Sareak

☉ Arrigorriaga

Matrikula irakurketa ahalbidetzen duen 18 kamerako bideosistema berria ezarriko dute Arrigorriagan

Herrian arazoak “oso puntualak” izan ohi direla onartu dute Udaletik, baina, halere, orain arte erabilitako sistemak modernizazioa behar zuela biztanleen beharrizanei ondo erantzuteko

|

etxebarri bideozaintzarako kamerak
Bideosegurtasunerako kamerak Etxebarrin // Geuria

Udalerriko trafikoa eta kaleak zaintzeko sistema zaharkituta dagoela-eta, Arrigorriagako Udalak bideokameren azpiegitura berria ezarriko du udal eraikin eta instalazioetan. Lehendik zegoen bideosistema hobetzeaz gain, hornidura handitu eta optimizatu egingo dute herrian, eta horretarako, 128.500 euroko inbertsioa egingo dute.

“Matrikulen irakurketaren bidez, herrira sartu eta bertatik irteten diren ibilgailuen kontrola egitea da helburua”, azaldu du Idoia Molinak, Udaleko Auzoak, Hirigintza eta Etxebizitza Zinegotziak. Guztira 18 kamera ezarriko dituzte, eta denek izango dute aurreko sistemak baino irudien definizio hobea eta konexio optimizatua: “Operadore modelo berriarekin, routing-a egiteko hornikuntza modernoagoa da, eta erabiltzeko errazagoa eta azkarragoa ere bai”.

Bideosegurtasun sistema zaharrarekin, askotan, zaila suertatu izan da grabaketetako objektu eta pertsonak ondo identifikatzea, baina kamera berriekin, jasotzen diren irudiak “askoz argiagoak” izango direla ziurtatu du Molinak. Jasotzen diren grabaketak, gainera, gordeta geldituko dira herriko Udaltzaingoaren eraikinean, eta bertatik, Polizia Munizipalak kontrolatuko du sistema bera eta lortutako informazioa.

Lizitazioa, abian

Hobekuntzekin eta aldaketekin, herritarren zein Arrigorriagako azpiegitura publikoen segurtasuna bermatzea da xedea. Herrian arazoak “oso puntualak” izan ohi direla onartu dute Udaletik, baina, halere, orain arte erabilitako sistemak modernizazioa behar zuela biztanleen beharrizanei ondo erantzuteko.

Horretarako, Udal taldeak eta NOA alderdiak batera adostutako neurria izan da esku hartze hau. Momentuz, obra lizitaziora atera dute, eta enpresek abenduaren 2ra arte izango dute epea eskaintzak aurkezteko.

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako EAJk gobernu taldeak onartutako 2026ko udal aurrekontua gaitzetsi du

Oposizioko taldeak “estrategiarik gabeko, zorroztasun teknikorik gabeko, lehentasun argirik gabeko eta gardentasun eta leialtasun instituzionalik gabekoak” bezala definitu eta zortzi zuzenketa aurkeztu ditu

|

Arrigorriagako etxebizitzak // Geuria

Arrigorriagako Gobernu taldeak 2026ko aurrekontua onartu du joan den azaroaren 27an egindako ez ohiko osoko bilkuran, EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA alderdien aldeko botoekin eta EAJ eta PSEko ezezkoarekin. 17.646.735 milioi eurokoa izango da, 2025eko baino % 7 handiagoa.

EAJk eta PSE-ek gobernu taldeak onartu berri duen udal aurrekontua gaitzetsi dute, “estrategiarik gabeko, zorroztasun teknikorik gabeko, lehentasun argirik gabeko eta gardentasun eta leialtasun instituzionalik gabekoa delako” eta auzitan ipini dute udal gobernuak “aurrekontu anbiziotsuak” bezala definitu izana.

