☉ Basauri
BIGE: «Jaurlaritzak hartutako erabakiaren emaitza Basauriko eskoletako plateretan ikusiko dugu»
Aurtengo ikasturte hasierak zer esan handia eman du Basauriko sei ikastetxetako jantokietan. Kexa ugari plazaratu dituzte bertako guraso elkarteek ikasleek eskolatik bueltan jantokietan bizi izandako esperientziengatik

Aurtengo ikasturte hasierak zer esan handia eman du Basauriko sei ikastetxetako jantokietan. Kexa ugari plazaratu dituzte bertako guraso elkarteek ikasleek eskolatik bueltan jantokietan bizi izandako esperientziengatik. Hala nola, janariaren kalitatea, elikagaien egoera, zerbitzatzen den kopurua edo menuan aldaketak egiteko kudeaketa-gaitasunaz kexatu dira guraso elkarteak.
Ikastetxeetako gai hau ez da berria. Basauriko Guraso Elkarteen ordezkarien arabera, 2021ean idazki bat prestatu zuten ikasleek ikastetxeetako jantokietan bizi zuten egoera jantokiko zerbitzua eskaintzen duen enpresari salatzeko, baina guraso elkarteen arabera, “salaketa hark eragin txikia izan bazuen ere, denborak aurrera egin ahala egoerak okerrera jo zuen”. Aurten, ostera, egoeraren salaketa egin dute eta ondorioz, arazoak Eusko Jaurlaritzaren ateak jo ditu azken asteetan.
Basauriko Kareaga Goikoa HLHI, San Jose Etxegarai, Basozelai Gaztelu, Sofia Taramona, HLHI Bizkotxalde eta Arizko ikastola ikastetxeetako guraso elkarteetako ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Iñaki Orbe Onaindia Bizkaiko Hezkuntzako Lurraldeko ordezkariarekin bildu ziren martxoaren hasieran, ikastetxe bakoitzaren kezkak eta egoneza helarazteko. Bilera igarota eta Guraso Elkarteetako ordezkarien arabera, “Eusko Jaurlaritza Basauriko ikastetxeen egoeraren jakinaren gainean dago eta irtenbidea bere esku dago momentu honetan”.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 28,8 milioi euro bideratu zituen 2022ko ikasturtean Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoetan Hezkuntza Sailaren menpe dauden 50 ikastetxe publikotako jantokietara. Bizkaian 25 eskola-jantoki daude eta zerbitzu hau eskaintzeko modalitate mistoko sei janari-zerbitzu lote eskaini ziren, 15,8 milioi euroko balioarekin. “Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzeneko jantoki hauetan guztietan modalitate mistoko zerbitzua eskaintzen da, eta 9.400 menu inguru ematen dira eguneko”, azaldu zuten Eusko Jaurlaritzako ordezkariek iazko uztailaren 5ean egindako gobernu-bileran.

