☉ Zeberio
‘Feroskana Parke Eolikoa’ proiektua ezagutzeko herri-bilera antolatu dute Zeberion
Herri bileraz gainera, apirilaren 6an Francisco Jose Vaqueroren ‘Vidas Irrenovables’ filma proiektatuko dute Hogarrean 18:00etan

Bihar, martxoak 25, ‘Feroskana Parke Eolikoa’ proiektua ezagutzeko herri-bilera antolatu du herritar talde batek Zeberioko Hogarrean, 19:00ean.
Azken hilabeteetan GEURIAn iragarri lez, Mandoiako kordalean sei aerosorgailu eraikitzeko asmoa du Feroska Wind enpresak: bost Zeberioko lurretan eta bat Bediakoetan. Aurrerapausoak ikusita, Zeberioko Udalak aholkularitza enpresa bat kontratatu du, parke eolikoaren proiektua kudeatzeko. Arankoa enpresa energia berriztagarrien eta jasangarritasunaren esparruan da aditua, besteak beste.
“Gai potolo bat da esku artean daukaguna Zeberion, eta horrelako aholkularitza izatea beharrezkoa dela pentsatzen dugu”, azaldu zion Ekain Goti alkateak GEURIAri joan den hilabetean. Gotiren arabera litekeena da aholkularitza enpresak azterketa egin bezain pronto herritarren aurrean informazio bilera bat antolatzea zen.
“Feroska Wind enpresak egindako ikerketa pasa diegu eta aholkulariek lana burututakoan ikusiko dugu zelan antolatu bilera, momentuz ezer gutxi dakigu eta”, izan ziren alkatearen berbak.

Vidas Irrenovables dokumentalaren frame bat //Francisco Jose Vaquero
Bileratik proiekziora
Apirilaren 6an beste hitzordu bat prestatu dute. Egun horretan, Francisco Jose Vaqueroren ‘Vidas Irrenovables’ filma proiektatuko dute Hogarrean 18:00etan.
2022an ‘Ganado o desierto’ “aldaketa klimatikoa iraultzeko abeltzaintzaren erabilera erakutsi” nahi izan zuen zintaren ondoren, Vaquerok ‘Vidas irrenovables’ lanean dokumentalismoaren aldeko apustua egin du berriro.
47 lekukotasunen bidez, film honek energia berriztagarrien “ezarpen masibo eta kontrolik gabeak” pertsonei, animaliei eta landarediari lurralde nazional osoan eragiten dizkien kalteak erakusten ditu. “Ekosistema osoa eraldatzen ari da, dagoeneko arriskuan dauden espezieak are arrisku handiagoan jartzen, eta horren guztiaren erdian harrapatuta dauden pertsonen bizitzak aldatzen”.
Sinopsia
Erregai fosiletan oinarritutako energia-iturriak energia berriztagarriko iturriekin ordezteko ezarritako premia dela eta, Iberiar Penintsulako ekosistema ugari eta landa-ingurune horietan bizi diren pertsonen bizitzak suntsitzen ari dira.
Plangintzarik ezak eta administrazioen kudeaketa txarrak arriskuan jartzen dute landa-eremuetako pertsonen bizimodua, bai eta haien ondasun preziatuena ere: ingurumena. Historian zehar, berriz ere, landa-eremuetako herritarrak dira sakrifikatu behar direnak hirietan bizi diren pertsonek beren bizi-mailari eutsi ahal izateko. Kasu honetan, lurrak suntsitu eta argindarra emango diegu.
Egoera horrek pertsona askoren borroka eta erresistentzia eragiten du, ez dutelako beren paisaiak eta, ondorioz, bizitzeko modua suntsitzea nahi. Filmean, kaltetutako pertsonen istorio asko ezagutuko ditugu, baita horien ondorioak eta kasu batzuetan berriztagarrien hedapena zuzena eta ingurumenarekiko errespetuzkoa izan dadin egin daitezkeen alternatibak ere.
Herrialde osoko pertsona ugariren istorioa da, baita Antonio Turiel edo Francisco Varela bezalako hainbat zientzialarirena ere, honek epe ertainean eragin ditzakeen ondorio kaltegarriez ohartarazten ari direnak. Azken batean, energia-iturri horien plangintza txarra hondamendi soziala, kulturala eta ingurumenekoa eragiten ari da, administrazioek babestuta.
Hogarreko proiekzioa bukatu eta segidan hizketaldia prestatu dute zuzendariarekin.
☉ Zeberio
Datorren urteko aurrekontua zehazteko bilera irekia egingo dute Zeberion, ostegunean
Hitzordua 18:30ean antolatu dute plazako ermita zaharrean

