☉ Galdakao
Galdakaoko Ibilaldiaren leloa aurkeztu dute: ‘Magaletik herrire euskera erdire’

☉ Galdakao
Gaizka Carregal galdakoztarra txapeldun, Bizkaiko lau t’erdikoan

Gaizka Carregal Bizkaiko lau t’erdiko txapeldun da nagusien mailan.
Atzo, ekainak 6, jokatu zuen finala Derion Unax Ramirez sopeloztarraren kontra.
Adiskideko pilotariak 22-13 irabazi zuen Kureneko pilotaria.
☉ Galdakao
Programa / Bitsiko jaiak 2025

Ekainaren 6tik 9ra bitartean izango dira Berezikoetxe, Iberluze, Torrezabal eta San Inazio auzoetako jaiak. Bitsi elkarteak Elkarbizitza jaia antolatu du; helburua da auzo horien izaera indartzea, adin guztietako bizilagunen parte hartzea sustatuz.
Bingo herrikoia, paella banaketa, patata tortilla lehiaketa, igel txapelketa, magia ikuskizuna, kalejirak eta kontzertuak antolatu dituzte.
Egitaraua / Bitsiko jaiak 2025
Ekainak 6, ostirala
19:30 Txupinazoa
19:45 Kalejira Soka Batukadak girotua
20:00 Gilda dastaketa auzoko tabernetan
20:30 Saltxitxa ogitartekoa txikientzat Bitsi elkartearen egoitzan
21:00 Umeentzako musika
22:00 Kontzertua: Racay Rollo
00:00 Bingo herrikoia
00:30. Gaupasa musika saioa
Ekainak 7, larunbata
11:30 Paella herrikoia prestatzeko lanak
13:30 Kalejira
14:30 Paella banaketa Berezikoetxe plazan
17:30 Haur eta nagusientzako jolasak
18:00 VII. Guito jaurtiketa
19:00 Kontzertua: Aitor & Maider
22:00 Kontzertua: Diego Vision & Su Banda
01:00 Bingo herrikoia
01:30 Gaupasa musika saioa
Ekainak 8, igandea
11:30 VI. Patata tortilla lehiaketa
12:00 Xaboi ponpak egiteko tailerra
12:30 IV. Ping-pong txapelketa
13:30 IV. Igel txapelketa
14:30 Bazkari herrikoia, trikitixa eta panderoarekin girotuta
17:30 Magia ikuskizuna Winston magoarekin
19:00 Sari banaketa
20:00 Jaien amaiera
Ekainak 9, astelehena
17:00 Haurren eguna (prezio herrikoiak)
☉ Galdakao
Lituaniako hezkuntza sistema bertatik bertara ezagutu dute Galdakaoko Elexalde Institutuko irakasleek
Marta Gaitero Ingeleseko irakasleak eta Naia Gastelu 2030 Agendako arduradunak Lituaniako Prezidento Adamkaus Gimnazija ikastetxean astebeteko job shadowing egonaldia egin dute

Eramus+ programaren barruan, Galdakaoko Elexalde Institutuko Marta Gaitero eta Naia Gastelu irakasleek astebeteko job shadowing egonaldia egin dute Lituaniako Prezidento Adamkaus Gimnazija ikastetxean.
Zehazki, Lituaniako hezkuntza sistema bertatik bertara ezagutu dute: “Tradizioa, irakaskuntza-praktika berritzaileak eta ingurumen-balioekiko konpromiso sendoa uztartzen dituen hezkuntza-sisteman murgiltzeko aukera izan dugu”, diote.
Hainbat hezkuntza-etapatan saioak behatu zituzten, nazioarteko ekitaldietan parte hartu zuten eta bisita kulturalak egin zituzten, “hezkuntzarekiko ikuspegi berezi bat ezagutuz”.
“Lehen unetik nabarmentzen da ikastetxearen egitura sendoa eta arauekiko errespetua. Eraikinerako sarbidea txartel magnetikoekin egiten da, eta ikasleek, txikitatik, euren materiala, bazkariak eta jantokiko errutinak modu autonomoan kudeatzen dituzte. Bigarren hezkuntzan, irakasgai bakoitzak bere gela du, eta ikasleak dira gelaz gela mugitzen direnak. Antolaketa honek kontzentrazioa eta eraginkortasuna sustatzen ditu, irakasleen etengabeko zaintzarik gabe”, azaldu dute irakasleek Lituaniako egonaldia bizi ostean.
Egituratutako irakaskuntza, metodologia anitzekin
Irakasleen gidaritza duten saioak ikusi zituzten, “nahiz eta ikasleen parte-hartze aktiboa eta zentzuzko jarduerak ere ikus zitezkeen”, diote.

