☉ Galdakao
Galdakao-Erletxe eta Larrabetzu arteko bidegorria prest egongo da 2026ko amaierarako
3,4 kilometroko bidegorria eraikitzeko lanak martxoan hasi dituzte. Gainera, “laster” Erletxe eta Boroa arteko bizikleta-pista eraikitzeari ekingo dio Aldundiak

Duela bi aste inauguratu zuten Bolueta eta La Baskonia arteko bidegorria, eta Bizkaiko Foru Aldundiak jarraitzen du bizikleta-pistak eraikitzen.
Iazko apirilean GEURIAn publikatu bezala, Galdakao-Erletxe eta Larrabetzu artean bidegorria eraikiko du Aldiundiak. Eta dagoeneko lanak hasi dituzte.
Martxoa hasieran ekin zieten lanei eta aurreikuspenen arabera, 2026ko amaierarako zabalduko dute bidegorria.
Guztira, 3,4 kilometro inguru izango ditu eta, “espazio ireki, parke, lorategi edo basoetatik igaroko da”, adierazi zuen martxoa hasieran Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak.
Txirrindularientzako eta oinezkoentzako ibilbideak izango ditu: lau metro txirrindularientzat egokituta eta bi metro oinezkoentzat, eta trafiko motordunetik “erabat isolatuta” egongo dela ziurtatu du Alzagak.
Aldundiak 11,7 milioi euro bideratuko ditu obra horretara eta Europako funtsek kofinantzatuko dute.
Erletxe-Larrabetzu bizikleta-pista Bizkaiko Bizikleta Bideen L2 linearen parte da, Erletxe eta Erandio lotuko dituena. Zehazki, Lezama, Zamudio, Derio, Sondika, Asua eta Lutxana-Erandio lotuko ditu (Txorierri).
L2 linea hori 19,6 kilometro luze da eta bertatik bigarren mailako hiru adar aterako dira: Mungialdeara (L2 linea), Eskuinaldea-Uribe Kostara (L3 linea) eta Nerbioi-Ibaizabal-Arratia-Durangaldeara (L1 linea).
Erletxe-Boroa
Beste alde batetik, Nerbioi-Ibaizabal-Arratia-Durangaldea linearen barruan, Erletxe eta Boroa arteko bidegorria eraikitzeko lanak “laster” hasiko dituztela jakinarazi du Alzagak.
Bidegorri zati hori Kortederra auzoan zehar igaroko da eta guztira 4,5 kilometro izango ditu, “txirrindulariek eta oinezkoek partekatutako noranzko biko bidezidor batean”.
Erletxe-Boroako bizikleta-pista egiteko 20 hilabete beharko dira, eta 16 milioi euroko aurrekontua bideratuko du Aldundiak.
Bizkaiko Bizikleta Bideen L1 lineak (Bilbo-Zaldibar) 42,7 kilometro luze izango ditu eta bertatik bigarren mailako beste bost adar aterako dira (139 kilometrora arte): Urduñara (Arrigorriagatik, Ugaotik, Arrankudiagatik, Araldotik eta Laudiotik), Arabara (Usansolotik, Bediatik, Lemoatik, Igorretik, Arantzazutik, Arteatik, Areatzatik eta Zeanuritik), Mañariara (Durangotik eta Izurtzatik), Elorriora (Matienatik, Abadiñotik eta Atxondotik) eta Gipuzkoara (Zaldibartik eta Ermuatik).
“Erletxe-Larrabetzu eta Erletxe-Boroa bizikleta-pistek ibilbide alternatiboak sortuko dituzte, motordunen aldean, udalerrien arteko distantzia labur-ertaineko ibilbideetarako. Dena den, asmoa ez da soilik kirol-aisialdiko alternatiba bat izatea, baizik eta benetako alternatiba bat udalerri horien arteko edozein motatako joan-etorrietarako. Horrela, hiri-mugikortasun jasangarria sustatuko da, Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialean oinarritutako bizikleta bidezko mugikortasun-estrategiaren barruan”, diote foru arduradunek.
☉ Galdakao
Bideoa | Xanduli-manduli kirrikiki… Gau Beltza ospatu dute Galdakaon!

“Xanduli-manduli kirrikiki, eman goxokiak guri!”. Horrela ospatu dute Gau Beltza Galdakaon. Aurten elkarlanean antolatu dute arimen gaua Eguzkibegi Ikastolako eta Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek, Udalarekin lankidetzan. Ikusi hemen argazkiak!
☉ Galdakao
Argazkiak | Antzerkia, tailerrak eta edabe magikoa prestatu dituzte Galdakaon Gau Beltza ospatzeko

Gau Beltza ospatzen ari dira Galdakaon. Aurten lehen aldiz elkarlanean aritu dira Eguzkibegi, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoak eta hamaika ekintza antolatu dituzte: aurpegi margoketa, tailerrak, antzerkia, edabe magikoa, gaztain erreak, taloak eta edariak.
☉ Galdakao
Galdakaoko bilketa pneumatikoko langileek grebari amaiera eman diote akordioa lortu ostean
Zortzi hilabete zeramatzaten greba mugagabean. Akordioari esker, besteak beste, % 40ko igoera lortu dute soldatan

