☉ Arrigorriaga
Imanol Rubio: «Gitarra nire bizitzan konstantea izan da hasi nintzenetik, logelan izan bada ere»
Goierriko Esanezin taldeko gitarjole arrigorriagarrak zazpi urte eman ditu Londresen Erasmus beka baten ondorioz. Ikasketak amaitu ostean Arrigorriagara itzultzea da asmoa, atzerrian ikasitakoa praktikan jartzeko

Imanol Rubio (Arrigorriaga, 1993) gaztea da, eta nabaritzen zaio. Bizitza hirutan zatituta dauka: Londresen, Arrigorriagan eta Tolosan. Kontrastez betetakoak, hirurak. Erandioko Ategorri Tartangan errealizazioa eta soinua ikasketak burutu ostean, Erasmus beka batek Londresera eraman zuen bere ezagutza handitzera. 2020ko pandemiak bere bizitza “argitzera” eraman zuen eta Londresko BIMM-ko unibertsitatean Popular Music Performance ikasketak burutzen ari da azken urte hauetan. Tartean, hegazkinak hara eta hona, Arrigorriagako senideak eta lagunak bisitatzeko eta Esanezin talde goierritarragaz entseguak egiteko astia ere badu (Tolosan egiten dituzte entseguak). Itzuli hauetan guztietan aldatzen ez den konstante bat gainean darama: gitarra. Instagrameko kontuan bideo ugaritan ikus daiteke instrumentuari helduta, abesti ezagun asko jotzen eta berreraikitzen, eta horrek bereziki gure arreta erakarri zuen.
Arrigorriagara egindako azken bidaian, hegazkinetik jaitsi eta gutxira lepotik heldu (irudizko adieran betiere) eta berarekin berba egiteko tarte atsegin bat izan genuen GEURIAn. Baita inprobisazio txiki bat zuzenean entzuteko aukera paregabea ere. Hementxe arrigorriagar gaztearekin jasotako berba batzuk.
Nor da Imanol Rubio eta zertan ematen du denbora?
Imanol musikarekiko pasioa duen 30 urteko gazte arrunt bat dela esango nuke. Gehienbat gitarra jotzen, kontzertuetan edo lagun eta familiagaz pasatzen dut denbora eta ahal dudanean mendira eta paseatzera joatea gustatzen zait.
Musikaren mundu horretan murgil gaitezen. Nondik datorkizu musikarekiko maitasun hau?
Nire etxean beti musika entzun da, batez ere kotxean. Oporretan joaten ginenean aitak beti musika eduki du, askotarikoa. Alde batetik euskal musika asko: Oskorri, Benito Lertxundi, Hertzainak; eta, bestetik, pixka bat denetik: Pink Floydetik Silvio Rodriguezera edo Alan Stivell. Amak beti kontatu dit nire izena Imanol kantautoretik datorrela, etxean beti asko entzun delako, eta berak ni jaio baino lehen musikaria izango nintzela beti jakin duela.
Ikasketak zure pasio horrekin lotu dituzu?
Hamar urtegaz gitarra elektrikoa jotzen hasi nahi nuen eta gitarra klasikoa urte batez egin ostean Andorran erosi nuen nire lehenengo elektrika. Arrigorriagako Artizarra musikaltegian ikasi nuen 7 urtez eta hortik aurrera nire kabuz aritu naiz, batez ere. Irakasle pribatuekin ere egon naiz, baina tarteka bakarrik. Zuzeneko esperientzien aldetik txikitan metal talde pare baten egon nintzen baina gehien jotzen hasi naizen momentua azkeneko hiru urteetan izan da bereziki. Hala ere esan liteke gitarra nire bizitzan konstante egon dela hasi nintzenetik, nire logelan izan bada ere.
Azken urteotan Londresen zaude. Zerk eraman zaitu bertara?
Duela zazpi urte etorri nintzen Londresera Erasmus beka bategaz, Erandioko Ategorri Tartangan errealizazioa eta soinua ikasi ostean. Praktikak amaitzerakoan enpresak kontratatu ninduen, urte bat eta gero freelance egin nintzen eta halaxe, gaur arte. Zoritxarrez (edo zorionez) pandemia pasa zenean nire bizitza birplanteatu behar izan nuen eta musika ikastea erabaki nuen. Horrek Popular Music Performance ikastera eraman nau BIMM-ko unibertsitatean (Londres, Ingalaterra) eta aurten amaituko ditut ikasketak bertan.
