Sareak

☉ Basauri

Bizkotxalden 94 etxebizitza eraikiko dituzte, Basauriko Hirigintza Plana aldatu ostean

|

Bizkotxaldeko zaharren egoitzaren eta Uribarri Institutuaren arteko lursailan eraikiko dituzte 94 etxebizitza // Google Maps

Hiri-Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) aldatu du Basauriko Udalak. Zehazki, Kareaga Goikoa 1, 3, 5 eta 7 etxebizitzetako ingurunea berrituko dute eta antolamendutik kanpo dauden eraikin horiek eraitsi egingo dituzte etorkizunean.

Eraisketa hori bideragarria izan dadin, lurzoru publiko bat bilatu du Udalak etxebizitza berriak eraikitzeko. Hain zuzen ere, Bizkotxalden eraikiko dituzte 94 etxebizitza berri, zaharren egoitzaren eta Uribarri Institutuaren artean dagoen lursailean.

“Guztiontzat da garrantzitsua jarduera hori garatzea. Jarduketak Kareaga Goikoako leku hori birsortzea erraztuko du, eta, aldi berean, Bizkotxalden etxebizitza berriak eraikitzea ahalbidetuko du”, adierazi zuen Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotziak maiatzeko osoko bilkuran.

Goikoetxeak gogorarazi zuen azken 26 urtetan garatu ez den eremua dela Kareagakoa: “Lehentasuna eman diogu plan orokorra aldatzeari”.

“Aurrerapauso handia”

“Gobernu taldetik uste dugu aurrerapauso handia ematen ari garela. Egia da urrats handi hori ematen dugula Basaurin ditugun eremu guztien eraikigarritasuna orekatzeko beharra ezartzen zigun epai judizial bat betetzeko. Horrek esan nahi du 80 etxebizitzatik 94ra igaroko garela, eta erakargarriagoa izango dela esku hartze hori”, gehitu zuen Goikoetxeak.

Asier Iragorri alkateak adierazi du azken planteamendu honek “irtenbide bat” eskaintzen duela: “Gobernu taldearentzat azken urteetan lehentasuna izan da Kareaga Goikoa kaleko 1, 3, 5 eta 7 zenbakietako etxebizitzen egoerari erantzun egoki bat ematea, hainbat saio egin ditugu eremua kudeatzeko modukoa izan zedin, eta, azken planteamendu honek irtenbide bat eskaintzen du”.

Hain zuzen ere, Kareaga Goikoa kaleko 1, 3, 5 eta 7 zenbakietako etxebizitzen egoera hobetzeko zenbait esku hartze gauzatu ditu Udalak azken urteetan, hala nola, eraikinak sastatzea, hondakinak garbitzea, ura bideratzea edo bisera bat jartzea oinezkoak krisketak erortzetik babesteko.

Bestetik, ikusirik promotore pribatuek –lurzorua ez da publikoa– 26 urtetan ez dutela ezer egin Kareaga Goikoa kaleko 1, 3, 5 eta 7 zenbakietako etxebizitzetan, Basauriko Udalak plangintza berri bat sustatzeko erabakia hartu zuen, eta plangintza hori 2021ean indarrean jarri zen HAPO berrian jasota geratu zen.

Horretarako, lurzoru publiko bat bilatu zuen aprobetxamenduak baliatu ahal izateko eta eragiketa gauzagarria izateko jarduketa-unitate bakarra sortzeko. Hala bada, HAPOren idazketa berrian Kareaga Goikoa kaleko jarduketa-unitatea Uribarriko udal jabetzako beste lursail batekin batzea zehaztu zuten, biak batera jarduketa-unitate bakarra osaturik.

“Hasiera batean, Eusko Jaurlaritza eragiketan inplikatzeko aukera aztertu zen, baina dagoeneko ahalegin handia egin du gure udalerrian etxebizitzaren arloan inbertitzeko, eta ideia ez zen mamitu. Orduan, gobernu taldeak higiezinen merkatua aztertu zuen, etxebizitzak eraikiko lituzkeen promotore bati lursailak saltzea bideragarria izango ote zen ebaluatzeko, baina egiaztatu zen ez zirela parametro onargarriak ekimen pribaturako”, adierazi zuen Iragorrik.

