Sareak

☉ Arrigorriaga

Alex Pascual: “Kameraren aurrean zaudenean, batez ere zuzeneko bat egitean duzun tentsio puntua izugarri gustatzen zait”

Kazetaritza ikasle zela, Gorliz Irratian lehen aldiz mikrofono aurrean jarri zenetik ez da gelditu ere egin Alex Pascual arrigorriagarra. Egun ETB2 kateko Con la calle a cuestas saioko zuzendaria da.

|

arrigorriaga alex pascual elkarrizketa 2018 geuria 043 ale berezia berba eta irudia
'Con la calle a cuestas' ETBko telebista saioan dihardu lanean Alex Pascual arrigorriagarrak // Argazkia: Utzitakoa

Geuria #043 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Berba eta irudia. Zinema, antzerkia eta telebista. Basauriko Antzerki eskolatik ‘Handia’ filmeraino”
Irakurri osorik PDFan

Komunikabideetan urte askotan lan egin ostean egonkortasun bila beste ibilbide profesional bat hartzea erabaki duen jende asko ezagutzen duela dio: “Azkenean, seme-alabak edo familia bat osatzeko asmoa baduzu, egonkortasun minimo bat behar duzu, eta lan honetan oso zaila da”. Ezin ditu oporrak planifikatu, hilabete batzuk barru izango duen lanari buruz arrasto handirik ez du, baina orain urte mordoxka bat, oraindik kazetaritza ikasle zela, Gorliz Irratian lehen aldiz mikrofono aurrean jarri zenetik ez da gelditu ere egin, eta egun ETB2 kateko Con la calle a cuestas saioko zuzendaria da Alex Pascual (Arrigorriaga, 1981). 

Askotan esaten da mundu honetan lan egiteko zortea faktore garrantzitsua dela, ahoz ahokoak asko balio duela, une egokian toki egokian egotea… Halakoek zenbat dute mitotik eta zenbat egiatik?
Gauza guztietan bezala, zortea beti garrantzitsua da, baina argi dago zortea bilatu egin behar dela. Karrera bukatu bezain pronto ezin duzu etxean geratu telefonoak noiz joko duen zain. Nik hasieratik argi izan dut; gure arloan konpetentzia handia dago, eta horregatik karrera hasi eta berehala praktikak egiten hasi nintzen. Izan ere, ikasketak bukatzen ditugunean, denok besopean titulua daukagu; nolabait esatearren, denok gara berdinak. Baina tituluaz gain beste zerbait baldin baduzu, eskarmentua, hain zuzen, aurrerapauso garrantzitsua ematen duzu lana aurkitu ahal izateko.

Nola sartu zinen zu ofizio honetan?
Esan dudan bezala, nire lehenengo lana unibertsitateko lehenengo edo bigarren urtean izan zen. Kanpusean kartel bat ikusi nuen, esanez jendea behar zutela Gorliz Irratian praktikak egiteko, eta bi aldiz pentsatu barik, eskaera bidali nuen (garai horietan ez nuen kurrikulumik ere). Urtebetez Gorlizen lanean aritu eta gero, etxetik hurbilago zegoen beste aukera bat sortu zitzaidan, eta Basauriko Oye Radion hasi nintzen lanean, musika jartzen eta esatari moduan. Sortu berria zenez, aukera ugari zabaldu zizkidan. Adibidez, zuzendariak albiste zerbitzuak sortu nahi zituen, eta ni arduratu nintzen lehenengo albistegi horiek martxan jartzeaz.

Oye Radion lanean nengoenean jaso nuen ETBko deia bekadun moduan albistegietan sartzeko. Ordura arte, ez nuen inolako eskarmenturik telebistan, baina aukera aprobetxatu behar nuela ikusi nuen, eta pentsatu barik, baietz esan nuen. Kiroletan hasi, eta albistegietatik pasa eta gero, hainbat produktora ezberdinekin lan egin dut, gaur egun arte.

