Etxe eta bizitzak: eta zu, nola bizi zara?
Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Ibai Berrade eta Zuriñe Higuera: «Ciudad del Cabon errepideak banatzen du txirotasuna eta aberastasuna, biak erabatekoak»
Hego Amerikako hainbat herrialdetan, Afrikan, eta Asiako Hego Ekialdean zehar ibili ziren Zuriñe Higuera eta Ibai Berrade hamaika hilabetez

Zuriñe Higuera Berasategik (Bilbo, 1985) eta Ibai Berrade Sainzek (San Migel, 1982) mundua etxetzat izan zuten hamaika hilabetez 2017an. Zuriñeren kasuan, aurretik egindako bidaiek utzitako arrastoak mundu osoan zehar bidaiatzeko grina piztu zioten. Hasiera batean bidaia bakarrik egitea zeukan aurreikusita, baina data hurbildu ahala bere orduko eta egungo bikotea batu zitzaion, Ibai. Hego Amerikan, Afrikan eta Asiako Hego-Ekialdean zehar ibili ziren urtebetez, eta esperientzia hartatik abiatuta pilatu zituzten argazki, bideo eta testuei forma emateko lanean ari dira orain.
Nola bururatu zitzaizuen munduari bira egitea?
Ibai Berrade: Zuriñeri otu zitzaion. Nik sasoi hartan ez neukan bidaiarik egiteko inolako interesik, baina Zuriñeren eta bion arteko bikote harremana hasi zenean, bidaiatzeko grina zeukala jakin nuen. Buruan aspalditik omen zeukan bidaia luze bat egiteko nahia, eta gure arteko harremanaren bigarren urtean desira hori egia bihurtzeko unea zela uste zuela esan zidan.
Nire asmoa, bestetik, oporrak hartzen nituenean berarekin batzea zen, eta bidaiaren tarte bat elkarrekin egitea. Nire hasierako aurreikuspena urtebetean lau joan-etorri egitea zen. Baina bidaiaren hasiera data hurbildu ahala, urtebeteko testuinguruaren barruan lau denbora tarte horiek laburregiak izango zirela sentitzen hasi nintzen eta ondorioz, berarekin batera joateko erabakia hartu nuen.
Zuriñe Higuera: Udako opor luzeetan beti egin izan dut bidaiatxo erosoren bat gurasoekin, lagunekin edo bikotearekin, baina 2-3 urte neramatzan Couch Surfing plataformaren bidez ni bakarrik bidaiatzen. Hori horrela, bidaiatzen jarraitzeko gogoa piztu zitzaidan, eta baita esperientzia handitzeko (denboran eta distantzian) ametsa sortu ere bai.
“Vietnamen kounitate sentipen bereziki indartsua zegoen, arratsaldero etxeko atarietan elkartzen ziren tea hartzera, pijama jantzita, nahiz eta oinezkoen bidea oztopatu”
Esan eta egin. Zelan prestatu zineten halako bidaia luze baterako?
Z.H: Ibai ezagutu nuen urtean bidaiatzearekin tematuta nengoen. Han-hemenka ibiltzearen plazerraz gozatzen ari nintzen orduan, eta nolabait, dena utzi eta bidaia luze bat egiteko ametsa zebilkidan buru barruan bueltaka. Amets hori Ibairi kontatu nion, baina bera bidaiazalea ez zela jakiteak zertxobait hoztu zuen nire hasierako bulkada hori. Hala ere, amesten jarraitu nuen, eta oso apurka bada ere, guzti hori errealitate bihurtzera bideratu nuen. Bikotea izanda zaila zen halako zerbait bakarrik egiten ausartzea, baina hain zen indartsua nire nahia, aurrera egitea erabaki genuela.
Eta halako batean, ezustean, istorioak beste norabide bat hartu zuen. Ibai lanean oso erreta zegoen, eta bidaia nirekin egitera animatu zen. Eta orduan bai, elkarrekin bidaiari eta horretarako martxan jarri beharreko guztiari forma ematen hasi ginen.
I.B: Behin bidaiari ekiteko erabakia hartuta, Zurik nire desirak edo jakin-mina bere plangintzaren barruan txertatzeko planteamendua egin zidan. Nik, nire partez, ez zitzaidanez bidaiatzea bereziki gustatzen, motibazio pertsonalen bila hasi nintzen, eta bi aurkitu nituen: Alde batetik, ez nuen kulturalki antzekoak diren herrialdeetara joan nahi, batera eta bestera ibiltzeko gogoa luzaro mantendu ahal izateko bidaia luze hau bizipenen ikuspuntutik fokatzeko beharra sentitu nuelako, “tokiak ikusteko” kontzeptua alboratuz. Nolabait esateko, ez nituen lekuak ikusi nahi, herrialdeak bizi nahi nituen. Bestalde, gaztetako interes abstraktu batzuei testuinguru fisikoa emateko aukera ezin hobea zela ondorioztatu nuen, gaztetan nire izaera edo formakuntza pertsonalaren parte izandako irakurketa batzuen agertokietara bertaratzeko parada, alegia, ikaskuntza horiek berrikusi, birformulatu eta berrinterpretatzeko abaguneak bidaiarekiko ikuspegia aldatu zidan. Ez nintzen gazte bereziki mitomanoa izan, baina sasoi batean Nelson Mandelaren figura eta historiarekiko obsesio puntu bat izan nuen. Zuriñe honen jakitun zen, eta bidaia luze honen aurreko urtean Hego Afrikara joateko proposamena luzatu zidan. Txundituta bueltatu nintzen bertatik, eta esperientzia hori erabili nuen abiapuntutzat. Lilura hori, gaztetan Kapuscinskiren liburuek nigan izandako eragina eta txikitan Victoria ur-jauzien deskribapenak sortarazi zidan ikusmina uztartu eta Afrikako hegoaldera joan nahi nuela esan nion: Hego Afrika abiagune eta helmuga izanda, kotxez Namibia ( planetan populazio dentsitate gutxien daukan bigarren herrialdea izateak erakarpen handia sortu zidan), Botswana eta Zimbabwe zeharkatuta Victoria ur-jauzietara iritsi nahi nuela planteatu nion. Zuriñek baiezkoa eman eta bidaiaren beste atal bat Hego Amerika zeharkatuta egin nahi genuela erabaki genuen, baina kotxez beharrean, erabilgarri egongo zen edozein ibilgailu hartuta. Hori izan zen plana…errealitatea, aldiz, oso bestelakoa izan zen.
Nahiz eta gauzak antolatuta eraman, ezusteak egon ziren orduan.
Z.H:Abiapuntua argi geneukan, bai, baina hortik aurrerakoak… Kolonbiatik hasi ginen, Barrankilan nire urruneko ahaide batzuk bisitatu eta ezagutzeko asmoz. Amamaren neba oso gazterik Kolonbiara joan zen bizimodu berri baten bila. Han geratu zen eta bertan familia osatu zuen. Amamak sarri hitz egiten zidan berari buruz, baina nagusi eta nekatuta, bisitan joateko indarrik ez zuen bildu. Jakin-mina piztu zidan berak kontatutako guztiak, eta aitzakia bilakatu zen hara joateko. Egoera bortitza izan zen zeharo: hilzorian aurkitu genuen, etxeko ohean mugitu eta hitz egin ezinik jada. Baina gainerako familiakoekin sorpresa itzela eta positiboa. Hortik aurrera gainerako guztia inprobisatua izan zen. Hego Amerika iparraldetik hegoaldera ezagutu nahi genuela bagenekien, eta ondoren Hego Afrika eta Namibiara iritsi nahi genuela ere. Baina bitarteko eta ondorengo guztiari buruz ideiarik ere ez.
I.B: Hego Amerika iparraldetik hegoaldera zeharkatzea zen plan orokorra, eta horren ostean, Afrikako hegoaldea ezagutzea. Zehaztasunak egunetik egunera erabakitzen genituen. Izan ere, Namibian geundela Afrikako hegoaldea zeharkatzea uste baino garestiagoa izango zela konturatu ginen. Plangintza horri eutsiz gero Bilbora uste baino goizago itzuli beharko ginen, beraz plan berri bat pentsatu genuen, eta Asiako Hego-Ekialdera hegan egitea erabaki genuen. Vietnamera abiatu ginen.

