Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Zeberio

Argazkiak / Zeberioko Ermitabarrin bukatu da Korrikako 23. edizioa Hego Uribe eskualdean

Eskualdeko azken argazkiak egin ditugu Zeberioko Ermitabarri auzoan. Bertatik herritar ugari igaro dira, Arratiara bidean, eguzkipean

|

Eskualdeko azken argazkiak egin ditugu Zeberioko Ermitabarri auzoan. Bertatik herritar ausart ugari igaro dira aldapan gora, Arratiara bidean, eguzkipean.

☉ Zeberio

Santigituak: galtzear den herri jakinduriaren azken oinordeko irribarretsua Zeberion

Orkatilan bihurrituak sendatu ditu hamarkada luzez Felisin Eguskizak, «musu-truk, noski», eta Euskal Herri zein estatuko dozenaka lagun pasatu dira bere eskuetatik

|

Felisin Eguskiza // Geuria

Harritu antzean hartu gaitu bere etxeko atarian Felisin Eguskiza Eguskizak (Zeberio, 1942). 82 urte ditu emakume zeberioztarrak, egun bizi den etxean jaiotakoa da, Olatxu auzoan, eta GEURIAren bisitak halako urduritasun jostari bat eragin dio: “Ez dakit oso ondo zer azaldu”.

Mikel Urkixori zuzendutako hitzak dira, erreportaje honetan bidelagun izan dugun zeberioztarrari. Urkixo bere auzokidea da, lau hamarkada gazteagoa, eta Felisinen sekretua ezagutzen du: “Orkatiletako bihurrituak sendatzen ditu”. Zalantzarik balego, zera gaineratu du: “Hau ez da inork kontatua, nireak birritan gutxienez sendatu ditu, baita nire lagunenak ere”.

Sekretu horren zergatiaz galdetuta, Eguskizak marketinik gabeko erantzun labur bezain grafikoa eman digu, bere hatz lodia erakutsiz: “hau”. Gorantz kiribildua du, zerurantz okertuta, eta genetikaren berezitasun horretan omen datza bere lanaren gakoa: “Nire amak ere horrela zuen hatz lodia, eta berak erakutsi zidan dakidan guztia”.

Liburu bat dakar esku artean Eguskizak, Gorka Menendez Bacetaren ‘Gorbeialdeko sendabelar tradizionalak’ izenekoa. Eskualdeko herri medikuntza eta jakituria etnobotanikoa aztertzen ditu bere orrialdeetan, eta Felisin liburuko protagonistetako bat da.

Bertan Santigituak zelan egiten diren azaltzen du, hori baita Arratia eta Zeberio aldean ematen zaien izena (zaintiratua beste leku batzuetan). Erritual bat da santigitua, eta egiten dena bezain garrantzitsua da zelan egiten den.

Mendeetako jakinduria pilatzen da Eguskizaren eskuetan haria, orratza, galtzerdia, olioa eta sendabelarrak (txikoria-belarra) hartzen dituenean: lehenik eta behin olioa berotu behar da, “ez da beharrezkoa olibazkoa izatea, oso garesti dago eta” zehaztu du Eguskizak barrez lehertzear. Behin epelduta, ukendua eta sendabelarrak orkatilan zehar igurtzi, “zaina beti beherantz” zehaztu digu Felisak, haria orratzean sartu, galtzerdiarekin orkatila kolpatu, eta hurrengo otoitzarekin bukatzen da errituala: “Sana tiritu, sana urratu, sana bere lekuan sartu”.

Felisin, orkatila sendatzen // Geuria

Orkatila oker eta Zeberio ezagutu

Ez daki zehazten, baina dozenaka, ehunka pertsona izan dira hamarkada hauetan bere eskuetatik pasa direnak, bai Euskal Herrikoak, baita estatu mailakoak ere: “Bilbotik, Bermeotik, Madriletik…”. Baten bat kirolari ezaguna izan dela aipatu digu, baina izena zehaztu gabe: “Ez naiz bere izenaz akordatzen”. Egia den edo sekretua gorde nahi duen, ezin jakin.

Bitxikeria moduan, mediku bat artatu zuenekoa du akorduan: “Olatxun pilotan ari zela bihurritua egin zuen, eta Olatxu tabernako Lidia Urrazak esan omen zion, ez zelako euskalduna: vete a donde la rubia, que ella te cura”. Esan eta egin: “Bukatu nuenean bakarrik esan zidan medikua zela, zelako sustoa hartu nuen jakin nuenean”.

