☉ Basauri
Gorka Martin, ikerlaria: «Ikertu gabeko karlistaldiko ondarea berpiztu nahi izan dugu Ollarganen»
Ollarganen inguruko arkeologia-lanak burutu zituen EHUko Gorka Martin Etxebarria doktoratu aurreko ikerlariak gidatutako taldeak iazko urrian eta lehen aurkikuntzak azaleratzen hasi dira

[2022ko urrian argitaratutako elkarrizketa 089. alean] Ollarganen gotorlekua eraiki zuten karlistek azken Gerra Karlistan (1872-1876), Liberalen eta Carlos Madrilgo dukearen jarraitzaileen arteko gatazkan. Ollarganeko Gotorlekua bezala ezaguna, egituraren helburua Bilbo blokeatzea izan zen, guztiz inkomunikatzea. Aitzakia hori baliatuz, gotorlekuaren inguruko arkeologia-lanak burutu zituen EHUko Gorka Martin Etxebarria doktoratu aurreko ikerlariak gidatutako taldeak iazko urrian. Helburu nagusia aztarnategiaren arkeologia-potentziala ezagutzea izan da, antzinako gotorlekua nolakoa izan zen jakin ahal izateko. Horretarako hainbat zundaketa egin zituzten mendiaren gailurrean eta lehen aurkikuntzak argia ikusten hasi dira.
Eguraldi onarekin zein txarrarekin lan egin behar izan du profil ezberdin askotako profesionalek osatutako Euskal Herriko Unibertsitateko lantaldeak. Indusketak joan den irailaren 12tik urriaren 6ra egin zituzten eta orain, mendian egindako aurkikuntzak laborategitik bueltan ekarri dituzte arkeologoek.
Zer dela eta aukeratu zenuen karlisten hirugarren gerra zure tesirako eta ez beste edozein? Arkeologia betidanik gustatu zait eta karlisten inguruko grina Ivan Roldán ikerlariak Lizarran egindako lanetik sortu zitzaidan. Lan hura Bizkaira eta Arabara hurbildu genuen nire tesiarekin, nolabait. Nire lanaren helburua honakoa da: Euskal Herri osoan karlistaldiko egitura ugari geratzen dira ikertzeko, gehienak bertan behera utzitakoak dira eta egunez egun galtzen ari garen ondarea da. Arkeologiaren erreminta baliatuz, ondare hori guztia berpiztu eta gizarteari transmititu diezaiokegula uste dut.

Gorka Martin // Geuria
Gerra Zibilaz askotan egiten dugu berba baina badirudi nolabait Karlistaldia albo batera utzi duela gizarteak, Euskal Herrian eta Bilbon izan zuen eragin izugarria kontuan izanda. Hau horrela da? Galdera ona da! Nire ustez, Gerra Zibila freskoago daukagu gizartean, oro har. Gaur egun bizirik daude oraindik Gerra Zibila bizi izan zuten pertsona asko eta gertakari historiko hark aztarna sakona utzi zuen familia askorengan. Trauma hain handia izanez, Gerra Zibilaz aurretiko bestelako gatazkak “ahaztuta” geratu dira.
Ollarganeko gotorlekuak hartzen zuen azalera handia omen da. Lan handia izan zenuten garbiketa-lanetan lursaila indusketak egin ahal izateko prestatzeko? Lan izugarria eman zigun, bai. Ikerketako lehen lau egunetan garbiketa-lanak egin genituen zonaldeko sastraka guztiak kentzen. Sasi-garbitzeko makina mekanikoak erabili behar izan genituen. Egundoko lana izan zen!
Zein da Ollarganeko gotorlekuak ezkutatzen duen historia? Gotorlekua azken karlistaldian finkatzen da, karlistek Bilbo setiatu zuten momentuan, hain zuzen ere. Gotorlekuaren parean bateria bi ipini zituzten Bilbo bonbardatu ahal izateko. Setioa bukatu ostean, liberalek karlisten lerroak apurtu zituzten eta Bilbon sartu ziren. Momentu hartan, karlisten armada erretiratu zen eta Bilbo inguruan lau gotorleku eraiki zituzten, horietako bat hauxe: Ollarganekoa.
Bistan da Ollarganeko gotorleku honen kokalekua benetan estrategikoa zela. Bai, noski. Lubanarroa edo fosoa defendatzen duen ‘Kaponera’ izeneko hegoaldeko aldetik ikus daiteke karlistek ondo baino hobeto pentsatu zutela gotorlekua eraikitzeko zonaldea zein izango zen: Kaponeratik ikusten denez, Ollarganeko gotorlekutik den-dena kontrolatzen zuten karlistek. Donostiara eta Gasteizera doazen bideak ikus daitezke bertatik eta gainontzeko gotorlekuak Arnotegin eta Arraizen zeuden, gotorlekutik ere ikusgai. Sare estrategiko honen bidez, karlistek eskualdeko hegoaldea kontrolpean izan zuten. Gure teoriaren arabera, lau gotorlekuekin, karlisten helburua Bilbo blokeatzea izan zen: kontuan izan behar da 1874. eta 1876. urteen artean Bilbok kanpoaldearekin zuen konexio bakarra Ibaizabal ibaia izan zela.
Nolakoa zen oro har Ollarganeko gotorlekuaren egitura? Lurrez egindakoa zen. Horrek esan nahi du mendi gailurrean mozketa bat egin zutela bertan egon ziren soldaduek, goi-lautada edo meseta antzeko bat sortuz. Bertan jarri zituzten egitura guztiak lurrez egindakoak omen ziren.
Zein da arkeologia-lan hauen helburua? Helburu nagusia lehen balorazio bat egitea zen, gotorlekuak duen arkeologia-potentziala ezagutu ahal izateko. Indusketa lanetan egin genituen lehen zundaketen artean frontea edo ‘parapetoa’ aurkitu genuen. Bertan, soldaduek lubaki antzeko bat eraiki zuten arerioei aurre egin ahal izateko. Berau azaleratu genuen. Zoritxarrez, karlisten garaiko materialak ez dira agertu baina Gerra Zibileko bala-zorro ugari aurkitu dugu gure lanetan. Aurkikuntza benetan interesgarria izan da, horrek esan nahi duelako leku berean gatazka bi gertatu direla historian zehar.

