☉ Basauri
Basaurin bizi den jokalari berri bat fitxatu du Athleticek: Maroan Sannadi
Jaiotzez gasteiztarra, gaur egun Basaurin bizi da Maroan Sannadi, Athleticeko fitxaketa berria

Athleticek jokalari berri bat fitxatu du: Maroan Sannadi. Jaiotzez gasteiztarra, Maroan Basaurin bizi da gaur egun.
2029ra arteko kontratua sinatu du Maroanek. Otsailaren 1ean sinatu zuen kontratua San Mamesen Jon Uriarte presidentearen eta Mikel Gonzalez Futboleko zuzendari nagusiaren aurrean, eta 2029ko ekainaren 30era arteko konpromisoa hartu du Athleticekin.
Atzo, otsailak 5, jokalariaren aurkezpen ofiziala egin zuten. “Egunen batean San Mamesen jokatzearekin amesten nuen. Ilusio izugarria egiten dit”, adierazi zuen aurkezpenean.
Maroanek 24 urte ditu, eta erdiko aurrelaria da. “Mugimendu handiak ditu eta sen berezia area barruan. Ahalmen horrek balio izan dio Barakaldo CF taldean 11 gol sartzeko 20 partidatan eta golegile-sailkapeneko liderra izateko bere Primera Federacion mailako multzoan. Lakuakoa futbolaria hedapen fisiko eta teknika aipagarria du zelaiko hainbat eremutan”, diote Athleticeko ordezkariek.
Eskualdetik Athleticera
Hego Uribe eskualdetik hainbat dira Athleticen jokatu dutenak. Batzuk jaiotzez bertakoak, eta beste batzuk bertan bizi izandakoak.
Jatorriz eskualdekoak ez, baina bertan bizi izan diren Athleticeko jokalariak dira, besteak beste, Jose Angel Iribar eta Maroan Sannadi. Biek Basauri izan dute bizileku: Iribar Basconian jokatu zuen garaian, eta Sannadi gaur egun bizi da Urbi auzoan.
Bestetik, Hego Uribe eskualdean jaiotako jokalari hauek dira gaur egun Athleticen parte: Aitor Paredes (Arrigorriaga), Ainize Barea ‘Peke’ (Arrigorriaga) eta Alvaro Djaló (Basaurin, San Migelen hazia).
Eta horien aurretik, esaterako, jokalari hauek jantzi dute kamiseta zuri-gorria: Ainhoa Alvarez (Galdakao), Jone Ibañez (Galdakao), Marta Perea (Galdakao), Arrate Orueta (Basauri), Cristian Ganea (Basauri), Mikel Rico (Arrigorriaga), Roberto Pampin (Arrigorriaga), Oscar Vales (Basauri), Fran Yeste (Basauri), Jesus Iñigo Liceranzu (Ugao), Jose Maria Argoitia (Galdakao), Jose Maria Maguregi (Ugao), Jesus Renteria (Basauri), Miguel Gainza (Basauri), Piru Gainza (Basauri), Lorenzo Albizua (Arrigorriaga), Jose Iraragorri (Galdakao) eta Jesus Larraza (Basauri).
☉ Basauri
Basozelain eta karpa estaliarekin egingo dituzte MAZ Basauri festibalaren kaleko ekintzak
Zuzenketa bat egin dute azaroaren 8ko ordutegiei dagokienez, Los Punsetes taldeak , emango duen kontzertuaren hasierako ordutegian

