Sareak

☉ Basauri

Beñat Gonzalez: «Twitch plataforma telebista baino askoz aberatsagoa eta askeagoa da»

‘El Conquistador del Caribe’ saioa komentatzeko streamingak egiten ditu Twitchen Beñat Gonzalezek. Conquisporra arrakastatsua jarriko du martxan hirugarren urtez

|

Beñat Gonzalez Sarria, streamerra // Utzitakoa

Duela hiru urte hasi zen Beñat Gonzalez Sarria (Basauri, 1992) Twitch plataforman streamingak egiten. ‘El Conquistador del Caribe’ saioa (ETB2) komentatzen du astero, asteartetan, dozenaka ikusleren aurrean. Plataformak eskaintzen duen txataren bitartez denen artean hitz egiten dute abentura reality-an gertatutakoaz. Basauriarrarekin berba egin dugu.

‘El Conquistador del Caribe’ saioa berriro hasi da ETB2n eta horrekin streamingak egiten hasi zara beste behin. Bai. Egia esan oso gogotsu hasi naiz. Hasieran indar eta motibazio handia duzu beti. Zaila izaten da gogo hori hasieran bezala mantentzea, baina momentuz oso pozik nago. Aurtengo harrera iazkoa baino handiagoa izatea espero dut; horrek asko laguntzen du, hasieran batez ere.

Noiz hasi zinen streamingak egiten? Nire lehenengo zuzenekoa 2021. urtean izan zen. Pandemiaren garairik gogorrena pasata zegoen, baina oraindik egoera ez zen ona eta lagunekin batzeko oraindik eragozpen handiak zeuden. Betidanik ikusi izan dut ‘Conquis’a lagunekin batera, baina une hartan hori egitea ezinezkoa zenez, lagun batek zuzenekoa egitea proposatu zidan eta horrela egin nuen. Nire lehenengo streaming-a nire mugikorrarekin egin nuen eta gertuko lagunek bakarrik ikusi zuten. Orain egoera zeharo aldatu da.

Asteartero komentatzen du ‘El Conquistador del Caribe’ saioa Twitchen // Geuria

Twitch plataforman egiten dituzu zuzenekoak. Inoiz ez dut erabili Instagram, Tik Tok edo antzerako sare sozialik. Youtube erabiltzen dut nagusiki eta bertan Twitch-eko zuzeneko askoren laburpenak ikusteko aukera dago. Beraz, zuzenekoen mundu honetako erreferentzia bakartzat nuen Twitch plataforma. Horrez gain, plataforma honetako edukia gustuko dut. Egia da plataforma honetako eduki gehienak bideo-jokoetan oinarrituta daudela, baina beste material interesgarri mordoa ere badago bertan.

Zer behar du pertsona batek streamer on bat izateko? Streamerra izateko ez da titulu edo esperientzia berezirik behar. Edonork egin dezake eta horrek egiten du mundu hau hain aberats eta interesgarri. Hala ere, gogo ona izatea eta transmititzea ezinbestekoa da. Stream ona edo txarra izatea oso subjektiboa da. Nire ustez, streamerren izaera da ikusleak bilatzen duena, beraz, norbera naturaltasunez aritzea da gomendagarriena. Ikuslegoarekin txat edo beste kanal batzuen bidez feedback-a sortzea ere ezinbestekoa da, horrela zuzenekoaren parte sentiarazten dituzulako.

Zelako lana eskatzen du streaming on bat egiteak? Kalitatezko streaming bat egiteko ez dago dekalogo zehatzik. Egia da erabiltzen duzun materialaren kalitatea lagungarria izan daitekeela, baina aipatu bezala, mugikor batekin ere streaming on bat egin daiteke. Hala ere, itxura, audioa, argitasuna, gidoia eta horrelako aspektu desberdinak zaintzea garrantzitsua da, ikuslegoak haiekiko duzun ardura eta konpromisoa sentitzeko. Nik bakarrik egiten dut guztia nire zuzenekoetan. Momentuz ondo moldatzen naiz eta gauza berri asko ikasteko aukera ematen dit horrek.

