Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Arrigorriaga

Kiroldegi berriarekin lotutako parte-hartze prozesua martxan jarri du Arrigorriagako Udalak

Hiru izango dira parte hartze prozesuaren oinarriak: herritarrei egingo zaien lineako inkesta, prozesurako berariaz eratuko den lantaldearen saioak eta egokitzapen teknikoa

|

Arrigorriagako kiroldegia // Geuria

Hiru fase izango ditu Arrigorriagako Kiroldegi berriaren proiektuak, eta Udalak jakinarazi duen lez, “Udalak amaiera emango dio laster kiroldegi berriaren proiektuaren bigarren faseari, kiroldegiaren xehetasunak eta beharrizanen behin-betiko programa definituko dituen prozesu parte-hartzailearen bidez”.  Aurretik, lehen fasean, barne-azterketa egin zuten udal teknikariek, kirol instalazioen egoera ezagutu nahian, kiroldegiko langile eta elkarteekin batera.

Ondoren, bigarren fase batean, txosten juridikoa garatu eta partaidetza-prozesuaren diseinuari ekin zitzaion, hurrengo bi hilabeteetan garatu eta bukatuko dena. Hiru izango dira parte hartze prozesuaren oinarriak: herritarrei egingo zaien lineako inkesta, prozesurako berariaz eratuko den lantaldearen saioak eta egokitzapen teknikoa. Udalaren arabera azken helburua “kiroldegi berriaren behin-betiko xehetasunak eta beharrizanak definitzea da, askotariko ikuspuntuak bilduz eta herritarren hitza kontuan hartuz; izan ere, kiroldegi berriaren proiektuak izaera estrategikoa du Arrigorriagarentzat eta, beraz, lankidetza eta elkarkidetasuna ezinbestekoak dira”.

Lineako inkesta otsailaren 1ean zabalduko dute, otsailaren 16a arte. Lantaldeari dagozkion saioak otsaila bukaeran hasi eta martxo erdialdean bukatuko dira, eta horren ondoren egokitzapen teknikoa egingo dute. Behin hori bukatuta, proiektuen lehiaketarekin azken eta hirugarren fasea gauzatuko litzateke. 

☉ Arrigorriaga

’30 urte AHT Oztopatzen’ erakusketa antolatu dute gaur Arrigorriagako Gaztetxean

Erakusketa Pintxopoarekin batera antolatu dute gaur, 19:00etatik aurrera

|

AHTaren zubibidea, Galdakaon // Geuria

AHTaren kontrako mugimenduak ’30 urte AHT Oztopatzen batu lurraren alde’ erakusketa antolatu du gaur Arrigorriagan Pintxopoarekin batera, 19:00etatik aurrera.

“30 urte bete dira jada abiadura handiko trena inguruan genuela konturatu ginenetik. 30 urte bere ezaugarriak bertatik bertara ikusten, bizitzen, eta pairatzen”, azaldu dute mugimendutik.

“Eraikuntza lanak hasi diren lekuetan bizi ingurune kuttunen, beharrezkoen kaltetzea, apurtzea edota desagertzea ekartzen ari da, baina orohar ilunkeria handiz, informazio partzial, interesatu edota gezurren bidez, bizi-ingurune hurbilarekiko, zaintza, parte hartze eta erabakitzea ezeztatzen ari dira, diru publikoaren erabilerari buruzko herritarren esku hartzea eragozten, bizi aukera aniztasuna ukatzen eta bertako zein mundu mailako antolaketa eta zapalketekin, AHTak zein lotura eta eragin dituen ezkutatzen ari dira, dela bioaniztasunean, lan baldintzetan, hizkuntza-aniztasunean, jendarte zerbitzuetan, lurraren artifizializazioan, neokolonialismoan, ekonomian, klase arrakalan eta abar”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Energia komunitateen inguruko tailerra antolatu du Asteklimak Arrigorriagan

Energia komunitateen inguruko prestakuntza tailerra antolatu dute Arrigorriagako Edurne Garitazelaia kultur etxean datorren urriaren 21ean, 18:00etan

|

Garabi bat, Arrigorriagako ikastetxean plaka fotovoltaikoak ipintzen // Geuria

Gaurtik hasita urriaren 27ra arte Asteklimaren, Klimaren eta Energiaren Astearen, bosgarren edizioa prestatu dute herritarrak klima eta energia-trantsizioaren aurrean kontzientziatu eta mobilizatzeko.