Oso herrialde ezberdinetaz ari gara hitz egiten. Zein ohitura edo bizimodu motak harritu zintuzteten gehien?
I.B: Behin, Filipinetako merkatal zentro batean, bat batean bertako pertsona guztiak estatuak bezala geldi geratu ziren. Ez genuen ezer ulertzen. Gu eskailera mekanikoan behera eta bat batean bozgorailuetatik Filipinetako ereserkia ( uste dugu) entzuten hasi zen. Bertako biztanle guztiak harri bihurtuta baleude bezala geratu ziren, geldi-geldi eta isil-isilik…Ez genuen ezer ulertzen, eta segundo batzuk kostatu zitzaigun entzuten ari ginena eta ikusten ari ginenaren arteko erlazioa ezartzea. Beldurgarria ere bazen, egia esan. Behin ereserkia amaituta, bizitza bere onera bueltatu zen, ezer pasatu izan ez balitz bezala.
Hanoin (Vietnam) oso ohitura polita zeukaten ostiraletan: Hoan Kiem lakuaren perimetroa trafikoari itxi, eta inguru zabal guzti hori biztanleen sozializaziorako topagune gisa ahalbidetzea izugarri gustatu zitzaigun, ordu horietan eta leku horretan, normalean kaos hutsa den hiria jolaserako eta elkar ekintzarako toki lasaia bilakatzen delako. Asko harritu ginen ere bertako motor kantitatearekin, milaka, milioika zeuden, edonon eta edozer garraiatzeko baliabide gisa (gurpil dorreak, zuhaitzak, txerriak saski baten barruan, bizikletak…) erabiltzen ziren, eta 5 pertsona ikusi izan genituen motor bakarraren gainean. Gainera, edonondik ibiltzen ziren, oinezkoen espaloi gainetik ere, zoramena zen.
Vietnameko mendialdeko herri batean, Da Lat zela uste dugu, hotel xume batean egin genuen lo, eta asiar familia batekin konpartitu genuen logela. Ezin dugu zehaztu vietnamdarrak edo beste herrialde batekoak ziren. Kontua da euren bizimodua mantendu nahi zutela nahiz eta gu euren logela berean egon, inolako enpatiarik gabe, eta goizeko bost terdiak inguru argia piztu eta gosaltzen eta berbetan hasi ziren. Guretzat goizegi zela azaltzen saiatu ginen, eta mesedez egin beharrekoak logelatik kanpo egin zitzatela, baina ez zen modurik egon, ez zuten inolako enpatiarik azaldu. Eguerdi aldera lo egin nahi izan zuten, eta Zurik eta biok gure arteko hizketaldia eten ez eta bidaiaren hurrengo etapen antolaketa egiten jarraitzeari uko egin ez genionean, haserretu egin ziren.
Bangkokera (Thailandian) nire ama gonbidatu genuen, eta egun horietan Songkran jaialdia ospatzen zen. Guretzat harrigarria zen, kalera irten eta thailandiar guztiak elkar bustitzen ikusten genituelako. Kalera atera bezain pronto guztiz blai uzten gintuzten, eta horrela suertatu zen hiru egunetan zehar, kalera irten orduko. Horrelakoa izan zen nire amaren bataio thailandiarra…eta primeran pasatu zuen, izugarri dibertitu zen. Ume txiki baten moduan ibili zen, poz-pozik eta barre algaraka.
Balin, nahiz eta turismoak irentsitako irla bat den, euren ohitura asko mantentzeko esfortzu handia egiten zuten, batez ere erlijioari dagokionez. Indonesiako irla bat izan arren, Balin indar handiena daukan erlijioa errito desberdinen arteko nahasketa bat da, oker ez banago, hinduismoa izanik influentziarik sakonena nahasketa horretan. Tenpluz josita dago irla, eta euren purifikazio erritualak,prozesioak etab gauzatzen dituzte, ingurukoen begiradan erreparatu gabe. Kuriosoa izan zen guzti hori bizi izana.
“Hego Ameriketako hirien periferiak halamoduz eraikita daude, inongo planifikaziorik gabe, kaos erabatekoan murgilduta”
Etxebizitzen egoerari dagokionez, zer ikusi zenuten herrialde bakoitzean?
I.B: Gehienetan alde handia zegoen auzoen arteko baldintza materialen artean, eta noski, horrek bizi kalitatea ere asko baldintzatzen zuen. Hego Amerikako hirietako erdiguneetan (Medellin, Bogota, Quito, Buenos Aires, Santiago, Rio de Janeiro…) guk hemen dauzkagun etxebizitzen antzeko pisuak zituzten, baina periferiak txabolaz josita zeuden, kontrolik eta aurreikuspenik gabeko hazkunde baten ondoriozko antolaketa kaotiko batean eraikiak, eta noski, azpiegiturak ere funtzionaltasun eskasekoak ziren, unean uneko beharrizanei erantzundako amaierarik gabeko eta inprobisatutako adabaki segida baten ondorio balira bezala… Hirietako administrazioek bertan sekula erabakirik hartu izan ez balute bezala.
Hego Afrikan are basatiagoa da aldea baldintza materialei dagokienez, baina espazioei dagokienez, alderantzizko prozesua garatu da: errekurtsorik gabeko jendea erdialdean pilatzen da, eta populazio zuri eta aberatsen luxuzko etxebizitzek osatutako auzoak periferian daude. Hego Afrikako townshipeko etxebizitzen materiala latoia izaten da askotan, adreilurik ere ez daukate.
Lombokeko biztanleen etxebizitza asko banbuz eraikiak ziren, oso material malgua denez, hemen erabiltzen ditugun materialek baino erresistentzia eraginkorragoa omen daukalako lurrikaren aurrean. Banbua asko tolestuko omen da lurra dardarka hasten denean, baina antza, askoz indar handiagoa jasaten du puskatu aurretik adreiluek eta antzekoek baino.

