Sareak

☉ Ugao

Haurrek familiarekin musika tresnak sortzeko tailerra prestatu dute Ugaon

Saioa bikoitza izango da apirilaren 5ean antolatu dituzte: 11:00etan eta 12:30ean

|

Ureztaontzi batekin egindako musika tresna // MAZ Basauri

Familia Olgetan entretenimendurako programak ‘Sortu zure musika tresna’ tailerra prestatu du haur eta familientzat Jane jauregian.

Saioa bikoitza izango da apirilaren 5ean antolatu dituzte: 11:00etan eta 12:30ean. Edukiera mugatua da eta izena emateko azken eguna apirilaren 2a izango da.

Familiak beren aisialdiaren protagonista bihurtzea eta aisialdia partekatzeko jarduera dinamikoak eskaintzea dira ‘Familia Olgetan’ programak lortu nahi dituen helburuetako batzuk. Giro atsegina eta ludikoa eskainiko da, parte-hartzea, lankidetza, elkartasuna eta ikaskuntza bultzatuko dituena, eta parte-hartzaileek beren sormena eta irudimena garatu ahal izango dute, euskararekiko sentsibilitate berezia erakusteaz eta eskolatik kanpo gure hizkuntzaren erabilpena sustatzeaz gain.

☉ Ugao

Ertzaintzak 25 urteko emakume bat ikertu du Ugaoko diskoteka batean droga trafikoagatik

Bestetik, 51 pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak, besteak beste, drogak eta arma zuriak edukitzeagatik

|

Gramo erdiko 18 kokaina poltsa konfiskatu zizkioten 25 urteko emakumeari // Argazkia: Ertzaintza

Ertzaintzak prebentziozko beste operatibo bat egin zuen igandean Ugaoko diskoteka baten inguruan.

Polizia-operazioan 25 urteko emakume bat ikertu zuten droga trafikoagatik: gramo erdiko 18 kokaina poltsa konfiskatu zizkioten. Osasun publikoaren aurkako delitua egotzi diote eta eginbideak ireki dizkiote.

Bestetik, 51 pertsona identifikatu zituzten ertzainek. Horietako 16 Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoaren arabera zigortzeko proposatu zituen, 13 drogak edukitzeagatik eta beste 3 aizto bat eta bi labana edukitzeagatik.

Horrez gain, sei zigor administratibo ezarri zizkieten gidariei drogetan positibo emateagatik eta beste bi gidari alkoholemia-proban positibo emateagatik ere zigortu zituzten.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Gabonetako hiri-kolonietan izena emateko epea zabaldu dute

Aurtengo ekimena abenduaren 22tik urtarrilaren 2ra bitartean antolatu dute eta 2015etik 2021era jaiotako haurrei zuzenduta dago

|

Haur bat, Gabonetako eskulanak egiten // The Paris Photographer, Unsplash

Ugaoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, ‘Gabonetako hiri-koloniak’ programa antolatu du beste urte batez.

Aurtengo ekimena abenduaren 22tik urtarrilaren 2ra bitartean antolatu dute eta 2015etik 2021era jaiotako haurrei zuzenduta dago (biak barne). Ordutegia 10:30etik 13:30era antolatu dute Ugaoko Eskolan.

Gainera, eta urtero bezala, ‘Goiztiarrak’ zerbitzua eskuragarri egongo da, behar duten familientzat, seme-alabak 08:00 eta 09:00ak artean utzi ahal izateko.

Ekimenean izena emateko azken eguna azaroaren 28a izango da. Prozedura modu bitan egin daiteke: aurrez aurre edo telematikoki. Aurrez aurre egin nahi dutenek eskaera orria behar bezala bete (esteka honetan topa dezakezu) eta Jane jauregiko beheko solairuan utzi beharko dute. Telematikoki egiteko aukera bi izango dute interesdunek: eskaera orria betez eta kultura.ugao@ortzadar.es helbide elektronikora bidali edo inprimaki digital hau erantzunez.