Horren haritik Energia komunitateen inguruko tailerra antolatu dute Arrigorriagako Edurne Garitazelaia kultur etxean datorren urriaren 21ean, 18:00etan. Prestakuntza tailer honen helburua eskualdeko udalerrietan tokiko energia-komunitateak sortzea da herritarren partehartzea sustatzeko. Bertan, energia-komunitateak zer diren, onura nagusiak zein diren eta horiek sortzeko lehen urratsak zein diren jakinaraziko da.

Saioaren iraupena ordubete eta erdikoa izango da eta herritar guztiei parte hartzeko gonbidapena luzatu diete: “Energia-komunitateak tresna eraginkorrak eta jasangarriak dira toki-erakundeetan, eta herritarrek energia-trantsizio baterako motor bihur ditzakete”, azaldu dute Asteklimatik.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

‘Marmarra’ ikuskizuna estreinatuko du ATX Teatroak Arrigorriagan, euskara hutsean

ATX Teatroaren azken lan hau euskara hutsean eskainiko dute Lonbo aretoan, datorren urriaren 18an, 19:30ean

|

Marmarra // Ainhoa Resano

ATX Teatroak Marmarra: Beldurrak gobernatzen gaitu antzezlana estreinatuko du euskara hutsean Arrigorriagan, datorren urriaren 18an, Lonbo aretoan, 19:30ean.

Jon Gerediagak idatzi eta zuzendutako obra berri honen iraupena 90 minutukoa da eta euskara hutsean prestatu dute 15 urtetik gorakoko publikoarentzat.

Bertara hurbilduko direnek aparteko ikuskizun baten lekuko izango dira: zazpi antzezle, abeslari liriko bat, dantzari bat, laserrak, bideoproiekzioak, plataforma mugikorrak… “Istorioa kontatzeaz gainera geruza espektakularra lortzen duen ikuskizun integrala sortuko dugu”, azaldu dute ATX Teatroatik.

Marmarra

Gizakia zer astakeria egiteko kapaz da beldurragaitik? edota zer ez dau sekula egingo bildurragaitik? Mundua zoratuta dago, itsasontzi hau lemazain barik doa, eta gu… horren barruan gaude.

Jendartearen ahots, desira eta ametsen artean, marmar beldurgarri baten mehatxua heldu zaigu, oharkabean piztuz eta handituz doa gure bihotzetan izenik gabeko ezinegona. Gure erantzuna bizitzaren aldeko garrasi mingarria da, maite dugun guztiaren aldeko aldarri basatia.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Aritz Berri, Etorki, Agintzari eta Oinarin taldeek dantza egingo dute Arrigorriagako Euskal Azokan

Azoka domeka honetan antolatu dute Arrigorriagan, 10:00etatik 15:00ak arte

|

Aritz Berri Dantza Taldea // Utzitakoa

Urriaren 20an, domeka honetan, Euskal Azoka antolatu du Arrigorriagako Udalak 10:00etatik 15:00ak arte.

10:00etatik 15:00ak arte 25 saltokiz osatutako azoka prestatu dute Argala plazan. Bertan eztia, barazkiak, txokolatea, ogia, pastelak, pateak, fruta… erosteko aukera izango dute bertara hurbilduko direnek. Gainera, Sagardoak eta euskal labeldun pintxoak dastatzeko aukera egongo da ere.

12:00etan Hego Uribe eskualdeko taldeen Euskal dantzen erakustaldia egingo dute Aritz berri (Arrigorriaga), Etorki (Ugao), Agintzari (Basauri) eta Oinarin (Usansolo) taldeetako dantzariek. Bertan izango dira ere Bizkaiko gaiteroak.

