Sareak

☉ Etxebarri

Zaborren tasa hilean 1,70 euro gehiago ordainduko dute etxebarritarrek 2026an

Zabor-tasaz gain, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), zirkulazio-zerga, hilerri eta estolderia tasa eta Euskaltegiko eta kiroldegiko tasak igoko dituzte 2026an

|

Urtean 20 euro gehiago ordainduko dituzte Etxebarrikoek zabor-tasan // Geuria

Bigarren urtez jarraian zabor-tasa igoko da udalerri gehienetan, Europak ezarritako neurri berrien arabera. Izan ere, zaborraren bilketaren gastua herritarrek eta enpresek hartu beharko dute beren gain.

Eta Etxebarrin, tasa 1,70 euro igoko da hilean, 2026ko urtarriletik. “Hori da, 20 euro gehiago urtean”, esan dute udal ordezkariek.

“Hondakinak biltzeko eta tratatzeko zerbitzua % 20 igoko da, eta Europako araudiak behartuta, zerbitzu hori erabiltzaileek osorik ordain dezaten eskatzen du, dirulaguntza publikorik gabe. Ildo horretan eragin handiena izan du zuzentarau hori bera aplikatuz Bizkaiko Foru Aldundiak tratamendu-zentroak finantzatzeari utzi diolako; izan ere, zentro horiek % 30 garestitu dira zenbait hondakinentzat, eta horrek desoreka handiagoa eragin du guztizko kostuetan”, diote.

Hego Uribe eskualdean, Etxebarri izan da lehen udalerria 2026ko tasak onartzen. Irailaren 30eko osoko bilkuran eztabaidatu zuten gaia, eta zabor-tasaz gain, igoera izango dute honakoek: Ondasun Higiezinen gaineko Zergak (OHZ), zirkulazio-zergak, hilerri eta estolderia tasak, Euskaltegiak eta kiroldegiak.

OHZ, zirkulazio-zerga, hilerri eta estolderia tasei dagokeienez, % 2,5eko igoera izango dute datorren urtean. “Kasu gehienetan, urte arte KPIaren igoera baino % 0,3 txikiago”, diote udal arduradunek.

Euskaltegiko tasari dagokionez, bi urtez aldaketarik gabe egon ondoren, % 10 inguruko igoera izango du. “Hala ere, HABEren dirulaguntzei esker, pertsona askok matrikulak markatzen duena baino askoz gutxiago ordaintzen dute, eta kasu batzuetan kostua ia nulua da, udalaren dirulaguntza dela eta, hainbat kolektiborentzat matrikularen % 100 berreskuratzeko aukera ematen baitu”, diote.

Eta kiroldegian, bataz besteko igoera % 41,12koa izango dela diote Etxebarriko Udaletik, “KPIaren eta sektoreko hitzarmenaren igoeragatik”, diote, eta gaineratu dute: “Hala ere, sarrera solteek ez dute prezioa aldatzen, 10 sarbideko bonu batzuk % 10era jaitsiko dira eta gainerako tarifek % 2,5 eta % 6 arteko igoerak izango dituzte”.

Zergen eta tasen zenbatezkoez gain, Eusko Jaurlaritzaren edo gainerako erakunde publikoen alokairu-programa ofizialei lagatzen zaizkien etxebizitzek OHZn % 99rainoko hobaria izatea ere onartu du Etxebarriko udalbatzak. Neurri horren asmoa da alokairuko etxebizitzak gero eta gehiago izatea, prezio merkeetan.

☉ Etxebarri

Etxebarrik zortzi pertsona kontratatuko ditu sei hilabetez lan egiteko

Profil desberdinetako lanpostuak beteko dituzte eta hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko interesdunek Lanbiden eman behar dute izena azaroaren 18a baino lehen

|

Argazkia: Kaitlyn Baker, Unsplash

Langabezian dauden zortzi pertsona kontratatuko ditu Etxebarriko Udalak sei hilabetez lan egiteko % 75eko lanaldian.

Zehazki profil hauek dira kontratatuko dituztenak: bi agente zibiko Udaltzaingoarekin elkarlanean bizikidetza eta segurtasuna hobetzeko; bi administrari-laguntzaile; bi komunikazio-dinamizatzaile; datu-baseetako analista bat; eta biltegiko laguntzaile bat.

Hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko, Lanbideren webgunean lanpostu bakoitzerako adierazten den eskaintzan izena eman behar dute interesdunek. Izena emateko epea zabalik dago azaroaren 18ra arte.

“Lanpostuak sortzeaz gain, enplegua sustatzeko tokiko ekintza horien helburua partehartzaileen inklusioa, prestakuntza eta egonkortasuna bultzatzea da”, diote udal ordezkariek.

Etxebarriko Udalak 89.500 euro bideratuko ditu 2025-2026 Enplegu Planera, Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak sustatutako dirulaguntzari esker.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Mendi irteera antolatu du Arpelak Etxebarrin, Alberto Lago ipuin kontalariarekin

|

Iturritxualde mendia // Wikipedia

Arpela Euskaltzaleen Elkarteak mendi irteera antolatu du azaroaren 9an.

Santa Marina ospitale zaharra, Iturritxualdeko lubakiak eta askaldia eta Leon askaldia bisitatzeko aukera izango dute herritarrek.

Sei kilometroko ibilbidea izango da eta Alberto Lago ipuin kontalariak parte hartuko du.

