☉ Etxebarri
Oier Asla: “Durangoko Azoka kultur plazarik nagusiena da, eta gure diskoa bertan aurkeztea ikaragarria da”
Asla musika taldeak bere lehen diskoa argitaratu du azaroan: ‘Nire eguzkia’. Durangoko Azokan aurkeztuko dute, abenduaren 10ean. Oier Asla taldeko kidearekin berba egin dugu.

Musikak betidanik hartu du bere bizitzaren zati garrantzitsu bat Oier Asla etxebarritarrarentzat (Bilbo, 1978). Gaztea zenean hasi zen gitarra jotzen eta Maldan taldean izan zituen hastapenak. Beste talde batzuen bertsioak abestu ditu, bere abesti propioak konposatu ditu eta gaur egun Asla taldean aritzen da. 2016an sortu zuen taldea eta gaur egun bost kidek osatzen dute: Oier bera, Gurutze, Danel, Asier eta Andres. Pop-rocka egiten dute eta azaroan publikatu dute euren lehen diskoa, ‘Nire eguzkia’. Durangoko Azokan aurkeztuko dute diskoa: abenduaren 10ean Plateruenan.
‘Nire eguzkia’ lehen diskoa kaleratu berri duzue Asla taldekoek.
Bai. Azaroa bukaeran kaleratu dugu gure lehen diskoa, ‘Nire eguzkia’. Benetan oso pozik gaude emaitzarekin. Diskoaren prozesu guztia nahiko luzea eta gogorra izan da. Arazo asko izan ditugu eta nahi genuena baino gehiago luzatu egin da prozesua. Hala ere, oztopoak oztopo, oso emaitza ona aterako dugu. Oso pozik gaude egindako lanarekin.
Durangoko Azokan izango zarete eta gainera Plateruenan aurkezpen kontzertua emango duzu. Aukera ezin hobea ezagutzera emateko, ezta?
Oso berezia, bai. Taldekide guztiontzat oso berezia. Ni pertsonalki urtero joaten naiz Durangoko Azokara eta Ahotsenean kontzertu ugari entzun izan ditut. Argi dago Euskal Herriko kultura plazarik nagusiena dela, eta bertan gure diskoa aurkezteak kriston ilusioa eragiten digu. Plateruenan kontzertua emango dugu abenduaren 10ean, larunbatez, 13:20etik 13:50era.

Danel, Andres, Gurutze, Asier eta Oier dira Asla taldea // Utzitakoa
Hamar abesti biltzen ditu diskoak. Zer helarazi nahi duzue abestiekin?
Hamar abesti daude eta denak musikalki desberdinak dira. Eta, noski, letrak ere desberdinak dira elkarren artean. Diskoaren abestietan istorio pertsonalak eta gai sozialak nahasten ditugu. Anitza da diskoa. ‘Nire eguzkia’ abestiak, adibidez, istorio pertsonal bat dauka atzetik eta abesti honek izena ematen dio diskoari. Bestetik, gai sozialak ere jorratzen ditugu. Esaterako, abesti bat daukagu gerraren aurkako letrarekin.
‘Nire eguzkia’ abestiak istorio pertsonal bat islatzen duela diozu.
Bai. Nire aita 2016. urtearen bukaeran hil egin zen minbiziak jota. Nahi gabe eta bilatu gabe, handik hilabete batzuetara abesti bat konposatu nuen bere omenez. Barrutik atera zitzaidan, Gurutzeri gustatu zitzaion eta hunkitu egin zen. Orduan, abesti hori lantzen hasi ginen, eta, behin banda osatuta, erabaki genuen abesti hori diskoan sartzea eta nire aitari omenaldi moduan diskoari ‘Nire eguzkia’ izena jartzea.
Taldearen izenak ere zure abizena du: Asla.
Hala da. 2016an sortu nuen Asla proiektua. Bakarlari bezala hasi nintzen, eta nire amaren abizena jarri nion proiektuari. Bakarlari izatetik orain talde bat gara, baina izena mantentzea erabaki genuen. Laburra da izena, originala, erraz esateko… Orduan mantentzea erabaki genuen. Azken finean, proiektu pertsonal bezala abiatu zen Asla, baina gainontzeko taldekiderik gabe ezinezkoa izango zen hau aurrera ateratzea. Nire abizena taldearen izena izan arren, banda bat gara. Lauroba taldean ere gauza bera gertatu zen. Hasieran, Lauroba anaiak zeuden, baina gero taldekide berriak batu ziren proiektura, eta hala ere, taldearen izena mantendu zuten. Hau antzeko zerbait izango litzateke. Azken batean abestiak denon artean landu ditugu eta banda moduan funtzionatuko dugu.
Hamar abesti eta denak euskaraz. Euskarak ahotsa behar du?
Bai, noski. Niri berez ateratzen zaidan gauza bat da. Euskara nire hizkuntza da eta euskaraz sortzen ditut abestiak. Orain modan jarri da eta jendeari gustatzen zaio hizkuntzak nahastea… Nik oso argi daukat euskaraz egin behar nituela abestiak.

Oier Aslarekin batu gara Etxebarrin eta solasaldia izan dugu berarekin // Geuria
Zeintzuk dira lehen disko berri honen inguruan dituzuen espektatibak?
Gu ez gara talde gazte bat, baina nolabait hasi berriak gara lehen diskoa atera dugulako. Agian ez dugu egiten modan dagoen musika estiloa. Beraz, ez dugu inolako espektatiba handirik egiten. Espero dugu diskoak onarpen eta harrera ona izatea, kontzertuak eman ahal izatea baldintza duinetan eta denok disfrutatzea. Ez dugu espektatibarik jarri nahi, bestela gauza oso zaila jartzen da. Egunean egunekoa bizitzen joango gara.
Musika estiloa aipatu duzula, nola definituko zenuke Asla Taldea?
Orokorrean, pop-rockaren barruan mugitzen garela esango nuke, baina abesti nahiko desberdinak ditugu eta abesti bakoitzak bere istorioa du. Batez ere, doinuei eta ahotsei ematen diegu garrantzia. Gitarrak ere garrantzia dauka gure taldean.
Kontzertuak egin nahi dituzuela ere aipatu duzu.
Bai. Eta non baino, ametsetako kontzertua izango litzateke publikoa entregatuta dagoen kontzertu bat. Musika entzuten, zurekin abesten eta zurekin gozatzen. Hori garrantzitsuagoa da lekua baino. Publikoarekin konexioa sortzean, hori izan liteke nire ametsetako kontzertua.
Zer da musika zure bizitzan, Oier?
Txikitatik beti nirekin egon den zerbait da musika. Aita oso musikazalea zen. Orduan, etxean edo autoan edozein lekutara joaten ginenean beti zegoen musika jarrita. Azken finean, bizitzako beste parte bat izan da niretzat musika. Egun, nire bizitzaren parte oso garrantzitsua da: musika egiteaz gain, kontzertuetara joaten naiz eta musika asko entzuten saiatzen naiz.
Noiz hasi zinen musikaren munduan murgiltzen?
Apur bat trastetzen hasi nintzen institutuko bigarren edo hirugarren mailan, aitak gitarra jotzen zuelako. Eta, hasieran, betikoa, etxean daukazu eta ez diozu kasu handirik egiten. Gero, poliki-poliki hasi ginen trastetzen anaia eta biok, baina ez oso serio. Serioskiago unibertsitateko lehenengo edo bigarren urtean hasi nintzen gitarrarekin.
Beste euskal-taldeen bertsioak abesten hasi zinen. Zeintzuk dira zure erreferenteak?
Erreferenteak baino, gustukoak. Estilo ezberdinak entzuten ditut, baina euskal musikan oso presente egon dira nire gaztaroan Su Ta Gar baita Berri Txarrak ere. Talde asko aipatu ditzaket. Kerobia ere oso gustuko izan dut, baina zerrenda oso luzea da egia esan.
Horrez gain, Aitor Gorosabel (Su Ta Gar), kriston gitarjole ona dela iruditzen zait. Oso-oso ona. Agian ez da erreferente bat niretzat bere musika estiloa egiten ez dudalako, baina gitarjole moduan asko gustatzen zait.
Zure lehenengo kontzertuaz galdetuko banizu.
Unibertsitateko lehenengo urteetan talde bat sortu nuen nire anaiarekin eta institutuko beste lagun batzuekin. “Maldan” deitzen zen taldea eta hiru urte inguru egon ginen jardunean. Maketa bat atera genuen, lokalean grabatutakoa eta hogei bat kontzertu egin genituen. Nire lehenengo kontzertua Maldan taldearekin izan zen, Bilborocken.
Bilboko Aste Nagusian edo Bira kultur gunean jo duzu, besteak beste. Zein izan da zuretzat kontzerturik bereziena?
Larrabetzuko Gaztetxean emandakoa adibidez oso polita izan zen. Ugaoko Jane Jauregian egindakoa ere ederra izan zen.

// Geuria
Maldan desegin eta gero, kontzertu parte-hartzaileak eta bertsioak egiten hasi zinen. Gero, Gurutze Etxebarriarekin egin zenuen topo eta elkarrekin abesten egon zineten.
Asla bezala nik bakarrik eman nuen lehen kontzertua 2016an, baina berehala Gurutze Etxebarria elkartu zen nirekin eta biok batera kontzertu ugari eman ditugu 2020ra arte. Gurutzek asko eman dit, dudarik gabe. Azken batean hasieran ni bakarrik nengoen gitarrarekin eta niretzat ahotsa oso inportantea da. Gurutzek oso ahots ona du, eta berarekin beste maila batera pasa ginen.
Gaur egun bost kidek osatzen duzue Asla taldea, eta horrek ere hobetuko zuen taldea bera, ezta?
Hala da. Danel Marinek (bateria eta perkusioa), Asier Bardezik (baxua), Andres Tejok (gitarra), Gurutze Etxebarriak (ahotsa) eta nik neuk (ahotsa eta gitarra) osatzen dugu Asla taldea. 2020an Danel batu zen taldera eta berarekin hasi ginen abesti berriak lantzen. Gero etorri ziren Asier eta Andres. Boskote izateak ere hobetu egin du taldea bera, noski.
Taldekide gehienak Etxebarrikoak zarete.
Bai. Danel, Andres eta hirurok Etxebarrikoak gara, Gurutze Zeanurikoa da eta Asier Zallakoa. Etxebarrin entsaiatzen dugu, bertan daukagun lokal batean.
Bertsioak eta bakarrik abestetik, taldean abestera. Nola izan zen salto hori?
Nik abestiak konposatzen nituen, eta Maldan taldea desegin eta urte batzuetara bertsioak egiten hasi nintzen. Urte asko eman nituen bertsioak egiten, baina nire abestiak berriro azaleratzeko gogoa sortu zitzaidan. Orduan, 2016an ausartu nintzen eta nire kantak abesten hasi nintzen berriro, nire gitarraz lagunduta. Gustura nengoen eta erabaki nuen aurrera egitea ibilbide horretan.
Eta orduan Gurutze eta gainontzekoak batu zitzaizkizun.
Bai. Abesti propioak banituen, baina nire abestiek eskatzen zuten banda formatuan jotzea. Eta hori beti izan da nire ametsa: jendea bilatu, banda osatu eta beste eremu batera eramatea abestiak. Betidanik izan dut helburu hori eta gaur egun betetzen ari dela esan dezaket, poz-pozik.
Zeintzuk dira zuen erronkak 2023rako?
‘Nire eguzkia’ diskoa azaroa bukaeran argitaratu dugu. Diskoaren aurkezpen bira txiki bat prestatu nahi dugu eta kontzertuak lotu. Gero, ahalik eta leku gehienetan diskoa aurkeztea, eta kontzertuetan disfrutatzea. Apurka-apurka erronka berriak joango dira azaleratzen. Adibidez, ez dugu astirik izan bideoklip bat lantzeko eta beste erronka bat izan daiteke hori.
☉ Etxebarri
Etxebarriko liburutegi berria 2026ko udaberrirako egongo da prest
Euskaltzaleak plazan eraikitzen ari dira liburutegi berria eta Bekosolo parkekoa ordezkatuko du

Liburutegi berria eraikitzen hasi dira Etxebarrin. Euskaltzaleak plazako 11, 12 eta 13 zenbakietako beheko solairuetan eraikiko dute eta Bekosolo parkekoa ordezkatuko du.
Instalazio berriak azpiegitura modernoa eta irisgarria izango duela adierazi dute udal ordezkariek: “Bai liburutegirako sarbidea, bai liburutegiaren barruko espazioak erabat irisgarriak izango dira dibertsitate funtzionala duten pertsona guztientzat”, diote.
Lanei ekin diete dagoeneko eta aurreikuspenen arabera sei hilabeteko epean bukatuko dituzte; hau da, 2026ko udaberrirako bukatuko dute obra.
Udalak 657.000 euro bideratu ditu obra horietara eta lanak E3D 2008 S.L enpresak burutuko ditu.
