☉ Galdakao
Erreportajea / Sare sozialak, dendaren beste erakusleiho bat
Koba arropa dendako bi jabeetako bat da Leire Loroño galdakoztarra. 2001ean ireki zuen negozioa eta bi hamarkada igaro diren arren, lehen eguneko ilusioa mantentzen du. 2023tik herriko merkatarien elkarteko burua ere bada

[2025eko martxoaren 6an paperezko edizioan publikatutako elkarrizketa – Geuria 116] Hasiberri baten ilusioaz hitz egiten du bere negozioaz eta tokiko merkataritzaz Leire Loroño Fernandez galdakaoztarrak.
Bi hamarkada baino gehiago igaro dira senide batekin batera Koba arropa denda ireki zuenetik, eta 2001etik hona tokiko merkataritzaren eta Galdakaoren errealitatea zeharo aldatu den arren, hasierako helburuak bere horretan dirau: “gure bezeroei arreta pertsonalizatua ematea, gustora egon daitezen”.
Urte hauetan pilatutako eskarmentuak ikasgai baliotsuak utzi dizkio, bat beste guztien gainetik, elkarrizketan zehar hainbat aldiz errepikatuko duen gogoeta bat, bai bere dendaz ari dela, eta bai tokiko merkataritza hizpide duenean ere: “denda eta bezeroa zaindu behar ditugu, egunero. Batzuetan gogorra da, baina baita aberasgarria ere”.
Herriko merkataritzaren egoera ondo baino hobeto ezagutzen du galdakaoztarrak, 2023an “GuDendari” Galdakaoko tokiko merkatarien elkartearen ardura ere hartu baitzuen, beste bi kiderekin batera.
Bide berriak urratzen
Modu “natural” batean eman zen aldaketa GuDendariren zuzendaritzan:”bazkide moduan urte asko generamatzan elkartean sartuta, eta 2023an zuzendaritzatik deitu ziguten, utzi behar zutela esanez”.

Egoera ikusita, “aurrerapausoa” ematea erabaki zuen Loroñok: “Azken finean” borobildu du, “erraza da beti besteei kontuak eskatzea, baina norberak ere eman egin behar du eskatu ahal izateko. Nire kasuan, gainera, seme-alabak koxkortuta dauden lez, banuen aukera, eta momentu egokia iruditu zitzaidan”.
Gogotsu hasi ziren lanean, “oso giro ona aurkitu genuen, eta lan bikaina zegoen eginda aurretik”, erronkari tamaina hartu nahian.
Euren lehentasunen artean, hainbat nabarmendu ditu Loroñok: “Digitalizazioaren erronka, errelebo falta, alokairuen eta beste gastu batzuen garestitzea, saltoki handien konpetentzia, paketeria enpresa handiek eskaintzen dituzten zerbitzuak…”. Arazo horiek ez dira Galdakaori dagozkionak soilik, orokorrak baizik, baina badago merkatarien artean kezka piztu duen beste kontu bat ere: metroaren etorrera. “Beste herri batzuetan gertatu dena ikusita badago kezka hori, azken finean Bilborekin lotura asko erraztuko da, eta jende asko bertara joan daiteke erosketak egitera” dio Loroñok. “Nik, aldiz, alderantziz ikusi nahi dut. Bi norabidekoa da metroa, eta jendea Bilbora doan modu berean etorri daiteke hona ere”.
Izatez “baikorra” dela zehaztu du Galdakaoko merkatariak, “botila erdi beteta ikusi nahi duen horietakoa”. Jarrera hori bera izaten ari da GuDendarin egiten ari den lanean ere. 122 bazkide ditu egun elkarteak, eta hainbat ekimen abiarazi dituzte azken aldian: “web orria sortu genuen, gure saltokien informazioa eta ikusgarritasuna handitzeko, laguntzak kudeatzen laguntzen diegu merkatariei, bono kanpainak ere baditugu, erakusleiho lehiaketa berpiztu dugu.. galtza bete lan ari gara!”.
“Zailtasun handiak” dituztela ez du ukatzen.”Inplikazio handia eskatzen duen lana da hau, ordutegiak ez dira batere onak”, eta hilabetero soldata “duin” bat irabaztea ez dute bermatuta izaten: “Zergak, alokairuak, mota guztietako gastuak, energia… saltoki bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina orokorrean gastu handiei aurre egin behar diegu tokiko saltokiek, eta esan bezala, irabaziak ez dira handiak izaten”.
Zentzu horretan, Loroñoren ustez garrantzitsua da ibilbide honetan Udala bidelagun izatea, hainbat ekimen elkarrekin aurrera eraman ahal izateko: “Udalak ondo baino hobeto ezagutzen du tokiko merkataritzaren garrantzia, eta aldi berean guk badakigu Udala hurbilden daukagun erakundea dela, bidea erraztu edo laguntza zuzenena eman ahal diguna. Zentzu horretan nabarmenduko nuke harremana estua dela”.
Euskara, saltokien barruan ere
Euskarak tokiko merkataritzan duen lekuaz ere aritu gara Leire Loroñorekin. Orain dela bost hilabete eskas, Galdakaoko Udalak tokiko merkataritza euskalduntzeko diru laguntza lerro bat zabaldu zuen. Monika Bailon Sustapen Ekonomikorako zinegotziak adierazi zuenaren arabera, “gure dendetan euskararen erabilera normalizatu nahi dugu eta horregatik errotulazioa eta seinaletika euskaraz ere egon daitezen lagunduko dugu. Euskara gai transbertsala da eta gure arloak bere gain hartzen du euskararekiko erantzukizuna”.

