☉ Etxebarri
Eriz Delgado: “Ez dugu desgaitasunean sinesten; pertsonak anitzak gara eta hori baliatuta hiriak prestatu behar ditugu”
Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, irisgarritasunari eta inklusibitateari buruzko ibilbide gidatua antolatu zuten Etxebarrin. Eriz Delgado Bizin Kooperatibako kidearekin berba egin dugu.

Geuria #079 alean argitaratutako elkarrizketa
Irakurri osorik PDFan
Urtero bezala eta udazkenaren helduerarekin, Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatuko dira urrian Bizkaiko hainbat herritan, ‘Ondare irisgarria eta inklusioa’ ardatz hartuta. Etxebarrin ‘Guztion ondarea, denak parte’ jardunaldiak antolatu zituzten: alde batetik ‘Harrera’ izeneko erakusketa eta bestetik, ibilbide ludiko-historikoa. Bizin Kooperatibaren eskutik antolatu zuen Udalak ibilbide gidatua. Eriz Delgado (Usansolo, Bizkaia) Bizin kooperatibako kidearekin berba egin dugu.
Zer da Bizin Kooperatiba?
Gizarte-ekimeneko kooperatiba bat da Bizin, irisgarritasun- eta inklusio ikuspegi batekin erakundeei eraldaketan laguntzen diena. Guk kultura irisgarri eta inklusiboa deitzen diogu, eta horrekin mundu guztiak espazioetara, produktuetara edo zerbitzuetara jotzeko aukera izango du. Udalak, gobernuak, enpresa pribatuak, enpresa publikoak edota elkarteak laguntzen ditugu ideia batekin: gizarte barruan eraldaketa bat piztea eta txertatzen hastea.
Etxebarrin ibilbide gidatuak egin dituzue urrian ikuspegi inklusibo eta irisgarri hori azaltzen.
Hala da. Ondarearen Europako Jardunaldien aurtengo gaia ‘Ondare irisgarria eta inklusiboa’ izan da, eta Etxebarrin ibilbide gidatuak egin ditugu bertako ondarea ikusarazten, ikuspegi inklusibo eta irisgarri baten bitartez. Gure udalerria denontzat izan behar da eta horretarako hainbat gauza izan behar dira kontuan herri edo hiri bat ‘denontzat’ izan dadin.

// Geuria
Adibidez?
Bada, askotan ez gara kontziente pertsona itsuek zer behar dituzten udalerri batean, edo gurpildun aulki batean dabilen pertsona batek zer behar duen modu irisgarri batean bizi ahal izateko.
Etxebarrin egin ditugun ibilbide gidatuetan lau puntu ezagutu ditugu: udaletxea, Santa Ana baseliza, Zubiondo errota eta Legizamos zubia. Ondare aldetik gune garrantzitsuak dira, baina kasu honetan, pertsonek espazio horiek erabili ahal izateko edo besterik gabe espazio horietan egoteko dituzten beharrak azaldu ditugu: kartel seinalitikoen aldetik, mugikortasun aldetik, kognizioa eta orientazioa, eta pixka bat herritarren parte-hartzea sustatuz, espazio horiekin zer egin behar den edo ikuspegi inklusibo batekin nola txertatu behar den, hala nola, bidegorriak edo parke osasungarriak.
Batzuetan ez gara kontziente pertsona guztiak berdinak garela baina bakoitzak beharrizan desberdinak dituela.
Guk ez dugu desgaitasunean sinesten. Alderantziz: uste dugu pertsonak anitzak garela eta, zentzu horretan, erakutsi nahi duguna da aniztasun hori baliatuta gizartea prestatzea, jakitun izanik edozein unetan bete beharreko premia mota desberdinak egongo direla, eta kasu honetan pentsatuz pertsonek ez dutela inolako desgaitasunik, baizik eta hirien diseinu txarrek edo herritarrek berek desgaitu edo gaingaitu egiten dituztela eskubide horiek mugatuak izan ditzaketen pertsonak.

