Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Basauri

Maialen Ibarra: «Sei abesti biltzen dituen EP bat kaleratu nahi dut udan»

San Migelgo musikaria lau abestiz osatutako lehen EPa grabatzen ari da udaz geroztik Ibon Larruzea, Joseba Ibarra eta ‘Mon’ekin, 2023aren hasieran kaleratzeko

|

Maialen Ibarra, San Migeleko abeslari eta musikaria // Geuria

[2022ko azaroaren 3an paperezko edizioan kaleratutako elkarrizketa – Geuria 090] Maialen Ibarrak (San Migel, 2001) Basauriko jaien amaieran ETS taldearen ‘Zurekin bat’ abestia kantatzeko aukera izan zuen Arizgoiti plazan, Eskarabilera zerura bidali zuten momentuan eta mila lagun baino gehiagoren aurrean jo bazuen ere, “pertsona lotsati” bezala definitzen du bere burua. San Migelgo auzotarrak hiru abesti kaleratu ditu bere kabuz momentura arte eta lehen EPa prestatzen ari da joan den udatik eta 2023ko hasieran kaleratzea espero du. Beragaz berba egiteko tartetxoa izan dugu.

Nola hasi zinen musikan, Maialen?
Txikitatik bizi izan dut oso gertutik musika. Nire amaren partetik oso familia musikazalea dut: abeslariak, txistu-joleak, gitar-joleak, dantzariak… familia elkartzen garen guztietan, musika beti izan da presente eta beraz, betidanik izan dut musikarekiko nolabaiteko lotura hori. Hala ere, esan beharra dut txikitan oso oso txarto abesten nuela.
Gero 8-9 urterekin Arrigorriagako Artizarra musika eskolan hasi nintzen gitarra ikasten eta bertan hiru urtez egon nintzen. Ondoren nire kabuz eta Youtuberen laguntzaz jarraitu izan dut orain arte, eta badirudi denborarekin zerbait hobetu dudala! (barreak).

‘No quiero volver’ (2020), ‘Azken hitza’ (2021) eta ‘Zuei’ (2022) dira momentura arte ateratako lanak. Nolako garapena izan duzu azken hiru urte hauetan?
Nire ustez garapen nahiko handia izan dut. Azkenean, lehenengo abestitik orain arte hiru urte baino gehiago pasa dira eta produkzio aldetik askoz gehiago ikasi dut. Bestalde, ideien aldetik, argiago dut zer bai eta batez ere, zer ez dudan egin nahi.
Lehenengo abestia 18 urterekin inongo intentziorik gabe igo nuen internetera: ordenagailuarekin etxean grabatuta, laguntzarik gabe, ekoizpenari dagokionez ia ideiarik gabe. Probatzeagatik izan zen, gustatzen zitzaidalako, baina ez nuen etorkizunerako ezer pentsatuta. Gero, abestiak nik pentsatzen nuena baino harrera askoz hobea izan zuela ikusita, hurrengo bat igotzera ausartu nintzen, laguntza pixka bat bilatuz, baina berdin, inolako intentziorik gabe.
‘Zuei’, azkenengo abestia, aurrera pausu nahiko handia izan da. Bigarren abestitik ‘Zuei’ igo arte urte bat baino gehiago pasa zen, denbora gehiago pasa izan dudalako abestia lantzen: lehenengo etxean maketa bat egin nuen. Gero estudio bat bilatu eta bertan grabatzen eta produzitzen ibili nintzen, bideoa ere hobetu nahi nuen. Orokorrean kalitatea hobetu nahi izan nuen (soinuan asko igartzen da aurrekoekin alderatuz). ‘Maialen Ibarra’ izenarekin ia nahi gabe sortu nuen proiektu honi, ahal den heinean, etorkizunerako ibilbide bat zabalduz. Beraz, abesti honek bai, asmo eta helburu zehatzagoa izan du.

Lehen lana gazteleraz egin zenuen. Zerk eragin zizun hurrengoak euskaraz idaztearen erabakia hartzea?
Abestiak sortzen ditudanean ez dut zein hizkuntzatan izango den pentsatzen. Uste dut garai ezberdinak izan ditudala: 13-14 urterekin idatzitako lehenengo abestiak euskaraz izan ziren, gero ingelesera pasatu nintzen, gero erdarara, eta orain, nahiz eta hiru hizkuntzatan idazten jarraitu, euskaraz gehiago idazten dut. Normalean, gitarrarekin hasten naiz akorde eta erritmo batekin eta sortutako soinu horren arabera hizkuntza batera edo bestera jotzen dut, ez da erabaki oso kontzientea izaten. Hala ere, egia da nire ama hizkuntza euskara dela eta helarazi nahi dudan mezuaren arabera batzuetan euskara gertuago sentitzen dudala. Beraz horrek, bere eragina du eta izango du, baina erdaraz edo ingelesez sortutako abestiren bat gustatzen bazait, berdin-berdin kaleratuko dut.

Nola grabatu dituzu abestiak?
Hiru abestiak modu ezberdinean grabatuta daude. Lehenengoa, nik bakarrik grabatu nuen dena etxean: nire ordenagailuak dakarren programarekin, gitarrarekin, ‘midi’ batekin eta mikrofono merke batekin. Bigarren abestirako, berdin hasi nintzen, etxean eta material berdinarekin, baina abesti honetarako nire osaba Joseba Ibarraren eta bere Galdakaoko ‘Mon’ lagunaren laguntza jaso nuen, batez ere baxua eta gitarrarekin konponketak egiteko.
’Zuei’ abestia berriz, Boluetako estudio baten grabatu nuen, Euridia estudioan. Bertan Ibon Larruzea ezagutu nuen eta izugarrizko laguntza eskaini zidan: bai ekoizpenari dagokionez eta bai soinu askoz garbiago bat lortuz. Asko ikasi dut Ibonekin grabatzen eta asko lagundu nau abesti horren prozesu osoan zehar. Gainera, abesti honen bateriak berak grabatu zituen.

Nola ekoizten dituzu lanak?
Nire kabuz produzitzen hasi nintzen, Youtuben bideoak ikusiz eta Garageband programarekin probak behin eta berriz eginez. Gero, ‘Zuei’ abestia batez ere Ibonen laguntzarekin batera produzituta dago. Nik nire etxean sortutako maketa estudiora eraman nuen eta bertan berriro dena grabatu eta produzitu genuen, eta nahiz eta abesti berdina izan, soinu aldetik izugarrizko aldea dago nik eraman nion lehenengo proiektutik, ezagutzen duzuen azken proiektura arte. Baina berez ez dut inongo kanpoko laguntzarik izan: nire kabuz bilatu dut jaso izan dudan laguntza guztia: Ibon, nire osaba Joseba eta bere laguna Mon.

Zein tokitan ibili zara gitarragaz eta nolako formatua eskaintzen duzu oholtzan?
2021eko ekainera arte ez nuen jende aurrean nonbaiten abesteko inolako eskaintzarik izan eta nik ere ez nuen imajinatzen egunen baten jende aurrean abesten egongo nintzenik, beraz momentu horretan eskaintzeko nuena oso sinplea zen, ni eta nire gitarra. Gero, beste 10 hilabete egon nintzen kontzerturik eman gabe. Baina aurten, ‘Zuei’ kaleratu ondoren, leku eta ekintza ezberdinetan abesteko aukerak eskaini dizkidate eta Basaurin hiru aldiz, San Migelen bi, eta Larrabetzun, Arrigorriagan eta Erandion behin egoteko aukera izan dut. Hala ere, urte honetara arte ez dudanez proiektu hau etorkizunerako zerbait izan zitekeenik pentsatu, eman ditudan kontzertu guztiak modu akustikoan izan dira hori delako gaur egun eskaini dezakedana. Baina, nahiz eta gitarrarekin bakarrik abesten asko gozatzen dudan, jende gehiagorekin jotzea eta oholtzan zerbait ezberdina eskaintzeko formatua bilatzen nabil orain. Gitarra batekin bakarrik jotzerakoan, soinu aldetik mugak daude eta muga horiek gainditzea gustatuko litzaidake. Beraz orain horretan nabil, proiektu hau gustatu ahal zaion jendearen bila

Azken agerraldien artean Basauriko jai amaierakoa izan genuen. Nolako esperientzia izan zen zuretzat Basaurin jendetzaren aurrean eta momentu hain hunkigarrian jotzea?
Oso esperientzia polita eta batez ere, aberasgarria. Nahiz eta jendearen aurrean abestera ausartu, ni oso lotsatia naiz eta eman ditudan kontzertu guztien aurretik oso-oso urduri jartzen naiz. Egun hartan inoiz baino urduriago nengoen. Esperientzia ezberdina zen: pilo bat jenderen aurrean abestuko nuen, lagun eta ezagun asko egongo ziren, oholtza ikaragarri handi batean, abesti bakarra, zarata handiarekin… Oso urduri hasi nintzen baina gero pozik amaitu nuen. Gutxi batzuk esan dezakete horrelako plaza baten hainbeste jenderen aurrean abestu dutela, eta nik behintzat, esperientzia hori gutxienez behin bizitzeko aukera izan dut. Gainera Basauriko jaietan abesteari esker jende gehiagok ezagutu nau eta bertan egongo ez banintz seguru aski orain ez nintzatekela elkarrizketa hau egiten egongo (barreak).

Zein abesti aukeratu zenuen bertan kantatzeko eta zergatik?
Egia esan ez nuen nik aukeratu (barreak). Jai amaierako ikuskizuna 16an, domekan, izango zen eta niri 14an, bariku arratsaldean, Herriko Taldeaken mezu bat heldu zitzaidan arazo bat izan zutela esanez eta ea jai amaierako egunean abestera animatuko banintz galdetuz. Beraz, haiekin hitz egin nuen, baietz esan nien eta haiek proposatu zidaten edo pentsatuta zuten abestia ETSren ‘Zurekin Batera’ zen. Abestia ezagutzen nuen, gustatzen zitzaidan, momenturako oso egokia iruditzen zitzaidan… baina batetik, letra (estribilloaz gain) ez nekien, eta bestetik, egun bat eta erdi nuen dena ikasteko eta entseatzeko. Horrek ere, lehen aipatutako urduritasunean eragina izan zuen baina azkenean oso polita geratu zen eta abestiaren aukeraketa ezin hobea izan zen momentu horretarako.

Zer eskaintzen dizu musikak zu bezalako kantari bati?
Batetik gozamena. Abesti bat idazten hastea, grabatzea, produzitzea, soinu berriak bilatzea, abestia kaleratzeko dena prestatzea… Prozesu luzea da, baina ikusteko eta bizitzeko polita dena eta asko gozatzen dudana. Gainera kontzertuak zuzenean ikustea, musika talde edota abesti berriak ezagutzea, abesti bat gitarrarekin ikasten jotzea… hori guztia asko gustatzen zait.
Bestetik, uste dut nire buruan ditudan ideak orri batean idazten ditudanean, ideia horiek pixka bat ordenatzen eta hobeto ulertzen laguntzen didala. Eta ez bakarrik nire letrekin, beste abesti baten letrak entzuteak eta esaten duenarekin bat egiteak ere gauza asko ulertzen lagun diezazukela uste dut.

Musikak garrantzia handia izango du zure eguneroan.
Nahiko handia, bai. Uste dut ez dagoela egun bat ere musika entzuten ez dudanik. Etxean abesten edota gitarrarekin orduak pasa ditzaket, nire nebak batzutan “bronka” botatzen dit astuna izateagatik (barreak). Baina denbora dudanean gustatzen zait gitarrarekin abestea. Ikasi behar dudanean ere, burua minutu batzuk despejatzeko gitarra hartu ohi dut eta gaurko egunera arte ondo joan zait behintzat (barreak).