Zuriñe Namibian, Kolmanskop abandonatutako hirian
Eta nola antolatzen dute bizitza gure aldean?
I.B:Vietnamen komunitate sentipen bereziki indartsua zegoela iruditu zitzaidan. Bizilagunak tea hartzeko elkartzen ziren arratsalde-gau partean euren atarien aurrean, hantxe espaloian bertan pijama jantzita, nahiz eta oinezkoen bidea oztopatu. Irla txikietan, Filipinetako Apon edo Indonesiako Lomboken eta Balin bertan, adibidez, komunitate sen handia zegoela esango nuke.
Hego Amerikako hirietan kalean aisialdirako elkartzeko ohitura handia zeukaten ere, parkeetan parrillen inguruan, eta orduak eta orduak ematen zituzten berbetan eta jolasean.
Hego Afrikan badago antzeko ohitura bat populazio zuriaren artean: eurek braai izeneko parrilla bana izaten dute euren etxeetako belartza edo lorategietan, eta sarritan lotzen dira auzoko bizilagunak egun edo arratsalde pasa egiteko.
Halako errealitate ezberdinak ezagutu ondoren, zer ikasi zenuten?
Z.H: Denboraren balioa. Bidaikide egokiaren garrantzia. Talde lana. Beldurra eta ausardiaren indarra. Interneten balioa. Gizakion moldatzeko gaitasuna. Bakarrik edo beste norbaitekin bidaiatzearen ezberdintasuna: bakarka mila aldiz irekiagoa, eta bidaiaren balioa ezagututako jendearekin izandako bizipenetan oinarritzen da. Bikotearekin aldiz, balioa beste bat da, gehiago zentratzen zara zugandik kanpo dagoen horretan. I.B:Ados. Denboraren balioa eta bidaidea. Bidaia luze horrez geroztik, bizitzaren kalitatea batez ere bi elementu horiek markatuko dutela ondorioztatu dut nik ere. Noski, baldintza material onak ere behar dira bizitzan lasai egoteko, sikiera oinarrizko beharrizanei aurre egiten diezula bermatu eta aisialdia kudeatzeko aukera eskainiko dizutenak. Hori barik ezin bake mentalik izan, biziraupenerako programatuta gaudelako . Baina hori ziurtatuta bai, hori izanda, kontzientzia momentuan bertan zentratu ahal izatea ze garrantzitsua den jabetu nintzen, bizipena errotu dadin. Eta bizitzak iraungitze data daukan heinean, gure denbora dela daukagun baliotsuena, eta hori modu egokian kudeatzen ikasi behar nuela. Kalitatezko denbora izan ahal izatea zela altxorrik handiena.