Ollarganen egindako zundaketa bat // Geuria
Gotorlekuaren zein beste bazter aztertu zenituzten? Laugarren zundaketatik hegoalderantz gotorlekuaren zuloa atzeman zitekeen, maldan behera. Uste dugu bertatik eraikinaren komunikazioa igaro zitekeela eta soldaduak bertatik babestuagoak igaroko zirela.
Zenbat denbora eman zenituzten zundaketa bakoitzean? Lauzpabost egun, gutxi gorabehera, zundaketako lursailaren arabera. Leku batzuetan ez genuen kasik objekturik topatu. Laugarren zundaketan, esaterako, bala-zorro ugari topatu genituen. Zulotik gertu kokatutako leku horretan kontzentrazioa benetan handia izan zen.
Hainbat pertsona ibili zarete lanean bertan. Nolako lantaldea duzu? Bertan lanean ibili ziren profesionalak Bizkaiko Foru Aldundiak urtero arkeologia lanak sustatzeko ematen duen diru-laguntza bati esker aritu ziren. Guk bertan aurkeztu genuen proiektu hau eta finantziazioa eskuratu genuen. Lantaldea Euskal Herriko Unibertsitateko Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldean oinarrituta (GPAC) dago. Bertan daukagu lan-basea. Ollarganen profil ezberdin askotako profesionalak ditugu: zaharberritzaile bat, arkeologia-teknikariak eta zenbait ikasle ere badaude Ollarganeko proiektuan lanean. Aurreko indusketetan elkarrekin egin dugu lan eta normalean lantalde horrekin egiten ditugu gai honekin lotutako indusketa gehienak.
Nolako aurkikuntzak egin dituzue Ollarganen? Gotorlekuan genuen material gehiena Gerra Zibilekoa izan zen: Mauser zorroak, kargadore gidak… 7,92 x 57 kalibreko Mauser munizioa topatu dugu batez ere bertan. Objektu kontzentrazioa oso handia izan da baina baita 11 x 59mmko Grass fusilen munizioa ere. Borroka latzak bizi izan ziren Ollarganen, baina ez hori bakarrik: Basaurin aurkitutako munizioaren ia %100a Nazien garaiko zorroak eta kargagailu-gidak ditugu laborategiko emaitzek hala erakusten baitute. Kartutxo eta baletan Alemaniako munizio lantegien izenak ageri dira: Polte Armaturen und Maschinenfabrik AG (Magdeburgo), Deutsche Waffen und Munitionsfabrik AG (Berlin-Borsiwalde), Metallwarenfabrik Treuenbrietzen GmbH (Sebalhdhushof), Metallwerk Wolfenbüttel GmbH (Wolfenbüttel), Deutsche Waffen und Munitionsfabrik (Berlin), Draht und Metallwarenfabrik GmbH (Salzwedel), Hugo Schneider A. G. (Leipzig), Dynamit Nobel A. G (DAG), Empelde (Hannover), KAA0147 Geco (Alemania), Manfred Weiss Patronenfabrik (Budapest), Rheinisch-Westfalische Sprengstoff A.G (Nurenberg) eta Zbrojovka Brno, závod Povázská (Bystrica). Zorroak eta kargadore giden fabrikazio urteak 1935 eta 1936 izan ziren. Ondorioz, esan dezakegu Frankistek alemaniarren laguntza armamentistikoa izan zutela.
Zer egin duzue aurkikuntza horiekin guztiekin? Bizkaiko Arkeologia Museora eraman ditugu (Mallona Galtzada, 2, Bilbo), edonork ikusi ahal izateko.
Eta proiektu honen ostean zer? Ni printzipioz tesia bukatzen nabil, eta 2023ko udaberrira edo udara arte ez dugu beste kanpoko lanik egiteko aurreikuspenik, momentuz.

