☉ Arrigorriaga
Andrea Meneses: «Ikusteko, egiteko eta izateko modu berrien bila gabiltzan artista digitalak gara»
Arrigorriagako artista digitalak PITCHIN mikroseriea eta WHABBIT ekitaldia aurkeztu ditu, sortzaileak eta teknologia berriak elkartzen dituen gunea. Bere eginkizuna: artearen eta zinemaren industria iraultzea

Bazen behin, La Villana izeneko jainkosa erdi elfo bat, multiversoaren errealitate paraleloan bizi zena. Lurreko betiko istorio berberak ikusteaz nekatuta, bi sorgin, txiletar bat eta euskaldun bat, elkartzea erabaki zuen istorio fantastikoak, dramedikoak eta frikiak konta zitzaten, baina batez ere, zineman emakumearen rolak hausten dituzten pertsonaiekin.
Bi sorgin hauek Gaby Cortes eta Andrea Meneses dira (Arrigorriaga, 1995), formatu laburra ahalik eta gehien ustiatuz estilo propioa garatu duten ekintzaile eta 3.0 sortzaileak. Haien lehen mikrotelesailarekin Bilbao Seriesland 2021 jaialdian Euskal Telesail Onenaren saria irabazi ondoren, teknologia berriak arakatu eta arrigorriagarrak GEURIArekin elkartu dira martxan dituzten proiektu berritzaileei buruz hitz egiteko.
Nola jaio zen La Villana?
La Villana pixka bat galduta sentitzetik jaio zen. Ni antzerki musikala ikasten ari nintzen Madrilen, eta pandemia igaro ondoren uste dut denok izan genuela etapa introspektibo bat, benetan nahi genuena bilatzen saiatzeko. Garai hartan, aktore gisa trebatzen ari nintzen eta konturatu nintzen oso mundu indibidualista zela. Oso hotza. Eta ez zitzaidan interesatzen beste pertsona batzuentzat lan egitea egiten zen moduan; hau da, managerra bilatzea, castingak prestatzea… Orduan, Gaby Cortés ezagutu nuen.
Masterra nirekin ikasten zuen eta oso antzeko ikuspegia genuela ohartu ginen. Ez bakarrik artistikoa, baita bizitzarena ere. Azken finean, ekintzaileak izatean datza, zuk duzun gogo eta kezka bereko jendea aurkitzean, eta sufritzeko prest egotea zeure espazio propioa eraikitzera arriskatzeko. Unibertsitatearen laguntzarekin grabatu genuen lehen lana izan zen ‘Casa de Ma’-tik konturatu ginen oso ondo egiten genuela lan elkarrekin.

