☉ Zaratamo
Javier Elorz: “Loreak gure bizitzako une garrantzitsuen sinbolo dira”
Flores Elorzek bere egoitza lekualdatu du eta espazio berriko ateak zabaldu ditu Basaurin. Denda eta tailerra modu bateratuan eraiki dute, herritarrei lore-dekorazioa sortzeko prozesua hurbiltzeko asmoz.

Denda txiki bat izaten hasi zena enpresa handi bihurtu da orain, eta ezkontzetako eta ekitaldietako dekorazioan adituak izatera heldu dira. Flores Elorz 1990ean sortu zen Ugaoko herrian, Javier Elorz (Zaratamo, 1969) eta bere emaztea Rosa Lozanoren (Barakaldo, 1968) eskutik. Beren lanarekiko grinak eta dedikazioak egunetik egunera hazten lagundu die, eta Guggenheim museoa, Carlton hotela edota Euskalduna Jauregia bezalako leku enblematikoak apaindu dituzte dagoeneko. Lore-dekorazio sortzailea eta berritzailea eskaintzen dute, eta era guztietako espazioak bizitzaz betetzeko gai dira, jendearengan oroitzapenak eta emozioak sorraraziz. Kalitatezko zerbitzua bermatzeko, talde-lana funtsezkoa dela nabarmendu dute, eta proiektu bakoitza erronka berritzat hartu izan dute beti. Irailaren 1ean ireki zituzten egoitza berri eta bakarraren ateak Basauriko Artunduaga industrialdean. Denda eta tailerra modu bateratuan planteatu dituzte, hurbiltzen den orok haien maisulanak ikusteko aukera izan ditzan.
Hogeita hamar urte loreen negozioan eta zuen lana urrats bat aurrerago eramatea lortu duzue.
Flores Elorzen jaiotza ez zen planifikatua izan, kasualitate hutsa baizik. Garai hartan nire emaztea eta biok bikote moduan hasi ginen, lanik gabe geunden eta Ugaon loradenda bat lekualdatzen ari zen. Ordurako, Rosaren amak eta arrebak loradendak zituzten, eta guk ere aurrera eraman genezakeen aukera bat zela iradoki ziguten. Hortik sortu zen negozioaren ideia eta denda ikustera joatea erabaki genuen. Hastapenak oso gogorrak izan ziren, baina ausartak izan ginela uste dut. 19 urte genituen eta bion artean enpresa bat eraiki genuen hutsetik abiatuta, ikasketak lan handiarekin uztartuz. Baina gogo handia jarri genion, eta motibazioak egunero borrokatzera bultzatu gaitu. Hortaz, hasieran Ugao eta inguruko herrietarako lan egiten genuen, eta pixkanaka ekintza zirkulua zabalduz joan ginen. Bilbora eta eskuinaldeko eremura heltzea lortu genuen, baita enpresa handientzako lanak egitea ere. Gure onena ematen saiatu gara beti, eta bezero bat pozik geratzen denean, bezero berriak erakartzen ditu. Erabiltzen dugun formula gauzak guretzat balira bezala egitea da, eta horrek erantzukizun maila handiagoa izatea dakar. Jendeari denbora eta esperientzia eskainiz arrakasta lor daiteke.
Nolako lore-dekorazioa eskaintzen duzue?
Bezeroen irizpidea asko errespetatzen dugu; hau da, hurbileko tratua izaten saiatzen gara, eta haien gustuen eta beharren arabera aholkuak ematen dizkiegu. Gure lanak ildo naturala jarraitzen du, nahiko oparoa eta berde askokoa. Baina noizbait minimalismoren bat egin behar bada, egin ere egiten dugu. Dekorazio estilo guztietara egokitzen gara, non lan egingo dugun kontuan hartuta. Ez da gauza bera etxe baten apainketa edo ezkontza batena, adibidez. Artisau lana egiten dugu, eskulan ordu askorekin. Lore-dekorazioa bizitzako gertaera garrantzitsuetan presente dago, eta, beraz, diseinu-ukitu bat ematen diogu, oharkabean pasa ez dadin. Gaur egun, arreta handia jartzen zaie xehetasunei, eta loreek interes pixka bat gehiago bereganatu dezaten ahalegintzen gara, jendea hunkitzeko eta harritzeko gai baitira. Interesgarriena aurkitua da jadanik, eta behatu besterik ez da egin behar. Eta gero interpretatu, nola ez. Landare baten hostoari begiratuz gero, sekulako kolore kontrasteak aurkituko dituzu. Paisaia osoaren irudiarekin gera zaitezke, baina ikusmenarekin zooma egiten baduzu eta naturaren zati bakoitzari erreparatzen badiozu -goroldioa duen harri bati, esaterako- benetako mirariak aurkituko dituzu. Azken finean, begiratzen ikasi behar da.