Ezertan trebatu behar izan duzu zuzenekoak egiteko ala egunerokoan ikasten duzu? Nire kasuan, honekin hasi baino lehen banituen honen inguruko oinarrizko ezagutza apur batzuk. Hala ere, tutorial ugari ikusi behar izan dut dena ondo menperatzeko. Batzuetan, arazoak sortzen dira espero ez duzunean eta azkar konpontzeko saiakuntza- eta errakuntza-metodoa erabili behar izan dut noizbait. Dena den, mundu honetan etengabeko ikasketa derrigorrezkoa da. Gaur egun nahiko ondo menperatzen dut dena baina hobetzeko aukera handia dago.

Ikusle fidelak izango dituzu. Adin eta gustu desberdinetako ikusleak ditut. Guztiek komunean duten gauza bakarra da ‘Conquis’eko jarraitzaileak direla. Nire ikuslegoaren proportzio handia finkoa da. Gehienak beti errepikatu eta asteartero zain daude zuzenekoa noiz hasiko. Baina astero ikusle berriak ere sartzen dira, bai ezagun batek gomendatuta bai plataformaren bidez aurkitu nautelako. Azken datu hauek, streamer bakoitzak plataforman kontsultatu ditzake.

Adinari dagokionez, Twitchen jende gazteagoa egon liteke eta telebistan ‘El Conquis’ ikusten adin askotakoak. Uste duzu horrek talka egin dezakeela eskema tradizionalarekin? Egia da nagusiagoak diren ikusleek arazoak izan ditzaketela teknologia edo programa berriekin, baina beti dago seme-alabaren bat edo familiako baten bat laguntza emateko prest. Horrela, adin arteko traba guztiak gainditzen dira. Telebista piztu eta ikustea baino errazagorik ez dago, baina sare sozialetan ematen ari diren mugimendu desberdinak telebista baino askoz aberatsagoak eta askeagoak dira eta ikuslegoak asko eskertzen du hori.

Zein da publikoarengandik jasotzen duzun feedbacka? Oso zorionekoa naiz, egia esan. Nire ikuslegoa bikaina da! Oso komentario positiboak jasotzen ditut burutzen dudan lanari buruz eta etengabe gomendatzen dute nire kanala. Mundu birtualetik kanpo, bizitza errealean ere feedback ezin hobea jasotzen dut eta horrek jarraitzeko indarra ematen dit. Baloratua sentitzen naiz eta oso eskertuta nago.

Aurreko edizioetako partaideak —eta aurtengo ediziokoak— ere ikusle dituzu. Hala da. Partaide ohiekin dudan harremana oso ona da. Izan ere, haiek ere reality-aren jarraitzeak izaten jarraitzen dute. Niretzat oso aberasgarria da, nire ikusleen zalantza asko erantzuten dituztelako. Egoera askoren inguruko ikuspuntua ere ematen dute eta horrek hausnarketa eta analisi hobe bat egitera garamatza askotan ikusleok. Twitchetik kanpo ere harremana izaten dut noizbait eurekin eta oso ona izaten da.

‘Conquisporra’ jarri du berriro martxan Benuak // Geuria

Streamingen lehenengo urtetik porra bat antolatzen duzu. Guk ‘Conquisporra’ deitzen diogu eta hau ere kuadrillari zor diot. Kirol desberdinetako lehiaketa handiak daudenean porrak sortzen ditugu, apustu handirik egin gabe, eta Conquisaren kasuan berdin gertatu zen. Google Forms batekin formulario bat sortzen dugu. Googleek esteka bat sortzen du eta horrela errazagoa da jende gehiagorengana heltzea. Parte hartzeko helbide elektroniko bat izatea besterik ez da behar. Kasu honetan laguntza handia jasotzen dut nire kuadrillako bi lagunengandik, porraren diseinuan eta astero egiten dugun puntuen zenbaketan. Nik bakarrik ezingo nuke egin.

