☉ Zeberio
Hilabete bukaeran amaituko da Zeberioko II. Argazki Lehiaketara argazkiak bidaltzeko epea
Urriaren 31 izango da Zeberioko II. Argazki Lehiaketara irudiak bidaltzeko azken eguna

Urriaren 31 izango da Zeberioko II. Argazki Lehiaketara irudiak bidaltzeko azken eguna. Bigarren edizio honetan gai bi jarri ditu Udalak: ura eta egurra. “Gai bakoitzetik boto gehien lortzen duen argazkiak saria edukiko du: irabazleak aukeratutako herriko taberna batean bi lagunentzako bazkaria“, azaldu du Udalak. Halaber, gutxienezko kalitatea erdiesten ez badute edota desegokiak zein mingarriak izan daitezkenak baztertzeko eskubidea dauka lehiaketako antolatzaileak.
Bigarren lehiaketa honetarako formatu horizontaleko argazkiak eskatu ditu Udalak. Argazkiak info.zeberio@bizkaia.org helbidera edo karteleko QR kodeari argazkia eginez bidali daitezke.

☉ Zeberio
Zeberioko liburutegia berregituratzeko deialdia zabaldu du Udalak
Liburutegiaren egitura berriaren nondik norakoak eztabaidatzeko bilera irekia antolatu du gaur, 18:00etan, liburutegian bertan

“Goazen deanon artean liburutegi berri bat, danona eta danontzako eraikitzera”. Horrela iragarri du Zeberioko Udalak gaur egungo liburutegiari itxura berria emateko herritarrei zabaldu dien mezuak.
“Zeberioztarron ideia, proposamen eta ikuspegi askotarikoak eta berritzaileak entzun gura doguz”, gehitu dute Udaletik. Horretarako bilera irekia egingo dute gaur bertan, azaroak 26, 18:00etan udal liburutegian.
Zeberioko liburutegia udaletxeko goiko solairuan dago gaur egun. Lehen plazako ermitan edo ‘Hogarrean’ zegoen, baina 2023ko azaroan udaletxeko goiko solairura lekualdatu zuten, herritarrek hala eskatuta eta 24 pertsonentzako edukiera dauka.
“Gaur egungo ikasketa gela ez da leku egokia jarduera burutzeko”, azaldu zuen Ekain Goti Zeberioko alkateak lekualdaketa egin baino lehen. “Hogarreko ikasketa gelak tamaina ederra dauka baina errepidearen eta herriko dendaren parean kokatuta dago eta zarata handia entzuten da bertan. Ikasgela batek isiltasuna eta ekipazio egokia behar du: mahaiak, argia, entxufeak…”.
☉ Zeberio
Dozena bat pertsona elkartu dira Zeberion, indarkeria matxistaren aurkako egunean
Udaletxeko arkupean elkartu dira, 13:00ak aldera, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak gaitzesteko

Azaroaren 25a da gaur, Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna. Zeberion dozena bat pertsona elkartu dira eguerdian, 13:00ak aldera, udaletxeko arkupean, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak gaitzesteko.
Era berean, Udalak gonbidapena luzatu die herritarrei duela egun batzuk iragarritako ‘Azaro Feministan’ antolatutako jardueretan parte hartzeko.
Egitaraua | Azaro Feminista 2025
Azaroak 10, astelehena
18:00 Sukaldaritza tailerra, eskola zaharra
Azaroak 14, barikua
19:00 Bertsopoteoa: Andoni Egaña + Oihana Bartra, plaza
Azaroak 15, zapatua
08:00 Mendi irteera: Artaungan-Gainzorrotz, plaza
Azaroak 19, eguaztena
16:00 ‘Zaintzailean zainduz’, eskola zaharra
Azaroak 21, barikua
18:30 Emanaldia: ‘Nor da Maurizia?’
Azaroak 25, asteartea
13:00 Elkarretaratzea, udaletxe aurrean
Azaroak 26, eguaztena
17:00 Hitzaldia: ‘Saber decir que no’, Plazako ermita zaharra
Azaroak 28, barikua
18:30 Bakarrizketak: BostOK!, Plazako ermita zaharra
Azaroak 30, domeka
10:00 Azoka
☉ Zeberio
Sagardotegirako irteera prestatu dute Zeberioko gazteek 2026ko martxoan
Egun osoko irteera 2026ko martxoaren 21ean antolatu dute Gazte Elkartekoek