Nolakoa izaten ari da Londreseko esperientzia?
Gauza guztiak bezala alde on eta txarrak ditu. Batetik, familiarekiko eta lagunekiko distantzia gogorra da eta, nahiz eta teknologiaren aroan bizi, nire inguruko jendearen gertaera asko galdu ditut. Baina bestetik hemen profesionalki garatzeko aukera asko ditut, bai tekniko bezala bai musikari bezala. Hiri honetan dagoen lehia ikusita nire burua gehiago ikastera behartu dut atzean ez gelditzeko eta horrek profesionalki konfiantza asko eman dit.
Argi daukat ez dudala nire burua hemen ikusten betirako: nik uste urte bi gehiago emango ditudala hemen eta ondoren berriro Euskal Herrira bueltatuko naizela. Hala ere, badakit momentuz hemen egon behar dudala. Egia da leku bien arteko “zubi” bat egotea gustatuko litzaidakeela eta nahiz eta Euskal Herrian bizi Londresko gauza onak mantentzen saiatuko naizela.
Londresko musika kultura itzela da. Alde handia dago Euskal Herrian ekoizten denarekin?
Zaila da hori neurtzea, batez ere Londresek bederatzi milioiko biztanleria duelako eta gauza asko kanpoan ekoizten direlako eta hona ekarri. Egia da asko nabaritzen dela genero desberdinak direla nagusi leku bietan: adibidez, Londresen R&B edo Neosoul asko ikusten da; Euskal Herrian, ordea, Ska asko dago.Nabaritzen den desberdintasun handi bat gastatzen den dirua da, Euskal Herrian musikari izatea hobby bat bezala ikusten da askotan tamalez. Londresen jendeak diru gehiago gastatzen du ekipoetan baina aldi berean gehiago ordaintzen zaie musikariei, ekoizleei, teknikariei…. Orduan ,zentzu horretan lanbide bat bezala askoz ere normalizatuta dago.
Mundura zabalik duzun Instagrameko leihoan genero eta estilo anitzetako gitarra doinu famatuak jotzen dituzu, logelan muntatutako estudiotxoan. Zenbat denbora eskaintzen diozu musikari?
Ahalik eta gehien, egia esan. Zorionez, nire lana ere musika munduarekin lotuta dago eta horrek inoiz irudikatuko ez nituzkeen gauzak ikustera eraman nau. The Grand musika aretoan asko egiten dut lan eta bertan, adibidez, munduko musika asko ikusteko aukera izan dut: Iran, Kazakhstan, Brasil edo Txinako taldeak, adibidez.Horrez gain, etxean, kotxean, metroan, bizikletan… beti musikarekin nago, gehien kostatzen zaidana musikatik deskonektatzea da normalean.
Beste taldeen bertsioak jotzeaz gainera abesti propioak ere badituzu?
Aurten nire unibertsitateko proiektu finalarentzako EP txiki bat kaleratuko dut eta ikusiko dut zelan doan hori. Ordenagailua inoiz amaitu gabeko ideiaz beteta daukat egia esan eta espero dut egunen batean proiektu horiei forma ematea.
Bestalde, Goierriko Esanezin taldean ere gitarra jotzen duzu. Nola heldu zinen bertara?
Instagramari esker ezagutu nituen duela urte erdi, momentuz portfolio bat bezala erabiltzeko prozesuan nabil eta Eraulen Bourgogne abestia igo nuenean elkar jarraitzen hasi ginen. Uztailean bere gitarra-jotzaileak, Yerayk, taldea utzi behar zuela jarri zuten post baten. Idatzi nien interesatzen zitzaidala esateko eta hemen gaude.

Esanezin taldeko partaide da Rubio / Geuria
Aizu, bidaia asko dira: Londres, Arrigorriaga, Tolosa… Bateragarria al da Esanezin taldearekin jotzea Londresen bizi eta zure udalerria Arrigorriaga denean?