[‘Conquisporran’ parte hartzeko esteka amaituko da otsailaren 6an]

Urtetik urtera gero eta jende gehiagok hartzen du parte Conquisporra horretan. Aurten hirugarren aldiz egingo dugu porra. Lehenengo urtean 100 pertsona inguruk parte hartu zuten; bigarren urtean 250 inguruk; eta aurten marka hori gainditzea da helburua. Oso harrera ona du eta ikuslegoa astero dago sailkapen berria ikusteko zain. Urtero ematen zaio irabazleari saria eta sareetan erakusten dut partaideek jakin dezaten. Saria urtean zehar Twitchen lortutako diruarekin ordaintzen dut.

Dirurik irabazten duzu streamingak egitetik? Twitchen dirua egiteko hainbat bide daude: iragarkiak, donazioak, harpidetzak edota babesletza. Nire kasuan donazio eta harpidetzengatik soilik jasotzen dut dirua. Babesletza izateko ikusle kopuru handi bat izan behar da eta iragarkiek oso diru gutxi ematen dute. Dena batuta jasotzen dudan dirua ez da handia baina behar dudan materiala ordaintzeko erabiltzen dut. Nire helburua ez da sekula dirua irabaztea izan, egiten dudana gustura egitea baizik. Hala ere, lortzen den diru apur horrek asko laguntzen du eta momentuz dena berriro inbertitu dut.

‘El Conquistador’ saioko jarraitzaile zara aspalditik. Noizbait ikusi duzu zure burua reality-aren barruan? 11 urte nituenetik ikusi izan dut nire burua partaide bezala ‘El Conquis’en. Urteekin, heldutasunak eta errealitateak ilusio hori ahuldu egin dute. Hala ere, birritan aurkeztu naiz castingetara. Streamer bezala programarentzat lan egitea interesgarria izan litzateke. Programak duen freskotasun falta berreskuratzeko aukera bat izan daitekeela uste dut.

Azken urteetan kritika asko jaso ditu saioak: reality showa bilakatu dela eta abentura gutxiago ikusten dela. Kritikekin bat nator. Nire zuzenekoetan askotan hitz egin dugu gai horren inguruan eta, aztertutakoaren arabera, emititzen duten % 20 lehiaketa da eta beste % 80 elkarbizitza. Azken urteetan programak izan duen bilakaera zale gutxiri gustatu zaigu, baina datuek ez dute berdina adierazten. Formatu berriak hartu duen bideak urtero hobetzen ditu audientziak eta horrela ez dago atzera egiterik. Dena den, 19 urte pasa eta gero ezinbestekoa da garai berriek eskatzen dituzten egoeretara moldatzea.

☉ Basauri

Jainaga: “Israeli egindako altzairu salmentetan Sidenorrek irregulartasunik egin ez duela egiaztatu dugu”

Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak bere errugabetasuna defendatu du Espainiako Auzitegi Nagusian, eta adierazi du, “salmenta horiek egiteko unean ez zegoela mugarik Israelekiko merkataritza-harremanetan”

|

Jose Antonio Jaigana, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu ostean // Sidenor

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako presidenteak eta zuzendaritzako beste bi kidek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu dute gaur eguerdian, Israelgo IMI Systems (Israeli Military Industries) enpresari altzairua legez kanpo saltzea leporatuta.

Jainagak berak adierazi du Sidenorrek “ez duela inolako irregulartasunik egin” Israeli altzairua saltzean.

“Alde batetik, Sidenorrek fabrikatutako eta Israelera esportatutako altzairua ez dago administrazioaren kontrol berezia behar duten produktuen artean; horrela frogatu ahal izan dugu, ez bakarrik eskaini ditugun frogengatik, baita Espainiako Polizia Nazionalak epaileari bidali dion txostenagatik ere”, esan du Jainagak.