Jantoki-enpresak, ikusmiran
Bizkaiko Guraso Elkarteak (BIGEk) Bizkaia mailako inkesta bat argitaratu zuen joan den otsailean, lurraldeko eskola-jantokietako egoera ikusarazteko. Lurraldeko eskola guztien artean BIGEn federatuta daude Basauriko sei ikastetxe horiek. “Joan den ikasturtearen amaieratik ikasturte honen hasierara bitartean hainbat kexa jaso dira eskola-jantokiaren inguruan federazioan, kasu askotan familien bitartez zuzenean edo guraso-elkarteen bidez”, azaldu dute BIGEtik. “Kexa horiek, bereziki, menuen kalitateari eta kantitateari buruzkoak dira eta iritzi horiek ezagutzeko asmoz, guraso elkarteei zuzendutako inkesta bat egin dugu; izan ere, guraso elkarteak etengabe daude harremanetan familiekin eta ikastetxeetako zuzendaritza-taldeekin”. Inkestaren helburu nagusia Bizkaiko eskola-jantokien egoera ezagutzea da, bertan zerbitzatzen diren menuen kalitate eta kopuruei so eginez bereziki.
Joan den martxoan guraso elkarteetako ordezkariekin eta Iñaki Orbe Onaindia Bizkaiko Hezkuntzako Lurraldeko ordezkariarekin egindako bileran Reyes Lengaran Martin BIGEko koordinatzailea egon zen, eta BIGEko inkesta Bizkaia osoko zentro publikoetan oinarrituta badago ere, Basauriko errealitatea gertutik ezagutu du: “Eusko Jaurlaritzako ordezkaria guraso elkarteetako kexak eta iradokizunak jasotzeko prest agertu zen”, azaldu dio GEURIAri Lengaranek: “Hala ere, ikasleen familiak benetan kezkatuta daude eta Jaurlaritzak hartu beharreko erabakiaren emaitza jantokietako plateretan ikusiko dugu. Kontuan izan beharrekoa da eskoletan bazkaltzen duten ume batzuek eguneko otordu bakarra dutela”.
Basauriko San Jose Etxegarai, Basozelai Gaztelu, Sofia Taramona, Bizkotxalde eta Arizko ikastolak Eurest / Eskolarest enpresaren zerbitzuak kontratatu dituzte. Kareaga Goikoa ikastetxeak, ostera, Gasca enpresaren zerbitzuarenak jasotzen ditu, baina datorren ikasturtean Eurest / Eskolaresti esleitu dio kontratua Jaurlaritzak, Kareaga Goikoako Gurasoen elkarteko arduradunek azaldu dutenez.
BIGEk egindako inkestaren arabera, Bizkaiko 83 elkartek aitortu dute jantokiko zerbitzuarekin gorabeherak edo kexak izan dituztela, den-denak janariarekin lotutakoak. Bizkaiko 50 elkarteen arabera (inkestan parte hartutako % 60,2) “janariaren kalitatea “eskasa” da: “Arrain gutxi dago menuetan orokorrean”, ondorioztatu du inkestak: “Gainera, menu-aldaketek, oro har, arrainaren presentzia planifikatuta dagoen egunari eragiten diotela: zenbait kasutan, arantzen aipamenak arreta erakartzen du, eta haurren menuarekin kezkatuta agertu dira elkarteak”.
Bestalde, Bizkaiko 27 elkartek adierazi dute euren jantokietan ezin dela errepikapenik egin, besteak beste. Eurest / Eskolarest enpresarekin behin baino gehiagotan berba egiten saiatu da GEURIA komunikabidea Basauriko jantokien inguruan azalpenak emateko, baina ez du inolako erantzunik jaso enpresako ordezkarien aldetik. BIGEren inkestaren arabera, enpresa honek jaso ditu iruzkin kopuru handiena Bizkaia mailan (31). Jarraian Gasca (24), Tamar (22) eta Ausolan Taldea daude (14).

Basozelai-Gaztelu ikastetxea // Geuria
Irtenbidea Basaurirako
Gaur egun Eusko Jaurlaritzak dauka Basauriko zentroetako egoera aldatzeko eskumena, guraso elkarteen ordezkarien arabera: “Enpresaren baldintzak egitea Eusko Jaurlaritzaren ardura da, baina askotan eskatzen dituzten minimoak minimoegiak dira enpresa bat kontratatzerako orduan eta gaitzak gure haurrek jasaten dituzte”.
Martxoan izandako bileran jasotako kexak eta zalantzak Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari helarazi dizkio Iñaki Orbek eta Basauriko ikastetxetako guraso elkarteek “denbora tarte bat” utzi diote Eusko Jaurlaritzari arazoari irtenbide bat emateko. Momentuz, eta Jaurlaritzaren erabakia jakinarazi arte, isiltasuna nagusi da Basauriko ikastetxeen artean eta oztopo ugari daude zentroetara hurbildu eta haurrik gabeko argazkiak egiteko. Tentsio handiko momentuak izan dira eta hedabideek agente ezberdinekin berba egiteko oztopo ugari izan dituzte.
☉ Basauri
Udaltzaingoaren egoera konpontzeko negoziatzeko prest agertu da Basauriko Udala
Agenteen % 60 baino gehiago bajan egotea Udalaren jardunari egotzi ezin zaiola adierazi dute udal ordezkariek: “Egoerak udal-kudeaketa gainditzen duten faktoreei erantzuten die”