13:00etan herri kirolen erakustaldia antolatu du Jasoka taldeak eta 13:30ean bertso saioa eskainiko dute Arrigorriagako Estropozu bertso eskolakoek.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Cristina de Burgos: «Formazio ofizialeko eskaintza barik gaur egungo gazte tatuatzaileek ez dute profesionalizatzeko aukerarik»

Tatuajeen bilakaeraz berba egin dugu Cristina de Burgos Ahuntza Tattoo estudioko jabearekin. Gizartearen ikuspegi aldaketaz eta gaur egungo teknikez aritu gara

|

Cristina de Burgos Arrigorriagako Ahuntza tattoo estudioan // Geuria

Arrigorriagako Ahuntza Tattoo estudioaren instagrama kuxkuxeatu ostean argazki kamera hartu eta Cristina de Burgos Ezquerraren (Burgos, 1994) lokalera hurbildu gara. Bertako kideek eta bezeroek ez bezala gorputza biluzik daukagu, inolako tatuajerik gabe. Horregatik hurbildu gara orratz eta tintaren artisauengana, duela 30 urte tatuajeak pertsona jakin batzuen azalek janzten zituztelako. Gaur, ostera, azalean tinta tantarik ez dugunok gara galtzeko arriskuan dagoen espeziea.

Tatuajeekiko ikuspegiak sekulako aldaketa izan du azken 30 urteetan. Lehen balio jakin batzuk zituzten pertsonek “janzten” zituzten marrazki hauek azalean. Zergatik tatuatzen gara orain eta zergatik gara arraroak tatuajerik ez dugunok? Nik uste dut gizarteak lortu duela tatuajeek lehen zuten estigma galtzea. Modu sinple batean esanda, antzina, marinelek, presoek eta motozaleek janzten zituzten eta tatuaje horiek sinpleak eta teknikoki oso mugatuak izan ohi ziren.

Gaur, ostera, edonork darama tatuajeren bat gorputzean, txikia bada ere, eta ez dago bereizketarik adinari, generoari, estetikari edota arrazari dagokionez, esaterako. Bestalde, gaur egungo teknikek eta makinek askotariko tatuajeak sortzea ahalbidetu dute: antzinako makinek lerro lodiko marrazkiak egiten zituzten soilik eta lanen azalera, orokorrean, handia izan ohi zen. Xehetasun handiko tatuajeak egin nahi zituenak azalera handiko lanetara jo behar zuen, koloreen artean airea egon zedin eta tinta zabaltzean bereizmenik gal ez zedin. Nork ez ditu gogoratuko zazpi zentimetroko diametrodun bereizmenik gabeko gnomoak? (barreak).

Gaur egun, tatuatzaileek askotariko orratzak dituzte beren makinetarako eta teknika jakin batzuk erabilita tatuaje oso meheak sor daitezke, duela 20 urte sekula tatuajerik egingo ez zukeen bezero batentzat oso aproposak, esaterako. Aurrerapen horiek lan egiteko aukera berriak sortu dizkigute tatuatzaileoi eta aukera horientzat guztientzat bezeroak topa ditzakegu horren ondorioz.
Bezero horien adin tartea ere zabaldu da denboraren poderioz, ezta? Gaur egun jende oso gazteak tatuajeak daramatza azalean baina ez da hori atentzioa ematen didana: adineko jendeak ere nahi ditu tatuajeak! Nire lehen tatuajeak 70 eta 80 urte arteko pertsonei egin nizkien; askok bere biloben izenak tatuatu nahi izaten dituzte.

