☉ Hego Uribe
Osakidetzako “gainkarga” eta “utzikeria” salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte bihar Hego Uriben

Osakidetzako egoera “jasanezina” salatzeko mobilizazio gehiago deitu dituzte SATSE, ELA, LAB, CCOO y UGT sindikatuek. Abenduaren 22an egin zituzten elkarretaratzeak osasun zentroen aurrean, eta bihar, urtarrilak 13 (13:00), berriro deitu dituzte kontzentrazioak, Osakidetzako “gainkarga” eta “utzikeria” salatzeko: “Joan den abenduaren 22an kontzentrazioak egin ziren Osakidetzaren lehen mailako arretako egoera jasanezina salatzeko. Hala ere, egoera are gehiago okertu da”.
“Langileen eskasia oso nabarmena da, eta horren adibide, besteak beste, Osakidetzak Covid autotesta bezalako neurriak dekretatu dituela da. Hau da, paziente bakoitzak bere lagina jaso beharko du zeregin hori egiteko behar adina profesional ez izateagatik”, salatu dute SATSE sindikatutik.
Egoera hori salatzeko bihar 13:00etan elkarretaratzeak deitu dituzte sindikatuek osasun-zentro guztien aurrean. Hego Uribe eskualdean ere elkarretaratzeak izango dira.
“Zoritxarrez, ez da pandemiaren ondoriozko egoera koiuntural bat. Egungo osasun-krisiak larriagotu egin du, are gehiago, egiturazkoa eta pandemiaren aurrekoa den egoera. 2019an, lehen mailako arretako langileek hiru greba egun egin zituzten garai hartan bizi zuten egoeraren larritasuna salatzeko. Gaur egun, bi urte geroago, egoerak okerrera egin du”, salatu du sindikatuek, eta gaineratu dute: “Egoera kezkagarria izan arren, Eusko Jaurlaritzak ez ditu urratsak ematen aipatutako arazo larriak konpontzeko. Onartu berri den 2022rako Aurrekontuen Legeak osasungintzarako inbertsio bat aurreikusten du, 2021ean benetan gastatutakoa baino 16 milioi euro gutxiago”.
Sinadura bilketa
Osakidetza indartzeko sinadura bilketa martxan jarri du Euskadiko Podemos Ahal Duguk ospitale zein osasun zentroetan. Hain zuzen ere, duela hilabete batzuk Osakidetzatik kaleratutako 4.000 osasun-langileak berriro kontrata ditzala eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari sinadura bilketa horren bitartez. “Dagoeneko milaka sinadura bildu ditugu”, diote alderdi moretik. Biharko elkarretaratzeetan ere sinadurak bilduko dituztela adierazi dute, adibidez, Basauriko Elkarrekin Podemoseko ordezkariek.
Manifestazioak U23an
Osakidetzaren “egoera larria” salatzeko manifestazioak deitu dituzte ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek urtarrilaren 23an 12:00etan EAEko hiru hiriburuetan: Bilbon (Jesusen Bihotzetik), Gasteizen (Andra Mari Zuriaren plazatik) eta Donostian (Boulevardetik). “Pandemiaren aurreko egitura gabeziak direla eta, lehen mailako arretak duen kolapso egoera eta ospitaletako arretaren gainkarga salatuko ditugu eta egoera horri aurre egiteko berehalako neurriak eskatuko ditugu”, diote sindikatuek: “Mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa da. Horregatik, Osakidetzako langileei ez ezik, herritarrei eta gizarte-mugimenduei eta erakundeei ere dei egiten diegu. Osasun publikoa bizi-aseguru kolektiboa da, eta, zalantzarik gabe, defendatu egin behar dugu. Horregatik, egoera iraultzeko pausorik ematen ez bada, mobilizazioak areagotuko dira”.
Bideoa | Osakidetzako lehen arretaren egoera salatu dute sindikatuek Basaurin
☉ Hego Uribe
ZOZKETA / ‘Ezinbestekoak’ diren bi saskien zozketa, Errigora eta GEURIAren eskutik
Zozketa Geuriaren Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta parte-hartzaileek hiru pauso erraz bete beharko dituzte, komunitatea sortzeko eta Agerreko euskara pizteko.

