☉ Basauri
Amaia Bonachera basauriarraren kartelak iragarriko ditu 2025eko San Fausto jaiak

Basauriko jaietarako atzera kontaketa hasi da. Urriaren 11n, larunbatez, hasiko dira sanfaustoak eta jaiak iragarriko dituen kartela aurkeztu dute gaur.
Sari nagusia Basaurin geratu da eta irabazlea Amaia Bonachera izan da. Basauriarrak 1.500 euro jaso ditu, ‘San Fausto zeruan’ izeneko lanagatik.
Tokiko mailan, Iñaki Zorriketa basauriarraren kartelari eman diote saria. Zorriketak ‘Bere alde ona’ izena jarri dio bere lanari eta 300 euroko saria jaso du.
Eta, Gazte eta Txiki kategorietan irabazle izan dira Unai Fernandez eta Asier Ortiz.
Zoroak kuadrillak herriko saltokietan erabiltzeko 50 euroko bonua eman dio Asierri, Txiki kategoriako irabazleari.
Unaik, Gazte kategoriako irabazleak 100 euroko bonua jaso du.
☉ Basauri
800 metro karratuko baso autoktonoa sortu dute Basaurin, nekazaritza-sistema berriei buruz sentsibilizatzeko
Fruta-arbolak, usain-belarrak eta basa-fruitu gorriak ematen dituzten zuhaixkak ditu Iruaretxetako baso autoktonoak. Abendura bitarte lau tailer antolatu dituzte

Baso autoktono jasangarria sortu dute Basaurin, Iruaretxetan. Guztira 800 metro karratuko azalera du basoak eta Udala aitzindaria izan da administrazio publikoen artean horrelako proiektu bat aurrera eramaten.
Basoak arbola, zuhaixka eta belar espezie ugari ditu: intxaurrondoak, arteak, haltzak, intsusak, artelatzak, haritzak, pinuak, hurritzak, pagoak eta abar landatu dituzte, eta, horiekin batera, sagarrondoak, madariondoak, aranondoak, limoiondoak eta laranjondoak; izpilikua eta erromeroa; eta marrubiak, ahabiak eta mugurdiak bezalako basa-fruitu gorriak ematen dituzten zuhaixkak landatu dituzte bertan. Gainera, txorientzako eta saguzarrentzako etxolak ere jarri dituzte.
“Baso jangarri sintropikoak dira basoko ekosistema naturalen egitura eta funtzioak imitatzeko diseinatutako nekazaritza- eta baso-sistemak. Ekoizpen, erresilientzia eta birsortze-gaitasun handia dute, eta, batez ere, gizakiontzat jangarriak era erabilgarriak diren espezieak hartzen dituzte. Ekologia eta elikadura-subiranotasuna uztartzen dituen nekazaritza birsortzaile eta jasangarri mota bat dira”, esan du Irene Garcia Basauriko Udaleko Ingurumen arloko zinegotziak.
Zentzu horretan, horrelako basoek “onura asko” dituztela adierazi du Garciak: “Leheneratze ekologikoa sustatzen dute, biodibertsitatea eta lurzoruaren osasuna hobetzen dute, klima-aldaketaren eraginak arintzen dituzte, karbonoa atzitzen dute, eta, finean, mikroklima ontzen dute”.
Baso autoktonoa herritarrek bozkatu zuten 2024ko aurrekontu parte hartzaileetan, eta Udalak 2025ean zehar gauzatu behar zuen, “berdeguneak handitzeko”.
Tailerrak baso autoktonoan
Proiektuak nekazaritza-sistema berriei buruz sentsibilizatzea eta horien zabalkundea egitea aurreikusten du, eta, horretarako, lau tailer antolatu ditu Udalak irailetik abendura bitartean, hilean bat.
Tailerren helburuak honakoak dira: herritarrak baso-kontzeptu horretara hurbiltzea lurzoruaren kudeaketa ekologikoaren alorreko oinarrizko teknikak aplikatuta (inausketa, konpostatzea eta landatzea); biodibertsitatea, erresilientzia eta tokiko elikadura bultzatzea, eta auzolana eta jakintza agroekologikoa sustatzea.
Irailaren 27an izango da lehen tailerra eta hizpide izango dute ‘Baso jasangarriak: hastapenak eta oinarrizko diseinua’. Hurrengoa, urriaren 25ean izango da: ‘Konpostatze ekologikoa eta zoru bizia zaintzea’. Hirugarren tailerra izango da ‘Inausketa, biomasa erabiltzea eta mulch bizia’ eta azaroaren 15ean antolatuko dute. Eta azkenik, abenduaren 13an ‘Udazkenean landatzekoak eta negurako prestaketa-lanak’ tailerra eskainiko dute.
Tailerretan izena eman nahi dutenek mezu elektronikoa bidali behar dute jurgivuriarte@hotmail.com helbidera. Udaletik zehaztu dutenez, 15 plaza baino ez dituzte eskainiko.
☉ Basauri
San Fausto plazako obrak azaroa bukaeran amaituko dituzte, Basaurin
Hainbat arrazoiengatik atzeratu da plaza irekitzeko momentua. Basauriko Udalak arrazoi horien berri eman du

