Sareak

Iritziak

Zu bezalako gehiago

|

Martxoaren 14a. Goizeko 9:30ak. Orgatxoa hartu eta La Basconia zubiaren ondoko Eroskira noa larunbatero moduan. Gaztetxearen parera iristerako ikus dezaket kanpoaldean jende ilara, sekula ez bezala. Supermerkatura sartu, behar dudana hartu eta banoa kutxara.

Nire aurrekoak erositakoa poltsetan sartzen amaitu duenean nireak zintan jartzen has ote naitekeen galdetzen diot kutxan dagoen neskari. “Ez, oraindik ez!”. Nire aurrekoak ordaindu eta poltsak eskuan igogailuranzko bidea hartzen duenean, erositakoa orgatik ateratzen hasteko esaten dit. “Baina zoaz atzerago!”.

Neurrigabeko erosketen egunak / Geuria

Erositakoa poltsetan sartzen hasi naiz. Tarte batez isilik egon ondoren, begirada jaso, irribarre egiten saiatu eta etxean zelan gauden galdetzen dit. Ondo gaudela erantzuten diot, mila esker, eta ea bera zelan dagoen. Izugarrizko tentsioa daukatela. Oso dezepzionatuta dagoela jendearekin. Zoroen pare ari direla erosketak egitera etortzen. Orga goraino betetzen dutela, parean harrapatutako guztia eramaten dutela eta beraiei laneguna bukatutakoan ez zaiela ezertxo ere gelditzen etxera eramateko. Adinekoak binaka etortzen direla kasu askotan, paseora joango bailiran, eta ezin dutela halakorik egin. Tentsio izugarria daukatela. Jendearekin oso dezepzionatuta dagoela.

Etxera bueltan pentsatu dut munduan bera bezalako gehiago baleude ez litzatekeela jendearekin hain dezepzionatuta egongo. Esan egin behar nion. Ea datorren larunbatean bera tokatzen zaidan berriz ere.

Zutabeak

Iritzia | Puntu Morea erasotzea eraso bat baino gehiago da

|

Puntu Morean izandako erasoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten jaietan // Geuria

Mugimendu Feministak hamarkadak daramatza indarkeria matxistaren kontrako borrokan, lehen identifikatzen ez genituen eta normalizatuta genituen hainbat egoera gaur egun izendatu ditzakegu eta argi dugu bidegabeak direla. Auzo-elkarteek, jai-batzordeek, gizarte-mugimenduek eta herrian presente dauden eragile guztiek berdintasuna erantzukizuntzat hartu beharko luketela aldarrikatu dugu urteetan zehar. Izan ere, guztion ardura da sortzen ditugun espazio eta jai eremuak emakumeentzako eta genero disidenteentzako gune seguru eta gozagarriak direla bermatzea.

Protokoloen eta erasoen kudeaketaren ardura kolektibizatu beharraz hitz egiten dugu askotan. Bide horretan, instituzioak behin baino gehiagotan seinalatu izan ditugu. Ardurak hartzeko eskatu diegu, eraso matxisten kontrako protokoloak eduki eta udal baliabideak indarkeria matxistaren kontrako borrokan inbertitu ditzaten. Zentzu horretan Mugimendu Feministak autogestioz eta militantziaz jai-guneetan martxan jarritako protokolo eta puntu moreak instituzioen gain hartzea aurrerapauso modura ikusten dugu.

Larunbat gauean Arrigorriagako jaietan gertatutakoak kezka eta haserrea sortu dizkigu. Kontzertuak bukatu bitartean gizon talde batek Puntu Morea erasotu zuen, bertan zeuden bi emakumeak iraindu eta botilak jaurti zizkieten. Puntu Morearen kontrako erasoa jaien kontrako eraso bat da. Emakume eta genero disidenteok erasorik gabeko jaiez gozatu ahal izatearen kontrako erasoa. Mugimendu feministak beste eragileekin elkarlanean urteetan egindako militantziaren lorpenen kontrako erasoa.