Basauriko Udaltzaingoan jasaten ari diren “krisia” salatu du Erne sindiktuak. Agenteen % 60 baino gehiago bajan daudela, zerbitzuko ardunen falta dagoela eta barne-antolaketa eza salatu dute.
“Urteak daramatzagu ohartarazten arduradun funtzionarioen faltak eta barne desantolaketak langileen osasunean eta, ondorioz, herritarren segurtasunean eragina dutela”, adierazi dute sindikatuko ordezkariek.
Erneren arabera, egoera “lehertu” egin zen azken herriko jaietan, “agenteen eskasiak langile falta kezkagarria eta bizilagunen artean segurtasun eza areagotu zuenean”, diote.
Ernek Basauriko Udalari eskatu dio “berehalako erantzukizuna” har dezala, “kudeaketa egitura egonkor bat bermatzea eta langileen ordezkariekin benetako negoziazio prozesu bat abiaraztea”.
“Arazoa ez da kasualitatea, urteetako utzikeriaren ondorio da: inprobizazioaren eta negoziazio ezaren ondorioa, hain zuzen”, salatu dute.
Basauriko udal ordezkariekin harremanetan jarri da GEURIA: “Bajen ehunekoa ezin zaio egotzi Udalaren jarduerari. Gure ustez, egoerak udal-kudeaketa gainditzen duten faktoreei erantzuten die”, diote.
Era berean, negoziatzeko prest agertu dira udal arduradunak: “Erantzukizunez eta zorroztasunez negoziatzeko borondatea agertzen dugu, bai langileei bai basauriar guztiei mesede egingo dieten konponbideak bilatuz”, diote.
☉ Basauri
Emakume bat harrapatuta geratu da Basauriko etxebizitza batean
Emakumea zorabiatuta zegoen eta etxebizitzako atea zabaltzeko zailtasunak izan dituzte senideek

Suhiltzaileek eta Basauriko udaltzaingoek jarduketa bat egin dute gaur goizean Basauriko Karmelo Torre kaleko etxebizitza batean: emakume bat zorabiatu egin da eta bere etxebizitzan harrapatuta geratu da.
Seinalerik ematen ez zuenez, senideek larrialdi zerbitzuetara deitu dute 10:00ak aldera eta bertara gerturatu dira Basauriko suhiltzaileen parkeko ibilgailu bi (eskala artikulatua eta 4×4 ibilgailu bat) eta udaltzainen patruila bat gerturatu dira. Minutu batzura anbulantzia bat iritsi da ere.
Azkenik, Basauriko Poliziak GEURIAri azaldu eta Segurtasun Sailak baieztatu lez, emakumearengana heltzeko arazorik ez da egon eta senideek beraiek zabaldu ahal izan dute etxebizitzako atea: “Zorionez susto txiki batean lotu da ezbeharra”, azaldu diote emakumearen senideek GEURIAri.
☉ Basauri
Basauriko Udaltzaingoaren % 60 baino gehiago bajan dagoela salatu du Erne sindikatuak
Ernek Basauriko Udalari eskatu dio “berehalako erantzukizuna” har dezala, “kudeaketa egitura egonkor bat bermatzea eta langileen ordezkariekin benetako negoziazio prozesu bat abiaraztea”