“Olatxun pilotan ari zela bihurritua egin zuen, eta Olatxu tabernako Lidia Urrazak esan omen zion, ez zelako euskalduna: vete a donde la rubia, que ella te cura”

Errespetu handia die bai medikuei eta bai medikuntzari, horregatik tentuz jokatu du beti: “Apurtuta egon zitekeen susmo txikiena izanda ez nituen artatzen”. Horregatik garrantzitsua iruditzen zaio jendeari “begietara so egitea”, horrela jakiten duelako “min egiten ari natzaion edo ez”. Egungo bizi parametroekin sinestezina dirudien arren, “musu-truk” egin du bere egitekoa Eguskizak beti. Arrazoia oso argia da: “Horrela erakutsi zioten amari, eta horrela erakutsi zidan berak niri. Lagundu ahal denari lagundu egin behar zaio”.

Galtzear den jakintza da Eguskizarena: “Zeberion ni naiz azkena, eta ez dut uste hemendik kanpo ere asko geratuko direnik”. Arrazoiaz galdetuta, argi dauka: “Ikasteak lana ematen du, egiteak lana ematen du. Gaueko ordu txikietan ere izan dut hemen jendea. Gazteek ez dute ikasi nahi, eta guztiz ulergarria da”. Hala ere, onartzen du min ematen diola Santigituak desagertuko direla pentsatzeak: “Nire bizitzaren parte izan da, eta ez nuke hori gertatzerik nahi”. Nahigabeak gutxi iraun dio, ordea, eta jarraian argazki onak ateratzeko eskatu digu.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Lamien dantzek eta suzko zezenak Gau Beltzaren ohiturak berreskuratuko dituzte Zeberion

Guraso elkartearen helburua Gau Beltzaren ospakizunaren berrinterpretazioa edo birsortzea egitea da. Antzinakoak kontuan hartuta, Gau Beltza ospatu, gaur egungo ikuspegitik ematen dituen aukerak eta erakargarritasuna baliatuta

|

Kriseilu bat, basoan // Marko Blazevic, Unsplash

Zeberioko Udalak, Txubelasu Guraso Elkartea eta eskolarekin batera jarduera ugaridun programa osatu du aurtengo Gau Beltzarako, arratsaldetik gauera bitartean.

“Guraso elkarteak, eskolarekin batera, Gau Beltzaren ospakizuna berreskuratu nahi du”, azaldu dute Txubelasutik. “Bizipenak aldatu egin dira eta, honekin batera, jaiak eta tradizioak. Hauek iraungo badute, gaurkotasunera egokitzen direlako izango da”.

Guraso elkartearen helburua Gau Beltzaren ospakizunaren berrinterpretazioa edo birsortzea egitea da: “Antzinakoak kontuan hartuta, guretik nahi dugu Gau Beltza ospatu, gaur egungo ikuspegitik ematen dizkigun aukerak eta erakargarritasuna baliatuta”.

Horiek horrela, gaztainerreak, Sanduli Mandulia, beldurrezko ipuinen kontaketa, Lamien dantza eta suzko zezenaren ikuskizuna antolatu dituzte urriko azken eguneko gauan. Guraso elkartekoek ospakizunera mozorrotuta joateko deitu dituzte herritarrak.

Egitaraua | Zeberioko Gau Beltza

17:30 Gaztainerrea, Zubialde plaza
18:30 Sanduli Manduli, Egiatik
19:30 Beldurrezko ipuinen kontakizuna, udaletxeko ataria
20:00 Lamien dantza, eskola zaharrean
20:30 Suzko zezena

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zubialdeko frontoia itxi du Zeberioko Udalak, konponketa lanei ekiteko

Udalaren asmoa da Zubialdeko frontoiaren hezetasunak desagertaraziko dituen obra hauek Gabonetako oporrak baino lehen amaitzea da

|

Hezetasunak Zeberioko pilotalekuan // Geuria

Zeberioko Udalak Zubialdeko pilotalekua konpontzeko lanak hasi ditu gaur bertan eta frontoia itxi du. Urriaren hasieran GEURIAn azaldu lez, Udalaren asmoa da Zubialdeko frontoiaren hezetasunak desagertaraziko dituen obra hauek Gabonetako oporrak baino lehen amaitzea da.

