Sareak

☉ Basauri

Argazkiak / Basauritik Medellinera iritsi da Korrika Ane Ibarrola eta Aitor Aburto herritarren eskutik

Korrika, euskara eta euskal kultura zabaldu dute Ane Ibarrolak eta Aitor Aburtok Medellinen, Kolonbian. Bertako Euskadi ikastetxean daude lanean

|

Ane eta Aitor, behean eta eskuman, Medellingo Euskadi ikastetxeko Korrika Egunean // Aitor Aburto

Medellingo (Kolonbia) Euskadi ikastetxean lanean daude Ane Ibarrola eta Aitor Aburto basauriarrak. Global Training bekari esker heldu ziren urtarrilean eta uztailera bitartean izango dira bertan.

Ane psikologoa da eta Aitor musika eta euskal kulturako irakaslea da eta horretan dihardute ikastetxean.

“Ikastetxe oso txikia da, inklusio-ikastetxe bat da, eta beharrizan bereziak dituzten haur eta gaztetxoak daude, dibertsitate funtzionalekoak zein jokabidekoak”, adierazi digu Aitorrek.

Narciso Larrea López de Luzuriaga euskal misioilariak sortu zuen Euskadi ikastetxea Medellinen 1987an. “Hezkuntza ez da euskaraz ematen, eta normalean ez da euskara irakasgairik ematen. Orain bai, gu bertan gaudelako”, dio Aitorrek.

Anerekin eta Aitorrekin batera Eider Urkiola ormaiztegiarra ere badago bertan lanean. “Global Training bekarekin, duela hiru urtetik hona euskal herritarrak datoz ikastetxera lan egitera, eta euskara eta euskal kulturari buruzko eskolak emateko aprobetxatzen da”, dio Aitorrek.

Tipi tapa, Korrika!

Medellingo Euskadi ikastetxean euskara eta euskal kultura hedatzearekin batera, aurten Korrika ere antolatu dute hiru gazteek: “Medellingo Euskadi ikastetxean ospatzen duten hirugarren Korrika izan da”, dio Aitorrek.

Martxoaren 20an egin zuten Korrika: “Egun tematikoa izan zen: egun horretan ez zen eskolarik egon. Hainbat ekintza antolatu genituen: goizean ikasle batzuek Euskal Herriari buruzko gaiak azaldu zituzten, zazpi probintzietakoak, ikastetxe osoaren aurrean, eta gero Korrika egin genuen ikastetxeko ikasle guztiekin. Gainera, Herri Kirolak ere egin genituen, eta azkenean erromeria bat egin genuen dantza plaza batekin”.

“Oso egun polita izan zen. Umeek primeran pasa zuten, asko ikasi zuten euskal kulturari eta Korrikari buruz. Guretzat oso hunkigarria izan zen, egun tematikoa izan zenez, Korrika eta euskara landu genituelako. Gainera, ikasle eta irakasle horiek euskararen inguruan kontzientziatzea oso garrantzitsua izan zen”, dio Aitorrek.

☉ Basauri

‘Jone, batzuetan’ filma euskaraz proiektatuko dute Social Antzokian, Basaurin

Gaur, irailak 19, eta hilaren 22an eta 23an proiektatuko dute ‘Jone, batzuetan’ filma Basauriko zineman

|

Argazkia: Amania Films

Basauriko Social Antzokiak irailaren 18an hasiko du zine programazio berria. Eta, hasteko, euskarazko film bat proiektatuko dute: ‘Jone, batzuetan’.

Bilboko jaietan oinarrituta, Jone da protagonista, 20 urtekoa. Aitarekin eta ahizparekin bizi da eta Bilboko Aste Nagusian maiteminduko da lehen aldiz Olgarekin. Lehen maitasunaren eta aitaren gaixotasunaren ondorioz bakarrik geratzeko beldurraren artean biziko da Jone.

Irailaren 19an, 22an eta 23an proiektatuko dute filma Social Antzokian 20:00etan. Sarrera 5 eurokoa da.