Askotan ikusi zaitugu telebistan erreportari lanetan, kameraren aurrean eroso zenirudien beti! Hala al da?
Irratian zein telebistan denetarik egitea egokitu zait. Eta ahalik eta hoberen egiten saiatu naiz beti. Egia esan oso gustura nago orain, kameraren atzean, eta oso gustura egon naiz kameraren aurrean nengoenean ere. Leku bakoitzak dauzka bere gauza onak eta txarrak, baina gauza onenen artean, nik elkarrizketatuekin edo istorioen protagonistekin duzun gertutasuna aukeratuko nuke. Gainera kameraren aurrean zaudenean, batez ere zuzeneko bat egitean daukazun tentsio puntu hori izugarri gustatzen zait. Eta zuzenekoa bukatzean, eta dena ondo atera dela ikusten duzunean sentitzen duzun poza, euforia zoragarria da.

Azken urteotan euskal herritar asko pantaila txikira lotu dituen El Conquistador del Fin del Mundo eta El Conquistador del Aconcagua saioetan lanean aritu zara parte-hartzaileen aukeraketan. Zer moduzko lana izan zen? Anekdota bat baino gehiago utziko zizun…
Niretzako beste lan berri bat izan zen hori. Ordura arte ez nuen horrelakorik egin, eta kasu horretan ere, asko ikasi nuen. Izugarrizko ardura da partehartzaileak izango direnak aukeratzea, azken finean, jende askoren ametsa da El Conquisen sartzea, eta gure esku zegoen erabakia!

Mota guztietako jendea aurkitzen duzu horrelako kasting erraldoi batean. Askok frikien bila genbiltzala leporatzen ziguten eta ez sasoian edo indartsu zegoen jendearen bila. Baina ez zuten kontuan hartzen El Conquis ez direla direla Joko Olinpikoak. Telebista lehiaketa bat da, eta mota guztietako jendea behar duzu bertan parte hartzeko; bai indartsuak, bai ahulak, bai kirolariak eta baita festazaleak ere. Denetarik.

El Conquiseko lehiakideen hautaketa prozesuan aritzeak horrelako programa baten atzean zenbat lan dagoen konturatzeko balio izan dit. Izan ere, programa bat arrakastatsua izatea ez da zorte kontua, aurre-produkzio ona edukitzea ezinbestekoa da, kasting on bat, adibidez.

Estatu mailako hainbat katetan ere lanean aritu zara. Asko aldatzen al da lan egiteko modua, erritmoa etab.  ETB bezalako kate batetik estatu mailako beste batera pasatzean?
Atsotitzak esaten duen bezala, “urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau”. Leku guztietan bere gauza onak eta txarrak daude, eta komunikabideetan ere bai. Baina orokorrean, estatu mailako kateek aurrekontu handiagoak dituzte, eta ondorioz, langile gehiago kontratatu ditzakete produkzio baterako. Zentzu horretan, zure lana, agian, zehatzagoa bihurtzen da. Elkarrizketa bat egiteko, aurretik prestatu egin behar da, eta estatu mailako kateetan, erreportaria ez den beste pertsona batek egiten du lan hori eta askotan gertutasuna galtzen da.

Estatu mailako kate horien artean, TVEn aritu zinen lanean. Kate horretako langileen protesten berri egunero izaten ari gara orain, jasaten duten informazio kontrola dela eta… Ezagutu al zenuen halakorik bertan egon zinenean? Nola bizi duzu gaia?
Gaur egun TVEn ikusten ari garen protestak batez ere informazio-irizpideekin daude lotuta. Nire kasuan, España Directo saioan ibili nintzenez, ez nuen horrelako presiorik jasan, gaiak nolabait esateko, sozialagoak zirelako. Baina kezkagarria da norbaitek bere ikuspuntua inposatu nahi izatea, edozein egoeratan.

Egun estatu espainiarrak duen jarrera kontuan izanda, arazoari konponbiderik ikusten al diozu?
Gobernuek telebista publikoen jabeak direla pentsatzen duten bitartean, ez dut konponbiderik ikusten. Kazetari guztiok badakigu ezinezkoa dela objektibotasuna lortzea albiste bat kontatzean, baina gizarte plurala nahi badugu, informazio askatasuna behar-beharrezkoa da.