Ibai Kolonbiako Medellingo 13.komunan
Zuen ikuspuntu pertsonala edo balore batzuk aldatu al dira bidaian zehar?
I.B: Daukadan zorte itzelaren kontzientzia argiago eta sakonagoa hartu dut. Pribilegiatua naiz, eta kasualitate huts batek ahalbidetu du hori: Bilbon jaio nintzela 80. hamarkadan, eta nire bizitza hemen garatzeko aukera izan dudala. Planetan bizi den jendearen portzentaia altu batek biziraun nahian eta beharrean murgilduta ematen du egunerokotasuna. Hori oso-oso gogorra da, eta horietako askok eta askok ez daukate inolako irtenbiderik; hori izango da euren bizimodua arnasten jarraitzen duten bitartean. Tontakeria bat emango du akaso, baina benetan uste dut pribilegiatuak garela…Bidaiaren aurretik uste hori baneukan jada, egia da, baina ia urtebetez egunero ikusi, konpartitu eta bizitzeak beste kontzientzia maila bat sortu zidan. Orain guraso gara, duela lau urte jaio zen June, eta uste dut aurreko galderaren eta galdera honen erantzunak direla bere heldutasunerako sakonen transmititu beharko genizkiokeen balioak.
☉ Hego Uribe
GEURIA finalista da 2025eko Tokikom Sarietan, ‘Etxe (eta) bizitzak’ monografikoarekin
Eduki onenari saria jasotzeko hautagaia da GEURIA, Aiaraldea eta Anboto komunikabideen lanekin batera. Sari banaketa azaroaren 21ean izango da Aretxabaletan