Osorik irakurri

☉ Basauri

800 metro karratuko baso autoktonoa sortu dute Basaurin, nekazaritza-sistema berriei buruz sentsibilizatzeko

Fruta-arbolak, usain-belarrak eta basa-fruitu gorriak ematen dituzten zuhaixkak ditu Iruaretxetako baso autoktonoak. Abendura bitarte lau tailer antolatu dituzte

|

Iruaretxetan dago Basauriko baso autoktonoa // Basauriko Udala

Baso autoktono jasangarria sortu dute Basaurin, Iruaretxetan. Guztira 800 metro karratuko azalera du basoak eta Udala aitzindaria izan da administrazio publikoen artean horrelako proiektu bat aurrera eramaten.

Basoak arbola, zuhaixka eta belar espezie ugari ditu: intxaurrondoak, arteak, haltzak, intsusak, artelatzak, haritzak, pinuak, hurritzak, pagoak eta abar landatu dituzte, eta, horiekin batera, sagarrondoak, madariondoak, aranondoak, limoiondoak eta laranjondoak; izpilikua eta erromeroa; eta marrubiak, ahabiak eta mugurdiak bezalako basa-fruitu gorriak ematen dituzten zuhaixkak landatu dituzte bertan. Gainera, txorientzako eta saguzarrentzako etxolak ere jarri dituzte.

“Baso jangarri sintropikoak dira basoko ekosistema naturalen egitura eta funtzioak imitatzeko diseinatutako nekazaritza- eta baso-sistemak. Ekoizpen, erresilientzia eta birsortze-gaitasun handia dute, eta, batez ere, gizakiontzat jangarriak era erabilgarriak diren espezieak hartzen dituzte. Ekologia eta elikadura-subiranotasuna uztartzen dituen nekazaritza birsortzaile eta jasangarri mota bat dira”, esan du Irene Garcia Basauriko Udaleko Ingurumen arloko zinegotziak.

Zentzu horretan, horrelako basoek “onura asko” dituztela adierazi du Garciak: “Leheneratze ekologikoa sustatzen dute, biodibertsitatea eta lurzoruaren osasuna hobetzen dute, klima-aldaketaren eraginak arintzen dituzte, karbonoa atzitzen dute, eta, finean, mikroklima ontzen dute”.

Baso autoktonoa herritarrek bozkatu zuten 2024ko aurrekontu parte hartzaileetan, eta Udalak 2025ean zehar gauzatu behar zuen, “berdeguneak handitzeko”.

Tailerrak baso autoktonoan

Proiektuak nekazaritza-sistema berriei buruz sentsibilizatzea eta horien zabalkundea egitea aurreikusten du, eta, horretarako, lau tailer antolatu ditu Udalak irailetik abendura bitartean, hilean bat.

Tailerren helburuak honakoak dira: herritarrak baso-kontzeptu horretara hurbiltzea lurzoruaren kudeaketa ekologikoaren alorreko oinarrizko teknikak aplikatuta (inausketa, konpostatzea eta landatzea); biodibertsitatea, erresilientzia eta tokiko elikadura bultzatzea, eta auzolana eta jakintza agroekologikoa sustatzea.

Irailaren 27an izango da lehen tailerra eta hizpide izango dute ‘Baso jasangarriak: hastapenak eta oinarrizko diseinua’. Hurrengoa, urriaren 25ean izango da: ‘Konpostatze ekologikoa eta zoru bizia zaintzea’. Hirugarren tailerra izango da ‘Inausketa, biomasa erabiltzea eta mulch bizia’ eta azaroaren 15ean antolatuko dute. Eta azkenik, abenduaren 13an ‘Udazkenean landatzekoak eta negurako prestaketa-lanak’ tailerra eskainiko dute.

Tailerretan izena eman nahi dutenek mezu elektronikoa bidali behar dute jurgivuriarte@hotmail.com helbidera. Udaletik zehaztu dutenez, 15 plaza baino ez dituzte eskainiko.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Amaia Bonachera basauriarraren kartelak iragarriko ditu 2025eko San Fausto jaiak

|

Basauriko jaietarako atzera kontaketa hasi da. Urriaren 11n, larunbatez, hasiko dira sanfaustoak eta jaiak iragarriko dituen kartela aurkeztu dute gaur.