Ekain Goti herriko alkateak duela aste batzuk iragarri zuen 65.000 euro bideratu dituela Udalak (BEZa kanpo) eta hezetasunak konpontzeaz gain margoketa lanak egin, bentilazio sistema berria ipini eta LED bonbila bidezko argiteria sistema ipiniko dutela pilotalekuan.

Lanek dirauten bitartean frontoia guztiz itxita egongo da eta Mandoia Pelota Klubeko entrenamendu saioak Ermitabarriko frontoira lekualdatu dituzte: “Asteburuko partidak egiteko frontoi txikiegia da Ermitabarrikoa da baina entrenamenduetarako balioko du”, ziurtatu zuen Gotik. “Asteburuko partidak Arrigorriagako pilotalekuan antolatuko dituzte, ondo bidean”.

Udaletik barkamenak eskatu dizkie herritarrei lan hauek sor ditzaketen eragozpenengatik.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko mendizaleek Ubideko Mendizale Egunean hartuko dute parte bosgarren aldiz

Mendizale Egunaren 23. edizioa da aurtengoa eta izena emateko azken eguna urriaren 23a izango da

|

Arrikurutze, Sikinotik // Rafael Hernandez Justel, Mendikat

Urriaren 27an Ubideko Mendizale Eguna antolatu dute eta Zeberioko Austarri Mendi Taldea bertan parte hartzera gonbidatu dute, Arratia, Otxandio eta Ubideko taldeekin batera. Bosgarren aldia da Zeberioztarrek Ubideko Mendizale Egunean.

Mendizale Egunaren 23. edizioa da aurtengoa eta izena emateko azken eguna urriaren 23a izango da. Egunean bertan 12 edo 17 kilometroko ibilbideak antolatu dituzte Siskino izeneko tontorrera (854mt) “bide barriek ezagutzeko” 09:00etan eta 13:30ean luntxa prestatu dute Ubideko frontoian bertan.

Parte hartzeko prezioa 5 eurokoa da. 14 urterainoko haurrek ez dute ordaindu behar. Izena emateko edo informazioa handitzeko 656 415 597 telefono zenbakia ahalbidetu dute.

Siskino tontorra

Izen horrekin ezagutzen da Gorbeia mendiguneko tontor txiki bat, Oketa edo Gorbeitxikitik oso gertu dagoena (1035 m). Hego-ekialderantz jaisten den erreka eta amildegia ere izen berarekin ezagutzen dira. Bere inguruan txabola dago. Beste izen bat Soliño da.

Gorbeiako mendigunearen zati bat da, ibai-ibilguek erabat markoztatua. Iparraldera, Zubizola erreka dugu, Ubiden, Undebe ibaia, mendi horiek ekialdetik mugatzen dituena. Hegoaldean Santa Engrazia urtegia dago, eta mendebaldean Zubialde erreka. Multzoaren altuerarik handiena Oketak du (1035 mt), Gorbei-txiki ere deitua bere formagatik, Gorbeiakoaren oso antzekoa baina proportzioetan oso txikia.

Gailur horren ipar-ekialdera, Ubiderantz, baso-koten sistema konplexu bat dago, eta horien artean nabarmentzekoak dira Harrikurutze (832 mt), Siskino (852 mt) eta Korroskibila (805 mt).

Gailurra, 1950eko mendi katalogoan, “Siskimo” izena agertu zen. Arabako gailurren zerrendako 161.a

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zoru pelbikoa lantzeko doako ikastaroa martxan ipini dute Zeberioko emakumeentzat

Guztira bost saio eskainiko dituzte eskola zaharrean: urriaren 23an, 30ean, azaroaren 6an, 13an eta 20an. Izena ematea beharrezkoa da

|

Fitballak // Geuria

Zeberioko Udalak zoru pelbikoa lantzeko ikastaroa abiarazi du herriko emakumeentzat. Guztira bost saio eskainiko dituzte eskola zaharrean: urriaren 23an, 30ean, azaroaren 6an, 13an eta 20an.

Saio bakoitzak ordu biko iraupena izango du, 18:00etatik 20:00ak arte eta edukiera mugatua izango dela iragarri dute Udaletik. Horregatik izena ematea beharrezkoa izango da 946 481 079 telefono zenbakira deituz urriaren 21a baino lehen.

Osorik irakurri