☉ Zaratamo
Mikel Atxa zaratamarrak Euskadiko ur-azpiko arrantza txapelketa irabazi du
Irailean, joan den asteburuan, motokroseko Mundu mailako txapelketan hartu zuen parte Atxak Hispanian, Agilar de Camponen eta sentsazio oso onekin itzuli da etxera

Zaratamokoak Kobaronen antolatutako Euskadiko ur-azpiko Arrantza Txapelketa irabazi du, joan den irailaren 6an.
‘Kobarongo basamortua’ bezala ezagutua, Atxak hiru ordu eman zituen bertan arrantzan.
“Zonalde bereziki zaila da arrantza egiteko, arrain gutxi baitago bertan”, azaldu du Zaratamokoak. “Harrapa zitezkeen Korrokoi guztiak hartu nituen, baita hiru musarra, aker bat eta baita krabarroka bat ere”.
Motorrean ere, fin
Mikelek txapelketa ugaritan hartu du parte azken hilabeteetan. Izan ere, joan den apirilean Ourenseko A Peroxan antolatutako ‘Hard Enduro A Peroxa’ Txapelketan hartu zuen parte: “Txapelketa zoragarria izan zen eta Espainiako Txapelketako bost lasterketa egin zituzten bertan”. Yamaha YZ125 kros motor batekin lehiatu zen Zaratamokoa: “Gainontzekoekin alderatuta maila baxukoa izan zen, enduro motako 300cc-koekin aritu zirelako. Baina tira, lehenengo egunean “fin” aritu nintzen. Bigarrenean hutsegite batzuk izan nituen baina hala ere Junior kategoriako hirugarren postua eskuratu nuen”.

Mikel, Zaratamon // Geuria
Irailean, joan den asteburuan, Mundu mailako txapelketan hartu zuen parte Atxak Hispanian, Agilar de Campónen (Palentzia): “Azken lasterketa hau askoz garrantzitsuagoa izan zen, munduko motor-gidari onenekin”. Txapelketa honetan Yamaha YZ 250cc batekin batekin lehiatu da eta bere burua “eroso” ikusi duela azaldu dio GEURIAri. “Kronoan hirugarren parrillan irten nintzen eta 29. postua eskuratu nuen eta 5. postua Junior kategorian”.
Zaratamoko motozaleak azaldu du zonalde harritsua eta gune zail ugarikoa izan dela: “Zorionez, ura emanda bazegoen ere, ez zen lokatzik egon eta lasterketa polita egin nuen”.
Duela urte bi elkarrizketa egin genion Atxari Zaratamon. Hemen irakur dezakezu.
☉ Zaratamo
Argazkiak | Mikel Urrutikoetxea zaratamarrak azken esku pilota partida hunkigarria jokatu du Bizkaia frontoian
Gaurko behin betiko agurrean momentu hunkigarriak utzi ditu Zaratamokoak Bizkaia frontoian: senide eta lagunen maitasuna, zaleen berotasuna eta beste hainbeste sorpresa bizi izan dira bertan

Mikel Urrutikoetxea zaratamarrak azken partida jokatu du esku pilotari profesional lez, Bilboko Bizkaia frontoian.
Urte asko izan dira eta bidean oztopo ugariri aurre egin die Zaratamoko pilotariak: entrenamendu saio ugari, txapelketa garrantzitsu asko… eta baita Urrutikoetxearen bizitzan eragin handia izan duten egoera pertsonal latzak ere.
“Arin batean, ibilbide polit honekin harro nagoela esango nuke”, laburbildu zuen Urrutikoetxeak bere ibilbide profesionalaren amaiera iragarri zuenean, joan den martxoan. “Baina dena ez da beti hain polita izaten. Momentu txarrak ere bizi izan ditut”. Gaurkoan, ostera, momentu politak ekarri ditu Bizkaia frontoira: senide eta lagunen maitasuna, zaleen berotasuna eta beste hainbeste sorpresa.
Martxoan aurreratu lez, “zuriz jantzitako azken partida” izan da, eta ikuskizun paregabea utzi du Zaratamokoak pilotalekuan. Bere argazkia beste pilotari zaratamar batenaren ondoan eskegi dute Bizkaia Frontoiaren sarreran: Danel Elezkanorenarekin, hain zuzen ere.
Horra hor GEURIAk egindako argazki erreportajea.
☉ Zaratamo
Arkotxako segurtasuna bermatzeko helburuei helduko die Zaratamoko Udalak irailean
Udako oporretatik bueltan, Zaratamoko Udalak joan den ekainean planteatutako lan lerroak martxan jarriko ditu auzoko bizikidetza arazoei irtenbidea eman ahal izateko