Javier Elorz eta Rosa Lozano // Geuria
Zure ustez, prestakuntza garrantzitsua da lanbide honetan jarduteko?
Guk, negozioa ireki genuenean, hartu genuen lehen erabakia trebatzen hastea izan zen. Formakuntza funtsezkoa izan da guretzat, bai zer material motarekin lan egin jakiteko, bai nola manipulatzen diren jakiteko. Trikimailu guztiak jakin genituenean diseinatzen eta sortzen hasi ginen. Loradenda bat garenez, oinarritik abiatu nahi izan genuen, nahiz eta jende askok senez apaintzen duen eta guztiz baliozkoa den. Nire ustez, ez diozu inoiz prestatzeari uzten, joera berriak sortzen baitira etengabe. Dekoratzaile on batek ere talde handi bat izan behar du atzean behar ezberdinei erantzuteko eta bere esperientzia guztia praktikan jartzeko. Nire kasuan Arte Ederrak ikasi nituen, pintura espezialitatean, eta gero egokitzapen pedagogikoko ikastaroa egin nuen klaseak emateko. Aldi berean, lore-saltzaileentzako prestakuntza-ikastaroak ere egin nituen, eta hori guztia lanarekin uztartu nuen. Beraz, artearen munduan ibili izan naiz beti, eta azkenean eskuratutako ezagutza guztiak eta nire artista-zaina sortu genuen negozioan aplikatzea erabaki nuen. Arte mota hau helburu komertzialera zuzenduta dagoen arren, sormen handia eskatzen du, koloreak, ehundurak eta proportzioak landuz.
Esperientzia profesional handia duzue ezkontza eta ekitaldien dekorazioan. Zein da zuen lan-metodologia?
Gaur egun ezkontza gehienetan wedding planner edo ezkontza-antolatzaileak daude, ekitaldia antolatu eta ekoizpen guztia zuzentzen dutenak. Haiek arduratzen dira dekorazio, argiztapen, catering eta abarretako espezialistak koordinatzeaz. Orduan, haiekin elkarlanean aritzen gara, aurrekontua finkatzen dugu eta eskatutakoari forma ematen diogu. Bezeroak zuzenean gugana jotzen badu, berdin egiten da; elkarrizketa baten ondoren, proposamen bat egiten zaio eta akordio batera heltzen gara. Lehenengo urratsa ideiara iristea da, eta bezeroak irudiekin nahiz marraztutako diseinuekin bistara dezala. Sormen prozesu hori izaten da zailena eta aldi berean politena. Gero, beharrezko materialak eskuratu eta gauzatu egiten dugu. Aurre egin beharreko arazoetako bat materialaren hornidura izaten da, naturala eta galkorra delako. Landare batzuek egun gutxi edo ordu gutxi irauten dute, eta denbora ondo kudeatu behar da dena bere garaian egon dadin. Dekorazioak eragin handia izan dezake eskala handian zein txikian. Guk asko bidaiatu dugu Europan zehar dekorazio mota desberdinak ezagutzeko, eta ostatu xumeak ikusi ditugu non madalena bat eta kafe bat gosaltzen duzun mahaian ez dira lore fresko batzuk falta. Beraz, esango nuke ohitura eta kultura kontua ere badela, giroa guztiz aldatzen duelako eta emozioak transmititzen dituelako.
Besteak beste, Carlton hotela, Arteagako gaztelua eta Eneko Atxaren Azurmendi jatetxea apaindu dituzue.