Batez ere orain inoiz baino gehiago, Puntu Moreak eta erasoen prebentzioan egiten den lanaren beharrezkotasuna ezin dugu zalantzan jarri. Erasoak egoten jarraitzen duten bitartean, jai-guneak emakume eta genero disidenteentzako espazio seguru ez diren bitartean eta txosnaguneak lehenago ixten gabiltzan bitartean (erasoak bata bestearen atzetik ematen direlako). Horregatik, jai eremuetako gizonengan jartzen dugu fokoa: har dezatela ardura erasotu ez gaitzaten. Ez soilik indibidualki, baizik eta sor ditzatela baldintzak haien inguruko (eta oro har, jai-guneko) gizonek erasotu ez dezaten.

Erasoen eta erasotzaileen inpunitatearen aurkako jarrera izatea denon ardura da. Argi izan dezatela eraso orok erantzuna izango duela eta ez direla jai eremuetan ongi etorriak.

Jai herrikoi eta feministen aldeko hautua egiten dugu eta erasoen ondorengo kudeaketatik haratago, espazioak feministatzeko beharrean berresten gara. Protokolo feministez gain, oholtza, txanda eta antolaketa forma feministen alde egiten dugu. Izan ere, indarkeria matxistaren aurka egiteko ezinbestekoa da patriarkatuaren irakurketa estruktural bat egitea, eta autodefentsa hortik pentsatzea. Planteamendu hauek gizonak gu erasotzeko zilegitasuna eta boterea duten gizarte talde gisa ulertzeko tresnak ematen dizkigute. Eta, aldi berean, erasotzaileen inpunitatearen aurkako borrokak nahiz autodefentsa feminista artikulatzeko.

Autodefentsa feminista antolatu dezagun! Aurrean izango gaituzte.

Gora borroka feminista!

Urruma Arrigorriagako Asanblada Feminista, Emahots Ugaoko Talde Feminista, Momoak Galdakaoko Talde Feminista eta Kiskali Basauriko Gazte Talde Feminista

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia / Miseriaren aurrean etxebizitza doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala

|

Etxebizitzaren arazoa langileriarentzat gure soldaten arpilatzea den bitartean, enpresari eta errentistentzat negozioa handitzeko bidea da. Gehiengoarentzat pobretzearen iturri dena, gutxiengoarentzat aberastasunaren zutabe garrantzitsua da.

Politikariek etxebizitzaren arazoaren inguruan sortu den kezka soziala eta kale-mobilizazioak higiezinen negozioa indartzeko eta diru publikoz finantzatzeko erabiltzen dituzte. Neurriak hartzen ari direla dioten alderdi politikoak etxebizitzaren arazoak ematen duen negozio-aukeraz baliatzen ari dira enpresaburuen eta jabeen aldeko neurriak hartu eta ‘neurri sozial’ gisa aurkezteko. Horrela, haserre soziala leundu eta negozioaren aurka indartu daitekeen antolakuntza independentea neutralizatzen dute.

Norabide honetan, Galdakaoko Udalak ere azken asteetan neurri ezberdinak onartu ditu. Neurriak, etxebizitzaren merkatua lasaitzeko helburua dutela dioten arren, negozioa bultzatzeko neurri argiak dira, errentistei alfonbra gorria jarri eta langileriarentzat egoera magia bitartez hobetuko delakoaren promesa faltsuak baino ez.

Neurri horien artean errentistei diru laguntzak ematea aurki genezake. 3.500 euroko dirulaguntza emango zaie etxea alokairura bideratzeko konponketak egiteko eta beste 3.000 euroko dirulaguntza irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko. Etxebizitza sarbidea errazteko laguntza bat izatetik urruti, etxebizitzaren negozioa finantzatzeko neurri bat da. Eskaintza-eskasiaren arazoa konpontzeko neurri bezala saldu nahi diguten hau, eraikuntza eta espekulazio-ziklo berri bat bultzatu nahi duten politikarien eta enpresaburuen beste tranpa bat da, gutxien behar duenari diru gehiago metatzeko aukerak zabalduz.

