Sareak

☉ Usansolo

Usansolok eta Galdakaok hitzarmena sinatuko dute zerbitzu publikoen alde

Lankidetza-hitzarmenak bi ildo nagusi batzen ditu: bata lankidetza horizontala eta beste zerbitzuei dagokiena

|

beste aurrerapauso bat eman dute bi udalek / Geuria

Galdakaoko eta Usansoloko udalen arteko lankidetza-hitzarmena onartu du Galdakaoko udalbatzak EH Bildu, Usansolo Herria eta Auzoak taldeen aldeko botoekin, PSEren abstentzioarekin eta EAJren kontrako botoekin.

Lankidetza-hitzarmenak bi ildo nagusi batzen ditu: bata lankidetza horizontala, indarrean dauden kontratuen zerbitzuak ematen jarraitzeari buruzkoa; eta bestea Galdakaoko Udalak eskumenik ez daukanez, baina oraindik Usansoloko Udala eratzen ari denez, adibidez, aldez aurreko komunikazioa edo erantzukizunpeko adierazpena behar duten zerbitzuei buruzkoa: establezimenduak irekitzeko, jarduteko, estolderia zerbitzua, hirigintza lizentziak, ondare erantzukizuneko espedienteak, Europako hauteskundeen kudeaketa, gizarte larrialdietarako laguntzak eta horien kudeaketa, administrazio baimenak, espazio publikorako baimenak, administrazio-emakidak, aparkatzeko txartelak, diru-laguntzen laguntza teknikoa eta ondasunen kudeaketa. “Lankidetza horizontalari dagokionez, Usansoloko Udalak indarrean dauden kontratuen zerbitzuen gastuak ordaindu beharko ditu, eta urte amaieran, aurten eta hurrengo urtean, likidatu egingo dute”, adierazi zuen apirileko osoko bilkuran Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak.

“Lankidetza-hitzarmen honek babes juridikoa emango dio hemendik aurrera egingo dugun lanari, baina batez ere ziurtatuko du Usansoloko herriak zerbitzu publikoak jasotzen jarraituko duela. Eta zentzu horretan esan behar dugu baita ere, arautzen dela galdakoztarren interesak zelan bermatuko diren, ekonomikoki zein ondorio daukan gure gain hartuko dugun kudeaketa honek”, adierazi zuen Edurne Espilla EH Bilduko bozeramaleak: “Usansolok herri bat sortu behar du eta Galdakaoko Udala, gobernu talde honekin, ondoan izango da bidea egiten eta elkarlanean. Eta bide horretan ez gaude bakarrik: Usansoloko Kudeaketa Batzordea, Galdakaoko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia, bai maila teknikoan zein politikoan elkarrekin lan egiten eta herri bat zerotik sortzeko erronka hartuta eta aurrera ateratzen. Pausoak ematen ari gara, apurka baina gelditu gabe”.

Hain zuzen ere, 2023ko abenduaren 22tik, ofizialki Usansolo herri independente bihurtu zenetik, Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariak, Galdakaoko Udaleko teknikariak eta Usansoloko idazkaria (teknikari bakarra daukate momentuz) aritu dira kudeaketa-gomendioa adosten. Lankidetza-hitzarmena bi urtekoa da, eta beste bi urte gehiagoz luzatu daiteke.

“Urgentziazko gaia”

Usansoloko Kudeaketa Batzordeak apirileko osoko bilkuran onartu zuen kudeaketa-gomendioa Galdakaoko Udalari bidaltzea, “eta hilabete ez atzeratzeko”, urgentziazko gai bezala sartu zuten Galdakaoko apirileko osoko bilkuran, Hernandok adierazi bezala.

Gaia urgentziazkoa bezala gai-zerrendan sartu, eztabaidatu eta bozkatzearen aurka ere bozkatu zuen eztabaidaren aurretik EAJk: “Galdakaoko gobernu taldea Usansoloren eta Galdakaoren arteko kudeaketa-hitzarmen hau azkar eta presaka onartzen saiatzen ari dela uste dugu”, adierazi zuen Ainhoa Agirregoikoa jeltzaleak.