Hainbat saiotako zuzendari ere izan zara. Oker ez bagaude, une honetan ETB 2ko Con la calle a cuestas saioko zuzendaria zara. Zein ardura ditu halako saio bateko zuzendariak? Audientzia datuek lorik kentzen al dizute?
Jendeak zuzendari hitza entzuten duenean pentsatzen du Telefónica edo BBVA bezalako konpainia bateko zuzendaria zarela; kolperik eman gabe bizi zarela eta dirutza irabazten duzula. Baina ez du zerikusirik. Nire kasuan, oso lantalde txikia garenez (baina oso ona eta langilea, hori bai), denok denetarik egin behar dugu. Nire arduren artean dago, adibidez, programaren gai nagusia eta bertan jorratuko diren istorioen enfokea erabakitzea. Audientziari dagokionez… bai, ostegunetan (programa emititzen den egunean) lo egitea gehiago kostatzen zait normalean. Askotan oso programa potentea egin duzula pentsatzen duzu eta hurrengo eguneko audientziak ez dira oso onak, eta besteetan, kontrakoa gertatzen da: agian ez zara oso pozik geratu programarekin eta audientziak kontrakoa esaten du. Asmatzea oso zaila da.

Ogibide honen alde txarretako bat ezegonkortasuna dela diote. Nola bizi duzu zuk aspektu hori?
Bai. Duda barik, ezegonkortasuna da txarrena ogibide honetan. Eta tristea da esatea, baina azkenean moldatu egiten zara. Jende asko ezagutzen dut komunikabideetan urte pilo bat eman eta gero, azkenean beste ibilbide profesional bat hartzea erabaki duena egonkortasun horren bila. Azkenean, seme-alabak edo familia bat osatzeko asmoa baduzu, egonkortasun minimo bat behar duzu, eta lan honetan oso zaila da. Nik, oraingoz familia kargarik ez dut, baina ezin ditut inoiz oporrak planifikatu, hemendik hilabete batzuetara edukiko dudan lanari buruz ez baitakit ezer.

Zein asmo edo proiektu dituzu aurrera begira?
Lehenik eta behin Con la Calle a Cuestas programa bukatzea da nire proiektu bakarra. Hurrengo denboraldiari begira beste proiektu pare batekin ere bagabiltza. Baina badakizu… oraindik itxi barik dauden proiektuei buruz hitz egiteak ez dakar zorte onik.

Di-Da

Egun libre bat duzunean zer egiten duzu? Gehienetan, deskantsatu. Astean zehar lo gutxi egiten dut eta asteburuetan iratzargailu barik esnatzea gustuko dut. Horrek esan nahi du askotan eguerdi aldera esnatzen naizela!

Zure bertute bat? Sinpletasuna. Gauzak zailtzea ez dut gustuko, eta lanean ere praktikotasuna bilatzen saiatzen naiz beti

Zure akats bat? Lanarekin dudan 24 orduko lotura. Askotan lanetik deskonektatzea kostatzen zait

Zein da egin duzun azken bidaia? Oportora. Oso ondo dago, baina Lisboa nahiago dut

Eta egin nahi zenukeena? Australiara

Libururen bat irakurtzen ari al zara? Une honetan ez. Hori bai, prentsa gehiena irakurtzen dut egunero

Eta telesailen bat ikusten? Game of Thrones zale amorratua naiz, baina denboraldi berria estreinatu arte… Orain Netflixeko serieak ikusten ditut: azkena, 13 reasons whyren bigarren denboraldia

Abesti bat? Bat bakarrik? Orain uda usaina dagoenez, abesti martxoso bat aukeratuko nuke: Years and Years taldearen King, adibidez

Pelikula bat? Goodbye Lenin

Besteengan gehien miresten duzun bertutea: Gardentasuna.