Ateratako neurrien artean ere, gune tentsionatuetarako hartutako neurriak egongo lirateke (Aperribai eta Jugu auzoei soilik eragiten dietenak). Batetik, alokairu berriei prezioa mugatzea eta bestetik, alokairuaren kontratua luzatzeko eskubidea 8 urtera arte aldatzea. Neurri hauekin alokairuaren prezioak ez dira jaisten, muga bat soilik jartzen diote igoerari, prezioak astiroago igoarazten ditu soilik. Neurri hauen eraginkortasuna limitatua da, are gehiago Galdakaon alokairuaren prezioa
2022ko datuen arabera azken 5 urteetan ehuneko 11ko igoera adierazi zuenean eta tendentzia gorakorra izaten jarraitu duenean. Tentsionatutako eremuaren izendapenak esparru juridiko eta administratibo bat sortzeko baldintzak baino ez ditu jartzen, eta, horri esker, udalek eraikuntza-plan berriak jarri ahal izango dituzte martxan, berriz ere, etxebizitzaren auziarekin negozioa egiten ari direla agerian geratzen delarik.

Neurriak publiko egitean udalak adierazi duen bezala beraien helburua “etxebizitzaren merkatua lasaitzen joatea” da, hau da, bizi dugun ezinegon sozial eta kaleetako mobilizazioen lasaitzea besterik ez. Etxebizitzaren arazoaren konponbidea ez da higiezinen negozioa finantzatzen duten politikarien eskutik etorriko, etxebizitzak merkantzia izaten jarraitzen duen artean, batzuentzat irabaziak metatzeko eta negozioa egiteko erraminta den artean, auziak ez du aterabiderik izango. Soluzioa soilik etor daiteke, kalitatezko, doako eta unibertsala izango den etxebizitza-sistema baten ezartze batetatik. Izan ere, baliabideak badaude pertsona orok etxebizitza bat izan dezan, prozesu horretan enpresaririk edota etxejaberik aberastu gabe. Miseriaren normalizazioaren aurrean doako etxebizitza kalitatezkoa eta unibertsala aldarrikatu behar dugu!

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia / Gerra inperialistaren eta estatuen militarizazioaren aurka kaleak har ditzagun maiatzaren 1ean!

|

Maiatzaren lehena, langileriaren kontzientzia kolektiboan gorriz markatutako eguna, borroka eguna alegia. Iraganeko sinbologian gelditu zen egun bat izatetik urrun, klaseen arteko borroka berpizteko eta gorputz iraultzailea eraikitzen jarraitzeko eguna da.

Gaur egun burgesiaren ofentsiba, forma beliko eta politikoa hartzen ari da. Bloke atlantistaren gainbehera ekonomikoaren testuinguruan Europaren autonomia estrategikoaren defentsaren bandera daramate agintariek, baina zer esan nahi dute horrekin?

Autonomia estrategikoa, baina norentzat? Langileriarentzat ez, noski. Autonomia estrategikoarekin berrarmatzeaz, hausteritate politikez eta aberastasunaren kontzentrazioaz ari dira, hau da, burgesiarentzat irabazien iturrien berkonfigurazioa eta langileriarentzat hildakoak eta pobrezia orokortua.

Izan ere, gaurdanik, industria militarraren zabalpena ematen ari da, sektore honetan abanguardia diren enpresa milioidunen irabazien gorakada nabarmenekin batera. Honek erakusten digu herrialde ezberdinak OTANen mandatuetara egokitzeko planak jarraitzen eta BPGa (Barne Poduktu Gordinaren) %2ra heltzeko baldintzak sortzen ari direla.