Iazko maiatzean hasi zituzten San Fausto plaza guztiz berritzeko obrak Basaurin eta oraindik lanean ari dira.
Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, plaza azaroa bukaerarako egongo da amaituta.
Aurtengo udaberrirako plazaren zati bat erabilgarri egon zitekeela adierazi zuen iaz Udalak, baina hainbat arrazoiengatik atzeratu egin da.
Arrazoi horien berri eman dute udal arduradunek: “Plaza eraitsi ondoren, egiaztatu zen plazaren egiturazko geometria ez zetorrela bat 90eko hamarkadaren hasieran amaitutako obraren planoetan jasotakoarekin. Plano horietan oinarritu zen proiektua, eta, ondorioz, metalezko egitura birdimentsionatu behar izan da, zimendatu eta urbanizatu, lurraren errealitatera egokitzeko. Horrek, eta inguruneko benetako baldintzetara egokitzeko goiko plazaren diseinua hobetzeak, obrak atzeratzea eragin du”.
Jaietan erabiliezin
Urrian Basauriko jaiak izango dira —urriaren 11tik 19ra— eta Trintxera ezizenez ezagunagoa den plaza hainbat ekitaldi egiteko erabiltzen du Herriko Taldeakek.
Baina aurten ere —iaz ere ezin izan zen erabili— ez du erabilgarri izango San Fausto jaiak antolatzen dituen elkarteak.
Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili.
☉ Basauri
San Fausto plaza ez da Basauriko jaietarako bukatuta egongo
Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili

Iazko maiatzean hasi zituzten San Fausto plaza guztiz berritzeko obrak Basaurin eta oraindik lanean ari dira.
Urrian Basauriko jaiak izango dira —urriaren 11tik 19ra— eta Trintxera ezizenez ezagunagoa den plaza hainbat ekitaldi egiteko erabiltzen du Herriko Taldeakek.
Baina aurten ere ez du erabilgarri izango San Fausto jaiak antolatzen dituen elkarteak.
Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili.
Azarorako bukatuta
Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, plaza azaroa bukaerarako egongo da amaituta.
Obrak iazko maiatzean hasi eta 12 hilabeteko epean erdi bukatuta egongo zela eta ordurako plazaren zati bat erabilgarri egon zitekeela adierazi zuen Udalak, baina hainbat arrazoiengatik atzeratu egin da.
Arrazoi horien berri eman dute udal arduradunek: “Plaza eraitsi ondoren, egiaztatu zen plazaren egiturazko geometria ez zetorrela bat 90eko hamarkadaren hasieran amaitutako obraren planoetan jasotakoarekin. Plano horietan oinarritu zen proiektua, eta, ondorioz, metalezko egitura birdimentsionatu behar izan da, zimendatu eta urbanizatu, lurraren errealitatera egokitzeko. Horrek, eta inguruneko benetako baldintzetara egokitzeko goiko plazaren diseinua hobetzeak, obrak atzeratzea eragin du”.
☉ Basauri
Euskal Herriko folklorearen plaza bihurtuko da Basauri asteburuan Dantza Agerketari esker
Mendexako dantza taldea, Tolosako Udaberri, Gasteizko Indarra, Zuberoako Atharratzeko Dantzariak eta lehen aldiz Murchanteko herritarrek parte hartuko dute Basauriko 53. Euskal Herriko Dantza Agerketan

