortasunaren adibide argia. Bere esanetan, kirolak “osasuna eta bakea” eman dizkio, “batez ere mentala”, bizi-kalitate on bat izateko funtsezkoa dena.
Lehen aldia munduko txapelketan eta podiuma lortu. Hori bai estreinaldia!
2019an hasi nintzen gutxi gorabehera atletismoan, eta txikitatik ikusia nuen Usain Bolt, Sara Andrés edo Desirée Vila bezalako kirolari handien leku berera iristeko ametsa nuen. Lasterketa lauetan eta erreleboetan aritzen naiz, baina aurten hesi lasterketa modalitatean ere hasi naiz. Duela hilabete batzuk parte hartze libreko proba batean izena eman nuen, markaz igotzeko. Irteerako pistolaren soinua entzutean korrika hasi nintzen, eta nire entrenatzailearen ahotsa entzuten nuenean salto egiten nuen. Bero ikaragarria egiten zuen. Ozta-ozta ikusten nuen azken hesia. Baina gehiago ezin banuen ere, ezin nintzen bertan behera gelditu. Helmugara iritsi nintzenean, guztiz zorabiatuta, nire entrenatzailea Javi Conde atleta paralinpikoa besarkatzen ikusi nuen urrutian. Ez nuen ezer ulertzen. Korrika etorri zen niregana eta, nerbioak dantzari neuzkala, marka apurtu nuela esan zidan. Hiru hilabete baino ez neramatzan hesiekin praktikatzen! Orduan, Frantziako mundialera nindoala iragarri zuen. Ondo entzun ote nuen? Errepikatzeko eskatu nion. Hunkituta, negarrez hasi nintzen. Ezin nuen sinetsi. Prest nengoela ikusi zuten eta, emaitza alde batera utzita, gozatzera joateko eskatu zidaten. Eta hori egin nuen. Nire inguru guztia izugarri poztu zen, eta une horiek dira gordetzen dudan oroitzapenik politena.

Nahikari bere taldekideekin entrenatzen // Geuria
Vichyra iritsi nintzenean oso urduri nengoen, baina bertan aitaren babesa nuen (nire neba eta ama lan egiten baitzuten eta ezin izan baitziren etorri) eta horrek nire onena emateko adina indar eman zidan. Gainera, hotelean areto-futboleko jokalariekin egon ginen, eta oso harreman ona izan nuenez haiekin, nire lasterketa ikustera gonbidatu nien. 400 metroko hesi lasterketa oso proba zaila dela uste dut, eskatzen duen teknikagatik. Espainiako selekzioaren ekipamendua jantzi -ederki ematen zidana- eta orduan pentsatu nuen: “Kito, honaino iritsi naiz eta arro egon naiteke”. Pistak sei kale besterik ez zituen, eta 3. kalea egokitu zitzaidan. Erdikoa eta eguzki-galdatan. Oso txapelketa estua izan zen. Izan ere, 200 metro egin genituenean lehen postuan nindoala esan zidaten gero. Parean eskarmentu handiko bi neska nituen une oro: australiar bat eta turkiar bat. Leher eginda iritsi nintzen, eta turkiarra nirekin batera helmuga zeharkatzen ikusi nuen. Markagailura begiratu eta bigarren ikusi nuen neure burua australiarraren atzetik. Gaizki zegoela uste nuen. Hirugarren heldu nintzela. Epaileari berrikusteko eskatu nion, baina foto finish-a aztertzean oker nengoela esan zidan. Munduko txapeldunorde berria nintzela. Ezin nintzen nire harriduratik atera. Atximur egiteko eskatu nion lagun bati. Begietatik malkoak zerizkidan etengabe, eta sekulako besarkada eman nion aitari.