Sari nagusia Basaurin geratu da eta irabazlea Amaia Bonachera izan da. Basauriarrak 1.500 euro jaso ditu, ‘San Fausto zeruan’ izeneko lanagatik.

Tokiko mailan, Iñaki Zorriketa basauriarraren kartelari eman diote saria. Zorriketak ‘Bere alde ona’ izena jarri dio bere lanari eta 300 euroko saria jaso du.

Eta, Gazte eta Txiki kategorietan irabazle izan dira Unai Fernandez eta Asier Ortiz.

Zoroak kuadrillak herriko saltokietan erabiltzeko 50 euroko bonua eman dio Asierri, Txiki kategoriako irabazleari.

Unaik, Gazte kategoriako irabazleak 100 euroko bonua jaso du.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Fausto plazako obrak azaroa bukaeran amaituko dituzte, Basaurin

Hainbat arrazoiengatik atzeratu da plaza irekitzeko momentua. Basauriko Udalak arrazoi horien berri eman du

|

San Fausto plazako obrak, aste honetan // Geuria

Iazko maiatzean hasi zituzten San Fausto plaza guztiz berritzeko obrak Basaurin eta oraindik lanean ari dira.

Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, plaza azaroa bukaerarako egongo da amaituta.

Aurtengo udaberrirako plazaren zati bat erabilgarri egon zitekeela adierazi zuen iaz Udalak, baina hainbat arrazoiengatik atzeratu egin da.

Arrazoi horien berri eman dute udal arduradunek: “Plaza eraitsi ondoren, egiaztatu zen plazaren egiturazko geometria ez zetorrela bat 90eko hamarkadaren hasieran amaitutako obraren planoetan jasotakoarekin. Plano horietan oinarritu zen proiektua, eta, ondorioz, metalezko egitura birdimentsionatu behar izan da, zimendatu eta urbanizatu, lurraren errealitatera egokitzeko. Horrek, eta inguruneko benetako baldintzetara egokitzeko goiko plazaren diseinua hobetzeak, obrak atzeratzea eragin du”.

Jaietan erabiliezin

Urrian Basauriko jaiak izango dira —urriaren 11tik 19ra— eta Trintxera ezizenez ezagunagoa den plaza hainbat ekitaldi egiteko erabiltzen du Herriko Taldeakek.

Baina aurten ere —iaz ere ezin izan zen erabili— ez du erabilgarri izango San Fausto jaiak antolatzen dituen elkarteak.

Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Fausto plaza ez da Basauriko jaietarako bukatuta egongo

Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili

|

San Fausto plazako obrak, aste honetan // Geuria

Iazko maiatzean hasi zituzten San Fausto plaza guztiz berritzeko obrak Basaurin eta oraindik lanean ari dira.

Urrian Basauriko jaiak izango dira —urriaren 11tik 19ra— eta Trintxera ezizenez ezagunagoa den plaza hainbat ekitaldi egiteko erabiltzen du Herriko Taldeakek.

Baina aurten ere ez du erabilgarri izango San Fausto jaiak antolatzen dituen elkarteak.

Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili.

Azarorako bukatuta

Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, plaza azaroa bukaerarako egongo da amaituta.

Obrak iazko maiatzean hasi eta 12 hilabeteko epean erdi bukatuta egongo zela eta ordurako plazaren zati bat erabilgarri egon zitekeela adierazi zuen Udalak, baina hainbat arrazoiengatik atzeratu egin da.

Arrazoi horien berri eman dute udal arduradunek: “Plaza eraitsi ondoren, egiaztatu zen plazaren egiturazko geometria ez zetorrela bat 90eko hamarkadaren hasieran amaitutako obraren planoetan jasotakoarekin. Plano horietan oinarritu zen proiektua, eta, ondorioz, metalezko egitura birdimentsionatu behar izan da, zimendatu eta urbanizatu, lurraren errealitatera egokitzeko. Horrek, eta inguruneko benetako baldintzetara egokitzeko goiko plazaren diseinua hobetzeak, obrak atzeratzea eragin du”.

Osorik irakurri