☉ Etxebarri
Gaizka Chacarte: «Pazientzia, disziplina, konstantzia eta autokonfiantza eman dizkit kalisteniak»
2019an hasi zen kalistenia praktikatzen Gaizka Chacate eta ordutik horretan dihardu. Bere pasioa bihurtuta, kalisteniari buruzko liburu bat argitaratu du

Gero eta ohikoagoa da kalean gimnasia egiteko aparatuak ikustea. Aldakak mugitzeko makinak, bizikleta estatikoak, hankak edo besoak indartzeko aparatuak… baita kalistenia egiteko barrak ere. Askok ez dute jakingo zer den kalistenia. Bada, bakoitzaren gorputzaren pisua erabilita giharrak indartzen dituen ariketa fisikoa da. Gaizka Chacarte Gonzalez de Langarica etxebarritarrak (Etxebarri, 2003) kalistenia praktikatzen du 2019tik eta liburu bat eta guzti publikatu du.
Kalistenia praktikatzen duzu, Gaizka.
Bai. 2019ko urtarrilaren 7an hasi nintzen Kalistenia ofizialki praktikatzen. Egun batean, Youtubeko bideoak ikusten nengoela, “50 different push up variations” izeneko bideoa agertu zitzaidan gomendio bezala. Ez dakit zergatik, baina bideoa ikusteari ekin nion. Harrituta utzi ninduen. Ez nintzen kontziente ariketa desberdinak egiteko aukera asko eta asko existitzen zirenik. Eta ariketa horiek egiteko gogoak piztu zitzaizkidan, eta horren ondorioz, Chris Heriaren bideo gehiago hasi nintzen ikusten, kalisteniako mundua hobeto ezagutzeko asmoz. Momentu horretik aurrera, nire kabuz, autodidakta izanez, kalisteniaren munduan barruratu nintzen eta disziplina honetaz maitemindu nintzen.

Gaizka Chacarte Bizkotxaldeko kalistenia gunean // Utzitakoa
Zer ematen dizu kalisteniak zure eguneroko bizitzan?
Niretzat, kalistenia fisikoki zein mentalki hobetzeko eta eboluzionatzeko jarduera osasungarria da. Estresatik urruntzen dit eta bizitzako momentu txarretik deskonektatzeko ihesbide bat da, nolabait. Gainera, mugimendu berriak egitearen eta indarra handitzearen sentsazioa paregabekoa da. Ezaugarri pertsonalei dagokienez, izugarrizko aberastasuna eman dit disziplina honek: pazientzia, disziplina, konstantzia, independentzia edota autokonfiantza. Baina ezaugarri garrantzitsuena, nire kasuan, besteei laguntzeko eta gidatzeko gogoak izan dira. Horregatik jarduera fisiko eta kirol-munduan jardun nahi dut, nik izan ez dudan laguntza edo monitorizazioa emateko.
Zeintzuk dira kalistenia egitearen abantailak?
Kalisteniak emoten dizkizun abantailak ugariak dira. Psikologikoki, autoestimua, ohitura osasungarriak hartzearen poztasuna, disziplina, beste pertsonekiko kooperazioa eta sozializazioa, denborarekin lantzen duzun pazientzia (kalistenian emaitzak ez dira berehalakoak), zure fisikoa aldatzearen eta hobetzearen postazuna, besteak beste. Eta fisikoki, indarra, erresistentzia, masa muskularra handitzea edota gantza galtzea, kapazitate kardiobaskularra, malgutasuna, bizkortasuna eta bizitasuna ematen dizkizu, besteak beste. Baina aipagarriena da zure gorputza espazioan nahi duzun bezala mugitzearen gaitasuna, esaterako, zure gorputzaren menperaketa osoa lortzea.
Gorka Bilbaok GEURIAri eskainitako elkarrizketan esan zuen gimnasioaren eta crossfitaren alde ona dela monitoreak daudela, eta kalisteniarekin zure gorputzaren pisuarekin lan egiten duzula eta nahiko funtzionala dela.