Interesa dutenek izena eman behar dute; QR kodea udal webgunean dago.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Beldurrezko Pasabidea antolatu dute Etxebarrin asteburuan Gau Beltzaren egitarauaren barruan

|

Argazkia: Freestocks.org, Unsplash

Arimen Eguna ospatuko da asteburuan Hego Uribeko udalerrietan. Etxebarrin Beldurrezko Pasabidea antolatuko dute aurten ere: ‘Ispilu beltzaren madarikazioa’.

Urriaren 31n, azaroaren 1ean eta 2an bisitatu ahalko dute herritarrek Beldurrezko Pasabidea Kultur Etxean. Jarduera doakoa da, baina interesa dutenek sarrera eskuratu beharko dute esteka honen bitartez. Oraindik azaroaren 1erako eta 2rako sarrerak daude eskuragarri.

Pertsona bakoitzak 8 sarrera lortu ahal izango ditu gehienez; izan ere, bisitak 6-8 laguneko taldeetan egingo dituzte 10 minuturo.

“Pasabide hori udazkeneko hitzordurik gogokoenetariko bat da Etxebarrin, eta belaunaldien arteko lanaren emaitza dugu”, diote udal ordezkariek: “Talka taldeko 12 eta 17 urte bitarteko gazteek eta eguneko zentroko adinekoek parte hartzen dute lan horretan, eta elkarrekin ari dira egiten izuaren etxea girotuko duen dekorazioaren zati bat”.

Tailerra gaztetxoentzat

Beldurrezko Pasabideaz gain, Gau Beltzari buruzko tailerra antolatuko du Etxebarrin Beti Batera elkarteak 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzat.

Urriaren 31n izango da eta tailerra honakoa: sorginen txanoen apainketa eta ‘Saria edo Ziria’ jokoa.

Amezola plazan izango da tailerra eta dagoeneko plaza guztiak bete dituzte.

Jasoko duten diru guztia Julenett elkarteari emango diote, Rett sindromea ikertzearen aldeko elkarteari.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Ertzain batek drogetan positibo eman du Etxebarri parean izandako istripu batean

Etxebarriko industrialde batetik irteten ari zen ibilgailu susmagarri baten atzetik joan ostean, Ertzaintzako patruila-autoak istripua izan du kotxe harekin

|

Artxiboko irudia // Geuria

Ertzaintzako agente batek drogetan positibo eman du Etxebarri parean gertatutako esku hartze baten ostean.

Gertaerak gaur goizaldean gertatu dira: Etxebarriko industrialde batetik irteten ari zen ibilgailu susmagarri batek ez die jaramonik egin ertzainek bere martxa gelditzeko emandako argibideei. Ertzainak ikusterakoan, ibilgailuak ihes egin du, eta modu arriskutsuan gidatu du, patruila atzetik zuela, errepidetik irten den arte. Orduan, patruila-autoak istripua izan duen ibilgailuarekin talka egin du.

Ibilgailuaren barruan hankan igeltsua zeraman gizon bat (gidaria), emakume bat eta adingabe bat zihoazen. Gidaria eta adingabea zauritu egin dira, eta Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetara eraman behar izan dituzte.

Kasuaz Bilboko Udaltzaingoa arduratu da, Ibarsusiko biribilgunean gertatu baita istripua. Eta, ohiko protokoloari jarraituta, ibilgailua gidatzen ari zen agenteari alkohol eta droga-test bat egin diote, eta positibo eman du drogetan.

Agenteak odoleko kontraste-proba bat eskatu du. Ertzaintzak antolaketa neurriak hartu ditu, eta, kautelaz, agente horrek ez du polizia-lanik egingo kalean; horren ordez, eta odoleko kontraste-probaren emaitzak jaso eta gertatutakoa argitu arte, barne-lanak egingo ditu.

Gertakarian inplikatutako bi agenteak bajan daude mutuatik igaro ondoren, eta ihes egindako ibilgailuaren gidaria ikertzen ari dira trafiko-segurtasunaren aurkako delitu baten ustezko egile gisa.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarriko herritarrek erabakiko dute zertan inbertitu 100.000 euro 2026ko aurrekontuan

Herritarrek azaroaren 6ra arte aurkez ditzakete euren proposamenak. Ondoren, Udalak azken zerrenda egingo du, etxebarritarrek bozka eman dezaten

|

Aurrekontu parte-hartzaileak martxan jarri dituzte Etxebarrin // Etxebarriko Udala

Aurrekontu parte-hartzaileak martxan jarri ditu Etxebarriko Udalak. Herritarrek erabakiko dute zertan inbertitu behar dituen Udalak 100.000 euro datorren urteko aurrekontuan.

“Prozesu horren bidez, Etxebarriko auzotarrek udalerriarentzat onuragarriak diren ideiak eta proiektuak proposatu ahal izango dituzte”, diote udal ordezkariek.

Ekarpenak azaroaren 6ra arte aurkez ditzakete herritarrek. Horretarako bi bide dituzte: udal webgunearen bitartez (esteka honetan) edo aurrez aurre Cime eraikinera bertaratuz.

Proposamenak aurkezteko epea bukatuta, Udalak ekarpen guztiak bilduko ditu eta gehien errepikatzen diren, bideragarrienak diren eta eskuragarri dagoen esparru ekonomikora egokitzen diren proposamenen zerrenda egingo du.

Bigarren fase batean bozkatzeko epea zabalduko du Udalak eta etxebarritarrek zuzenean aukeratu ahal izango dituzte gauzatuko diren proiektuak.

Osorik irakurri