// Geuria
Eta, aztertu duzue, esaterako, zein behar dituen Etxebarrik ikuspegi inklusibo eta irisgarri batetatik?
Gure asmoa da Ondarearen Europako Jardunaldietan Etxebarrin parte hartu duten pertsonen iritziak jasotzea, herria edo hiriak nola ikusten dituzten eta zer beharko litzatekeen, eta, ondoren, Udalari dauden beharren diagnostikoa helaraztea. Mugikortasun murriztua ez ezik, aniztasun kognitiboak, psikosozialak, migrazio-gaiak (hizkuntza ez jakitea) jaso nahi ditugu, dauden hobekuntza aukera horiek ikusi eta gero landu ahal izateko.
Ibilbide gidatuen bitartez, ‘Aldaleku inklusiboa’ aurrez aurre aurkeztu duzue, duela bi urte Etxebarriko Ideia Berritzaileak lehiaketa irabazi zuen ekimena.
2019an irabazi genuen Etxebarriko Enpresa Txiki eta Ertainen (ETE) eta ideia berritzaileen lehiaketa ekimen honekin. Estatuko lehenengo aldagela inklusiboa da eta orain arte Bartzelonako hondartzan egon da zerbitzu ematen. Aldi baterako lagapen gisa ekarri dugu Etxebarrira —udaletxeko plazaren ondoan kokatu dugu—, ekintzailetza inklusibo gisa bertatik atera zen ideia zela aprobetxatuz.

// Geuria
Zer da zehazki ‘aldaleku inklusibo’ hori?
Lehen bainu-aldagela da higienean laguntzeko beharra duten pertsonentzat. Badira haurtxoen aldagelak, baina inork ez du pentsatu helduek ere pixoihala, konpresa edo arropa aldatu behar dutenik. Eta ez bakarrik pertsona helduak, baita haurtxoentzako aldageletan sartzen ez diren 3-4 urtetik gorako umeak eta gazteak ere.
Gaur egun, behar hori ez dago erregularizatuta eta pertsonak lurrean, edozein modutan, ari dira aldatzen. 12 metro koadroko espazio batez ari gara, non gutxieneko elementu batzuk dauden, hala nola, ohatila bat, behar hori duten pertsonak altxatzeko garabi bat edota altueran erregulagarriak diren komunak eta konketak. Behar dugu jendeak ikustea horrelakoak beharrezkoak direla gizarte batean, udalerri bakoitzean.
☉ Etxebarri
Kuantika ardatz izango du aurten Etxebarriko Zientzia Asteak bere hamargarren urteurrenean
Umeentzako drone tailerra, kuantikari buruzko tailerrak eta hitzaldiak antolatuko dituzte azaroaren 10etik 14ra bitartean Etxebarrin

Zientzia Astea antolatuko dute beste urte batez azaroaren 10etik 14ra Etxebarrin. Aurtengoa hamargarren edizioa da eta kuantika izango da gai nagusia, eta Adimen Artifiziala ere jorratuko dute.
“Ekitaldi horren helburua da kultura zientifikoa herritar guztiei hurbiltzea eta gizartea sentsibilizatzea ikerketa zientifikoaren eta berrikuntza teknologikoaren garrantziaz”, esan du Iker Lopez alkateak.
Aurtengo egitarauan, besteak beste, umeentzako drone tailerra (frontoi barruan), energia berriztagarriei buruz kontzientziatzeko saioak, kuantikari buruzko tailerrak eta hitzaldiak antolatu dituzte.
Horretarako, EHU eta Mondragon Unibertsitatea, Tecnalia, KZgunea, BBK Herriz Herri erakundeen lankidetza izango du Etxebarriko Udalak.