Datorren euskaraldiaren harira ere, tokiko merkataritza xaxatzeko ahalegin berezia egingo dute. Loroñoren arabera, ohitura kontua da: “Galdakaon euskararen ezagutza handia da, baina aldiz, erabilera ez”. Hori horrela, lehen hitza euskaraz egitearen garrantzia nabarmendu du: “gure dendara datorrenak euskaraz egiten badit euskaraz jarraituko dut, baina bestela gaztelaniara jotzeko ohitura dugu, edo nik behintzat bai”.
Erantzuna bezeroaren bizkar ez uzteko asmoz, dendari euskaldunak identifikatzeko lanean ari dira udalarekin batera, horrela herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko asmoz. Bidea “luzea” izan daitekeela uste duen arren, jarrera, “orokorrean” positiboa dela deritzo Koba Arropa dendako jabeak.
Garaiekin bat aldatuz
“Zoratuta geundela”. Hori da Leirek eta bere bazkideak denda zabaltzeko asmoaren berri emandakoan jaso zuten erantzuna. 2001. urtea zen, “gazteak ginen, gogotsu geunden”, eta aurrera egitea erabaki zuten. Apustua arrakastatsua izan da, bi hamarkada geroago zabalik eta “osasuntsu” baitago denda. Ez hori bakarrik, “hasi gineneko bezero askok gurekin jarraitzen dute egun ere, eta hori da gure arrakastarik handiena”.
Dendaren ezaugarriak nabarmentzerako orduan, zera azpimarratu du Loroñok: “Berritasunei adi egoten gara, noski, baina ez dugu guk jantziko ez genukeen arroparik erosten”. Estilo “nordikoan” oinarritzen dute dendako katalogoa, baina ahal dela, inguruko diseinatzaileekin lan egiten saiatzen dira: “Modaren munduan ere jasangarritasunaren aldeko apustua egin behar dugu, eta horretan egin dira aurrerapausoak azken hamarkadetan, nahiz eta onartu behar dugun diseinatzailea hemengoa izanda ere arropa, gehienetan, Asia aldean egiten dela”. Aldaketez ari garela, arropa aukeratzeko modua ere goitik behera aldatu da: “Lehen Bilboko hoteletara etortzen ziren arroparekin marka ezberdinak, eta bertan egiten genuen aukeraketa”. Aurrerapen handiarekin lan egin behar da arropa denda batean, “urtebete lehenago aukeratzen dugu hurrengo neguko eta udako bilduma”.
Esan bezala, denda ireki zutenean marka ezberdinak Bilbora hurbiltzen ziren, baina urteen poderioz Madrilen kokatu da modaren epizentroa estatu mailan, eta bertara jotzen dute Koba dendako arduradunek urtean birritan: “Showroom ezberdinetara joaten gara, eta bertan aukeratzen dugu bai behar duguna eta bai gustoko duguna ere. Urte asko daramatzagu lan honetan, eta gutxi gora behera badakigu nora eta nondik jo”.
Munduari zabalik dagoen denda
“Dendaren beste erakusleiho bat, kasu honetan mundu guztiari zabalik dagoena, edonoren eskuragarri”. Horrela definitzen du Loroñok sare sozialek egun duten garrantzia. Kobaren kasuan, instagrameko profila elikatzen dute gehienbat, eta bertan dendara heltzen diren berritasunen berri ematen dute, bideo laburren bidez.
“Salmentak lortzeko beste modu bat da, baina hala ere, ez daukagu web orrian katalogoa salgai. Nahiago dugu sareetan jantzi edo dana dalakoa ikusi duen pertsonarekin hitz egitea, telefonoz bada ere, eta bere janzteko ohiturak zein gustoko duena ezagutu”. Beste modu batean bada ere, tokiko merkataritzak berezkoa duen hurbiltasun hori mantendu nahi dute, eta emaitza ona dela zehaztu du Loroñok: “Bidalketak egiten ditugu estatu osora, eta behin ere ez digute bidalitakoa bueltatu. Horrek erakusten du garrantzitsua dela zer edo zer erosi aurretik hainbat xehetasun argi izatea”. “Tokikoa, baina mundura zabalik”. Elkarrizketa laburbildu dezakeen esaldia da hau, Koba denda eta baita egungo eta etorkizuneko tokiko merkataritzaren erronka nagusietako bat definitzeko balio duena.
☉ Galdakao
Galdakaoko PSEk lokal publikoen inbentarioa egitea eskatuko du urriko osoko bilkuran
Herritarrentzat hainbat jardueratarako erabil daitezkeen udal jabetzako lokal, espazio eta eraikinen inbentarioa egitea eskatuko du alderdi sozialistak

