Sareak

☉ Usansolo

Usansolo erdigunean tren geltokia ezartzeko aukera aztertuko dute gaurko osoko bilkuran

EH Bilduk, Geltokia Erdigunean plataformaren ekimenez, mozioa aurkeztuko du eta horren bitartez, urriaren 5erako deitutako herri galdeketa bultzatzeko konpromisoa hartzea eskatuko diote Udalari

|

Apirilean giza-katea egin zuten Usansolon geltokia erdigunean mantendu dezaten aldarrikatzeko // Geuria

Gaur osoko bilkura egingo dute Usansoloko Udalean. Besteak beste, euskara ikasteko dirulaguntzen oinarriak onartzea, lansarietan % 0,5eko igoera onartzea eta 2024ko dirusarreren kapituluari dagokionez Galdakaoko Udalaren eta Usansoloko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena onartzea aztertuko dute.

Era berean, EH Bilduk, Geltokia Erdigunean plataformaren ekimenez, mozioa aurkeztuko du Usansolo erdigunean tren geltokia ezartzeko aukerari buruz.

Mozioaren bitartez, urriaren 5erako deitutako herri galdeketa bultzatzeko konpromisoa hartzea eskatuko diote Udalari.

“Usansoloko tren geltokia kentzeak ezinegon eta kezka handia sortu du udalerriko herritar guztiengan. Azpiegitura hori galtzeak eragina izango du eguneroko mugikortasunean, garraio publikorako sarbidean eta, ondorioz, gure bizilagunen bizi-kalitatean”, adierazi dute mozioaren testuan.

Egoera horren aurrean, Geltokia Erdigunean plataformak borrokan jarraitzen du Usansoloko tren geltokia herri erdian mantendu dezaten eskatzeko.

Apirilean giza katea egin ostean, ohiko elkarretaratzeak egin dituzte ETSren, EAJren eta PSEren egoitzen aurrean, Bilbon.

Eta oraingoan beste ekimen bat ari dira antolatzen: herri galdeketa bat, hain zuzen. Urriaren 5ean izango litzateke.

Kontsulta loteslea ez dela izango adierazi dute plataformatik, “baina eskura ditugun berme guztiak izango ditu, hala nola, erroldaren egiaztatzea eta kanpoko egiaztatzaileak. Bada garaia Usansolok botoa eman eta bozkatutakoa baliarazteko”, diote.

“Beti defendatu izan dugu herri bati eragiten dioten politikek herritarren kontrastatea eta kontsulta behar dutela. Eta Usansoloko trenbide-lotura ezin da salbuespena izan. Gaur egungo tren geltokia kentzeak zuzenean eragingo dio Usansoloko herri mugikortasunari, eta inork ez digu ezer kontsultatu. Plataformatik uste dugu hori akats bat dela: oldartzea dagokigu, alternatibak ezagutzea eta, auzokide garen heinean, gehien komeni zaiguna aukeratzea”, diote.

☉ Usansolo

Bideoa I 200 pertsona batu dira Usansolon Palestinari elkartasuna adierazteko

Elkarretaratzea jendetsua egin dute herriko plazan, 19:30ean

|

200 herritar batu dira Usansolon // Utzitakoa

Palestinaren aldeko greba eguna izan da gaurkoa Hego Euskal Herrian. Lanuzteak deitu dituzte lantoki eta ikastetxetxeetan, eta manifestazioa jendetsua egin da eguerdian Bilboko kaleetan zehar.

Arratsalderako, ostera, kontzentrazioak egin dira herri gehienetan, baita Hego Uriben ere. Usansoloren kasuan, “Genozidioari Stop, Palestinarekin konpromisoa” lelopean batu dira herritarrak.

“Israeli zilegitasuna kentzea eta mendebaldeko estatuen interesen kontra egitea da gure ekarpenik onena palestinarrek indar-harreman hobea izan dezaten erabakiak hartu ahal izateko”, azaldu dute Palestinarekin Elkartasunatik.

“Horregatik atera ginen hamarnaka milaka pertsona Iruñean joan den urriaren 4ean palestinar erresistentzia babestu eta sionismoa suntsitu behar dela aldarrikatzeko eta horregatik aterako gara urriaren 15ean palestinarren aldarri historikoekin”.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Usansolo erdigunerako geltoki propioa aldarrikatu dute galdeketan parte hartu duten herritarren % 94,7ak

“Demokrazia batean baldin bagaude, zuzenena da instituzioek usansolotarron ahotsa entzutea eta ahots hori erabakigarri izatea”, esan dio Jon Atxutegi Geltokia Erdigunean plataformako kideak GEURIAri

|

1.741 lagunek parte hartu zuten atzo Usansoloko herri galdeketan // Geuria

Herri galdeketa egin zuten atzo Usansolon, herrirako zein tren-konexio nahi duten adierazteko. Eta emaitza, argia: herri erdigunean geltokia nahi dute herritarrek.

Datuak datu, 1.741 lagunek eman zuten atzo bozka, eta horietatik 1.648k geltokia erdigunean aldarrikatu zuten, hau da, bozken % 94,7a.

Tunel ibiltariaren alde 43 herritarrek bozkatu zuten (% 2,5) eta autobus-lanzaderaren alde 33k (% 1,9). Bozka baliogabeak 17 izan ziren (% 0,9).