Jantokiak, patioak, hotelak, elizak…Era guztietako espazioak apaintzen ditugu, eta leku neutro bat gauza guztiz ezberdinetan bihurtzen saiatzen gara. Ospe berezia duten lekuetan lan egin dugu eta errespetua ematen dute, pertsona askoren irizpidetik pasatzen baitira. Maitasun bera jartzen diogu egiten dugun guztiari, baina sentitzen den presioa handiagoa da. Guggenheimean asko landu ditugu gala-afariak adibidez, eta berehala apainduko dugu museoko denda Gabonetako dekorazioarekin. Urtero egiten dugu, eta oso erantzukizun handia da. Euskalduna Jauregian ere ekitaldi batzuk apaindu ditugu, Isabel Pantojaren kontzertua kasu, eta 2018ko MTV Jaialdian parte hartu genuen San Joseren Jauregia prestatzen lagunduz. Espazio bakoitzaren garrantziaz jabetu behar dugu, hartara egokitzeko eta ahalbidetzen dituen aukeren artean jolasten jakiteko. Pertsona publiko ezberdinen ezkontzak eta urtebetetze-festak diseinatu ditugu, eta azken finean gure lana da: hara joan, egin eta kito. Aurre egin beharreko beste erronka batzuk dira. Ez zaie beste gertakizunei baino arreta gehiago eskaintzen, baina huts ez egiteak pisu handiagoa du.
Hemen, eskualdean, Hodei jatetxeko (Basauri) terrazaren sabaia diseinatu genuen, eta ikusgarria geratu da. Niko tabernan (Arrigorriaga) Gabonetako dekorazioa egiten dugu, eta urte askotan zehar Apolo tabernan (Basauri) eta Maria Vidal ile-apaindegian (Galdakao) ere bai.
Ekitaldien sektorea etengabe ari da garatzen eta, beraz, oso aldakorra da; atzo modan zegoena, gaur egun ez dago.
Alde horretatik oso malguak izan behar dugu, eta egokitzen joan. Krisia iritsi zenean espazio berri bat ireki genuen Bilbon bezero gehiagorengana heltzeko, ekitaldien esparruan hazi ginenean lan gehiago egin genuen ateak itxita… Gure bidea egiten joan gara une bakoitzean zentratuz; hau da, gizartearen egoera aztertuz eta horren arabera erabakiak hartuz. Joerei dagokienez, korronte asko daude. Gaur egun asko ikusten dena lore lehorra da. Sektorearen barruan ia desagertu egin zen, eta orain indar handiarekin dago. Urte askotan zehar oso sentsazio botanikoarekin lan egin dugu eta aurten loreek protagonismoa hartu dute. Bestalde, pertsona bakoitzak bere txokoa bilatzen du: kolore askokoa, kolore gabea, berdea gailenduz… Informazio asko jasotzen dugu une oro, eta jendeak kultura bisuala eraikitzen du jasotzen dituen estimulu horietan oinarrituta. Beraz, gu pauso bat aurrerago egon behar gara beti, lanbide honek erreakzionatzeko gaitasuna izatea eskatzen digulako.
Sare sozialetan presentzia izatea funtsezkoa al da?
Gaur egun sare sozialetan ez bazaude, existituko ez bazina bezala da. Web orrialdeak baino pisu handiagoa hartu dute. Gainera, marketin- eta publizitate-estrategia ona ere badira publikoarengana zuzenean iristeko. Agian ez diote hainbeste eragiten adineko jendeari, baina bai gazteei, haiek baitira sare sozialetan presentzia handiena dutenak. Eta zirkulu horren barruan ezkongaiak sartzen dira, non guk lan gehien egiten dugun. Garrantzi handiagoa ematen zaio lehen aipatutako informazio bisualari edozein testuri baino. Horregatik, ondo jakin behar da zer argazki mota argitaratu. Lehen nik egiten nuen, baina orain profesionalen esku utzi dut onlineko irudia kudeatzen laguntzeko. Beste erakusleiho mota bat bezala erabiltzen dugu; izan ere, argitaratzen duguna %100ean gure lanak dira, bezeroek nolabaiteko erreferentziak izan dezaten. Irudien bidez hitz egiten dezakegu, eta uste dut gehiago saltzen dela jendea ikusmenaren bidez liluratzea lortzen bada.