Basauriko Udaltzaingoan jasaten ari diren “krisia” salatu du Erne sindiktuak. Hain zuzen ere, agenteen % 60 baino gehiago bajan daudela salatu dute.
Sindikatuaren arabera, “langile gutxiko txandekin, etengabeko gainkargarekin eta duela 20 urte baino gehiagoko baldintzekin” jarraitzen dute: “Azken urteetan eza da modernizaziorik ez lidergo egonkorrik egon”, salatu dute.
Zerbitzuko arduradunen falta eta barne-antolaketa eza salatu dituzte: “Urteak daramatzagu ohartarazten arduradun funtzionarioen faltak eta barne desantolaketak langileen osasunean eta, ondorioz, herritarren segurtasunean eragina dutela”, adierazi dute sindikatuko ordezkariek.
Erneren arabera, egoera “lehertu” egin zen azken herriko jaietan, “agenteen eskasiak langile falta kezkagarria eta bizilagunen artean segurtasun eza areagotu zuenean”, diote.
“Udalak berak egindako arrisku psikosozialen ebaluazioen arabera, Udaltzaingoa da lan-ongizateari dagokionez errendimendurik txarrena duen saila”, adierazi dute Erneko ordezkariek.
Udala, negoziatzeko prest
San Migeleko jaiak hasi aurretik, Erne sindikatuak bilera eskatu zuen Basauriko Udaleko Herritarren Segurtasuneko zinegotziarekin langileen eskaerak berriro adierazteko. Besteak beste, boluntarioen lan-poltsa bat urtero sortzea proposatu zuten, “langileen gabeziak estaltzeko eta hitzarmen kolektiboan zehaztutako gutxieneko zerbitzuak bermatzeko”, diote.
Ernek Basauriko Udalari eskatu dio “berehalako erantzukizuna” har dezala, “kudeaketa egitura egonkor bat bermatzea eta langileen ordezkariekin benetako negoziazio prozesu bat abiaraztea”.
“Arazoa ez da kasualitatea, urteetako utzikeriaren ondorio da: inprobizazioaren eta negoziazio ezaren ondorioa, hain zuzen”, salatu dute.
Basauriko udal ordezkariekin harremanetan jarri da GEURIA: “Bajen ehunekoa ezin zaio egotzi Udalaren jarduerari. Gure ustez, egoerak udal-kudeaketa gainditzen duten faktoreei erantzuten die”, diote.
Era berean, negoziatzeko prest agertu dira udal arduradunak: “Erantzukizunez eta zorroztasunez negoziatzeko borondatea agertzen dugu, bai langileei bai basauriar guztiei mesede egingo dieten konponbideak bilatuz”, diote.
☉ Basauri
Peio Etxeberria lau t’erdiko txapeldunak Basaurin jokatuko du Binakako Txapelketa
Rezustarekin jokatuko du Etxeberriak eta aurkari izango dituzte Zabala (t’erdiko txapeldunordea) eta Martija. Sarrerak dagoeneko salgai daude

Esku pilota profesionalaz berriro gozatzeko aukera izango da Basaurin: Binakako Txapelketako bigarren jardunaldiko partidetako bat Artunduagako pilotalekuan jokatuko da, azaroaren 28an (20:45)
Peio Etxeberria lau t’erdiko txapeldunak jokatuko du Beñat Rezustarekin batera, eta aurkari izango dituzte Javi Zalaba (lau t’erdiko txapeldunordea) eta Julen Marija.
Bigarren mailako partida ere jokatuko da Artunduagan Peña II-Salaverri eta Zubizarreta III-Aranguren bikoteen artean.
Sarrerak salgai daude Artunduaga kiroldegiko sarreran 23,35 euroan. Era berean, entradasfronton.com webgunean ere eros daitezke 25 eurotik aurrera [momentu honetan ez dabil webgunea].
☉ Basauri
Haur kategoriako jokalari batek irain arrazistak jaso dituela salatu du Indartsu klubak
Indartsuko jokalariak ‘puto negro’ bezalako iraina jaso zuela esan diote klubeko ordezkariek GEURIAri

Haur kategoriako jokalari batek irain arrazistak jaso zituela salatu du Indartsu klubak. Gertaerak atzo, azaroak 16, jazo ziren Indautxuren aurka Bilbon jokatu zuen partidan.
Jokalariak ‘puto negro’ bezalako iraina jaso zuela esan diote klubeko ordezkariek GEURIAri. Partiduaren 62. minutuan izan zen hori.
Jokatzen jarraitu nahi zuen galdetu zion orduan Indartsuko entrenatzaileak bere jokalariari, eta honek baiezkoa eman zion. Erantzuna ezezkoa bazen, zelaitik irtengo zen taldea protesta bezala.
Partidaren aktan arbitroak zehaztu duenez, Arrazismoaren kontrako Protokoloa aktibatu zuen irainen berri izan ostean.
Zehazki, honakoa dio arbitroak idatzitako aktak: “62. minutuan, bi taldeetako jokalariak nigana hurbildu dira eta kexu dira aurkako taldeko jokalarien aldetik irain arrazistak entzun dituztelako. Egoera horren aurrean, eta nik ezer entzun ez dudanez, aulkietara jo dut eta egoera azaldu eta protokolo arrazista aktibatu dut, keinua eginez eta partida bertan behera utziko nuela ohartaraziz berriro ere antzeko zerbaiten berri ematen bazitzaidan”.
Indartsuko ordezkariek GEURIAri adierazi diotenez, irainak Indartsuko jokalariaren aurkakoak soilik izan ziren.

















