☉ Arrigorriaga
Javi Chueca: “Krispeta-ontzi on batekin zinemara joatea, esentzia hori, galtzen ari da”
Pasioari eta neke gabeko lanari esker, euskal zinegileak aurrera egiten du eten barik. Argitara ateratzeko hamaika proiektu ditu buruan. Formatu laburra aldarrikatuz, helburutzat jotzen duen guztia lortzeko prest dago.

Segurtasun-zaindaria, bahitzailea, gaizkilea, esataria, aita, udaltzaina… Javier Chueca Corro (Arrigorriaga, 1972) horietako bakoitzaren larruan sartu da zinemako pertsonaia desberdinei bizia emateko. Zinemagintzatik ikasitakoa da eta zinemagintzarako duen grinak film laburrak zuzentzera, protagonizatzera eta idaztera eraman du. Hasieratik hamaika proiektutan sartzen hasi zen: film laburrak, bideoklipak, iragarki korporatiboak… Aktore onenaren bi sari ditu! Gainera, oso harro dago orain arte aurrera atera dituen bere bi film laburrez: Love Blood (2008), Optura Factoría Audiovisualek ekoitzia, eta Love (2019), errealizadore gisa egin duen lehen lana. Formatu laburraren maitale, iaz ‘Relatos cortos para una vida corta’ izeneko lehen liburua argitaratu zuen, gizarteak munduari begiratzeko duten apatia kritikatu nahian. Ematen duen pauso bakoitzean bere burua berrasmatzen saiatzen da. Oraingoan, betiko martxan, proiektu berriekin dator.
Zein izan da zure sehaska zinemagile gisa?
Txikitatik zinemaren mundutik oso gertu egon naiz. Antzina, zinera joaten zinenean, ikusten zenuen filmaren karatula ematen zizuten, eta aitak horren bilduma egiten zuen. Zuzendariak, aktoreak eta filmak sartu zizkigun buruan eta nire etxean zinema erlijio baten modukoa izan da. ‘El Padrino’ pelikulak izan zen klik egin zidana. Txikitan ikusi nuen eta erotu egin ninduen. Ikusgarria iruditu zitzaidan eta hori egin nahi nuela jakin nuen. Gaztetatik izan dut nire helburuak bilatzera bultzatu nauen grina. Oso ipurtarina naiz, gauzak nola egiten diren jakitea gustatzen zaiona nik neuk ere egin ahal izateko. Inork egin badezake, nik ere bai. Ez dut ez zinemagintzarik, ez antzerkigintzarik ikasi, baina hamaika pelikula ikusi ditut. Neure buruari galdetzen diot ‘nola demontre egingo dute hau?’. Galdetuz eta arakatuz gaur egun ditudan ezagutzak eskuratu ditut.
Orain, gainera, dena askoz errazagoa da Interneti esker, baina grin honen hasierako pizgarriak honakoak izan ziren: Luis Baranda, Aitor Arenas eta Aitor Gonzalez. Haiekin hasi zen guztia. Betidanik film laburraren munduan egon den jendea. Haiekin elkartu nintzenean zinemaren munduan sartzen hasi nintzen. Tontoarena egiten hasi ginen Arrigorriagako Umorezko Laburren jaialdian, eta denborak aurrera egin ahala, talde hobea lortu genuen, oso modu autodidaktikoan profesionalizatuz. Aitorrek beti esan izan dit hau egiteko ahalmena nuela, berezkoa dudala.
Zu baino gehiago dakien jendeaz inguratuta, orduan.