Argazkia: Andrea Meneses
Oso talde polita eta ona osatu genuen, eta orduan aurkitu genuen gure potentziala. Une horretatik aurrera, La Villana pixkanaka garatzen joan da egiten ari garen gauzen bidez eta, batez ere, harekin bat egiten duten pertsonen bitartez. Izan ere, La Villana ez gara gu biok bakarrik, proiektuak aurrera ateratzeko lanean ari den sortzaileen komunitate oso bat baizik.
Lantalde bikaina sortu da La Villana osatzen daramagun hiru urte hauetan, talentu handiko pertsonekin eta ikuspuntu oso interesgarri eta berritzaileekin ikus-entzunezko ekoizpena eta ekoizpen artistikoa une honetan izango litzatekeenari buruz. Istorio desberdinak sortzen ari dira, eta hori da guk nabarmendu nahi duguna. Urrundu daitezela zineman emakumearengandik espero denetik. Gure nitxoa terrorea, frikia edo superheroiak dira, esaterako; maskulinotasunari lotu izan zaion zati hori guztia.
Txikia nintzenean ez nuen inoiz Marvel ikusi, eta orain, aldiz, asko gustatzen zait. Hori nagusi egin naizenean aurkitu ahal izan dut. Genero roletatik aldendu eta maskulinotasunaren eta feminitatearen artean ustez dagoen muga hori ezabatzeko aukera izan dudanean. Zinema mota hau gustatzen zaigu, bizarroa, eta horrelako istorioak kontatu nahi ditugu, nahiz eta tradizionalki emakumeei lotuta ez egon. Gainera, publikoa askotarikoa denez, ez gaitu beldurtzen. Uste dugu ahots femenino gehiago behar direla diskurtso honekin.
‘Casa de Ma’-rekin mikrotelesailen mundua aztertzen hasi zineten. Egungo kontsumo-ohiturek horrelako formatuen alde egiten dute?
Guretzat ‘Casa de Ma’, obarioak bere tokian ondo jarrita dituzten superheroi inperfektuen websaila, jolasa eta esperimentazioa izan zen. Unibertsitatearekin dirua lortu, gure poltsikoetatik jartzeaz gain, eta oso gutxirekin interesgarri den telesail bat ekoiztu genuen. Une hartan kezkatzen gintuzten hainbat gauza aztertzen saiatu ginen, nora jo nahi genuen jakiteko. Genero eta pertsonaia desberdinak probatu genituen, zuzendari eta gidoilari gisa nola jarduten genuen ikusi… Eta istorio berean istorio desberdin asko sortu genituen. Orduan hasi ginen formatua ere ulertzen.

Argazkia: Andrea Meneses
Filmatzeari ekin genion eta formatu laburrean ondo moldatzen ginela ikusi genuen. Websailekin topo egin genuen, baina orain 2.0a (sare sozialekin, YouTuberekin eta abarrekin) zaharkituta geratzen ari da, eta, web terminotik aldenduz -orain dena web delako- mikrotelesailetara pasa gara. Jendeak gauza arinak ikusi nahi ditu, unean uneko gailuak eskura dituelako eta oso azkar aspertzen delako. Gutxik ikusten dute 50 minutuko kapitulu sorta bat. 10-20 minutuko telesailek askoz gehiago funtzionatzen dute, eta guk hortik jo nahi dugu, hori baita entretenigarria iruditzen zaiguna.
Halaber, aurrekontu txikiagoa eskatzen dute, eta ekoiztetxe independente batek ezin die aurre egin kapitulu pilotu bat egiteak dakartzan kostuei. Oso garrantzitsua da berritzea eta kontatzeko modu desberdinak arakatzen jarraitzea. Kontsumoa asko aldatu da azken urteetan, eta ikusten ari gara jendeak berehalakotasuna eta originaltasuna behar dituela eduki horiek guztiak jasotzeko.
Aurten ‘PITCHIN’ aurkezten ari zarete, salmenta-pitch bat sortzeko modua berrasmatuz.
‘Cómo Grinchi y La Sra. Claus ensangrentaron la navidad’ telesaila landu dugu eta hainbat jaialditara eraman genuen. Benetako gertaera batean oinarritutako istorioa da, bere erasotzailearekin 20 urte geroago topo egiten duen emakume bati buruzkoa.