Udala prospekzio lanak egiten ari zen bitartean, Trocabide enpresak —3. zenbakiko eraikin osoaren jabeak— errekurtso bat aurkeztu zuen Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, eraikin horrek oso eraikigarritasun txikia zuela argudiatuz, eta HAPOn sartutako beste jarduketa batzuen batez-besteko eraikigarritasunarekin parekatu behar zela iritzita.

Epaitegiak arrazoia eman zion Trocabide enpresari, eta gobernu taldeak epaia ez errekurritzea erabaki zuen eremuaren blokeo-egoera hori askatzeko; izan ere, agindu judiziala betetzeak eraikigarritasuna handitzea zekarren, eta horrek erakargarriagoa egiten du promotore pribatu baten eragiketa, bideragarritasun ekonomikoa handiagoa izango delako.

Aho batez

Aldaketa aho batez onartu zuen Basauriko udalbatzak maiatzaren 30eko osoko bilkuran. Exabier Arrieta EH Bilduren bozeramaileak uste du “berri ona” dela HAPOa aldatzea, “egoera hori askatzeko eta eremua garatzeko” aukera ematen duelako: “Izan ere, barrutik ikusten dena oso egoera larria da”.

Marian Cantero Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak zera esan zuen: “Badakigu denbora beharko dela Jarduketa Plana egiteko eta premia bihurtu da hain degradatuta dauden eraikin horiei irtenbidea ematea, oso egoera arriskutsuan dauden eta oso egoera ahulean dauden pertsonak bizi direlako bertan”.

Udalbatzak HAPOa aldatzea onartu eta gero, Udalak orain Jarduketa Plana egin behar du: “Kareaga Goikoa kaleko 1, 3, 5 eta 7 etxebizitzetan bizi direnei ostatu eman behar zaie, eta ostean jarduketa osoa definituko dugu”, adierazi zuen Goikoetxeak.

☉ Basauri

Euskal Pilota Egokituaren lehen txapelak Basaurin banatuko dituzte martxoaren 1ean

Jurdan Arakistain-Daniel Calviño eta Erik Gaton-Leire Esnal eta Sergio Rodriguez-Edorta de Anta eta Gaizka Fernandez-Beñat Lizaso bikoteek jokatuko dituzte Bizkaiko finalak Artunduagako frontoian

|

Euskal Pilota Egokituko Bizkaiko finalak Basaurin jokatuko dira martxoaren 1ean, igandez, GEURIAn aurreratu bezala.

Otsailaren 22an Mallabian kanporaketak jokatu zituzten, eta kanporaketen ondoren, pilotari hauek jokatuko dituzte finalak: Jurdan Arakistain-Daniel Calviño eta Erik Gaton-Leire Esnal (adimen urritasun maila); eta Sergio Rodriguez-Edorta de Anta eta Gaizka Fernandez-Beñat Lizaso (urritasun fisikoa maila).

Artunduagako frontoian jokatuko dituzte finalak 12:00etan hasita. ETB1ek zuzenean emango ditu finalak.

Bizkaiko finaletako aurkezpena egin zuten otsailaren 24an Basauriko udaletxeko arkupean, eta bertan izan ziren finalistak, Asier Iragorri Basauriko alkatea, Carlos Sergio Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol zuzendaria, Alvaro Parro Laboral Kutxako ordezkaria, Borja Bayo Haszteneko ordezkaria [irakurri hemen GEURIAn duela urtebete egin genion elkarrizketa!] eta Ane Reguera Gorabide Zentroko ordezkaria.

“Basaurik beti lagundu du eta lagunduko du kirol egokitua, gainera, herrian badira kirol egokitua lantzen duten taldeak eta ekimen berri honekin, pala egokituaren aldeko apustu sendo bat egiten dugu, Euskal Pilota Egokitua Zirkuitoa-EITB sari hau babestu”, dio Iragorrik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurik 2 milioi gehiago gehituko ditu gerakinera: guztira 14 milioi

Gobernu taldeak azaldu duenez, “auzoak, udal-instalazioak eta zerbitzuak hobetzeko” balioko du 14 milioiko gerakinak

|

Udalak 28,1 milioi euroko diruzaintzako gerakinarekin itxi du 2025eko ekitaldia // Geuria

Basauriko Udalak 28,1 milioi euroko diruzaintzako gerakinarekin itxi du 2025eko ekitaldia.