Garrantzitsua da zuk baino gehiago dakienarengandik gertu egotea eta ikastea. Zinearen mundurako jauzia aitabitxi on bat izatean datza. Funtsezkoa da inguruan sar zaitzakeen norbait izatea, eskua luzatu eta harremanak erraztu ahal dizkizuna. Baina batez ere laguntza ekonomikoa da beharrezkoena eta oinarrizkoena. Proiektu asko erortzen dira laguntzarik ez baduzu. Filmaketa prozesuetan ikasi dut nik gehien. Azken finean, ez da antzezpen hutsa soilik, talde osoak nola lan egiten duen ere ikusten duzulako: soinua, irudia, argazkigintza… Inguruan daukazunaz jabetzen zara eta gero zurera ekartzen duzu. Besteak ikusita, badakit zer eta zelan egin behar dudan, norekin hitz egin…
Zer bilakaera izan duzu denboran?
Nire garapena jarraikortasunari esker izan da, apurka-apurka, eta oso mesedegarria izan dela esango nuke. Lehen film laburra oso amateurra izan zen, lagunartekoa, eta hala ere full equipped izan zen. Kroman egin nuen, baso baten argazkiak ateraz eta aktoreak antzoki batean filmatuz. Oso gauza zaila ideiarik ez duen batentzat, kar kar kar! Baina emaitza ona izan zen eta jaialdi batzuetan hartu gintuzten. Lan-trensa onak dituzten pertsonak gertu izan ditut ekoizpenak egin ahal izateko. Orain atzera begiratuta, egindako lehen lan haiek gustatzen zaizkit. Finean, nire hastapenak dira eta bakarrik horren parte izateagatik jada gustatzen zaizkit. Baina orain profesionalizatu gara eta gehiago erreparatzen diet xehetasunei: plano txukun bat, argi perfektua… Etengabe ikasten! Nire muga zerua da eta sentsazioa daukat mailaz maila igotzen ari naizela. Lehen laburmetraiatik bigarrenera pausu handi bat dago, bereziki alderdi teknikoari begira. Milaka film ikusten ditut urtero eta, gustuko dudan planoren bat ikusten badut, horren oharrak hartu eta nire kabuz egiten saiatzen naiz. Kopiatzearekin batera, beti bilatzen dut desberdina den zerbait txertatzea. Ikusiz eta kopiatuz ere ikasi egiten da.
2017an aktore onenaren saria irabazi zenuen Elcheko 2º Erotic & Bizarre Art Film Jaialdian eta New Yorkeko American Filmatic Arts Awardsen, zure antzezpenagatik ‘Pajero’ izeneko laburmetraian.
Film labur hori erokeri hutsa izan zen! Aitor Gonzalez zuzendariak eta gidoilariak deitu zidan niretzat egokia zen pertsonaia bat zuela esanez. Psikologoarenera doan mutil batena: gazteak masturbazio arazoak dituela uste du adituak, baina ez! Bere arazo bakarra ‘La paja’koa izatea da, hau da, arrigorriagarra. Nahaste-borraste izugarria, eta harritu gintuen hura eskualdetik kanpo ere ulertu izanak. New Yorken eta Elchen sari horiek irabazi nituela jakin nuenean, barrez lehertu nintzen. Txundituta nengoen. Lagunartean egindako gauza xume bat zen. Momentuan ez genuen egindako lana hainbeste baloratu. Baina tira, badugu meritua guk eta eskertzen dira sariak! Ezin izan ginen sariak jasotzera joan, baina bidali zizkiguten.
Orain arte zuzendu dituzun bi film laburrek maitasunarekin zerikusia dute nolabait. Bietan, Love hitza sartu duzu.
