Sareak

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Gure Magalean Mendi Taldeak irteera egingo du Garrastatxuko inguruetara

Izena emateko epea urriaren 9ra bitartean zabaldu dute mendi taldekoek

|

Garrastatxuko inguruak // Jon Goikouria Larrabeiti

Urriaren 12an ibilbidea egingo dute Gure Magalean Mendi Taldekoek Garrastatxuko inguruetatik (Araba). Izena emateko epea urriaren 9ra bitartean zabaldu dute mendi taldekoek.

Garrastatxu, behin ikusiz gero ahantzi inoiz ez. Gorbeiako Parke Naturalaren barruan, Andere Maria Errukiñeren baseliza bertan nagusi, inguru alde eder-ederrean, ikuspegia ere halakoxea.

Amurriotik hamabost minutura, beribilez, Baranbion, eta handik hara ibilteko bideak nahi beste. Baseliza ondoan larrain zelai bat, aire zabalean mahaiak, jarlekuak, sutokiak… eta asteburu-jaiegunetan taberna zabalik: Garrastatxuko txosna.

Garrastatxutik ibilbide ugari irteten dira Gorbeiara.

Izen emateak Gure Magalean Guraso Elkartearen webgunean edo info@guremagalean.eus helbide elektronikora idatziz egin daitezke.

☉ Arrigorriaga

Jardueraz betetako egitaraua prestatu dute Arrigorriagan, Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan

Udalak ipuin kontalariak, Jon Maiaren ‘Desde Extremadura al euskera’ hitzaldia, komedia gaua eta bertso saioa antolatu ditu abenduaren 14a bitartean

|

Abenduaren 14ra bitartean jardueraz betetako programa osatu du Arrigorriagako Udalak, euskararen presentzia eta erabilera udalerrian bultzatzeko helburuarekin: “Euskararen eguna abenduaren 3an izango den arren, jarduerak lehenago hasiko dira, azaroaren 28an, eta abenduaren erdialdera arte luzatuko dira, herritar guztien gustuko eskaintza bermatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.

Azaroare 28an, ostiral honetan, Eñaut Elorrietaren kontzertua eta haurrentzako Begizur antzezlana prestatu dute. Abendura begira, ipuin kontalariak, hitzaldiak, komedia gaua eta ‘Ez da kasualidadea’ izeneko bertso-saioa prestatu dute eta Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra eta Uxue Alberdi bertsolariak Lonbo aretoan izango dira.

Ekitaldi guztiak herrigunean zein Abusun antolatu dituzte.”Ekitaldi nagusiez gain, eskolako eta institutuko ikasleentzako propio diseinatutako egitarau paraleloa ere antolatu dituzte. Besteak beste, La Basu eta La Pulga musikariekin elkarrizketa musikatua egingo dute, ipuin kontalariak, antzerkiak eta bertso emanaldiak izango dira”.

“Arrigorriaga euskaldunagoa nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa da herritarrok euskaraz hitz egiteko ohitura bereganatzea”, azaldu du Gorka Etxebarria Euskara zinegotziak. “Udal Gobernutik udal euskaltegia dugu, diru-laguntzak eskaintzen dizkiegu talde eta elkarteei, bekak ditugu euskara ikasteko edota lanean dihardugu hizkuntza-paisaiaren normalizazioaren alde. Baina ahalegin horri erantzuteko, herritarrak animatu nahi ditugu euskaraz hitz egitera, lotsarik, beldurrik eta konplexurik gabe”. Horregatik, herritar guztiak animatu nahi dituzte Euskararen Nazioarteko Egunean antolatutako ekintzetan parte hartzera.

Egitaraua | Euskararen Eguna Arrigorriagan 2025

AZAROAK 28, ostirala
‘BEGIZUR’ ANTZEZLANA
12.30 Abusu Zentro Soziokulturala
EÑAUT ELORRIETA
20:00 Magdalena eliza

ABENDUAK 1, astelehena
‘KUKU MUKU’
Eskolako umeentzako egitaraua

ABENDUAK 2, asteartea
‘ETXEAN OTSO, KALEAN USO’
Eskolako umeentzako egitaraua
Lonbo Aretoa

ABENDUAK 3, asteazkena
TXAPELDUNAK
Eskolako umeentzako egitaraua
Lonbo Aretoa

ROSA MARTINEZ IPUIN KONTALARIA
17:15 Edurne Garitazelaia
‘HITZAK ZAPIAN’ IKUSKIZUNA
18:00 Udaletxeko plaza