Momentuz bai. Azken batean, nik bueltatzeko intentzioa daukat eta haiek badakite; beraz, niretzat talde bat edukitzeak Euskal Herrian nire izena ezagutzera emateko aukera ematen dit. Musikaren munduak horrela funtzionatzen du, ahoz-aho, eta gero eta jende gehiago ezagutuz errazagoa izango da niretzat berriro etxera bueltatzea.
Londrestik bueltatu edo ez, hara eta hona ibili beharko zara, ziur! Nola antolatzen dituzue entseguak eta kontzertuak eta nolakoa izan ohi da sormen prozesua, taldearekin distantzia fisiko hain handia izanik?
Normalean entsegu bat edo bi egiten ditugu kontzertu bakoitzeko baina hori setlista prest eduki ostean. Hasieran hamar orduko asteburu bat izan genuen dena ondo prestatzeko. Taldean hasteko idatzi nienean nire egoera esplikatu nien eta jakinda Iñigo (teklatu-jotzailea) ere nahiko lanpetuta dagoela sistema hau adostu genuen eta, momentuz, ondo funtzionatzen digu.
Eta tartean, Arrigorriagarako astirik edo bertara hurbiltzeko aitzakiarik baduzu?
Bai beti, etortzen naizen bakoitzean familia eta lagunak ikusteko tartetxo bat ateratzen dut eta ahal bada pote batzuk hartzeko ere bai. Pena handia ematen dit Soinuarri elkartean gehiago egon ezin izateak baina momentuz denborak ez dit gehiagorako ematen.
Sareetan grabazio ekipo propio osatua eta gitarra ugari dituzula ikusten da. Zer egiten duzu etxean ekoizten dituzun eduki horiekin guztiekin?
Momentuz nire portfolio propioa sortzen saiatzen ari naiz, hor jendeak jotzen ditudan gauzak ikusi ahal izateko. Ideia ez da instagramer bilakatzea baina argi dago garai honetan sare sozialetan presentzia eduki behar duzula eta batzuentzat dirua irabazteko bide bat ere badela.
Garai digitalak mesede egin diezaieke musikariei euren lan propioak ekoizteko orduan?
Bai eta ez: zentzu batean erraztasuna ekarri du edonor izan daitekeelako musikari edo ekoizle, eta ez hori bakarrik: gaur egun sesio musikari izan nahi baduzu eta etxean ekipo ona baduzu ez duzu estudiora joan behar gauzak grabatzeko. Bestalde, ordea, nik uste musikaren kalitatea kaltetu egin dela arrazoi beragatik, edozein izan daitekeelako edozer eta horrek musika gero eta sinpleago izatea eragiten du. Adibide garbia da niretzat Estopa, esaterako: bigarren diskoa entzuten baduzu mota guztietako instrumentuak daude eta ekoizpen aldetik oso landuta dagoela nabaritzen da, baina azkeneko singleak entzuterakoan ikusten da ekoizpen aldetik askoz sinpleagoa dela.Sinpletasunaren beste adibide bat diskoak dira. Beren kultura pixka bat galdu egin da nire ustez. Gaur egun singleak dira atera behar direnak eta ia hilero edo bi hilero kaleratu behar ditu artistak. Zorionez, Euskal Herrian diskoen galera hori ez da hain handia izan eta oraindik diskoak kaleratzeko ohitura dago.
Nolako inbertsioa egin behar du musikari batek gaur egun disko propioa kaleratzeko etxeko logelatik bertatik?
Nik uste bi motako inbertsioak daudela, dirua eta denbora, eta egin nahi duzun musikaren araberakoa da batez ere. Trap edo Reggaeton abesti bat kaleratzea errazagoa da musika sinfonikoa konposatzea baino. Azken batean, gaur egun pluginak daude edozertarako baina “organikoa” ez den musika sortzeko erraztasun handiak sortu dira oso merkeak bihurtu direnak. Ildo beretik jarraituz, musika sinfonikoa egiteko pluginak erabiltzen badituzu askoz ere garestiagoak izango dira eta zure ekoizteko trebetasuna edo ezagutza askoz handiagoa da, eta horixe da denboran inbertitzea. Musika gero eta konplexuagoa izanda gero eta gehiago jakin behar duzu nola ekoiztu eta hori denborak eta esperientzia bakarrik ematen dizu. Musika entzuten dugun ekipoen kalitatea ere “hain ona” ez denez (bluetooth bozgorailuak, mugikorraren aurikularrak…etab) musikaren kalitateak ez du zertan primerakoa izan behar: gutxieneko kalitatea izatearekin konformatzen gara. Baina egia da badaudela auto-ekoiztutako edo profesionalki egindako abestiak, ekipo garesti eta on batengatik entzuten badituzunak ikaratuko zintuzketenak.