Nire kideek airean altxatu nahi izan zidaten, baina ezetz esan nien, lotsa emateaz gain, hanketako min handia nuelako. Jaiotzetik lesio bat dut bi belaunetan: antzara-hankako tendinitisa. 2020an igaro nuen garairik txarrena, eta orain mina txikiagoa bada ere, batzuetan sentitzen jarraitzen dut. Horregatik ikasi dut bizitzan min hartzen baduzu, jaiki egin behar zarela; benetan amets bat lortzeko borrokatu nahi baduzu, dena eman behar duzula. Betiere prozesuaz gozatuz eta zure mugak ezagutuz. Jendeari eskatzen diodan gauza bakarra kirolaren aurrean inoiz ez amore ematea da, zure gaitasunekin harritu zaitezkeelako.
Nola hasi zinen kirolarekin harremanetan?
Eskolan beti jolastean pentsatzen nuen eta heziketa fisikoko ikasgaian zure gorputza pixka bat osatzen irakasten dizute. Hala ere, ez nuen benetan erakartzen ninduen kirolik aurkitzen. Gimnastika erritmikoa, dantza modernoa, irristaketa… Zerbait egin behar nuen, baina institutura heldu nintzenean, probatzen jarraitzeko gogoa desagertu zitzaidan. Atletismoak atentzioa ematen zidan, lehen esan dudan bezala, baina inoiz ez zitzaidan burutik pasatu. Txikitan helburuak beti dira futbolaria edo telebistan ikusten ditugun kirolik ohikoenetako izarrak izatea, baina inoiz ez nion inori entzun esaten: “Nik atleta profesionala izan nahi dut”.
Egun batean Nojara joan nintzen eta nire amaren lagun batek hondartzan lasterketa bat egiteko proposatu zidan. Irabazle atera nintzen. Eta alde handiarekin, gainera! Orduan kluben batean izena eman behar nuela esan zidan, atleta-hankak nituelako, eta berak Javi Conderen kluba ezagutzen zuenez, nire ama haiekin harremanetan jarri zen. Hasieran ez nintzen seguru sentitzen. Kirolari buruzko pentsamendu oso negatiboa nuen, baina ez nuen ezer galtzeko. Gustatzen ez bazitzaidan, etxera itzuliko nintzen beste guztietan bezala. Lehenengo egunean lotsa handia eman zidan, baina Mikel eta Julen Astorki anaiak ezagutzen nituenez -estimu handitan baititut institutu garaitik- ez nintzen bakarrik egongo, eta animatu egingo nintzen. Korrika probak gainditu eta talderik handienarekin entrenatuko nuela azaldu zidaten. Ez nekien han nire lekua aurkituko ote nuen. Baina behin denak ezagutu nituenean konfiantza handia hartu nuen eta dakidan guztia erakutsi didate. Ez bakarrik kirol arloan. Lehen etxetik ere ez nintzen ateratzen, eta haiekin harremanak izaten ikasi dut. Oso eskertuta nago atletismoak eman didan guztiagatik. Eta eskerrak eman behar dizkiot Javiri, talde honetan sartzeagatik, eta nire entrenatzaile Sergiori, beti alboan egoteagatik.
Bestalde, nire bi amonak aspaldi hil ziren, eta kirol hau haiengatik egiten dut bereziki. Haiek ere esaten zidaten hanka potoloak nituela eta etekina atera behar niela. Orain, helmugara iristen naizen bakoitzean, zerura begiratu eta haietaz oroitzen naiz. Momentu horretan behea jotzen dut. Ez ditut hitzik aurkitzen gaur egun kirola nola bizi dudan azaltzeko.
Virtus Global Game-ak zure azken lorpena izan dira, baina nolakoa izan da zure garapena nazioarteko atleta izatera iritsi arte?