Tokikom Toki Komunikabideen Bateraguneak azaroaren 21ean banatuko ditu Tokikom Sariak Aretxabaletako MUren campuseko Ideienea gune berrian.
Bertan azken urtean sortutako azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena sariak banatuko dituzte.
Guztira bederatzi finalista, horietatik GEURIAk ekainean publikatu zuen ‘Etxe (eta) bizitzak; eta zu, nola bizi zara?’ monografikoa aukeratu du epaimahaiak ‘Eduki onena’ kategorian.
“Etxebizitza gizartearen kezka nagusienetakoa da gaur egun, batez ere gazteen artean. Monografiko honek gai unibertsal hori tokiko ikuspegitik lantzen du, baserritik okupaziora eta alokairutik landetxeetara arteko errealitateak jasoaz, hedabidearen zerbitzu publikoko bokazioari jarraituz. Gaiaren inguruko alderdi ezberdinak jorratzen ditu —komunikazioa, paisaia, hirigintza, arkitektura, eskubideak eta higiezinen sektorea— testuinguru osoago bat eskaintzeko. Tokiko ikuspegiak eta gertutasunak giza dimentsioa ematen diote gaiari, balio erantsia gehituz afektibotasunaren aldetik, hurbiltasun, konfiantza eta zintzotasunez egindako kontakizunak jasotzen ditu. Alde estetiko zaindua dago, eta online argitaratutako materialetan estetika bera mantentzeko ahalegina egin da”, esan du epaimahaiak.
GEURIAren monografikoaz gain, ‘Eduki onena’ kategoriako finalistak dira Aiaraldearen ‘Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bilakatzen denean‘ eta Anbotoren ‘Minbiziaren errelatoa eraldatzeko inurri lana‘.
‘Azalik onena’ kategorian saria irabazteko hauatagaiak dira Puntuaren ‘Keinu hizkuntza‘, Gukaren ‘Eva Franco: Irudimena hegan‘ eta Guaixeren ‘Ezinezkoa zelan esan ziguten‘. Eta ‘Ikus-entzunezko onena’ kategorian Guaixeren ‘Hitz eta Putz‘, Gukaren ‘Olatz Mercaderri elkarrizketa‘ eta Antxeta Irratiaren ‘Lodifobiaren aurkako ahotsak‘.
Sarion helburu nagusia da toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ahaztuta geratzen den kazetaritza lan bikaina aldarrikatu eta gizarteratzea.
Sariketa antolatzeko, Tokikomek Mondragon Unibertsitatearen laguntza eta Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Euskarabidearen zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa jaso du.
Adimen artifiziala hizpide
Sariak banatzeaz gain, Tokikomek aukera aprobetxatu nahi izan du sektorearen erronken inguruko gogoetak eta eskarmentua partekatzeko.
Aurten RTVEko Urbano Garcia Alonso gonbidatu du Tokikomek, Adimen Artifizialak kazetaritzan dakartzan aukerak eta arriskuak aletzeko.
Urbano Garcia Canal Extremadurako zein RTVEko Extremadurako zentroko arduradun izandakoa da, eta bietan jardun du albistegietako erredakzioetan digitalizazio prozesuen arduran.
☉ Zaratamo
Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Beñat Garcia Salcedo: «Etxea dena da guretzat, lantokia, eta gauden tokian egonda baita paradisua ere»
Etxea, edo, zehazki, baserria, den-dena da Beñat Garcia Salcedorentzat. Madariaga auzoko zaratamarra zoriontsu bizi da bere lantokia ere baden Arati Landetxean

Etxea, edo, zehazki, baserria, den-dena da Beñat Garcia Salcedorentzat (Zaratamo, 1990). Madariaga auzoko zaratamarra zoriontsu bizi da bere familiaren baserrian. 2016an Arati Landetxea proiektua abiarazi zuen Beñaten familiak. Landetxeak Hego Uribeko landa eremuaren lasaitasuna eskaintzen dio bisitariari, baina ez hori bakarrik: bertan ostatu hartzeko aukera izateaz gain, bisitariek baserriko bizimodua lehen pertsonan ezagutzeko aukera dute.
Proiektuaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz aritu gara Garciarekin, Zaratamo eskolako haurren bisita baten erdian. Umeek txundituta entzun dituzte Aratiko arduradunaren azalpenak, eta Amir izeneko behorraren konpainian eman dute goiza. Orain artekoa gutxi ez, eta epe ertainera begira baserria eskola bat sortzeko lanean ari da Garcia.