Zientzia Asteko jardueretan parte hartzeko izen-emateak (doakoak) urriaren 29an zabalduko dituzte. Intertesdunek cimenet.net webgunearen bitartez edo 944 496 871 telefono zenbakira deituz eman dezakete izena.
“Horrez gain, aurten, aurreko gure Zientziaren Asteetan egin dugun bezala, gure saltokien lankidetza izango dugu, eta bezeroei hitz baten bidez kuantikak iradokitzen dienari buruzko hausnarketa egitera gonbidatuko ditugu. Ekimen hau urriaren 28tik Zientzia Astea amaitu arte egongo da martxan, azaroaren 14ra arte”, dio Ruth Martinez Cime eta Merkataritza arloetako zinegotziak.
Egitaraua | Zientzia Astea 2025
Azaroaren 10etik 14ra bitartean, programa hau hartuko du Etxebarriko Zientzia Asteak:
- Hitzaldia: “Teknologia kuantikoak, zientzia-fikziozko filmetatik errealitatera”. Alejandra Ruiz doktorea (Tecnalia)
- Hitzaldia: “Zer da adimen artifiziala”. Eneko Echarri (KZ Gunea)
- Hitzaldia: “Konputazio kuantikoaren dibulgazioa”. Aitor Moreno (LKS Next)
- Tailerra: “Digitalizazio lagunkoiko tailerra” (BBK Herriz Herri)
- Tailerra: “Googaz” (BBK Herriz Herri)
- Tailerrak: “MoIAzart tailerrak” (Mondragon Unibertsitatea)
- Tailerrak: “Zientziaren magia: mundu kuantikoa esperimentatzen du” (EHU Quantum Center)
- Robotika-tailerrak: “Mundu ikusezinak: zientzia eta robotak ekinean” (Asimov)
- Hezkuntza-tailerra: “Eguzki-konbinazioa eta zientzia kuantikoa dituzten dronen hegaldiak” (Mondragon Unibertsitatea)
- Ikuskizuna: “Abentura kuantikoa” (Eidabe)
Aurrerago egitarau zehatzagoa zabalduko du Udalak, ordutegiekin.
☉ Etxebarri
Etxebarriko liburutegi berria 2026ko udaberrirako egongo da prest
Euskaltzaleak plazan eraikitzen ari dira liburutegi berria eta Bekosolo parkekoa ordezkatuko du

Liburutegi berria eraikitzen hasi dira Etxebarrin. Euskaltzaleak plazako 11, 12 eta 13 zenbakietako beheko solairuetan eraikiko dute eta Bekosolo parkekoa ordezkatuko du.
Instalazio berriak azpiegitura modernoa eta irisgarria izango duela adierazi dute udal ordezkariek: “Bai liburutegirako sarbidea, bai liburutegiaren barruko espazioak erabat irisgarriak izango dira dibertsitate funtzionala duten pertsona guztientzat”, diote.
Lanei ekin diete dagoeneko eta aurreikuspenen arabera sei hilabeteko epean bukatuko dituzte; hau da, 2026ko udaberrirako bukatuko dute obra.
Udalak 657.000 euro bideratu ditu obra horietara eta lanak E3D 2008 S.L enpresak burutuko ditu.
Hiru gune
Liburutegi berria hiru gunetan egongo da banatuta: “Lehenengo eremuan, sarbide zentral bat egongo da, eta, bertan, mostradore bat egongo da, liburutegira mailegu bat egitera, liburu bat itzultzera edo zerbitzuari buruzko edozein informazio lortzera hurbiltzen diren pertsonei arreta emateko”, diote.
Bigarren eremua haur-liburutegiarena izango da: “Liburutegiak, ale ugariz gain, pufak eta mahai baxuak izango ditu, irakurketa txikitatik sustatzeko espazio atsegina izan dadin”, diote. Bigarren eremu hau 0-8 eta 9-13 adin tartetan egongo da bereizita.