Bestetik, salmenta horiek egiteko unean Israelekiko merkataritza-harremanetan “mugarik ez zegoela” esan du Jainagak: “Are gehiago, entregak uztailean gelditu ziren, Sidenorrek berariaz hala erabakita, Espainiako gobernuak enbargoa agindu baino ia hiru hilabete lehenago”.

Azkenik, Sidenorreko presidenteak adierazi du ez zutela jakinarazpenik jaso Espainiako edo Europako agintarien aldetik, “herrialde horretarako altzairu-salmenten salbuespenezko mugei buruz”.

“Horrek guztiak babesten du, inolako zalantzarik gabe, Sidenorren jarduna beti egon dela legezkotasunik zorrotzenaren mende”, esan du Jainagak.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak gaur deklaratuko du Espainiako Auzitegi Nazionalean

Jainagari eta zuzendaritzako beste bi kideri kontrabando delitua egotzi diete, baita gizateriaren aurkako krimenetan konplize izatea ere

|

Jose Antonio Jainaga da Sidenor enpresako presidentea // Argazkia: Sidenor

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako presindetea eta zuzendaritzako beste bi kide Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu dituzte gaur.

Israelgo IMI Systems (Israeli Military Industries) enpresari altzairua legez kanpo saltzea leporatzen diete.

Alde batetik, kontrabando delitua egotzi diete, eta bestetik, gizateriaren aurkako krimenetan konplize izatea.

Francisco de Jorge Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak zabaldu zuen ikerketa, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz.

Eta, epaileak egindako ebazpen judizialaren arabera, Sidenorrek bazekien IMI enpresak armamentua fabrikatzen duela eta salmenta “Gobernuari jakinarazi gabe eta dagokion erregistroan inskribatu gabe” egin zela.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basozelaiko Ipuin Lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago azaroan zehar, Basaurin

Parte hartzeko epea zabalik dago azaroaren 30era arte. Ipuinak gehienez 300 hitzekoak izango dira eta euskaraz zein gazteleraz izan daitezke

|

Basozelaiko Ipuin Lehiaketako sari banaketa iaz // Geuria

Beat taldeak eta Gaztelu ikastetxeko guraso elkarteak, Elkarren eta Basauriko Udalaren laguntzarekin, martxan jarri dute beste urte batez Basozelaiko Ipuin Lehiaketa.

Aurtengoa zortzigarren edizioa da eta bi kategoria bereizi dituzte: 10 eta 17 urte bitartekoa, eta 18 urtetik gorakoa.

Ipuinak gehienez 300 hitzekoak izango dira eta hurrengo esaldia izan beharko du: “Suaren aurrean pentsatu nuen…”. Euskaraz zein gazteleraz bidali daitezke ipuinak.

Lehiaketa zabalik dago azaroaren 30era arte. Parte hartuko dutenek ipuina beattaldea@gmail.com helbide elektronikora bidali beharko dute, eta mezuan adina eta telefono zenbaki bat ere jarri beharko dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

MAZ Basaurik lepo bete du aurten Social Antzokia, “azken 5 urteetako salmenta zifra onenekin”

Leon Benavente eta Toundra taldeak ikusteko sarrera guztiak agortu zituzten eta Los Punsetes, Triangulo de Amor Bizarro eta Edgar Allan Pop taldeak ikusteko edukiera % 90 bete zuten

|

Leon Benavente, Triangulo de Amor Bizarro eta Social Antzokira bertaratu ziren ikus-entzuleak // MAZ Basauri

MAZ Basauri jaialdiak zifra onekin itxi du bere 13. edizioa. Izan ere, salmenta markarik onena lortu du 2021ean Social Antzokiko kontzertuak bi gauetara bildu zirenetik.

Azaroaren 7an, ostiralez, Leon Benavente eta Toundra taldeak ikusteko sarrera guztiak agortu ziren (700), hilabeteko aurrerapenaz eta astebete pasatxo salgai egon ondoren. MAZ Basauriko antolatzaileek adierazi dutenez, jaialdiko ‘sold out’ goiztiarrena lortu zuten.