‘Love Blood’ hilketa baten ondorengo mendekutik amodioaren gaia jorratzen duen istorioa da. Tiroketa bat irudikatu nahi nuen eta azkenean lortu nuen, burua hautsi gabe. ‘El Cuervo’ eta ‘Sin City’ pelikulen estilotik gertu da, zuri-beltzaren erabileragatik. ‘Love’ laburren, aldiz, jazarpen mentalaren eta fisikoaren ikuspuntutik lantzen da maitasuna. Bi protagonistek bullyinga egiten dieten guztiak hiltzen dituzte. Aldi berean, baina, mutila neskarekin maiteminduta dago eta film labur osoan zehar bera jazartzen du, konturatu barik. Askoz ere istorio konplexuagoa da: bat-batean burura etorri zitzaidan, eta Luisanek, kameraren arduradurak, idazteko esan zidan. Egun horretan bertan gidoi osoa idatzi nuen eta handik gutxira grabatzen hasi ginen. Ideiak bururatzen zaizkizun momentuan harrapatu behar dira, denbora luzea pasatzen utzi gabe. Film bien arteko bilakaera handia da, batez ere alderdi teknikoari dagokionez. ‘Love’nm esarerako, postprodukziorako denbora gehiago izan genuen. Gainera, ni oso perfekzionista naiz. Eskerrak Luisanek eta biok elkar ondo ulertzen dugun! Azkar daki zer bilatzen ari naizen eta horrek lana arintzen du. Eta bai, zure galderari helduta, bi film laburrak lotzen dituena maitasuna da, alderdi ezberdinetatik begiratuta. Maitasuna, finean, dena dela uste dut: bikotearekiko, seme-alabekiko, proiektu batekiko… Maitasunez hartzen duzun proiektu batean ezin da ezer gaizki atera. Eta zerbait gaizki ateratzen bada, uste duzuna baino arinagoa izango da.
‘Love’ Euskal Film Labur Onenaren sarirako izendatu zuten iaz Bilboko Zinemaldi Fantastikoan (FANT).
Hori bai harrigarria! Aitor Arenasek deitu zidan, Banatu Filmak tokiko banatzaile eta ekoiztetxearen zuzendariak, laburmetraia nazio mailan zabaltzeaz arduratu zena: “Ez duzu sinetsiko, baina FANTen hartu gaituzte”. Jaialdi handienetariko bat da eta horren film txikiarekin hamar hautatuen artean egon ginen. Film laburra oso etxekoa zela esan dezakegu, lagun artean egina eta eskura genituen baliabide urriekin. Zerbait ondo egin behar izan dugu izen handiko jaialdi batek gu kontuan hartzeko. Jaialdia bera esperientzia arraroa izan zen niretzat. Industriaren barruan urteak daramatzan jende asko zegoen, oso jende zaildua. Ni, ostera, Paco Martinez Soria bezala nindoan: txundituta, alde guztietara begira. “Elkarrizketa bat egin diezazuket?” batek, “Eta argazki batzuk?” beste batek. “Horixe baietz!” erantzuten nien nik. Hori guztia berria zen niretzat, hiri batera saski batekin eta lau oilorekin iritsi banintz bezala. Nire laburmetraia FANTerako aukeratzeagatik bakarrik aitorpen nahikoa dela uste dut honetarako balio dezakedala jakiteko. Harro nago egindako lanaz. Gainera, Goranerekin -nire alaba- eta Peiorekin lan egin ahal izan nuen eta primeran egin zuten, biek jakin baitzuten lehenengo momentutik paperean sartzen eta bilatzen nuen esentzia lortzen.
Eta urte guzti hauen ondoren, zer da zinema zuretzat?
Betidanik zinema dena izan da niretzat, eta gaur egun ere hala izaten jarraitzen du. Nire emazteari ere gustatzen zaio eta alabari grina hori sartzea lortu dut. Askotan joaten ginen zinemara asteburutan, eta egun berean hiru film ikusten genituen. Urtean 2.500 film ikusi ditudala esaten badut, agian motz gelditzen naiz. Gainera, gustatzen zait pelikulak berrikustea, horiek aztertzea, zinema-liburuak irakurtzea, zuzendariei buruz ikastea…
Eta zinemaz harago, zaletasunik bai?
Komikiak marrazten ditut, eta noizean behin nire marrazkien erakusketak egitea gustatzen zait. Orain gizarte gaiei buruzko marrazki bilduma bat prestatzen ari naiz, nahiko gogorrak baina txukunak direla uste dut, nik neuk esatea gaizki dagoen arren. Errealitatezko zaplaztekoak ematen dizkizuten marrazkiak dira.