Granada, Sevilla, Gijón… Kirol honekin ia herrialde osoa zeharkatu dudala esan dezaket, eta hainbat sari irabazi ditut. Oso zorrotza naiz nire gorputzarekin, eta zerbaitetan saiatzen banaiz, badakit ez naizela gelditzen lortzen dudan arte. Egiten dudan ahalegina izugarria da. Horrek ez du esan nahi beheraldirik ez ditudanik. Baina klubak inoiz amore ez ematera eta aurrera jarraitzera animatzen nau. Aurtengo Espainiako txapelketan belaunarekin lotuta lehiatu nintzen. Aurreko gauean fisioa etorri behar izan zuen, ezin nuelako hanka mugitu. Hala ere, podiumera igotzea lortu nuen 200 eta 400 metro lauetan, eta laugarren geratu nintzen 800 metroetan. Erreleboek beldur handiagoa ematen zidaten, nire lagunengan eragina izan zezakeelako eta nitaz kezkatuta zeudelako. Baina proba guztiak oso jarraituak izaten dira, eta, beraz, behin hasiz gero, mina ahaztu eta aurrera egiten dut. Nire leloa da minik gabe ez dagoela karrerarik, eta karrerarik gabe ez dagoela minik. Bata edo bestea aukeratu behar da, eta nik lehenaren alde egiten dut. Inoiz ezin da esan ezin denik. Proba horiek guztiak egiteko gai izan banaiz eta eutsi egin badiot, azken txanpa besterik ez da falta. Beti eman dezaket nitaz pixka bat gehiago. Begiak itxi nituen, eta lekukoa pasa nienean etengabe animatzera ekin nion. Bai nire kideei, bai gainerakoei. Baita azkenekoei ere. Mundu guztiak du bere meritua, ahalegintzeagatik eta iristeagatik, edozein postuan dela ere. Garrantzitsuena beti helmugara heltzea da.

Gurera itzulita, Basauri maila handiko lehiaketa paralinpikoen egoitza gisa finkatzen ari da Meeting-a bezalako probak antolatzeari esker.
Urtero Meeting-a antolatzen dute, hainbat autonomia erkidegotako klubak biltzen dituena proba ezberdinetan lehiatzeko. Erreferente bat da dagoeneko eta, horri esker, miresten ditudan atleta paralinpiko asko ezagutu ditut. Zure idoloekin lehiatzea opari bat da, eta are gehiago etxean. Plazer bat da haiek hemen edukitzea, eta beti eskertuko diegu. Aurtengoa azken urteetako Meeting handiena izan dela uste dut. Nire kasuan, munduko txapelketarako entrenamendu bat bezala hartu nuen, pixka bat lehenago izan baitzen. Gainera, taldean irabazi genuen eta, Meeting-eko txapeldunak izendatu ez ezik, Espainiako klub paralinpikorik onenaren saria lortu genuen beste behin ere. Hori gutxi balitz, FEDDI (Adimen Urritasuna duten Pertsonentzako Kirolen Espainiako Federazioa) atleta onenaren estatua jaso nuen. Ez nuen espero! Azkenaldi honetan asko aitortzen ari zait egiten ari naizen lan guztia. Hala ere, uste dut nire kideei ere gehiago eman beharko litzaiekeela. Nik ez dut protagonista nagusia izan nahi. Merituak banan-banan aitortu beharko litzaieke, denek ahalegin handia egiten dutelako dauden lekura iristeko.
Kirol arrakasta nabariaz haratago, kluba bere dedikazioagatik, gainditze gaitasunagatik eta inklusio lanagatik nabarmendu egin da.
Hemen, Javi Conderen klubean, denok dugu zerbait. Zerbait berezia. Eta horrek, neurri batean, batu egiten gaitu. Bakoitzak desgaitasun fisiko edo mental bat du: garuneko paralisia, downen sindromea… Baina ez zaigu horregatik ospea kendu behar, ororen gainetik pertsonak garelako. Nik uste dut meritu handiagoa ere baduela, etengabe geure burua gainditzen ari garelako, eta ez bakarrik kirol arloan. Lau urte daramatzat familia handi honetako kide izaten, eta niri bizia eman dit. Familia baten ezaugarri nagusiak batasuna eta babesa dira, eta hemen aurkitu egin dut hori. Gainera, inoiz amore ematen ez duen familia da, eta horretaz harro nago. Bat erortzen bada, denok erortzen gara. Eta hemen, zin dagizut, ez dela inor eroriko. Norbaitek ezin badu, altxatzen lagunduko diogu. Baliteke une batzuetan menderatuta sentitzea, zure osasun mentalak “honaino iritsi zara” esatea eta autoestimu oso baxuarekin egotea. Baina beti egongo dira zu irribarrea ateratzeko eta bide luzean laguntzeko prest. Hori da gehien baloratzen dudana. Gogoan dut parte hartu nuen lehen lehiaketa Granadan izan zela eta asko sufritu nuela, nire familiako inor ezin izan zelako etorri. Korrika ez egitean ere pentsatu nuen, baina taldekideek animatu ninduten. Orain konturatzen naiz kirol hau praktikatu izan ez banu, ez nituela ezagutuko. Dagoeneko 80 lagun inguru gara, eta gehiago batzen jarraitzea espero dut. Batez ere neska gehiago, oraindik gutxi baikara. Klub honetatik gehien nabarmentzen dudana da gero eta urrunago iristeko duen anbizioa. Kirolari itzelak hazten ikusten ari naiz, eta ahal duten guztia egiten ari dira etengabe gainditzeko.