Hala ere, zenbateko horri aurtengo kontuetan borondatezko zenbatekoak kendu behar zaizkiola azaldu dute udal ordezkariek; “gutxi gorabehera, 14,1 milioi euro”, diote udal arduradunek.

Gauzak horrela, 14 milioi eurokoa izango da Udalak erabilgarri izango duen gerakina.

“Aurreko urteetan jarraitutako kontabilitate-irizpidearen arabera, zifra horietan sartzen da 2025eko Udalkutxa funtsen likidazioaren saldo positiboa, 920.596 eurokoa”, zehaztu dute.

Basauriko udal gobernu taldeak azaldu duenez, “soberakin horrek auzo eta espazio publikoetako beharrei erantzuten lagunduko die, baita herritarrek erabiltzen dituzten udal-instalazioak eta -ekipamenduak hobetzen eta basauriarrei eskainitako zerbitzuak, laguntzak eta prestazioak areagotzen eta sendotzen ere”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Migeleko Auzo Elkarteak 800 sinadura jaso ditu lanzadera udaletxean ere gelditzea eskatzeko

Basauriko Udalak San Migeleko Auzo Elkartearen alegazioak aztertuko ditu eta Aste Santuko oporrak baino lehen beste bilera bat deituko dute

|

Lanzadera Basauriko udaletxean geldialdia egiten zuenekoa // Geuria

San Migel eta Basauriko metro geltokia lotzen dituen lanzaderak zerbitzu berria du urtarrilaren 1etik: udaletxeko geltokia Kareagara lekuz aldatu dute eta maiztasuna 30 minuturik behinekoa da.

2025eko abenduaren 31ra arte doako autobus zerbitzua udaletxe aurrean gelditzen zen, Basozelai metro geltokian sartzeko aukera emanez, eta maiztasuna 20 minutukoa zen.

Orain, Bidasoa sarbidea du helburu lanzaderak. Udaletik eman duten arrazoia da Kareagako metro sarbidea (Bidasoa) udaletxekoa baino irisgarriagoa dela. Izan ere, udaletxeko sarbideak (Basozelai) ez du igogailurik, eta Bidasoako sarbideak arrapala du, eskailerarik gabe.

Erabaki horrek, ordea, ez ditu San Migeleko herritarrak pozik utzi, eta Auzo Elkarteak 800 sinadura bildu eta aurkeztu ditu udal erregistroan, udaletxeko geltokiak mantentzea eskatzeko.

“Geltoki aldaketaren ondorioz, zerbitzuaren maiztasuna % 30 murriztu da aurrekoarekin alderatuta. Gainera, orain zerbitzua 06:05ean hasten denez, lanzadera erabiltzen duten auzokideak ez dira euren lanpostuetara garaiz heltzen, metroarekiko lotura ez dutelako garaiz ere hartzen”, diote Auzo Elkarteko ordezkariek.

Era berean, auzotarren ordezkariek adierazi dute Bizkaibuseko autobusek Kareaga Goikoan duten igarotze-maiztasuna udaletxean dutenaren erdia dela.

San Migeleko Auzo Elkarteko kideak udal ordezkariekin bilera izan zuten otsailaren 13an. Batzar horretan udal arduradunek esan zuten alegazio horiek aztertuko dituztela, eta Aste Santuko oporrak baino lehen beste bilera batera deituko dituztela Auzo Elkartekoak.

Udaletxeko eta Kareaga Goikoako bi geltokiak 06:00etatik 08:00etara bitartean —erabilera handieneko ordutegian— mantentzearen eta jaietan zerbitzua bi geltokietan indartzearen bideragarritasuna aztertzeko konpromisoa hartu du Udalak.

“Auzo elkarte gisa, lanzaderak egun osoan zehar udaletxeko geltokiak mantentzeko eskaerari eusten diogu”, adierazi dute.

Lanzadera kendu; Bizkaibusek bere gain hartu

Udaleko arduradunek adierazi dutenez, lanzaderaren geltokia aldatzeko erabakia “talde politiko baten idazkiak” eragin zuen: “Bertan eskatzen zen lanzaderak geldialdia mugikortasun urriko pertsonentzako sarbidea duen metro-aho baten ondoan egin behar duela”.