Beñat, oiloen inguruko azalpenak ematen // Geuria
Zer esanahi dauka ‘etxe’ hitzak zuretzat, Beñat? Etxea guretzat baserria da. Bertan jaio zen nire familia eta etxe mota horren “magia” hori ez dugu inoiz galdu gura izan. Etxea dana da guretzat. Nire andrea Basaurikoa da eta errealitate oso ezberdinak bizi dira Zaratamorekin alderatuta.
Zaratamoko baserrian dana sentitzeko aukera izan dugu txikitatik: askatasuna, etxetik irten eta bertan animaliak ikusteko aukera izan dugu betidanik. Etxea paradisua da guretzat eta gure bizitzaren parte handia ez ezik, gure bizitzaren ardatza izan da, eta ez dugu hori inondik inora ere aldatu gura izan. Bertako natura eta kilometro gutxira topa daitezkeen inguruak ezin dira beste inon aurkitu.
Zure kasuan aipamen berezia merezi du etxebizitzak, bertan negozioa daukazulako. Etxearen ideia nire gurasoen partetik dator. Negozioa etxe honetan daukagu eta gu alboko baserrian bizi izan gara betidanik. Baserrian animaliak izan ditugu beti eta negoziorako erabiltzen dugun etxea animalientzat erabili izan dugu.

Familian hiru seme gara eta aitaren asmoa etxetik gertu egotea izan da. Horregatik daude hain gertu etxe biak. Landetxeko lehen urteetan beheko solairuko apartamentu batean egon nintzen bizitzen bikotekidearekin, ondoko baserri batera joan baino lehen. Gainontzeko apartamentuak alokairuan daude eta amak kudeatzen ditu gaur egun.
“Familian hiru seme gara eta aitaren asmoa etxetik gertu egotea izan da”
Beraz, landetxeko eraikinak aldaketa hori izan zuen: animaliak izan zituen hasiera batean baina gero moldatu egin genuen nekazal etxe lasai bat sortzeko bertan. Gaur egun nire anai txikia bizi da landetxeko beheko solairuan. Gainontzeko apartamentu guztiak eskuragarri daude bisitarientzat. Erabaki honen arrazoia etxearen “magia” hori ez galtzea izan da, bisitariek inguru lasaian kokatuta dagoen eraikin hau gozatu ahal izateko, eta bide batez, gure bizimoduaren parte bat izaten jarraitzeko.

Negozio lez, landetxeak indarguneak izango ditu. Inguruan industria asko dago eta Aratik arnasgunea eskaintzen die bezeroei, Bilbotik oso gertu. Bezeroen parte handi bat lan kontuengatik datozenak izan ohi dira, eta topatzen duten lehenengo gauza horixe da: lasaitasuna. Atseden hartu ostean hurrengo egunean prest daude lanari gogoz ekiteko.
Baina Aratik lo egiteko aukera baino gehiago eskaintzen ditu. Lan egitera datorren jendeaz gainera aukera oso polita da familientzat. Askotan apartamentu guztiak erreserbatzen dituzte familiek eta kasu horietan jarduerak antolatzen ditugu umeentzat. Askotariko animaliak ditugunez, esperientzia ahaztezina izan ohi da txikientzat: behiak, ardiak… eta zaldiak ikusteko aukera daukate. Gainera, baserriko zaldiek edozein haurrekin egoteko gaitasuna daukate: oso ohituta daude, eta mendian gora eginez basoa baino ez daukagu. Osagarri bikainak dira zaldiekin irteerak egin ahal izateko.
Gainera, kanpoko bisitariez gain herriko “bezeroak” hartzen dituzte zure baserriko hormek. Hala da! Jarduera hauek bateragarriak dira kanpotik datozen bezeroentzako eta baita herrikoentzako ere. Gaur, esaterako, Zaratamo eskolako haurrak izan ditugu. Eskolarekin harreman sanoa eta oso hurbila daukagu. Umeek baserriko errealitate hau ezagutu nahi dute, gure ingurua hobeto ulertu ahal izateko. Azken batean, duela gutxi arte, baserriko bizimodua ardatza zen Zaratamo bezalako udalerrietan. Auzotarrak baserrietan bizi ziren animalia batzuekin eta urtez urte bizimodu hori galtzen joan da. Esan bezala, gure lana baserriak oinarri dituen bizimodu hori belaunaldi berriei erakustea da. Baserrien magia ezin da galdu.