Non eta noiz zara zoriontsu? Nire familia edo kuadrillarekin, afari batean. Arrigorriagako jaietan, adibidez

☉ Arrigorriaga

Jardueraz betetako programa prestatu dute azaroan Arrigorriagan, A25eko testuinguruan

Hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza bezalako jarduerak prestatu dituzte datozen egunetan

|

Martxa feminista, joan den martxoaren 8an, Arrigorriagan // Geuria

Azaroaren 28ra bitartean jardueraz betetako programa antolatu dute Arrigorriagan, Emakumeen Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren testuinguruan.

Jarduerak Arrigorriagako Udalak eta Lamiaena emakumeen etxeak antolatu dituzte herrigunean: hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, A-25eko elkarretaratzea, Garrasidromoa, argazki erakusketa…

Egitaraua | A-25a Arrigorriagan

Azaroak 10, asteazkena
17:00 Indarkeria matxistaren aurkako erakusketa (Carolina Zuluaga), Lamiaena.
Inaugurazioa, azaroaren 12an, 18:00etan

Azaroak 11, astelehena
18:30 Zineforuma: La Virgen Roja

Azaroak 18, asteartea
18:00 Solasaldia: Emakumeak eta arrisku kardiobaskularra, Lamiaena

Azaroak 21, ostirala
Mural ibiltaria: ‘Elkarrekin isiltasuna hausten dugu’

Azaroak 23, igandea
12:00 Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, udaletxetik hasita

Azaroak 25, asteartea
19:30 Elkarretaratzea, udaletxeko plaza
20:00 Garrasidromoa: “Oihukatu indarkeria matxistaren aurka!”
Panel informatiboa: 2010-2015 bitartean eraildako emakumeak

Azaroak 26, asteazkena
18:00 Tailerrak: Erresistentziaren Ahotsak “Eta zure ahotsa irudietan kontatu ahal izango balitz?”

Azaroak 27, osteguna
18:00 Solasaldia: ‘Indarkeria matxista eta negazionismoa: erantzun feminista eta juridikoak atzerapausu legalen aurrean’, Lamiaena

Abenduak 12 – urtarrilak 30
17:00 Argazki-erakusketa: ‘Irregulartasuna indarkeri anizkoitza eta desentralizatua da’, Lamiaena
Inaugurazioa: abenduak 12, 17:30

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bazkaria, kontzertuak eta mendi martxa antolatu dituzte Arrigorriagako Gaztetxearen urteurrenean

Azaroaren 29an antolatu dute urteurrena eta egun osoan zehar jarduerak antolatu dituzte Gaztetxean eta inguruetan

|

Bost Axola Potxola taldea, Zeberion // Bost Axola Potxola

Arrigorriagako Gaztetxearen zortzigarren urteurrena ospatuko dute azaroaren 29an, eta hainbat jarduera antolatu dituzte egunean zehar.

Lehen jarduera mendi martxa izango da. Urteurren guztietan lez, asmoa igoera Artandara egitea da, “baina euria egitekotan bertan behera geratuko da jarduera”, azaldu dute Gaztetxetik.

Mendi martxaz gainera bazkaria eta bazkaloste musikatua antolatu dute Gaztetxean ‘Bost axola potxola’rekin. Bazkaltzeko prezioa 13 eurokoa izango da.

Arrasti aldera Joseto ta Alayak-en elektrotxaranga egingo dute herrian zehar eta gaualdean Gaztetxeko kontzertuei paso emango diete Niere, Tobogan eta Beranduegi Erromeriarekin.

Egitaraua | Arrigorriagako Gaztetxearen VIII. urteurrena

Azaroak 29, larunbata

10:00 Mendi martxa Artandara
15:00 Bazkaria + bazkaloste ‘Bost axola potxola’ taldearekin Gaztetxea
18:00 Elektrotxaranga: Joseto ta Alayak
22:00 Kontzertuak: Niere + Tobogan + Beranduegi Erromeria

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak / Enriqueta Hortalak badu bere kalea eta herritarren merezitako omenaldia Arrigorriagan

Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertara hurbildu direnentzat. 

|

Enriqueta Ortala kalean batu dira herritarrak // Geuria

Eguraldia lagun izan ez arren, asko izan dira gaur goizean Enriqueta Hortala kalera hurbildu diren arrigorriagarrak. Gaurtik aurretik izen berri hori ere presente egongo baita  herriko kale izendegian.