“Aurrekontua handitzea ez da gobernu-taldearen lanaren emaitza, Udalkutxaren hazkundearena baizik”, azaldu du Ainara Saez EAJko bozeramaileak. “Diru-sarrera guztien % 61 transferentzia horren menpe daude. Ez dago euro bakar bat ere Europako funtsetakoa, ez hitzarmenik, ez finantzaketa-lerro berririk. Horrela, Arrigorriagak ezingo du inoiz proiektu handiei ekin”.

Kiroldegi berria diseinatzeko proiektuaren testuinguruan, jeltzaleek “benetako proiekturik ez dagoela” salatu dute: “80.000€ bakarrik kantxak birmoldatzeko proiektu baterako dira. Ez faserik, ez obra-planik, ez memoria ekonomikorik, ez urte anitzeko finantzaketarik. Ez dago kiroldegi berrirako proiekturik. Existitzen den bakarra, eslogan bat da”.

Eskolako patio inklusiboari dagokionez, 2024ko gerakinarekin kontura gauzatu behar zen proiektua dela gehitu du Saezek: “Hori egin ez denez, 400.000 euro blokeatu dira orain, premiazko beste behar batzuei erantzutea eragozten dutenak, hala nola Labarketako irisgarritasunari”, eta EAJ aldertditik obra hori uda bitan faseatzea proposatu du “2026an baliabideak askatzeko, proiektuari uko egin gabe”.

Segurtasunaren alorrean, udal gobernuak partida % 36 murriztu duela azaldu dute oposiziotik: “Euskadin segurtasunik ezari buruzko kezka handitzen ari den testuinguru batean, Arrigorriagako udaltzainek segurtasun-gabeziako giroagatik babes gabezia salatu duten une honetan”.

Aurrekontu “orekatuak”

Peio Garmendia Ogasun zinegotziak aurrekontu “anbiziotsuak” lez definitu ditu: “Aurrekontu hauek Arrigorriagaren garapena eta herritarren ongizatea bermatzeko pentsatuta daude. Helburua da Arrigorriaga bateratuago, inklusiboago eta jasangarriago bat eraikitzea”. Aurrekontu hauek “orekatuak” ere badirela gehitu du Garmendiak: “Herritarren egunerokotasuna hobetuko dute”.

“Aurrekontu hauek Arrigorriaga kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko borondatez diseinatu ditugu. Herri gisa aurrera egiteko eta gure auzokide guztien bizi-kalitatea hobetzeko funtsezko tresna dira”, aurreratu zuen Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak joan den azaroaren 18an egindako prentsaurrekoan.

“Aurrekontuak funtsezkoak dira herri gisa aurrera egiteko eta gure auzokide guztien bizi-kalitatea hobetzeko”, laburbildu du Arrigorriagako alkateak. “Aukera emango digute Arrigorriaga kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko”.

Arrigorriagako udal-aurrekontuaren proposamena 2026

– Hirigintza eta Auzoak: Arlo honetara milioi bat euro baino gehiago bideratuko ditu gobernu-taldeak eta hiru ekintza nabarmendu dituzte: Osasun eta Higiene auzoko espazio publikoen irisgarritasuna eta kalitatea hobetzeko obrak egitea; eskolako patioa gune inklusiboagoa eta birnaturalizatuagoa bihurtzea, eta hirugarrenik, “kluben eta erabiltzaileen beharrak aseko dituen” kiroldegi berriaren lehen fasea eraikitzeko proiektuaren idazketa martxan jartzea: “Ongi diseinatutako patio bat jolasteko eremu bat baino askoz ere gehiago da: hezteko ingurune bat da, errespetuan oinarritua, barrerarik gabe ikasteko eta garatzeko aukera eskaintzen duena”, nabarmendu du Peiok eskolako proiektuari dagokionez.

Kiroldegiko igerilekua // Geuria

– Politika Feministak: Arlo honek 155.450 euroko partida jasoko du. 2019 urtearekin alderatuta diru kopurua bikoiztu dutela iragarri du Garmendiak.

