☉ Etxebarri
Etxebarrik Binakako Esku Pilota Txapelketaren bederatzigarren jardunaldia hartuko du

2025eko Binakako Esku Pilota Txapelketaren jardunaldi bat jokatuko da bihar, urtarrilak 11, Etxebarriko frontoian. Artola-Mariezkurrena II eta Peña II-Albisu neurtuko dira. Artolaren berragerpena izango da lesioa atzean gainditu ondoren.
Aurretik, Serie B txapelketako partida jokatuko da: Alberdi II-Salaverri II vs Senar-Eskiroz.
Lehen partida 17:15ean izango da eta ondoren izango da 2025eko Binakako Esku Pilota Txapelketako partida.
Sarrerak online salgai daude 15 eta 20 euroan.
☉ Etxebarri
Euskara ikastaroak diruz laguntzeko 10.000 euro bideratuko ditu Etxebarriko Udalak
2024-2025 ikasturtean egindako ikastaroetako laguntza eskatzeko epea zabalik dago irailaren 30era arte

2024-2025 ikasturtean aurrez aurreko euskara ikastaroak, autoikaskuntza, barnetegiak, murgiltze-egonaldiak eta Udako Euskal Unibertsitatean (UEU) egindako ikastaroak diruz lagunduko ditu Etxebarriko Udalak.
Zehazki 10.000 euro bideratuko ditu dirulaguntza horietara. Deialdia Etxebarrin erroldatutako 16 urtetik gorakoei dago zuzenduta, eta arreta berezia eskaintzen diete familiei eta begiraleei, “euskararen transmisioa eta normalizazioa indartzeko eguneroko bizitzako arlo guztietan”, diote udal ordezkariek.
Laguntza horiekin, Udalak erraztu nahi du pertsona gehiagok prestakuntza euskaraz jaso ahal izatea, “oztopo ekonomikoak kenduz eta hizkuntza-maila hobetzea erabakitzen dutenen ahalegina babestuz”, diote.
2024-2025 ikasturtean egindako ikastaroetako laguntza eskatzeko epea zabalik dago irailaren 30era arte. Interesdunek udal webgunearen bitartez edo aurrez aurre CIMEra bertaratuz (08:00etatik 15:00etara) aurkez dezakete eskaera.
Informazio gehiagorako 944 267 005 telefono zenbakia eta euskarazerbitzua@etxebarri.eus helbide elektronikoa dute eskura herritarrek.
☉ Etxebarri
Sormena, ongizatea eta teknologia berriak landuko dituzte Etxebarriko udal-ikastaroetan
Ikastaroak urrian hasiko dira eta 16 urtetik gorako herritarrentzat daude zuzenduta. Izena emateko epea zabalik dago irailaren 9tik 19ra

Etxebarriko Udalak hamaika ikastaro eta tailer antolatuko ditu 2025-2026 ikasturtean 16 urtetik gorakoentzat.
Besteak beste, sukaldaritzari, arte sortzaileei, literaturari, zinemari eta norberaren zaintzari lotutako ikastaroak prestatu dituzte urritik aurrera.
“Sukaldaritza-tailerretan menu orekatuak egiten ikastea, patchwork, puntu edo kakorratz-teknikak perfekzionatzea, edo zinemaren munduan lehen urratsak ematea telefono mugikorra bakarrik erabiliz. Programazioak aukera ugari ditu aisialdiaz modu praktiko eta aberasgarrian gozatzeko”, diote udal ordezkariek.
Ongizatean oinarritutako jarduerei dagokienez, luzatze eta erlaxazio espazioak eskainiko dituzte. Era berean, altzariak zaharberritzeko ikastaroa eta birziklatzekoa ere antolatu dituzte.
“Irakurketarako eta elkarrizketa literariorako lekua ere egongo da, eta hilero topaketa bat izango da, hainbat lanen inguruko hausnarketa kolektibora gonbidatzen duena”, diote.
Udal-ikastaroen bitartez herritarren ikaskuntza, sormena eta ongizatea sustatu nahi ditu Kultura arloak.
Herritarrek ikastaro eta tailerretan izena eman dezakete irailaren 9tik 19ra bitartean CIMEra eta Kultur Etxera bertaratuz. Udal webgunearen bitartez ere izena eman dezakete interesa dutenek.
☉ Etxebarri
Programa | Kukullagako jaiak 2025
Irailaren 12tik 14ra bitartean izango dira Kukullagako jaiak. Egitaraua osorik jaso dugu albistean!