Datorren azaroaren 20an, osteguna, 18:30ean, 2026ko aurrekontuaren inguruko bilera irekia egingo dute Zeberion.
Hitzordua Zubialdeko plazako ermita zaharrean antolatu dute. Udaletik herritarrak gonbidatu dituzte hitzorduan parte hartzera.
☉ Zeberio
Zeberioko Austarri elkarteko mendizaleak Gantzorrotzera abiatuko dira hilaren 15ean
Ibilaldia amaitu ostean indabak bazkalduko dituzte mendizaleek Zornotzako jatetxe batean

Gantzorrotz Bizkaian kokatutako mendia da eta bertara abiatuko dira Austarri Mendi Taldeko mendizaleak azaroaren 15ean.
Irteera 08:00etan egingo dute udaletxeko plazatik. “Bere mutur zorrotzari zor dio ‘Gantzorrotz’ izena mendi honek, piramide baten itxurakoa baita gainaldea, baina gain erraza da, nonahitik igotzeko modukoa, arreta pixka bat jarriz gero, haitz eta elorri artean ez trabatzeko”, azaldu dute mendi taldetik.
Ikuspegi zabala eskaintzen du Legarmendiko karstaren gainean, izan ere karst eremuaren erdian gelditzen da eta ez dago goien bista galarazten duen zuhaitzik. Bertara joanez gero, antzeko beste tontor batzuk ere nahiko gertu gelditzen dira, Urtemondo esaterako Man, Betzuenburu eta beste asko, Ean.
Belatxikieta mendia Aramozko mendilerroaren tontorrik garrantzitsuenetakoa da. 661 metroko garaiera du. Belatxikietan mendiaren tontorrean mugarri handi bat dago. Garai batean, tontorrean zazpi artzain txabola zeuden eta, 1949an, eurek erabaki zuten gailurraren magalean ermita bat eraikitzea. Saninazioetan, erromeria egiten da bertan.
Ibilaldia amaitu ostean indabak bazkalduko dituzte mendizaleek Zornotzako jatetxe batean.
☉ Zeberio
Mendi irteera, bertsopoteoa eta elkarretaratzea antolatu dituzte Zeberioko Azaro Feministan
Hilaren 30era bitartean hitzaldiak, sukaldaritza tailerra, mendi irteera, bertsopoteoa eta bakarrizketak bezalako jarduerak antolatu dituzte Zubialden

Hilaren 30era bitartean Azaro Feminista antolatu dute Zeberion, askotariko jarduerekin: hitzaldiak, sukaldaritza tailerrak, mendi irteera, bertsopoteoa, bakarrizketak…
Egitaraua | Zeberioko Azaro Feminista
Azaroak 10, astelehena
18:00 Sukaldaritza tailerra, eskola zaharra
Azaroak 14, barikua
19:00 Bertsopoteoa: Andoni Egaña + Oihana Bartra, plaza
Azaroak 15, zapatua
08:00 Mendi irteera: Artaungan-Gainzorrotz, plaza
Azaroak 19, eguaztena
16:00 ‘Zaintzailean zainduz’, eskola zaharra
Azaroak 21, barikua
18:30 Emanaldia: ‘Nor da Maurizia?’
Azaroak 25, barikua
13:00 Elkarretaratzea, udaletxe aurrean
Azaroak 26, eguaztena
17:00 Hitzaldia: ‘Saber decir que no’, Plazako ermita zaharra
Azaroak 28, barikua
18:30 Bakarrizketak: BostOK!, Plazako ermita zaharra
Azaroak 30, domeka
10:00 Azoka
☉ Zeberio
Zeberioko Udala UEMAko kide izango da abendutik aurrera
Zeberioko euskara indizea % 80,2koa da, baina UEMAko datuen arabera ezagutzarekin lotutako indize horrek behera egiten du gero lehen hizkuntzaren (% 45,82) eta etxeko erabileraren (% 33,92) datuak behatuz gero