Zein da musikarekin duzun helburua?
Ez dut epe luzerako inongo helbururik ez dakidalako zertan ibiliko naizen. Momentuz, hainbat abesti biltzen dituen lantxo bat kaleratu nahi dut eta behintzat helburu hori betetzen nabil. Posible izango balitz, noski gustatuko litzaidakeela disko bat grabatu ahal izatea eta kontzertuetan jendeak nire abestiak jakitea eta abesten ikustea. Denbora kontua da hori!

Abesti edo albumik ateratzeko asmorik duzu datorren urteari begira?
Bai. Momentura arte abesti solteak kaleratu ditut, baina orain 4 abesti biltzen dituen EP bat kaleratzea gustatuko litzaidake. Udan hasi nintzen ideia honekin lanean eta oraindik horretan nabil. Abestien maketak gutxi gorabehera prest daude baina orain estudio batean dena ondo grabatzea eta produzitzea falta da. Ez dakit noizko edukiko dudan prest, unibertsitateko azkenengo urtean nabil eta prozesu honek denbora asko eskatzen du, baina datorren urteko lehenengo hilabeteetarako (asko jota) dena prest edukitzea gustatuko litzaidake.
Gainera, abestiak eta soinuak orain arte kaleratutakoaren pixka bat ezberdinagoak dira eta proiektu honetan ez dut bakarrik lan egingo; laguntza izango dut. Beraz, uste dut oso polita geratuko dela.

☉ Basauri

Bideoa / Gerraren eta faxismoaren aurkako murala margotu du Hego Uribeko GKSk Basaurin

|

Urtarrilaren 25ean, larunbatez, GKSk manifestazioak deitu ditu Bilbon eta Iruñean (18:00, Jesusen Bihotza plazatik), ‘Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora’ lemapean.

Mobilizatzeko deialdia zabaltzeko helburuarekin, Basaurin eta Galdakaon mural-margoketak antolatu dituzte gaur, urtarrilak 18: goizean Basaurin eta arratsaldean Galdakaon.

Muralaren diseinua Elene Uribarri galdakoztarrak egin du eta Basaurin dozena bat gazte batu dira.

Eguerdian batu dira Bentako plazan Basauriko GKSko dozena bat gazte // Geuria

Olatz Galindez Verano Hego Uribeko GKSko kidearekin berba egin dugu goizean Basaurin: “Azken aldian eskualdean hedatzen ari dira faxismoari bidea ireki ahal dioten ideia erreakzionarioak, konkretutik, arrazistak eta matxistak. Adibidez, Basaurin pintada arrazistak agertu dira eta Arrigorriagan eraso arrazista bat eman zen abenduan”.

“Faxismoa langile klasearen aurkako ideologia eta praktika bezala identifikatzen dugu, eta sektore zaurgarrienak kolpatzen ditu; batez ere, migranteak, emakume langileak eta LGTBI kolektiboak. Horregatik, horren aurrean ikusten dugu beharrezkoa dela kaleak hartzea eta gurekin mobilizatzera animatzen zaituztegu”, dio Galindezek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurik 82.000 euro gastatu behar izan zituen 2024an ekintza bandalikoek eragindako kalteak konpontzeko

Zenbateko osoaren erdia baino gehiago, 45.800 euro, Solobarriako karpako pintadak eta olana konpontzeko erabili zituen iaz Basauriko Udalak

|

Besteak beste, Solobarriako karpan eta Doktor Jose Garai kaleko igogailuan ekintza bandalikoak egin zituzten iaz // Basauriko Udala

2024an zehar herrian izandako ekintza bandalikoek eragindako kalteak konpontzeko 82.000 euro gastatu zituen Basauriko Udalak.

Datuak datu, kalte hauek ordaindu zituen iaz Udalak:

  • Eraikinetako hormetako edo Solobarriako karpako pintadak kentzeko: 45.800 euro
  • Erre zituzten 10 edukiontzi ordezkatzeko: 12.000 euro
  • Igogailuak konpontzea: 11.844 euro
  • Bizkotxaldeko parkeko sareak eta segurtasun-zoru berriak konpontzeko: 7.477 euro
  • Arrapala mekanikoetako beiren haustura konpontzeko: 4.260 euro
  • Komun publikoetan egindako ekintzak garbitzeko: 1.016 euro

“Ekintza horiek kalte handiak sortzen dizkiete zuzenean basauriar guztiei, espazio publiko partekatuak hondatzen dituzte eta herritar guztiengan eragin duen aparteko gastua dakarte”, diote udal ordezkariek: “Adibidez, norbaitek nahita eragitea igogailuek eta arrapala mekanikoek ibiltzeari utz diezaioten izugarrizko kaltea da mugikortasun murriztua duten bizilagun askorentzat”.

