☉ Basauri
«Denok uste dugu Mikelats elkarteak bizi handia ematen diola San Migeli»
Mikelatsek aurpegi berriak ditu eta azken hilabeteetan San Migelgo jaiak antolatzen aritu dira. Erantzukizun “handia” dutela baina gogotsu daudela diote

San Migeleko jaiak ate joka daude. Irailaren 23tik urriaren 1era bitartean hamaika jarduera antolatu ditu Mikelats Kultur Elkarteak (egitaraua osorik hemen). Batzorde osoa duela hilabete batzuk berritu dute, eta aurpegi berriak ikusiko ditugu Mikelatsen, denak 20 eta 26 urte bitartekoak. Eta horiek dira: Maialen Ibarra, Nerea Escalada, Joseba Martialay, Marko Lopez, Maider Kortabarria, Eder Mendoza, Jon Coteron eta Maider Lopez, besteak beste (guztira 15 lagun daude batzordean). Eurekin solasean izan gara jaiak hasi aurretik.
Aurrekoek batzordea utzi eta denbora bat ordezkaritzarik gabe egon zen Mikelats, baina ondoren zuek agertu zineten. Zergatik eman zenuten urrats hori?
Eder Mendoza: Ikusten genuen auzoan ez zegoela ordezko egokirik Mikelats elkarteaz arduratzeko.
Maider Kortabarria: Ez zegoen inor prest urrats hori emateko, eta azkenean gure ingurukoekin berbetan batu ginen.
Maialen Ibarra: Hemen gauden guztiok bizi izan dugu San Migel Mikelatsekin. Denok uste dugu Mikelatsek bizi handia eman diola San Migeli, eta hori bat-batean kentzea zartada izugarria izango zatekeen. Horregatik eman genuen guk urrats hori.
Erantzukizun handia sumatuko duzue.
M.I.: Bai. Jendea pozik egon da azken urteetan Mikelatsek egin duen lanarekin, eta orain denak berriak garela, ez dakigula batzuetan zer egin behar den… Egia da, aurreko batzordean zeudenengandik laguntza handia jaso dugula, baina sentitzen dugu presio moduko bat, jendeak espero duelako aurretiaz izan duen zerbait, eta maila hori mantentzen ahalegindu gara.
M.K.: Gazteak garenez, askok pentsatuko dute ez garela arduratsuak, baina ez da horrela. Ez gara Mikelats zuzentzera sartu arrazoi barik. Buru-belarri egon gara azken hilabeteetan eta ahal dugun onena egingo dugu.
Aurreko batzordean zeudenengandik laguntza handia jaso duzuela diozue.
E.M.: Bai, asko eskertzen diegu azken 10 urteetan egin duten lana, eta asko eskertzen diegu azken hilabeteetan eman diguten laguntza ere.
M.I.: Denok, bai aurreko batzordekoek zein guk, nahi dugu San Migelentzat onena, gauzak ondo ateratzea, jaiak politak izatea. Eta arazoren bat izan badugu, aurreko batzordekoei deitu eta momentuan bertan lagundu digute.
Zelan ikusi duzue zuen burua lehenik eta behin San Migeleko jaiak antolatzen?
M.K.: Hasieran oso galduta sentitu ginen, eta lanez gainezka. Baina aurrekoen laguntzarekin bidea egiten aritu gara eta ondo moldatu gara.
M.I.: Bai, gidatu egin gaituzte gauzak zelan egin jakiteko. Baina egia da ez dela dena erraza izan. Gazteak gara eta lana, ikasketak edo eskolaz kanpoko ekintzak ditugu, eta denok egun batean batzea zaila da. Guztira 15 lagun gaude batzordean, baina inoiz ez gaude den-denak batera.
Aurtengo jaietako programaz galdetuko banizue?
M.I.: Gauza berriren bat egongo da, baina aurreko urteetako antolakuntza berdina jarraitu dugu aurten. Gauzak aldatu nahi ditugu, baina horretarako denbora gehiago behar dugu. Berandu sartu ginen Mikelatsen, eta berriak izanda, aurten ez dugu astirik izan. Saiatu gara gauzak mantentzen, eta ahal den heinean, gure ustez jendearen gustukoa dena gehituko dugu datozen urteetan.
Zer gauza berri, adibidez?
M.I.: Elektrotxaranga bat ekarriko dugu. Iaz, paella-janaren ondoren egitarauan hutsune handi bat zegoela ikusi genuen eta aurten, egun berean, arratsalde osoan zehar kaleak girotzeko elektrotxaranga bat izango dugu. Bestetik, kontzertuetan ere aldaketa bat egin dugu: lehen bi banda tributu zeuden eta aurten bi erromeria jarri ditugu.
Zaila izan da kontzertuen antolaketa?
E.M.: Kontzertuak antolatzea izan da zailena, bai. Maialenek esan duen bezala, berandu sartu ginen Mikelatsen eta, adibidez, kontzertuak antolatzeko orduan, talde askok jada euren agenda beteta zeukaten. Gero, musika taldeen prezioak ere asko igo dira… Datorren urtean lehenago hasiko gara taldeekin kontaktatzen.
Prezioen gorakada aipatu duzunez, aurrekontuaren zati handi bat kontzertuetara bideratuko zenuten.
M.I.: Bai, kontzertuetara bideratzen da diru gehien. Kontrolatzen egon gara zer egin zitekeen eta zer ez, baina maila ona mantendu nahi genuen. San Migelen kontzertuak beti izan dira garrantzitsuak.
Mezu bat sanmigeldarrei eta jaietan gozatzera etorriko direnei?
E.M.: Animatu daitezela etortzera, ondo pasatzera eta ekintzetan parte hartzera!
M.I.: Gure lehenengo urtea dela, baina espero dugula dena ondo joatea. Eta egunerokoan laguntza ere eskertzekoa dela.
☉ Basauri
Basauriko gaurko etxegabetzea salatzeko kontzentrazioa deitu du Batuk