Baina, kapitalisten gerra honetan zer dugu irabazteko langileok? Ezer ez. Kontrara, izugarriak izango dira testuinguru belizista honek ezarriko dizkigun kostu ekonomiko eta politikoak. Alde batetik, hausteritate politikak aplikatuko dituzte defentsan egiten ari diren eta egingo duten inbertsioa berreskuratzeko, ezinbestean prestazio sozialetan murrizketa ikusgarriak ekarriko dituenak. Bestetik, herrialdeen arteko tentsio militarren areagotze posiblea eta estatuen militarizazioarekin giro autoritarioaren sakontzea.

Hortaz, inperialisten arteko gerra honetan langileok egiteko bakarra daukagu, antolakunde, kolektibo eta norbanakoen arteko batasun iraultzailea sustatu, eta kaleak konsigna argiekin hartzea. Guzti hau, sozialdemokrazia kanpo utzita egin behar dugu, bere alderdi insituzionaletatik eta adierazpenetatik kanpo alegia. Gerrari eta pobretzeari aure egingo dion erreferente iraultzaile bat gorpuzteko baldintzak sortu behar ditugu, nazioarteko perspektiba izango duena eta jendarte komunista baten eraikuntza helburu bezala izango duena. Izan ere, hau baita daukagun berme bakarra burgesiaren ofentsibari aurre egiteko eta gerra inperialistekin betiko bukatzeko bermeak izateko.

Kaleak hartzeko momentua da, gerra inperialisten kontrakotasuna gorpuztu dezagun!

Osorik irakurri

Gutunak

Gutuna / Memoria eta amorru bolleroa

|

Lesbianen Ikusgarritasunaren Egunerako sortu duten pankarta // Marieneako Talde Bolleroa

Apirilak 26 dituen honetan kalera aterako gara, ahotsa altxatuko dugu, eta elkarri begiratuko diogu harrotasunez, konplizitatez eta baita atzera begira ere.

Marieneako Talde Bolleroa gara: hiru urte daramatzagu Basaurin proiektu hau eraikitzen, borrokan eta aldarrikapenean elkarrekin, emakume bollera eta feministen talde gisa.

Lesbianen Ikusgarritasunaren Egunean oroimen ariketa bat egin nahi dugu.

Gure aurretik izan diren bollera guztiei zor diegu: inoren eta ezeren itzala izan nahi izan ez zuten horiei, lesbiana zarela esatea are zailagoa, arriskutsuagoa, edo zuzenean ezinezkoa zen garaian bidea ireki zuten horiei.

Eskerrik asko guztiagatik: marjinatik kanpo desiratzen irakasteagatik, zuen gorputzak zapalkuntzaren eta gorrotoaren aurrean jartzeagatik eta isiltasun hutsa baino ez zegoen tokietan erreferenteak izateagatik.

Era berean, uste dugu gaurkoa salaketarako eguna ere badela. Ezin dugu beste alde batera begiratu gure kolektiboak bizi duena ikusita. Eraso LGTBIQ+fobikoak ugaritzen ari dira. Gure aurkako gorrotoaren diskurtsoa eskuin muturraren eta haren jarraitzaileen ahotan dabil.

Gure disidentziak ez dituzte jasaten. Horregatik, erasotzen gaituzte, erasotzen gaituzte, iraindu, baita hil ere. Baina ez dugu atzera egingo. Ez gara isilduko. Ez gara ezkutatuko. Hemen gaude, eta hemen jarraituko dugu.

Bollera izatea erresistentzia da. Bikoitza da zapalkuntza: emakume izateagatik eta heteronormatiboak ez izateagatik. Esaneko nahi gaituzte. Isil, geldi, ikusezin.

Baina gu zaratatsuak gara, lotsagabeak eta ikusgarriak. Orain inoiz baino gehiago.

Eta hemendik oihukatuko dugu, gure amorru eta sororitate guztiarekin:emakume transak emakumeak dira.Salatuko dugu eta ahotsa altxatuko dugu: Auzitegi Gorenaren aurrean, epaile matxista ororen aurrean, Osasun Zerbitzuetako Genero Unitate baztertzaileen aurrean eta, batez ere, aurrez aurre jartzen zaizkigun fatxa guztien aurrean.