Eta hirugarren eremuak helduen liburutegia eta lankidetzarako eremua barne hartuko ditu: “Hemen egongo da helduei zuzendutako irakurketa-material guztia, bai eta bertan irakurtzeko espazio bat ere, erlaxatzeko eta esperientzia atseginaz gozatzeko moduko mahai eta aulkiak dituena”, diote.
“Gainera, eremu horretan ikasketa-gela edo lankidetza-gela ere egongo da, 21 lagunentzako lekua duena, eta liburutegiarena berarena baino ordutegi zabalagoan sartu ahal izango da bertara. Azken espazio hori Udalak urteetan jaso duen eskaria izan da, eta proiektu berri hau ezarrita posible egin ahal izango dugu”, esan dute udal ordezkariek.
☉ Etxebarri
Etxebarriko Udaltzaingoaren ibilgailuak berriro kaltetu dituztela salatu du Udalak
Ibilgailuak erabilezin utzi dituzte. Aurten Udaltzaingoak jasaten duen bigarren sabotaje-ekintza izan dela salatu dute

Etxebarriko Udaltzaingoaren ibilgailuei egindako bigarren sabotaje bat salatu du Udalak. Udal ordezkariek adierazi dutenez, ibilgailuak erabilezin utzi dituzte.
“Etxebarriko Udaltzaingoari sabotaje-ekintza bat egin diote berriki, eta haren patruila-ibilgailu batzuk kaltetuak izan dira. Gertakari horiek eragin duten ustekabeaz gain, bereziki kezkagarria da larrialdiko ibilgailuak erabilezin uztea, beharrezkoak baitira udalerrian gerta daitekeen edozein gorabeherari azkar erantzuteko”, esan dute.
Udal arduradunek adierazi dutenez, aurten Udaltzaingoak jasaten duen bigarren sabotaje-ekintza izan da.
“Lehen aldian, polizia-ikerketari esker, egilea identifikatzea lortu zen, eta hura epaiketaren zain dago, eragindako kalteengatik”, diote.
Bigarren sabotaje-ekintza hau ikerketapean dago gaur egun eta arduraduna identifikatzeko lanean ari dira. “Egilea herrian instalatutako segurtasun-kamerek grabatu zuten”, esan dute.
☉ Etxebarri
Euskara biziberritzeko plan berria egiteko herritarren partaidetza bilatzen ari da Etxebarriko Udala

Euskararen hizkuntza-komunitatea indartzeko eta 2026-2030 urte bitarterako Aroa Plan Estrategikoa egiteko parte hartze prozesua martxan jarri du Etxebarriko Udalak.
Asmoa da datozen urteetarako planaren ibilbide-orria diseinatzea, “Etxebarrin euskararen komunitatea indartzeko, euskara biziberritzeko eta Etxebarrin euskaldunak ikusgarriago egiteko”, diote udal ordezkariek.
Eta plana diseinatzeko, Etxebarrin euskararen egoera zein den aztertu nahi du Udalak. Horretarako, euskarekiko jarrerei, motibazioei, erabilerari eta elkarreraginari buruzko galdetegia prestatu du herritarrek erantzun dezaten.
“Bide hau elkarrekin egitera gonbidatu nahi zaitugu. Lan honetarako zure laguntza, babesa eta parte-hartzea ezinbestekoa da”, esan dute udal arduradunek.
Herritar zein eragile guztiak daude parte hartzera deituta: “Euskaraz bizi zaretenak, euskara ezagutzen duzuenak edota euskarara hurbiltzeko zaudetenak, denok gara beharrezkoak gure herrian euskara sustatzeko”, diote.
Galdetegia Etxebarriko udal webgunean dute eskuragarri herritarrek: “Bost mitutan betetzen den galdetegia da”, esan dute.
Etxebarrin euskararen egoera aztertu ondoren, jasotako emaitzekin diagnostiko bat osatuko dute.
