☉ Galdakao
Bertsoa / ‘Maite zenuen guzti horren alde, Kontxi’
Luze hitz egin dezakegu Kontxi Belandiari buruz, baina, zalantzarik gabe, euskarari zion maitasuna zen pertsona honen ezaugarririk azpimarragarriena. Hutsune handia utzi du herrian eta gure asteazken goizeko taldean; izan ere, 90 urte izan arren, Kontxi ez zen edozein gauzagatik etxean geratzen zen horietakoa. Aitzitik, udaberrian zein neguan taldera txintxo-txintxo joaten zen beti eta baita antolatzen genituen ekintza guztietara, euskaraz aritzeak ematen baitzion bizipoz eta indar hori.
Gogoan dut Usurbilen egindako 18.Korrikaren aurkezpenera ere etorri zela. Egun pasa luzea egin behar genuen, eta, gainera, kalean. Egoera ikusita, AEK-ko irakasle batek, Kontxik ezer jakin barik, kotxea eramatea pentsatu zuen, hura nekatzean, etxera eta eroso eramateko. Aurrera egin zuten orduek, eta joateko gonbidapena egin zion, baina Kontxik zera erantzun zion: “Ni hemen lotuko naz”. Eta halaxe egin zuen, gurekin geratu zen gaua sartu eta etxera bueltatu ginen arte, kaleko txosna batean. Handik egun gutxira harrapatu zuen kotxea batek, eta, hala ere, ekintza guztietara joateko gogotsu jarraitu zuen hobera egin zuenean. Ez dugu ezagutuko bera baino partaide kementsuagorik!
Euskararen alde egiten dugun lana eskertzen zigun beti, baina ez zen konturatzen gerra garaian eta diktaduran bera eta bere belaunaldiko euskaltzaleek egindako ahaleginagatik egin ahal dugula guk orain egiten duguna. Gorazarre pertsona horiei guztiei!
Gaur utzi gaitu, baina transmititutako euskaltzaletasuna eta emandako eredua gurekin geratuko dira betiko. Tira, hori eta emandako mosu guztiak 🙂
Hona hemen Berbalagun eta AEKide guztion omenaldi txikia
“GORA EUSKADI, IUPI!. GORA GU TA GUTARRAK”
Gora zu!
–
Euskara eta herriaren alde
zure bizitza osoa
maitasun hori zugandik Kontxi
galdakoztarrok jasoa
Gure artetik alde egin dozu
gaur umel daukagu soa
baina gogoan izango dogu
zure irribarre goxoa
Zabal dadila behin euskal jaian
bota genizun bersoa
bota genizun bersoa
–
Urrezko letrez idatziko da
zure izena eta izana
jendearekin beti maitakor
mosua eta laztana
Txalogarria egiten zendun
euskararen aldeko lana
horregatik bihurtu zara
euskaltzaleoan amama
Jaso ezazu gure esker ona
eta moxu handi bana
eta moxu handi bana
–
Berbalagunik maitatuena
ez da gero berriketa
zure ondoan bizitakoa
barru-barruan gordeta
Ahoan beti ‘Egin euskaraz’
‘Gora Euskadi!’, ‘Iepa! Iepa!’
Atseden hartu bakean lasai
ta harrotasunez beteta
Maite zenuen guzti horren alde
jarraituko dogu eta
jarraituko dogu eta
Kontxi Belandia hil da, Galdakao herriaren borroken erreferenteetako bat
☉ Galdakao
Bideoa | Xanduli-manduli kirrikiki… Gau Beltza ospatu dute Galdakaon!

“Xanduli-manduli kirrikiki, eman goxokiak guri!”. Horrela ospatu dute Gau Beltza Galdakaon. Aurten elkarlanean antolatu dute arimen gaua Eguzkibegi Ikastolako eta Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek, Udalarekin lankidetzan. Ikusi hemen argazkiak!
☉ Galdakao
Argazkiak | Antzerkia, tailerrak eta edabe magikoa prestatu dituzte Galdakaon Gau Beltza ospatzeko

Gau Beltza ospatzen ari dira Galdakaon. Aurten lehen aldiz elkarlanean aritu dira Eguzkibegi, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoak eta hamaika ekintza antolatu dituzte: aurpegi margoketa, tailerrak, antzerkia, edabe magikoa, gaztain erreak, taloak eta edariak.
☉ Galdakao
Galdakaoko bilketa pneumatikoko langileek grebari amaiera eman diote akordioa lortu ostean
Zortzi hilabete zeramatzaten greba mugagabean. Akordioari esker, besteak beste, % 40ko igoera lortu dute soldatan