Basauriko Artunduaga industrialdean dute denda Javierrek eta Rosak // Utzitakoa
Nola eragin du COVID-19ak zure negozioan?
Maila komertzialean, eremu guztietan bezala, hilabete askoko geldialdia jasan genuen. Izan ere, ezkontza eta ekitaldiak bertan behera gelditu ziren eta orain ari da sektorea berpizten. Hortaz, egunerokoan eta dekorazio txikietan zentratu ginen bizirauteko, jendeak gehiago inbertitzen duelako bere etxean. Orain, egin ezin izan ziren ezkontza guztiak berreskuratzen ari gara, eta uste dut lehen baino eskari handiagoa dagoela. Jendeak ospatzeko eta bizitzaz gozatzeko gogoa du. Enpresen ekitaldiak murriztu egin dira hartu beharreko neurrien ondorioz, baina pixkanaka pixkanaka itzultzen ari dira. Pandemiaren bidez ere ohiturak aldatu dira. Lehen barrualdean egiten zena orain kanpoaldean egiten da, muga berriengatik eta edukiera kontuengatik. Ekoizpen-erritmoak hautsi egin dira eta prezioen igoera izugarria eragin dute. Kasu batzuetan eskasia egon da, jende askok loreak lantzeari utzi diolako beste mota bateko produktuak ekoizteko. Banaketa-moduak ere desberdinak dira, eta uste dut saltoki txikiak oso zaila izango dugula.
Duela gutxi denda berria ireki duzue Artunduagako industrialdean, Basaurin.
Nire intuizioari jarraitu diot, kontsumo ohitura berriei erreparatuz. Orain berehalakotasunean erosten da eta erraztasunagatik sarera jotzen dugu, askoz azkarragoa eta erosoagoa delako. Banaketa-modu horretan, ordea, elaborazio-prozesuari buruzko ezagutza guztia galdu egiten da, eta gure lana artisaua denez, alde batera utzi ezin dugun faktorea dela uste dugu. Horregatik, tailerra eta denda bat egitea erabaki dugu, jendeak gurekin elkarreragiteko aukera izan dezan. Gure bizitzaren zati handi bat lanari eskaintzen diogunez, atzealdea ere erakustea ideia ona iruditu zaigu. Beraz, baliteke landare bat erostera edo buelta bat ematera etortzea, eta beste leku batera joango den muntaia ikusgarri bat ikustea. Nik uste dut honek ere kultura egingo duela. Erakusketari eskainitako zati txiki bat dugu ideiak sortzeko eta eguneroko gauza inprobisatuak erosteko, eta proiektu bakoitzerako behar dugunaren arabera erosten ditugu produktuak. Eskaera asko Interneten bidez ere heltzen zaizkigu, eta honekin lan-ildo bat proposatzen dugu.
Eta orain, zein erronka berriri egin behar diozue aurre?
Ez dakigu etorkizunak zer dakarren, baina jada ez gaude gure inguruan gertatzen denaren mende bakarrik, nazioartean gertatzen dena guztioi eragiten digula ikusi delako. Momentu honetan edukiontzien iskanbilan sartuta gaude; gauzak ez dira garaiz iristen eta prezioak modu nabarmenean igo dira. Baina orain Gabonetako dekorazioari aurre egin behar diogu. Maila profesionalean segurtasuna eta lasaitasuna izateko zortea dugu, ezkontzak astebururo izaten ditugulako eta datorren urterako agenda oso ondo doalako. Gure helburua bezeroak mantentzea eta berriak lortzea da. Horretarako, denbora eta diru inbertitzen eta gure lana ahalik eta ondoen egiten jarraituko dugu, egoera bakoitzera egokituz. Gizartea doan moduan, horrela joango gara gu.
☉ Zaratamo
Tailer praktikoak, bideo-foruma eta gastronomia saioak antolatu dituzte Zaratamoko Elexalde eta Arkotxan
Jarduera guztiak doakoak izango dira eta bertan parte-hartzeko izena eman behar dela iragarri dute Zaratamoko Udaletik

Zaratamoko Berdintasun Batzordeak hainbat jarduera prestatu ditu urteko azkenaurreko hilabeteari begira.