☉ Arrigorriaga
Jardueraz betetako programa prestatu dute azaroan Arrigorriagan, A25eko testuinguruan
Hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza bezalako jarduerak prestatu dituzte datozen egunetan

Azaroaren 28ra bitartean jardueraz betetako programa antolatu dute Arrigorriagan, Emakumeen Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren testuinguruan.
Jarduerak Arrigorriagako Udalak eta Lamiaena emakumeen etxeak antolatu dituzte herrigunean: hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, A-25eko elkarretaratzea, Garrasidromoa, argazki erakusketa…
Egitaraua | A-25a Arrigorriagan
Azaroak 10, asteazkena
17:00 Indarkeria matxistaren aurkako erakusketa (Carolina Zuluaga), Lamiaena.
Inaugurazioa, azaroaren 12an, 18:00etan
Azaroak 11, astelehena
18:30 Zineforuma: La Virgen Roja
Azaroak 18, asteartea
18:00 Solasaldia: Emakumeak eta arrisku kardiobaskularra, Lamiaena
Azaroak 21, ostirala
Mural ibiltaria: ‘Elkarrekin isiltasuna hausten dugu’
Azaroak 23, igandea
12:00 Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, udaletxetik hasita
Azaroak 25, asteartea
19:30 Elkarretaratzea, udaletxeko plaza
20:00 Garrasidromoa: “Oihukatu indarkeria matxistaren aurka!”
Panel informatiboa: 2010-2015 bitartean eraildako emakumeak
Azaroak 26, asteazkena
18:00 Tailerrak: Erresistentziaren Ahotsak “Eta zure ahotsa irudietan kontatu ahal izango balitz?”
Azaroak 27, osteguna
18:00 Solasaldia: ‘Indarkeria matxista eta negazionismoa: erantzun feminista eta juridikoak atzerapausu legalen aurrean’, Lamiaena
Abenduak 12 – urtarrilak 30
17:00 Argazki-erakusketa: ‘Irregulartasuna indarkeri anizkoitza eta desentralizatua da’, Lamiaena
Inaugurazioa: abenduak 12, 17:30
☉ Arrigorriaga
Bazkaria, kontzertuak eta mendi martxa antolatu dituzte Arrigorriagako Gaztetxearen urteurrenean
Azaroaren 29an antolatu dute urteurrena eta egun osoan zehar jarduerak antolatu dituzte Gaztetxean eta inguruetan

Arrigorriagako Gaztetxearen zortzigarren urteurrena ospatuko dute azaroaren 29an, eta hainbat jarduera antolatu dituzte egunean zehar.
Lehen jarduera mendi martxa izango da. Urteurren guztietan lez, asmoa igoera Artandara egitea da, “baina euria egitekotan bertan behera geratuko da jarduera”, azaldu dute Gaztetxetik.
Mendi martxaz gainera bazkaria eta bazkaloste musikatua antolatu dute Gaztetxean ‘Bost axola potxola’rekin. Bazkaltzeko prezioa 13 eurokoa izango da.
Arrasti aldera Joseto ta Alayak-en elektrotxaranga egingo dute herrian zehar eta gaualdean Gaztetxeko kontzertuei paso emango diete Niere, Tobogan eta Beranduegi Erromeriarekin.
Egitaraua | Arrigorriagako Gaztetxearen VIII. urteurrena
Azaroak 29, larunbata
10:00 Mendi martxa Artandara
15:00 Bazkaria + bazkaloste ‘Bost axola potxola’ taldearekin Gaztetxea
18:00 Elektrotxaranga: Joseto ta Alayak
22:00 Kontzertuak: Niere + Tobogan + Beranduegi Erromeria
☉ Arrigorriaga
Argazkiak / Enriqueta Hortalak badu bere kalea eta herritarren merezitako omenaldia Arrigorriagan
Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertara hurbildu direnentzat.