Duela hiru aste baino gehiago iragarri zuen MAZ Basauri festibalak bere historiako sold out goiztiarrena, azaroaren 7ko kontzertuetarako sarrera guztiak agortu ostean. Leon Benavente eta Toundra izango dira ostiral gaueko protagonista handiak, hain zuzen ere.
Hori gutxi ez, eta antolakuntzatik jakinarazi dute azaroaren 8rako sarreren %60a baino gehiago ere saldu direla dagoeneko. Los Punsetes, Triángulo de Amor Bizarro eta Edgar Allan Pop taularatuko dira larunbat gauean Social Antzokian.
Basauriko jaialdiak bere 13. edizioa ospatuko dute datorren asteburuan, ordainpeko ekitaldiak eta dohainik izango direnak uztartuz, eta hor ere bada berrikuntza bat: Social Antzokian egingo diren kontzertuez harago Basozelai auzoko Zortziko plazan egingo dute aurten MAZ kalean. Horretarako karpa estali bat jarriko dute, eguraldiak programazioan eraginik izan ez dezan.
Zuzenketa ordutegian
Modu berean, zuzenketa bat egin dute azaroaren 8ko ordutegiei dagokienez, Los Punsetes taldeak larunbatean, azaroaren 8an, emango duen kontzertuaren hasierako ordutegian. Antolakuntzatik jakinarazi dute, halaber, Social Antzokian, beti bezala, publikoa zutik egongo dela eta barra-zerbitzua egongo dela, prezio merkeekin.
EGITARAUA
Osteguna, azaroak 6
📍 Marienea (Kareaga Goikoa, 54, Basauri)
🕕 18:00 (doan)
Solasaldia: ‘Mujeres e industria musical’
Parte-hartzaileak: La Furia, Ibone Iza (BIME, MIM), Maite Alaña (MAZ, Rockein)
Gidaria: Emilia Arias (TVE, Pikara Magazine)
Antolatzaileak: Rockein, MAZ, Marienea eta Basauriko Udala
Ostirala, azaroak 7
📍 Social Antzokia — SARRERAK AGORTUTA
21:00 Ateen irekitzea
21:30 Toundra
23:30 León Benavente
01:00 Bukaera
Larunbata, azaroak 8
🎶 Txiki MAZ — Zortziko plaza (Basozelai), doan
11:30 Reyes Torío & Mr Chase (DJ ikastaro eta saioa)
12:00 J.M. Brutal (antzerkia)
13:00 Reyes Torío & Mr Chase (DJ saioa)
13:30 Maialen Ibarra (kontzertu akustikoa)
14:15 Bukaera
🎵 MAZ Kalean — Zortziko plaza (Basozelai), doan
17:30 Ben Santana
18:15 Monday Potions
19:15 Rubia
20:15 Bukaera
🎸 Social Antzokia — 12 € + gastuak (aurretik) / 15 € (egunean bertan)
20:30 Ateen irekitzea
21:00 Edgar Allan Pop
22:15 Triángulo de Amor Bizarro
23:55 Los Punsetes
01:05 Bukaera
☉ Basauri
Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazlearekin solasaldia antolatu dute gaur Basaurin
‘Bar Gloria’ bere lehen nobelaren inguruan arituko da Ibarzabal urriaren 30ean Basauriko Nai Lua Teterian

Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazlea Basaurin izango da gaur, urriak 30. ‘Bar Gloria’ Ibarzabalen lehen nobelaren inguruko solasaldia antolatu du Beat Basozelaiko Euskararen Aldeko Taldeak Basauriko Udalaren babesarekin eta Basauritarraken laguntzarekin.
Hitzordua 19:00etan izango da Nai Lua Teterian. Sarrera doakoa da, baina interesa dutenek mezua bidali behar dute beattaldea@gmail.com helbide elektronikora.
☉ Basauri
Herri Krosa izango da azaroaren 2an Basaurin: izena emateko epea gaur arte dago zabalik

Basauriko Herri Krosaren 43. edizioa izango da azaroaren 2an, igandez.
Irteera eta helmuga Artunduaga kiroldegia izango dira eta kategoriaren arabera irteera-ordutegi eta distantzia desberdinak egongo dira:
- 10:15. 2020-2025 urteetan jaiotakoak: 400 metroko lasterketa
- 10:30. Kategoria absolutua: 11 kilometro
- 10:35. 2014-2015, 2012-2013 eta 2010-2011 urteetan jaiotakoak: 3,5 kilometroko lasterketa
- 10:40. 2018-2019 eta 2016 eta 2017 urteetan jaiotakoak: 1,2 kilometroko lasterketa (atletismo pistari 3 itzuli)
Basauriko Herri Krosean parte hartzeko izena ematea zabalik dago kirolprobak.com webgunean gaur arte, urriaren 29ra arte, 23:59ak arte.
San Jose Ikastetxeko Ikasle Ohien Elkarteak eta Kukurrustu Kirol Klubak antolatzen dute Basauriko Herri Krosa.
☉ Basauri
Azeituna con huesos, Keax, Reeler, Jaimones, Kruddö eta Silkat lehiatuko dira larunbatean, Rockeineko finalean
Rockeinen 2025eko edizioan 196 artistak eman dute izena, 10. urtez jarraian parte hartze marka gaindituz