Martxoaren 10etik 26ra luzatuko da Errigora auzolan-ariketa erraldoi honetan Agerreko —alegia, Nafarroa erdi eta hegoaldeko— produktuen eskaintza. Horien balioaren % 25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.
Euskara hauspotzen duten eragileentzako ekarpena indarrak batuz egiten da ‘Eskutik eskura’ kanpainari esker, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari behar duen haize bolada bidaltzeko.
Zozketa Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta honakoak dira zozketan parte hartzeko pausoak:
😍 @geuria.eus jarraitu
❤️ Like eman
💬 Zein lagunekin egingo zenuke otordutxo eder bat? 😉 Etiketatu.
🔴 Gorria edo 💚 Berdea? Elkarbanatu zure story-etan nahiago duzun saskiaren argazkia eta @geuria.eus aipatu. Horrrela jakingo dugu zein saski duzun gustukoen.
Zozketan parte hartzeko epea zabalik dago urriaren 31ra arte (12:00). Datozen egunetan egingo dugu zozketa eta irabazleak postean bertan etiketatuko ditugu. 48 orduren buruan irabazleren bat ez bada GEURIArekin harremanetan jarri, txandapasa egingo dugu eta zerrendako hurrengoari paso emango diogu.
Irabazleetako bat bazara, nola jarri GEURIArekin harremanetan? Instagram bidez mezu bat bidalita, info@geuria.eus helbide elektronikora idatzita edo 944 406 692 telefono zenbakira deituta.
Errigorak produktuak salgai ditu errigora.eus atari digitalaren bidez. Eskaera egin eta banaketa hurrengo asteetan izango da eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean jasoko dituzte erosleek. Eskaera egiterakoan aukeratu behar duzu produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko duzu jasotzera. Hego Uribe eskualdeko hainbat puntutan ere eros daitezke kutxak. (+) ikurra duten guneetan, internet bidez erosi eta bertan jaso daiteke erosketa.
ARRIGORRIAGA
Arrigorriagako AEK
BASAURI
+Bolintxu AEK
GALDAKAO
+Eguzkibegi Ikastola
☉ Hego Uribe
Bideoa | Berbalagun egitasmoa martxan da Basaurin eta Galdakaon, nobedade askorekin

Martxan da Basaurin eta Galdakaon Berbalagun egitasmoa. Aurtengoa hamabosgarren edizioa da Basaurin eta hogaita batgarrena Galdakaon.
Programaren helburua da euskaldun berriei ikasitakoa praktikara eramateko zubi lana egitea eta euskaraz bizi nahi duten euskaldun osoei euren ingurua euskalduntzen laguntzea.
Hasierako asmoa zen taberna batean euskaraz berba egiteko taldeak sortzea, baina urtetik urtera hedatu egin da ekimena eta interes talde desberdinak eratu dituzte bai Basaurin bai Galdakaon. Hala nola, mendi taldea, jostun taldea, euskal dantza taldea, txalaparta taldea, bizkaiera lantzeko taldea, Gurasolagun taldeak, musean aritzeko taldeak edota irakurketa taldea.
Eta, aurten, nobedade gehiago izango ditu egitasmoak: “Basaurin kakorratz taldea sortu da eta aurten gure erronka izango da gurasoberriak edo haur txikiak dituzten gurasoak elkartzea parke edo plaza batean euren artean harreman euskaldunak sortzeko; horri Parkelagun deitu diogu”, dio Ioritz Lopez de Alda Basauriko Berbalagun dinamizatzaileak.