Aurtengo esperientziaren arrakasta ikusita, Zeberioko Gazte Elkarteak sagardotegirako egun osoko irteera prestatu du 2026ko martxoaren 21ean (zapatua): “Txots! 2026an berriro ere sagardotegira goaz!”, adierazi dute.
Interesdun bakoitzak 60 euro ordaindu beharko ditu sagardotegiko menua eta autobus zerbitzua ordaindu ahal izateko. Zeberioko Gazte Elkartetik aurrerago informazio gehiago eskainiko dutela iragarri dute.
☉ Zeberio
Bideoa | Joserra Ortiz de Vallejuelo: «Gure elkarteak Estatu mailan eta nazioartean kokatuko du Zeberio»
CARBI irrati kontrol elektrikoko auto elkartea Arrankudiagan jaio zen eta Bilbotik igaro ostean Zeberioko Ermitabarri auzora heldu da. Proiektua aurrez aurre ezagutu dugu

Jose Ramon Ortiz de Vallejuelorekin (Bilbo, 1967) elkartu gara Ermitabarriko apartamentu turistikoen ondoko lursail batean urte hasieran montatu zuten Bilboko Erradiokontrol Automodelismo Klubaren inguruan berba egiteko. Zer da? Nondik dator? Zergatik Ermitabarrin? Jose Ramonek Zeberioko auzoko pistan hitzartu gaitu galdera horiei guztiei eta beste batzuei erantzuna emateko.
Elkartea 1995ean jaio zen, eta egoitzak Arrankudiagan eta Bilbon izan ostean nora eta zeberiora heldu da. Elkartearen ateak zabalik daude bertan parte hartu nahi duen edonorentzat.