Tatuajeak zure pasioa izan dira txikitatik, eta pasioa ogibide bihurtzera heldu zara. Gaur egun Arrigorriagako Ahuntza Tattoo estudioko jabea eta tatuatzailea zara. Duela urte batzuk tatuajeen estudio bat neukan Bilbon, Sarriko auzoan, bikotekide ohiarekin. Tirabira pertsonalak zirela eta, negozio hura utzi eta nire kabuz estudio berria irekitzea erabaki nuen. Hasiera batean ideia negozio berria Bilbon irekitzea zen. Ni Burgoskoa naiz eta Bizkaiko zenbait herritan bizi izan banaiz ere, herriak ez nituen gehiegi ezagutzen. Izan ere, garai hartan ez nuen Arrigorriaga ezagutzen, baina gaur egungo bikotekidea hemengoa da eta proiektu berria hemen bertan zabaltzera animatu ninduen.
Arrigorriagan ez dago bestelako tatuaje negoziorik, ezta? Horixe bera esan zidan bikotekideak. Erabaki hura hartzera animatu ninduen eta halaxe egin nuen. Egia da Bilbon jende asko bizi dela, baina aldi berean konpetentzia ere izugarria da. Ni Algortan eta Txorierri haranean bizi izandakoa naiz eta, egia esateko, Algortan Bilboko egoera errepikatzen da: estudio ugari daude. Txorierrin guztiz kontrakoa gertatzen da: ez diot etorkizun handirik ikusten tatuajeen negozio bati, bertan ez delako jende asko bizi. Arrigorriaga aukeratu eta bete-betean asmatu nuen, egia esateko.

Arrigorriaga zuretzat leku estrategikoa dela esango zenuke tatuajeen lokala zabaltzeko, beraz? Zeberion ez dago tatuatzeko lokalik, ezta Ugaon, Zaratamon, Arrankudiagan edota Amurrion ere. Hemendik gertuen dauden estudioak Basaurin eta Laudion daude. Sare sozialak ditugu gure lanak hedatzeko baina bezero gehien dakarkiguna bezero fidelen ahozko komunikazioa da, zalantza barik.

Zerk bultzatu zintuen tatuajeen munduan murgiltzera? Nire lehen tatuajea 16 urterekin egin nuen, gurasoak zeharo aspertu ostean. Mundu honek betidanik eman dit atentzioa eta Arte Ederretako ikasketak egitera etorri nintzen Euskal Herriko Unibertsitatera. Leioan egonda Bilboko alde zaharrean kokatutako tatuajeen estudio bateko jendea ezagutzeko parada izan nuen eta lagun baten bidez Enrique Barbero ‘Mosca Tattoo’ ezagutu nuen. Aprendiz lez hasi nintzen bere estudioan azal sintetikoan lan egiten. Enriquek tip edo aholku ugari eman zizkidan eta asko eskertzen diot eman zidan laguntza guztia, tatuajeen munduan murgiltzeko bidea asko erraztu zidan. Tatuatzaile batek zailtasun ugari ditu gaur egun bere kabuz ikasi eta mundu honetan lan egin ahal izateko, egia esan behar bada. Aprendiz moduan urte bi eman nituen Moscarekin, 2012tik 2014ra, eta hainbat estudiotan lan egin nuen gero, unibertsitateko ikasketekin jarraitzen nuen bitartean.

Arrigorriagako Ahuntza Tattoo zabaldu zenuen gero. Nortzuk osatzen duzue lantaldea? Nirekin batera beste lau tatuatzaile autonomo ezagutu nituen Arrigorriagan lehen estudioa zabaldu nuenetik. Hori dela eta, gaur egungo lokala zabaldu behar izan genuen. Tatuatzaile horiek beren agenda, hitzorduak eta bezeroak kudeatzen dituzte. Nik lantokia eskaintzen diet. Tatuatzaile horiez gain mikropigmentazioaz eta hortz gemak ezartzeaz arduratzen den beste lankide bat dago, baita esparru administratiboaz arduratzen den zazpigarren langile bat ere.

Tatuajeen mundua artearena da eta, marrazkigintzan bezala, artista bakoitzak bere estilo propioa dauka. Nolako profilak daude Ahuntzan? Nik fine line estiloko lodiera txikiko tatuajeak eta mikro-errealismo zein mikro-ilustrazio tankerakoak egiten ditut, kolorez zein zuri-beltzean. Tatuaje txikiak, meheak, delikatuak eta azalera txikian xehetasun handia duten horiek izan ohi dira. Kepak, bestalde, blackwork estiloko lanak egiten ditu: tatuaje oso ilunak, itzalekin kontraste handia egiten dutenak… Keparenak lan txikiak edo ertainak izan ohi dira. Arnaik ere blackworka lantzen du baina bere espezializazioa bodysuit edo gorputz osoko tatuajeetan datza. Pieza handiak izan ohi dira: beso osoak, sorbaldak… Ninesek estilo tradizionala lantzen du, kolorez, eta baita tamaina handiko zuri-beltzeko errealismoa ere. Sandrak kolorezko ilustrazioarekin zerikusia dute tatuajeekin egiten du lan. Maialen mikropigmentazioan eta hortzetako gemetan aditua da eta Eder estudioko managerra dugu.