Hiru gune
Liburutegi berria hiru gunetan egongo da banatuta: “Lehenengo eremuan, sarbide zentral bat egongo da, eta, bertan, mostradore bat egongo da, liburutegira mailegu bat egitera, liburu bat itzultzera edo zerbitzuari buruzko edozein informazio lortzera hurbiltzen diren pertsonei arreta emateko”, diote.
Bigarren eremua haur-liburutegiarena izango da: “Liburutegiak, ale ugariz gain, pufak eta mahai baxuak izango ditu, irakurketa txikitatik sustatzeko espazio atsegina izan dadin”, diote. Bigarren eremu hau 0-8 eta 9-13 adin tartetan egongo da bereizita.
Eta hirugarren eremuak helduen liburutegia eta lankidetzarako eremua barne hartuko ditu: “Hemen egongo da helduei zuzendutako irakurketa-material guztia, bai eta bertan irakurtzeko espazio bat ere, erlaxatzeko eta esperientzia atseginaz gozatzeko moduko mahai eta aulkiak dituena”, diote.
“Gainera, eremu horretan ikasketa-gela edo lankidetza-gela ere egongo da, 21 lagunentzako lekua duena, eta liburutegiarena berarena baino ordutegi zabalagoan sartu ahal izango da bertara. Azken espazio hori Udalak urteetan jaso duen eskaria izan da, eta proiektu berri hau ezarrita posible egin ahal izango dugu”, esan dute udal ordezkariek.
☉ Etxebarri
Etxebarriko Udaltzaingoaren ibilgailuak berriro kaltetu dituztela salatu du Udalak
Ibilgailuak erabilezin utzi dituzte. Aurten Udaltzaingoak jasaten duen bigarren sabotaje-ekintza izan dela salatu dute

Etxebarriko Udaltzaingoaren ibilgailuei egindako bigarren sabotaje bat salatu du Udalak. Udal ordezkariek adierazi dutenez, ibilgailuak erabilezin utzi dituzte.
“Etxebarriko Udaltzaingoari sabotaje-ekintza bat egin diote berriki, eta haren patruila-ibilgailu batzuk kaltetuak izan dira. Gertakari horiek eragin duten ustekabeaz gain, bereziki kezkagarria da larrialdiko ibilgailuak erabilezin uztea, beharrezkoak baitira udalerrian gerta daitekeen edozein gorabeherari azkar erantzuteko”, esan dute.
Udal arduradunek adierazi dutenez, aurten Udaltzaingoak jasaten duen bigarren sabotaje-ekintza izan da.
“Lehen aldian, polizia-ikerketari esker, egilea identifikatzea lortu zen, eta hura epaiketaren zain dago, eragindako kalteengatik”, diote.
Bigarren sabotaje-ekintza hau ikerketapean dago gaur egun eta arduraduna identifikatzeko lanean ari dira. “Egilea herrian instalatutako segurtasun-kamerek grabatu zuten”, esan dute.
☉ Etxebarri
Euskara biziberritzeko plan berria egiteko herritarren partaidetza bilatzen ari da Etxebarriko Udala

Euskararen hizkuntza-komunitatea indartzeko eta 2026-2030 urte bitarterako Aroa Plan Estrategikoa egiteko parte hartze prozesua martxan jarri du Etxebarriko Udalak.
Asmoa da datozen urteetarako planaren ibilbide-orria diseinatzea, “Etxebarrin euskararen komunitatea indartzeko, euskara biziberritzeko eta Etxebarrin euskaldunak ikusgarriago egiteko”, diote udal ordezkariek.
Eta plana diseinatzeko, Etxebarrin euskararen egoera zein den aztertu nahi du Udalak. Horretarako, euskarekiko jarrerei, motibazioei, erabilerari eta elkarreraginari buruzko galdetegia prestatu du herritarrek erantzun dezaten.
“Bide hau elkarrekin egitera gonbidatu nahi zaitugu. Lan honetarako zure laguntza, babesa eta parte-hartzea ezinbestekoa da”, esan dute udal arduradunek.
Herritar zein eragile guztiak daude parte hartzera deituta: “Euskaraz bizi zaretenak, euskara ezagutzen duzuenak edota euskarara hurbiltzeko zaudetenak, denok gara beharrezkoak gure herrian euskara sustatzeko”, diote.
Galdetegia Etxebarriko udal webgunean dute eskuragarri herritarrek: “Bost mitutan betetzen den galdetegia da”, esan dute.
Etxebarrin euskararen egoera aztertu ondoren, jasotako emaitzekin diagnostiko bat osatuko dute.
