☉ Basauri
Agirre Lehendakaria kaleko trafikoa eta aparkalekuak birpentsatzeko proiektua idatziko du Basauriko Udalak
Basauriko Udalak 128.000 euro inguruko partida bat bideratuko du kale horretan zarata akustikoa txikitzeko proiektua idazteko

Datozen bost urteei begira Zarataren Aurkako Ekintza Plana egin du Basauriko Udalak (2025-2029). Planaren hasierako onespena izapidetzen ari dira udal ordezkariak eta helburua da udalerrian kutsadura akustikoaren ondorioak arintzea eta dauden zarata-mailak txikitzea, baita gune lasaiak babestea ere.
“Irizpide objektiboetan oinarrituta” eta aurreko planean (2018-2022) lehenetsitako babes akustiko bereziko eremuak kontuan hartuta, dokumentu berriak proposatzen du babes akustiko bereziko lau eremu izendatzea.
Lau eremu horiek dira: Kareaga Goikoa, San Migel, San Fausto eta Agirre Lehendakaria. Lehenengo hiruetan, zarata-iturria trenbideen joan-etorriei lotuta dago, eta, laugarrenean, ibilgailuen joan-etorriei.
Agirre Lehendakaria etorbideari dagokionez, Basauriko Udalak 128.000 euro inguruko partida bat bideratuko du kale horretan zarata akustikoa txikitzeko proiektua idazteko.
Udal arduradunen asmoa da ibilgailuen eta oinezkoen joan-etorriak eta fluxua birpentsatzea, baita aparkalekuak birpentsatzea ere.
“Finean, kutsadura akustiko txikiagoa eragingo duen mugikortasun jasangarria sustatzeko proiektua da. Neurri hori, gainera, lotuta dago Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planarekin, zeina Udalak laster onetsiko duen”, adierazi du Irene Garcia Basauriko Udaleko Ingurumeneko zinegotziak.
Gobernu taldeak, Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planaren barruan, iazko ekainean proposatu zuen Agirre Lehendakaria kaleko errei bat kentzea, “oinezkoen eta bizikletaren mesederako”, baita kale horretako semaforoak kentzea, “trafikoa baretzeko”.
Trenbide inguruak
Kareaga Goikoa, San Migel eta San Faustoren kasuan, Adif erakundeari dagokio trenek eragindako zarata txikitzeko zenbait neurri zuzentzaile abiaraztea. Esate baterako, ingurune horietan zarataren aurkako pantailak jartzea eta Bidebietako geltokia estaltzea.
Pantaila akustikoei dagokienez, duela lau urte, 2020ko azaroan, pantaila horiek jartzeko txostena egingo zuela publikatu zuen Adifek. Eskaera egin zuen Estatuko trenbideen administratzaileak Basaurin laginketa bat egiteko eta txostena idazteko, ostean pantaila akustikoak jartzeko.
Lau urte ondoren, 2024ko ekainean, Garraio eta Mugikortasun Iraunkorraren Ministerioak Trenbide Ardatz Handien Zarataren Mapa Estrategikoa (MER) publikatu zuen, eta Basauriko Udalak alegazioak aurkeztu zituen, Adifek Kareagan eta San Migelen zarataren kontrako hesiak jar ditzan aldarrikatzeko.
Trenbide inguruetan zarata txikitzeko neurrien barruan, Espainiako Gobernuak Bidebieta-Basauri tren geltoki berria eraikitzeko 14 milioi euroko lizitazioa baimendu zuen 2024ko maiatzean.
Ildo horretan, udal arduradunak hainbatetan jarri dira harremanetan trenbideen administratzailearekin neurri zuzentzaile horiek “ahalik eta azkarren” aplika ditzan.
Bestalde, Zarataren Aurkako Ekintza Planak Kareagarako eta San Migelerako neurrien hasierako proposamen teknikoa jasotzen du, baina, horien kasuan, Adifen adostasuna beharko dute, “trenbideen zarata txikitzeko neurri zuzentzaileak dira eta”, diote.
Gobernu taldeak urtarrilaren 22an aurkeztu zien Plana oposizioko udaltaldeei, eta Plana egiteko parte-hartze bidezko prozesuan parte hartu duten elkarteekin ere saioa egin zuen.
Parte-hartze prozesuan aho batez adostutako ekarpenak jaso eta gero, Udala alkatetza-dekretu bidezko hasierako onespena izapidetzen ari da, eta, hura Euskal Herriko Aldizkarian argitaratu eta gero, hilabetez jarriko du Plana jendaurrean, norbaitek alegazioak aurkeztu nahi baditu. Era berean, administrazioei eta zarata-fokuen titular diren entitateei kontsultak egiteko aldi bat ere irekiko dute.
☉ Basauri
Basozelain eta karpa estaliarekin egingo dituzte MAZ Basauri festibalaren kaleko ekintzak
Zuzenketa bat egin dute azaroaren 8ko ordutegiei dagokienez, Los Punsetes taldeak , emango duen kontzertuaren hasierako ordutegian

