☉ Etxebarri
Erreportajea / Etxebarriko Harribidea, herriaren garapen ekonomikoan garrantzitsua

“Etxebarri gune geoestrategiko pribilegiatua da Bizkaian”. Adierazpen horiek egin dizkio GEURIAri Maria Romano Vallejo historialariak. Aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldietan Etxebarriko bideen iragana ezagutarazi du Romanok urrian zehar, ‘Harribidea, bide berria’ hitzaldi eta bisita gidatuen zikloaren bitartez.
Etxebarri estrategikoki komunikatuta dago inguruko herri eta hiriekin, sarbidea errazten duten eta komunitateen arteko interakzioa sustatzen duten bide eta ibilbideen sare bati esker. Baina nolakoak ziren antzinean Etxebarriko bideak?
“Etxebarri Bilboko hiri-gutunean agertzen da 1300. urtean, ibiagatik ez ezik, Etxebarriko bideagatik ere izendatua, Urduñatik Bermeorekin lotzen baitzen. Bitxia da, bide hori ez zelako Bilbotik igarotzen; Etxebarritik pasatzen zen, eta horregatik ezagutzen zen Etxebarriko Bidea bezala. Izen horrek bakarrik adierazten digu udalerriak urte haietan izan zuen garrantzia”, dio Romanok.
Etxebarriko Bidea Boluetatik (Bokete aldetik) sartzen zen udalerrian, Malmasin gaina inguratu ondoren, eta Lezama Legizamon penintsula osoa zeharkatzen zuen. Leguizamon familiaren dorrearen aurretik igarotzen zen, eta, ondoren, Santa Ana penintsulatik jarraitzen zuen. Iparralderantz jotzen zuen, Ganguren mendirantz, handik Asuako haranera (gaur egungo Txorierrira) edo Galdakaora edo Zornotzara joateko, eta, ondoren, Larrabetzutik Bermeora edo Durangora zuzentzeko.
Bide berriak zabaltzea
“Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andreak 1310ean Bilboko hiri-gutuna berretsi zuenetik, debekatu zuen Etxebarriko Bidea erabiltzea”, dio Romanok, eta gogorarazi du erabaki horrek behartu egiten zituela merkatariak eta mandazainak Bilbotik pasatzera zergak ordaintzeko, “Santo Domingo bidearen erabilera bultzatuz, eta Etxebarriko bidearen kaltetan”. Hala ere, Etxebarriko Bidea bere horretan erabiltzen zuten herritarrek erabilera pertsonalerako, eta bide berriak zabaldu ziren: Legizamonekoa, Errege Bidea eta Arizbarrenekoa.
Gauzak horrela, Etxebarriko Bidearen barruan, Legizamongo Bidea sortu zen, Leguizamon familiaren dorrearen aurretik eta errota eta burdindegiaren artean igarotzen zena. “Ondoren, zubia zeharkatzen zuen Santa Ana penintsulan barneratzeko, eta, jarraian, Bidekurtzen gurutzatzen zen, aurrerago Errege Bidearekin bat egiteko. Errege Bidea gutxi gorabehera egungo errepide nazioalarekin parekatu genezake. Gainera, XIX. mendetik aurrera, Arizbarrengo Bidearekin ere egiten zuen bat, Ibaizabal ibaia zeharkatu ostean, Basaurirantz jotzen zuena; industrialki hazten ari zen La Basconia aldera, alegia”, dio Romanok.
Garapena eta atzeraldia
“Bide bat udalerri batetik igarotzeak beti laguntzen du hainbat zerbitzuren garapen ekonomikoan, hala nola, ostatuak, fondak edo mesoiak irekitzen baitziren. Eta horrek aberastasuna dakar”, dio Romanok: “Gainera, mandazainak, ibiltariak eta erromesak gure lurretatik igarotzearen ondorioz, ondare- eta kultura-eragina eta -garapena zegoen gizarte osoan. Beraz, oso positiboa da bideak udalerrietatik igarotzea. Gainera, gaur egunera iritsi den toponimia-aberastasuna ere uzten digu”.