Galdakaoko PSEk herritarren eta elkarteen jardueretara bidera daitezkeen udal lokalen, espazioen eta eraikinen inbentarioa eskatuko du urriko osoko bilkuran, bihar, urriak 30.
Era berean, titulartasun publikokoak izan arren oraindik erabiltzeko behar bezala egokituta ez dauden lokalak jasotzea eskatuko du alderdi sozialistak.
“Gainera, udalerriko auzoetan banaketari dagokionez dauden baliabideen azterketa egitea ere eskatuko dugu, gabezia gehien dituzten auzoak zeintzuk diren baloratzeko”, adierazi du Victor Trimiño PSEko bozeramaileak.
Ildo horretan, duela 17 hilabete onartutako Parte-hartze Ordenantza betetzeko aldarrikatuko du alderdi sozialistak Galdakaoko osoko bilkuran: “Partaidetzari buruzko Ordenantzan, 2024ko martxoan onartua, gai hori aipatzeak ere ez du aurrerapausorik ekarri”, dio Trimiñok.
“Ordenantzan bertan jasotzen den urteko konpromisoa ez da betetzen. Aldarrikapen hori bat dator talde politiko, erakunde eta bizilagunen artean partekatutako diagnostiko batekin: Galdakaon erabilera komunitariorako espazio eta lokal publiko gehiagoren beharra. Gainera, talde sozialistak urteetan zehar eskatu du partida ekonomikoak sartzea udal aurrekontuetan, baliabide mota horiek handitzeko edota daudenak egokitzeko”, adierazi du Trimiñok.
PSEko bozeramailearen arabera, “informazio zehatza duen inbentario batek gaur egun eskuragarri dauden lokalen eta baliabideen errealitatea argituko luke, diagnostiko zehatza egin ahal izateko eta egoera hobetzeko eta antzemandako beharrei aurre egiteko politika egokiak egin ahal izateko”. Inbentarioa bi hilabeteko epean publikatzea eskatuko du PSEk urriko osoko bilkuran.
☉ Galdakao
Jose Mari Argoitia galdakoztarra hil da, Basconiako eta Athleticeko futbolari ohia

Athleticek jakinarazi duenez, Jose Mari Argoitia futbolari ohia hil da gaur 85 urterekin. Jaiotzez Galdakaokoa, Arkotxarekin lotura handia izan zuen, familia bertakoa baita.
Basauriko CD Basconian jokatu ostean, hirurogeiko hamarkadan fitxatu zuen Athleticek eta 1972an taldea utzi zuen: hamabi denboralditan 308 partida jokatu zituen eta 69 gol sartu zituen. Besteak beste, Piru Gainza basauriarra bere entrenatzaile izan zen.
1969ko Kopa irabazi zuen, eta Argoitiak Anton Arietari asistentzia eman zion titulua lortzeko erabakigarria izan zen golean.
“Athleticekiko leialtasun handia izan zuen. Bere familiak bere oparia jaso zuen atzo, hil bezperan, elkarteko bazkide gisa 75 urte baino gehiago betetzeagatik. Lezamako beheko mailetan entrenatu zuen, filialeko bigarren entrenatzailea izan zen eta Jose Luis Mendilibarren laguntzailea ere bere lehen taldean egin zuen denboraldi bakarrean. Klubari laguntzeko beti prest, bikote paregabea osatu zuen Koldo Aguirre peñen enbaxadore zela”, adierazi dute klub bizkaitarretik.
Athleticek besoko beltza jantziko du urriaren 25ean Getaferen aurka jokatuko duen partidan.
☉ Galdakao
Galdakaoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatzeko aukera dute orain herritarrek
Galdakao app-a eguneratu du Udalak. Herriko aparkalekuen okupazioaz gain, garraio publikoari buruzko informazio zehatza ezagutu dezakete galdakoztarrek