– Gizarte Politikak: zaintza komunitarioen aldeko apustu irmoa egin dute, eta Zaindu Arrigorriaga izena izango duen proiektu bat jarriko da abian. Proiektu honek ‘Zainduz’, ‘Herri Lagunkoia’, ‘Zu Nagusi!’ eta ‘GEUna’ lan-programa batuko ditu. “Horri esker, programa guztien arteko lotura eta koherentzia lortu ahal izango da, udalerri solidarioago eta zainduago baterantz urrats garrantzitsua eginez”.

– Ekonomia eta Enplegua: esparru honetara 45.500 euro bideratuko dute enplegu-prestakuntzarako eta laneratzeko ikastaroak egiten dituztenentzako laguntza ekonomikoetarako. Bestalde, ArrigoBono kanpaina egiten jarraituko dutela iragarri dute, “tokiko merkataritzari bultzada emateko”.

2026rako udal-aurrekontuaren proposamenak Ingurumenera, Euskarara, Kulturara, Kirolera eta
udalerriaren garapenerako funtsezkoak diren beste arlo batzuetara bideratutako partidak ere
jasotzen dituela gehitu du Maite Ibarrak.

Gobernu taldea joan den irailean hasi zen udal aurrekontua prestatzen eta urrian lehen zirriborroa bidali zioten oposizioko alderdiei, horiek aztertzeko bilera batera gonbidapena eginez.

EAJren zuzenketak

EAJk “hutsuneak” ikusi ditu ere gardentasunaren, zorroztasun faltan eta negozioatzeko borondatean eta zortzi zuzenketa aurkeztu ditu: “Aurkeztutako proposamenek 570.000 euroko balioa dute, eta alderdi jeltzaleak Erregistroan aurkeztutako proposamenean zehaztu du zenbateko hori nondik atera daitekeen beste partida batzuk egokituz gero”. Partida horrekin honako zuzenketak aurkeztu ditu:

– Pedro Muro eta Osasuna eta Higienea lotzeko irisgarritasun-azterlana
– Abusuko Zentro Soziokulturaleko instalazioak eta altzariak berritzea
– Kubo auzoa hirigunearekin lotuko duen pasabide estali berri baten azterketa, egungoa ordezkatuz.
– Tokiko merkataritza bultzatzea
– Hiri-altzariak, asfaltatzea eta bide-seinaleak hobetzea
– Auzo batzuetako argiztapena hobetzea
– Hiriguneko Tailer Etxea eta Tailer Etxearen eta Emakumeen Topalekuaren irisgarritasuna hobetzeko estudioa konpontzea.
– Ollargan eta Abusu lotzen dituen pasabide estali berri baterako azterlana, egungoa ordezkatuz

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bi-625 errepidea guztiz itxi dute Arrigorriagan, hainbat ibilgailuren arteko istripu baten ondorioz

Momentu honetan larrialdietako zerbitzuak hurbildu dira ezbeharra gertatu den lekura eta ez dago istripuan inplikatutako pertsonen egoeraren inguruko daturik, Ertzaintzak jakitera eman duen informazioaren arabera

|

Larrialdi zerbitzuak, gaurko istripuan // Bizkaiko Suhiltzaileak

Kamioi batek eta hiru autok istripua izan dute Bi625 errepideko 382,2 kilometro puntuan (Martiartu eta Heidelberg materials enpresaren artean), 14:30ak aldera.

Istripuaren ondorioz Ertzaintzak errepidea itxi egin du bi noranzkoetan: “Momentura arte esan dezakegun gauza bakarra hauxe da: kamioi batek eta hiru autok istripua izan dute eta errepidea guztiz itxita dago. Ondorioz, auto pilaketak sortu dira”, azaldu diote Ertzaintzako bozeramaileek GEURIAri.