“EAJtik iazko azaroan aurkeztu genuen mozioan (gobernu taldeak atzera bota zuen), Galdakaoko alkateari eskatu genion aurrerapausoak ematen hasteko eta planifikatzeko Usansolori beharrezkoak diren zerbitzuak eta zerbitzu pertsonalak ematea, baita zerbitzu komunak erabiltzeko hitzarmenak ere, hala nola, udal hilerria edo ospitaleko taxi geltokia. Ikusten dugunez, egin beharreko lana ez da egin, eta orain presaka eta premiaz datozkigu, Galdakaoko Udaleko langileen lana bikoiztuz, denbora horretan guztian egin behar ziren zereginetan”, salatu zuen Agirregoikoak.

Alderdi sozialistak abstentziora jo zuen: “Gomendioaren arabera, Galdakaoko Udaleko langile batzuek Usansoloko Udalean ere lan egin beharko dute. Orduan, ulertzen dut Galdakaorako egin beharko luketen lanaren zati bat alde batera utzi behar dutela beste udalerri baterako egiteko. Hori esanda, uste dugu hori erdizkako independentzia dela, eta ez zaigu iruditzen prozesu hori bideratzeko modu egokia denik”, adierazi zuen Victor Trimiño PSEko bozeramaleak.

Iñaki Urgoiti Usansolo Herria udaltaldeko bozeramaleak ere hitza hartu zuen apirileko osoko bilkuran: “Prozesu honetan beste pauso bat da hau. Eta ez da edozein pauso. Oso urrats garrantzitsua da. Kudeaketa-gomendioa onartzea Usansolori eta Galdakaori tresna juridikoa eta teknikoa ematea baino ez da, eta noski, Galdakaoko eta Usansoloko bizilagunen eta Usansoloko beharrak kudeatzen jarraitu ahal izatea, bi aldeetako bat bera ere kaltetu barik”.

☉ Usansolo

Bideoa | Usansolon 250 lagunek egin dute bat Palestinako genozidioa salatzeko kazeroladarekin

|

Usansolon 250 lagun inguruk egin dute bat Gernika-Palestina Herri Ekimenaren burrunbarekin.

Usansolotik GEURIAra bidali dizkiguten irudiekin sortu dugu bideo laburra.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Usansolok ere burrunba egingo du Palestinako genozidioa salatzeko deialdiarekin

|

Palestinako genozidioaren kontrako protesta bat mundu mailan // Unsplash

‘Genozidioa stop!’ lelopean burrunbak antolatu ditu Gernika-Palestina Herri Ekimenak, Gazako genozidioa salatzeko.

Irailaren 5ean egingo dituzte protesta zaratatsuak, 19:00etan. Usansolon, Arlo Baltza plazan izango da.

Horrela dio Gernika-Palestina ekimenak bere webgunean: “Sarraski horren aurrean ezin dugu isilik egon, ezin besoak gurutzaturik geratu. Beste ezeren gainetik, gaur eta hemen premiazkoa da ondorio latzak izaten ari den eskalada belikoa gelditzea, bakea, justizia eta itxaropenezko etorkizuna eskaintzea”.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Patri Espinar usansolotarra entrenatzaile, Euskal Pilota Selekzioak zazpi domina irabazi ditu Munduko Wallball Txapelketan

Besteak beste, urrea irabazi dute banakako emakumezkoetan eta bikote mistoetan, eta zilarra banakako emakumezkoetan eta bikote emakumezkoetan

|

Emakumezkoen hautatzaile izan da Espinar // Argazkia: EEPF

Wallball-eko Munduko Txapelketa jokatu du Euskal Pilota Selekzioak Herbehereetan, Leeuwarden hirian, abuztuaren 27tik 30era bitartean.

Eta, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzatik (EEPF) adierazi dutenez, txapelketako azken jardunaldiak berretsi du Euskal Pilota Selekzioaren “lorpen historikoa”.