Galdeketa ez da loteslea, baina Jon Atxutegi Geltokia Erdigunean plataformako kideak atzo eguerdian GEURIAri adierazi zionez, herritarren borondatea errespetatuko dute: “Guk plataforma bezala geltokia erdigunearen aldeko aldarrikapen horri eutsiko diogu eta ahotsa eramango dugu beste behin Eusko Jaurlaritzara, Bizkaiko Foru Aldundira eta egokitzen den leku guztietara”.

“Ulertzen dugu herri batek bozkatzen duenean eta erabakitzen duenean, demokrazia batean baldin bagaude, zuzenena dela instituzio horiek usansolotarron ahotsa entzutea eta ahots hori erabakigarri izatea martxan dagoen proiektuan”, esan zuen Atxutegik.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Argazkiak | Galdeketa Usansolon: zein tren-konexio nahi duten bozkatzen ari dira herritarrak

|

Usansolotarrak kalera irten dira gaur adierazteko zer nahi duten herriko tren-konexioari dagokionez. Galdeketa antolatu du Geltokia Erdigunean plataformak, Usansoloko Udalaren babesarekin, eta eguerdian Unkina plazara bertaratu gara [ikusi bideoa hemen].

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Bideoa | Jon Atxutegi, Geltokia Erdigunean plataforma: “Oso pozik gaude herritarren erantzunarekin”

|

Galdeketa eguna dute gaur Usansolon. “Zein da zure ustez herriaren tren-konexio beharrizanak asetzeko aukera hobea?” galderari erantzuteko deituta daude herritarrak.

Eta erantzunerako hiru aukera: Usansolo erdigunerako geltoki propioa; 500 metroko tunel ibiltaria ospitaleko geltokira; edo, autobus-lanzadera bat ospitaleko geltokira.

Eguerdian bozkatzeko Unkina plazan jarri duten karpan izan gara, eta Jon Atxutegi Geltokia Erdigunean plataformako kidearen balorazioa jaso dugu.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Usansoloko galdeketa metro geltokiaren inguruan: hauek dira bozkatzeko hiru aukerak

Usansoloko tren-konexiorako hiru aukeren artean bat hautatuko dute herritarrek urriaren 5eko galdeketan

|

Irailaren 27an manifestazioan urriaren 5eko galdeketan parte hartzeko deia egin zuten Usansolon // Geuria

Urriaren 5ean galdeketa egingo dute Usansolon. Metro geltoki berriaren inguruko kontsulta izango da: Geltokia Erdigunean plataformak sustatu du eta Usansoloko Udalak babestu egiten du.

Tren konexiorako hiru aukeretatik bakarra hautatu beharko dute igandean usansolotarrek. Eta aukerak hauek dira: Usansolo erdigunean geltoki propioa; 500 metroko tunel ibiltaria ospitaleko geltokira; eta, autobus-lanzadera bat ospitaleko geltokira eta 250 metroko tunela.

Unkina plazan jarriko duten karpan emango dute herritarrek bozka, 09:00etatik 20:00etara bitartean. Boto-paperak Usansoloko etxebizitzetako postontzietan banatuko dituzte, eta bozketa egunean ere eskuragarri egongo dira.

Galdeketarako bozka 16 urtetik gorako usansolotarrek eman ahalko dute. “Usansolon bizi diren guztiek eman dezakete bozka. NANean Usansoloko kaleren bat dutenek zuzenean bozkatuko dute; ez du axola NANean oraindik Galdakao udalerri bezala agertzea, kalea da garrantzitsua”, diote Geltokia Erdigunean plataformatik.

“Era berean, Usansolora berriki etorri direnek eta NANean oraindik beren kale berria ez dutenek ere bozka eman ahalko dute”, diote. Kasu horietan, errolda-agiria eskatu eta igandean aurkeztu beharko dute.

Urtebete martxan

Duela hiru urte, 2022ko abenduan, Loly de Juan Garraio Azpiegituren zuzendaria eta Julian Ferraz Euskal Trenbide Sareko (ETS) zuzendari ondokoak metroari buruzko hitzaldia eman zuten Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean, eta bertan adierazi zuten Usansoloko geltokia desagertu egingo zela. 

Eta duela urtebete Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta ETSk erabaki hori baieztatu zuten. Orduan eratu zuten Usansolon Geltokia Erdigunean plataforma.

“Bizkaiko eta Usansoloko ospitalearen kohesioa hobetzeko obra batek, 350 milioitik gorako inbertsio publikoa duenak, Usansoloko bizilagunen trenbide-garraiorako sarbidea kentzen du. Kendu egiten da, gaur egun udalerrian tren-geltoki bat baitago udalerriaren erdigunean”, salatu dute askotan plataformatik.

Urte honetan zehar, plataformak hamaika aldarrikapen-ekimen egin ditu, hala nola, manifestazioak, elkarretaratzeak eta herri asanbladak, eta alderdi politikoekin eta Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin hainbat bilera egin dituzte.

“Guztietan argi utzi dugu zein den herritarren jarrera: Usansolok herriaren erdigunean geltoki bat izan behar du, gaur egun duen bezala. Aldarrikapen hori da usansolotarrok garraio publikoan kalitaterik ez galtzeko modu bakarra, zenbait datuk berresten baitute herritarrek defendatzen duten alternatiba dela udalerriaren beharretara ondoen egokitzen dena”, diote.

Osorik irakurri