Eta, larunbateko kontzertuei dagokienez, Los Punsetes, Triangulo de Amor Bizarro eta Edgar Allan Pop taldeak ikustera 630 lagun bertaratu ziren, “edukiera osoaren % 90a, sarrerak agortzetik oso hurbil geratuz”, diote.

Basozelaiko Zortziko plazan, karpa estali batean, programatutako kaleko doako ikuskizunetara 250 lagun joan zirela adierazi dute antolatzaileek, “asistentzia larunbat osoan zehar izandako euriak baldintzatu zuelarik”.

Social Antzokia bete zuten herritarrek // MAZ Basauri

Doako eskaintza larunbat eguerdian hasi zen, Txiki MAZekin, haurrei zuzendutako programazioarekin. Maialen Ibarra kantautore basauriarraren kontzertu akustikoa izan zen; ‘JM Brutal’ antzezlana ere bai, umorea eta giza eskubideen defentsa, bakezaletasuna edo integrazioa bezalako balioen aldarrikapena uztartu zituena; baita Reyes Torio eta Mr. Chase-en eskutik DJ ikastaro eta saioa ere. Arratsaldean, Ben Santana, Monday Potions eta Rubia taldeen kontzertuak izan ziren.

Emakumeak eta musikaren industria

Aurten, iaz bezala, hirugarren jardunaldi bat ere izan du MAZ Basauri jaialdiak bere 13. edizioan: azaroaren 6an, ostegunez, ‘Emakumeak eta industria musikala’ topaketaren bigarren edizioa antolatu zuten Rockeinek, MAZ Basaurik eta Marieneak elkarlanean.

La Furia artista nafarra, Ibone Iza BIME Proko edukien arduradun eta MIM elkarteko kidea, eta Maite Alaña MAZ Basauri eta Rockeineko zuzendaria izan ziren parte-hartzaileak, eta Emilia Arias kazetari eta idazleak (TVE, Pikara Magazine) gidatu zuen saioa.

Hainbat gai jorratu zituzten, hala nola, emakumeen egoera sektorean, euren ikusgarritasuna musika festibaletan, indarkeria, diskriminazioa, ezberdintasunak, klase-alborapena edo Basauriren tradizio feminista eta honek Rockein edo MAZ bezalako ekitaldietan duen isla.

Marieneak solasaldi osoa podcast formatuan argitaratuko du laster.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Cerberus putre-funtsak Basauriko bi bizilagun kaleratuko dituela salatu du Batu Elkarlaguntza Sareak

Azaroaren 13an “erresistentzia” egiteko deialdia luzatu du Batu Elkarlaguntza Sareak, Agirre Lehendakaria kaleko 82. zenbakian

|

Cerberus putre-funtsak Basauriko bi bizilagun kaleratuko dituela salatu du Batu Elkarlaguntza Sareak.

Azaroaren 13an, ostegunez, izango da Agirre Lehendakaria kaleko 82. zenbakian. Eta, Batuk, “erresistentzia” deitu du egun horretan 08:30ean, “auzokideen alde, guztiontzako etxebizitza baten alde”, dio Peio Molinuevo Batuko kideak.

Molinuevok GEURIAri azaldu dionez, arazo honen jatorria bost urte atzera kokatu behar da: “Bi herritar hauek ezagun baten bitartez heldu ziren etxebizitza horretara. Ahoz-ahoko kontratu bat egin zuten alokairua ordaintzeko, baina ohartu ziren handik bost hilabetera ezagun horrek ez zuela berririk ematen eta desagertu zela. Iruzur egin ziela konturatu ziren”, dio Molinuevok.

“Etxebizitza horren jabea nor zen jakin barik, bertan jarraitu zuten eta duela bi urte inguru epaitegietatik notifikazioa jaso zuten, jabetza hori Cerberusena zela esanez eta prozesu judiziala martxan jarriko zela eurak kaleratzeko”, azaldu du Molinuevok.