Monitore bat izatea, laguntzen eta zuzentzen zaituena, garrantzitsua da, noski. Kalistenian egia da normalean bakoitzak bere kabuz entrenatzen duela eta hori desabantailak ditu baina abantaila asko ere. Zure kabuz probatu eta esperimentatzeak lan egiteko eta aurrera egiteko aukera ematen dizu, zure gorputza aldi berean guztiz ezagutuz. Inoiz imajinatu diren balentriak egiteko aukera ematen dizu, horrek eskatzen duen zailtasun eta energiaren truke.
Disziplina bakoitzak bere abantailak eta desabantailak ditu. Nik adibidez gimnasioa eta kalistenia uztartzen ditut, beste hainbat kirolekin batera, hala nola, volleyball, parkour, xendazaletasuna eta spinning. Garrantzitsuena da norbera bere helburuak lortzeko kirola edo jarduera fisikoa aukeratzea eta aurrera jarraitzea. Egia da, Crossfit eta Kalistenia gero eta gehiago praktikatzen direla.
Kalistenia praktikatzeko forma fisiko on bat izan behar duzu?
Nire ustez ez da beharrezkoa forma fisiko ona izatea. Kalistenia edozein pertsonak praktika dezake, bakoitzaren hasierako maila aparte utzita. Izan ere, kalistenia zure forma fisikoa hobetzeko tresna edo baliabide bikaina da. Nire esperientzatik abiatuta, beti izan naiz mutil oso argala, baina kalisteniarekin nire gorputzaren tamaina handitu nuen, gantza-portzentajea pixka bat galtzearekin batera, fisiko bisualki polita eta atletikoa lortu dut. Indarrari dagokionez, izugarrizko indar-erlatiboa lortu nuen denborarekin.
Zelan animatuko zenituzke herritarrak, edozein forma fisiko izanda ere, kalistenia praktikatu dezaten?
Kalisteniako komunitatea oso hurbila eta lagunkoia da. Gainera, noizbehinka kalisteniako elkarretaratzeak antolatzen dira. Kalisteniarekin ez duzu behar material askorik, horregatik, diru gutxi (edo ezer ez) inbertituko duzu, gimnasioarekin konparatuta, adibidez. Edozein lekutan entrenatu ahal da: zure etxean, parkeetan… Eta bereizgarriena da zure gorputzarekin gauza berriak eta ahalik eta konplexuagoak egitea ematen dizun euforia, nire bizitzan izan dudan sentimendu bereziena da: nire burua ikustea bilakaera jarraituan eta nire mugak apurtzea. Kalisteniak erakutsi zidan zerbaitekin maitemindu zaitezkeela eta horregatik pasioa senti dezakezula. Nik mundu guztia gonbidatuko nuke kalistenia praktikatu dezan. Medikuntza naturala da.
Komentatu duzu zuk zure kabuz ikasi duzula kalistenia ariketak egiten, baina laguntza profesionala eskertu izango zenukeela.
Hausnarketa oso interesgarria da. Ni gimnasioko zein spinningeko monitorea izan naiz eta kalistenia irakatsi dut, baina nik nire kabuz ikasi dut betidanik. Bi aldeetan egon naiz: ikasle autodidakta eta irakasle bezala. Nire ustez, ez da beharrezkoa entrenatzaile profesionala kontratatzea kalistenia egiteko eta arrakasta izateko, baina bai ondo legokeela eta pertsonaren arabera hori litzateke egokiena. Pertsona guztiek ez dute beren kabuz ikasteko gaitasunik, denborarik edo gogorik, beraz, beti izango da pertsona bakoitzaren araberakoa. Hala eta guztiz ere, entrenatzaile trebatu eta kualifikatu baten laguntza jasotzea gomendatzen dut.
Bakoitzak kalistenia bere kabuz praktikatzeak lesioak ekar litzake?
