☉ Arrigorriaga
Iker Ramos eta Ibai Jorge: «Freestyle-a errimatzearen artea da, unean uneko inprobisazioa»
Ugaoko jaietan oilar batailak antolatu zituzten, eta Basauriko jaietan beste txapelketa bat egin zen. Hori dela eta, Hego Uribeko freestyler-ek hazkundean dagoen diziplina herrira hurbildu nahi dute.

[2022ko urriaren 6an argitaratutako elkarrizketa] Estilo libreko rapak urrezko garaia bizi du orain. Oilar batailek profesionalizaziorako bidea hartu eta mundu mailako fenomeno bilakatu dira; estadioak jendez betetzen dituzte eta plataforma digitaletan milaka erreprodukziotara heltzen dira. Hitzezko liskarren erakargarritasuna freestyler-ek bat-batean errimatzen erakusten duten buru-bizkortasunean oinarritzen da, musikaren erritmoan aurkariari aipua kenduz. Inguruan dituzten estimuluen edota beren irudimenaren emaitza izan ohi da horien edukia, eta hau ondo dakite gure bi protagonistek: Iker Ramosek “Rxmos” (La Peña, 2022) eta Ibai Jorgek “CMC” (Arrigorriaga, 2004). Lehenengoak Sevillako Puzzle Ragnarok lehiaketa nazionalean parte hartu zuen pasa den hilean, eta bigarrena Bilbo vs Donostia finalerako sailkatuta dago. Biak parkean aritzen dira, diziplina sortu zen lekuan, eta argi dute kirol mental horrekin gozatzen jarraitu nahi dutela, bai eszenatokietan, bai kalean.
Nola ezagutu zenuten oilar batailen mundua eta noiz hasi zineten inprobisatzen?
Iker Ramos: Nire kasuan anaiaren bidez ezagutu nituen batailak. Gogoan dut 6-7 urte nituenean bere MP3arekin musika entzuten nengoela hurrengoa jartzen zuela: “Jess vs Brock – Oilarren Bataila”. Kanta bat zirudien baina desberdina zen, eta bideorik ez zuenez, ezin nuen ikusi. Aurrerago, nire lehen mugikorra izan nuenean, 2014ko finalerdi nazionala agertu zitzaidan YouTuben, “Invert” “Skone”-ren aurka, eta hori izan zen ikusi nuen lehena. Handik aurrera gustatzen hasi zitzaidan, baina 16 urte bete arte ez nintzen inprobisatzera ausartu. Freestyle-etik arreta gehien piztu zidana bere bat-batekotasuna eta purutasuna izan zen.
Ibai Jorge: Ni “Zasko”, egungo ligako lehiakidea, parkera jaisten zen garaian hasi nintzen ikusten, 2015 urtearen inguruan. Rapeatzen, aldiz, txikitatik aritzen nintzen herriko zenbait mutikorekin, Bilborekin komunikaziorik ez genuelako. Eskolako azken ikasturtetik esango nuke. Freestyle-a definitu beharko banu, magia izango litzateke hitzik egokiena. Aurkariari begietara begiratu eta transmititzen dizunarekin eramaten utzi. Konexio bat dago eta hor sortzen da benetako freestyle-a, une konkretu batean inguruan dituzun estimuluetatik elikatzen zarenean. Arterik berritzaileena da. Batailarako elkartzen garen bakoitzean beti geratzen zaigu norbait begira, batez ere adineko jendea.
Zein da zuen motibazioa parkera jaisteko?