Argazkia: Andrea Meneses
Eguberri gauean bera akabatzea erabakitzen du eta, komiki ilustratzaile zapuztua den taxilari batek, andrea odolez blaitutako zaku batekin aurkitzean, bere istorioa kontatzen lagunduko dio. Pitch asko egin genituen ideia aurkezteko, finantzaketa bilatzeko eta ekoizleak aurkitzeko, baina konturatu ginen oso zaila zela eta, zoritxarrez, industria honetan gutxi batzuek baino ezin dutela hori guztia lortu.
Zati bat lana da, baina bestea zortea. Guk ez genuen zortearen esku utzi nahi eta lanari ekitea erabaki genuen. Zain egoteaz nekatuta dagoen belaunaldi batetik gatoz. Egin nahi dugu. Eta orain egin. Nola edo hala. Orduan, telesail handiaren salmenta gisa balioko zuen zerbait asmatzea erabaki genuen.
Gogoan dut jaialdietan esaten zigutela oso onak ginela pitching-ak egiten. Orduan, ikus-entzunezko formatuan pitch bat egitea pentsatu genuen. Gurea mikrotelesailak dira, beraz, zergatik ez egin makrotelesailaren mikrotelesail bat, film laburretik film luzera existitzen den moduan? Oso ideia ona dela uste dugu, diru gutxirekin egiten ari garena erakutsi dezakegulako.
‘PITCHIN’ek telesail bat saltzen saiatzen ari diren bi egileri buruz hitz egiten du (kasu honetan, ‘Cómo Grinchi y La Sra. Claus ensangrentaron la navidad’), eta industriaren panoramarekin topo egiten dute, haien ideia aldaketa pila baten mende jarri nahi duena. Bi aukera dituzte: ideia saldu edo kaxoi batean gorde. Orduan, telesaileko pertsonaiak agertzen hasten zaizkie ezetz esan behar dutela erakusteko.
Errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak lausotzen dira, autobiografia bat delako baina fantasia askorekin. Berez, La Villanari lotutako adierazpen artistiko bat da: nola lan egin nahi dugun, norekin, zein estilorekin, zein baliorekin…
Momentu honetan proiektua ekoizpen-fasean dago. Zati bat filmatu dugu eta orain finantziazio pixka bat gehiago behar dugu jarraitu ahal izateko. Horixe dute ekoizpen independenteek, kar, kar! Prest dagoenean salmenta-fasean sartuko gara eta banaketaz Flixxo arduratuko da, ekoiztetxe argentinarra eta mikrotelesailen plataforma dena. Une horretan hasiko gara plataforma handiekin solasean ere.

Argazkia: Andrea Meneses
Oso pozik gaude datorren guztiagatik, ondo funtzionatuko duela uste baitugu. Iberseries eta Ventana Sur-en aurkeztu dugu dagoeneko, Iberoamerikako eta Argentinako telesailen merkatuetan, eta nabaritu dugu harrera ona izaten ari dela. Erakarri egiten duela. Halere, gure helburu nagusia makrotelesaila filmatzea da. Ez dakigu nola joango den. Los Javis-ek aipatutako “egin, eta gero ikusiko dugu” filosofiari lotzen gatzaizkio. Gure ideia jarraitzea da eta, batez ere, atzean dauden pertsona guztien lana ikusaraztea.
Frustrazioa, beldurra eta osasun mentala dira landu dituzuen gaietako batzuk. Kristalezko belaunaldiaren isla dela esango zenuke?
Egun ‘Kristalezko belaunaldia’ deritzonaren aurrean gaude. Oso azkar nekatzen dena. Itxaroten ez duena. Sare sozialen seme-alabak gara eta aurrerapen teknologiko handiko garai honetan hazi gara. Baina uste dut nekatuta gaudela gauza bera ikusteaz. Plataforma handiek ezarritako patroiaz. Hau da, gauzak egiteko txantiloi bat balego bezala.
Horren aurrean, beste txantiloi batzuk bilatzen ari gara. Aske izateko beste modu batzuk. Abangoardia guztietan bezala. Eta gertatzen ari denaz hitz egin behar da. Artista gisa bizimodua bilatzen saiatzen ari diren eta ezin duten egileen frustrazio izugarria islatzen du telesail honek. Baina baietz esango nuke, belaunaldi frustratu oso baten isla ere badela.
Oso zaila da oraintxe bertan psikologoarenera joaten ez den pertsona bat aurkitzea, antsietaterik ez duena, depresioa… Ez dugu begirada zalantzazko etorkizun batean jarri nahi. “Denbora erlatiboa dela esaera bat da edo beti izan da horrela?”. ‘PITCHIN’eko pertsonaietako batek dioen esaldia da, denboraren abiadurak benetan kezkatzen gaituelako. Atzo meme batez barre egiten genuen. Gaur beste batez. Iaz metaversoaz hitz egiten genuen. Orain adimen artifizialaz.
Aro digitalean argiaren abiaduran mugitzen gara eta prozesu luzeek kezkatzen gaituzte. Proiektu bat eraikitzen saiatzen zarenetik argia ikusi arte lau urte pasatzen dira. Eta lau urte orain denbora asko da. Krisi sozial bat dago osasun mentalari dagokionez, eta horrek ez digu uzten orainean zentratzen. Denbora astuna da. Atzetik dator. Eta tik-tak soinua etengabe entzuten da, batez ere sorkuntza arloan. Edukiak orain atera edo iraungi egiten dira. Lehen ez zuen hainbeste axola, baina orain prozesuak askoz azkarragoak izatea eskatzen dute. Eta gure denborak ere badu balio bat, gutxitan saritzen dena.
Gainera, bai Gabik eta bai zuk protagonisten papera interpretatzen duzue. Nola bizi izan duzu esperientzia aktore gisa?
Egileen eta Grinchi zein Clausen larruetan jartzea oso erraza eta, aldi berean, oso zaila izan da. Erraza, gugandik hain gertu daudenez oso ondo ezagutzen ditugulako, baina zaila, gaizki egon garen uneekin berriz konektatu behar izan dugulako. Gogoratu eta, batez ere, hain modu ahulean erakutsi. Baina horretarako gogoa genuen.

