Sareak

☉ Galdakao

Torrezabalek 30 urte beteko ditu eta hori ospatzeko hamaika ekitaldi antolatu dituzte Galdakaon

Azaroaren 24an Torrezabalen 30. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia antolatu dute Pako Revueltas aktore galdakoztarrak, Udalak eta Maximo Moreno Musika Eskolak elkarlanean

|

Azaroaren 24an Torrezabalen 30. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia antolatu dute // Geuria

Torrezabalek 30 urte bete ditu hilabete honetan: 1994ko azaroan ireki zituen ateak lehenengoz. Hori dela eta, urteurren borobila ospatzeko jaialdia antolatu du Galdakaoko Udalak azaroaren 24an, igandez.

Musika, antzerkia, bideoak, “eta sorpresak” egongo direla aurreratu dute udal ordezkariek, baina ez dute zehaztasun gehiagorik eman.

Hori bai, ekitaldi nagusiko zuzendaritza artiztikoaz arduratuko da Pako Revueltas aktore galdakoztarra. “Berarekin batera, Udala eta Maximo Moreno Musika Eskola ari gara lankidetzan antolaketa lanetan”, diote udal arduradunek.

Torrezabaleko 30. urteurreneko ekitaldi nagusia 12:30ean hasiko da Torrezabalen bertan. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena jaso behar dute herritarrek azaroaren 20tik aurrera udal webgunean, Torrezabaleko totemean edo leihatilan.

‘Egun batean bilakatu zen bizigai’

Kultur Etxeari Torrezabal izena Arkaitz Estiballes bertsolari galdakoztarrak jarri zion duela 30 urte, irailean GEURIAn publikatu genuen bezala.

Lehiaketa bidez erabaki zuten izena: “Dorre itxurako eraikina zen, eta nire desioa zen herritarrak elkartzeko leku irekia eta zabala izatea. Horregatik Torrezabal”, adierazi zuen irailean Estiballesek.

“Duela 30 urteko Galdakaon eraikuntza zen nagusi, baina elkartzeko leku gutxi zegoen. Gaur egun, bizitasun handia du eraikinak: liburutegia, plaza, antzokia, langileak… Leku askotan itxita egoten dira kultur etxeak eta ekitaldi bat dagoenean zabaltzen dira espresuki; hemen, kultur etxeak bizia ematen dio plazari, eguneroko joan-etorri eta bizitasuna du”, azaldu zuen bertsolariak.

Eta, 30 urteren ostean, Torrezabalen urteurrena omentzeko asmoz, lelo bat proposatu zien Estiballesek Galdakaoko udal ordezkariei: ‘Egun batean bilakatu zen bizigai’.

“Bizirik dagoen eraikina da, eta euskal kulturak ere bizirik jarraitzen duela eta Torrezabalen lekua duela aldarrikatzeko omenaldi modukoa da leloa, Mikel Laboak kantatuta ezagun egin ziren Xabier Leteren hitzekin osatua”, adierazi zuen Estiballesek.

☉ Galdakao

Bideoa | Xanduli-manduli kirrikiki… Gau Beltza ospatu dute Galdakaon!

|

“Xanduli-manduli kirrikiki, eman goxokiak guri!”. Horrela ospatu dute Gau Beltza Galdakaon. Aurten elkarlanean antolatu dute arimen gaua Eguzkibegi Ikastolako eta Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek, Udalarekin lankidetzan. Ikusi hemen argazkiak!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Antzerkia, tailerrak eta edabe magikoa prestatu dituzte Galdakaon Gau Beltza ospatzeko

|

Gau Beltza ospatzen ari dira Galdakaon. Aurten lehen aldiz elkarlanean aritu dira Eguzkibegi, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoak eta hamaika ekintza antolatu dituzte: aurpegi margoketa, tailerrak, antzerkia, edabe magikoa, gaztain erreak, taloak eta edariak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko bilketa pneumatikoko langileek grebari amaiera eman diote akordioa lortu ostean

Zortzi hilabete zeramatzaten greba mugagabean. Akordioari esker, besteak beste, % 40ko igoera lortu dute soldatan

|

Besteak beste, % 40ko igoera lortu dute soldatan // ELA Sindikatua

Galdakao, Barakaldo eta Laudioko hondakinen bilketa pneumatikoko langileek greba mugagabeari amaiera eman diote, euren baldintzak hobetzeko akordio bat lortu eta gero.

Akordioaren arabera, Envac Iberia enpresak % 40ko igoera izango dute soldatan 16 langileek.

“Lau urtean 530 euroko plus finko eta xurgaezina kobratzera iristiko da plantilla osoarentzat: 150 euro aurten, 260 euro 2026an, 395 euro 2027an eta 530 euro 2028an”, zehaztu dute ELA sindikatuko ordezkariek.