Euskal Selekzioko pilotariek guztira zazpi domina irabazi dituzte jokatu dituzten bost finaletan: urrezko lau eta zilarrezko hiru.

“Euskadiko Euskal Pilota Federazioak gure pilotari guztiak zoriondu nahi ditu, baita lan bikaina egin duten teknikariak ere”, adierazi dute. Patri Espinar usansolotarra emakumezkoen hautatzaile izan da.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Patri Espinar usansolotarrak Euskal Selekzioko pilotariak hautatu ditu Munduko Txapelketa jokatzeko

Wallball-eko Munduko Txapelketari atzo ekin zioten euskal pilotariek. Partidak zuzenean jarraitu daitezke Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzaren Youtube kanaletik

|

Patri Espinar, belauniko ezkerrean, Euskal Pilota Selekzioko kideekin // EEPF

Wallball-eko Munduko Txapelketa jokatu du Euskal Pilota Selekzioak Herbehereetan, Leeuwarden hirian.

Txapelketa atzo, abuztuak 27, hasi zen eta hilaren 30era arte, larunbatera arte, luzatuko da. Eusku Pilotako Nazioarteko Konfederazioak (CIJB) antolatu du eta Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza (EEPF) zuzenean ari da partidak ematen bere Youtube kanalean.

Euskal Herriko Selekzioaz gain, Argentina, Belgika, Erresuma Batua, Valentzia, Herbehereak eta Puerto Rico herrialdeetako selekzioek hartuko dute parte.

Eta, Euskal Selekzioaren taldean Patri Espinar usansolotarra ari da. Emakumezkoen selekzioko hautatzaile lanak egin ditu. Olatz Arrizabalaga Munduate, Miren Larrarte Mayoz eta Laia Salsamendi Silva pilotariak izan dira usansolotarrak hautatu dituenak.

Emakumezkoen Euskal Selekzioa Patri Espinarrekin entrenatzen // EEPF

EEPFtik adierazi dutenez, euskal ordezkaritzak “ilusioz eta konpromisoz” egingo dio aurre nazioarteko erronka honi.

Edizio hau Wallball modalitateko nazioarteko lehiaketa bateratu berri baten lehenbiziko aldia da. Horma bakarreko pilota-joko bat da Wallball, txaparik gabea, eta banaka nahiz bikoteka jokatzen da.

Partidak 21 tantura bi joko irabazi arte jokatzen dira, eta berdinketa badago, 11 tantura hirugarren joko erabakigarria jokatzen da. Lehiaketak gizonezkoen, emakumezkoen eta bikote mistoen kategorietan jokatuko dira.

Euskal Selekzioko gizonezkoen taldea honakoek osatzen dute: Lur Ziarrusta Intxaurtza, Mikel Aurrekoetxea Amuriza, Egoitz Amantegi Zubillaga eta Mikel Beldarrain Emaldi. Ekhi Ziarrusta Intxaurtza da gizonezkoen hautatzailea.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Emakumeen harrera-etxebizitzaren araudia landuko dute Usansolon

|

Interesdunek abuztuaren 20a arte parte hartu ahal izango dute // Geuria

Biolentzia matxistaren biktima diren emakumeentzako harrera etxe bat du egun Usansolok, baina Galdaokotik banandu zenetik aurretik onartutako araudia indarrik gabe geratu da. Egoera hori konpondu nahian, Usansoloko Udala ordenantza berria lantzen hasi da, eta herritarrek euren ekarpenak egiteko aukera izango dute, abuztuaren 20a arte.

Horretarako, bi bide izango dituzte usansolotarrek: udalaren erregistro elektronikoaren bidez edo Txapelena baserrian bertan. Prozedura honen bidez baliabide hau kudeatzeko irizpide teknikoak eta beharrak zehaztuko dira. Helburuak argiak dira: emakume biktimen babes osoa bermatzea eta zerbitzu publikoen arteko (gizarte, osasun, lege eta segurtasun alorretakoen arteko) koordinazioa indartzea.

Osorik irakurri