☉ Basauri
Basauriko gaurko etxegabetzea salatzeko kontzentrazioa deitu du Batuk

Bi bizilagun etxegabetu dituzte gaur goizean Basaurin. Batu Elkarlaguntza Sareko kideak azken momentura arte negoziatzen saiatu arren, Ertzaintzak gauzatu du 11:00ak aldera etxegabetzea.
Horren aurrean elkarretaratzea deitu du Batu gaur Basaurin, 20:30ean Bentako plazan.
“Etxegabetzea gelditzeko gertu egon gara, baina azkenean ez da gertatu. Hala ere, gaur argi adierazi dugu kapitalismoaren aurpegirik ankerrenari ere antolakuntzaz autodefentsaz erantzungo diogula”, esan dute sare sozialetan Batuko kideek.
☉ Basauri
Argazkiak | Basauriko bi bizilagunen etxegabetzea eta herritarren elkarretaratzea, argazkitan
Gaur eguerdian bi bizilagun etxegabetu dituzte Basaurin, Agirre Lehendakaria kaleko 82. zenbakiko etxebizitza batetik. Higiezina Cerberus putre-funtsarena da eta Batu Elkarlaguntza Saretik adierazi dutenez, “negozioatzeari uko egin diote, alokairua oraintzeko prest baitzeuden bi bizilagunak”.
Etxegabetzea 10:30ean zen betetzekoa, baina dozenaka herritar batu dira “erresistentzia” egiteko 08:30etik aurrera. Goizean goizetik bertan izan da GEURIA, eta hauek egin ditugun argazkiak:
☉ Basauri
Bideoa | Basaurin etxegabetzea gauzatu ostean: “Beste etxebizitza bat hutsik, negozioa egiteko”
Bi bizilagun etxegabetu dituzte. Protestetan hainbat pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak

Agirre Lehendakaria kaleko 82. zenbakiko etxegabetzea gauzatu da gaur eguerdian. Bigarren solairuko etxebizitza batean bizi ziren bi pertsona kaleratu ditu Ertzaintzak.
Eurekin batera, Batu Elkarlaguntza Sareko 20 lagun zeuden etxebizitza barruan, eta Ertzaintzak banan-banan kaleratu ditu.
“Etxegabetzea gelditzeko gertu egon gara, baina azkenean ez da gertatu. Zalantzan egon dira epaitegiko bitartekariak eta polizia; hortaz, hurrengo batean lortuko dugu”, esan dio GEURIAri Luis Diaz Batu Elkarlaguntza Sindikatuko kideak.
Diazen arabera, “beste etxebizitza bat hutsik geratuko da, berarekin negozioa egiteko”, eta gogorarazi du etxegabetu dituzten bi herritarrak duela lau-bost urte iritsi zirela etxebizitza hartara, “kontratu faltsu baten bidez”.
“Ordutik, alokairu bat ordaindu nahi izan dute; egungo errealitatera egokitzen den alokairu bat ordaintzeko prest zeuden, baina Cerberusek ez du onartu”, adierazi du Diazek.
Hainbat identifikatu
Ertzaintzak hainbat lagun identifikatu ditu, baina atxiloketarik egon ez dela adierazi diote Batuko ordezkariek GEURIAri.
“Jende asko elkartu gara gaur etxegabetzea geldiarazteko. Eta elkarretaratzea guztiz baketsua izan da”, dio Diazek.
Identifikazioen inguruan, isunak jasotzen badituzte, Batuk kanpaina bat abiaraziko duela adierazi du Diazek, “seinalatzen nortzuek jartzen dituzten isunak eta nortzuek jasotzen dituzten”.
☉ Basauri
Bideoa | Tentsio uneak Basaurin Ertzaintzaren eta etxegabetzea geldiarazteko batu diren herritarren artean

Basauriko bi bizilagunen etxegabetzea geldiarazteko elkarretaratzea deitu du gaur goizean Batu Elkarlaguntza Sareak Urbi kaleko 82.zenbakian. Etxegabetzea, berez, 10:30ean burutzekoa zen.
Sindikatuko kideek lehen orduan adierazitakoaren arabera, etxegabetzea geldiarazteko saiakera egin dute epaitegietan, baina ezin izan dute euren helburua lortu, eta segidizio judiziala bertaratu denean tentsio uneak bizi izan dira bertaratutakoen eta Ertzaintzaren artean.
Eraikin barruan 20 pertsona zeuden zain, eta kontzentrazioan parte hartzen zuten herritarrak hurbiltzen saiatu dira, baina Ertzaintzak bultzaka eta borraz eragotzi du.
☉ Basauri
Bideoa | Etxegabetzea geldiarazteko epaitegietan lanean ari direla jakinarazi dute Basauriko Batu Sindikatutik