Eta, behin diagnostikoa osatzen dutenean, saio irekiak antolatuko ditu Udalak, prest dauden herritarrek eta taldeek AROA izeneko 2026-2030 Plan estrategikoa eta 2026ko kudeaketa Plana diseinatzeko prozesuan parte har dezaten.
☉ Etxebarri
Erreportajea | Etxebarriko Euskaltegia, 20 urte eta gehiago
Aurten 20 urte bete dira Ulibarrik Etxebarriko Euskaltegia kudeatzen duenetik. Hala ere, ia bost hamarkada dira herritarrak euskalduntzeko makinak martxan jarri zituztenetik: ordutik milaka euskaldunberri sortu dituzte

Etxebarrin euskara sustatzeko eta herritarrak euskalduntzeko haztegia duela urte asko jarri zuten martxan. Ia bost hamarkada dira alfabetatzea hasi zenetik: 49 urte, zehazki. Hain zuzen ere, 1976. urtetik aurrera hasi zen euskararen alfabetatzea garatzen, frankismoaren amaieraren ostean —frankismo garaian debekatuta zegoen euskaraz berba egitea—. 2022an Etxebarriko historia elkarlanean bildu eta belaunaldi berriei ezagutarazteko ‘Etxebarri Gara’ bideoa publikatu zuen Udalak. Besteak beste, euskarak herrian izan duen bilakaera azaldu zuten. Javier Gortazar herritarrak adierazi zuenez, euskara 1976. urtetik aurrera hasi zen garatzen Etxebarrin. Klari Galdos etxebarritarrak azaldu zuenez, alfabetatzea 70. hamarkadan hasi zen, eta “orduan hasi ginen jasotzen euskarazko eskolak”.
“Hasieran Etxebarriko elizan ematen zituzten euskarazko eskolak, apaizaren etxean. Cruci, Nere eta nire ahizpa Edurne, beste batzuren artean, izan ziren lehenengo ikasleak. Baina behar genuen elizatik irten, parrokian ez zegoelako leku nahikorik. Orduan, itxialdi bat egin genuen gaur egun Cime eraikina den eraikinean euskara eskolak jaso ahal izateko lokalak eskatzeko. Gerra asko eman behar izan genuen eskatzen genuena lortzeko. Gauzak ez ziren lortu modu erraz batean. Ekinez eta ekinez lortu genituen aurrerapausoak. Gaur egun ez da ikusten zelako lana egin genuen hor atzetik; badirudi erraztasunez egin zela, baina ez, lan handia egin genuen, eskariak eta eskariak eginez. Eta, azkenean, lortu genuen. Etxebarriko jende asko pasa zen eskola horietatik”, esan zuen Galdosek ‘Etxebarri Gara’ ikusentzunezkoan.
Euskaldunberrien fabrika
1994. urtea zen herriko euskaltegia eraiki zutenean, eta harrez geroztik mila euskaldunberri baino gehiago atera dira Bekosolo parkean dagoen etxe horitik. 2005etik Ulibarri Euskaltegia da zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen dena eta irailean 20 urte bete ditu mugarri horrek.
Etxebarrikoa ez da euskaltegi publikoa, baina Udalak egiten duena da lehiaketa publikora atera euskaltegiko kudeaketa. Hori dela eta, baldintza batzuk eskatzen dizkio Udalak kudeaketa daramanari. HABEk markatzen ditu parametro batzuk, Udalak gero tasak ezartzen dizkie ikasleei eta baliabide fisikoak ematen dizkio. Ildo horretan, dirulaguntzak ematen ditu Udalak euskara eskolak.
Horrez gain, Euskaltegia txertatuta dago Udalaren Euskara Planean, eta horrek esan nahi du pieza garrantzitsua dela plan hori gauzatzeko. “Elkarlanean aritzen gara beti, eta haiek planteatzen dituzten ekintzetara animatzen ditugu gure ikasleak”, diote Etxebarriko Euskaltegiko arduradunek.
Bidaia pertsonala
Maribel Arsuaga (Etxebarri, 1979) ikasle da gaur egun Etxebarriko Euskaltegian. Baina bera ez da euskaldun berri-berria. Udal Euskaltegia izan zeneko garaian hasi zen euskara ikasten Maribel: “17 urterekin hasi nintzen Etxebarriko Euskaltegian ikastean. A ereduan ikasten nuen eta uztailean euskara ikasteko eskola trinko batean eman nuen izena. Oso ondo pasatu nuen trinko horretan, joko askorekin ikasten genuen. Gogoan dut ikasturtearen amaieran txango batean Gorbeiara joan ginela Itxinatik. Argazkiak gordeta ditut eta oso oroitzapen politak gordetzen ditut!”.