Nola sortu zen irrati kontrol elektrikoko auto Carbi elkartea sortzeko ideia? 1995ean sortu zuen automobilismoa maite duen lagun talde batek, eta Eusko Jaurlaritzan legeztatzea erabaki genuen une hartan. CARBI hitzak ‘Bilboko Erradiokontrol Automodelismo Kluba’ esan nahi du (‘Club Automodelismo Radiocontrolado Bilbao’, erdaraz).
1/10tt eta 1/8tteco autoak erabiltzen dituzue. Zer esan nahi du horrek? Autoaren tamainainari egiten dio erreferentzia, benetako auto baten 1/1 eskala oinarri hartuta. Hau da, benetako auto bat baino 10 aldiz txikiagoak dira elkartean erabiltzen ditugun ibilgailuak.
Zuen elkarteko auto guztiak elektrikoak dira. Zergatik baztertzen dituzue gasolinazko RC klasikoak? Funtsean, ingurumen kutsadura, zarata eta emisio-gasak saihesteko. Zentzu horretan etorkizuna elektrikoetan dago.
Hasiera batean proiektua Bilbon sortu zen baina Zeberiora aldatu zen. Zergatik? Arrankudiagan hasi genuen gure proiektu hau, 1996an. 2001ean Bilbao Kirolak taldearen eskutik errekaldera lekualdatu ginen. 2008an, txurdinagako kiroldegira mugitu gintuzten, koronabirusak jarduera eten zigun arte. Kirol-jarduerak bilbon hasi zirenean, instalazioak hondatuta zeuden eta Bilbao Kirolakek ez zituzten eraberritu nahi izan. Orduan, beste kokapen bat bilatzea eta proiektua gure kabuz kudeatzea erabaki genuen. Zeberio aukeratu genuen, Ermitabarri auzoko lursail bat alokatzeko aukera eskaintzen zigutellako, eta kokapena ezin hobea iruditu zitzaigun.
Kontraste handia dago Bilbo eta Zeberio artean. Zein ekarpen egiten dio Ermitabarri auzoak zuen jarduera garatzeko orduan? Argi dago kontrastea dagoela, batez ere mugikortasunari dagokionez, Bilbon metroaren sarrera zirkuituaren ondoan genuelako. Ermitabarrin, aldiz, lasaitasun handiagoa dago eta bandalismoaren arrastorik ez dago Bilborekin alderatuta. Gainera, inguru zoragarria da.
Zer da Ermitabarrin muntatu duzuena, zirkuituaz gain? Irrati-kontrol elektrikoko zirkuitu bat da, eta modulu bat ipini dugu bertan. Modulu hori pilotuentzako kronometraje-etxola eta box estaliak dira.
Nola hartu zaituzte herri berri honek? Oso ondo, zeberioztarrentzat elementu ezezaguna ginen, baina orain jendea pozez zoratzen dago udalerrian kirol-jarduera bat gehiago izateaz, haurrak eta ez hain haurrak kirol polit honetaz gozatzera eraman ahal izateko.
Nolako jarduerak egiten dituzue bertan? Gure klubean Espainiako txapelduna eta 1/10tt kategoriako Europako txapeldunordea izateko zortea dugu. Bertan entrenatzen eta prestatzen ditu bere nazioko eta nazioarteko lehiaketak, eta Bizkaiko txapelketa ere egiten dugu.
Ermitabarriko instalazioez gain, pistetatik kanpo egin daitekeen zaletasuna da da honako hau, edo araudi espezifikoren bat dago? Autoak leku gehiagotan erabil daitezke, baina egokiena horrelako instalazio batean egitea da, segurtasunagatik eta ahalik eta gozamen handienarekin.
Zer ekitaldi eta lehiaketatan parte hartu duzue elkartea sortu zenutenetik? Espainiako 15 txapelketa eta Europako bat antolatu ditugu 2009an txurdinagako kiroldegian. Bertan 18 herrialdetatik etorritako 300 pilotu baino gehiago bildu ziren. Benetan arrakastatsua izan zen, bai Bilborentzat eta baita, eragin mediatikoari dagokionez: estatu mailako hainbat hedabidetan emititu zen Bilbon bizitako esperientzia hura.
Zure kasuan, Joserra, nolakoa izan zen zaletasun honekin izan zenuen lehen kontaktua? 1996an erosi nuen nire lehen irrati-kontroleko autoa eta harrezgeroztik nabil mundu honetan murgilduta. Zoragarria izan zen Fernando Alonso pilotoa tamaina txikian emulatzea. Esan behar dut gustatuko litzaidakela zaletasun honi denbora gehiago eskaintzea, baina gaur egun asteburuekin konformatzen naiz.
Edonorentzat eskuragarria al da zaletasun hau? Hobby hau bizikleten munduarena bezalakoa da: bertan 150 eurotik aurrerako inbertsioak egin daitezke. Mugak erabiltzaileak berak zehazten ditu.
Zein da CARBIren helburua gaur egun? Gure jarduera zabaltzea eta praktikatzeko leku bat izatea.
Elkartea zabalik al dago kide berrientzat? Bai, noski! bazkideek 120 euroko kuota ordaindu behar dute eta horrekin instalazioetarako sarbidea dute.
Diru horrekin instalazioaren mantentze- eta alokatze-gastuei aurre egiten diegu, gastu guztiak guk ordaindu behar ditugulako eta hasierako inbertsioa handia izan delako: moduluak, hesiak, belar artifiziala, hodiak etab.
Aurrera begira, zer nolakoa da ikasturte honetarako egutegia? Hilean behin, Bizkaiko Txapelketaren lasterketa bat antolatzen dugu. Bertan, pilotuak etortzen dira beste probintzietatik, Frantziako hegoaldetik… Hori dela eta, honek guztiak herriko ostalaritzari mesede egiten dio, eta gainera Estatu mailan zein nazioarteko mapan kokatzen du Zeberio. Azken, batean, publizitatea da herriarentzat. Laburbiltzearren, uste dut ona dela herriarentzat gu bertan egotea.
☉ Zeberio
Datorren urteko aurrekontua zehazteko bilera irekia egingo dute Zeberion, ostegunean
Hitzordua 18:30ean antolatu dute plazako ermita zaharrean

Datorren azaroaren 20an, osteguna, 18:30ean, 2026ko aurrekontuaren inguruko bilera irekia egingo dute Zeberion.
Hitzordua Zubialdeko plazako ermita zaharrean antolatu dute. Udaletik herritarrak gonbidatu dituzte hitzorduan parte hartzera.



