I.R.: Nire adiskideak. Normalean Bilboko Evaristo Txurruka kaian elkartzen gara astebururo. Lagun baten bidez jakin nuen, eta joan nintzen lehen aldian flipatu egin nuen. Pare bat koadrila espero genituen, besterik ez. Aitzitik, antolatzaile batzuk zeuden, epaimahaia, saria, parte-hartzaile onak… Hau da, oilar batailak egiteko nukleo bat eraikita zegoen. Besoak zabalik hartu gintuzten, eta oso azkar egokitu ginen ingurura. Izen-emate prezioa euro bat eta hiru euro artekoa izaten da. Ondoren, zure goitizena aukeratu eta zerrenda batean apuntatzen zaituzte. 16 edo 32 lehiakide baino gehiago badaude, ‘iragazki’ batzuk jokatzen dira eta nota onena lortzen dutenak koadrantean sartzen dira: final-zortzirenak, laurdenak, finalerdiak eta finala. Irabazleak boteko dirua eramango du. Oro har, esaldi mingarriak diren ‘punchline’-ez gain, honako hauek ere baloratzen dira: asmamena, erreferentziak egitea, argudiaketa edo diskurtsoa, azkar erantzuteko gaitasuna, rapeatzeko estiloa, errimatzeko teknikak hainbat eskema erabiliz (adibidez, modu lauan rapeatu beharrean: A-A-A-A; A-B-B-A egitea)… Nik parkea nahiago dut eszenatoki bat baino, nahiz eta kalitatea eta antolaketa hobeak izan. Noiz zen polita futbola? Kalean hasi zenean, pasioz egiten zelako, negoziorik gabe. Bada, hau gauza bera da. Rapa parkean hasi zen, eta hor dago bere esentzia. Hala ere, uste dut oso urrun iristen ari dela, eta beharrezkoa ere bada.
I.J.: Jende berarekin bizipenak partekatzeaz gain, egunerokotasunetik deskonektatzea eta zeure burua gainditzen jarraitzea. Oraindik 18 urte ditut eta parkera joateak eta ni baino denbora gehiago daraman jendeari irabazten ari naizela ikusteak motibatu egiten nau. Sare sozialen bidez izan nuen Bilboko guduen berri, Instagramen ekitaldietako kartelak partekatzen direlako. Bestela, kaiaz asetzen ari diren honetan, lekuz aldatzen dituzte, hala nola Ansiora (Barakaldo) edo Santa Klarara (Portugalete). Hasieran lehen errondatik pasatzeko asmoz joaten nintzen, ez irabaztera, banekielako lehiakide hobeak zeudela. Hori lortzen bazenuen Disneyland Parisera doan ume bat baino zoriontsuago joaten zinen etxera. Kaleko batailak zirkuluetan egiten dira beti. Denak askoz hurbilago sentitzen dituzu agertoki batean baino, eta zu bat gehiago zara han. Ez beste inor baino gehiago, ez gutxiago. Presiorik gabe. Ederra da benetan ilundu arte sortzen den giro onaz gozatzea. Eta akatsak gerta daitezkeen arren, aho zabalik uzten zaituzten gauzak ere atera daitezke. Bestalde, diziplinaren profesionalizazioan bozketa objektiborako parametro batzuk ezarri dituzten arren, zaila da subjektibotasunetik ihes egitea eta, beraz, epaileen irizpidea garrantzitsua da.
Freestyle-ak hiztegia ondo menperatzea eskatzen du.
I.J.: Nik ez ditut sekula nota bikainik atera eskolan, baina rapa entzunez ezagutza ezberdinak eskuratu ditut. Oilar batailekin hitz berriak ikasi eta kultura zabaldu daiteke. Honi buruz ezer ez dakiten pertsonek elkar iraintzen duten bi gazteren edo gehiagoren arteko liskarrak bakarrik direla uste dute, eta estereotipo hutsa da. Horregatik hemen freestyle-a ez da Latinoamerikan bezain arrakastatsua: gizarteak duen ikuspegiagatik, batez ere kanpotik barrura.
I.R.: Beti izan naiz literatur zalea eta txikitan asko irakurtzen nuen. Denbora aurrera joan ahala ohitura galdu dut, baina orain berriro hartu dut eta asko eskertzen dudan gauza da. Maila ona izateko ez dut uste entrenatzea guztiz funtsezkoa denik, talentua eta autogestioa baizik. Quesada youtuberrak dioen bezala: “Zenbat eta freestyle gehiago egin, orduan eta freestyle gutxiago zara”. Hau da, makina zenbat eta gehiago behartu pentsatzera eta zenbat eta denbora gehiago eman rapeatzen, argi dago arinagoa izango zarela, baina aurretik eraikitako esaldi gehiago ere izango dituzu bataila batean botatzeko. Eta buru-hutsik joatean oinarritzen da. Bat-batekotasunean.
Talentuaz ari garela, Euskal Herrian badagoela uste duzue?