Profil batek ez du zerikusirik bestearekin. Hori da gure indarguneetako bat. Negozioa Arrigorriagako lehen lokalean bakarrik hasi nuenean bezero asko beste tatuatzaile batzuengana bidali ohi nituen, estilo espezifikoak eskatzen zituztelako edo nire estilotik urruntzen ziren eskaerak zirelako, besteak beste. Oraingo estudioan profil horiek batu eta balio anitzeko lantaldea osatu dut.

Tatuajeak eta piercingak egiteko formakuntza erregularizatua dute langileek? Ogibide honetarako irakaskuntzaren kontua oso konplexua da, hasieratik ikasi nahi duten horientzat bereziki. Bizi garen lurraldean atzerapen handia dago gainontzeko herrialdeekin alderatuta. Tatuatzaileen gremioak izugarrizko indarra dauka gaur egun: tatuatzaile ugari daude eta ogibide honek, urteek aurrera egin ahala, gero eta indar handiagoa dauka. Baina, errealitatea hori bada ere ez dago tatuatzaileentzako formazio ofizialik. Gero eta jende gazte gehiagori piztu zaio tatuatzearekiko interesa baina eskaintza akademikorik gabeko horma topatu dute aurrez aurre, eta horrela ez dago profesionalizatzeko modurik. Horren ondorioz, lan-intrusismo izugarria dago, eta behar diren baldintzak betetzen ez dituen tatuatzaile asko ere bai (baldintza artistiko, tekniko eta higieniko-sanitarioak). Gaur egun, tatuatzaileei eskatzen zaien gauza bakarra ikastaro higieniko-sanitario bat burutzea da eta ez dago kontrol errealik tatuatzaile denek baldintza hori betetzen dutela frogatzen duenik.

Zuena bezalako lanbide batean, gainera, baldintza higieniko-sanitario horiek berebiziko garrantzia daukate eta praxi txarrak ondorio konponezinak izan ditzake. Hala da. Zoritxarrez, badago bere etxean eta modu desegokian lan egiten duen tatuatzaile ugari. Tatuatzaile batek modu desegokian jarduten badu, maila artistikoan akatsak sor ditzake. Baina osasun mailan sor daitezkeen kalteak konponezinak izan daitezke: hepatitis bat bizitza osorako da. Horregatik beharrezkoa dugu profesionalizazioa gure sektorean.

Eta egoera horren aurrean ez da ezer egingo? Tatuatzaile eta Anilladore Profesionalen Batasun Nazionalak (UNTAP) Hezkuntza Ministerioarekin elkarlanean borroka abiarazi du tatuatzaileentzako goi-mailako lanbide-heziketa gradua martxan ipintzeko eta ogibidea erregularizatzeko, baina kontu hauek oso erritmo motela daukate. Momentuz, formazio artistikoarekin zerikusia duten titulazioa izatearekin konformatu behar dira tatuatzaileak: batxilergo artistikoa, arte ederretako gradua, marrazketa akademia pribatu baten titulazio ofiziala…

Zuen kasuan, ondo baino hobeto egiten duzue lan. Sare sozialetan begiratu eta bezeroen inpresioak ikustea besterik ez dago. Nolakoa da estudioan egiten duzuen lan-prozesua? Askotariko bezeroak ditugu. Esan beharrekoa da bertan lan egiten dugun tatuatzaileok benetan maite dugula sormen prozesuaren atala: beste lan batzuk kopiatzea ez dugu atsegin: bezero bat ideia oso argi batekin etortzen denean orientazio lanak egiten dizkiogu bere ideia hobetzen saiatuz. Horrela, emaitza esklusiboagoa izango da, internetetetik ateratako hasierako ideiatik urrunduz. Hala ere, ongi etorriak dira bezeroen ekarpenak: ideia edo kontzeptu bat estudiora ekartzea beti izango da lagungarria guretzat.