Lehen hitzordua azaroaren 12an eta 19an antolatu dute: testamentu bitalaren inguruko tailerra. Bizi-testamentua (edo aurretiazko borondateen dokumentua) formula juridiko bat da, eta testamentuaren titularrari aukera ematen dio bere tratamendu medikoei buruzko jarraibideak adierazteko eta helarazteko.
Dokumentu hori eskumena duen osasun-sailean erregistratzen da, eta pertsonak Osasun Publikoan duen historial klinikoan jasotzen da. Horrela, medikuek beren borondateak ezagutu eta bete ahal izatea errazten da. Hilaren 12an Elexaldeko kultur etxean egingo dute eta 19an Arkotxan. Saioak Zaratamoko erizainak eskainiko ditu.
Azaroaren 21ean ‘Ciudad Delirio’ zintaren inguruko bideoforuma antolatu dute Elexaldeko Kultur etxean Wayra elkartearekin: Javier, mediku espainiar lotsati eta erreserbatua, Calin Medikuntzako kongresu batera joango da eta Angie ezagutuko du, dantzari eta koreografoa, munduko saltsa ikuskizun ospetsuenaren parte izatea amesten duena: Delirio. Proiekzioa 18:00etan egingo dute eta jarraian solasaldia.
Hurrengo egunean, azaroaren 22an, gastronomia tailerra egingo dute Elexaldeko txokoan, 10:30etik 14:00ak bitartean. Izena ematea beharrezkoa izango da. Tailer hau ez da bakarra izango; udal ordezkariek azaldu dute Wayra elkarteak beste bi antolatuko dituela 2026ko urtarrilean eta otsailean.
Jarduera horiez gainera, Smartphonea eta tabletak behar bezala erabiltzeko tailer bikoitzak antolatu dituzte Arkotxa eta Elexalde auzoetan. Arkotxakoa azaroaren 19an eta 27an egingo dute eta Elexaldekoa, 10ean eta 18an. Saioak 12:00etatik 14:00ak bitartean antolatu dituzte auzo bakoitzeko KZ Gunean. Parte hartzeko izena eman beharko dute interesdunek.
☉ Zaratamo
Ipuin kontalaria, eskulanak eta gynkana antolatu dituzte Zaratamoko Gau Beltzan
Ipuin kontalariak, eskulanak, gynkana herrian zehar eta diskofesta antolatu dituzte hilaren 31n, 18:00etatik gaualdera bitartean, Elexaldeko plazan

Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak, Udalarekin batera, jardueraz betetako Gau Beltza prestatu du urriaren 31ko arrastian, etxeko txikientzat.
Ipuin kontalariak, eskulanak, gynkana herrian zehar eta diskofesta antolatu dituzte 18:00etatik gaualdera bitartean. Gainera, bokatak salduko dituzte Elexaldeko plazan.
Egitaraua | Zaratamoko Gau Beltza 2025
Urriak 31, barikua
18:00 Ipuin kontalaria eta eskulanak, Elexaldeko plaza
19:00 Gynkana herrian zehar
20:00 Diskofesta, Elexaldeko plaza
☉ Zaratamo
Mila Koloredun Jaiak artez eta kolorez beteko ditu Zaratamoko eskolako hormak
Euskal Herriko eta Kataluniako artistak elkartuko dira Zaratamon, eta “graffiti jam” batean parte hartuko dute

Mila Koloredun Jaia ospatuko dute larunbat honetan, urriaren 25an, Zaratamoko eskolan. Zehatzago esateko, eskolako hormetan, helburua espazio horiek “bizitzaz eta kolorez betetzea” baita.
Horretarako, Euskal Herriko eta Kataluniako artistak elkartuko dira Zaratamon, eta “graffiti jam” batean parte hartuko dute.
Ez da hori, ordea, egunean zehar antolatu duten jarduera bakarra, egitaratu oparoa prestatu baitute: graffiti eta serigrafia tailerrak, DJ saioak, sormen gune ezberdinak eta horma-irudi parte hartzailea.
Hori horrela, Zaratamo “kolorez” jantziko dutela ziurtatu dute antolatzaileek, eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete.