Ahalegin orok bere saria al du? Ba al dago benetako inklusiorik gaur egun?
Arreta mediatikoa atletismotik erabat urrun dago. Eta zer esanik ez kirol egokituari buruz. Orain, adibidez, Espainiako emakumezkoen futbol selekzioaren albistea hedabide guztien azaletan dago. Baina, eta gu zer? Hemen gaude. Pertsonak ere bagara, eta gutxietsiak sentitzen gara. Askotan izan gara txapeldunak, maila ezberdinetan gainera, eta oraindik ikusgarritasuna falta zaigu. Ikusgarritasunaz aparte, badira zer egiteko gai garen sinesten ez dutenak. Baina begira nire taldekidea den Mikel Garcia. Down sindromea du eta munduko txapeldun izendatu zen Australian duela urte batzuk. Hala ere, Down sindromea duten kirolariek ezin dute joko paralinpikoetan parte hartu. Eta zergatia galdetuko duzu. Nik ere bai.

Nik ere horixe bera galdetzen diot neure buruari. Nola eragotziko diote lehiatzea, horretarako gai dela aise erakutsi badu? Gainera, mundu guztiak merezi du gustatzen zaiona egiteko aukera izatea. Zer axola dio kromosoma bat gehiago edo gutxiago izateak? Duela pare bat urte, elkartasunezko erronka batekin bat egin genuen, eta 24 orduz korrika egin genuen mugimenduari laguntzeko, nire lagunak bere kategoria izan behar baitu, bai 2024ko jokoetan, bai edozein probatan. Nazioarteko txapelketetan emaitza onak lortzeak ez ditu eragozten goi-mailako kirolari gisa onartzeko aurkitzen ditugun zailtasun ugariak. Eta errudun sentiarazten gaituzte. Nire kasuan, adibidez, kritika asko jaso nituen klasean gauza batzuk besteak baino okerrago ematen zitzaizkidalako. Ez naiz gaindohatua izango, baina hizkuntzak, esaterako, gustatzen zaizkit eta ondo ematen zaizkit. Jendeak ez daki benetan desgaitasun intelektuala duzun ala ez, eta gizartearen egituraketak kolektibo osoari eragiten digu.
Eta, azkenik, nola ekingo diozu denboraldi berri honi?
Etengabe saiatzen naiz neure burua gainditzen eta helburu berriak planteatzen. Adibidez, 100 metro lauekin behin betiko marka batera iritsi naiz. Orduan, noraino iritsi ahal naizen dakidanez, orain gainerako probetan arreta gehiago jarri nahi dut, hobetzeko tarte handiagoa dudalako: 200, 400 eta 800 metro lauetan, hesietan eta erreleboetan. Nire entrenatzaileek esan didate horrela jarraitzen badut agian Espainiako errekor bat lor dezakedala. Pena ematen digu 2024an Pariseko joko paralinpikoetara joateko aukera ez agertzeak, baina hurrengoetarako espero dezagun egoera aldatzea. Gure idolo izatera iritsi nahi dugu; izan ere, “Campeones” filmean bezala, gu ere txapeldunak gara, baina ez gaituzte halakotzat hartzen. Gure helburua ere munduak ikustea da. Talentua badugu, orain jendea etortzea besterik ez da falta. Familia oso txikia delako, baina gu oso handiak gara. Gorenera iristen saiatu nahi dugu, beste jende bat inspiratu ahal izateko. Eta badakit denborarekin iritsiko dela.