I.R.: Zalantzarik gabe, baina ikusgarritasuna falta zaio. Bartzelonako eta Madrilgo parkeek ospe gehiago dute, esaterako; edo orain Kanariar Uharteek ‘Fabiuki’-ri esker, underground mailan irlako adierazlerik handiena. Pixkanaka konturatzen ari dira autonomia erkidego bakoitzean gutxienez lauzpabost neska-mutil daudela lehiaketa handietara iristeko borrokan. Une honetan Bilbo Malagaren egoeran dago ‘Tirpa’ ligara iritsi baino lehen: gazte asko ari dira gora iritsi nahian, baina ez du lortu bakar batek ere. Pilota gure teilatuan dago, eta gure esku dago nola kudeatzen dugun denok igotzeko.
I.J.: Egia da, halaber, hemen askoz ere ekitaldi garrantzitsu gutxiago antolatzen direla eta erreferente gehiago falta zaizkigula. Hurbileko erreferenterik handiena Barakaldoko ‘Invert’ izango litzateke, Red Bulleko nazioarteko txapelduna izatera iritsi zena. Gaur egun, ‘Mario VI’ gasteiztarra da pauso gehien ematen ari dena, top-10ean jarraitzen baitu FMSra igotzeko sailkapenean (freestyle-ko liga profesionala).
Estilo libreko rapa al da bertsolaritza moderno berria?
I.R.: Izan daiteke. Oso antzekoak eta aldi berean oso desberdinak dira. Bertsolaritzan parametro batzuekin inprobisatzen duzu, adibidez, gai, tonu eta eskema metriko jakin batekin. Freestyle-an, asko jota, hitzak, tematika edo egoerak ematen dizkizute formatu zehatz batzuetan. Baina biak bat-bateko bertsotan errimatzean oinarritzen dira. Hala ere, bertsolaritzak idatzizko rap batailen antz handiagoa izan dezakeela uste dut. Hizkuntza ere ez da oztopoa, baina guduen zirkuitua gaztelaniaz da Espainia osoan elkar ulertu ahal izateko. Egin, egin dira euskaraz oilar batailak noizbait, Sarrikon esaterako.
I.J.: Nik freestyle-n bat egin dut neronek gaztelaniaz rapeatuz eta besteak euskaraz, bakoitzari errazago egiten zaion moduan. Gainera, nahiz eta euskaraz ia batailarik ez egin, egia da euskaraz gero eta rap gehiago dagoela, modan dagoelako eta bazter guztietara hedatzen ari delako.
Azken boladan, freestyle-a kirola edo artea ote den eztabaidatu da.
I.J.: Gaur egun oilar batailak “kiroldu” egin dira. Batzuek entrenatzen dute, batez ere ligako kideek, elitearen parte izaten jarraitzeko eta soldata irabazteko. Epaile batzuk daude, sailkapen-taula, irabazleak, sariak… Ligan FRF-ko (Freestyle Rap Federation) araudian oinarritzen dira puntuazioak emateko, patroi bakoitzeko 0tik 4ra bitarteko nota jarriz gehi beste hiru lauki gehigarri baloratuz: eszenaratzea, flow-a edo estiloa eta skill-ak edo trebetasunak. Parkean, aldiz, egun batzuetan nota bidez egiten dira eta besteetan sentsazioz bozkatzen da.
I.R.: Oilar batailei forma eman diete kirol lehiaketa bat izan dadin. Baina nire ustez, oro har freestyle-ari buruz hitz egiten badugu -eta ez oilar batailei buruz-, errimatzearen artea da, unean uneko inprobisazioa. Koadro bat margotzea bezalakoa da, zerotik hasten zara sortzen. Arteak ez du eskemarik; are gehiago, hautsi egiten ditu, erabateko dibertsifikazioa delako.
Batailetan, zenbat da egiazkoa eta zenbat fikziozkoa?
I.R.: Aurkarien arteko norgehiagoka fikzio-ingurune batean gertatzen da, baina gezurraren barruan egia diren gauzak ere egon daitezke. Hori igartzen da rapeatzeko moduari erreparatuz. Adibidez, pertsona batek diruduna dela badio baina ez badator bat bere itxurarekin, ez diozu sinetsiko. Aitzitik, norbait sufritzen ari bada aitona hil zaiola iradokiz (‘Sweet Pain’-en kasuan bezala, zeina ligako bigarren jardunaldian bere aurkezpen-minutua rapeatzera negarrez irten zen), argi dago egia dela. Pertsona eta pertsonaia bereizten ere jakin behar da: pertsonaiak iraintzen dira, ez pertsonak. Lehia osasuntsua da. Askotan uste dut pertsonaia pertsonaren premiatik edo ezaugarri faltatik sortzen dutela (txantxazalea, txuleria, autoestimua…).