Eta, behin diagnostikoa osatzen dutenean, saio irekiak antolatuko ditu Udalak, prest dauden herritarrek eta taldeek AROA izeneko 2026-2030 Plan estrategikoa eta 2026ko kudeaketa Plana diseinatzeko prozesuan parte har dezaten.
☉ Etxebarri
Erreportajea | Etxebarriko Euskaltegia, 20 urte eta gehiago
Aurten 20 urte bete dira Ulibarrik Etxebarriko Euskaltegia kudeatzen duenetik. Hala ere, ia bost hamarkada dira herritarrak euskalduntzeko makinak martxan jarri zituztenetik: ordutik milaka euskaldunberri sortu dituzte

Etxebarrin euskara sustatzeko eta herritarrak euskalduntzeko haztegia duela urte asko jarri zuten martxan. Ia bost hamarkada dira alfabetatzea hasi zenetik: 49 urte, zehazki. Hain zuzen ere, 1976. urtetik aurrera hasi zen euskararen alfabetatzea garatzen, frankismoaren amaieraren ostean —frankismo garaian debekatuta zegoen euskaraz berba egitea—. 2022an Etxebarriko historia elkarlanean bildu eta belaunaldi berriei ezagutarazteko ‘Etxebarri Gara’ bideoa publikatu zuen Udalak. Besteak beste, euskarak herrian izan duen bilakaera azaldu zuten. Javier Gortazar herritarrak adierazi zuenez, euskara 1976. urtetik aurrera hasi zen garatzen Etxebarrin. Klari Galdos etxebarritarrak azaldu zuenez, alfabetatzea 70. hamarkadan hasi zen, eta “orduan hasi ginen jasotzen euskarazko eskolak”.
“Hasieran Etxebarriko elizan ematen zituzten euskarazko eskolak, apaizaren etxean. Cruci, Nere eta nire ahizpa Edurne, beste batzuren artean, izan ziren lehenengo ikasleak. Baina behar genuen elizatik irten, parrokian ez zegoelako leku nahikorik. Orduan, itxialdi bat egin genuen gaur egun Cime eraikina den eraikinean euskara eskolak jaso ahal izateko lokalak eskatzeko. Gerra asko eman behar izan genuen eskatzen genuena lortzeko. Gauzak ez ziren lortu modu erraz batean. Ekinez eta ekinez lortu genituen aurrerapausoak. Gaur egun ez da ikusten zelako lana egin genuen hor atzetik; badirudi erraztasunez egin zela, baina ez, lan handia egin genuen, eskariak eta eskariak eginez. Eta, azkenean, lortu genuen. Etxebarriko jende asko pasa zen eskola horietatik”, esan zuen Galdosek ‘Etxebarri Gara’ ikusentzunezkoan.
Euskaldunberrien fabrika
1994. urtea zen herriko euskaltegia eraiki zutenean, eta harrez geroztik mila euskaldunberri baino gehiago atera dira Bekosolo parkean dagoen etxe horitik. 2005etik Ulibarri Euskaltegia da zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen dena eta irailean 20 urte bete ditu mugarri horrek.
Etxebarrikoa ez da euskaltegi publikoa, baina Udalak egiten duena da lehiaketa publikora atera euskaltegiko kudeaketa. Hori dela eta, baldintza batzuk eskatzen dizkio Udalak kudeaketa daramanari. HABEk markatzen ditu parametro batzuk, Udalak gero tasak ezartzen dizkie ikasleei eta baliabide fisikoak ematen dizkio. Ildo horretan, dirulaguntzak ematen ditu Udalak euskara eskolak.
Horrez gain, Euskaltegia txertatuta dago Udalaren Euskara Planean, eta horrek esan nahi du pieza garrantzitsua dela plan hori gauzatzeko. “Elkarlanean aritzen gara beti, eta haiek planteatzen dituzten ekintzetara animatzen ditugu gure ikasleak”, diote Etxebarriko Euskaltegiko arduradunek.