Irailaren 12tik 14ra bitartean izango dira Kukullagako jaiak, Etxebarrin. Haurrentzako jarduerak, gastronomia lehiaketak, musika eta beste hainbat ekintza antolatu ditu Kukullagakoak Elkarte Soziokulturalak Etxebarriko Udalaren laguntzarekin.
Egitaraua | Kukullagako jaiak 2025
Irailak 12, ostirala
18:30 Auzoan poteoa animazioarekin kiroldegiko tabernatik
20:00 Txupinazoa San Antonio etorbideko aparkalekutik
21:00 Herri afaroa San Antonio etorbidean
23:00 Dantzaldia San Antonio etorbideko aparkalekuan
00:45 Rool DJ
Irailak 13, larunbata
09:30 Indaba eta tortilla lehiaketen hasiera
11:15 Ginkana familiarra Eskenatoki plazatik
12:05 Haurrentzako puzgarriak eta jolasak Eskenatoki plazan
14:30 Indaba eta tortillak aurkeztea
18:00 Haurrentzako animazioa kiroldegian
19:30 Borroka ikuskizuna: Euskal Wrestling
19:30 Edaria eta hirugiharra Coto tabernan eta La Plaza tabernan
21:30 Kontzertua San Antonio etorbideko aparkalekuan: Calentando la Banda
23:30 Dantzaldia San Antonio etorbideko aparkalekuan: Melecia
00:30 Bingo herrikoia San Antonio etorbideko aparkalekuan
Irailak 14, igandea
09:30 Paella eta sangria lehiaketen hasiera
11:45 Hegazti harraparien erakusketa atzeko plazan
13:30 Apar jaia San Antonio etorbidean
14:30 Paella eta sangria aurkeztea
17:30 Igel lehiaketa San Antonio etorbideko aparkalekuan
18:30 Haurrentzako Euskal Jaia San Antonio etorbideko aparkalekuan
20:30 Sari banaketa San Antonio etorbideko aparkalekuan
21:30 Jaien amaiera eta su artifizialak
☉ Etxebarri
Bideoa | Ainhoa Artesano, Etxebarriko Institutuko zuzendaria: “Eraikuntza berri honekin gure hezkuntza kalitatea hobetuko dugu”
Bi urteko obren ostean, estreinatu dute dagoeneko Etxabarriko ikasleek eta irakasleek institutu berria

Hego Uribe eskualdeko ikasleek eta irakasleek hasi dute dagoeneko ikasturte berria. Eta Etxebarrin institutu berria estreinatu dute.
Atzo, ikasturteko lehen egunean Imanol Pradales lehendakariaren eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren bisita jaso zuten Etxebarriko zentroan.
Ainhoa Artesano Goñi Etxebarriko Institutuko zuzendariarekin berba egin genuen GEURIAn.
☉ Etxebarri
Pradales lehendakariak Etxebarriko Institutu berria bisitatu du gaur ikasturteko lehen egunean
Imanol Pradales lehendakariak eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak gertutik ezagutu dute Etxebarriko Institutu berria. Ikastetxeak 531 ikasle eta 73 irakasle hartuko ditu aurten

Ikasturte berriari ekin diote gaur Hego Uribeko ikasleek eta irakasleek, eta Etxebarrin Bigarren Hezkuntzakoek eta Batxilergokoek Institutu berria inauguratu dute.
Hori baliatuta, aurten ikasturte berriko lehen egunean bisita berezia izan dute Etxebarriko zentroan: Imanol Pradales lehendakariak eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak bisita egin dute gaur bertan.
Liburutegia, laborategia, teknologia tailerretako gela bat eta institutuaren teilatuan dauden eguzki-panelak bisitatu dituzte.
Ainhoa Artesano Goñi Etxebarri BHIko zuzendaria da eta berarekin berba egin dugu GEURIAn: “Pozik gaude eraikuntza berria estreinatu dugulako. Institutu berri honetan aukera asko biderkatuko dira gure hezkuntza kalitatea hobetzeko”, dio Artesanok.

Pradales lehendakaria, Pedrosa sailburua eta Iker Lopez Etxebarriko alkatea, Etxebarriko Institutuko ordezkariekin // Geuria
Era berean, agintarien bisita nolakoa izan zen azaldu digu: “Liburutegi berrian DBHko 1. mailako ikasleak egon dira tertulia literarioa egiten eta Imanol Pradales lehendakariarekin berba egiteko aukera izan dute. Ondoren, DBHko 3. mailako ikasleekin kristilizazio esperimentua gertutik ezagutu dugu. Eta Batxilergoko lehenengo mailan teknologia tailerretako gela bat bisitatu dugu, eta auto elektrikoa zelan egin eta 3D inprimagailua zelan erabili erakutsi digute. Azkenik, teilatuen instalatuta dauden eguzki-panelak ikusi ditugu; hain zuzen ere, ikastetxe honen ezaugarrietako bat da efizentzia energetikoa”.
Etxebarriko Institutuak 531 ikasle eta 73 irakasle hartuko ditu, metodologia berritzaileak eta eskola-giro positiboa sustatzeko diseinatutako instalazio moderno eta jasangarrian.
Eraikin berria egiteko obrak 2023an hasi zituen Jaurlaritzak eta aurten bukatu dituzte. Inbertsioa 10,7 milioi eurokoa izan da eta espazio berriak sortu dituzte, hala nola, aipatutako tailerrak, laborategiak, liburutegia eta eguzki-energiaren instalazioa.