Idaztea ere asko gustatzen zait. Arteak erotu egiten nau, dena delakoa izanda ere. Pentsa, askotan aritu naiz herriko jaietako playbackean! Lehenengo urtean leloarena eginez irabazi genuen txapelketa, eta urteak aurrera joan ahala, horretan ere profesionalizatu garela esan dezakegu: antzezpena, set-a… Esparru profesionalago batera eraman genuen, katxondeoa den gauza bat primerakoa bihurtuz. Behin, Lehoi Erregea egitea lortu genuen, eta jendeak flipatu egin zuen.
‘Relatos cortos para una vida corta’ izeneko liburua kaleratu zenuen orain dela gutxi.
Aspalditik idazten dut, baina ez nuen inoiz pentsatu liburu bat argitaratzea. Film laburren antzera, oso gustukoa dut kontakizun laburra. Zailagoa iruditzen zait istorio bat lau lerrotan kontatzea, nahi duzun guztia luza dezakezun istorio oso bat garatzea baino. Lau lerrotan inolako arazorik gabe ulertu baduzu zer esan nahi dudan deskribapenekin erotu gabe, eta, gainera, zaplazteko bat eman badizut, nire helburua lortu dut. Eta liburu honetan uste dut lortu dudala. Emazteak beti bultzatzen nau proiektu hauek burutzera. Kontakizun pilo bat idatzita nituen, berrikusi egin nituen, onenak aukeratu eta aurrera! Ondo funtzionatu du. Nik neuk ekoiztutakoa da, Circulo Rojo editorialarekin batera. Lehenengo edizioa atera segituan amaitu zen. Lauzpabost egunetan saldu genuen dena. Bigarren edizioarekin gauza bera gertatu zen, eta orain liburua erosi nahi duenak ‘Libros CC’-n du eskuragarri. Publikoaren harrera ona ez ezik, kritika onak ere izan ditu.
Nola ikusten duzu euskal zinemagintzaren panorama?
Oraintxe bertan euskal zinemagintzak arrakasta handia duela esan daiteke. Goya Sarietan, esaterako, artista handiak daudela ikusi da. Gazteak oso prestatuta daude, eta hain maila altuetara iristen ari dira txundituta uzten nautela. Ez dago Madrilera joan beharrik, hemen lan handiak ditugu. Aurretik ere oso zinema ona egin izan da, baina orain unerik goxoenean dago, streaminga gailentzen ari den garai batean sartzen ari garen honetan. Nire ustez, filmak zineman ikusteko eginak daude. Pantaila handia, soinu perfektua, argiak itzali eta gozatu. Egun, teknologia berriei esker, Netflix bezalako plataformak ditugu denon eskura. Erraztasunak dira, bai, baina uste dut zinera krispeta-ontzi on batekin joatea, esentzia hori, galtzen ari dela. Ez da gauza bera telebista batean paisaia ikusgarri baten plano bat ikustea, telebista oso handia izan arren, edo zinema-areto batean ikustea, jatorriz filma egin den bereizmen osoarekin ikustea ahalbidetzen duten euskarri guztiekin. Etxeko kontsumoaren aldeko apustua egiten ari dira orain. Dena oso azkar doa, gero eta azkarrago, eta ikus-entzunezkoen munduak erritmo honen kaletak pairatuko ditu. Hala ere, ulertzen dut aurrerapauso bat izan daitekeela, garapen egoeran dagoela, eta lan egiteko eta produktuak eskaintzeko modu ona ere badela. Baina zinema tradizionalaren usaina galtzen ari da. Nik zinemara eta antzerkira joatearen aldekoa naiz, beti.
Hortaz, zein da erronka nagusia gaur egun?