Argazkia: Andrea Meneses
Protagonisten papera hartzea erabaki genuen, gure errealitatea islatu nahi badugu guk bakarrik egin dezakegula pentsatzen dugulako. Bai ‘Cómo Grinchi y La Sra. Claus ensangrentaron la navidad’-en eta bai ‘PITCHIN’-en gertatzen den guztia gure eta gure ingurukoen memorietan oinarritzen da, beraz, hain istorio hurbilak izanik, egokiena zela pentsatu genuen.
Prozesua, oro har, luzea izan da, proiektu osoa goitik behera koordinatu behar izan dugulako, eta estres handiko uneak sortzen dira horrek dakarren erantzukizunagatik. Baina taldeak hori guztia erraztu egin digu,z une oro gurekin egon baita.
La Villanak bultzatutako proiektua izan arren, ‘PITCHIN’ sorkuntza kolektiboa da. Zein izan da zuen lan-metodologia?
Showrunnerrak izateak proiektuaren ikuspegi globala izatea ahalbidetu digu. Gidoia idatzi dugu, ideia sortzailearen gainean gaude eta eskuz esku lan egin dugu lantalde osoarekin, ekoizpenaren zuzendaritzaz arduratzearekin batera. Baina bere berezitasuna da 150 sortzaile baino gehiago elkartu garela istorio bera sortzeko.