Gerra Zibileko kartutxoak eta balak, Ollarganen aurkituak // Geuria
☉ Basauri
‘Jone, batzuetan’ filma euskaraz proiektatuko dute Social Antzokian, Basaurin
Gaur, irailak 19, eta hilaren 22an eta 23an proiektatuko dute ‘Jone, batzuetan’ filma Basauriko zineman

Basauriko Social Antzokiak irailaren 18an hasiko du zine programazio berria. Eta, hasteko, euskarazko film bat proiektatuko dute: ‘Jone, batzuetan’.
Bilboko jaietan oinarrituta, Jone da protagonista, 20 urtekoa. Aitarekin eta ahizparekin bizi da eta Bilboko Aste Nagusian maiteminduko da lehen aldiz Olgarekin. Lehen maitasunaren eta aitaren gaixotasunaren ondorioz bakarrik geratzeko beldurraren artean biziko da Jone.
Irailaren 19an, 22an eta 23an proiektatuko dute filma Social Antzokian 20:00etan. Sarrera 5 eurokoa da.
☉ Basauri
800 metro karratuko baso autoktonoa sortu dute Basaurin, nekazaritza-sistema berriei buruz sentsibilizatzeko
Fruta-arbolak, usain-belarrak eta basa-fruitu gorriak ematen dituzten zuhaixkak ditu Iruaretxetako baso autoktonoak. Abendura bitarte lau tailer antolatu dituzte

Baso autoktono jasangarria sortu dute Basaurin, Iruaretxetan. Guztira 800 metro karratuko azalera du basoak eta Udala aitzindaria izan da administrazio publikoen artean horrelako proiektu bat aurrera eramaten.
Basoak arbola, zuhaixka eta belar espezie ugari ditu: intxaurrondoak, arteak, haltzak, intsusak, artelatzak, haritzak, pinuak, hurritzak, pagoak eta abar landatu dituzte, eta, horiekin batera, sagarrondoak, madariondoak, aranondoak, limoiondoak eta laranjondoak; izpilikua eta erromeroa; eta marrubiak, ahabiak eta mugurdiak bezalako basa-fruitu gorriak ematen dituzten zuhaixkak landatu dituzte bertan. Gainera, txorientzako eta saguzarrentzako etxolak ere jarri dituzte.
“Baso jangarri sintropikoak dira basoko ekosistema naturalen egitura eta funtzioak imitatzeko diseinatutako nekazaritza- eta baso-sistemak. Ekoizpen, erresilientzia eta birsortze-gaitasun handia dute, eta, batez ere, gizakiontzat jangarriak era erabilgarriak diren espezieak hartzen dituzte. Ekologia eta elikadura-subiranotasuna uztartzen dituen nekazaritza birsortzaile eta jasangarri mota bat dira”, esan du Irene Garcia Basauriko Udaleko Ingurumen arloko zinegotziak.
Zentzu horretan, horrelako basoek “onura asko” dituztela adierazi du Garciak: “Leheneratze ekologikoa sustatzen dute, biodibertsitatea eta lurzoruaren osasuna hobetzen dute, klima-aldaketaren eraginak arintzen dituzte, karbonoa atzitzen dute, eta, finean, mikroklima ontzen dute”.
Baso autoktonoa herritarrek bozkatu zuten 2024ko aurrekontu parte hartzaileetan, eta Udalak 2025ean zehar gauzatu behar zuen, “berdeguneak handitzeko”.
Tailerrak baso autoktonoan
Proiektuak nekazaritza-sistema berriei buruz sentsibilizatzea eta horien zabalkundea egitea aurreikusten du, eta, horretarako, lau tailer antolatu ditu Udalak irailetik abendura bitartean, hilean bat.
Tailerren helburuak honakoak dira: herritarrak baso-kontzeptu horretara hurbiltzea lurzoruaren kudeaketa ekologikoaren alorreko oinarrizko teknikak aplikatuta (inausketa, konpostatzea eta landatzea); biodibertsitatea, erresilientzia eta tokiko elikadura bultzatzea, eta auzolana eta jakintza agroekologikoa sustatzea.
Irailaren 27an izango da lehen tailerra eta hizpide izango dute ‘Baso jasangarriak: hastapenak eta oinarrizko diseinua’. Hurrengoa, urriaren 25ean izango da: ‘Konpostatze ekologikoa eta zoru bizia zaintzea’. Hirugarren tailerra izango da ‘Inausketa, biomasa erabiltzea eta mulch bizia’ eta azaroaren 15ean antolatuko dute. Eta azkenik, abenduaren 13an ‘Udazkenean landatzekoak eta negurako prestaketa-lanak’ tailerra eskainiko dute.
Tailerretan izena eman nahi dutenek mezu elektronikoa bidali behar dute jurgivuriarte@hotmail.com helbidera. Udaletik zehaztu dutenez, 15 plaza baino ez dituzte eskainiko.
☉ Basauri
Amaia Bonachera basauriarraren kartelak iragarriko ditu 2025eko San Fausto jaiak