Zeintzuk dira gaur egungo mainstreamak tatuajeen esparruan? Ba al dago bezeroek bereziki gustuko duten tatuaje estilorik gaur egun? Tatuajeen garai zoragarri bat bizitzen ari garela uste dut. Estilo ugari landu daitezke gaur egun baina azken urte hauetan fine lineak presentzia nabarmena izaten ari dela esan daiteke, bere moldakortasunagatik bereziki. Lerro meheko hitz bat oso ondo molda daiteke 16 urteko gazte batek besoan ipini nahi duen arrebaren izenarentzat eta 80 urteko gizon batek, estilo berarekin arrosa bat tatuatu dezake bizkarran bere emaztearen lore gogokoena delako, adibide bat jartzearren. Estilo honek aukera ugari eskaintzen ditu. Gaur egun kultura bisual itzela daukagu gizakiok eta interneten bidez buruan dugun edozer topa dezakegu.

Kultura bisuala aipatu duzu. Eduki benetan harrigarriak topa daitezke interneten, bertan ez baitago mugarik. Zein da Ahuntzan egin dizueten proposamenik arraroena? Mutil batek instagram bidez idatzi zigun sekula ahaztuko ez dugun proposamen batekin. Tatuaje bat egin nahi zuen zakilan. Aho bete hortz utzi zigun proposamen hark, ez baita normalean eskatzen diguten ezer. Esan beharrekoa ez dela lotsa, estigma edo tabua guretzat; edozer egiteko prest gaude. 12 urte daramatzat tatuajeak egiten eta momentura arte ez zidaten era honetako enkargurik egin. Bezeroarekin eta lantalde osoarekin berba egin ostean Berlineko tatuatzaile espezializatu baten gomendioa eskatu genuen eta kontatu ziguna zera da: kasu horretan, azala lantzeko modua benetan berezia zela. Azkenean, beste kontu batzuengatik, proiektuak ez zuen aurrera egin. Guretzat atipikoa izan zen gorputzaren atal horretan landu beharreko proposamen hura jasotzea.

Kontuan izan behar da zonalde horretan dagoen azala oso aldagarria dela: erekzioek azala guztiz aldatzen dute eta azala berez ez dago posizio estetiko jakin batean “geldi”. Gorputz osoko azala elastikoa da: saihetsen kasuan, esaterako, azala er guztiz aldatu egiten da besoek gora eta behera egiten duten bakoitzean. Zakilaren kasuan, elastikotasuna askoz handiagoa da.

Edozein ogibidetan lez, hanka sartzeko aukera suposatzen dut badagoela mundu honetan. Horrela izatekotan, nola berbideratu daiteke hau? Tatuatzaileok ez gara robotak eta akatsak izaten ditugu batzuetan, edozein lanbidetan lez. Urteek aurrera egin ahala esperientzia handiagoa lortzen dugu eta gure lan egiteko dinamika askoz zehatzagoa bilakatzen da. Horrela, hanka sartzeko margina nabarmenki txikiagotzen da. Hala ere, aukera bertan dago. Egoera horren aurrean beti esan izan dut tatuatzaile on bat ez dela hanka sartzen ez duena, baizik eta hanka sartu duelaren arrastorik uzten ez duena. Badira hanka sartzeko aukera gehiago dituzten estiloak: fine linean letra edo hitz oker bat tatuatzen badugu, zailagoa izango da berau konpontzea. Beste estiloetan, itzalak eta lodiera ezberdineko lerroak erabiltzen dituzten horietan kasu, errazagoa izan ohi da akats bat konpontzea. Hori tatuatzailearen trebeziak erakutsiko du ezbairik gabe.

Mugarik al dago tatuaje bat egiterako orduan? Hau da, posible da tatuaje proposamen bat atzera botatzea arrazoi zehatz batengatik? Nik psoriasis eta dermatitis atopikoa daukat eta ez nioke ezetz esango ni bezalako gaixotasuna pairatzen duen pertsona bati. Hori bai: mediku profesional baten balorazioa izatea eskatzen dut. Bezero bat agian tratamendu bat izaten ari da eta ez da bateragarria tatuaje bat egitearekin, esaterako.