Argazkia: Andrea Meneses
Kapitulu bakoitza talde-sortzaile desberdin batek zuzentzea erabaki genuen. Gu lehenengoarekin abiatu ginen, hasiera emanez. Sinestezina izan da hainbeste pertsonarekin lan egitea, ideia transmititzea, proiektua bere egiten zutela ikustea eta benetan ulertzea industria honetan gure lekua aurkitzen saiatzen ari garen sortzaileen komunitate izugarria garela.
Talde osoari proiektuaren ikuspegia helarazteko, pelikulen, koadroen eta liburuen erreferentziak nahiz adimen artifiziala bezalako tresnekin egindako sorkuntza berriak erabili genituen. Kapitulu bakoitza dosierraren atal bat izan da: proiekturako sarrera, generoa, sinopsia, egitura, aurrekontua eta egileak. Bakoitza pertsonaia baten bizitzan oinarrituta dago, eta berak eramaten ditu protagonistak pasarte horren testuingurua ulertzera. Adibidez, sinopsian, gai frikia duenez, pertsonaietako baten komiki-dendara joaten gara, eta telesailaren laburpena animazio formatuan erakusten digu.
Esan dezakegu atal bakoitzak asko duela bere pertsonaiatik eta asko bere egilearengandik. Estilo nahasketa handia dago eta zuzendari bakoitzak bere ukitu pertsonala eman dio, istorioa aberastuz. ‘PITCHIN’ekin nahi izan duguna da artista-belaunaldi baten benetako erakusle izatea, artean ekitea oso zaila delako eta bakarrik bagaude ia ezinezkoa delako ikusgarritasuna izatea. Lan egin duten guztiek doan egin dute, eta, horretarako, proiektuan sinesten duen jendea aurkitu behar da.
Garrantzitsua da inguruan komunitate bat izatea eta finantzaketa-eredu alternatiboak aurkitzea. Crowdfunding-a egiteaz gain –izugarrizko arrakasta izan zuena–, funtsezkoa izan da Flixxok eta TAI unibertsitateak emandako babesa.
Orain Buenos Airesen zaudete eta sortzaileen eta teknologia berrien arteko topagunea antolatu duzue: WHABBIT. Nola garatu da ekitaldia?
WHABBITen hirugarren edizioa da eta oraindik ere ikaragarria da ikustea artista ugari gaudela ildo tradizionaletik atera nahian. Ikusteko, egiteko eta izateko modu berrien bila, hain zuzen. Egoera horren aurrean, solasaldirako gune baten beharra ikusi genuen, nomada digital horiek sinergiak sor ditzaten eta espazio libreagoak dituen sare bat sor dezaten, oraindik garapenean dagoen ekosistema delako. Orduan, WHABBIT eraiki genuen, sortzaile digitalentzako gune bat, artisten eta plataforma eta industria teknologiko eta kultural berrien arteko zubi gisa balio duena.

Argazkia: Andrea Meneses
Teknologia berriei esker, elkarrekin sortzeko beste unibertso eta modu batzuk aztertzen ari gara, eta hori da helburua, esperientziaz gozatu ahal izatea. Sare digitala ulertzeko eta tresnak emateko workshop-ak ditugu (komunikatzeko, IArekin lan egiteko, artea web3-an magnetizatzeko, blockchainean hezteko…), eztabaida panelak (gaur egun egiten ari denari buruz mintzatzeko), esperientzia artistikoak, bai zuzenean, bai sarean.
Argentinan antolatzen dugun bigarren aldia da eta arrakasta handia izan du. Egia da hemen nitxo bat dagoela; izan ere, biztanleriaren zati bat teknologia horretaz baliatzen ari da, ekonomia mailan funtzionatzen ari ez den herrialdea delako eta beste konponbide bat bilatzen saiatzen ari direlako. Aldaketa oro premia batetik dator.
Europan egoera askoz egonkorragoa da eta aukera gutxiago bilatzen dira, horregatik uste dut atzeratuago goazela. Hala ere, teknologiari dagokionez, beti izan gara nahiko aitzindariak, eta, beraz, uste dut ez gaudela teknologia hauekiko uzkur, baina Latinoamerikan baino askoz ere bide luzeagoa geratzen da.
Kasu argi bat Arrigorriagako Umorea Labur jaialdia da. Iaz WHABBITen edizio txiki bat egin ahal izan genuen honetaz guztiaz hitz egiteko eta jendea jakin-minez agertu zen, guretzat garrantzitsuena dena. Gainera, Euskal Herriaren alde ona da beti izan dugula kide izatearen sentimendua, eta hori da komunitateek dutena eta kuriositatea pizten duena. “Izan zaitez bitxia eta ez izan aurreiritzirik”. Hortik hasten da iraultza.
Zer datorren esploratzea eta ulertzen saiatzea, zerbait negatibo gisa ikusi gabe. Izutu dezakeela, baina lagundu ere bai. Kontua da aldaketaren gurpilera igotzea ala ez. Guk, noski, nahi dugula. Eta euskaldunok, kulturari dagokionez, badugu bide bat nahiko egina. Horregatik asko gustatuko litzaiguke WHABBIT x Bilbo egitea, abangoardian dagoen hiria baita, kultura eta teknologia biltzen duena, eta interesgarria litzateke Madrilen eta, batez ere, Latinoamerikan lortu ditugun ezagutza guztiak gure jendearekin partekatzea.
☉ Arrigorriaga
Jardueraz betetako programa prestatu dute azaroan Arrigorriagan, A25eko testuinguruan
Hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza bezalako jarduerak prestatu dituzte datozen egunetan