☉ Arrigorriaga
Jardueraz betetako programa prestatu dute azaroan Arrigorriagan, A25eko testuinguruan
Hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza bezalako jarduerak prestatu dituzte datozen egunetan

Azaroaren 28ra bitartean jardueraz betetako programa antolatu dute Arrigorriagan, Emakumeen Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren testuinguruan.
Jarduerak Arrigorriagako Udalak eta Lamiaena emakumeen etxeak antolatu dituzte herrigunean: hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, A-25eko elkarretaratzea, Garrasidromoa, argazki erakusketa…
Egitaraua | A-25a Arrigorriagan
Azaroak 10, asteazkena
17:00 Indarkeria matxistaren aurkako erakusketa (Carolina Zuluaga), Lamiaena.
Inaugurazioa, azaroaren 12an, 18:00etan
Azaroak 11, astelehena
18:30 Zineforuma: La Virgen Roja
Azaroak 18, asteartea
18:00 Solasaldia: Emakumeak eta arrisku kardiobaskularra, Lamiaena
Azaroak 21, ostirala
Mural ibiltaria: ‘Elkarrekin isiltasuna hausten dugu’
Azaroak 23, igandea
12:00 Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, udaletxetik hasita
Azaroak 25, asteartea
19:30 Elkarretaratzea, udaletxeko plaza
20:00 Garrasidromoa: “Oihukatu indarkeria matxistaren aurka!”
Panel informatiboa: 2010-2015 bitartean eraildako emakumeak
Azaroak 26, asteazkena
18:00 Tailerrak: Erresistentziaren Ahotsak “Eta zure ahotsa irudietan kontatu ahal izango balitz?”
Azaroak 27, osteguna
18:00 Solasaldia: ‘Indarkeria matxista eta negazionismoa: erantzun feminista eta juridikoak atzerapausu legalen aurrean’, Lamiaena
Abenduak 12 – urtarrilak 30
17:00 Argazki-erakusketa: ‘Irregulartasuna indarkeri anizkoitza eta desentralizatua da’, Lamiaena
Inaugurazioa: abenduak 12, 17:30
☉ Arrigorriaga
Bazkaria, kontzertuak eta mendi martxa antolatu dituzte Arrigorriagako Gaztetxearen urteurrenean
Azaroaren 29an antolatu dute urteurrena eta egun osoan zehar jarduerak antolatu dituzte Gaztetxean eta inguruetan

Arrigorriagako Gaztetxearen zortzigarren urteurrena ospatuko dute azaroaren 29an, eta hainbat jarduera antolatu dituzte egunean zehar.
Lehen jarduera mendi martxa izango da. Urteurren guztietan lez, asmoa igoera Artandara egitea da, “baina euria egitekotan bertan behera geratuko da jarduera”, azaldu dute Gaztetxetik.
Mendi martxaz gainera bazkaria eta bazkaloste musikatua antolatu dute Gaztetxean ‘Bost axola potxola’rekin. Bazkaltzeko prezioa 13 eurokoa izango da.
Arrasti aldera Joseto ta Alayak-en elektrotxaranga egingo dute herrian zehar eta gaualdean Gaztetxeko kontzertuei paso emango diete Niere, Tobogan eta Beranduegi Erromeriarekin.
Egitaraua | Arrigorriagako Gaztetxearen VIII. urteurrena
Azaroak 29, larunbata
10:00 Mendi martxa Artandara
15:00 Bazkaria + bazkaloste ‘Bost axola potxola’ taldearekin Gaztetxea
18:00 Elektrotxaranga: Joseto ta Alayak
22:00 Kontzertuak: Niere + Tobogan + Beranduegi Erromeria
☉ Arrigorriaga
Argazkiak / Enriqueta Hortalak badu bere kalea eta herritarren merezitako omenaldia Arrigorriagan
Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertara hurbildu direnentzat.