Galdakao, Barakaldo eta Laudioko hondakinen bilketa pneumatikoko langileek greba mugagabeari amaiera eman diote, euren baldintzak hobetzeko akordio bat lortu eta gero.
Akordioaren arabera, Envac Iberia enpresak % 40ko igoera izango dute soldatan 16 langileek.
“Lau urtean 530 euroko plus finko eta xurgaezina kobratzera iristiko da plantilla osoarentzat: 150 euro aurten, 260 euro 2026an, 395 euro 2027an eta 530 euro 2028an”, zehaztu dute ELA sindikatuko ordezkariek.
Era berean, hobekuntza hauek ere jasotzen ditu hitzarmenak:; urteko lanaldia 200 ordu murriztea (1.789 orduko jardunaldia izatetik 1.591 ordu izatera); txanda-kontraturako eskubidea bermatzea; lan-erreformaren aurkako klausulak onartzea; eguneko 100 euro jasotzea hoditerian sartzeagatik; jaiegunetan eta igandeetan lan egindako orduaren prezioa bikoiztea; batzarretarako urtean ordainpeko 8 ordu; norberaren gauzetarako egun bat (ordaindua); eta lanpostu hutsen bat dagoenean enpresak plantillari eskaintzea lanaldi partzialean daudenei eta aldi baterako kontratuak dituztenei.
“Akordioa posible izan da antolaketa eta borroka sindikalari esker. Sindikatuaren erresistentzia-kutxa funtsezkoa izan da hilabete hauetan guztietan grebari eutsi ahal izateko”, esan dute ELAko ordezkariek.
Zortzi hilabete zeramatzaten greba mugagabean hitzarmen propioa aldarrikatzeko. Orain arte enpresak Ingeniaritzako Estatuko Hitzarmena aplikatzen zuen.
☉ Galdakao
Gau Beltza antolatuko dute aurten Galdakaon Eguzkibegi, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek elkarlanean
Urriaren 31n mozorroz eta misterioz beteko da Kurtzeko plaza Galdakaon. Hamaika ekintza antolatu dituzte elkarlanean Gau Beltza ospatzeko

Urriaren 31n Gau Beltza da eta Galdakaon hainbat ekintza antolatu dituzte elkarlanean Eguzkibegi Ikastolak, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek eta Udalak.
Aurpegi margoketa, antzerkia, tailerrak, ipuinak, edabe magikoa, gaztain erreak, musika, taloak eta edariak egongo dira Kurtzeko plazan 18:15etik aurrera.
Mozorroak janzteko gonbitea ere egin dute antolatzaileek. Horretarako mozorroa prestatzeko erabilgarri izan daitezkeen aukerak zabaldu dituzte: baserritar-arrantzale gona eta prakak, azpigona, pololoak, baserritar galtzerdiak, abarkak edo espartinak, lastozko txapela, koadrodun edo loredun alkandora, artilezko jertse zaharra, arrantzale edo baserritar zapia, kriseilua, aurpegirako zapia, zaku-telaz egindako jantzia, fibra naturalezko sokak, mantillak edo manta zaharrak.
“Ekimenak herriko eskola publikoen eta ikastola kontzertatuaren arteko lankidetza balioan jartzen du, tokiko ohiturak bizirik mantenduz eta hezkuntza komunitate osoaren arteko bizikidetza sustatuz. Horrela, Kurtzeko plaza tradizioz eta magiaz beteriko gauaren epizentro bihurtuko da”, diote udal ordezkariek.
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakao Gela TEk mendiko aulki egokitua entregatu dio Bizkaiko Mendi Federazioari

Galdakao Gela Txirrindulari Elkarteak bere bosgarren erronka solidarioa burutu du. Aurten mendiko aulki egokitua lortu dute eta atzo, urriak 29, aurkezpena egin zuten Gandasegin.
Proiektua Txirrindulari Elkarteak eta Ganguren Mendi Taldeak elkarlanean garatu dute, Galdakaoko Udalaren babesarekin. Halaber, Kirol Egokituko Bizkaiko Federazioak, Bizkaiko Mendi Federazioak eta Ibilki elkarteak ere parte hartu dute; haiek arduratuko dira aulkiaren erabilera kudeatzeaz eta behar gehien duten pertsonen eskura jartzeaz.
“Azken batean, inklusioaren eta irisgarritasunaren aldeko konpromiso kolektiboa da, eta horri esker aniztasun funtzionala duten haurrek zein nagusiek mendiaz eta naturaz segurtasunez eta autonomiaz gozatzeko aukera izango dute”, esan zuen Igor Anton Gela TEko arduradunak.
Aulki egokitua Bizkaiko Mendi Federazioari emateaz gain, hitzaldi interesgarriak egon ziren: Kepa Lizarraga, Gorputz Hezkuntzaren eta Kirolaren Medikuntzan espezialista eta mendizale galdakoztarra; Jose Rosales, iktus bat gainditu duen Malagako eskalada monitorea; eta Oier Aramendi, Basauriko kirolaria, istripu baten ostean bi hankak galdu arren eskalada egokituan lehiatzen dena.
Pedro Mari Aizarna Bizkaiko Mendi Federazioko presidentea (galdakoztarra hau ere) eta Aitor Gonzalez Bizkaiko Kirol Egitua Federazioko presidentea (Etxebarrikoa hau) ere egon ziren aurkezpenean.




























