Basauriko bi bizilagunen etxegabetzea geldiarazteko elkarretaratzea deitu du gaur goizean Batu Elkarlaguntza Sareak. Etxegabetzea, berez, 10:30ean izango da.
Pablo Oliveros Batuko kidearekin berba egin du GEURIAk, eta epaitegietan etxegabetzea geldiarazteko lanean ari direla nabarmendu du Batuko kideak.
Arazo honen jatorria bost urte atzera kokatu behar da, Batu sindikatuaren arabera: “Bi herritar hauek ezagun baten bitartez heldu ziren etxebizitza horretara. Ahoz-ahoko kontratu bat egin zuten alokairua ordaintzeko, baina ohartu ziren handik bost hilabetera ezagun horrek ez zuela berririk ematen eta desagertu zela. Iruzur egin ziela konturatu ziren”.
“Etxebizitza horren jabea nor zen jakin barik, bertan jarraitu zuten eta duela bi urte inguru epaitegietatik notifikazioa jaso zuten, jabetza hori Cerberusena zela esanez eta prozesu judiziala martxan jarriko zela eurak kaleratzeko”, azaldu zuen Peio Molinuevo, Batuko kideak.
Epaiketa “euren burua defendatu ezinik” egin zela salatu dute Batuko ordezkariek, “ez baitzuten epaiketa horren berririk jaso”.
Batu, bitartekari
Batu Elkarlaguntza Sareak elkarrizketak izan ditu Solvia SL hiziezinen agentziko ordezkariekin: “Ezin izan dugu Cerberuseko ordezkariekin berba egin. Cerberusek kontratatu duen bitartekari-lanerako Solviako kideekin elkartu gara”.
“Eta gure eskakizunak mahaigaineratu dizkiegu: alde batetik, etxegabetzea bertan behera gelditzea, eta bestetik, bi herritar hauek alokairua ordaintzeko prest zeudela esatea”, dio Molinuevok, eta gaineratu du: “Baina, eurekin negoziatzea oso zaila da”.
Baturen helburua alokairu soziala da, eta proposamen hori helarazi diete hiziezinen agentziko kideei: “Hala ere, bi herritar hauek alokairu soziala ez den alokairu bat ordaintzeko prest daude. Hau da, gaur egungo errealitatera egokituago egon daitekeen alokairua ordaintzeko. Baina, euren erantzuna beti ezezkoa izan da, eta euren helburua da etxegabetzea gertatzea, eta horretarako behar den biolentzia erabiliko dutela”, salatu du Molinuevok.
Zentzu horretan, “erresistentzia” egiteko deialdia luzatuko dute Batuko kideek: azaroaren 13an, 08:30ean, Agirre Lehendakaria kaleko 82. zenbakian.
“Ez dugu onartuko gure eskualdean, gure herrietan eta gure auzoetan etxegabetzerik, eta are gutxiago, horrelako putre-funts espekulatzaileekin ari garenean”, adierazi du Molinuevok.
☉ Basauri
Jainaga: “Israeli egindako altzairu salmentetan Sidenorrek irregulartasunik egin ez duela egiaztatu dugu”
Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak bere errugabetasuna defendatu du Espainiako Auzitegi Nagusian, eta adierazi du, “salmenta horiek egiteko unean ez zegoela mugarik Israelekiko merkataritza-harremanetan”

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako presidenteak eta zuzendaritzako beste bi kidek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu dute gaur eguerdian, Israelgo IMI Systems (Israeli Military Industries) enpresari altzairua legez kanpo saltzea leporatuta.
Jainagak berak adierazi du Sidenorrek “ez duela inolako irregulartasunik egin” Israeli altzairua saltzean.
“Alde batetik, Sidenorrek fabrikatutako eta Israelera esportatutako altzairua ez dago administrazioaren kontrol berezia behar duten produktuen artean; horrela frogatu ahal izan dugu, ez bakarrik eskaini ditugun frogengatik, baita Espainiako Polizia Nazionalak epaileari bidali dion txostenagatik ere”, esan du Jainagak.
Bestetik, salmenta horiek egiteko unean Israelekiko merkataritza-harremanetan “mugarik ez zegoela” esan du Jainagak: “Are gehiago, entregak uztailean gelditu ziren, Sidenorrek berariaz hala erabakita, Espainiako gobernuak enbargoa agindu baino ia hiru hilabete lehenago”.
Azkenik, Sidenorreko presidenteak adierazi du ez zutela jakinarazpenik jaso Espainiako edo Europako agintarien aldetik, “herrialde horretarako altzairu-salmenten salbuespenezko mugei buruz”.
“Horrek guztiak babesten du, inolako zalantzarik gabe, Sidenorren jarduna beti egon dela legezkotasunik zorrotzenaren mende”, esan du Jainagak.










