☉ Zaratamo
Loraldiaren marea gora Zaratamoraino helduko da
Bai Ruperrek eta bai Itoiz taldeak lotura daukate Zaratamorekin, lehenak aspaldikoa eta bigarrenak egungoa ere

Loraldia Plaza Kultur Jaialdiaren laugarren edizioa antolatu dute Arrigorriagan eta Zaratamon urriaren 17tik 26ra. Sei egunetan zazpi jarduera ezberdin prestatu dituzte eskualdeko udalerri bietan, ‘Marea Gora’ lelopean.
Horien artean, esanguratsuenak dira ‘Itoiz, Udako sesioak’ dokumentalaren proiekzioa Elexaldeko Kultur Etxean, urriaren 17an, eta Ruper Ordorikaren kontzertua hurrengo egunean, Arkotxako elizan.
Bitxia bada ere, bai bakarlari oñatiar handiak eta bai 80.hamarkadan euskal musika irauli zuen taldeak badute lotura Hego Uriberekin. Eta baita Zaratamorekin ere, irakurleari harrigarria suerta dakiokeen arren . Lotura hori nondik datorren? Lau hamarkada atzerago jo behar dugu, Basauriko Pozokoetxe auzora.
Basaurin hautsi zen anphora
2015ean GEURIAri emandako elkarrizketa batean Ruper Ordorikak Basaurirekin zeukan loturaren nondik norakoak azaldu zituen: “Unibertsitatean nenbilenean Bilbon, Pozokoetxeko auzoan bizi izan nintzen bi urtez”. Bizi bakarrik ez, orduko gizartearen eta herriaren egunerokotasunean murgildu zen Ordorika: “Pozokoetxen antolatu ziren euskara eskola batzuk ematen aritu nintzen unibertsitateko ikasketak egiten nituen bitartean. Lagun batekin batera irakasten nuen euskara gure kabuz, inolako erakunderen parte izan gabe”.
Orduko Basauri uger eta kedarrez beteaz galdetuta, zera erantzuten du oñatiarrak: “Oso giro gatazkatsua bizi genuen: langile mugimendu oso indartsua zegoen Basaurin eta jende askok lotzen zituen askatasun gogo horiek euskal munduarekin. Gaur egun hori asko aldatu da”.
Sormenerako tartea ere izan zuen Ruperrek, garai hartakoa baita ‘Hautsi da Anphora’ diskoa: “80. hamarkadaren inguruan Bernardo Atxaga Bilbora bizitzera etorri zen. Orduan guztiz ezezaguna zen, baina nik ezagutu nituen bere poema batzuk eta pare bat musikatu nituen. Pott Bandaren hasieretan (1980) harremanetan jarri ginen eta bertan esan nion bere poema batzuei musika jarri niela. Ez nizkion erakusten, baina egun batean Basaurin azaldu zen Atxaga eta Pozokoetxeko nire etxean, sukaldean, abestu nizkion. Diskoa bera Galdakaon grabatu nuen”.
Basauri eta Galdakao aipatu ditugu, baina ez Zaratamo. Hiru herriak lotzen dituen haria zein den ezagutzeko orain aldira salto egin behar dugu, aurtengo Loraldiaren aurkezpen prentsaurrekora, hain zuzen ere.
Alberto Ugarrizak, Zaratamoko alkateak, zera zioen: “Ruper Ordorikak ere harreman estua izan du Zaratamorekin: Oñatitik Basaurira etorri zenean, Basaurin, Alfontso Berazaren etxean hartu zuen ostatu eta harreman berezia izan zuen berarekin. Izan ere, Alfontsoren bikotea, orain bere alarguna, Carmen Uriarte, Zaratamokoa da. Duela lau urte Ruper herrira etorri zenean, oroitzapen oso bereziak izan zituen Zaratamon egindako kontzertu hartan”.
‘Alkolea’, Txabiri tabernan
Itoizi dagokionez, Zaratamo taldearen iraganean eta taldekideetariko baten orainean ageri da. Jo dezagun berriro Ugarrizak esandakora: ‘Alkolea’ hirugarren diskoaren grabaketa saioak amaitzen zituztenean, Zaratamoko Txabiri tabernara joan ohi ziren. Bertan mokadutxua egin eta tragoren bat hartzen genuen elkarrekin. Garai hartako oroitzapen onak dituzte”.