Epaiketa “euren burua defendatu ezinik” egin zela salatu dute Batuko ordezkariek, “ez baitzuten epaiketa horren berririk jaso”.

Batu, bitartekari

Batu Elkarlaguntza Sareak elkarrizketak izan ditu Solvia SL hiziezinen agentziko ordezkariekin: “Ezin izan dugu Cerberuseko ordezkariekin berba egin. Cerberusek kontratatu duen bitartekari-lanerako Solviako kideekin elkartu gara”.

“Eta gure eskakizunak mahaigaineratu dizkiegu: alde batetik, etxegabetzea bertan behera gelditzea, eta bestetik, bi herritar hauek alokairua ordaintzeko prest zeudela esatea”, dio Molinuevok, eta gaineratu du: “Baina, eurekin negoziatzea oso zaila da”.

Baturen helburua alokairu soziala da, eta proposamen hori helarazi diete hiziezinen agentziko kideei: “Hala ere, bi herritar hauek alokairu soziala ez den alokairu bat ordaintzeko prest daude. Hau da, gaur egungo errealitatera egokituago egon daitekeen alokairua ordaintzeko. Baina, euren erantzuna beti ezezkoa izan da, eta euren helburua da etxegabetzea gertatzea, eta horretarako behar den biolentzia erabiliko dutela”, salatu du Molinuevok.

Zentzu horretan, “erresistentzia” egiteko deialdia luzatuko dute Batuko kideek: azaroaren 13an, 08:30ean, Agirre Lehendakaria kaleko 82. zenbakian.

“Ez dugu onartuko gure eskualdean, gure herrietan eta gure auzoetan etxegabetzerik, eta are gutxiago, horrelako putre-funts espekulatzaileekin ari garenean”, adierazi du Molinuevok.

“Espekulazioa eta negozioa”

Cerberus putre-funtsak egoitza du Estatu Batuetan, eta Batutik salatu dutenez, “agente espekulatzailea” da: “Etxebizitza espekulazio hutsa den negozio bihurtu du, etxebizitza izateko eskubidea beste merkantzia batean eraldatu baitu. 2012tik, Cerberusek eta beste inbertsio-funts batzuek 400.000 etxebizitza baino gehiago erosi dituzte Estatu osoan, batez ere SAREBetik, diru publikoarekin erreskatatu zen bankutik”, diote Batuko ordezkariek.

“Hala eta guztiz ere, Gobernuak eta ondorengo etxebizitza-legeek ez dute egoera hori geldiaraztea lortu. Erakundeen arteko konplizitatea etengabea izan da, eta milaka etxegabetze gauzatzea eta alokairuak % 100etik gora handitzea ahalbidetu du. Horrek gehiegikerien eta bizitegi-prekarizazioaren arrasto sakona utzi du atzean”, diote.

Era berean, Cerberusen kasuan ate birakari kasu nabarmenak dituela salatu du Batuk: “Bereziki aipagarria da ate birakari deiturikoekin duen lotura, horien bidez irudi politikoek onura pertsonalak lortu baitituzte herritarren sufrimenduaren kontura. Jose Maria Aznarren semeak kargu exekutiboa du Cerberus funts putrean, eta Ana Botellak Cerberus kontratatu zuen, Blackstoneri 1.860 etxebizitza publiko saldu ondoren Madrilgo Udalean egon zen garaian”.

“Batu Etxebizitza Sindikatutik argi esaten dugu: gaur hemen gaude putre-funtseen aurka gure lagunen etxea defendatzen, baina antolatzen jarraituko dugu, ez dugu etsiko. Gure exijentziek eta borrokek gure herrian jarraituko dute. Basauriko etxe, auzo eta bizilagun bakoitzaren alde borrokatuko dugu, alokairu igoeren kontra, gure herrietatik kanporatzen gaituzten hirigintza proiektuen kontra”, diote.

Osorik irakurri