Bi bizilagun etxegabetu dituzte gaur goizean Basaurin. Batu Elkarlaguntza Sareko kideak azken momentura arte negoziatzen saiatu arren, Ertzaintzak gauzatu du 11:00ak aldera etxegabetzea.
Horren aurrean elkarretaratzea deitu du Batu gaur Basaurin, 20:30ean Bentako plazan.
“Etxegabetzea gelditzeko gertu egon gara, baina azkenean ez da gertatu. Hala ere, gaur argi adierazi dugu kapitalismoaren aurpegirik ankerrenari ere antolakuntzaz autodefentsaz erantzungo diogula”, esan dute sare sozialetan Batuko kideek.
☉ Basauri
Argazkiak | Basauriko bi bizilagunen etxegabetzea eta herritarren elkarretaratzea, argazkitan
Gaur eguerdian bi bizilagun etxegabetu dituzte Basaurin, Agirre Lehendakaria kaleko 82. zenbakiko etxebizitza batetik. Higiezina Cerberus putre-funtsarena da eta Batu Elkarlaguntza Saretik adierazi dutenez, “negozioatzeari uko egin diote, alokairua oraintzeko prest baitzeuden bi bizilagunak”.
Etxegabetzea 10:30ean zen betetzekoa, baina dozenaka herritar batu dira “erresistentzia” egiteko 08:30etik aurrera. Goizean goizetik bertan izan da GEURIA, eta hauek egin ditugun argazkiak:
☉ Basauri
Bideoa | Basaurin etxegabetzea gauzatu ostean: “Beste etxebizitza bat hutsik, negozioa egiteko”
Bi bizilagun etxegabetu dituzte. Protestetan hainbat pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak

Agirre Lehendakaria kaleko 82. zenbakiko etxegabetzea gauzatu da gaur eguerdian. Bigarren solairuko etxebizitza batean bizi ziren bi pertsona kaleratu ditu Ertzaintzak.
Eurekin batera, Batu Elkarlaguntza Sareko 20 lagun zeuden etxebizitza barruan, eta Ertzaintzak banan-banan kaleratu ditu.
“Etxegabetzea gelditzeko gertu egon gara, baina azkenean ez da gertatu. Zalantzan egon dira epaitegiko bitartekariak eta polizia; hortaz, hurrengo batean lortuko dugu”, esan dio GEURIAri Luis Diaz Batu Elkarlaguntza Sindikatuko kideak.
Diazen arabera, “beste etxebizitza bat hutsik geratuko da, berarekin negozioa egiteko”, eta gogorarazi du etxegabetu dituzten bi herritarrak duela lau-bost urte iritsi zirela etxebizitza hartara, “kontratu faltsu baten bidez”.
“Ordutik, alokairu bat ordaindu nahi izan dute; egungo errealitatera egokitzen den alokairu bat ordaintzeko prest zeuden, baina Cerberusek ez du onartu”, adierazi du Diazek.
Hainbat identifikatu
Ertzaintzak hainbat lagun identifikatu ditu, baina atxiloketarik egon ez dela adierazi diote Batuko ordezkariek GEURIAri.
“Jende asko elkartu gara gaur etxegabetzea geldiarazteko. Eta elkarretaratzea guztiz baketsua izan da”, dio Diazek.
Identifikazioen inguruan, isunak jasotzen badituzte, Batuk kanpaina bat abiaraziko duela adierazi du Diazek, “seinalatzen nortzuek jartzen dituzten isunak eta nortzuek jasotzen dituzten”.
☉ Basauri
Bideoa | Tentsio uneak Basaurin Ertzaintzaren eta etxegabetzea geldiarazteko batu diren herritarren artean