Hala eta guztiz ere, Errege Bidearen trazadura aldatzeak atzeraldia ekarri zuen Etxebarriren garapenean: “XVI. mendean Bizkaiko Foru Aldundiak Errege Bidearen trazadura aldatu zuen eta Basauritik igarotzea erabaki zuen, Etxebarriren kaltetan. Izan ere, zalgurdiak edo salgaiak herritik igarotzen ez zirenez, ez ziren zergarik kobratzen, eta, hortaz, ezin ziren garatu bidean zehar ezarritako ostatu, fonda edo mesoi horiek”, dio Romanok.
Txalupatik Metrora
“Haatik, zailtasunak zailtasun, Etxebarrik gune estrategiko izaten jarraitu du komunikazio-bide oso garrantzitsuei dagokienez. Horren erakusgarri da 1882tik aurrera Bilbo eta Donostia edo Durango lotzen dituen trenbideak Etxebarrin geltokia izatea. Era berean, Arratiako tranbia Etxebarri ondotik igaroten zen”, dio Romanok.
Bitxikeria gisa, jardunaldietako hitzaldietako partaideek Etxebarri eta Begoña (garai haietan ez zen Bilboren parte) lotzen zituen txalupa baten berri izan zuten. “Bideak trazaduratik haratago doaz, eta, askotan, komunikazio-bideek ibaiak beste modu batera gainditu behar dituzte. Kasu horretan, La Barca izenez ezagutzen zena erabiltzen zen Etxebarrin. Oso deigarria izan da jardunaldietara joan diren pertsonentzat, baina ez luke horrela izan behar; izan ere, txalupa zegoen tokian toponimo bat dago: La Barca izeneko baserri bat baitzegoen. Etxebarritik Begoñako elizatera gurutzatzeko modua zen La Barca: Lezama Legizamon penintsula osoa zeharkatzen zuen. Boluetako zubi berriraino igaro behar izatea baino askoz bizkorragoa zen La Barca. Gainera, Boluetako zubi hori ez zuten XVIII. mendera arte eraiki. La Barcaren bitartez, pertsonak ez ezik, merkantziak ere errazago igarotzen ziren, askoz azkarrago eta modu eraginkorragoan, Bilboko itsasadarrean gasolinoekin gertatzen zen bezala”, dio Romanok.
Izarra Rodriguez etxebarritarrak, adibidez, Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartu zuen entzule bezala, eta GEURIAri aipatu dionez, harritu egin zuen La Barcaren bitxikeria: “Oso jardunaldi interesgarriak izan dira, eta ezagutzen ez dituzun gauzei buruzko informazioa ematen dizute. Esaterako, ez nekien Etxebarrin bazela txalupa bat Lezama Legizamon poligonoa Begoñarekin lotzen zuena: harritu egin ninduen!”, dio Rodriguezek. Mari Paz Fernandez herrikideari ere gustatu zaizkio aurtengo jardunaldiak: “Gure herriari buruzko historia ezagutzea asko gustatzen zait”.
1882ko trena, Arratiako tranbia edota La Barca txalupaz gain, Metroaren etorrera oso garrantzitsua izan da Etxebarriren garapenean: “Jakina, Metroaren etorrera hirigintzarako oso boom garrantzitsua izan da Etxebarrirentzat. Beraz, komunikazio-bideei lotuta egon da beti”, dio Romanok.
☉ Etxebarri
Etxebarriko Euskaltegian izena emateko epea zabalik dago urriaren 3ra arte

Etxebarriko Euskaltegian matrikulatzeko epea zabaldu dute. Eskolak urriaren 3an hasiko dituzte eta aurrez aurrekoak zein online eskolak eskainiko dituzte, aurreko ikasturteetan egin bezala.
Izena emateko epea irailean zehar dago zabalik. Interesdunek etxebarrikoeuskaltegia.com webgunearen bitartez egin dezakete matrikula.