Nik pare bat lesio sufritu ditut ezagutza nahikoa ez izateagatik. Ezjakintasunak lesio batera edo batzuetara erator zaitzake, baina nire kasuan, akatsetatik ikasi dut. Eta orain, aholku batzuk emango nizkizuete: lehenik eta behin, ondo berotzea gorputza; ariketa egokienak aukeratzea zure mailaren arabera; pazientzia izatea; egiten dituzun ariketak grabatzea, zure teknika ondo dagoen edo ez jakiteko, eta hortaz lesioak ekiditeko; saio bakoitzaren ostean giharrak luzatzea; elikadura zaintzea; eta zure gorputzari atseden nahikoa ematea, hau da, ondo lo egitea eta zure gorputza entzutea.
Eskualdean kalistenia egiteko gero eta gune gehiago daude.
Hala da. Gaur egun kalistenia ezaguna bihurtu den arren, pertsona “gutxi” gara kalistenia seriotasunez entrenatzen dugunok. Etxebarrin, adibidez, orain dela bi urte eraiki zuten kalistenia gunea, nik eta nire lagunek Udalari eskatu geniona.
Kalisteniari buruz liburu bat idatzi duzu.
Bai. “Guía para principiantes e intermedios en Calistenia y Street Workout” deitzen da. Hasiberrientzako eta maila ertaina duten pertsonei bideratutako kalisteniako gida-liburu bat da. Bertan, nire esperientzian eta ezagutzan oinarritutako aholkuak eta tutorialak ematen ditut QR ugari dituzten bideoen bitartez. Laguntzen dut kalistenian aurrera egiteko bidea segurua, eraginkorra eta mundu guztiarentzat irisgarria izan dadin, edozein delarik adina, pisua, altuera, ezagutza-maila eta forma fisikoa.
Liburua idazteko ideia nondik dator?
Liburua goi-mailako ziklorako ikas-enpresarako proiektu bezala sortu nuen, Harrobia Ikastolan. Baina ikasketarako lana bezala hasi zena nire proiektu pertsonala bihurtu nuen. Horregatik gaur egun liburua eguneratzen ari naiz, bertsio hobetuak eskaintzeko helburuarekin.
Beti egongo da zerbait eguneratzeko?
Noski baietz! Kalisteniako mundua (eta kirolarena orokorrean) bilakaera jarraituan dago, beraz, beti egongo da zerbait ikasteko eta liburuan bertan islatzeko. Aurrekoarekin gehituta, kalisteniako liburua hizkuntza ezberdinetan itzuliko dut, euskaraz eta ingelesez, esaterako.
Kalistenia zuretzat pasioa dela diozu.
Kalisteniak nire bizitza aldatu du guztiz. Kalistenia nire arimaren parte handia eta nabarmena da, hasi nintzenetik. Nahiz eta jarduera fisiko bat izan, pertsonalki izugarrizko asebetea eta postazuna eman dit, nire ohiturak aldatu dituelako. Ni mutil oso sedentarioa eta antisoziala nintzen, bideojokoetara jolasten denbora asko ematen nuen etxean. Kalisteniari esker, pertsona aktiboa bihurtu naiz, beti nire hobekuntza pertsonala eta fisikoaren bilaketan. Are gehiago, kalisteniari esker, besteei lagundu nahi diedala deskubritu dut, eta nire etorkizuna kalisteniako entrenatzaile eta irakasle gisa lan egitera bideratu nahi dut. Kirolaren eta jarduera fisikoaren mundu zabal eta konplexuan trebatu nahi dut.
Ariketa fisikoa medizina naturala da gizakiarentzat. Bestalde, beste era batera garatu ezin nituen zenbait balio irakatsi dizkit. Adibidez, hobetzeko grina, garapen pertsonala, nire osasuna hobetzeko atentzioa, nire mugak gainditzeko desira, helburu ahalik eta anbiziotsuak proposatzea, eta garrantzitsuena… nire bizitza aktiboki eta osorik bizitzeko bultzada eman dit.