Galdakao, Barakaldo eta Laudioko hondakinen bilketa pneumatikoko langileek greba mugagabeari amaiera eman diote, euren baldintzak hobetzeko akordio bat lortu eta gero.
Akordioaren arabera, Envac Iberia enpresak % 40ko igoera izango dute soldatan 16 langileek.
“Lau urtean 530 euroko plus finko eta xurgaezina kobratzera iristiko da plantilla osoarentzat: 150 euro aurten, 260 euro 2026an, 395 euro 2027an eta 530 euro 2028an”, zehaztu dute ELA sindikatuko ordezkariek.
Era berean, hobekuntza hauek ere jasotzen ditu hitzarmenak:; urteko lanaldia 200 ordu murriztea (1.789 orduko jardunaldia izatetik 1.591 ordu izatera); txanda-kontraturako eskubidea bermatzea; lan-erreformaren aurkako klausulak onartzea; eguneko 100 euro jasotzea hoditerian sartzeagatik; jaiegunetan eta igandeetan lan egindako orduaren prezioa bikoiztea; batzarretarako urtean ordainpeko 8 ordu; norberaren gauzetarako egun bat (ordaindua); eta lanpostu hutsen bat dagoenean enpresak plantillari eskaintzea lanaldi partzialean daudenei eta aldi baterako kontratuak dituztenei.
“Akordioa posible izan da antolaketa eta borroka sindikalari esker. Sindikatuaren erresistentzia-kutxa funtsezkoa izan da hilabete hauetan guztietan grebari eutsi ahal izateko”, esan dute ELAko ordezkariek.
Zortzi hilabete zeramatzaten greba mugagabean hitzarmen propioa aldarrikatzeko. Orain arte enpresak Ingeniaritzako Estatuko Hitzarmena aplikatzen zuen.
☉ Galdakao
Gau Beltza antolatuko dute aurten Galdakaon Eguzkibegi, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek elkarlanean
Urriaren 31n mozorroz eta misterioz beteko da Kurtzeko plaza Galdakaon. Hamaika ekintza antolatu dituzte elkarlanean Gau Beltza ospatzeko

Urriaren 31n Gau Beltza da eta Galdakaon hainbat ekintza antolatu dituzte elkarlanean Eguzkibegi Ikastolak, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek eta Udalak.
Aurpegi margoketa, antzerkia, tailerrak, ipuinak, edabe magikoa, gaztain erreak, musika, taloak eta edariak egongo dira Kurtzeko plazan 18:15etik aurrera.
Mozorroak janzteko gonbitea ere egin dute antolatzaileek. Horretarako mozorroa prestatzeko erabilgarri izan daitezkeen aukerak zabaldu dituzte: baserritar-arrantzale gona eta prakak, azpigona, pololoak, baserritar galtzerdiak, abarkak edo espartinak, lastozko txapela, koadrodun edo loredun alkandora, artilezko jertse zaharra, arrantzale edo baserritar zapia, kriseilua, aurpegirako zapia, zaku-telaz egindako jantzia, fibra naturalezko sokak, mantillak edo manta zaharrak.
“Ekimenak herriko eskola publikoen eta ikastola kontzertatuaren arteko lankidetza balioan jartzen du, tokiko ohiturak bizirik mantenduz eta hezkuntza komunitate osoaren arteko bizikidetza sustatuz. Horrela, Kurtzeko plaza tradizioz eta magiaz beteriko gauaren epizentro bihurtuko da”, diote udal ordezkariek.
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakao Gela TEk mendiko aulki egokitua entregatu dio Bizkaiko Mendi Federazioari

Galdakao Gela Txirrindulari Elkarteak bere bosgarren erronka solidarioa burutu du. Aurten mendiko aulki egokitua lortu dute eta atzo, urriak 29, aurkezpena egin zuten Gandasegin.
Proiektua Txirrindulari Elkarteak eta Ganguren Mendi Taldeak elkarlanean garatu dute, Galdakaoko Udalaren babesarekin. Halaber, Kirol Egokituko Bizkaiko Federazioak, Bizkaiko Mendi Federazioak eta Ibilki elkarteak ere parte hartu dute; haiek arduratuko dira aulkiaren erabilera kudeatzeaz eta behar gehien duten pertsonen eskura jartzeaz.
“Azken batean, inklusioaren eta irisgarritasunaren aldeko konpromiso kolektiboa da, eta horri esker aniztasun funtzionala duten haurrek zein nagusiek mendiaz eta naturaz segurtasunez eta autonomiaz gozatzeko aukera izango dute”, esan zuen Igor Anton Gela TEko arduradunak.
Aulki egokitua Bizkaiko Mendi Federazioari emateaz gain, hitzaldi interesgarriak egon ziren: Kepa Lizarraga, Gorputz Hezkuntzaren eta Kirolaren Medikuntzan espezialista eta mendizale galdakoztarra; Jose Rosales, iktus bat gainditu duen Malagako eskalada monitorea; eta Oier Aramendi, Basauriko kirolaria, istripu baten ostean bi hankak galdu arren eskalada egokituan lehiatzen dena.
Pedro Mari Aizarna Bizkaiko Mendi Federazioko presidentea (galdakoztarra hau ere) eta Aitor Gonzalez Bizkaiko Kirol Egitua Federazioko presidentea (Etxebarrikoa hau) ere egon ziren aurkezpenean.




























