Gainera, lotura afektibo sendoak sortzen dira lehiakideen artean. ‘Rapder’ eta ‘Sara Socas’-en arteko liskarrean sortutako polemika etorri zait burura: ‘Rapder’ misoginotzat jo zuten, baina haiek oso ondo konpontzen dira eta antzerki hutsa zen. ‘Sara Socas’-en pertsonaia bereziki ligaren barruan emakume rapero gisa jokatzen duen rolean oinarritzen da, diskurtso feministak zabalduz, eta orduan ‘Rapder’-ek kontrako papera jokatu zuen bataila gogorra izateko. Eta keinu matxista litzateke emakume izateagatik berdin rapeatu ez izana. Pike adeitsuak behar dira, iragazkirik gabekoak. Nik bataila bat izan dezaket CMCren aurka eta mingarria izan, baina berak badaki ez diodala benetan esango, ezta berak niri ere.
Liga profesionalari dagokionez, egunen batean igoera borrokatzea pentsatzen duzue?
I.R.: Diziplinaren eta nire eboluzio pertsonalaren araberakoa izango da hori. Oraingoz pozik nago nire egoerarekin. Interesatzen zaidana Espainia osoan barrena bidaiatzea da eskualde mailako lehiaketak irabazteari esker; horrela, erakundeek bidaia eta egonaldia ordain diezazkidakete, eta pixkanaka neure burua ezagutzera eman. Aukerak iristen badira, paper ona egingo banu eta kasualitatez igoera rankingean lehenengoen artean kokatuko banintz, orduan planteatuko nuke ligara heltzea.
I.J.: Ez da bilatzen dudan zerbait. Nik parkera jaisten jarraitu nahi dut eta gustura rapeatzen. Kalitatea dago hemen, nahiz eta lan asko dagoen egiteko hobetzen jarraitzeko. Ez gaude beste maila batzuetan borrokatzen duen jendearengandik hain urrun. Gainera, rankinga lehiatzeko diru-kopuru handia behar da, puntuak ematen dituzten lehiaketak herrialde osoan zehar banatzen direlako eta horrek bidaietan inbertitzea eskatzen duelako.
Inprobisatzeaz gain, ba al duzue abestiak egiteko asmorik?
I.R.: Nik bi kanta ditut YouTuben eskegita, baina ezabatzeko intentzioa dut. Orain proiektu berri bat hasiko dut ‘Txebas’-ekin, oilar batailetara joaten zen lagun batekin, eta badugu maketa bat eta pare bat abesti prest. Argia ikusi ez duten letra pila bat ere baditut idatzita.
I.J.: Ni, ordea, ez naiz idaztekoa. Batailak nahiago ditut. Abesti pare bat izango ditut idatzita. Mundu guztiak du baten bat probatzeko ea ondo egiten duen. Gainera, freestyle egitea lagungarria da musika sortzerako orduan. Erreferentziak bururatzen zaizkizu etengabe eta asko estimulatzen da asmamena. Inoiz gertatu izan zait hitz egiten aritzea eta nahi gabe errima bat ateratzea. Buruak pilotu automatiko konstantea du jarrita. Jende askok erabiltzen ditu batailak gero musikan bere bidea egiteko: Walls, Trueno, Duki…
Eta etorkizunera begira, inoiz pentsatu duzue oilar batailak uztea?
I.R.: Ez, eta momentuz ez dut uste egingo dudanik, etenaldi asko egiten ditudalako. Hiru hilabetez jarraian joan naiteke eta beste hiruz desagertu, burua ez erretzeko. Ni batailetara benetan asebetetzen nautenean joaten naiz, baita mentalki horretarako prest nagoenean eta gogoa dudanean ere. Harrotasun handiena emango lidakeen helburua Bilbo inprobisatzen duten gazteen adierazlea bihurtzea litzateke. Arreta-gunea bihurtzea, hurrengo belaunaldiek, 14 urterekin parkera ilusioz jaisten den Alvaro ‘Redy’ bezalako haurrek, etorkizun hurbilean antolaketa on bat izatea baldintza hobeagoekin.
