☉ Zeberio
Zeberioko Abendu kulturaleko ‘Bidasoa’ dokumentalaren proiekzioa igandera aldatu dute
Proiekzioa igande honetan egingo dute Zeberioko Hogarrean, 18:30ean
Arazo teknikoak direla eta, Zeberioko Udalak igandera aldatu behar izan du gaur bertan Hogarrean proiektatu behar zuten Fermin Muguruzaren Bidasoa dokumentala, Abendu Kulturalaren programako lehen jarduera. Udal ordezkarien arabera, proiekzioa 18:30ean egingo dute igandean.
Bidasoa 2018-2023
2018ko udan Frantziak ezarri zituen Pirinio-Atlantikoko Bidasoako muga naturalaren pasagune batzuen kontrola eta itxierak, Europako gainontzeko herrialdeetara igarotzeko etorkinen sarrera eragozteko, 10 hildako eragin zituen urtebetean.
Zazpi pertsona hil dira 2021eko apiriletik Irun eta Hendaia arteko Bidasoa ibaiko uretan itota, eta beste hiruk bizia galdu zuten 2021eko urrian, Ziburun tren batek harrapatuta.
Dokumental honek, ibaiaren bi aldeetako hainbat ekintzaileri ahotsa eta aurpegia emateaz gain, Harrera Sarea eta Bidasoa elkarteetako ordezkariak, bizia galdu dutenak ere gogoan izango ditu; izena, adina, bidaia eta ametsak, hildako kopuru hotzen atzean dagoen istorioa eta pertsonak ezagutuz, modu honetan tragedia gizatiartuz.
Jardueraz betetako negua
Abenduaren lehenean ‘Tio Teroren Semeak’ dantzaldi teatralizatua prestatu dute: hainbat jatorritako dantzariak talde bat sortzeko bildu dira eta gauza bi dituzte komunean: dantzatzeko pasioa eta umore paregabea. Estilo desberdinak nahastuko dituzte ondo pasatzeko helburu bakarrarekin.
Abenduaren 13an ‘LGTBIQ+ Harremanak landu landa eremuan’ gaia ardatz modura hartuta bertso saioa egingo dute.
Hortik aurrera Gabonetako programazioarekin bat egingo du Abendu Kulturalak. Horiek horrela, hilaren 24an Olentzerori harrera egingo diote urtero lez, Ermitabarritik Zubialderako ibilbidea egin ostean. Hilaren 26an ‘Ai Gure Juaneteak!’ antzezlana ekarriko dute Hogarrera. Ikuspegi eszeniko hibridoa da. Letraz eta musikaz osatua. Taula gainean aktore-musikari bat eta bi musikari-aktore. Hitzaren eremua aktorearena da, esatariarena. Baina aktorea musikari ere bihurtzen da tarteka. Testua Laboaren abesti batzuen letren berrinterpretazio oso bat da, gaur egungo ikuspuntutik. ‘Hegazti errariak’, ‘Izarren hautsa’, «Bedeinkatua’, ‘Negu Hurbila’, ‘Lili bat’, ‘Oi Pello Pello’, ‘Haika Mutil’, ‘Baga biga higa’, ‘Ihes beteta’…
Abendu Kulturalari amaiera emateko Tontorrandira igoera antolatu dute hilaren 31n Austarri Mendi Taldekoek.
☉ Zeberio
Argazkiak | Mozorroak jantzi eta kalera irten dira zeberioztarrak Gau Beltzan
Gaztainerrea, ibilbide magikoa eta lamien dantza egin zuten atzo eta gaztain erreen usaina eta Gau Beltzaren magia herriko txoko ezberdinetara iritsi zen

Beste urte batez Gau Beltza edo Arimen Gaua prestatu du Zeberioko Txubelasu Guraso Elkarteak, Zubialden.
Gaztainerrea, ibilbide magikoa eta lamien dantza egin zuten atzo eta gaztain erreen usaina eta Gau Beltzaren magia herriko txoko ezberdinetara iritsi zen.
☉ Zeberio
Luis Zubero txirrindulari ohia eta ‘Ciclos Zubero’ dendako sortzaile zeberioztarra zendu da
Txirrindulari ohiak, Goddet Tourreko zuzendariari esan zion aldapak jaisteko modua zeberioko kurbetan ikasi zuela