Euskal folkloreak eta dantza tradizionalek lekua izango dute asteburu honetan Basaurin. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Dantza Agerketa izango da irailaren 19tik 21era bitartean.
Aurtengoa 53. edizioa da eta honako taldeek hartuko dute parte: Mendexako dantza taldea (Bizkaia), Tolosako Udaberri (Gipuzkoa), Gasteizko Indarra (Araba), Atharratzeko Dantzariak (Zuberoa) eta Murchanteko herritarrak (Nafarroa).
“Aurten aipatzekoa da Nafarroako Erriberako Murchanteko herritarrek ‘paloteoa’ ekarriko dutela lehen aldiz Basaurira. Urteak daramatzate herriko plazan ‘paloteoa’ egiten abuztuaren 15ean, San Roke patroiaren bezperan”, diote antolatzaileek.
Ekitaldi nagusia irailaren 20an, larunbatez, izango da, baina asteburu osoan zehar dantza plaza bihurtuko da Basauri: irailarne 19an, ostiralez, haurrentzako tailerrak, erromeria herrikoia eta Basauri Kantari izango dira, eta irailaren 21ean, igandez, Basauriko hiru dantza taldeek (Agintzari, Basauritar eta Edurre) emanaldia eskainiko dute.
Egitaraua | Euskal Herriko LIII. Dantza Agerketa
Irailak 19, ostirala
18:30 Haurrentzako tailerrak Solobarriako karpan: erraldoiak, txapak, marrazkiak margotzea, musika tresnak egitea… Gainera, buruko zapiak jartzeko tailerra ere izango da nagusientzat
18:30 Txorizo dastaketa sagardoarekin
19:00 Erromeria herrikoia Solobarriako karpan
20:30 Basauri Kantari Solobarria plazatik
Irailak 20, larunbata
18:00 Gonbidatutako taldeen kalejira Social Antzokitik
19:00 Euskal Herriko LIII. Dantza Agerketa Bizkotxalde parkean. Euria bada, Social Antzokian
Irailak 21, igandea
19:00 Basauriko dantza taldeen emanaldia Bizkotxalden: Agintzari, Basauritar eta Edurre. Euria bada, Social Antzokian
☉ Basauri
Sagarrak talde ekologista: “Oso pozik gaude Basauriko Udalak Eleuterio Villaverde kaleko proiektua aldatu duelako”
Sagarrak talde ekologistak zenbait elkarretaratze egin ditu azken hilabeteetan Eleuterio Villaverde kaleko zuhaitzak ez kentzea eskatzeko

San Migeleko Eleuterio Villaverde eta Ganguren Mendi kaleak berrurbanizatzeko proiektua aldatzea erabaki du Basauriko Udalak.
Eta aldaketa horri esker berdegune bat sortuko dute, bertan dauden zuhaitz gehienak mantenduko dituzte eta espaloi zabalagoak eta irisgarriagoak egingo dituzte.
“Horrela, gobernu taldeak erakutsi du beti entzuten dituela herritarren eta ekologisten aldarrikapenak, eta irtenbideak bilatzen saiatzen dela, baina indarrean dagoen legedia errespetatuz eta oreka bat gordez zuhaitzen kontserbazioaren eta babesaren eta herritarrek ingurune irisgarri, seguru eta mugikortasun inklusiborako egokietan ibiltzeko duten eskubidearen artean”, diote udal ordezkariek.
Hain zuzen ere, Sagarrak talde ekologistak zenbait elkarretaratze egin ditu azken hilabeteetan, Eleuterio Villaverde kaleko zuhaitzak ez kentzeko. Are gehiago, gaur, obrak hasiko ziren egunean, protesta egingo zuten kalean bertan.
“Gaur, Eleuterio Villaverde kalean obrak hasiko ziren egunean bertan elkartu gara lehen orduan Sagarrakeko hainbat kide eta San Migeleko auzotar batzuk. Orduan jakin dugu Udalaren hasierako proiektuak aldaketa izan duela. Oso pozik gaude Udalak proiektua aldatu duelako eta zuhaitz gehienak mantenduko dituztelako. Era berean, auzotarrek izan duten inplikazioarekin ere oso pozik gaude”, esan dio GEURIAri talde ekologistako kide batek.
Espaloia berdegune
Proiektu berriari dagokionez, tren geltokiaren ondoko espaloia berdegune bihurtuko dela adierazi dute udal ordezkariek: “Eta horri esker, zuhaitz gehiago mantendu ahal izango dira”, diote.
Udal arduradunek zehaztu dutenez, bost dira kenduko dituzten zuhaitzak, aurreikusitakoak baino zazpi gutxiago: “Biribilgunetik hurbilen dagoen eremuan eta geltokirako sarbidean kenduko ditugu bost zuhaitz”.
“Tren geltokiaren alboko aparkalekuaren ondoan egonleku bat sortuko dugu, bankuez hornitua. Gainera, tren geltokiko hesia landare-sarez estaliko dugu, eta itxura atseginagoa eta ingurunearekin integratuagoa eskainiko du”, diote.
Proiektu berriarekin, oinezkoek futbol zelaiaren ondotik doan espaloia erabiliko dute. Gainera, espaloiaren zabalera 60 zentimetro gehiago handituko dute: “Espaloiaren zabalera handitzeak ez du aparkaleku-plazen galera ekarriko”, zehaztu dute Udaletik.
Basauriko Udalak 500.000 euro bideratuko ditu Eleuterio Villaverde kalea berrurbanizatzen, 2025ko aurrekontuan zehaztu bezala.