Sareak

☉ Galdakao

Argazkiak / Ehunka korrikalari, Galdakaoko VIII. Herri Krosean

Gaur ere Herri Krosa izan da Galdakaon. Aurten VIII. edizioa izan da eta aurrekoetan bezala, Bizkai kalea izan da ibilbidearen zati nagusia.

|

Gaur ere Herri Krosa izan da Galdakaon. Aurten VIII. edizioa izan da eta aurrekoetan bezala, Bizkai kalea izan da ibilbidearen zati nagusia. Benjaminetatik beteranoetara, ehunka partaide bildu ditu lasterketa herrikoiak.

☉ Galdakao

Gizon bat espetxeratu dute Galdakaon bere lehengusina adingabeari sexu abusu jarraituak egiteagatik

Gizona, 50 urtekoa, Basauriko espetxean sartu dute. Sei urteko zigorra ezarri diote adingabeari sexu-abusu jarraitua egiteagatik 2016tik 2020ra bitartean

|

Basauriko espetxean dago 50 urteko gizona eta sei urteko zigorra bete behar du // Geuria

Gizon bat espetxeratu dute Galdakaon bere lehengusina adingabeari sexu abusu jarraituak egiteagatik.

El Correo egunkariak publikatu duenaren arabera, gizona, 50 urtekoa (G.Y.I.), Basauriko espetxean sartu zuten urriaren 17an. Bizkaiko Auzitegiak 2022an ezarri zion espetxe zigorra, baina kondenatuak epai bakoitza errekurrituz joan da azken instantziara iritsi arte, Auzitegi Gorenera, hain zuzen.

Sei urteko zigorra ezarri diote adingabeari sexu-abusu jarraitua egiteagatik 2016tik 2020ra bitartean, haurrak 8 eta 12 urte artean zituenean. Kondenatuak 42 urte zituen sexu abusuekin hasi zenean.

Gertaerak biktimaren amak aurkitutako gutun batzuen bitartez azaleratu ziren.

Lehen sententziak adierazten duenez, “musuak ahoan eman ohi zizkion eta ipurdia ukitzen zion”. Gainera, “zakila praken gainetik ukitzeko eskatzen zion eta bideo pornografikoak erakusten zizkion”.

Era berean, gizonaren mugikorrean haurren argazki sexualak aurkitu zituzten, eta adingabearen deklarazioaz gain, froga nagusietako bat izan zen adingabeari bideo bat grabatu ziola, zinta batean biluzik korrika, kamerak genitalak fokatzen zituela.

Epaiketan gizonak alegatu zuen bere jarduerek ez zutela “konnotazio sexualik”, eta “zaintzaile rola nahastu” zuela.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | Xanduli-manduli kirrikiki… Gau Beltza ospatu dute Galdakaon!

|

“Xanduli-manduli kirrikiki, eman goxokiak guri!”. Horrela ospatu dute Gau Beltza Galdakaon. Aurten elkarlanean antolatu dute arimen gaua Eguzkibegi Ikastolako eta Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek, Udalarekin lankidetzan. Ikusi hemen argazkiak!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Antzerkia, tailerrak eta edabe magikoa prestatu dituzte Galdakaon Gau Beltza ospatzeko

|

Gau Beltza ospatzen ari dira Galdakaon. Aurten lehen aldiz elkarlanean aritu dira Eguzkibegi, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoak eta hamaika ekintza antolatu dituzte: aurpegi margoketa, tailerrak, antzerkia, edabe magikoa, gaztain erreak, taloak eta edariak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko bilketa pneumatikoko langileek grebari amaiera eman diote akordioa lortu ostean

Zortzi hilabete zeramatzaten greba mugagabean. Akordioari esker, besteak beste, % 40ko igoera lortu dute soldatan

|

Besteak beste, % 40ko igoera lortu dute soldatan // ELA Sindikatua

Galdakao, Barakaldo eta Laudioko hondakinen bilketa pneumatikoko langileek greba mugagabeari amaiera eman diote, euren baldintzak hobetzeko akordio bat lortu eta gero.

Akordioaren arabera, Envac Iberia enpresak % 40ko igoera izango dute soldatan 16 langileek.

“Lau urtean 530 euroko plus finko eta xurgaezina kobratzera iristiko da plantilla osoarentzat: 150 euro aurten, 260 euro 2026an, 395 euro 2027an eta 530 euro 2028an”, zehaztu dute ELA sindikatuko ordezkariek.

Era berean, hobekuntza hauek ere jasotzen ditu hitzarmenak:; urteko lanaldia 200 ordu murriztea (1.789 orduko jardunaldia izatetik 1.591 ordu izatera); txanda-kontraturako eskubidea bermatzea; lan-erreformaren aurkako klausulak onartzea; eguneko 100 euro jasotzea hoditerian sartzeagatik; jaiegunetan eta igandeetan lan egindako orduaren prezioa bikoiztea; batzarretarako urtean ordainpeko 8 ordu; norberaren gauzetarako egun bat (ordaindua); eta lanpostu hutsen bat dagoenean enpresak plantillari eskaintzea lanaldi partzialean daudenei eta aldi baterako kontratuak dituztenei.

“Akordioa posible izan da antolaketa eta borroka sindikalari esker. Sindikatuaren erresistentzia-kutxa funtsezkoa izan da hilabete hauetan guztietan grebari eutsi ahal izateko”, esan dute ELAko ordezkariek.

Zortzi hilabete zeramatzaten greba mugagabean hitzarmen propioa aldarrikatzeko. Orain arte enpresak Ingeniaritzako Estatuko Hitzarmena aplikatzen zuen.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Gau Beltza antolatuko dute aurten Galdakaon Eguzkibegi, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek elkarlanean

Urriaren 31n mozorroz eta misterioz beteko da Kurtzeko plaza Galdakaon. Hamaika ekintza antolatu dituzte elkarlanean Gau Beltza ospatzeko

|

Kurtzeko plazan ospatuko dute Gau Beltza Galdakaon urriaren 31n // Argazkia: Utzitakoa, Eguzkibegi Ikastola

Urriaren 31n Gau Beltza da eta Galdakaon hainbat ekintza antolatu dituzte elkarlanean Eguzkibegi Ikastolak, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek eta Udalak.

Aurpegi margoketa, antzerkia, tailerrak, ipuinak, edabe magikoa, gaztain erreak, musika, taloak eta edariak egongo dira Kurtzeko plazan 18:15etik aurrera.

Mozorroak janzteko gonbitea ere egin dute antolatzaileek. Horretarako mozorroa prestatzeko erabilgarri izan daitezkeen aukerak zabaldu dituzte: baserritar-arrantzale gona eta prakak, azpigona, pololoak, baserritar galtzerdiak, abarkak edo espartinak, lastozko txapela, koadrodun edo loredun alkandora, artilezko jertse zaharra, arrantzale edo baserritar zapia, kriseilua, aurpegirako zapia, zaku-telaz egindako jantzia, fibra naturalezko sokak, mantillak edo manta zaharrak.

“Ekimenak herriko eskola publikoen eta ikastola kontzertatuaren arteko lankidetza balioan jartzen du, tokiko ohiturak bizirik mantenduz eta hezkuntza komunitate osoaren arteko bizikidetza sustatuz. Horrela, Kurtzeko plaza tradizioz eta magiaz beteriko gauaren epizentro bihurtuko da”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri