☉ Zeberio
Maurizia Aldeiturriaga pandero-jole zeberioztarrari buruzko dokumentala grabatu dute herrian
‘Aire!’ filmaren grabaketa lanak udan hasi zituzten, Katalunian, eta azken bi asteotan, Igorren, Artean eta Zeberion hartu dituzte azken sekuentziak

Aire! dokumentalak Maurizia Aldeiturriaga musikari zeberioztarraren bizitzaren nondik norakoak eta pandero-joleak XX.mendeko euskal musikari egindako ekarpenak izango ditu hizpide. Grabaketa lanak udan hasi zituzten, Katalunian, eta azken bi asteotan, Igorren, Artean eta Zeberion hartu dituzte azken sekuentziak.
Ikus-entzunezkoa Gentzane Martínez de Osabak zuzendutako bigarren dokumental luzea da. Marmoka Films eta Bideografik ekoiztetxeek koprodukzioan bultzatu dute eta Eusko Jaurlaritzaren, EiTBren eta Arteako eta Zeberioko Udalen laguntza jaso du. Gainera, zinea.eus-ek aurreratu duen bezala, Eukeni Arriortua argazki zuzendariaren parte hartzea eta Carlos Sagi, Iraide Ansorena eta Naroa Gaintza musikarien kolaborazioa izango du.
Artistez gain, proiektuan Kataluniako eta Euskal Herriko 13 musikari gazte ari dira lanean; izan ere, ekoizleek azaldu dutenez, filmak neska-mutil hauen “bizitzak batuko ditu, elkarrekin musika pieza bat sortzeko”. Grabaketak bukatzear daudela iragarri arren, halere, egileek ez dute dokumentalari buruzko xehetasun gehiagorik eman. “Prozesuan dago eta ezin da ezer aurreratu, baina itxura ona dauka eta profesional bikainen eskuetan dago”, argitu zuten abuztu hasieran grabaketa lanak hartu zituzten Zeberioko Mandoia Aterpetxearen sare sozialetatik.
☉ Zeberio
Argazkiak | Txikienen ilusioa piztu dute Mari Domingik, Olentzerok eta Napok Zeberion

Heldu da Zeberioko txiki (eta ez hain txikiek) irrikaz bizi duten eguna: Mari Domingi eta Olentzero menditik jaitsi eta Zeberiora heldu dira. Barkatu: Mari Domingi, Olentzero eta Napo menditik jaitsi dira. Astoa, urtero legez, protagonista handietako bat izan da, haur guztien begiradak erakarriz.
Euriari eta eguraldi petralari aurre eginez, GEURIA bertan egon da!

☉ Zeberio
Zeberioko Bertzuten auzoan erretako baserriaren kalteak aztertu beharko ditu Udalak
“Ez da zauriturik egon, baina sutea itzaltzeko urak kalte materialak sortu ditu kiskali ez den etxebizitzan”, azaldu dute Segurtasun Sailetik

Atzo, abenduaren 23an, Zeberioko Bertzuten auzoan kokatutako baserri batek su hartu zuen 09:00ak aldera eta basauriko suhiltzaileek eguerdi aldera itzali zuten.
Iurretako suhiltzaileak Zeberiora hurbildu ziren ere badaezpada, baina Basauriko parkeko suhiltzaileek beren kabuz itzali zuten sutea.
GEURIAk Segurtasun Sailarekin berba egin du gertatuakoaz eta eraikina alde bitan banatuta dagoela azaldu du: “Ezkerreko aldea erre egin da. Zorionez, bertan ez da inor bizi eta suhiltzaileek sua beste aldera ez igarotzea lortu dute”.
Segurtasun Saila: “Ez da zauriturik egon, baina sutea itzaltzeko urak kalte materialak sortu ditu etxebizitzan eta Udalak eraikinaren egonkortasuna aztertu beharko du”

Eskumako aldean jendea bizi da eta suteak eragina izan du bertan: “Ez da zauriturik egon, baina sutea itzaltzeko urak kalte materialak sortu ditu etxebizitzan eta Udalak eraikinaren egonkortasuna aztertu beharko du”.
☉ Zeberio
Bizkaiko Banakako Txapelketa eta Danel Elezkanori omenaldia antolatu dute Zeberion
Mutilen arteko txapelketan Aran Goti eta Lier Barreras arituko dira eta nesken artean Arhane Mendibil eta Amaia Zarrabeitia