Halaber, gogorarazi dute lanzaderaren erabilera San Migeleko bizilagunak metroko geltokira hurbiltzeko dela, eta lanzadera-zerbitzua bera ezabatu egingo dela Bizkaibusek kontratu hori bere gain hartzen duenean eta mugikortasun integraleko sistema baten barruan sartzen duenean, kostua zeroan mantenduz.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Forum Sporteko langileek elkarretaratzea egin dute Basauriko dendan “hitzarmen propio bat” eskatzeko

ELA sindikatuaren arabera, “behin baino gehiagotan” proposatu diote Forumeko zuzendaritzari hobekuntzak negoziatzea. “Hala ere, ez dute negoziatu nahi Estatuko esparrutik ateratzen den ezer”, diote

|

Forum Sporteko langileek elkarretaratzea egin dute Bilbondoko dendaren aurrean, “hitzarmen propio bat” aldarrikatzeko.

Guztira 45 langile atera ziren kalera otsailaren 24an, “Hemen lan egin, hemen erabaki” lema zeraman pankarta eskuan.

ELA sindikatuko ordezkariek adierazi dutenez, Forum Sporten Biltegi Handien Estatuko Hitzarmena aplikatzen dute: “Horren arabera, gutxieneko soldatara ez dira iristen, eta urteko lanaldia 1.770 ordukoa da, besteak beste”, salatu dute ELAtik.

Sindikatuaren arabera, “behin baino gehiagotan” proposatu dio plantillak, enpresa batzordearen bitartez (ELAk du gehiengo osoa), Forumeko zuzendaritzari tokian-tokian hobekuntzak negoziatzea. “Hala ere, Forumeko zuzendaritzak ez du negoziatu nahi Estatuko esparrutik ateratzen den ezer”, diote.

“Langileek argi dute Forumek eseri eta baldintza duinak negoziatu behar dituela. Horregatik guztiagatik, zuzendaritzak iritziz aldatzen ez badu, langileek beren baldintzak hobetzeko presioan sakonduko dute”, adierazi dute ELAtik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Zurrumurru arrazisten aurkako doako prestakuntza-zikloa antolatu dute martxoan Basaurin

Hiru saio antolatu dituzte martxoaren 2an, 9an eta 16an. Parte hartzea doakoa da, baina aurretiaz izena eman behar da

|

Emilia Larrondo ikertzaile eta ekintzaile feminista mexikarra (argazkian ezkerrean) izango da hizlarietako bat // Argazkia: Wikimedia

Martxoaren 21ean Arraza-diskriminazioaren aurkako nazioarteko eguna da, eta testuinguru horretan Zurrumurruen aurkako prestakuntza-zikloa antolatu dute hilabete osoan zehar Basaurin Zurrumurruen Aurkako Sareak eta Basauriko Udalak.

Hiru saio izango dira eta adituen eskutik arrazakeriak gure gizartean nola jokatzen duen eta nola aurre egin ahal zaion ulertzen lagunduko dute.

Martxoaren 2an ‘Arrazakeria eta kultura: nola funtzionatzen dute egunerokotasunean’ hitzaldia izango da. Mikel Henda filosofian doktorea, irakaslea eta arrazakeriaren aurkako aktibista izango da hizlaria.

Bigarren saioa martxoaren 9an izango da. Rosario Schmidt eta Leticia Urretabizkaia formatzaileek ‘Kulturarteko taldeetan bizitzeko gakoak eta gogoetak’ partekatuko dituzte.

Eta hirugarren hitzaldia hilaren 16an izango da: ‘Diskurtso diskriminatzaileen aurrean kokatzeko tresnak’. Emilia Larrondo ikertzaile eta ekintzaile feminista mexikarra izango da hizlaria.

“Egunerokotasunetik, arrazakeriari banaka zein taldeka aurre egiteko modu desberdinak aztertuko ditugu, Basaurin dugun bizikidetza zaindu ahal izateko”, adierazi dute Zurrumurruen Aurkako Saretik.

Hiru saioak Basozelai Gizarte Etxean izango dira 18:00etatik 20:00etara. Parte hartzea doakoa da, baina interesa dutenek izena eman behar dute aurretiaz amekadi@gmail.com helbide elektronikora idatzita edo 606 050 662 telefono zenbakira deituta.

Haurtzaindegi zerbitzua egongo da, eta behar dutenek saioa baino astebete lehenago eskatu beharko dute.

Osorik irakurri