Basauriko bi bizilagunen etxegabetzea geldiarazteko elkarretaratzea deitu du gaur goizean Batu Elkarlaguntza Sareak Urbi kaleko 82.zenbakian. Etxegabetzea, berez, 10:30ean burutzekoa zen.
Sindikatuko kideek lehen orduan adierazitakoaren arabera, etxegabetzea geldiarazteko saiakera egin dute epaitegietan, baina ezin izan dute euren helburua lortu, eta segidizio judiziala bertaratu denean tentsio uneak bizi izan dira bertaratutakoen eta Ertzaintzaren artean.
Eraikin barruan 20 pertsona zeuden zain, eta kontzentrazioan parte hartzen zuten herritarrak hurbiltzen saiatu dira, baina Ertzaintzak bultzaka eta borraz eragotzi du.
☉ Basauri
Bideoa | Etxegabetzea geldiarazteko epaitegietan lanean ari direla jakinarazi dute Basauriko Batu Sindikatutik

Basauriko bi bizilagunen etxegabetzea geldiarazteko elkarretaratzea deitu du gaur goizean Batu Elkarlaguntza Sareak. Etxegabetzea, berez, 10:30ean izango da.
Pablo Oliveros Batuko kidearekin berba egin du GEURIAk, eta epaitegietan etxegabetzea geldiarazteko lanean ari direla nabarmendu du Batuko kideak.
Arazo honen jatorria bost urte atzera kokatu behar da, Batu sindikatuaren arabera: “Bi herritar hauek ezagun baten bitartez heldu ziren etxebizitza horretara. Ahoz-ahoko kontratu bat egin zuten alokairua ordaintzeko, baina ohartu ziren handik bost hilabetera ezagun horrek ez zuela berririk ematen eta desagertu zela. Iruzur egin ziela konturatu ziren”.
“Etxebizitza horren jabea nor zen jakin barik, bertan jarraitu zuten eta duela bi urte inguru epaitegietatik notifikazioa jaso zuten, jabetza hori Cerberusena zela esanez eta prozesu judiziala martxan jarriko zela eurak kaleratzeko”, azaldu zuen Peio Molinuevo, Batuko kideak.
Epaiketa “euren burua defendatu ezinik” egin zela salatu dute Batuko ordezkariek, “ez baitzuten epaiketa horren berririk jaso”.
Batu, bitartekari
Batu Elkarlaguntza Sareak elkarrizketak izan ditu Solvia SL hiziezinen agentziko ordezkariekin: “Ezin izan dugu Cerberuseko ordezkariekin berba egin. Cerberusek kontratatu duen bitartekari-lanerako Solviako kideekin elkartu gara”.
“Eta gure eskakizunak mahaigaineratu dizkiegu: alde batetik, etxegabetzea bertan behera gelditzea, eta bestetik, bi herritar hauek alokairua ordaintzeko prest zeudela esatea”, dio Molinuevok, eta gaineratu du: “Baina, eurekin negoziatzea oso zaila da”.
Baturen helburua alokairu soziala da, eta proposamen hori helarazi diete hiziezinen agentziko kideei: “Hala ere, bi herritar hauek alokairu soziala ez den alokairu bat ordaintzeko prest daude. Hau da, gaur egungo errealitatera egokituago egon daitekeen alokairua ordaintzeko. Baina, euren erantzuna beti ezezkoa izan da, eta euren helburua da etxegabetzea gertatzea, eta horretarako behar den biolentzia erabiliko dutela”, salatu du Molinuevok.
Zentzu horretan, “erresistentzia” egiteko deialdia luzatuko dute Batuko kideek: azaroaren 13an, 08:30ean, Agirre Lehendakaria kaleko 82. zenbakian.
“Ez dugu onartuko gure eskualdean, gure herrietan eta gure auzoetan etxegabetzerik, eta are gutxiago, horrelako putre-funts espekulatzaileekin ari garenean”, adierazi du Molinuevok.












