Duela hiru aste baino gehiago iragarri zuen MAZ Basauri festibalak bere historiako sold out goiztiarrena, azaroaren 7ko kontzertuetarako sarrera guztiak agortu ostean. Leon Benavente eta Toundra izango dira ostiral gaueko protagonista handiak, hain zuzen ere.
Hori gutxi ez, eta antolakuntzatik jakinarazi dute azaroaren 8rako sarreren %60a baino gehiago ere saldu direla dagoeneko. Los Punsetes, Triángulo de Amor Bizarro eta Edgar Allan Pop taularatuko dira larunbat gauean Social Antzokian.
Basauriko jaialdiak bere 13. edizioa ospatuko dute datorren asteburuan, ordainpeko ekitaldiak eta dohainik izango direnak uztartuz, eta hor ere bada berrikuntza bat: Social Antzokian egingo diren kontzertuez harago Basozelai auzoko Zortziko plazan egingo dute aurten MAZ kalean. Horretarako karpa estali bat jarriko dute, eguraldiak programazioan eraginik izan ez dezan.
Zuzenketa ordutegian
Modu berean, zuzenketa bat egin dute azaroaren 8ko ordutegiei dagokienez, Los Punsetes taldeak larunbatean, azaroaren 8an, emango duen kontzertuaren hasierako ordutegian. Antolakuntzatik jakinarazi dute, halaber, Social Antzokian, beti bezala, publikoa zutik egongo dela eta barra-zerbitzua egongo dela, prezio merkeekin.
EGITARAUA
Osteguna, azaroak 6
📍 Marienea (Kareaga Goikoa, 54, Basauri)
🕕 18:00 (doan)
Solasaldia: ‘Mujeres e industria musical’
Parte-hartzaileak: La Furia, Ibone Iza (BIME, MIM), Maite Alaña (MAZ, Rockein)
Gidaria: Emilia Arias (TVE, Pikara Magazine)
Antolatzaileak: Rockein, MAZ, Marienea eta Basauriko Udala
Ostirala, azaroak 7
📍 Social Antzokia — SARRERAK AGORTUTA
21:00 Ateen irekitzea
21:30 Toundra
23:30 León Benavente
01:00 Bukaera
Larunbata, azaroak 8
🎶 Txiki MAZ — Zortziko plaza (Basozelai), doan
11:30 Reyes Torío & Mr Chase (DJ ikastaro eta saioa)
12:00 J.M. Brutal (antzerkia)
13:00 Reyes Torío & Mr Chase (DJ saioa)
13:30 Maialen Ibarra (kontzertu akustikoa)
14:15 Bukaera
🎵 MAZ Kalean — Zortziko plaza (Basozelai), doan
17:30 Ben Santana
18:15 Monday Potions
19:15 Rubia
20:15 Bukaera
🎸 Social Antzokia — 12 € + gastuak (aurretik) / 15 € (egunean bertan)
20:30 Ateen irekitzea
21:00 Edgar Allan Pop
22:15 Triángulo de Amor Bizarro
23:55 Los Punsetes
01:05 Bukaera
☉ Basauri
Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazlearekin solasaldia antolatu dute gaur Basaurin
‘Bar Gloria’ bere lehen nobelaren inguruan arituko da Ibarzabal urriaren 30ean Basauriko Nai Lua Teterian

Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazlea Basaurin izango da gaur, urriak 30. ‘Bar Gloria’ Ibarzabalen lehen nobelaren inguruko solasaldia antolatu du Beat Basozelaiko Euskararen Aldeko Taldeak Basauriko Udalaren babesarekin eta Basauritarraken laguntzarekin.
Hitzordua 19:00etan izango da Nai Lua Teterian. Sarrera doakoa da, baina interesa dutenek mezua bidali behar dute beattaldea@gmail.com helbide elektronikora.
☉ Basauri
Herri Krosa izango da azaroaren 2an Basaurin: izena emateko epea gaur arte dago zabalik

Basauriko Herri Krosaren 43. edizioa izango da azaroaren 2an, igandez.
Irteera eta helmuga Artunduaga kiroldegia izango dira eta kategoriaren arabera irteera-ordutegi eta distantzia desberdinak egongo dira:
- 10:15. 2020-2025 urteetan jaiotakoak: 400 metroko lasterketa
- 10:30. Kategoria absolutua: 11 kilometro
- 10:35. 2014-2015, 2012-2013 eta 2010-2011 urteetan jaiotakoak: 3,5 kilometroko lasterketa
- 10:40. 2018-2019 eta 2016 eta 2017 urteetan jaiotakoak: 1,2 kilometroko lasterketa (atletismo pistari 3 itzuli)
Basauriko Herri Krosean parte hartzeko izena ematea zabalik dago kirolprobak.com webgunean gaur arte, urriaren 29ra arte, 23:59ak arte.
San Jose Ikastetxeko Ikasle Ohien Elkarteak eta Kukurrustu Kirol Klubak antolatzen dute Basauriko Herri Krosa.
☉ Basauri
Azeituna con huesos, Keax, Reeler, Jaimones, Kruddö eta Silkat lehiatuko dira larunbatean, Rockeineko finalean
Rockeinen 2025eko edizioan 196 artistak eman dute izena, 10. urtez jarraian parte hartze marka gaindituz