I.J.: Ez dut inoiz etapa txarrik izan. Badira parkera joateari uzten diozun uneak, gogorik ez duzulako. Baina behin betiko freestyle-a utzi? Hori inoiz ez. Parkera joan ez arren, lagunekin inprobisatu eta deskonektatu dezaket. Polita da afizio bera partekatzen duen norbait alboan izatea. Besteek zure errima onak ospatzeak ere autoestimu handia ematen dizu.
☉ Arrigorriaga
Jardueraz betetako programa prestatu dute azaroan Arrigorriagan, A25eko testuinguruan
Hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza bezalako jarduerak prestatu dituzte datozen egunetan

Azaroaren 28ra bitartean jardueraz betetako programa antolatu dute Arrigorriagan, Emakumeen Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren testuinguruan.
Jarduerak Arrigorriagako Udalak eta Lamiaena emakumeen etxeak antolatu dituzte herrigunean: hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, A-25eko elkarretaratzea, Garrasidromoa, argazki erakusketa…
Egitaraua | A-25a Arrigorriagan
Azaroak 10, asteazkena
17:00 Indarkeria matxistaren aurkako erakusketa (Carolina Zuluaga), Lamiaena.
Inaugurazioa, azaroaren 12an, 18:00etan
Azaroak 11, astelehena
18:30 Zineforuma: La Virgen Roja
Azaroak 18, asteartea
18:00 Solasaldia: Emakumeak eta arrisku kardiobaskularra, Lamiaena
Azaroak 21, ostirala
Mural ibiltaria: ‘Elkarrekin isiltasuna hausten dugu’
Azaroak 23, igandea
12:00 Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, udaletxetik hasita
Azaroak 25, asteartea
19:30 Elkarretaratzea, udaletxeko plaza
20:00 Garrasidromoa: “Oihukatu indarkeria matxistaren aurka!”
Panel informatiboa: 2010-2015 bitartean eraildako emakumeak
Azaroak 26, asteazkena
18:00 Tailerrak: Erresistentziaren Ahotsak “Eta zure ahotsa irudietan kontatu ahal izango balitz?”
Azaroak 27, osteguna
18:00 Solasaldia: ‘Indarkeria matxista eta negazionismoa: erantzun feminista eta juridikoak atzerapausu legalen aurrean’, Lamiaena
Abenduak 12 – urtarrilak 30
17:00 Argazki-erakusketa: ‘Irregulartasuna indarkeri anizkoitza eta desentralizatua da’, Lamiaena
Inaugurazioa: abenduak 12, 17:30
☉ Arrigorriaga
Bazkaria, kontzertuak eta mendi martxa antolatu dituzte Arrigorriagako Gaztetxearen urteurrenean
Azaroaren 29an antolatu dute urteurrena eta egun osoan zehar jarduerak antolatu dituzte Gaztetxean eta inguruetan

Arrigorriagako Gaztetxearen zortzigarren urteurrena ospatuko dute azaroaren 29an, eta hainbat jarduera antolatu dituzte egunean zehar.
Lehen jarduera mendi martxa izango da. Urteurren guztietan lez, asmoa igoera Artandara egitea da, “baina euria egitekotan bertan behera geratuko da jarduera”, azaldu dute Gaztetxetik.
Mendi martxaz gainera bazkaria eta bazkaloste musikatua antolatu dute Gaztetxean ‘Bost axola potxola’rekin. Bazkaltzeko prezioa 13 eurokoa izango da.
Arrasti aldera Joseto ta Alayak-en elektrotxaranga egingo dute herrian zehar eta gaualdean Gaztetxeko kontzertuei paso emango diete Niere, Tobogan eta Beranduegi Erromeriarekin.