‘Galdakao’ sakeleko telefonoko aplikazioa eguneratu du Udalak. Eta eguneraketa horri esker, herritarrek anbulatorioko, Lapurdiko eta udaletxe ondoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatu ahal izango dute.
“Mapa interaktibo baten bidez, erabiltzaileek bakoitzean zenbat aparkaleku libre dauden ikus dezakete, baita hautatutako parkingera iristeko jarraibide zehatzak jaso ere”, diote udal ordezkariek.
Era berean, garraio publikoari buruzko informazio zehatza jaso ahalko dute herritarrek eguneraketari esker: Euskotreneko trenetarako itxaron denbora kontsultatzea eta Galdabusaren bi lineei buruzko informazioa ezagutzea, hain zuzen.
“Zuhatzu-Galdakao tren geltokitik igarotzen diren trenetarako itxaron denbora kontsultatu daiteke, bai Bilboko noranzkoan, baita Bermeo, Eibar eta Donostiako noranzkoetan ere. Horrela, herritarrek euren joan-etorriak modu eraginkorragoan antolatu ahal izango dituzte, alferrikako itxaronaldiak saihestuz”, diote.
Galdabusari buruzko informaziori dagokionez, erabiltzaileek mapa interaktiboan ikus dezakete geltoki guztien kokapen zehatza, baita ibilbide bakoitzaren eguneratutako ordutegiak ere.
Zerbitzu horiek eskaintzeaz gain, ‘Galdakao’ app-ak honako funtzionalitateak ditu: azken berriak ezagutzea; agenda kontsultatzea eta sarrerak eraostea; Bizkaibus lineei buruzko informazioa; botika eta guardiako farmazien kontaktuak; liburutegien eta kiroldegien informazioa eta horietan tramiteak egiteko aukera; ESAN Herritarren Arretarako Bulegoarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera; abisuak eta iradokizunak bidaltzea; edota Udalean egin daitezkeen administrazio tramite guztiei buruzko informazio zehatza kontsultatzea.
“Udalaren aplikazioaren bidez, eta horren azken eguneratzearekin, Udalak digitalizazioarekiko eta zerbitzu publikoak hobetzeko duen konpromisoa berresten du, herritarren egunerokoan erabilgarriak diren tresnak guztien eskura jarriz. Hortaz, aplikazioa sakelako telefonoan jartzeko gonbita egiten die Udalak herritarrei, informazioa uneoro eskura izan dezaten”, diote. App-a Android zein Apple gailuetan deskargatu dezakete herritarrek.
☉ Galdakao
Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu dute urriaren 26an
Ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte igandean Galdakaoko Batzokiaren 120. urteurrena ospatzeko

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du EAJk urriaren 26an, igandez.
Iturrondo plazan izango da ospakizun ekitaldia 12:00etan: ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte.
Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidentea izango da ekitaldian; berak emango du hitzaldia ekitaldi politikoan.
☉ Galdakao
Torrezabaleko liburutegia itxita dago ostiralera arte Galdakaon, eraikinaren estalkiko lanak direla eta
Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Udalak eta orain karga proba bat egin behar dute. Proba hori egiten duten bitartean hirugarren solairua itxita egongo da

Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Galdakaoko Udalak. Orain, eraikinaren estalkian karga proba egin behar dute.
Proba hori egiten duten bitartean, eraikinaren hirugarren solairua itxita egongo da urriaren 22tik 24ra arte. “Bertan kokatzen da liburutegia eta, beraz, zerbitzu hori erabiltzaileentzat itxita egongo da ostiral eguerdira arte”, diote udal ordezkariek.
Auzokide, ikasle eta liburutegiko erabiltzaile guztien lankidetza eskertu du Udalak eta lan hauengatik sor daitezkeen eragozpenenak sentitzen dituela jakinarazten du. Eskuhartzearen eragina ahalik eta gehien murrizteko lanean ari da.
Era berean, makina gela handituko du Galdakaoko Udalak, “etorkizunari begira makineria berria jartzea aurreikusten baitugu”, diote.