Hego Uribeko Berbalagun egitasmoko arduradunak eta Basauriko eta Galdakaoko udal ordezkariak // Geuria
Txakurlagun taldeak ere eratu nahi dituzte Basaurin, baita Galdakaon ere. “Ikasturte honetako erronka da Txakurlagun taldeak sortzea; izan ere, eskualde honetan hainbat txakur daude eta jabeak askotan entzuten ditugu eurei euskaraz egiten”, esan du Asier Martin Galdakaoko Berbalagun arduradunak.
Eskualdeko ondarea ezagutzen
Eskualdeari begira ere talde berri bat martxan jarriko du Berbalagun egitasmoak: Euskal Herriko ondare kulturala ezagutzeko taldea, hain zuzen.
“Basauriko eta Galdakaoko kultur ondarea ezagutzea da asmoa. Hilean behin batuko gara, eta hasteko, azaroaren 8an Galdakaon izango dugu hitzordua. Elexalde auzoan elkartuko gara, Guzur Aretxaren ondoan, eta ibilalditxoa egingo dugu”, dio Martinek.
Abenduan Basauriko ondare kulturala ezagutuko dute: “Oraindik data zehazteke dago —abenduaren 13an edo 14an izan daiteke—, baita zein ibilbide egingo dugun ere”, adierazi du Lopez de Aldak.
“Eskualdeko ondare kulturala ezagutu nahi dugu, baina baita Bizkaikoa eta Euskal Herrikoa ere. Hirugarren hitzordurako Bermeora irteera antolatu nahi dugu. Aurrerago emango dugu informazio gehiago”, diote.
Izena ematea: doan!
Berbalagun taldeak martxan dauden arren, izena emateko epea ikasturte osoan zehar zabalik dagoela gogorarazi dute Berbalaguneko dinamizatzaileek.
Izena ematea doakoa dela azpimarratu dute, eta eskatzen den gauza bakarra euskaraz elkarrizketa bat mantentzeko kapaz izatea dela.
Taldeetan eta ekintzetan izena emateko 607 146 855 telefonora deitu edo galdakao_berba@aek.eus (Galdakao) edo hegouribe@aek.eus (Basauri) helbide elektronikoetara idatz dezakete interesdunek.
Basauriko eta Galdakaoko Udalek, Udal euskaltegiek, AEK-k eta, Basauriko Hizkuntz Eskolak babesten dute Hego Uribeko Berbalagun programa.
Agenda | Hego Uribeko Berbalagun
2025 Urria-Abendua
Urriak 26, igandea | Basauri-Galdakao
Mendi irteera: Belatxikieta
09:00 Basauriko udaletxe pareko autobus geltokia
Urriak 30, osteguna | Basauri
Mintzodromoa
10:00 Solobarria plaza
Azaroak 4, asteartea | Galdakao
Berbalagun aurkezpen jaia
18:30 Ganguren taberna
Azaroak 8, larunbata | Galdakao
Ondare taldearen lehen txangoa: Elexalde
10:00 Elexaldeko Guzur Aretxa plaza
Azaroak 13, osteguna | Basauri
Berbalagun aurkezpen jaia
18:30 Bonboi taberna
Abenduak 4, osteguna | Galdakao
Mintzodromoa
10:30 Kurtzeko frontoia
Abenduak 12, ostirala | Basauri-Galdakao
Baskot Gaua
19:00 Bananas tabernatik
Abenduak 13 edo 14 | Basauri
Ondare taldearen bigarren txangoa: Elexalde
Abenduak 19, ostirala | Galdakao
Gurasolagun taldearen lehen hitzordua
17:15 Galdakaoko AEK Euskaltegian
☉ Hego Uribe
Palestinaren alde elkarretaratzeak deitu dituzte gaur Hego Uriben, lanuzte orokorrarekin bat eginez
Mobilizazio guztiak 19:30ean egingo dituzte. Arrigorriagan, Ugaon, Galdakaon, Etxebarrin eta Usansolon udaletxeen aurrean burrunbak antolatu dituzte