Luis Zubero euskal txirrindularitzako erreferentea hil egin da, 77 urte zituela.
Zubero 1968tik 1976ra bitartean izan zen txirrindulari profesionala eta KAS taldeko txirrindularia izan zen 1968tik 1974ra. Amateur izan zenean deitu zuen arreta zeberioztarrak: 1967an Bizkaiko eta Espainiako txapeldun izan zen.
Profesional lez Pascuas-eko zirkuituan eta Sabiñanigoko GPa irabazi zituen eta 1970eko Frantziako Tourreko etapa batean bigarren postua eskuratu zuen Eddy Merckx-en atzetik: “Etapa hura Merckxek irabazi zuen, den-dena irabazten zuen moduan. Ez zuen ezer besteentzat. Indartsuena eta handinahiena zen”, horrela gogoratzen zuen Zuberok Merckx. Ozta ozta ez zuen irabazi etapa hura, baina Merckxi beldurra emateko gai izan zen.
Garai hartan Tourreko zuzendaria izandako Goddetek galdera egin zion Zuberori: “Non ikasi duzu aldapak modu horretan jaisten?”. “Zeberion”, erantzun zion Luisek irribarretsu. “Kurbaz beteta dago herria”.
Txirrindularitza profesionala utzi ostean, Bilboko erdigunean kokatutako Ciclos Zubero denda zabaldu zuen, txirrindularitza askorentzat erreferente bilakatutako negozioa.
☉ Zeberio
Zeberioko Ibarra auzoko etxe batzuen ur zikinak ibaira isurtzen egon dira azken urteetan
Udalak azaldu du “arrazoi ezezagunak direla eta” auzo erdia ez dagoela saneamendu sistemako sare nagusira konektatuta

Zeberioko Udalak konponketa-lanak hasiko ditu Ibarra auzoko zenbait etxetan, saneamendu sisteman arazoak detektatu dituztelako. Izan ere, auzotar batek abisua eman zion Udalari, bere etxeko ur zikinak Zeberio ibaira isurtzen ari zirela uste zuelako.
“Auzo erdia ez dago saneamendu sistemako sare printzipalera konektatuta”, azaldu dute udal ordezkariek. “Ondorioz, ur zikinak Zeberio errekara isurtzen egon dira azken urteetan”. Ekain Goti Zeberioko alkateak azaldu du ahalik eta lasterren ekin nahi dietela konponketa horiei, “urtea amaitu baino lehen, ondo bidean”.
Ereinen bidez 6.000 euroko diru laguntza jasoko du Udalak eta guztira 17.000 euro bideratuko dute konponketa hauek egin ahal izateko (BEZa kanpo).
Arazoaren jatorria
Auzotarraren abisua jaso ostean, udal langileak Ibarrara gerturatu eta proba batzuk egin zituzten: “Hala izan zen: komuneko ponpatik tira egitean ura errekara zuzenean isuri egiten zela ikusi genuen”.

Zeberio ibaia, Ibarra auzoan // Geuria
Arazo honek Ibarrako laupabost etxebizitzei eragiten die. “Duela urte batzuk obrak egin ziren arazo honen haritik”, azaldu dute Udaletik. “Baina ezagutzen ez dugun arrazoi batengatik etxebizitza horiek ez daude saneamendu sistemako sare nagusira konektatuta”.
☉ Zeberio
Otso baten antza duen txakur bat bilatzen ari dira Zeberion
Jabeen arabera Runa ez da animalia arriskutsua baina bai beldurkorra

Runa izeneko txakur eme bat galdu zen atzo Untzetapiku mendiko antenen zonaldean, 11:30ak aldera, eta Zeberio aldetik ari dira bere bila.
Txaku-otso txekoeslovakiarra arrazakoa da, tamaina handikoa eta gris eta zuri koloreduna (lur koloreduna). Jabeen arabera ez da animalia arriskutsua baina bai beldurkorra. Bederatzi urte ditu eta uhal beltza darama lepoan, militar koloreduna.
Norbaitek ikustekotan 666 200 441 telefono zenbakira deitzea eskatu dute (Markel).

☉ Zeberio
Gaztainerrea, ibilbide magikoa eta lamien dantza egingo dute Zeberioko Gau Beltzan
Zeberioko plazan antolatu dute, urtero lez, Gau Beltza, 18:00etatik aurrera

Gutxi falta da Gau Beltza edo Arimen Gaurako eta Zeberion programa interesgarria prestatu dute Txubelasu Guraso Elkarteko kideek herritar guztientzat, herriko plazan.
Gaztainerrea, ibilbide magikoa – Sanduli Manduli, Lamien dantza… eta musika, jatekoa eta edatekoa izango dute bertara gerturatuko direnek.
Egitaraua | Zeberioko Gau Beltza 2025
Urriak 31, barikua
18:00 Gaztainerrea
18:30 Ibilbide magikoa – Sanduli Manduli
20:00 Lamien Dantza






