Eskola trinkoa jaso ostean, urrian ikasturte arrunta hasteko izena eman zuen Maribelek: “Urrian hasi nintzen arratsaldero euskara ikasten. Eta hori oso gogorra izan zen!”, dio barreka: “Goizean ostalaritza eskolan ikasten nuen eta arratsaldetan euskara”.
Bi ikasturte jarraian egin zituen Maribelek: “Gero lanean hasi nintzen eta euskara ikasten jarraitzeari utzi behar izan nion”. Hala eta guztiz ere, “bizitzak buelta asko eman ostean”, berriro Euskaltegian ari da Maribel: “Semeari esker bueltatu nintzen Euskaltegira. Semeak zortzi urte zituenean, etxeko lanetan laguntzen saiatu nintzenean konturatu nintzen zaila egiten zitzaidala. Ez nituen matematikako ariketak ulertzen, ezta euskarako liburuak ere. Egun batean, etxean euskaraz hitz egiten ari nintzela, hauxe esan zidan semeak: ‘Ama, no me hables en andereño’. Une horretan konturatu nintzen, lagundu nahi banuen, berriro euskaltegira joan behar nuela”. Harrez geroztik Euskaltegira joaten jarraitzen du Maribelek: “Gaur egun, nire semea jada batxilergoan dago eta ez du nire laguntzarik behar, baina nik jarraitzen dut euskara ikasten hizkuntza bera gustatzen zaidalako”. “Gaur egun, Euskaltegian jarraitzen dut dudan maila ez galtzeko eta mantendu ahal izateko. Izan ere, familia eta lagun giroan ez dudalako euskaraz hitz egiten. Oraindik ere kostatu egiten zaigu. Horregatik, Euskaltegiak jarraipena ematen dit gero eta gehiago gustatzen zaidan hizkuntza honetan, eta urte askoren ondoren, eskertzekoa da ezagutu ditudan ikaskide kopuru handia”, dio Maribelek.
Etorkizunera begira
Etxebarriko Euskaltegiak badu bere historia, herritarren borondate eta ilusioz hasita, eta profesionalizazioarekin sendotuz.
Ulibarri Euskaltegiaren kudeaketaren 20 urteek erakutsi dute bidea luzea izan dela, baina fruituak ere nabarmenak: belaunaldi osoak euskarara hurbildu dira, batzuek hutsetik, beste batzuek seme-alabei lagundu nahian.
Euskararen erabilerak oraindik ere erronka handiak ditu, baina Euskaltegiak jarraitzen du bide horretan makinaria indartzen, herritarrei hizkuntza tresnak ematen eta euskaraz bizi ahal izateko aukerak zabaltzen. Hori da Maribelek, eta haren moduko dozenaka eta dozenaka ikaslek, egunero bizitzen dutena.
Iragana ospatzeko eta etorkizuna eraikitzeko topagunea izaten jarraituko du Etxebarriko Euskaltegiak. Eta agian, hurrengo urteetan, Gorbeiako txango baten argazki zaharrak bezala, gaurko ikasleen oroitzapenak bihurtuko dira bihar euskararen bidearen lekuko.
☉ Etxebarri
Monday Potions taldeak Hiriko Soinuak lehiaketako sari nagusia irabazi du
Danel Marin etxebarritarra Monday Potionseko kide da. Taldeak urriaren 24an Hiriko Soinuak festibalean joko du Bala eta Biznaga taldeekin batera

Monday Potions taldeak Hiriko Soinuak lehiaketako sari nagusia irabazi du. Urriaren 24an Hiriko Soinuak festibalean joko du taldeak Barakaldon, eta eszenatokia partekatuko du Bala, Biznaga Laztana Laztana taldeekin.
Festibala Barakaldoko Herriko plazan izango da, estalitako karpa batean, eta sarrera doakoa da.
Danel Marin etxebarritarra Monday Potions taldeko perkusionista da, eta urtarrilean elkarrizketa egin genion GEURIAn [hemen duzu irakurgai], joan den azaroan Basauriko Rockein lehiaketan Hego Uribeko taldetik onenaren saria lortu zutelako.