Laneko bisitariak, familiak, eskolako haurrak… zenbat bisita jasotzen dituzue urtero? Gure bisitarien profila zehaztea zaila da, oso anitza delako: gazteak, bikoteak, helduak… turismoaren esparrua ustiatzen duten bestelako enpresak bezala, uda garaia izan ohi da denboraldirik emankorrena gure baserrian. Udaberritik aurrera eskolako haurren bisitak izan ohi ditugu. Ikasturtea amaitu bezain pronto oporretako bisitak heltzen hasten dira: kuadrillak, bikoteak, familiak… Gainera, turismo aktiboa sustatzeko aukera ematen digu baserriak, eta jende asko ere arrazoi horregatik hurbildu egiten da gurera, zaldiek eskaintzen duten alderdi terapeutiko hori bizitzera, hain zuzen ere: animaliek asko transmititzen dute eta guk ere alderdi hori erakutsi nahi diegu. Azken batean, komunikabide askok zaldiek soilik korrika egiteko balio duten ideia saldu digute eta ekarpen gehiago egiten dituzte. Jendea pozik itzultzen da etxera esperientzia bizi ostean.
Horiek horrela, Aste Santutik aurrera hasten den denboraldian 500 ume etortzen dira urtero, gutxi gorabehera. Gainontzeko sasoietan jarduerak asteburuetan antolatzen ditugu gehienbat, eguraldiagatik eta argi orduen kontuengatik bereziki.
Etxean egiten duzue lan, eta jendea gozatzera eta atseden hartzera dator zuengana. Nolakoa da nor bere lana besteen aisialdiarekin tartekatzearen esperientzia? Zorionekoa naiz, nire lana ez dudalako lan modura ikusten. Gure lana besteei baserriko bizimodua erakustean datza eta oso aberasgarria da ideia hori bisitariari helaraztea. Lanean gaude, bai, eta besteak denbora-pasan, baina egia esan behar bada gure sentsazioa bezero horiek lagun bihurtzen ditugula da.

Alde onak aipatu dituzu, alde txarrik al dauka etxean negozioa izatearen bizimodu honek? Kanpotik ikusten ez diren lan horiek dira gure laneko alde txarrak: ama etxeko lan guztiak egiteaz arduratzen da. Niri dagokidanez, animaliekin zerikusia duten lanak egiten ditut: garbiketa lanak, zainketa… guretzat ez dago asteburu librerik, ezta oporretan joateko aukerarik. Zorionez, familia elkartua gara eta irteerarik egiteko beharra badaukagu elkarren artean konpondu egiten gara.
Etxea bizilekua eta lantokia bihurtu duzue familian. Ametsik geratzen al da etorkizunari begira? 2016an abiarazi genuen Arati Landetxea eta emaitza oso onak izan ditu. Gure arazo bakarra uda amaitu osteko hilabete horiek izan ohi dira. Horregatik, ‘Baserri Eskola’ izeneko proiektu berri bat hasi gura dugu epe ertainera begira Zaratamon eta helburua baserriko bizimodua erakustea da azpiegitura egokiagoekin eta hain garrantzitsuak diren funtzio jakineko animaliekin: astoak, txerriak, oiloak…
Etxe eta bizitzak: eta zu, nola bizi zara?
Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Karmele Gorroño, ilustrazioa
Etxe eta bizitzak: eta zu, nola bizi zara?
Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Hego Uribe zenbakitan

Zenbat etxebizitza huts daude Hego Uriben? Zenbat pertsona nagusi daude gure eskualdean? Ze behar izango dituzte etorkizunean etxean bakarrik bizi badira? Zenbat hazten da biztanleria bataz beste metroa heltzen den herrietan? Zenbatekoa da atzerriko populazioa gure herrietan? Monografikoan zehar elkarrizketatuek eurek eman dituzte etxebizitzarekin eta merkatuarekin lotutako hainbat gako, eta orrialde hauetan guk zenbakitan jarri ditugu, horrela eskualdearen argazki zehatzago bat osatze aldera. Datuak, hotzean, zenbaki hutsak dira, baina adi erreparatuz gero egungo egoerari buruzko analisia osatzen, eta etorkizun hurbilean gertatu daitekeena aurreikusten lagunduko digute. Bada etxebizitza eskubidea, edo gero eta urrunago gaude horretatik?

% 27,8
65 urtetik gorako populazioa Basaurin. Gero eta zaharragoa da Hego Uribe populazioari dagokionez, eta Basauriren kasuan are eta nabariagoa da fenomeno hori. Azken datuen arabera, populazioaren % 27,8 65 urtetik gorakoa da Basaurin, ia hamarretik hiru. 65etik gorako populazioa 11.088 herritarretan kokatzen da, eta 0-19ko tartea ia bikoizten du (6.147). Etorkizunera begira, horrek behar bereziak sortuko ditu etxebizitzen irisgarritasunari eta mugikortasunari dagokionez.