ABENDUAK 4, osteguna
BERTSO-JASA
Eskolako umeentzako egitaraua
Lonbo Aretoa

‘DESDE EXTREMADURA AL EUSKERA’
19:00 Abusu Zentro Soziokulturala

ABENDUAK 5, ostirala
EZER EZ
Eskolako umeentzako egitaraua
Lonbo Aretoa

ABENDUAK 12, ostirala
KOMEDIA GAUA
20:00 Lonbo aretoa

ABENDUAK 13, larunbata
‘SCROOGE ETA MAMUAK’
18:30 Lonbo aretoa

ABENDUAK 14, igandea
‘EZ DA KASUALIDADEA’ BERTSO SAIOA
19:00 Lonbo aretoa

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Buia-Abusu Bilbobus linea Santa Isabelera luzatzeko eskatu diote Bilboko Udalari

Bilbobuseko 50. linea Santa Isabelera luzatzea Abusuko auzotarren aspaldiko eskaera da

|

Bilbobuseko unitate bat // Geuria

Mugikortasuna hobetzea helburu, Arrigorriagako Udalak eskaera egin dio Bilboko Udalari Buia eta Abusu konektatzen dituen Bilbobuseko 50. autobus linea “hobetzeko”.

Izan ere, linea hori Abusuko Santa Isabel auzora luzatzea proposatu dio Arrigorriagako Udalak Bilbokoari. Maite Ibarra alkatea Bilboko Udaleko Nora Abete Bilboko Udaleko alkateordea eta Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziarekin elkartu zen azaroaren erdialdean proposamenaren inguruan berba egiteko. Bilboko Udaletik eskaera hori aztertu eta abenduan erantzuteko konpromisoa hartuko zuela azaldu zuen.

Bilbobuseko 50. linea Santa Isabelera luzatzea Abusuko auzotarren aspaldiko eskaera da. Arrigorriagako Udalak, gainera, egunero herriko instituturaino iristea eskatu dio Bilbokoari, “Arrigorriagako erdigunea lotu ahal izateko”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Bertsio Gauaren bosgarren edizioan izena emateko epea zabaldu dute

Abenduaren 27an antolatu du Arrigorriagako Soinuarri Elkarteak Bertsio Gauaren bosgarren edizioa, Gaztetxean, 20:00etatik aurrera

|

Susterbaks, Soinuarrik antolatutako Kale Gorrian Fest IV jaialdian // Soinuarri & Iñigo Gonzalez Fuentes

Abenduaren 27an antolatu du Arrigorriagako Soinuarri Elkarteak Bertsio Gauaren bosgarren edizioa, Gaztetxean, 20:00etatik aurrera.

Urtero lez, epea zabaldu dute bertan jo nahi duten taldeek izena eman ahal izateko: “Utzi lotsak alde batera eta animau zaitez gauarekin bat egiten, zure musika gogokoena jotzera, ergelkeriak egitera eta esatera, eta zure gurasoak lotsaraztera”, azaldu dute Soinuarritik. Gainera, 2026an 10 urte beteko ditu Arrigorriagako elkarteak eta “gauzatxoak” prestatu dituztela iragarri dute.

Bertsio Gauari dagokionez, elkartetik azaldu dute “aukera ezinhobea” dela bandek zuzenean jotzeko eta “kristoren gauaz gozatzeko”. Parte hartu nahi duten bandek 15 minutuko emanaldia prestatu behar dute abesti propio edo bertsioekin. “Eszenatokian Soinuarri utzitako musika aparailuak egongo dira: bateria, baxua, gitarra bi eta anpliak. Nahi izanez gero, nork bere instrumentuak ekar ditzake”, argitu dute Soinuarritik.

Izena emateko soinuarrielkartea@gmail.com helbidera idatzi behar dute interesdunek. Bertan, taldearen izena, kide kopurua eta bakoitzaren rola eta jo beharreko abestien zerrenda idatzi beharko da.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagak 17,6 milioi euroko udal aurrekontua aurkeztu du 2026rako, aurtengoa baino % 6,8 handiagoa

Proposamena hurrengo egunetan aurkeztuko dela azaldu dute udal ordezkariek eta asmoa “urte berria onartutako udal aurrekontuarekin hastea” dela, ondo bidean

|

Peio Garmendia eta Maite Ibarra, udal aurrekontuaren proposamenaren aurkezpenean // Geuria

Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak, Peio Garmendia Ogasun eta Kontu zinegotziarekin batera 2026ko aurrekontu-proposamena egin du. 17.646.735 milioi eurokoa izango da, 2025eko baino % 6,8 handiagoa.