Bidaia pertsonala
Maribel Arsuaga (Etxebarri, 1979) ikasle da gaur egun Etxebarriko Euskaltegian. Baina bera ez da euskaldun berri-berria. Udal Euskaltegia izan zeneko garaian hasi zen euskara ikasten Maribel: “17 urterekin hasi nintzen Etxebarriko Euskaltegian ikastean. A ereduan ikasten nuen eta uztailean euskara ikasteko eskola trinko batean eman nuen izena. Oso ondo pasatu nuen trinko horretan, joko askorekin ikasten genuen. Gogoan dut ikasturtearen amaieran txango batean Gorbeiara joan ginela Itxinatik. Argazkiak gordeta ditut eta oso oroitzapen politak gordetzen ditut!”.
Eskola trinkoa jaso ostean, urrian ikasturte arrunta hasteko izena eman zuen Maribelek: “Urrian hasi nintzen arratsaldero euskara ikasten. Eta hori oso gogorra izan zen!”, dio barreka: “Goizean ostalaritza eskolan ikasten nuen eta arratsaldetan euskara”.
Bi ikasturte jarraian egin zituen Maribelek: “Gero lanean hasi nintzen eta euskara ikasten jarraitzeari utzi behar izan nion”. Hala eta guztiz ere, “bizitzak buelta asko eman ostean”, berriro Euskaltegian ari da Maribel: “Semeari esker bueltatu nintzen Euskaltegira. Semeak zortzi urte zituenean, etxeko lanetan laguntzen saiatu nintzenean konturatu nintzen zaila egiten zitzaidala. Ez nituen matematikako ariketak ulertzen, ezta euskarako liburuak ere. Egun batean, etxean euskaraz hitz egiten ari nintzela, hauxe esan zidan semeak: ‘Ama, no me hables en andereño’. Une horretan konturatu nintzen, lagundu nahi banuen, berriro euskaltegira joan behar nuela”. Harrez geroztik Euskaltegira joaten jarraitzen du Maribelek: “Gaur egun, nire semea jada batxilergoan dago eta ez du nire laguntzarik behar, baina nik jarraitzen dut euskara ikasten hizkuntza bera gustatzen zaidalako”. “Gaur egun, Euskaltegian jarraitzen dut dudan maila ez galtzeko eta mantendu ahal izateko. Izan ere, familia eta lagun giroan ez dudalako euskaraz hitz egiten. Oraindik ere kostatu egiten zaigu. Horregatik, Euskaltegiak jarraipena ematen dit gero eta gehiago gustatzen zaidan hizkuntza honetan, eta urte askoren ondoren, eskertzekoa da ezagutu ditudan ikaskide kopuru handia”, dio Maribelek.
Etorkizunera begira
Etxebarriko Euskaltegiak badu bere historia, herritarren borondate eta ilusioz hasita, eta profesionalizazioarekin sendotuz.
Ulibarri Euskaltegiaren kudeaketaren 20 urteek erakutsi dute bidea luzea izan dela, baina fruituak ere nabarmenak: belaunaldi osoak euskarara hurbildu dira, batzuek hutsetik, beste batzuek seme-alabei lagundu nahian.
Euskararen erabilerak oraindik ere erronka handiak ditu, baina Euskaltegiak jarraitzen du bide horretan makinaria indartzen, herritarrei hizkuntza tresnak ematen eta euskaraz bizi ahal izateko aukerak zabaltzen. Hori da Maribelek, eta haren moduko dozenaka eta dozenaka ikaslek, egunero bizitzen dutena.
Iragana ospatzeko eta etorkizuna eraikitzeko topagunea izaten jarraituko du Etxebarriko Euskaltegiak. Eta agian, hurrengo urteetan, Gorbeiako txango baten argazki zaharrak bezala, gaurko ikasleen oroitzapenak bihurtuko dira bihar euskararen bidearen lekuko.