“Izena emandakoen kopuruak dagoen plaza kopurua gaindituz gero, zozketa bat egingo da abenduaren 1ean, Jane Jauregian, arratsaldeko 16:00etan”, azaldu dute Udaletik. “Abenduaren 4an izena eman dutenen zerrenda eta itxaron-zerrenda argitaratuko dira Jane Jauregiko harreran. Egun honetatik aurrera eta abenduaren 16ra arte, izena eman dutenek jarduera ordaindu ahal izango dute”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Bideoa | El Kangri: «Egiten dudan rap-ak nire bizitza du oinarri, inor kaltetzeko asmorik gabe»

Ugaoko jaietan emanaldia eskaini zuen ‘El Kangri’ artistak. Horren haritik, bere proiektua ezagutzeko elkartu gara Udiarragako Amabirjinaren ermitaren aurrean

|

El Kangri, Ugaoko Udiarragako baselizan // Geuria

Duela urte batzuk ‘El Kangri’ musika proiektua martxan ipini zuen Asier Azpillaga Nuñez ‘El Kangri’k, (Ugao, 1986). Artista honek, rap melodikoa oinarri, bizipen propioak plazaratzen ditu mikro baten bidez eta DJ Kalibre eta Markel ‘Uri’ managerraren laguntzarekin. Musika eszenan tarte bat zabaltzeko gakoa emankortasuna dela dio Ugaokoak eta proiektua 2013an hasi zuenetik helburua urtero 12 abesti kaleratzea da (bideoklipak YouTuben eta abestiak bestelako plataformetan edo Instagrameko @elkangriiiii izeneko kontuan argitaratuz).

Bere musika rap klasikoaren aurreiritzietatik “urrundu” egiten dela aitortu dio GEURIAri artistak, “errespetutik” abiatuz betiere. El Kangrik bere bizipenetan oinarritzen ditu bere abestiak, bizitzak irakatsitako lezioetan oinarrituz. Proiektu honetan, Markel ‘Uri’ manager zaratamarra du bidelaguna. Proiektuaren inguruko gomendioak emateaz gainera, laguntza eman dio Ugaoko artistari eta emaitza modura lagunen arteko “familia” txiki bat sortu dute, musika profesionalak eta lagunak elkartzeko topagunea izan delako beraientzat.

El Kangri. Lehenik eta behin, azalduiguzu izen honen jatorria. Nire izen artistikoa berezia izatea nahi nuen. Ni naizen bezala identifikatu behar ninduen. Txikia nintzenean, lagunekin hondartzara joaten nintzenean ‘Kangrejo’ esaten zidaten, karramarroek gorputz zabala eta hanka luze eta meharrak dituztelako. Izan ere, hanketan karramarroen haginak ditut tatuatuta. Horrela ezagutzen nau mundu guztiak, ‘El Kangri’ ezizenarekin, eta hori mantentzea erabaki nuen.
Gaur egun Orozkon bizi bazara ere, 30 urte Ugaon eman dituzu. Nolakoa da herriarekin duzun harremana? Bertan nire ama eta anaia bizi dira. Kalean galdetzen didaten bakoitzean Ugaokoa naizela esaten dut beti, herrian lagun asko ditudalako. Lotura berezia daukat Ugaorekin.

Joan den irailarten 13an Ugaoko jaietan eskaini zenuen emanaldia. Herrian jotzeko gogo izugarria neukan eta aurten eduki dut ametsa egi bihurtzeko aukera. Duela hiru urte Aker tabernako plazatxoan jotzeko aukera izan genuen eta 400 lagun baino gehiago elkartu ziren bertan eta oilar-bataila eta guzti antolatu genuen. Harrera oso ona izan zuen eta horren haritik jaio zen aurtengo jaietan jotzearen ideia.

2013an hasi zenuen zure proiektuaren ibilbidea: El Kangri. Musikarekin 2013an hasi nintzen. Letrak idaztea betidanik izan dut gustuko eta entretenitzeko helburuarekin egiten nuen hasieran. Izan ere, eskola garaian, etxerako lanak egin beharrean idaztea gustatzen zitzaidan. “Zer ari zara idazten, Asier?”, galdetzen zidaten irakasleek. Nik nire istorio pertsonalak idazten ari nintzela esaten nien eta horrek zeharo harritu egiten zituen. Ondoren, horiei erritmoa jartzen hasi nintzen. Neure burua artista profesionaltzat jotzen dut eta aurretik lan asko dut egiteko. Horregatik beti diot bultzada txiki baten zain nagoela proiektua zazpi haizetara zabaltzeko. Egunez egun, astiro-astiro aurrera doa proiektu hau, ikusgarritasuna egunero landu behar den zerbait delako.

Nolako gaiak jorratzen dituzu zure lanetan? Azken boladan egiten ditudan abesti gehienetan desamodioa gailendu egiten da. Duela urte bi banandu nintzen eta gaur egun semearekin bizi naiz. Nire ustez, artista bakoitzak bizi duen egoera emozionalaren arabera idazten ditu bere letrak. Nire kasuan, egun txarrak igaro ditut. Hortik gai jakin batzuk landu izana.