Momentu honetan larrialdietako zerbitzuak hurbildu dira ezbeharra gertatu den lekura eta ez dago istripuan inplikatutako pertsonen egoeraren inguruko daturik, Ertzaintzak jakitera eman duen informazioaren arabera.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

17,6 milioi euroko udal aurrekontu “orekatua” onartu dute Arrigorriagan, 2025ekoa baino % 7 handiagoa

Aurrekontu honek, Peio Garmendia Ogasun zinegotziaren arabera, “herritarren egunerokotasuna hobetuko du”

|

Peio Garmendia eta Maite Ibarra, udal aurrekontuaren proposamen egunaren aurkezpenean // Geuria

Arrigorriagako Gobernu taldeak 2026ko aurrekontua onartu du joan den azaroaren 27an egindako ez ohiko osoko bilkuran, EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA alderdien aldeko botoekin eta EAJ eta PSEko ezezkoarekin. 17.646.735 milioi eurokoa izango da, 2025eko baino % 7 handiagoa.

Peio Garmendia Ogasun zinegotziak aurrekontu “anbiziotsuak” lez definitu ditu: “Aurrekontu hauek Arrigorriagaren garapena eta herritarren ongizatea bermatzeko pentsatuta daude. Helburua da Arrigorriaga bateratuago, inklusiboago eta jasangarriago bat eraikitzea”. Aurrekontu hauek “orekatuak” ere badirela gehitu du Garmendiak: “Herritarren egunerokotasuna hobetuko dute”.

“Aurrekontu hauek Arrigorriaga kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko borondatez diseinatu ditugu. Herri gisa aurrera egiteko eta gure auzokide guztien bizi-kalitatea hobetzeko funtsezko tresna dira”, aurreratu zuen Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak joan den azaroaren 18an egindako prentsaurrekoan.

“Aurrekontuak funtsezkoak dira herri gisa aurrera egiteko eta gure auzokide guztien bizi-kalitatea hobetzeko”, laburbildu du Arrigorriagako alkateak. “Aukera emango digute Arrigorriaga kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko”.

Arrigorriagako udal-aurrekontuaren proposamena 2026

– Hirigintza eta Auzoak: Arlo honetara milioi bat euro baino gehiago bideratuko ditu gobernu-taldeak eta hiru ekintza nabarmendu dituzte: Osasun eta Higiene auzoko espazio publikoen irisgarritasuna eta kalitatea hobetzeko obrak egitea; eskolako patioa gune inklusiboagoa eta birnaturalizatuagoa bihurtzea, eta hirugarrenik, “kluben eta erabiltzaileen beharrak aseko dituen” kiroldegi berriaren lehen fasea eraikitzeko proiektuaren idazketa martxan jartzea: “Ongi diseinatutako patio bat jolasteko eremu bat baino askoz ere gehiago da: hezteko ingurune bat da, errespetuan oinarritua, barrerarik gabe ikasteko eta garatzeko aukera eskaintzen duena”, nabarmendu du Peiok eskolako proiektuari dagokionez.

Kiroldegiko igerilekua // Geuria

– Politika Feministak: Arlo honek 155.450 euroko partida jasoko du. 2019 urtearekin alderatuta diru kopurua bikoiztu dutela iragarri du Garmendiak.

– Gizarte Politikak: zaintza komunitarioen aldeko apustu irmoa egin dute, eta Zaindu Arrigorriaga izena izango duen proiektu bat jarriko da abian. Proiektu honek ‘Zainduz’, ‘Herri Lagunkoia’, ‘Zu Nagusi!’ eta ‘GEUna’ lan-programa batuko ditu. “Horri esker, programa guztien arteko lotura eta koherentzia lortu ahal izango da, udalerri solidarioago eta zainduago baterantz urrats garrantzitsua eginez”.

– Ekonomia eta Enplegua: esparru honetara 45.500 euro bideratuko dute enplegu-prestakuntzarako eta laneratzeko ikastaroak egiten dituztenentzako laguntza ekonomikoetarako. Bestalde, ArrigoBono kanpaina egiten jarraituko dutela iragarri dute, “tokiko merkataritzari bultzada emateko”.

2026rako udal-aurrekontuaren proposamenak Ingurumenera, Euskarara, Kulturara, Kirolera eta
udalerriaren garapenerako funtsezkoak diren beste arlo batzuetara bideratutako partidak ere
jasotzen dituela gehitu du Maite Ibarrak.