Gaur, urriak 15, Palestinaren aldeko elkarretaratzeak deitu dituzte Gernika-Palestina herri ekimenetik Hego Uribe eskualdeko hainbat udalerritan, lanuzte orokorrarekin bat eginez.
“Israeli zilegitasuna kentzea eta mendebaldeko estatuen interesen kontra egitea da gure ekarpenik onena palestinarrek indar-harreman hobea izan dezaten erabakiak hartu ahal izateko”, azaldu dute Palestinarekin Elkartasunatik. “Horregatik atera ginen hamarnaka milaka pertsona Iruñean joan den urriaren 4ean palestinar erresistentzia babestu eta sionismoa suntsitu behar dela aldarrikatzeko eta horregatik aterako gara urriaren 15ean palestinarren aldarri historikoekin”.
Gaurko mobilizazioen helburua, Palestinarekin Elkartasunatik azaldu lez, Eusko Jaurlaritzari, Nafar Gobernuari, Espainiako zein Frantziako Gobernuei eta CAF bezalako enpresa konplizeei presio egitea da, “Israelekin harreman oro eteteko”.
Mobilizazio guztiak 19:30ean egingo dituzte. Arrigorriagan, Basaurin, Ugaon, Galdakaon, Etxebarrin eta Usansolon burrunbak antolatu dituzte.
Elkarretaratzeak: Hego Uribe eskualdea
Basauri
Bentako plazan
Galdakao
Udaletxeko plazan
Arrigorriaga
Udaletxeko plazan
Ugao
Herriaren plazan
Etxebarri
Etxebarriko plazan
Usansolo
Izar Gorri plazan
☉ Hego Uribe
GEURIAk bat egingo du Palestinaren aldeko lanuzteekin

GEURIAk bat egingo du Hego Euskal Herriko sindikatuek Palestinaren alde deitutako lanuztearekin, eta horiek iraun bitartean horiei buruzko informazioa emango du soilik webgunean.
Era berean, arratsaldean Gernika-Palestina herri ekimenak deitutako mobilizazioen jarraipena egingo dugu bai webgunean bai sare sozialetan.
Lanuztearen erreferentziazko ordutegia 11:00etatik 14:00etara izango da, eta 15:00ak arte luzatuko da ordu horretan amaitzen diren jardunaldietan. Arratsaldean 19:00etatik 22:00etara bitartean deitu dituzte lanuzteak.
☉ Hego Uribe
Itziar Atienza eta Itziar Ituño aktoreek bat egin dute Donostian Gazako genozidioa salatzeko egingo den manifestazioarekin
Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordeek manifestazioa deitu dute irailaren 24an, asteazkenez, Donostian

Zinemaren eta kulturaren munduak bat egin du Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordeek Gazako genozidioa salatzeko Donostian irailaren 24an egingo duten manifestazioarekin.
Eta deialdi horrekin bat egin dute Itziar Atienza galdakoztarrak eta Itziar Ituño basauriarrak.
Hain zuzen ere, Atienzak irakurri zuen atzo adierazpena Donostiako Victoria Eugenia Antzokiaren aurrean, Antonio De la Torre aktorearekin batera.
“Hitz egiten ari garen bitartean, haur errugabeak hiltzen ari dira Gazan”, adierazi dute.
‘The Voice of Hind Rajab’ filma
Manifestazioa irailaren 24an, asteazkenez, izango da Donostian 18:30etik aurrera.
Aurretik, ‘The Voice of Hind Rajab’ filma proiektatuko dute Zinemaldian.
Kaouther Ben Haniaren filmak Israelgo Armadaren eraso batean bere familia osoa, ama izan ezik, galtzen duen sei urteko neskato baten istorioa kontatzen du.
“Bere laguntza-oihuek ezin dute salbatu, eta erreskatatu nahi duten anbulantzia-taldeko kideak ere hiltzen dituzte”, aurreratu dute Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordetik, eta gaineratu dute: “Ez da istorio isolatua, palestinarren egunerokoa da: suntsitutako familiak, suntsitutako ospitaleak eta 70.000 pertsona baino gehiago erailak”.
Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordearen barruan honako kolektiboak daude: Artistas con Palestina, Campaña Final Comercio de Armas con Israel, Donostia Palestina, EAB Euskal Aktoreen Batasuna, EPE-thaia, Gernika Palestina Herri Ekimena, Gure Haurrak Ere Badira; Kulturatik, creadorks culturales con Palestina; Rescop eta Trabajadors del Cine x Palestina.