Prezidento Adamkaus Gimnazija ikastetxeko ikasgela bat // Elexalde BHI
“Lehen Hezkuntzan, Matematikako ikasgai batean perimetroaren kalkulua eskolako Eco-Feria proiektuarekin lotu zen. Irakaslea hurbila zen eta Classroom Screen bezalako baliabide digitalak erabili zituen saioa gidatzeko”, azaldu dute.
Bigarren hezkuntzan, Elexaldeko irakasleek ingeleseko ikasgai batean parte hartu zuten, “komunikazioa, pentsamendu kritikoa eta kontzientzia globala lantzeko diseinatua, Kenyako kultura ardatz hartuta”, diote, eta gaineratu dute: “Bideoak, jolasak eta abestiak erabiliz, ikasleek errespetua eta jakin-mina garatu zuten bestelako errealitateekiko, Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) bat eginez”.
Zientzietako ikasgai batean ere parte hartu zuten, formatu tradizionalagoarekin: “Azalpen teorikoak liburu digitalen bidez, eta ondoren banakako lana”, diote.
“Elikagaien Teknologia bezalako irakasgaietan, teoria eta praktika uztartzen ziren jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren printzipioen bidez. Ikasleek, esaterako, hondakin organikoekin egindako landare-lorontzi berrerabilgarriak sortzen zituzten”, diote.
Jasangarritasuna eta berrikuntza
‘ECO Ideas for Lithuania 2025’ nazioarteko ekitaldia ere ezagutu zuten Elexaldeko irakasleek: “Ikasleek, irakasleek eta atzerriko gonbidatuek ingurumenaren inguruko gaiak eztabaidatu zituzten eta Eco-Feria batean parte hartu zuten, ikasleek eurek diseinatu eta ekoitzitako produktuak saldu zituzten”, diote.

Prezidento Adamkaus Gimnazija ikastetxeko Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak // Elexalde BHI
“Ekitaldi hau urteko proiektu diziplinarteko baten amaiera izan zen eta jasangarritasuna curriculum osoan nola txertatuta dagoen erakutsi zuen”, diote.
Beste alde batetik, job shadowing egonaldiari esker Vilnius eta Trakaiko bisitak egin zituzten Elexaldeko irakasleek: “Bertan, ikasleek aire libreko orientazio-jardueretan parte hartu zuten, talde-lana eta kultura arteko komunikazioa sustatzeko helburuarekin. Nazioarteko proiektuen trukerako foro bat ere antolatu zen, eta horrek aukera eman zuen beste ikastetxe europar batzuekin (Portugal, Tenerife, Erroma eta Lituaniako musika eskola bat) harremanak ezartzeko, etorkizuneko lankidetzarako ateak zabalduz”, diote.
“Esperientzia honek ikusiarazi digu Lituaniako hezkuntza-eredua ikasleen autonomia eta erantzukizunean oinarritzen dela, egituratutako irakaskuntzan eta jasangarritasunarekiko konpromiso argian. Nahiz eta metodologia batzuk tradizionalak izan, ikaskuntza esanguratsuan eta ikasleak herritar aktibo, kritiko eta ingurunearekiko konprometitu gisa prestatzeko ahalegina nabarmena da”, ondorioztatu dute Elexalde Institutuko irakasleek.
☉ Galdakao
Maria Casillas galdakoztarrak Europako errekorra hautsi du 4×50 errelebotan, Master kategorian
Casillasekin batera erreleboen taldea osatu dute Cristina Mardonesek, Naia Ibarrondok eta Ane Ibarrondok, denak Swim Camp Getxo klubekoak

Maria Casillas Chueca igerilari galdakoztarrak Europako errekorra hautsi du errelebotan, Master kategorian, asteburuan Getxon.
Casillasekin batera erreleboen taldea osatu dute Cristina Mardonesek, Naia Ibarrondok eta Ane Ibarrondok, denak Swim Camp Getxo klubekoak.
Lau igerilariek 1’57″67-ko denbora egin dute 4×50 estilos +100 proban, 1’57″71-ko marka hobetuz (Britainia Handia).
“Poz-pozik gaude! Adinez gero eta nagusiagoak gara, baina errekorrak hausten jarraitzeak sekulako poztasuna ematen digu”, adierazi dio Casillasek GEURIAri: “Gainera, kide bat lesionatuta egon da denboraldi honetan, baina txapelketa honetarako prest egon da eta lortu dugu Europako marka hobetzea! Beraz, sari bikaina guretzat!”.
Iazko uztailean Munduko eta Europako errekorrak hautsi zituen Casillasek 4×100 errelebo probetan, eta apirilean, bakarka, Bizkaiko errekorra egin zuen 50 metroko bizkar-igeriketan.
☉ Galdakao
Leire Doncel eta Itxaso Hernandez Galdakaoko taekwondolariek brontzezko dominak irabazi dituzte Espainiako Txapelketan
Euskadi ordezkatuz, Doncel banakako modalitatean sailkatu zen hirugarren eta Hernandezek domina irabazi zuen hirukote sinkronizatuan

Leire Doncel eta Itxaso Hernandez galdakoztarrek Espainiako Poomsae Taekwondo Txapelketan parte hartu zuten Euskadi ordezkatuz eta brontzezko domina bana irabazi zituzten.
Txapelketa maiatzaren 31n jokatu zen Valladoliden. Doncel banakako modalitatean sailkatu zen hirugarren eta Hernandezek domina irabazi zuen hirukote sinkronizatuan.
Urreta Taekwondo Taldeko kideak dira Doncel eta Hernandez, eta Espainiako Poomsae Txapelketan Sergio Perez arbitroarekin bat egin zuten, hori ere Urreta klubekoa.