Argazkia: Mark Timberlake, Unsplash
+ 3.000
Hutsik dauden etxebizitzak eskualdean. Basaurin 1.000 etxebizitza inguru daude hutsik, Galdakaon 961, Arrigorriagan 500dik gora, eta Ugaon 300tik gora. Eskualdeko beste herrietan ez dago datu ofizialik, baina soilik datu hauei erreparatuz gero 3000tik gora etxebizitza daude hutsik eskualdean. Azken aldian, etxe horiek merkaturatzerako saiakerak egin dituzte erakundeek, zergak igoz edo hobariak eskainiz, baina oraindik ere tarte zabala geratzen da etxebizitza horiek alokairuan irten daitezen.
% 7-13
Atzerriko populazioa. Atzerriko populazioa % 7-13 artean kokatzen da Hego Uriben. Euren bizi proiektua gurean garatzen hasteko arazorik handienetariko bat etxebizitzarekin daukate. Alokairuaren merkatuan ez dute apenas alokatzeko aukerarik izaten, alokatzaileek zuzenean baztertzen dituztelako. Hori horrela, askotan familia bat baino batuz lortzen dute alokatzaileek eskatzen dituzten baldintzak betetzea. Hego Uriben ere gero eta ohikoagoa ari da logelaka alokatzea etxeak.

Argazkia: Jakub Zerdzicki, Unsplash
% 15
Etxebizitzen garestitzea. Metroaren etorrerak hainbat onura izan ditu Etxebarrin eta Basaurin, eta gauza bera gertatutako da Galdakaon eta Usansolon ere. Hala ere, metroa heldu den herrietan bataz beste %15a garestitu da etxebizitzen prezioa. Horri gehitu behar zaio Bilborekin lotura erraza duten herrietan aldi baterako alokairuak agertzen hasten direla, eta orain arte Hego Uriben zenbakiak txikiak diren arren, haziz doan negozioa da. Gure herrietako etxebizitzak espekulatzaileentzat interesgarri bilakatu daitezke. Horregatik garrantzitsua da erakundeek praktika hauei muga jartzea. 2027rako dago aurreikusita helduko dela metroa Galdakaora, eta aurrekariak ikusita galtza bete lan izango dute egoera errepikatu ez dadin.

Etxe eta bizitzak: eta zu, nola bizi zara?
Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Hego Uribeko kale paisaia: iragana, oraina eta etorkizuna (III)

Hego Uribe eskualdeko kale paisaia aztertu dugu ‘Etxe (eta) Bizitzak’ monografikoan. Hiru atal topatuko dituzu webgunean; hau hirugarrena eta azkena:
Etxeko leihotik
Zeberio
Hego Uribe eskualdea (Arratia-Nerbioi barrualdean kokatua) 10 udalerrik osatzen dute, eta guztira 100.000 biztanletik gora biltzen dira. Zeberio da udalerri horietako landagune nabarmenetako bat, 40 km² inguruko azalera eta ia 1.100 biztanlerekin (EUSTAT, 2023). Herriaren kokalekuak —mendien babesean eta ibar lasai baten erdian— naturaren presentzia nabarmena ahalbidetu du mendeetan zehar. Baina inguru horrek ez dio bizkar eman industriari: eskualdean dagoen oreka berezi baten parte da. XX. mendeko erdialdetik aurrera, Hego Uribek garapen industrial handia ezagutu zuen, bereziki Basauri eta Galdakao inguruan, eta horrek eragin zuzena izan zuen inguruko landa-eremuetan. Garraio-sarearen garapenak, bereziki trenbideak eta errepide sareek, eskualdea elkarlotzea ekarri zuten. Hala ere, Zeberio bezalako udalerriek, mendialdeko kokapena medio, ez dute industria astuna bereganatu, eta horrek ahalbidetu du natura-ingurunea, neurri handi batean, bere horretan mantentzea.
Hortaz, Zeberioko leihotik begiratzen duenak bi munduren arteko bizikidetza ikus dezake: alde batetik, garapen industrialaren aztarnak, eta bestetik, landa-paisaia berde eta lasaia. Horretan datza Hego Uriberen berezitasunetako bat: naturaren eta industriaren arteko oreka. Kontraste hori ez da soilik estetikoa; funtsezko gako bat da eskualdearen egituraketan eta etorkizunaren ulermenean.
Zuhaitzen artean ageri diren teilatu gorrixkek, behean ibiltzen den errekatxoak eta urrunean doan kamioi-kate batek elkarrekin osatzen dute paisaia hori.
Eta paisaia horren ikusle, Zeberioko leihotik begiratzen duenak ulertzen du: Hego Uribe ez da bakarra bere industria-iraganagatik, ezta naturagatik bakarrik ere, baizik eta bien arteko harreman konplexu eta aberasgarriarengatik.