Basauriko jaietarako atzera kontaketa hasi da. Urriaren 11n, larunbatez, hasiko dira sanfaustoak eta jaiak iragarriko dituen kartela aurkeztu dute gaur.
Sari nagusia Basaurin geratu da eta irabazlea Amaia Bonachera izan da. Basauriarrak 1.500 euro jaso ditu, ‘San Fausto zeruan’ izeneko lanagatik.
Tokiko mailan, Iñaki Zorriketa basauriarraren kartelari eman diote saria. Zorriketak ‘Bere alde ona’ izena jarri dio bere lanari eta 300 euroko saria jaso du.
Eta, Gazte eta Txiki kategorietan irabazle izan dira Unai Fernandez eta Asier Ortiz.
Zoroak kuadrillak herriko saltokietan erabiltzeko 50 euroko bonua eman dio Asierri, Txiki kategoriako irabazleari.
Unaik, Gazte kategoriako irabazleak 100 euroko bonua jaso du.
☉ Basauri
San Fausto plazako obrak azaroa bukaeran amaituko dituzte, Basaurin
Hainbat arrazoiengatik atzeratu da plaza irekitzeko momentua. Basauriko Udalak arrazoi horien berri eman du

Iazko maiatzean hasi zituzten San Fausto plaza guztiz berritzeko obrak Basaurin eta oraindik lanean ari dira.
Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, plaza azaroa bukaerarako egongo da amaituta.
Aurtengo udaberrirako plazaren zati bat erabilgarri egon zitekeela adierazi zuen iaz Udalak, baina hainbat arrazoiengatik atzeratu egin da.
Arrazoi horien berri eman dute udal arduradunek: “Plaza eraitsi ondoren, egiaztatu zen plazaren egiturazko geometria ez zetorrela bat 90eko hamarkadaren hasieran amaitutako obraren planoetan jasotakoarekin. Plano horietan oinarritu zen proiektua, eta, ondorioz, metalezko egitura birdimentsionatu behar izan da, zimendatu eta urbanizatu, lurraren errealitatera egokitzeko. Horrek, eta inguruneko benetako baldintzetara egokitzeko goiko plazaren diseinua hobetzeak, obrak atzeratzea eragin du”.
Jaietan erabiliezin
Urrian Basauriko jaiak izango dira —urriaren 11tik 19ra— eta Trintxera ezizenez ezagunagoa den plaza hainbat ekitaldi egiteko erabiltzen du Herriko Taldeakek.
Baina aurten ere —iaz ere ezin izan zen erabili— ez du erabilgarri izango San Fausto jaiak antolatzen dituen elkarteak.
Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili.
☉ Basauri
San Fausto plaza ez da Basauriko jaietarako bukatuta egongo
Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili

Iazko maiatzean hasi zituzten San Fausto plaza guztiz berritzeko obrak Basaurin eta oraindik lanean ari dira.
Urrian Basauriko jaiak izango dira —urriaren 11tik 19ra— eta Trintxera ezizenez ezagunagoa den plaza hainbat ekitaldi egiteko erabiltzen du Herriko Taldeakek.
Baina aurten ere ez du erabilgarri izango San Fausto jaiak antolatzen dituen elkarteak.
Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili.
Azarorako bukatuta
Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, plaza azaroa bukaerarako egongo da amaituta.
Obrak iazko maiatzean hasi eta 12 hilabeteko epean erdi bukatuta egongo zela eta ordurako plazaren zati bat erabilgarri egon zitekeela adierazi zuen Udalak, baina hainbat arrazoiengatik atzeratu egin da.
Arrazoi horien berri eman dute udal arduradunek: “Plaza eraitsi ondoren, egiaztatu zen plazaren egiturazko geometria ez zetorrela bat 90eko hamarkadaren hasieran amaitutako obraren planoetan jasotakoarekin. Plano horietan oinarritu zen proiektua, eta, ondorioz, metalezko egitura birdimentsionatu behar izan da, zimendatu eta urbanizatu, lurraren errealitatera egokitzeko. Horrek, eta inguruneko benetako baldintzetara egokitzeko goiko plazaren diseinua hobetzeak, obrak atzeratzea eragin du”.