Bestela, Euskaltegiko bulego-ordutegia zabalik dago irailaren 30era arte 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara.
Ikasturte berriari begira, A1 eta A2 oinarrizko mailetako ikasleek eta C1 mailan komunikatzeko gaitasuna hobetu nahi duten 16 eta 18 urte bitarteko gazteek doan dute matrikulazioa.
Gainerako mailetan, Udalak tasa eskuragarria eskaintzen du, eta gainera, dirulaguntzak eskainiko ditu, “zati batean edo osorik matrikularen prezioa berreskuratzeko”, diote.
☉ Etxebarri
Lezama Legizamon jauregiaren birsortze birtuala egingo dute aurten Etxebarrin, Ondarearen Europako Jardunaldietan
Ondarearen Europako Jardunaldietan Lezama Legizamon penintsula eta jauregia gertutik ezagutuko dituzte herritarrek urrian

Ondarearen Europako Jardunaldien 25. edizioa antolatu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Ohi bezala, urrian izango dira eta, besteak beste, Etxebarrik bat egingo du ekimenarekin.
Aurten ondare arkitektonikoa izango da hizpide eta Etxebarriren kasuan, Lezama Legizamon penintsula eta jauregia gertutik ezagutuko dituzte herritarrek.
Zehazki, jauregiaren eta haren inguruaren bisita gidatua eta birsortze birtuala egin ahal izango dituzte herritarrek.
“Gaur egun industrialdeak okupatzen du penintsula eta proiektuak penintsulako egungo aireko irudiak konbinatuko ditu, jauregiaren kanpoko egoerari arreta berezia eskainiz, bai eta itxura historikoaren birsorkuntza birtuala ere”, diote udal ordezkariek.
Bisita gidatuak eta birtualak urriaren 25ean eta 26an antolatu dituzte. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira eta, eskatuz gero, zeinu-hizkuntza bermatuta egongo dela adierazi dute.
Ekimenean parte hartu nahi duten herritarrek izena eman behar dute 944 267 005 telefono zenbakira deituta edo kultura@etxebarri.eus helbide elektronikora idatzita.
☉ Etxebarri
Euskara ikastaroak diruz laguntzeko 10.000 euro bideratuko ditu Etxebarriko Udalak
2024-2025 ikasturtean egindako ikastaroetako laguntza eskatzeko epea zabalik dago irailaren 30era arte

2024-2025 ikasturtean aurrez aurreko euskara ikastaroak, autoikaskuntza, barnetegiak, murgiltze-egonaldiak eta Udako Euskal Unibertsitatean (UEU) egindako ikastaroak diruz lagunduko ditu Etxebarriko Udalak.
Zehazki 10.000 euro bideratuko ditu dirulaguntza horietara. Deialdia Etxebarrin erroldatutako 16 urtetik gorakoei dago zuzenduta, eta arreta berezia eskaintzen diete familiei eta begiraleei, “euskararen transmisioa eta normalizazioa indartzeko eguneroko bizitzako arlo guztietan”, diote udal ordezkariek.
Laguntza horiekin, Udalak erraztu nahi du pertsona gehiagok prestakuntza euskaraz jaso ahal izatea, “oztopo ekonomikoak kenduz eta hizkuntza-maila hobetzea erabakitzen dutenen ahalegina babestuz”, diote.
2024-2025 ikasturtean egindako ikastaroetako laguntza eskatzeko epea zabalik dago irailaren 30era arte. Interesdunek udal webgunearen bitartez edo aurrez aurre CIMEra bertaratuz (08:00etatik 15:00etara) aurkez dezakete eskaera.
Informazio gehiagorako 944 267 005 telefono zenbakia eta euskarazerbitzua@etxebarri.eus helbide elektronikoa dute eskura herritarrek.