Azaroaren 28ra bitartean jardueraz betetako programa antolatu dute Arrigorriagan, Emakumeen Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren testuinguruan.
Jarduerak Arrigorriagako Udalak eta Lamiaena emakumeen etxeak antolatu dituzte herrigunean: hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, A-25eko elkarretaratzea, Garrasidromoa, argazki erakusketa…
Egitaraua | A-25a Arrigorriagan
Azaroak 10, asteazkena
17:00 Indarkeria matxistaren aurkako erakusketa (Carolina Zuluaga), Lamiaena.
Inaugurazioa, azaroaren 12an, 18:00etan
Azaroak 11, astelehena
18:30 Zineforuma: La Virgen Roja
Azaroak 18, asteartea
18:00 Solasaldia: Emakumeak eta arrisku kardiobaskularra, Lamiaena
Azaroak 21, ostirala
Mural ibiltaria: ‘Elkarrekin isiltasuna hausten dugu’
Azaroak 23, igandea
12:00 Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, udaletxetik hasita
Azaroak 25, asteartea
19:30 Elkarretaratzea, udaletxeko plaza
20:00 Garrasidromoa: “Oihukatu indarkeria matxistaren aurka!”
Panel informatiboa: 2010-2015 bitartean eraildako emakumeak
Azaroak 26, asteazkena
18:00 Tailerrak: Erresistentziaren Ahotsak “Eta zure ahotsa irudietan kontatu ahal izango balitz?”
Azaroak 27, osteguna
18:00 Solasaldia: ‘Indarkeria matxista eta negazionismoa: erantzun feminista eta juridikoak atzerapausu legalen aurrean’, Lamiaena
Abenduak 12 – urtarrilak 30
17:00 Argazki-erakusketa: ‘Irregulartasuna indarkeri anizkoitza eta desentralizatua da’, Lamiaena
Inaugurazioa: abenduak 12, 17:30
☉ Arrigorriaga
Bazkaria, kontzertuak eta mendi martxa antolatu dituzte Arrigorriagako Gaztetxearen urteurrenean
Azaroaren 29an antolatu dute urteurrena eta egun osoan zehar jarduerak antolatu dituzte Gaztetxean eta inguruetan

Arrigorriagako Gaztetxearen zortzigarren urteurrena ospatuko dute azaroaren 29an, eta hainbat jarduera antolatu dituzte egunean zehar.
Lehen jarduera mendi martxa izango da. Urteurren guztietan lez, asmoa igoera Artandara egitea da, “baina euria egitekotan bertan behera geratuko da jarduera”, azaldu dute Gaztetxetik.
Mendi martxaz gainera bazkaria eta bazkaloste musikatua antolatu dute Gaztetxean ‘Bost axola potxola’rekin. Bazkaltzeko prezioa 13 eurokoa izango da.
Arrasti aldera Joseto ta Alayak-en elektrotxaranga egingo dute herrian zehar eta gaualdean Gaztetxeko kontzertuei paso emango diete Niere, Tobogan eta Beranduegi Erromeriarekin.
Egitaraua | Arrigorriagako Gaztetxearen VIII. urteurrena
Azaroak 29, larunbata
10:00 Mendi martxa Artandara
15:00 Bazkaria + bazkaloste ‘Bost axola potxola’ taldearekin Gaztetxea
18:00 Elektrotxaranga: Joseto ta Alayak
22:00 Kontzertuak: Niere + Tobogan + Beranduegi Erromeria
☉ Arrigorriaga
Argazkiak / Enriqueta Hortalak badu bere kalea eta herritarren merezitako omenaldia Arrigorriagan
Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertara hurbildu direnentzat.