Noiz idazten duzu? Edozein momentu da ona idazteko: kalean, haurrarekin parkean nagoenean… inspirazioa heltzen denean ideia edonon gorde eta etxera heltzen naizenean estudioan sartu eta konposizio lanak nire kabuz egiten hasten naiz. Bakarrik. Egia da asteburu askotan Markel ‘Uri’ managerrarekin elkartu egiten naizela proiektu eta ideia jakin batzuk lantzeko, baina ideia nagusiak bakarrik nagoenean heltzen dira burura.

Egoera emozionala edozein delarik ere, rap melodikoak lagunduta sortzen dituzu zure abestiak. Nire letrek bizi izandako egoeren barruak kanporatzea dute helburu. Bizi izandako eskarmentuak botatzen ditut abestien bidez, baina zuk esan bezala, rap melodikoaren bidez.

Zer esan nahi du horrek guztiak, baina? Rap klasikoan errespetu falta asko entzuten dira eta politika kontuetan murgildu egiten dira abeslariak. Nik ez diot errespetua galduko generoari edo beste abeslariei; rapa nire bizipenen inguruan eraikitzen dut, inori kalterik eragin gabe. Nire lehen entzulea semea da: YouTubera jo eta bere aitaren musika entzutea maite du. Nire lehen followerra da eta ikastolan behin baino gehiagotan esan du handitan bere aita bezala raperoa izan nahi duela (barreak).

“Nire musikarekin inspiratzen naiz. nire letrak nik neuk egiten ditut, bestelako inspiraziorik behar gabe”

Hala ere, eta zure estiloa ez bada ere, rap klasikoko erreferenterik izango duzu. Nire musikarekin inspiratzen naiz, egia esan behar bada. Hala ere, Estatu mailan Nadal 015, Grind, Lopes eta Natos y Waor edo El Jincho bezalako artisten musika entzun dut ere. Hala ere, nire letrak nik neuk egiten ditut, bestelako inspiraziorik behar gabe. Markel estudiora datorren bakoitzean, abesti jakin bati forma emateko gomendioak ematen dizkit batzuetan eta horrek asko laguntzen dit.

Rapak, edozein musika estilori gertatu lez, aldaketa sakona izan du sare sozialen ondorioz: duela urte asko, artistek lanak sortzen zituzten eta helburua diskoa kaleratu eta hori saltzea zen. Gaur egun folowerrak eta interakzioa sartu dira jokoan. Nola daramazu kontu hau? Bideo pare bat kaleratzen ditugu hilabetero. Nire asmoa urtean 12 bideo argitaratzea da. Sare sozialetan mugitu egiten da dena gaur egun eta nik, YouTube kanalaz gainera Instagram edo TikTok plataformak erabiltzen ditut eta nire sormenak jarraitzaile edo follower horiekin partekatzea gustuko dut. Azken batean horiek dira nire lanen kontsumitzaileak eta horiek daude argitalpen berrien zain dauden jarraitzaile nagusiak. Musika zabaltzeko YouTubeko kanala erabiltzen zen antzina. Gaur egun Distrokid plataforma digitala erabiltzen dugu horretarako. Horren bidez, nire abestiak Spotify, Amazon Music edo ITunes bezalako plataformetan dago entzungai.

Nolako lan-taldea dago El Kangriren atzean ekoizpen horiek egin ahal izateko? Abestia sortu eta grabatzeko lanak nik neuk egiten ditut, Markelen oniritziarekin. Azken urteetan entzuleen ohiturak aldatu egin dira eta lehen lau minutuko abesti batek ondo funtzionatzen bazuen ere, gaur egun denbora tartea erdira laburtu da. Istorio erakargarrienak laburrenak izan ohi dira. Hala ere, nire proiektuan sei pertsonak egiten dute lan: arlo bisualean Markel manager eta filmakerra dago. Gainera, Iban argazkilaria eta beste lagun batzuk ageri dira ere.

Datarik al duzue etorkizuneko emanaldiei begira? Datorren urteari begira Arkotxako jaietan jotzeko asmoa dugu. Arkotxako Jai Batzordeko kideak Ugaoko jaietako emanaldian egon ziren eta bertan eskainitakoa gustatu zitzaiela esan ziguten. Gainera, Arrigorriagako Madalenetan jotzea izugarri gustatuko litzaidake: azken batean rapa gustuko duen jende asko dago bertan.