“Aurrekontu hauek Arrigorriaga kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko borondatez diseinatu ditugu. Herri gisa aurrera egiteko eta gure auzokide guztien bizi-kalitatea hobetzeko funtsezko tresna dira”, nabarmendu du Arrigorriagako alkateak.

Aurkezpena egin ostean, proposamenaren lerro nagusiak aurkeztu dituzte komunikabideen aurrean.

Arrigorriagako udal-aurrekontuaren proposamena 2026

– Hirigintza eta Auzoak: Arlo honetara milioi bat euro baino gehiago bideratuko ditu gobernu-taldeak eta hiru ekintza nabarmendu dituzte: Osasun eta Higiene auzoko espazio publikoen irisgarritasuna eta kalitatea hobetzeko obrak egitea; eskolako patioa gune inklusiboagoa eta birnaturalizatuagoa bihurtzea, eta hirugarrenik, kiroldegi berriaren lehen fasea eraikitzeko
proiektuaren idazketa martxan jartzea.

– Politika Feministak: Arlo honek 155.450 euroko partida jasoko du. 2019 urtearekin alderatuta diru kopurua bikoiztu dutela iragarri du Garmendiak.

– Gizarte Politikak: zaintza komunitarioen aldeko apustu irmoa egin dute, eta Zaindu Arrigorriaga izena izango duen proiektu bat jarriko da abian. Proiektu honek ‘Zainduz’, ‘Herri Lagunkoia’, ‘Zu Nagusi!’ eta ‘GEUna’ lan-programa batuko ditu. “Horri esker, programa guztien arteko lotura eta koherentzia lortu ahal izango da, udalerri solidarioago eta zainduago baterantz urrats garrantzitsua eginez”.

– Ekonomia eta Enplegua: esparru honetara 45.500 euro bideratuko dute enplegu-prestakuntzarako eta laneratzeko ikastaroak egiten dituztenentzako laguntza ekonomikoetarako. Bestalde, ArrigoBono kanpaina egiten jarraituko dutela iragarri dute, “tokiko merkataritzari bultzada emateko”.

2026rako udal-aurrekontuaren proposamenak Ingurumenera, Euskarara, Kulturara, Kirolera eta
udalerriaren garapenerako funtsezkoak diren beste arlo batzuetara bideratutako partidak ere
jasotzen dituela gehitu du Maite Ibarrak.

Peio eta Maite, Arrigorriagan // Geuria

Aurkezpena, laster

Gobernu taldea joan den irailean hasi zen udal aurrekontua prestatzen eta urrian lehen zirriborroa bidali zioten oposizioko alderdiei, horiek aztertzeko bilera batera gonbidapena eginez.

“Heldu diren iruzkinak aztertu ondoren egin dugu behin betiko proposamena”, azaldu du Ibarrak. “Argi utzi nahi dugu udal gobernu irekia garela eta negoziatzeko prest gaudela”.

Proposamena hurrengo egunetan aurkeztuko dela azaldu dute udal ordezkariek eta asmoa “urte berria onartutako udal aurrekontuarekin hastea” dela, ondo bidean.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Emakumeak eta arrisku kardiobaskularraren inguruko hitzaldia eskainiko dute Arrigorriagan

Saioa Aitziber Olabarrieta Kareaga kardiologiako erizainak eskainiko du Lamiaena emakumeen etxean, 18:00etatik 20:00ak bitartean

|

Bihotz bat // Kelly Sikkema, Unsplash

Astearte honetan, hilaren 18an, emakumeak eta arrisku kardiobaskularraren inguruko hitzaldia eskainiko du euskara hutsean Aitziber Olabarrieta Kareaga kardiologiako erizainak Lamiaena emakumeen etxean, 18:00etatik 20:00ak bitartean.

“Gaixotasun kardiobaskularra da emakumeen heriotzaren arrazoi nagusia, baina oraindik berandu diagnostikatzen da eta gutxiago tratatzen da gizonen aldean”, azaldu dute antolaketa taldetik. “Emakume-elkarte lokalek antolatutako hitzaldiei esker, errealitate hau gero eta gehiago ikusarazten da eta prebentzioa sustatzen da. Ezjakintasunak eta arriskuaren pertzepzio txikiak oztopo handienak dira, baina ezagutzarekin aldaketa posible da”.

Hitzaldian bihotza modu egokian zaintzeko gomendioak emango dituzte. Era berean, emakumeen kardiobaskular arriskua murrizteko ohitura osasungarriak eskainiko dituzte. Deialdia herritar guztientzat zabaldu dute.

Osorik irakurri