Gero eta telesail gehiago ekoizten dira eta industriak ez du horrenbeste diru bideratzen pelikulak egitera. Suposatzen dut aktoreentzat ere errentagarriagoa izango dela, atal bakoitzeko kobratzen dutelako. Hori dela eta, ekoizleek ez dute pelikulak egiteko arriskurik hartu nahi. Era berean, film laburrak finantzatzea gero eta zailagoa da. Gremioko kide guztien arteko lankidetza bultzatzeko elkarte baten aldekoa naiz, hemen dagoen talentu guztia bultzatu ahal izateko. Baliabide falta handia dago, eta horrek pertsona on asko argitara ateratzea eragozten du. Proiektu gehienak bide erdian geratzen dira, erdi garatuta eta ahal den moduan argitaratuta. Gure talentuari etekina atera behar diogu, lan eta lan eginez lortzen da hori. Baina egiteko dirurik ez bada bideratzen, nola sustatuko dugu gure lana?
Gizarteak badu laburmetraiak ikusteko kulturarik?
Batzuek bigarren mailakotzat jotzen dituzte. Baina historian zehar grabatu ziren lehen filmak film laburrak izan ziren. Dena zen film laburra Chaplinen garaira arte. Hortaz, film laburrik gabe zinema ez zen existituko. Laburmetraiak pelikulak izaten jarraitzen dute, formatu laburrago batean baina zinema izateari utzi gabe. Zaindu behar dira, eta haietan inbertitu beste formatuetan egiten den moduan. Istorio batzuk iraupen txikiagoan kontatzeko aproposak dira eta joko handia ematen dute ikus-entzunezkoen munduan esperimentatzeko orduan. Nire ustez, film laburrak askoz gehiago mimatu egiten dira, buruan duzun ideiari buelta asko eman behar zaizkiolako gidoi biribil bat lortu eta hiru minututan islatzeko. Film laburrek lehenengo 30 segundotan ikuslea harrapatu behar dute. Ikusgarriak izan behar dira. Duela gutxi, ikusleak film laburrak ikustera bultzatzen duen Interneteko plataforma batekin topo egin nuen, eta oso positiboa iruditu zitzaidan. Zinemara ere eraman beharko liratekeela uste dut, film labur batzuen saioak eginez. Ikusleek ez dute laburmetraiak ikusteko aukera askorik. Horregatik, jaialdiek oso lan garrantzitsua egiten dute gure lana zabaltzen. Eta estatu mailan mota guztietako jaialdi asko ditugu, zorionez. Umorezkoak, ostera, bi baino ez, eta horietako bat Arrigorriagan!
Eta aurrera begira, zer proiektu lantzen ari zara une honetan?
Batetik, abendurako argitaratzea espero dudan bigarren liburua amaitzen ari naiz. Lehen liburuaren bilakaera edo jarraipena da, baina bertsio hobetuan! Bestetik, gidoi bat prest daukat Aitor Arenasekin aztertzeko, nire eskuineko eskua baita proiektu guztietan. Udarako filmatzea gustatuko litzaidake, ea posible den. Egoera berri honekin nork daki! Hala ere, uste dut pandemiak balio izan duela Artearen beharraz eta garrantziaz jabetzeko. Azkenik, marrazki-erakusketa bat egiteko asmoa dut.
Bulkaden arabera lan egiten duen mutila naiz, gogo handikoa. Burura datozkidan ideia guztiak garatzen eta gauzatzen saiatzen naiz. Irakurleak gauza bera egitera animatuko nituzke. Beldurrarekin ez goaz inora: ausartu eta egin! Ez baduzu orain egiten, ez duzu inoiz egingo. Kamera baten atzean jarri eta, proiektua amaitu ondoren, egin duzun lana ikustea oso pozgarria da. Badakit ez naizela honetatik guztiagatik biziko, hortaz, ez dut burua hautsi beharrik, eta gauzak sortzen diren heinean egiten ditut. Baina beti ari naiz zerbaiti bueltaka, gomendatzen dudan jarrera da! Bizitza hori baita: bizitzea, eta ez diezazutela hegoak moztu.