Uste duzu teknologia berriekin eta pandemiaren eraginagarekin kirola egiteko modu berriak sortu direla?
Nire iritziz, bai. Kalistenia ezagunagoa bihurtu zen pandemiagatik. Etxetik atera ezin genuenean, gure logelan entrenatzeko modu bakarra gure gorputzaren bitartez izan zen, kasu gehienetan. Teknologiari dagokionez, kalisteniako parkeak geolokalizatzen dituzten aplikazioak eta webguneak existitzen dira, instalazio ezberdinetarako ariketa motak bideoen bitartez erakusten eta kalistenia sustatzen dituztenak. Uste dut pandemiagatik eta teknologia berriak aprobetxatuz zenbait jarduetarako klase gidatu birtualak sortu direla, baita online kalistenia-ikastaroak ere.
☉ Etxebarri
Ertzain batek drogetan positibo eman du Etxebarri parean izandako istripu batean
Etxebarriko industrialde batetik irteten ari zen ibilgailu susmagarri baten atzetik joan ostean, Ertzaintzako patruila-autoak istripua izan du kotxe harekin

Ertzaintzako agente batek drogetan positibo eman du Etxebarri parean gertatutako esku hartze baten ostean.
Gertaerak gaur goizaldean gertatu dira: Etxebarriko industrialde batetik irteten ari zen ibilgailu susmagarri batek ez die jaramonik egin ertzainek bere martxa gelditzeko emandako argibideei. Ertzainak ikusterakoan, ibilgailuak ihes egin du, eta modu arriskutsuan gidatu du, patruila atzetik zuela, errepidetik irten den arte. Orduan, patruila-autoak istripua izan duen ibilgailuarekin talka egin du.
Ibilgailuaren barruan hankan igeltsua zeraman gizon bat (gidaria), emakume bat eta adingabe bat zihoazen. Gidaria eta adingabea zauritu egin dira, eta Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetara eraman behar izan dituzte.
Kasuaz Bilboko Udaltzaingoa arduratu da, Ibarsusiko biribilgunean gertatu baita istripua. Eta, ohiko protokoloari jarraituta, ibilgailua gidatzen ari zen agenteari alkohol eta droga-test bat egin diote, eta positibo eman du drogetan.
Agenteak odoleko kontraste-proba bat eskatu du. Ertzaintzak antolaketa neurriak hartu ditu, eta, kautelaz, agente horrek ez du polizia-lanik egingo kalean; horren ordez, eta odoleko kontraste-probaren emaitzak jaso eta gertatutakoa argitu arte, barne-lanak egingo ditu.
Gertakarian inplikatutako bi agenteak bajan daude mutuatik igaro ondoren, eta ihes egindako ibilgailuaren gidaria ikertzen ari dira trafiko-segurtasunaren aurkako delitu baten ustezko egile gisa.
☉ Etxebarri
Etxebarriko herritarrek erabakiko dute zertan inbertitu 100.000 euro 2026ko aurrekontuan
Herritarrek azaroaren 6ra arte aurkez ditzakete euren proposamenak. Ondoren, Udalak azken zerrenda egingo du, etxebarritarrek bozka eman dezaten

Aurrekontu parte-hartzaileak martxan jarri ditu Etxebarriko Udalak. Herritarrek erabakiko dute zertan inbertitu behar dituen Udalak 100.000 euro datorren urteko aurrekontuan.
“Prozesu horren bidez, Etxebarriko auzotarrek udalerriarentzat onuragarriak diren ideiak eta proiektuak proposatu ahal izango dituzte”, diote udal ordezkariek.
Ekarpenak azaroaren 6ra arte aurkez ditzakete herritarrek. Horretarako bi bide dituzte: udal webgunearen bitartez (esteka honetan) edo aurrez aurre Cime eraikinera bertaratuz.