Era berean, hobekuntza hauek ere jasotzen ditu hitzarmenak:; urteko lanaldia 200 ordu murriztea (1.789 orduko jardunaldia izatetik 1.591 ordu izatera); txanda-kontraturako eskubidea bermatzea; lan-erreformaren aurkako klausulak onartzea; eguneko 100 euro jasotzea hoditerian sartzeagatik; jaiegunetan eta igandeetan lan egindako orduaren prezioa bikoiztea; batzarretarako urtean ordainpeko 8 ordu; norberaren gauzetarako egun bat (ordaindua); eta lanpostu hutsen bat dagoenean enpresak plantillari eskaintzea lanaldi partzialean daudenei eta aldi baterako kontratuak dituztenei.

“Akordioa posible izan da antolaketa eta borroka sindikalari esker. Sindikatuaren erresistentzia-kutxa funtsezkoa izan da hilabete hauetan guztietan grebari eutsi ahal izateko”, esan dute ELAko ordezkariek.

Zortzi hilabete zeramatzaten greba mugagabean hitzarmen propioa aldarrikatzeko. Orain arte enpresak Ingeniaritzako Estatuko Hitzarmena aplikatzen zuen.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Gau Beltza antolatuko dute aurten Galdakaon Eguzkibegi, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek elkarlanean

Urriaren 31n mozorroz eta misterioz beteko da Kurtzeko plaza Galdakaon. Hamaika ekintza antolatu dituzte elkarlanean Gau Beltza ospatzeko

|

Kurtzeko plazan ospatuko dute Gau Beltza Galdakaon urriaren 31n // Argazkia: Utzitakoa, Eguzkibegi Ikastola

Urriaren 31n Gau Beltza da eta Galdakaon hainbat ekintza antolatu dituzte elkarlanean Eguzkibegi Ikastolak, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek eta Udalak.

Aurpegi margoketa, antzerkia, tailerrak, ipuinak, edabe magikoa, gaztain erreak, musika, taloak eta edariak egongo dira Kurtzeko plazan 18:15etik aurrera.

Mozorroak janzteko gonbitea ere egin dute antolatzaileek. Horretarako mozorroa prestatzeko erabilgarri izan daitezkeen aukerak zabaldu dituzte: baserritar-arrantzale gona eta prakak, azpigona, pololoak, baserritar galtzerdiak, abarkak edo espartinak, lastozko txapela, koadrodun edo loredun alkandora, artilezko jertse zaharra, arrantzale edo baserritar zapia, kriseilua, aurpegirako zapia, zaku-telaz egindako jantzia, fibra naturalezko sokak, mantillak edo manta zaharrak.

“Ekimenak herriko eskola publikoen eta ikastola kontzertatuaren arteko lankidetza balioan jartzen du, tokiko ohiturak bizirik mantenduz eta hezkuntza komunitate osoaren arteko bizikidetza sustatuz. Horrela, Kurtzeko plaza tradizioz eta magiaz beteriko gauaren epizentro bihurtuko da”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Galdakao Gela TEk mendiko aulki egokitua entregatu dio Bizkaiko Mendi Federazioari

|

Galdakao Gela Txirrindulari Elkarteak bere bosgarren erronka solidarioa burutu du. Aurten mendiko aulki egokitua lortu dute eta atzo, urriak 29, aurkezpena egin zuten Gandasegin.

Proiektua Txirrindulari Elkarteak eta Ganguren Mendi Taldeak elkarlanean garatu dute, Galdakaoko Udalaren babesarekin. Halaber, Kirol Egokituko Bizkaiko Federazioak, Bizkaiko Mendi Federazioak eta Ibilki elkarteak ere parte hartu dute; haiek arduratuko dira aulkiaren erabilera kudeatzeaz eta behar gehien duten pertsonen eskura jartzeaz.

“Azken batean, inklusioaren eta irisgarritasunaren aldeko konpromiso kolektiboa da, eta horri esker aniztasun funtzionala duten haurrek zein nagusiek mendiaz eta naturaz segurtasunez eta autonomiaz gozatzeko aukera izango dute”, esan zuen Igor Anton Gela TEko arduradunak.

Aulki egokitua Bizkaiko Mendi Federazioari emateaz gain, hitzaldi interesgarriak egon ziren: Kepa Lizarraga, Gorputz Hezkuntzaren eta Kirolaren Medikuntzan espezialista eta mendizale galdakoztarra; Jose Rosales, iktus bat gainditu duen Malagako eskalada monitorea; eta Oier Aramendi, Basauriko kirolaria, istripu baten ostean bi hankak galdu arren eskalada egokituan lehiatzen dena.

Pedro Mari Aizarna Bizkaiko Mendi Federazioko presidentea (galdakoztarra hau ere) eta Aitor Gonzalez Bizkaiko Kirol Egitua Federazioko presidentea (Etxebarrikoa hau) ere egon ziren aurkezpenean.

Osorik irakurri