Mandoia Zeberio Pelota Klubak Bizkaiko Banakako Txapelketa eta Danel Elezkanori omenaldia antolatu du abenduaren 19an, arratsaldez.
Hitzordua 17:30ean prestatu du pelota klubak Zubialdeko frontoian. Mutilen arteko txapelketan Aran Goti eta Lier Barreras arituko dira eta nesken artean Arhane Mendibil eta Amaia Zarrabeitia.
Jokatu beharreko hirugarren partidan Bengoetxea eta Larunbe Goñi eta Garciaren aurka lehiatuko dira, duela hilabete batzuk erretiratu zen Danel Elezkano pilotari ohi zaratamarrari omenaldia egiteko.
Udaletik herritarrak gonbidatu dituzte ekitaldian parte hartzeko.
☉ Zeberio
Mattin Iñiguezek Alpeetan bizitako esperientziaren inguruko solasaldia eskainiko du Zeberion
Hitzaldia abenduaren 22an antolatu dute, plazako ermitan, 19:30ean

Zeberioko Abendu Kulturalak Mattin Iñiguez Ormazabalen ‘Red Bull X-Alps’ izeneko hitzaldi berezia hartuko du abenduaren 22an, plazako ermitan, 19:30ean.
“12 egunez Alpeetan barrena, oinez eta hegan 60 kilometro baino gehiago eta 3.000 metro desnibel positibo gainditzen ditugu egunero, parapentea bizkarrean eramanez”, azaldu du Mattinek. “Lasterketa honetan parte hartzea gure biziko erronka izan da, eta biztako momentu ikusgarrienak eta hunkigarrienak partekatu nahi ditut zuekin”.
Mattinek bere erresistentzia eta determinazioa erakutsi zuen Red Bull X-Alps-en 2025eko edizioan, baina ez zuen lasterketa amaitu: helmugatik 341,9 kilometrora lotu zen. Bere jardunak hike-and-fly modalitatean goi mailako atleta bezala duen indarra eta sendotasuna berretsi zuen.
Abentura-kiroletan, alpinismoan, barrankismoan eta zeharkaldiko eskian, urte askotako esperientzia du Mattinek, eta maila gorenean lehiatzeko oinarri sendoa eraiki du. Alpeetako lasterketa amaitu ez arren, bere errendimenduak Alpeetako eremu zailenari aurre egiteko gaitasuna erakutsi zuen, eta oraindik ere figura errespetatua eta sekulakoa da hike-and-fly komunitatean.
Egitaraua | Abendu kulturala 2025
ABENDUAK 19, barikua
BALLET IKUSKIZUNA
18:00 Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 22, astelehena
RED BULL X-ALPS 2025
19:30 Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 23, martitzena
EGURREZKO JOLASAK
11:00 Udaletxeko plaza
ABENDUAK 24, eguaztena
OLENTZERO ETA MARI DOMINGI
17:00 Ermitabarri
ABENDUAK 30, martitzena
PUZGARRIAK ETA JOLASAK
11:00 Udaletxeko plaza
ABENDUAK 31, eguaztena
TONTORRANDIRA MENDI IRTEERA
☉ Zeberio
Gabon Kontzertua eskainiko dute gaur Arratiako Musika Eskolako ikasleek Zeberion
Kontzertua Plazako ermitan antolatu dute eta saio bi prestatu dituzte guztira: bat 17:30ean eta bestea, 19:00etan

Arratia Musika Eskolako ikasleek Gabonetako Kontzertua eskainiko dute Zeberioko Abendu Kulturalaren markoan.
Kontzertua gaur bertan izango da Plazako ermitan eta saio bi prestatu dituzte guztira: bat 17:30ean eta bestea, 19:00etan: “Gabonak ospatzeko kontzertu batzuk prestatu ditugu hainbat herrietan. Astelehenean Zeberio eta Otxandioko txanda izango da. Etorri ikustera!”
Egitaraua | Zeberioko Abendu Kulturala 2026
ABENDUAK 15, astelehena
17:30 Arratiako Musika Eskolaren emanaldia
ABENDUAK 19, barikua
Ballet ikuskizuna
18:00 Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 22, astelehena
Red Bull X-Alps 2025
19:30 Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 23, martitzena
Egurrezko jolasak
11:00 Udaletxeko plaza
ABENDUAK 24, eguaztena
Olentzero eta Mari Domingi
17:00 Ermitabarri
ABENDUAK 30, martitzena
Puzgarriak eta jolasak
11:00 Udaletxeko plaza
ABENDUAK 31, eguaztena
Tontorrandira mendi irteera