Eguraldia lagun izan ez arren, asko izan dira gaur goizean Enriqueta Hortala kalera hurbildu diren arrigorriagarrak. Gaurtik aurretik izen berri hori ere presente egongo baita herriko kale izendegian.
Ekitaldian, antolatzaileek nabarmendu dute “musikaren munduan herrian erreferente izan zen emakumeari” eskaini zaiola kalea, “besteak beste emakumezkoen abesbatzaren sortzaile izan zelako”.
Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertaratu direnentzat.






















☉ Arrigorriaga
Kale izendegiari beste emakume izen bat gehituko diote Arrigorriagan larunbat honetan: Enriqueta Hortala
Joana Etxeberria, Politika Feministetako zinegotziak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari

2021ean Kultur Etxe berriari Edurne Garitazelaia izena emanda hasitako bideari (2023an Teodosia Ortega parkearen txanda heldu zen) jarraipena emango dio Arrigorriagako Udalak larunbat honetan, Kultur Etxe atzeko kaleari Enriqueta Hortala Cimiano izena emanez. Helburua, udal ordezkariek azaldutakoaren arabera, “emakumeei espazio publikoan euren tokia ematea da”.
Helburu hori aurreko legealdian finkatu zuten Arrigorriagan: “izen hauek guztiak bere momentuan Berdintasun Kontseilutik abiarazi genuen prozesu parte hartzailean aipatuenak izan ziren. Horien arten Enriqueta Hortalarena izan zen boto gehien jaso zuenetariko bat” gogorarazi du Etxeberriak.
Zergatik, baina, aitortza hau Hortalari? “Artista polifazetikoa izan zen Hortala, betiere musika munduari lotutakoa. Pianojolea izateaz harago, irakaslea ere bazen, eta egun Albaraka izena duen abesbatzaren sortzailea ere izan zen”.
Bere hitzartzeari amaiera emateko, Etxeberriak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari: “Azken finean, emakume hauek ekarpen handia egin diote gure kulturari, kirolari, euskarari eta bizitzaren sostenguari”.
Maite Ibarra alkateak, bere aldetik, “gure herriaren historian ekarpen funtsezkoa egin zuen emakumea” izan zela nabarmendu du.
Bukatzeko, Lourdes Perosanz Berdintasun teknikariak larunbateko ekitaldiaren xehetasunak eman ditu, eta herritarren parte hartzea funtsezkoa dela nabarmendu du.
12:00etan hasiko da omenaldia, eta bertan parte hartuko dute Aritzberri Dantza Taldeak, Artizarra Musika Eskolak, eta Hortalak sortutako abesbatzaren oinordekoa den Albaraka taldeak, hurrenez hurren. Bukatzeko mokadutxoa egingo dute Azokea aretoan.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Sorginek eta mamuek Arrigorriagako Gau Beltza hartu dute etxeko txikiekin
Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek

Heldu da urriaren azken eguna eta horrekin… Gau Beltza. Azken urteetan ikusi denez, Hego Uribeko udalerri askotan antzinako tradizio hau berreskuratzen joan dira herritarrak eta Arrigorriagan ez dira gutxiago izan.
Izan ere, Arrigorriagako Gau Beltza etxeko txikientzat eta gazteentzat prestatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek 17:30ean. Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute, sorginen txano eta sendabelarren artean. Ondoan, kalabazak apaintzeko eta aurpegiak margotzeko eta eskulan-tailerra prestatu dute.
Orduek aurrera egin ahala, herritarrak udaletxeko plazara hurbiltzen hasi dira, askotariko mozorroekin jantzita eta jolas eta koreografiak egin dituzte bertan. Amaitzean kalejira antolatu dute herriko kaleetan barrena.







































