Ekitaldian, antolatzaileek nabarmendu dute “musikaren munduan herrian erreferente izan zen emakumeari” eskaini zaiola kalea, “besteak beste emakumezkoen abesbatzaren sortzaile izan zelako”.

Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertaratu direnentzat.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Kale izendegiari beste emakume izen bat gehituko diote Arrigorriagan larunbat honetan: Enriqueta Hortala

Joana Etxeberria, Politika Feministetako zinegotziak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari

|

Udal ordezkariak Enriqueta Hortala kalean // Geuria

2021ean Kultur Etxe berriari Edurne Garitazelaia izena emanda hasitako bideari (2023an Teodosia Ortega parkearen txanda heldu zen) jarraipena emango dio Arrigorriagako Udalak larunbat honetan, Kultur Etxe atzeko kaleari Enriqueta Hortala Cimiano izena emanez. Helburua, udal ordezkariek azaldutakoaren arabera, “emakumeei espazio publikoan euren tokia ematea da”.

Helburu hori aurreko legealdian finkatu zuten Arrigorriagan: “izen hauek guztiak bere momentuan Berdintasun Kontseilutik abiarazi genuen prozesu parte hartzailean aipatuenak izan ziren. Horien arten Enriqueta Hortalarena izan zen boto gehien jaso zuenetariko bat” gogorarazi du Etxeberriak.

Zergatik, baina, aitortza hau Hortalari? “Artista polifazetikoa izan zen Hortala, betiere musika munduari lotutakoa. Pianojolea izateaz harago, irakaslea ere bazen, eta egun Albaraka izena duen abesbatzaren sortzailea ere izan zen”.

Bere hitzartzeari amaiera emateko, Etxeberriak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari: “Azken finean, emakume hauek ekarpen handia egin diote gure kulturari, kirolari, euskarari eta bizitzaren sostenguari”.

Maite Ibarra alkateak, bere aldetik, “gure herriaren historian ekarpen funtsezkoa egin zuen emakumea” izan zela nabarmendu du.

Bukatzeko, Lourdes Perosanz Berdintasun teknikariak larunbateko ekitaldiaren xehetasunak eman ditu, eta herritarren parte hartzea funtsezkoa dela nabarmendu du.

12:00etan hasiko da omenaldia, eta bertan parte hartuko dute Aritzberri Dantza Taldeak, Artizarra Musika Eskolak, eta Hortalak sortutako abesbatzaren oinordekoa den Albaraka taldeak, hurrenez hurren. Bukatzeko mokadutxoa egingo dute Azokea aretoan.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak | Sorginek eta mamuek Arrigorriagako Gau Beltza hartu dute etxeko txikiekin

Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek

|

Mozorratutako neskatxo bat, Arrigorriagan // Geuria

Heldu da urriaren azken eguna eta horrekin… Gau Beltza. Azken urteetan ikusi denez, Hego Uribeko udalerri askotan antzinako tradizio hau berreskuratzen joan dira herritarrak eta Arrigorriagan ez dira gutxiago izan.

Izan ere, Arrigorriagako Gau Beltza etxeko txikientzat eta gazteentzat prestatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek 17:30ean. Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute, sorginen txano eta sendabelarren artean. Ondoan, kalabazak apaintzeko eta aurpegiak margotzeko eta eskulan-tailerra prestatu dute.

Orduek aurrera egin ahala, herritarrak udaletxeko plazara hurbiltzen hasi dira, askotariko mozorroekin jantzita eta jolas eta koreografiak egin dituzte bertan. Amaitzean kalejira antolatu dute herriko kaleetan barrena.

Osorik irakurri