Gobernu taldea joan den irailean hasi zen udal aurrekontua prestatzen eta urrian lehen zirriborroa bidali zioten oposizioko alderdiei, horiek aztertzeko bilera batera gonbidapena eginez.

Kritikak, oposiziotik

EAJk eta PSE-ek gobernu taldeak onartu berri duen udal aurrekontua gaitzetsi dute, “estrategiarik gabeko, zorroztasun teknikorik gabeko, lehentasun argirik gabeko eta gardentasun eta leialtasun instituzionalik gabekoa delako” eta auzitan ipini dute udal gobernuak “aurrekontu anbiziotsuak” bezala definitu izana.

“Aurrekontua handitzea ez da gobernu-taldearen lanaren emaitza, Udalkutxaren hazkundearena baizik”, azaldu du Ainara Saez EAJko bozeramaileak. “Diru-sarrera guztien % 61 transferentzia horren menpe daude. Ez dago euro bakar bat ere Europako funtsetakoa, ez hitzarmenik, ez finantzaketa-lerro berririk. Horrela, Arrigorriagak ezingo du inoiz proiektu handiei ekin”.

Kiroldegi berria diseinatzeko proiektuaren testuinguruan, jeltzaleek “benetako proiekturik ez dagoela” salatu dute: “80.000€ bakarrik kantxak birmoldatzeko proiektu baterako dira. Ez faserik, ez obra-planik, ez memoria ekonomikorik, ez urte anitzeko finantzaketarik. Ez dago kiroldegi berrirako proiekturik. Existitzen den bakarra, eslogan bat da”.

Eskolako patio inklusiboari dagokionez, 2024ko gerakinarekin kontura gauzatu behar zen proiektua dela gehitu du Saezek: “Hori egin ez denez, 400.000 euro blokeatu dira orain, premiazko beste behar batzuei erantzutea eragozten dutenak, hala nola Labarketako irisgarritasunari”, eta EAJ aldertditik obra hori uda bitan faseatzea proposatu du “2026an baliabideak askatzeko, proiektuari uko egin gabe”.

Segurtasunaren alorrean, udal gobernuak partida % 36 murriztu duela azaldu dute oposiziotik: “Euskadin segurtasunik ezari buruzko kezka handitzen ari den testuinguru batean, Arrigorriagako udaltzainek segurtasun-gabeziako giroagatik babes gabezia salatu duten une honetan”.

EAJren zuzenketak

EAJk “hutsuneak” ikusi ditu ere gardentasunaren, zorroztasun faltan eta negozioatzeko borondatean eta zortzi zuzenketa aurkeztu ditu: “Aurkeztutako proposamenek 570.000 euroko balioa dute, eta alderdi jeltzaleak Erregistroan aurkeztutako proposamenean zehaztu du zenbateko hori nondik atera daitekeen beste partida batzuk egokituz gero”. Partida horrekin honako zuzenketak aurkeztu ditu:

– Pedro Muro eta Osasuna eta Higienea lotzeko irisgarritasun-azterlana
– Abusuko Zentro Soziokulturaleko instalazioak eta altzariak berritzea
– Kubo auzoa hirigunearekin lotuko duen pasabide estali berri baten azterketa, egungoa ordezkatuz.
– Tokiko merkataritza bultzatzea
– Hiri-altzariak, asfaltatzea eta bide-seinaleak hobetzea
– Auzo batzuetako argiztapena hobetzea
– Hiriguneko Tailer Etxea eta Tailer Etxearen eta Emakumeen Topalekuaren irisgarritasuna hobetzeko estudioa konpontzea.
– Ollargan eta Abusu lotzen dituen pasabide estali berri baterako azterlana, egungoa ordezkatuz

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Kepa Larrea idazleak maitasuna, diktadura eta paisaia galduak lotu ditu bere ‘Zubia’ eleberri berrian