☉ Etxebarri
Sormena, ongizatea eta teknologia berriak landuko dituzte Etxebarriko udal-ikastaroetan
Ikastaroak urrian hasiko dira eta 16 urtetik gorako herritarrentzat daude zuzenduta. Izena emateko epea zabalik dago irailaren 9tik 19ra

Etxebarriko Udalak hamaika ikastaro eta tailer antolatuko ditu 2025-2026 ikasturtean 16 urtetik gorakoentzat.
Besteak beste, sukaldaritzari, arte sortzaileei, literaturari, zinemari eta norberaren zaintzari lotutako ikastaroak prestatu dituzte urritik aurrera.
“Sukaldaritza-tailerretan menu orekatuak egiten ikastea, patchwork, puntu edo kakorratz-teknikak perfekzionatzea, edo zinemaren munduan lehen urratsak ematea telefono mugikorra bakarrik erabiliz. Programazioak aukera ugari ditu aisialdiaz modu praktiko eta aberasgarrian gozatzeko”, diote udal ordezkariek.
Ongizatean oinarritutako jarduerei dagokienez, luzatze eta erlaxazio espazioak eskainiko dituzte. Era berean, altzariak zaharberritzeko ikastaroa eta birziklatzekoa ere antolatu dituzte.
“Irakurketarako eta elkarrizketa literariorako lekua ere egongo da, eta hilero topaketa bat izango da, hainbat lanen inguruko hausnarketa kolektibora gonbidatzen duena”, diote.
Udal-ikastaroen bitartez herritarren ikaskuntza, sormena eta ongizatea sustatu nahi ditu Kultura arloak.
Herritarrek ikastaro eta tailerretan izena eman dezakete irailaren 9tik 19ra bitartean CIMEra eta Kultur Etxera bertaratuz. Udal webgunearen bitartez ere izena eman dezakete interesa dutenek.
☉ Etxebarri
Programa | Kukullagako jaiak 2025
Irailaren 12tik 14ra bitartean izango dira Kukullagako jaiak. Egitaraua osorik jaso dugu albistean!

Irailaren 12tik 14ra bitartean izango dira Kukullagako jaiak, Etxebarrin. Haurrentzako jarduerak, gastronomia lehiaketak, musika eta beste hainbat ekintza antolatu ditu Kukullagakoak Elkarte Soziokulturalak Etxebarriko Udalaren laguntzarekin.
Egitaraua | Kukullagako jaiak 2025
Irailak 12, ostirala
18:30 Auzoan poteoa animazioarekin kiroldegiko tabernatik
20:00 Txupinazoa San Antonio etorbideko aparkalekutik
21:00 Herri afaroa San Antonio etorbidean
23:00 Dantzaldia San Antonio etorbideko aparkalekuan
00:45 Rool DJ
Irailak 13, larunbata
09:30 Indaba eta tortilla lehiaketen hasiera
11:15 Ginkana familiarra Eskenatoki plazatik
12:05 Haurrentzako puzgarriak eta jolasak Eskenatoki plazan
14:30 Indaba eta tortillak aurkeztea
18:00 Haurrentzako animazioa kiroldegian
19:30 Borroka ikuskizuna: Euskal Wrestling
19:30 Edaria eta hirugiharra Coto tabernan eta La Plaza tabernan
21:30 Kontzertua San Antonio etorbideko aparkalekuan: Calentando la Banda
23:30 Dantzaldia San Antonio etorbideko aparkalekuan: Melecia
00:30 Bingo herrikoia San Antonio etorbideko aparkalekuan
Irailak 14, igandea
09:30 Paella eta sangria lehiaketen hasiera
11:45 Hegazti harraparien erakusketa atzeko plazan
13:30 Apar jaia San Antonio etorbidean
14:30 Paella eta sangria aurkeztea
17:30 Igel lehiaketa San Antonio etorbideko aparkalekuan
18:30 Haurrentzako Euskal Jaia San Antonio etorbideko aparkalekuan
20:30 Sari banaketa San Antonio etorbideko aparkalekuan
21:30 Jaien amaiera eta su artifizialak