Zaratamoko Arkotxa auzoan azken hilabetean izan diren bizikidetza arazoak direla eta, Udalak azaldu du uda baino lehen iragarritako lau lan lerroak martxan ipiniko dituela.
“Alde batetik, elkarlana berrartuko dugu Ertzaintzarekin”, azaldu du Alberto Ugarriza herriko alkateak. “Udatik bueltan programa bat ipiniko dute martxan ekintza deliktiboak saihesteko. Programa hori beste herri batzuetan garatu dute, emaitza nahiko positiboekin”.
Bigarren lan lerroari dagokionez, Galdakaoko Gizarte Zerbitzuetako migrazio teknikariekin harremanetan jarri ziren Zaratamoko udal ordezkariak, eta hilabete honetan bi udalerrien arteko elkarlan bat abiaraziko zutela adostu zuten, kronograma baten jarraipenarekin, nabeetan bizi diren pertsonak integratzea xede.
Hirugarren lan lerroa hirigintzaren ingurukoa da, egoerari irtenbidea emateko: “Arkotxako nabe horien jabeei 2019tik lursailak mantentzeko eskaera egin zien Udalak. Enpresek ez dute jaramonik egin eta joan den uztailean salaketa ipini zuen Zaratamoko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun sailetan”. Ingurumen sailak interbentzioa hasi du dagoeneko eta enpresari errekerimenduak egin dizkio: “Zaratamoko Udalak aurkeztutako txostenekin ingurumen delitu aukerak egon daitezke eta Ingurumen sailak esku hartzeko aukera izango luke”.

Pertsonak bizi diren nabeen inguruak, Arkotxan // Geuria
Sutea, abuztuan
Tartean, joan den abuztuaren 7an sute bat egon zen Arkotxako 4. zenbakian: “Bertan behera utzitako eta hustutako eraikin batean izan da sutea”, azaldu dute Bizkaia Suhiltzaileen ordezkariek joan den irailaren 2an Zaratamoko Udalera helaraziko txosten batean. “Barruan etxerik gabeko pertsonak bizi dira. Aurreko batean bertan izandakoak gara eta barrualdea oso egoera txarrean dago, benetan arriskutsuak diren azpiko maila baterako jauziekin. Benetan arriskutsua bertan diren pertsonentzat zein bertatik igaro daitekeen edonorentzat”. Txostenaren amaieran suhiltzaileek lursailen jabeek “dagozkion neurriak hartzea” eskatzen dute, balizko kalteak saihesteko.
Laugarren lan lerroa EAJk planteatu zuen. Helburua batzorde bat sortzea da, Arkotxako egoerari buruzko diagnostikoa eta irtenbideak planteatzeko. Batzordean alderdi politikoek zein udan zehar sortutako auzo elkarteak parte hartuko lukete.
Udako oporrak igarota, Zaratamoko Udaletik “urratsak ematen arin direla” azaldu dute. “Ez da gertaera berezirik gertatu datu objektiboei begira, baina auzoko segurtasun faltaren sentsazioa hor dago”. Segurtasun faltaren sentsazio horri buelta ematea zaila izango dela azpimarratu du Zaratamoko alkateak eta horretarako denbora beharko dela gehitu du: “Hartu ditugun ildo horietatik jarraituz gero lortuko dugu arazoa bideratzea”.
☉ Zaratamo
Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak bertan parte-hartzeko deia egin die herritarrei
Laster aurtengo izen-emateak egin ahal izateko dokumentazioa helarazi eta urtean zehar burutuko diren ekintzen berri emango du elkarteak