Hego Uribeko herriek, kaleek, basoek eta mendiek protagonismo berezia dute eleberri osoan zehar: “Bolintxu”, “Izartza”, “Arguia” edo “Lapurzuloa” dira kapituloetako batzuen izenburua, hurrenez hurrenez

|

Kepa Larrea, erdian, "Zubia" liburuaren aurkezpenean // Geuria

Atzo Kepa Larrea idazleak -basauriarra jaiotzez baina Arrigorriagan 35 urte daramatzana-, bere azken lana aurkeztu zuen, “Zubia” izenekoa. Oraingo honetan, eleberriaren aldeko apustua egin du Larreak, ohikoa duen ikerketa historiko sakona albo batera utzi gabe.

Kepa Larrea (Basauri, 1956) Euskal Filologian lizentziaduna eta Historian doktorea da. Delineatzaile, administrari eta itzultzaile lanetan aritu ondoren, EHUko irakasle gisa ibilbide luzea egin du. Ezaguna da, batez ere, bere saiakera historikoengatik, hala nola: Mina edo libertatea! (2017), Xabier Mina gerrilari nafarraren ingurukoa, edo Antilletan galdurik (2023).

Maitasuna, diktadura eta paisaia galduak, eleberriaren oinarri

“Zubia” eleberria  1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da, egileak berak azaldutakoaren arabera: “asko eta asko txikitan entzundako kontuak dira; helduek ahotsa apaldu eta xuxurla batean hitz egiten zutenean horrek gure arreta pizten zuen, eta adi entzuten genituen kontu haiek”.

Kontakizuna “hiru pertsonen arteko amodio istorio” batean oinarritzen den arren, errealitate historikoa eta fikzioa txirikordatzen doaz etengabe, iragana eta oraina lotuz.

Irakurketa erraztearren, bi koloretan banatu dituzte kapituluak, eta kapitulo gehienak “dagoeneko desagertuta dauden paisaietan oinarritzen dira”. Zentzu horretan, bai Larreak eta bai hitzaurrea egin zuen Jesus Etxezarragak “paisaia liburuaren beste pertsonaia bat gehiago” dela nabarmendu zuten, “Jone edo Ganix protagonisten pare”.

Zentzu horretan, Hego Uribeko herriek, kaleek, basoek eta mendiek protagonismo berezia dute eleberri osoan zehar: “Bolintxu”, “Izartza”, “Arguia” edo “Lapurzuloa” dira kapituloetako batzuen izenburua, hurrenez hurrenez.

“Desagertu den paisaia batetaz ere hitz egiten du liburuak, hobe esanda, desagerrarazi duten paisaia batetaz. Dagoeneko existitzen ez diren baserriak, basoak, bideak… berreskuratu ditut liburu honetarako, nire belaunaldikoon haurtzaroaren parte izan zirenak”. Horren ordez dena “errepidez, harrobiz eta basoei nortasuna lapurtu dietene pinu tristeez” bete dutela gaitzetsi zuen Larreak.

Liburuaren laburpen moduan, zera dio kontrazalak: “1937ko ekainaren 19ko goizaldean, soldadu frankistak Bilbon sartu baino ordu gutxi batzuk lehenago, gudari gazte batek, Ganixek, ez daki zer egin: beste gudari askorekin batera hirian geratu eta bere burua entregatu ala Bilbo inguruko mendietan zelatan dauden karlisten setioa hautsi eta Euzko Gudarostearekin bat egin, horiek Kantabria aldera atzera bildu baitira. Hogeita bost urte geroago, neska gazte bat, Jone, bere familiaren isiltasuna hausten saiatzen da, gerraren ondorioz etxean ezkutatu eta bere buruari egiten dizkion galderen erantzunen bila. Gertaera bi horiek behialako zubi batek lotuko ditu. Eleberriaren izenburuak berak iradokitzen duen bezala, lan honek iragana eta oraina lotzen dituen zubi lana egin nahi du, memoriari eta zaurien itxierari ekarpena eginez”.