Proposamenak aurkezteko epea bukatuta, Udalak ekarpen guztiak bilduko ditu eta gehien errepikatzen diren, bideragarrienak diren eta eskuragarri dagoen esparru ekonomikora egokitzen diren proposamenen zerrenda egingo du.
Bigarren fase batean bozkatzeko epea zabalduko du Udalak eta etxebarritarrek zuzenean aukeratu ahal izango dituzte gauzatuko diren proiektuak.
☉ Etxebarri
Kuantika ardatz izango du aurten Etxebarriko Zientzia Asteak bere hamargarren urteurrenean
Umeentzako drone tailerra, kuantikari buruzko tailerrak eta hitzaldiak antolatuko dituzte azaroaren 10etik 14ra bitartean Etxebarrin

Zientzia Astea antolatuko dute beste urte batez azaroaren 10etik 14ra Etxebarrin. Aurtengoa hamargarren edizioa da eta kuantika izango da gai nagusia, eta Adimen Artifiziala ere jorratuko dute.
“Ekitaldi horren helburua da kultura zientifikoa herritar guztiei hurbiltzea eta gizartea sentsibilizatzea ikerketa zientifikoaren eta berrikuntza teknologikoaren garrantziaz”, esan du Iker Lopez alkateak.
Aurtengo egitarauan, besteak beste, umeentzako drone tailerra (frontoi barruan), energia berriztagarriei buruz kontzientziatzeko saioak, kuantikari buruzko tailerrak eta hitzaldiak antolatu dituzte.
Horretarako, EHU eta Mondragon Unibertsitatea, Tecnalia, KZgunea, BBK Herriz Herri erakundeen lankidetza izango du Etxebarriko Udalak.
Zientzia Asteko jardueretan parte hartzeko izen-emateak (doakoak) urriaren 29an zabalduko dituzte. Intertesdunek cimenet.net webgunearen bitartez edo 944 496 871 telefono zenbakira deituz eman dezakete izena.
“Horrez gain, aurten, aurreko gure Zientziaren Asteetan egin dugun bezala, gure saltokien lankidetza izango dugu, eta bezeroei hitz baten bidez kuantikak iradokitzen dienari buruzko hausnarketa egitera gonbidatuko ditugu. Ekimen hau urriaren 28tik Zientzia Astea amaitu arte egongo da martxan, azaroaren 14ra arte”, dio Ruth Martinez Cime eta Merkataritza arloetako zinegotziak.
Egitaraua | Zientzia Astea 2025
Azaroaren 10etik 14ra bitartean, programa hau hartuko du Etxebarriko Zientzia Asteak:
- Hitzaldia: “Teknologia kuantikoak, zientzia-fikziozko filmetatik errealitatera”. Alejandra Ruiz doktorea (Tecnalia)
- Hitzaldia: “Zer da adimen artifiziala”. Eneko Echarri (KZ Gunea)
- Hitzaldia: “Konputazio kuantikoaren dibulgazioa”. Aitor Moreno (LKS Next)
- Tailerra: “Digitalizazio lagunkoiko tailerra” (BBK Herriz Herri)
- Tailerra: “Googaz” (BBK Herriz Herri)
- Tailerrak: “MoIAzart tailerrak” (Mondragon Unibertsitatea)
- Tailerrak: “Zientziaren magia: mundu kuantikoa esperimentatzen du” (EHU Quantum Center)
- Robotika-tailerrak: “Mundu ikusezinak: zientzia eta robotak ekinean” (Asimov)
- Hezkuntza-tailerra: “Eguzki-konbinazioa eta zientzia kuantikoa dituzten dronen hegaldiak” (Mondragon Unibertsitatea)
- Ikuskizuna: “Abentura kuantikoa” (Eidabe)
Aurrerago egitarau zehatzagoa zabalduko du Udalak, ordutegiekin.