☉ Arrigorriaga
Jardueraz betetako programa prestatu dute azaroan Arrigorriagan, A25eko testuinguruan
Hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza bezalako jarduerak prestatu dituzte datozen egunetan

Azaroaren 28ra bitartean jardueraz betetako programa antolatu dute Arrigorriagan, Emakumeen Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren testuinguruan.
Jarduerak Arrigorriagako Udalak eta Lamiaena emakumeen etxeak antolatu dituzte herrigunean: hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, A-25eko elkarretaratzea, Garrasidromoa, argazki erakusketa…
Egitaraua | A-25a Arrigorriagan
Azaroak 10, asteazkena
17:00 Indarkeria matxistaren aurkako erakusketa (Carolina Zuluaga), Lamiaena.
Inaugurazioa, azaroaren 12an, 18:00etan
Azaroak 11, astelehena
18:30 Zineforuma: La Virgen Roja
Azaroak 18, asteartea
18:00 Solasaldia: Emakumeak eta arrisku kardiobaskularra, Lamiaena
Azaroak 21, ostirala
Mural ibiltaria: ‘Elkarrekin isiltasuna hausten dugu’
Azaroak 23, igandea
12:00 Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, udaletxetik hasita
Azaroak 25, asteartea
19:30 Elkarretaratzea, udaletxeko plaza
20:00 Garrasidromoa: “Oihukatu indarkeria matxistaren aurka!”
Panel informatiboa: 2010-2015 bitartean eraildako emakumeak
Azaroak 26, asteazkena
18:00 Tailerrak: Erresistentziaren Ahotsak “Eta zure ahotsa irudietan kontatu ahal izango balitz?”
Azaroak 27, osteguna
18:00 Solasaldia: ‘Indarkeria matxista eta negazionismoa: erantzun feminista eta juridikoak atzerapausu legalen aurrean’, Lamiaena
Abenduak 12 – urtarrilak 30
17:00 Argazki-erakusketa: ‘Irregulartasuna indarkeri anizkoitza eta desentralizatua da’, Lamiaena
Inaugurazioa: abenduak 12, 17:30
☉ Arrigorriaga
Bazkaria, kontzertuak eta mendi martxa antolatu dituzte Arrigorriagako Gaztetxearen urteurrenean
Azaroaren 29an antolatu dute urteurrena eta egun osoan zehar jarduerak antolatu dituzte Gaztetxean eta inguruetan

Arrigorriagako Gaztetxearen zortzigarren urteurrena ospatuko dute azaroaren 29an, eta hainbat jarduera antolatu dituzte egunean zehar.
Lehen jarduera mendi martxa izango da. Urteurren guztietan lez, asmoa igoera Artandara egitea da, “baina euria egitekotan bertan behera geratuko da jarduera”, azaldu dute Gaztetxetik.
Mendi martxaz gainera bazkaria eta bazkaloste musikatua antolatu dute Gaztetxean ‘Bost axola potxola’rekin. Bazkaltzeko prezioa 13 eurokoa izango da.
Arrasti aldera Joseto ta Alayak-en elektrotxaranga egingo dute herrian zehar eta gaualdean Gaztetxeko kontzertuei paso emango diete Niere, Tobogan eta Beranduegi Erromeriarekin.
Egitaraua | Arrigorriagako Gaztetxearen VIII. urteurrena
Azaroak 29, larunbata
10:00 Mendi martxa Artandara
15:00 Bazkaria + bazkaloste ‘Bost axola potxola’ taldearekin Gaztetxea
18:00 Elektrotxaranga: Joseto ta Alayak
22:00 Kontzertuak: Niere + Tobogan + Beranduegi Erromeria
☉ Arrigorriaga
Argazkiak / Enriqueta Hortalak badu bere kalea eta herritarren merezitako omenaldia Arrigorriagan
Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertara hurbildu direnentzat.