Larunbat honetan, azaroaren 1ean, izango da Rockein lehiaketako finala, Basauriko Social Antzokian. Bertan, Azeituna con huesos, Keax, Reeler, Jaimones, Kruddö eta Silkat bandak lehiatuko dira. Sarrera doakoa izango da eta gonbidapen bidez egingo da, Social Antzokiko webgunetik eskuratuz.
Basauriko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura, Euskara eta Kirol sailaren laguntzaz, antolatu eta Euskadiko eta Nafarroako talde eta bakarlariei zuzendutako Rockein musika-lehiaketaren 13. edizioaren finala izango da aurtengoa.
Azeituna con Huesos talde gipuzkoarra (elektronika, popa, jazza); Keax hirukote bizkaitarra (The Owl Project taldeko kide ohiak, LCD Soundsystem edo Ratatat bezalakoen eraginekin); eta Bilbon egoitza duen Reeler rock alternatiboko laukotea, Bizkaiko, Poloniako, Ingalaterrako eta Irlandako musikariek osatua, dira Rockeinen 13. edizioko sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak.
Eskualdeko hautagaiak
Beste hiru talde finalistak Jaimones (70-80 hamarkadako rock amerikar laukotea, Basauriko kide batekin), Kruddö, rock gogor eta stoner bikotea, Jon Ander Santamaría bermeotarrak eta Txaber Miravalles etxebarriarrak osatua; eta dira Silkat, indie rock hirukotea, Bilbo eta Galdakaoko musikariekin eta The Cure edo Radiohead taldeen eraginekin.
Azken hiru talde hauek Hego Uribeko artistarik onenari saria lortzeko aukera izango dute, Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako kide bat gutxienez duten proiektuak saritzen baititu.
“Ohi bezala, Rockeineko 5 kategorien irabazleen izenak (‘Bizkaia saria’, ‘Artistarik onena euskaraz’ eta ‘Eskarabilera saria’, barne) finalean bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak”, azaldu dute antolaketa taldetik. Rockeinen 2025eko edizioan 196 artistak eman dute izena, 10. urtez jarraian parte hartze marka gaindituz.”
Emakumeen esperientziaren hitzaldia
Azaroaren 6an, MAZ Basauri jaialdiaren bezperan hain zuzen ere, ‘Emakumeak eta industria musikala’ topaketaren bigarren emanaldia hartuko du Marienean Basauriko Emakumeen Etxeak (Kareaga Goikoa, 54).
Iaz lehen edizioa izan zen eta Rockeinek, MAZ Basaurik eta Marieneak urtero antolatzen duten hitzaldia da, eta helburua musikaren industriako emakumeen esperientziak beste emakume batzuekin partekatzea da, “sektorean eta eszenatokietan emakumeen presentzia handiagoa sustatzeko”, hain zuzen ere.
Aurtengo gonbidatuak La Furia artista nafarra, Ibone Iza BIME Proko edukien arduraduna eta Maite Alaña MAZ Basauri eta Rockeineko zuzendaria izango dira eta Emilia Arias kazetari eta idazleak (TVE, Pikara Magazine) gidatuko du hitzaldia.
Egitaraua | Rockein finala 2025
Larunbata, azaroak 1
20.30 (ateak irekitzea)
Hego Uribeko artistarik onenaren kategoria
21.00 Silkat
21.30 Kruddö
22.00 Jaimones
Kategoria nagusia
22.40 Azeituna con huesos
23.10 Reeler
23.40 Keax
00.15 Sari-banaketa
☉ Basauri
Basauriko Social Antzokiko zubia itxiko dute ibilgailuentzat, San Faustoko obrengatik
Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute zubian

Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute Social Antzokiko zubian, San Fausto plaza berria eraikitzeko lanak direla eta.
“Egun horietan zehar, zubiko galtzada handituko dute, eta Autonomia kalekoa ere bai, elizaren eta A25 plazaren aurreko zatian”, azaldu dute udal ordezkariek. Hori dela eta, denbora tarte horretan ezingo da Autonomia kaletik udaletxerantz biratu, eta udaletxe eta Kareaga Goikoa kaleen arteko bidegurutzetik Arizgoitira jaitsi ere ez.
Gainera, Basauriko Udaletik iragarri dute azaroaren 4tik 9ra Autonomia kalean itxita egongo dela Begoñako Andra Mari eta Nagusia kaleen arteko zatia.