1982.urtean argitatu zuen “Alkolea” diska Itoizek, orain dela 43 urte, eta bertan “Marylin:sagardotegia eta jazzmana” bezalako abesti ezagunak aurki ditzazkegu. Baina zer zerikusi du arrosa eta krabelindun Marilynek egungo Zaratamorekin? Erantzuna aurkitzeko GEURIAra jo dugu berriro, 2022ko elkarrizketa batera.
Orduko hartan, Bostak eta Laurden taldeko kide Jose Garatek Hego Uribeko komunikabidearen galderei erantzun zien, beste taldekideekin batera. Zaratamon egiten du hitz ordua taldeak, astelehenero, eta 17:15etan, noski. Jose Garate, dena esate aldera, Itoiz taldeko kidea izan zen, ‘Foisis’ ezizenez ezagunagoa.
Urriaren 17an hurbilduko da Garate Juan Carlos Perezekin batera, eta dokumentalaren ostean solasaldia egingo dute. Jorratuko dituzten gaien artean, ziur hizpide hartuko dutela musika egitearen atzean dagoen barne bulkada edo pasioa. Garatek berak zera zioen 2022ko elkarrizketa hartan: “Musika jendeak entzuteko egiten da beti. Musika inoiz ez da egin izan lokal batean egoteko, hortik ateratzeko baizik”.
Ruperrek anphora hautsia atera zuen lokaletik, Itoizek alkolea, eta bi disko horien sorkuntzan, modu xume batean bada ere, presente egon ziren Hego Uribeko herriak.
☉ Zaratamo
Zaratamoko Elexalde auzoan kutxazain bat jartzeko aukera aztertuko dute Berosi proiektuaren bidez
1,15 milioi euroko aurrekontua du Berosik 300 eta 500 biztanle arteko udalerrietan kutxazainak ipini, mantendu eta kudeatzeko

Gaur egun, Bizkaiko hainbat udalerritan ez dago kutxazain automatikorik eta Eusko Jaurlaritzak irtenbidea eman nahi dio arazo honi Berosi izeneko proiektuaren bidez.
Berosi 2030erako Landa Garapenerako Estrategiaren barruan kokatu beharreko proiektua da. 1,15 milioi euroko aurrekontua du Berosik 300 eta 500 biztanle arteko udalerrietan kutxazainak ipini, mantendu eta kudeatzeko, betiere hurbilen dagoen kutxazaina zortzi kilometro baino gehiagora badago.
Ereño, Gizaburuaga, Mendata edo Ea bezalako udalerri txikiek ez dute kutxazain automatikorik eta bertako herrtitarrek inguruetako herrietara jo behar dute. Hego Uribe eskualdean, eskualde osatzen duten zazpi udalerrietan kutxazainak dago, baina Zaratamoko Elexalde auzoan ez, ordea.
“Udalerria elkarren artean distantzia oso handiak dituzten auzoen artean banatuta dago”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Elexaldeko herrigunearen inguruan bizi garenok Arrigorriagaraino edo Basauriraino joan behar dugu kutxazain automatikoa erabiltzeko”. Arkotxa auzoan kutxazain bat dago gaur egun eta Elexalderi dagokionez, bertan jarri beharko dela aurreratu du Ugarrizak “Eusko Jaurlaritzaren lizitazioan inor aurkezten bada eta entitate horrek Elexalden ipini nahi izatekotan”.
Alberto Ugarriza: “Elexaldeko herrigunearen inguruan bizi garenok Arrigorriagaraino edo Basauriraino joan behar dugu kutxazain automatikoa erabiltzeko”
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren arabera, Berosi proiektuaren arabera Euskadiko 22.000 pertsona baino gehiagok bazterkeria finantziarioa pairatzeari utziko diote. Ekimenaren arabera honako hauek dira, Zaratamoz gainera, bertan parte hartzeko ezaugarriak betetzen dituzten udalerriak: Ajangiz, Amoroto, Arantzazu, Arratzu, Arrieta, Artea, Artzentales, Ea, Elantxobe, Errigoiti, Forua, Fruiz, Garai, Gatika, Kortezubi, Mendata, Mendexa, Meñaka, Murueta, Muxika eta Ziortza-Bolibar.