Eguraldia lagun izan ez arren, asko izan dira gaur goizean Enriqueta Hortala kalera hurbildu diren arrigorriagarrak. Gaurtik aurretik izen berri hori ere presente egongo baita herriko kale izendegian.
Ekitaldian, antolatzaileek nabarmendu dute “musikaren munduan herrian erreferente izan zen emakumeari” eskaini zaiola kalea, “besteak beste emakumezkoen abesbatzaren sortzaile izan zelako”.
Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertaratu direnentzat.






















☉ Arrigorriaga
Kale izendegiari beste emakume izen bat gehituko diote Arrigorriagan larunbat honetan: Enriqueta Hortala
Joana Etxeberria, Politika Feministetako zinegotziak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari

2021ean Kultur Etxe berriari Edurne Garitazelaia izena emanda hasitako bideari (2023an Teodosia Ortega parkearen txanda heldu zen) jarraipena emango dio Arrigorriagako Udalak larunbat honetan, Kultur Etxe atzeko kaleari Enriqueta Hortala Cimiano izena emanez. Helburua, udal ordezkariek azaldutakoaren arabera, “emakumeei espazio publikoan euren tokia ematea da”.
Helburu hori aurreko legealdian finkatu zuten Arrigorriagan: “izen hauek guztiak bere momentuan Berdintasun Kontseilutik abiarazi genuen prozesu parte hartzailean aipatuenak izan ziren. Horien arten Enriqueta Hortalarena izan zen boto gehien jaso zuenetariko bat” gogorarazi du Etxeberriak.
Zergatik, baina, aitortza hau Hortalari? “Artista polifazetikoa izan zen Hortala, betiere musika munduari lotutakoa. Pianojolea izateaz harago, irakaslea ere bazen, eta egun Albaraka izena duen abesbatzaren sortzailea ere izan zen”.
Bere hitzartzeari amaiera emateko, Etxeberriak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari: “Azken finean, emakume hauek ekarpen handia egin diote gure kulturari, kirolari, euskarari eta bizitzaren sostenguari”.
Maite Ibarra alkateak, bere aldetik, “gure herriaren historian ekarpen funtsezkoa egin zuen emakumea” izan zela nabarmendu du.
Bukatzeko, Lourdes Perosanz Berdintasun teknikariak larunbateko ekitaldiaren xehetasunak eman ditu, eta herritarren parte hartzea funtsezkoa dela nabarmendu du.
12:00etan hasiko da omenaldia, eta bertan parte hartuko dute Aritzberri Dantza Taldeak, Artizarra Musika Eskolak, eta Hortalak sortutako abesbatzaren oinordekoa den Albaraka taldeak, hurrenez hurren. Bukatzeko mokadutxoa egingo dute Azokea aretoan.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Sorginek eta mamuek Arrigorriagako Gau Beltza hartu dute etxeko txikiekin
Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek

Heldu da urriaren azken eguna eta horrekin… Gau Beltza. Azken urteetan ikusi denez, Hego Uribeko udalerri askotan antzinako tradizio hau berreskuratzen joan dira herritarrak eta Arrigorriagan ez dira gutxiago izan.
Izan ere, Arrigorriagako Gau Beltza etxeko txikientzat eta gazteentzat prestatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek 17:30ean. Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute, sorginen txano eta sendabelarren artean. Ondoan, kalabazak apaintzeko eta aurpegiak margotzeko eta eskulan-tailerra prestatu dute.
Orduek aurrera egin ahala, herritarrak udaletxeko plazara hurbiltzen hasi dira, askotariko mozorroekin jantzita eta jolas eta koreografiak egin dituzte bertan. Amaitzean kalejira antolatu dute herriko kaleetan barrena.






































