Haurdun dauden emakumeak ere ez ditut tatuatzen. Badakit tatuajeak ez duela fetua zuzenean kaltetuko, baina emakumeek inmunitate sistema baxuagoa izan ohi dute eta horrek infekzio bat sortu zezakeen tatuajeak egindako zaurian eta antibiotikoen kontsumoa oso mugatuta dago haurdunaldian. Baimenik gabeko adingabeei ez diet tatuajeak egiten ere. Baina baimena izateak ez du esan nahi edozer gauza tatuako diodanik pertsona horri: azalean egin beharreko lana zentzu moralean iraingarria izan daitekeela ikusten badut ez dut ezer tatuatuko. Baina horrelako kasurik ez dut izan momentura arte, bertara etorri diren adingabe baimenduek tatuaje txikiak eta oso bereziak eskatu izan dizkidatelako: hildako txakurraren izena, esaterako. Umea ez da tatuaje horretaz damutuko eta beti eramango du maite duen animalia horren aztarna berarekin.

Bestalde, ez dizkiet perforazioak egiten haurtxoei edo ume txikiei. Askotan etorri dira seme-alabei belarrietan zuloak egin nahi dizkidaten gurasoak eta nire erantzuna ezezkoa izan da beti. Nire ustez, gizakiak berak erabaki behar du bere gorputzaren inguruan hartu beharreko erabaki horiek eta haurtxoek zein ume txikiek ez dute erabaki hori hartzeko gaitasunik.

Nolakoak izaten dira bezeroen erreakzioak zuen lana amaitu eta emaitza ispilu aurrean ikusten dutenean? Emozionatu egiten dira? Askotan gertatzen zaigu, eta bai, oso erantzun ona izan ohi dute bezeroek. Oso polita eta aberasgarria izaten da guretzat. Nire lanak daukan alde politenen artean dago momentu hori, eta uste dut uste honekin bat datozela nire lankideak [barre egiten dute]. Esan beharrekoa da gure lanaren prozesua bezeroa lehen aldiz estudiora sartzen denetik amaiera arte disfrutatzen dugula. Prozesuaren azken momentuan, azalean egin diogun lan horrek bezeroak eskatzen zuen balio sinboliko itzela duen lanaren islada dela ikustean begiradan nabaritzen zaio. Alde horretatik zorionekoak gara eta hori gure estudiotik igaro diren pertsona guztiek erakutsi digute beren ideiak azalean gauzatuz, ze demontre!

Esaten da lehen tatuajea egiten duen pertsonak sakonerarik gabeko putzuan erori egiten dela eta tatuaje batek beste bat dakarrela. Hala da? Gertatzen da eta jende askok dio hori tintak glutamatoa daramalako (barreak). Baina usteak erdi ustel: tintak ez dauka glutamatorik. Lehen aldiz tatuaje bat egiten duen jende askok bidea zabaltzen du bigarren bat, hirugarren bat… egiteko. Baina hori, nire ustez arrazoi batengatik da: momentura arte ez zuen bere gorputza tatuaje batekin irudikatzen, edo batek daki: agian tatuaje bat egiteak dakarren minak pertsona hori beldurtzen zuen. Behin eginda, emaitza gustatzen zaie eta hurrengora salto egiteak ez dakar buruhausterik. Bizitzako beste gauzekin gertatzen den bezala, lehen aldiak zailak izan ohi dira.

Ba al dago tatuatzea gustatuko litzaizuken pertsonarik munduan? Galdera irekia eta hipotetikoa da. Beraz, erantzun askatasun osoz. Nire aititeari egingo nioke tatuajea. Hil aurretik nire izena zuen tatuaje bat egitea eskatu ohi zidan, betirako izateko. Hil egin zen eta ez nion egin. Edozein momentutan egiteko aukera nuela pentsatzen nuen, baina azkenean ez nuen denborarik izan. Bizitzak erakutsi zidan momentu horrek ez zidala beti itxarongo.

Osorik irakurri