Larunbat honetan, azaroaren 1ean, izango da Rockein lehiaketako finala, Basauriko Social Antzokian. Bertan, Azeituna con huesos, Keax, Reeler, Jaimones, Kruddö eta Silkat bandak lehiatuko dira. Sarrera doakoa izango da eta gonbidapen bidez egingo da, Social Antzokiko webgunetik eskuratuz.
Basauriko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura, Euskara eta Kirol sailaren laguntzaz, antolatu eta Euskadiko eta Nafarroako talde eta bakarlariei zuzendutako Rockein musika-lehiaketaren 13. edizioaren finala izango da aurtengoa.
Azeituna con Huesos talde gipuzkoarra (elektronika, popa, jazza); Keax hirukote bizkaitarra (The Owl Project taldeko kide ohiak, LCD Soundsystem edo Ratatat bezalakoen eraginekin); eta Bilbon egoitza duen Reeler rock alternatiboko laukotea, Bizkaiko, Poloniako, Ingalaterrako eta Irlandako musikariek osatua, dira Rockeinen 13. edizioko sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak.
Eskualdeko hautagaiak
Beste hiru talde finalistak Jaimones (70-80 hamarkadako rock amerikar laukotea, Basauriko kide batekin), Kruddö, rock gogor eta stoner bikotea, Jon Ander Santamaría bermeotarrak eta Txaber Miravalles etxebarriarrak osatua; eta dira Silkat, indie rock hirukotea, Bilbo eta Galdakaoko musikariekin eta The Cure edo Radiohead taldeen eraginekin.
Azken hiru talde hauek Hego Uribeko artistarik onenari saria lortzeko aukera izango dute, Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako kide bat gutxienez duten proiektuak saritzen baititu.
“Ohi bezala, Rockeineko 5 kategorien irabazleen izenak (‘Bizkaia saria’, ‘Artistarik onena euskaraz’ eta ‘Eskarabilera saria’, barne) finalean bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak”, azaldu dute antolaketa taldetik. Rockeinen 2025eko edizioan 196 artistak eman dute izena, 10. urtez jarraian parte hartze marka gaindituz.”
Emakumeen esperientziaren hitzaldia
Azaroaren 6an, MAZ Basauri jaialdiaren bezperan hain zuzen ere, ‘Emakumeak eta industria musikala’ topaketaren bigarren emanaldia hartuko du Marienean Basauriko Emakumeen Etxeak (Kareaga Goikoa, 54).
Iaz lehen edizioa izan zen eta Rockeinek, MAZ Basaurik eta Marieneak urtero antolatzen duten hitzaldia da, eta helburua musikaren industriako emakumeen esperientziak beste emakume batzuekin partekatzea da, “sektorean eta eszenatokietan emakumeen presentzia handiagoa sustatzeko”, hain zuzen ere.
Aurtengo gonbidatuak La Furia artista nafarra, Ibone Iza BIME Proko edukien arduraduna eta Maite Alaña MAZ Basauri eta Rockeineko zuzendaria izango dira eta Emilia Arias kazetari eta idazleak (TVE, Pikara Magazine) gidatuko du hitzaldia.
Egitaraua | Rockein finala 2025
Larunbata, azaroak 1
20.30 (ateak irekitzea)
Hego Uribeko artistarik onenaren kategoria
21.00 Silkat
21.30 Kruddö
22.00 Jaimones
Kategoria nagusia
22.40 Azeituna con huesos
23.10 Reeler
23.40 Keax
00.15 Sari-banaketa
☉ Basauri
Basauriko Social Antzokiko zubia itxiko dute ibilgailuentzat, San Faustoko obrengatik
Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute zubian

Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute Social Antzokiko zubian, San Fausto plaza berria eraikitzeko lanak direla eta.
“Egun horietan zehar, zubiko galtzada handituko dute, eta Autonomia kalekoa ere bai, elizaren eta A25 plazaren aurreko zatian”, azaldu dute udal ordezkariek. Hori dela eta, denbora tarte horretan ezingo da Autonomia kaletik udaletxerantz biratu, eta udaletxe eta Kareaga Goikoa kaleen arteko bidegurutzetik Arizgoitira jaitsi ere ez.
Gainera, Basauriko Udaletik iragarri dute azaroaren 4tik 9ra Autonomia kalean itxita egongo dela Begoñako Andra Mari eta Nagusia kaleen arteko zatia.