☉ Etxebarri
Etxebarriko liburutegi berria 2026ko udaberrirako egongo da prest
Euskaltzaleak plazan eraikitzen ari dira liburutegi berria eta Bekosolo parkekoa ordezkatuko du

Liburutegi berria eraikitzen hasi dira Etxebarrin. Euskaltzaleak plazako 11, 12 eta 13 zenbakietako beheko solairuetan eraikiko dute eta Bekosolo parkekoa ordezkatuko du.
Instalazio berriak azpiegitura modernoa eta irisgarria izango duela adierazi dute udal ordezkariek: “Bai liburutegirako sarbidea, bai liburutegiaren barruko espazioak erabat irisgarriak izango dira dibertsitate funtzionala duten pertsona guztientzat”, diote.
Lanei ekin diete dagoeneko eta aurreikuspenen arabera sei hilabeteko epean bukatuko dituzte; hau da, 2026ko udaberrirako bukatuko dute obra.
Udalak 657.000 euro bideratu ditu obra horietara eta lanak E3D 2008 S.L enpresak burutuko ditu.
Hiru gune
Liburutegi berria hiru gunetan egongo da banatuta: “Lehenengo eremuan, sarbide zentral bat egongo da, eta, bertan, mostradore bat egongo da, liburutegira mailegu bat egitera, liburu bat itzultzera edo zerbitzuari buruzko edozein informazio lortzera hurbiltzen diren pertsonei arreta emateko”, diote.
Bigarren eremua haur-liburutegiarena izango da: “Liburutegiak, ale ugariz gain, pufak eta mahai baxuak izango ditu, irakurketa txikitatik sustatzeko espazio atsegina izan dadin”, diote. Bigarren eremu hau 0-8 eta 9-13 adin tartetan egongo da bereizita.
Eta hirugarren eremuak helduen liburutegia eta lankidetzarako eremua barne hartuko ditu: “Hemen egongo da helduei zuzendutako irakurketa-material guztia, bai eta bertan irakurtzeko espazio bat ere, erlaxatzeko eta esperientzia atseginaz gozatzeko moduko mahai eta aulkiak dituena”, diote.
“Gainera, eremu horretan ikasketa-gela edo lankidetza-gela ere egongo da, 21 lagunentzako lekua duena, eta liburutegiarena berarena baino ordutegi zabalagoan sartu ahal izango da bertara. Azken espazio hori Udalak urteetan jaso duen eskaria izan da, eta proiektu berri hau ezarrita posible egin ahal izango dugu”, esan dute udal ordezkariek.
☉ Etxebarri
Etxebarriko Udaltzaingoaren ibilgailuak berriro kaltetu dituztela salatu du Udalak
Ibilgailuak erabilezin utzi dituzte. Aurten Udaltzaingoak jasaten duen bigarren sabotaje-ekintza izan dela salatu dute

Etxebarriko Udaltzaingoaren ibilgailuei egindako bigarren sabotaje bat salatu du Udalak. Udal ordezkariek adierazi dutenez, ibilgailuak erabilezin utzi dituzte.
“Etxebarriko Udaltzaingoari sabotaje-ekintza bat egin diote berriki, eta haren patruila-ibilgailu batzuk kaltetuak izan dira. Gertakari horiek eragin duten ustekabeaz gain, bereziki kezkagarria da larrialdiko ibilgailuak erabilezin uztea, beharrezkoak baitira udalerrian gerta daitekeen edozein gorabeherari azkar erantzuteko”, esan dute.
Udal arduradunek adierazi dutenez, aurten Udaltzaingoak jasaten duen bigarren sabotaje-ekintza izan da.
“Lehen aldian, polizia-ikerketari esker, egilea identifikatzea lortu zen, eta hura epaiketaren zain dago, eragindako kalteengatik”, diote.
Bigarren sabotaje-ekintza hau ikerketapean dago gaur egun eta arduraduna identifikatzeko lanean ari dira. “Egilea herrian instalatutako segurtasun-kamerek grabatu zuten”, esan dute.