Ikasturtea hasteko oso gutxi falta da eta Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak gonbidapena luzatu die herritarrei bertan izena emateko.
“Aurten Besopean elkartean parte hartu nahi baduzu, zure laguntza gustura hartuko dugu. Guregana hurbildu zaitez!”, azaldu dute.
Laster aurtengo izen-emateak egin ahal izateko dokumentazioa helarazi eta urtean zehar burutuko diren ekintzen berri emango du elkarteak. Joan den apirilean Iñaki Urkiza Zaratamo eskolako zuzendariarekin eta Besopean elkarteko Janire Martinezekin izan ginen, eskolak eta guraso eelkarteak antolatzen dituen ekintzen inguruan berba egiten. Hementxe irakurri dezakezu.
☉ Zaratamo
Ikasturte berriko kirol jarduerak iragarri dituzte Zaratamon
Eskabideak egiteko epemuga irailaren 24a izango da eta jarduerak urriaren 4an hasiko dira

Zaratamoko Udalak Moiordin, Arkotxa eta Elexalde auzoetan antolatu dituzten kirol jardueren eskaintzak iragarri berri ditu, ikasturte berriari begira.
Askotariko kirol ikastaroak abiaraziko dituzte aurten: Total Fitness, Pilates, Zumba, dantza latinoak, Yoga, entrenamendu funtzionala, eta aurten, berritasun modura: arte eszenikoak (zirkua).
Eskabideak egiteko epemuga irailaren 24a izango da. Aurrez aurre egiteko asmoa dutenek Arkotxa eta Elexalde auzoetako liburutegietara edo udal bulegoetara jo beharko dute. Online egiteko aukera ere luzatu dute esteka honen bidez.
Ikastaroak urriaren 4an hasiko dira. Edukiera mugatua izango da.

Pilatesa egiteko pilotak // Geuria
Ikastaroak, auzoka
Moiordinen
Total Fitness | Astelehen eta asteazkenetan, 20:00-21:00, Txokoa
Pilates | Astearte eta ostegunetan, 20:15-21:15, Txokoa
Arkotxan
Zumba | Asteazkenetan, 20:00-21:00, Kultur Etxea
Dantza latinoak | Ostiraletan, 18:00-19:00 (7-15 urte) eta 19:00-20:00 (16 urte+), Kultur Etxea
Total Fitness | Astelehen eta asteazkenetan, 18:45-19:45, Kultur Etxea
Yoga | Astelehenetan, 20:15-20:45, Kultur Etxea
Pilates | Astearte eta ostegunetan, 19:00-20:00, Kultur Etxea
Elexalden
Zumba | Asteazkenetan, 18:45-19:45, gimnasioa
Entrenamendu funtzionala | Astearte eta ostegunetan, 10:30-11:30 (60 urte+), gimnasioa
Total Fitness | Astelehen eta asteazkenetan, 17:30-18:30, gimnasioa
Yoga | Astelehenetan, 18:30-20:00, gimnasioa
Pilates | Astearte eta ostegunetan, 17:45-18:45, gimnasioa
Arte eszenikoak (zirkua) | Ostegunetan, 17:00-18:30, eskola zaharrak
Informazio gehiagorako deitu 946 710 052 telefono zenbakira.
☉ Zaratamo
Arkotxako medikuaren etxe zaharra eraitsiko du Zaratamoko Udalak hurrengo asteetan
Eraikina funtzio gabe gelditu zen kontsultak frontoi ondoko eraikinera lekualdatu zituztenean, 90. hamarkadan

Erabilera faltagatik eta bertan behera utzita egoteagatik, Zaratamoko Udalak Arkotxa auzoan, Kultur Etxearen ondoan kokatutako medikuaren etxea eraitsiko du datozen egunetan.
Eraikina funtzio gabe gelditu zen kontsultak frontoi ondoko eraikinera lekualdatu zituztenean, 90. hamarkadan. Medikuaren etxea eraikitzeko proiektua 1959an sortu zuten eta eraikitzea 1961eko apirilaren 15eko udalbatzan onartu zuten. Obra 295.000 pesetetan adjudikatu zuten eta lanak 1962ko urtarrilaren 10ean hasi zituzten.
Etxeak hiru finantzazio iturri zituen: Espainiako estatuaren plan probintzialarena (150.000 peseta), Bizkaiko Diputazioarena (10.000 peseta) eta Zaratamoko Udalarena (50.000 peseta). Eraikina eraistearen zenbatekoa 22.990 eurokoa izango da: aurrekontua, proiektua eta obra zuzendaritzaren kostua 4.114 eurokoa da eta eraistea bera 18.876 eurokoa.