Egitaraua | Arrigorriagako Gaztetxearen VIII. urteurrena
Azaroak 29, larunbata
10:00 Mendi martxa Artandara
15:00 Bazkaria + bazkaloste ‘Bost axola potxola’ taldearekin Gaztetxea
18:00 Elektrotxaranga: Joseto ta Alayak
22:00 Kontzertuak: Niere + Tobogan + Beranduegi Erromeria
☉ Arrigorriaga
Argazkiak / Enriqueta Hortalak badu bere kalea eta herritarren merezitako omenaldia Arrigorriagan
Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertara hurbildu direnentzat.

Eguraldia lagun izan ez arren, asko izan dira gaur goizean Enriqueta Hortala kalera hurbildu diren arrigorriagarrak. Gaurtik aurretik izen berri hori ere presente egongo baita herriko kale izendegian.
Ekitaldian, antolatzaileek nabarmendu dute “musikaren munduan herrian erreferente izan zen emakumeari” eskaini zaiola kalea, “besteak beste emakumezkoen abesbatzaren sortzaile izan zelako”.
Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertaratu direnentzat.






















☉ Arrigorriaga
Kale izendegiari beste emakume izen bat gehituko diote Arrigorriagan larunbat honetan: Enriqueta Hortala
Joana Etxeberria, Politika Feministetako zinegotziak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari

2021ean Kultur Etxe berriari Edurne Garitazelaia izena emanda hasitako bideari (2023an Teodosia Ortega parkearen txanda heldu zen) jarraipena emango dio Arrigorriagako Udalak larunbat honetan, Kultur Etxe atzeko kaleari Enriqueta Hortala Cimiano izena emanez. Helburua, udal ordezkariek azaldutakoaren arabera, “emakumeei espazio publikoan euren tokia ematea da”.
Helburu hori aurreko legealdian finkatu zuten Arrigorriagan: “izen hauek guztiak bere momentuan Berdintasun Kontseilutik abiarazi genuen prozesu parte hartzailean aipatuenak izan ziren. Horien arten Enriqueta Hortalarena izan zen boto gehien jaso zuenetariko bat” gogorarazi du Etxeberriak.
Zergatik, baina, aitortza hau Hortalari? “Artista polifazetikoa izan zen Hortala, betiere musika munduari lotutakoa. Pianojolea izateaz harago, irakaslea ere bazen, eta egun Albaraka izena duen abesbatzaren sortzailea ere izan zen”.
Bere hitzartzeari amaiera emateko, Etxeberriak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari: “Azken finean, emakume hauek ekarpen handia egin diote gure kulturari, kirolari, euskarari eta bizitzaren sostenguari”.
Maite Ibarra alkateak, bere aldetik, “gure herriaren historian ekarpen funtsezkoa egin zuen emakumea” izan zela nabarmendu du.
Bukatzeko, Lourdes Perosanz Berdintasun teknikariak larunbateko ekitaldiaren xehetasunak eman ditu, eta herritarren parte hartzea funtsezkoa dela nabarmendu du.
12:00etan hasiko da omenaldia, eta bertan parte hartuko dute Aritzberri Dantza Taldeak, Artizarra Musika Eskolak, eta Hortalak sortutako abesbatzaren oinordekoa den Albaraka taldeak, hurrenez hurren. Bukatzeko mokadutxoa egingo dute Azokea aretoan.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Sorginek eta mamuek Arrigorriagako Gau Beltza hartu dute etxeko txikiekin
Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek

Heldu da urriaren azken eguna eta horrekin… Gau Beltza. Azken urteetan ikusi denez, Hego Uribeko udalerri askotan antzinako tradizio hau berreskuratzen joan dira herritarrak eta Arrigorriagan ez dira gutxiago izan.
Izan ere, Arrigorriagako Gau Beltza etxeko txikientzat eta gazteentzat prestatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek 17:30ean. Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute, sorginen txano eta sendabelarren artean. Ondoan, kalabazak apaintzeko eta aurpegiak margotzeko eta eskulan-tailerra prestatu dute.
Orduek aurrera egin ahala, herritarrak udaletxeko plazara hurbiltzen hasi dira, askotariko mozorroekin jantzita eta jolas eta koreografiak egin dituzte bertan. Amaitzean kalejira antolatu dute herriko kaleetan barrena.






































