Kepa Larrearen liburu berria eskuragarri dago dagoeneko, eta Durangoko azokan ere egongo da salgai.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Jardueraz betetako egitaraua prestatu dute Arrigorriagan, Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan

Udalak ipuin kontalariak, Jon Maiaren ‘Desde Extremadura al euskera’ hitzaldia, komedia gaua eta bertso saioa antolatu ditu abenduaren 14a bitartean

|

Abenduaren 14ra bitartean jardueraz betetako programa osatu du Arrigorriagako Udalak, euskararen presentzia eta erabilera udalerrian bultzatzeko helburuarekin: “Euskararen eguna abenduaren 3an izango den arren, jarduerak lehenago hasiko dira, azaroaren 28an, eta abenduaren erdialdera arte luzatuko dira, herritar guztien gustuko eskaintza bermatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.

Azaroare 28an, ostiral honetan, Eñaut Elorrietaren kontzertua eta haurrentzako Begizur antzezlana prestatu dute. Abendura begira, ipuin kontalariak, hitzaldiak, komedia gaua eta ‘Ez da kasualidadea’ izeneko bertso-saioa prestatu dute eta Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra eta Uxue Alberdi bertsolariak Lonbo aretoan izango dira.

Ekitaldi guztiak herrigunean zein Abusun antolatu dituzte.”Ekitaldi nagusiez gain, eskolako eta institutuko ikasleentzako propio diseinatutako egitarau paraleloa ere antolatu dituzte. Besteak beste, La Basu eta La Pulga musikariekin elkarrizketa musikatua egingo dute, ipuin kontalariak, antzerkiak eta bertso emanaldiak izango dira”.

“Arrigorriaga euskaldunagoa nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa da herritarrok euskaraz hitz egiteko ohitura bereganatzea”, azaldu du Gorka Etxebarria Euskara zinegotziak. “Udal Gobernutik udal euskaltegia dugu, diru-laguntzak eskaintzen dizkiegu talde eta elkarteei, bekak ditugu euskara ikasteko edota lanean dihardugu hizkuntza-paisaiaren normalizazioaren alde. Baina ahalegin horri erantzuteko, herritarrak animatu nahi ditugu euskaraz hitz egitera, lotsarik, beldurrik eta konplexurik gabe”. Horregatik, herritar guztiak animatu nahi dituzte Euskararen Nazioarteko Egunean antolatutako ekintzetan parte hartzera.

Egitaraua | Euskararen Eguna Arrigorriagan 2025

AZAROAK 28, ostirala
‘BEGIZUR’ ANTZEZLANA
12.30 Abusu Zentro Soziokulturala
EÑAUT ELORRIETA
20:00 Magdalena eliza

ABENDUAK 1, astelehena
‘KUKU MUKU’
Eskolako umeentzako egitaraua

ABENDUAK 2, asteartea
‘ETXEAN OTSO, KALEAN USO’
Eskolako umeentzako egitaraua
Lonbo Aretoa

ABENDUAK 3, asteazkena
TXAPELDUNAK
Eskolako umeentzako egitaraua
Lonbo Aretoa

ROSA MARTINEZ IPUIN KONTALARIA
17:15 Edurne Garitazelaia
‘HITZAK ZAPIAN’ IKUSKIZUNA
18:00 Udaletxeko plaza

ABENDUAK 4, osteguna
BERTSO-JASA
Eskolako umeentzako egitaraua
Lonbo Aretoa

‘DESDE EXTREMADURA AL EUSKERA’
19:00 Abusu Zentro Soziokulturala

ABENDUAK 5, ostirala
EZER EZ
Eskolako umeentzako egitaraua
Lonbo Aretoa

ABENDUAK 12, ostirala
KOMEDIA GAUA
20:00 Lonbo aretoa

ABENDUAK 13, larunbata
‘SCROOGE ETA MAMUAK’
18:30 Lonbo aretoa

ABENDUAK 14, igandea
‘EZ DA KASUALIDADEA’ BERTSO SAIOA
19:00 Lonbo aretoa

Osorik irakurri