Eguraldia lagun izan ez arren, asko izan dira gaur goizean Enriqueta Hortala kalera hurbildu diren arrigorriagarrak. Gaurtik aurretik izen berri hori ere presente egongo baita herriko kale izendegian.
Ekitaldian, antolatzaileek nabarmendu dute “musikaren munduan herrian erreferente izan zen emakumeari” eskaini zaiola kalea, “besteak beste emakumezkoen abesbatzaren sortzaile izan zelako”.
Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertaratu direnentzat.






















☉ Arrigorriaga
Kale izendegiari beste emakume izen bat gehituko diote Arrigorriagan larunbat honetan: Enriqueta Hortala
Joana Etxeberria, Politika Feministetako zinegotziak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari

2021ean Kultur Etxe berriari Edurne Garitazelaia izena emanda hasitako bideari (2023an Teodosia Ortega parkearen txanda heldu zen) jarraipena emango dio Arrigorriagako Udalak larunbat honetan, Kultur Etxe atzeko kaleari Enriqueta Hortala Cimiano izena emanez. Helburua, udal ordezkariek azaldutakoaren arabera, “emakumeei espazio publikoan euren tokia ematea da”.
Helburu hori aurreko legealdian finkatu zuten Arrigorriagan: “izen hauek guztiak bere momentuan Berdintasun Kontseilutik abiarazi genuen prozesu parte hartzailean aipatuenak izan ziren. Horien arten Enriqueta Hortalarena izan zen boto gehien jaso zuenetariko bat” gogorarazi du Etxeberriak.
Zergatik, baina, aitortza hau Hortalari? “Artista polifazetikoa izan zen Hortala, betiere musika munduari lotutakoa. Pianojolea izateaz harago, irakaslea ere bazen, eta egun Albaraka izena duen abesbatzaren sortzailea ere izan zen”.
Bere hitzartzeari amaiera emateko, Etxeberriak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari: “Azken finean, emakume hauek ekarpen handia egin diote gure kulturari, kirolari, euskarari eta bizitzaren sostenguari”.
Maite Ibarra alkateak, bere aldetik, “gure herriaren historian ekarpen funtsezkoa egin zuen emakumea” izan zela nabarmendu du.
Bukatzeko, Lourdes Perosanz Berdintasun teknikariak larunbateko ekitaldiaren xehetasunak eman ditu, eta herritarren parte hartzea funtsezkoa dela nabarmendu du.
12:00etan hasiko da omenaldia, eta bertan parte hartuko dute Aritzberri Dantza Taldeak, Artizarra Musika Eskolak, eta Hortalak sortutako abesbatzaren oinordekoa den Albaraka taldeak, hurrenez hurren. Bukatzeko mokadutxoa egingo dute Azokea aretoan.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Sorginek eta mamuek Arrigorriagako Gau Beltza hartu dute etxeko txikiekin
Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek

Heldu da urriaren azken eguna eta horrekin… Gau Beltza. Azken urteetan ikusi denez, Hego Uribeko udalerri askotan antzinako tradizio hau berreskuratzen joan dira herritarrak eta Arrigorriagan ez dira gutxiago izan.
Izan ere, Arrigorriagako Gau Beltza etxeko txikientzat eta gazteentzat prestatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek 17:30ean. Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute, sorginen txano eta sendabelarren artean. Ondoan, kalabazak apaintzeko eta aurpegiak margotzeko eta eskulan-tailerra prestatu dute.
Orduek aurrera egin ahala, herritarrak udaletxeko plazara hurbiltzen hasi dira, askotariko mozorroekin jantzita eta jolas eta koreografiak egin dituzte bertan. Amaitzean kalejira antolatu dute herriko kaleetan barrena.






































