Urdiaingo Udalarekin batera, Zeberiok UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatearen erabakia hartu du joan den osoko bilkuran.
Zeberioko Udalak joan den azaroaren 6an egindako osoko bilkuran iragarri zuen UEMAko kide izatearen erabakia, EH Bilduko bost zinegotzien aldeko botoekin eta EAJko zinegotzi biren abstentzioarekin.
Zeberioko euskara indizea % 80,2koa da. Hala ere, UEMAko datuen arabera, Zeberion ere ezagutzarekin lotutako indize horrek behera egiten du gero lehen hizkuntzaren (% 45,82) eta etxeko erabileraren (% 33,92) datuak behatuz gero: “Zeberio ere euskararen ezagutza altuko udalerria da, beraz, baina euskararen nagusitasun argirik gabeko udalerria. Horregatik, kontzientziazioan eta herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko beharra ikusi dute Zeberion ere”.
“Horren jakitun erabaki du Zeberioko Udalak UEMAko kide izatea, besteak beste herritarren ahalduntzean eta erabileran eragiteko UEMAren esperientzia bidelagun izango dutelakoan”, gehitu dute mankomunitatetik.
Zer da UEMA?
1991ko maiatzaren 5ean sortu zuten UEMA, 19 udalek, Aizarnazabalen egindako batzarrean. Harrezkero, Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Tamainaz zein izaeraz askotarikoak dira mankomunitatea osatzen duten udalak, baina guztiek badute elkartzen dituen zerbait: udalerri euskaldunak dira guztiak. Zehazki, UEMAko kide diren herri guztietan, biztanleen %70etik gora euskalduna da.
UEMAk gaur egun hainbat ildo eta zerbitzu ditu, euskaraz bizi nahi duten udalerrien beharrei erantzuteko. Udalen euskalduntzeaz gain, udalerri euskaldunen zaintza eta garapena, eta bertako herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea dira nabarmenenak, horietan eragitea udalerri euskaldunei eta euskararen arnasguneei eusteko ezinbestekoa dela iritzita.
Abenduan, mankomunitatearen kide
Abenduaren 13an egingo du UEMAk urte amaierako Batzar Nagusia Etxarri Aranatzen. Ordutik aurrera izango dira Urdiain eta Zeberio mankomunitateko kide.
Zeberio eta Urdiain gehituta, 120 udal izango ditu UEMAk. Guztien artean 355.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.
☉ Zeberio
Mauriziaren omenaldiak eta domekako azokak emango diete hasiera Zeberioko Abendu Kulturalari
Udalak Escape Room bat, bakarrizketak, Maurizia Aldeiturriagari omenaldia, neguko azoka eta beste horrenbeste jarduera prestatu ditu neguari ongi etorria emateko helburuagaz

Zeberioko Abendu Kulturala atejoka dabil eta Udaleko Berdintasun Batzordeak azaroko jarduerak aurreratu dizkio GEURIAri, programa guztiz osatuta ez badago ere, jarduerak, urtero lez, 2026ko urtarrilera bitartean luzatzen direlako.
Abendu Kulturalaren ekitaldien programa hilabetearen erdialdean hasiko da: izan ere, azaroaren 14an bertsolarien saioa programatu dute. Azaroaren 21ean Maurizia Aldeiturriagaren bizitzaren inguruko emanaldi berezi bat prestatu dute. Gainera, Escape Room-a egingo dute eskolan. Azaroaren 25ean elkarretaratzea deitu Udaletik Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Egunean.
Azaroaren 28an BostOK!-en bakarrizketak programatu dituzte: “Badira ikuslea pertsona hobe eta jantziago bat bilakatzen duten ikuskizunak. Nabarmen, Bostok! ez da horren adibide. Litekeena da emanaldiaren ondoren ikusleak lehen baino lotsagabeago irtetea. Izan ere horixe da bostOK! Bost umoregilek Ondutako Klima”.
Hilabetea behar bezala bukatzeko Domekako Azoka antolatu dute azaroaren 30ean, bertako produktuekin. Gorbeialdek Zeberioko Udalaren babesarekin prestatu du Zeberioko Zubialde auzoko plazako aterpean, 10:00etatik 15:00ak arte. Bertan, Ekain Goti Zeberioko alkateak azaldu lez, “eskualdeko eta inguruetako ekoizleen nekazaritza eta artisautzako produktuetaz gozatu ahalko dute herritarrek”. Gorbeialde saltokien zerrenda osatzen ari da hilabetean zehar.
Abendu Kulturaleko gainontzeko jarduerak zehazteke daude oraindik. Behin betiko zerrenda osatzean GEURIAn iragarriko dugu, urtero egiten den era berean.