Gu feminismo erradikal bat eraikitzen ari gara: zaintzetatik, elkartasunetik, kolektibotasunetik.Gure feminismoa erradikala da, intersekzionala, eta erabat transinklusiboa.

Gaur, beti bezala, honela diogu: beste emakume bat desiratzea ez da ekintza intimo bat.Ekintza politiko bat da.

Eta hemen gaude: ikusgarri, bollera eta borrokan jarraitzeko gogo biziz.

Gora borroka bolleroa!

Gora erresistentzia transa!

Gora borroka transfeminista!

(Jarraitu gaitzazue gure instagrameko kontuan: @marieneakobollerentaldea)

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia / Gastu militarraren igoeraren aurrean, herriak baditu bere armak

|

Shattered lives, War on Gaza 2023-2025 (#43) // Argazkia: Rawan Murad (Wikimedia)

Hasi da 2024ko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kanpaina, eta honela, Bizkaiko Foru Aldundiak langile-klasearen baliabide-erauzketa gauzatuko du beste urte batez. Kapitalaren adar burokratiko eta errepresiboa finantzatzera ohituta gaudenez, konformatu egiten gara osasun eta hezkuntza sistema gero eta ahulagoekin, jakinda dekadentzia hori entitate berberen interesak asetzearen ondorioa dela.

Pentsiodunak bezalako gizarte-taldeen beharrei erantzuteko baliabideak ukatzen diren arren, badirudi haien intereseko arloetan gastuak nabarmen handitzeko baliabideak badaudela, hala nola, armamentu-industria edo gaizki deituriko “segurtasun-indarretan”. Hau da instituzioen benetako aurpegia, genoziden eta zapalkuntza-sistemari eutsi nahi diotenen arteko harreman ekonomikoa, beti ere, indarkeriaren monopolioaren bidez.

Horregatik, kudeaketa eredu honen aurka gaude, baliabide horiek herriaren ahaleginaren fruitu direlako, eta baliabide horiek bideratzen direlako, hain zuzen, baliabideok erauztea ahalbidetzen duen ordena mantentzera. Baita interes pribatuen onurarako ere, nahiz eta horretarako zerbitzu publikoak degradatu edo zuzenean beste herri batzuk hil behar diren.

Gure etsaia ez da errusiarra edo israeldarra, gobernatzen gaituzten eliteak baizik. Herriak gara gure gaitasunak hobetu behar ditugunak, autokudeaketa, elkarrekiko laguntza eta autodefentsa bultzatuz. Hain zuzen, gure autonomia areagotuko duten eta gure benetako premiak asetuko dituzten egitura sozial eta ekonomikoak eraiki behar ditugu. Gure segurtasuna gure beharrak asetuta izatearen araberako abaita; kalitatezko elikagaiak, etxebizitza duina, komunikabide propioak eta abar eskuratzearen araberakoa. Beste era batera esanda, gure segurtasunerako, indarkeria sistemikoa erabiltzen duen gizarte kapitalista, kolonialista eta patriarkala deuseztatu behar dugu.

Seguruago sentitzeko bidean, Galdakaoko Elkarlaguntza Sarean ziur gaude geure armetan inbertitu behar dugula. Horietako bat desobedientzia zibila da. Horregatik, gastu militarrari Eragozpen Fiskala egiteko kanpainarekin bat egitera animatzen zaitugu. Urte batzuk daramatzagu kanpaina honekin bat egiten, gure zergen zati bat kolektibo sozialetara desbideratzen. Herri indartsu bat eraikitzeko, garrantzitsua baita haien gerrak eta ordena finantzatzeari uko egin, eta baliabideak guri interesatzen zaigun lekuetan kokatzea.

“Gerrarik ez herrien artean, bakerik ez klaseen artean”

Osorik irakurri