Proiektua aireratzen doa. Non ikusten duzu zeure burua hemendik 10 urtera? Ez dakit noiz iritsiko den nire momentua, baina helduko dela ziur nago. Espero dut ordurako Estatu mailan kontzertuak egiten egotea: Madril, Bartzelona, Galizia, Asturias… eta batek daki, Estatu mailako erreferente bat izatea, gailurrera iristea eta familiari bizi-kalitate ona eskaintzea da. Momentuz esan dezaket eskerrak eman nahi dizkiedala bidean zehar laguntza eskaini didaten pertsona guztiei: jarraitzaileei, lantaldeari, gure lanaren berri ematen duten komunikabideei…

Osorik irakurri

☉ Ugao

Elkarretaratzea, antzezlanak eta hainbat jarduera antolatu dituzte Ugaon, A-25eko testuinguruan

Azaroaren 26an IV. Berdintasun Plana entzuteko gunea izango da ere, eta herritarren ekarpenak eta proposamenak ezagutzeko gune parte-hartzailea izango dela iragarri dute Udaletik

|

Emakume bi, Hego Uribeko martxa feminista batean // Geuria

Ugaoko Udaleko Berdintasun sailak, Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren testuinguruan, hainbat hezkuntza eta sentsibilizazio-jarduera antolatu ditu azaroaren 14tik 27ra.

Izan ere, aurten, Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguneko elkarretaratzeaz gainera, bestelako jarduerak antolatu dituzte Udaletik: Antzerki saioak, ikusgarritasun lesbikoari buruzko bideo proiekzioa eta mahai-ingurua, Berdintasunaren aldeko martxa herrian zehar…

“Ekimen honen helburua da indarkeria matxistaren aurkako borroka ikusaraztea eta herritarrek emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunarekiko duten konpromisoa indartzea”, azaldu dute udal ordezkariek.

Txiki eta gazteen programazioari dagokionez, jarduerak Ludotekan, Gaztelekuan eta Mirabatxon burutuko dituzte: “‘Pepuka y el monstruo que se llevó su sonrisa’ ipuin-kontaketa feminista, azaroaren 25, 26 eta 27an udal ludotekan egingo dute, baita Gaztelekuan eta Mirabatxo Klubean ere, hilaren 22an.

Azaroaren 26an IV. Berdintasun Plana entzuteko gunea izango da ere, eta herritarren ekarpenak eta proposamenak ezagutzeko gune parte-hartzailea izango dela iragarri dute Udaletik.

Antzerki saioetan, tailerretan eta berdintasunaren aldeko martxan izena eman nahi duten interesdunek e-posta idatzi beharko dute berdintasuna@ugao-miraballes.eus helbide elektronikora.

Egitaraua | A-25a Ugaon

Azaroak 14, ostirala
20:00 Antzerkia: Katana, Jane jauregia

Azaroak 20, osteguna
18:00 Ikusgarritasun lesbikoari buruzko bideo proiekzioa + mahai-ingurua

Azaroak 21, ostirala
20:00 Pituister, Jane jauregia

Azaroak 22, larunbata
11:00 Berdintasunaren aldeko martxa, herrian zehar

Azaroak 25, asteartea
12:00 Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguneko elkarretaratze instituzionala, Herriaren enparantza

Azaroak 26, asteazkena
18:00 IV. Berdintasun Planaren entzute gunea

Osorik irakurri

☉ Ugao

Irakurzaletasuna bultzatzeko tailerrak antolatu dituzte Ugaon, euskara hutsean

Izena emateko azken eguna azaroaren 29a izango da eta edukiera mugatua izango da: guztira 10 umeentzako lekua egongo da

|

Haur bat, liburu bat irakurtzen // Geuria

Abenduaren 5ean, 12an eta 19an ipuin kontalarien ‘Sormen Tailerrak’ antolatu ditu Ugaoko Udalak, liburutegian, 17:30etik 18:15era.

Ekimen honen helburua haur txikiengan irakurzaletasuna bultzatzea eta irudimena lantzea dela azaldu dute udal ordezkariek: “Dinamizatzaile batek ipuin klasiko desberdin bat irakurriko du saio bakoitzean, eta ondoren haurrek ipuinarekin lotutako jarduera batean parte hartuko dute”.

Tailerrak euskara hutsean eskainiko dituzte eta guraso bakoitzak seme-alaba bakarra eraman ahal izango du. “Haur horrek, nahi izanez gero, hiru ostiraletan parte hartzeko aukera izango du”, gehitu dute Udaletik.

Izena emateko azken eguna azaroaren 29a izango da. Edukiera mugatua izango da eta guztira 10 umeentzako lekua egongo da.

Osorik irakurri