Eguraldia lagun izan ez arren, asko izan dira gaur goizean Enriqueta Hortala kalera hurbildu diren arrigorriagarrak. Gaurtik aurretik izen berri hori ere presente egongo baita herriko kale izendegian.
Ekitaldian, antolatzaileek nabarmendu dute “musikaren munduan herrian erreferente izan zen emakumeari” eskaini zaiola kalea, “besteak beste emakumezkoen abesbatzaren sortzaile izan zelako”.
Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertaratu direnentzat.






















☉ Arrigorriaga
Kale izendegiari beste emakume izen bat gehituko diote Arrigorriagan larunbat honetan: Enriqueta Hortala
Joana Etxeberria, Politika Feministetako zinegotziak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari

2021ean Kultur Etxe berriari Edurne Garitazelaia izena emanda hasitako bideari (2023an Teodosia Ortega parkearen txanda heldu zen) jarraipena emango dio Arrigorriagako Udalak larunbat honetan, Kultur Etxe atzeko kaleari Enriqueta Hortala Cimiano izena emanez. Helburua, udal ordezkariek azaldutakoaren arabera, “emakumeei espazio publikoan euren tokia ematea da”.
Helburu hori aurreko legealdian finkatu zuten Arrigorriagan: “izen hauek guztiak bere momentuan Berdintasun Kontseilutik abiarazi genuen prozesu parte hartzailean aipatuenak izan ziren. Horien arten Enriqueta Hortalarena izan zen boto gehien jaso zuenetariko bat” gogorarazi du Etxeberriak.
Zergatik, baina, aitortza hau Hortalari? “Artista polifazetikoa izan zen Hortala, betiere musika munduari lotutakoa. Pianojolea izateaz harago, irakaslea ere bazen, eta egun Albaraka izena duen abesbatzaren sortzailea ere izan zen”.
Bere hitzartzeari amaiera emateko, Etxeberriak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari: “Azken finean, emakume hauek ekarpen handia egin diote gure kulturari, kirolari, euskarari eta bizitzaren sostenguari”.
Maite Ibarra alkateak, bere aldetik, “gure herriaren historian ekarpen funtsezkoa egin zuen emakumea” izan zela nabarmendu du.
Bukatzeko, Lourdes Perosanz Berdintasun teknikariak larunbateko ekitaldiaren xehetasunak eman ditu, eta herritarren parte hartzea funtsezkoa dela nabarmendu du.
12:00etan hasiko da omenaldia, eta bertan parte hartuko dute Aritzberri Dantza Taldeak, Artizarra Musika Eskolak, eta Hortalak sortutako abesbatzaren oinordekoa den Albaraka taldeak, hurrenez hurren. Bukatzeko mokadutxoa egingo dute Azokea aretoan.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Sorginek eta mamuek Arrigorriagako Gau Beltza hartu dute etxeko txikiekin
Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek

Heldu da urriaren azken eguna eta horrekin… Gau Beltza. Azken urteetan ikusi denez, Hego Uribeko udalerri askotan antzinako tradizio hau berreskuratzen joan dira herritarrak eta Arrigorriagan ez dira gutxiago izan.
Izan ere, Arrigorriagako Gau Beltza etxeko txikientzat eta gazteentzat prestatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek 17:30ean. Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute, sorginen txano eta sendabelarren artean. Ondoan, kalabazak apaintzeko eta aurpegiak margotzeko eta eskulan-tailerra prestatu dute.
Orduek aurrera egin ahala, herritarrak udaletxeko plazara hurbiltzen hasi dira, askotariko mozorroekin jantzita eta jolas eta koreografiak egin dituzte bertan. Amaitzean kalejira antolatu dute herriko kaleetan barrena.






































