Gauzak horrela, Basauriko Udalak dei egiten die gizalegerik gabe jarduten duten edo beren ardurapeko pertsonei hori egiten uzten dieten herritar gutxi horiei, eta eskatzen die haien ekintzen ondorioez jabe daitezen.

Osorik irakurri

☉ Basauri

‘Euskararen zuhaitza’ landatu du Basozelain Beat Taldeak

|

Sagarrak talde ekologistako kideez lagunduta landatu zuten Basozelain 'Euskararen zuhaitza' // Beat Basauri

Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazoek ‘Euskararen zuhaitza’ oparitu zieten iazko maiatzean Basozelaiko Beat taldekoei. Pago bat da eta Sagarrak talde ekologistaren laguntzarekin, abenduan landatu zuten auzoan.

Ekitaldira  bertaratu ziren. “Landatu dugun pago txiki honek, Euskararen zuhaitza, hazi egingo da eta horrekin batera euskararen erabilerak ere egingo du gora gure auzoan”, diote Beateko kideek.

Sagarrak taldeko ordezkariak kultura guztietan zuhaitzek balore sinboliko handia dutela nabarmendu zuen: “Euskal Herrian bi zuhaitz nagusi ditugu: haritza eta pagoa. Zuhaitzek eta basoek, hizkuntzak eta kulturak bezala, lurra behar dute sustraiak landatzeko. Zuhaitza hazi egingo da gu apenas konturatu gabe, eta espero dezagun ere euskal hiztunak ere haztea zuhaitzarekin batera”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bizkaiko Buruz buruzko esku pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte larunbatean Basaurin

Basauriko Bidebieta Pilota Taldetik bi ordezkari izango dira finaletan: Jon Aperribai kadete mailan eta Eva Martinez emakumezkoen kategorian

|

Bidebieta Pilota Taldeko Eva Martinezek eta Jon Aperribaik finalak jokatuko dituzte, bakoitza bere kategorian // Bidebieta Pilota Taldea

Bizkaiko Buruz buruko esku pilota txapelketako finalak hartuko ditu Basaurik urtarrilaren 18an, larunbatez, Artunduagako frontoian, 10:00etatik aurrera.

Lau final jokatu dira: kadeteak, gazteak, emakumeak eta nagusiak.

Basauriko Bidebieta Pilota Taldetik bi ordezkari izango dira finaletan: Jon Aperribai kadete mailan eta Eva Martinez emakumezkoen kategorian.

Aperribaik, gainera, Hego Uribe eskualdeko aurkaria izango du aurrean: Zaratamoko Upo Mendi klubeko Oier Gil.

Lau final

Urtarrilak 18, larunbata
Artunduagako frontoia · 10:00

Kadeteak (3. maila): Jon Aperribai -Bidebieta- vs Oier Gil -Upo Mendi-
Gazteak (3. maila): Galder Buruaga -Lagun Artea- vs Aratz Diez -Olaburu-
Emakumezkoak: June Agirrebeitia -Durango- vs Eva Martinez -Bidebieta-
Nagusiak (3. maila): Markel Cabello -Lezama- vs Enaitz Arandia -Danak Bat-

Osorik irakurri

☉ Basauri

38 urteko gizon bat atxilotu dute Basaurin beste pertsona bati pistola batekin mehatxatzeagatik

|

Bide-segurtasunaren aurkako delitua ere egotzi diote atxilotuari // Ertzaintza

Ertzaintzak 38 urteko gizon bat atxilotu du Basaurin, beste pertsona bati pistola batekin mehatxatzeagatik eta gertakarian parte hartu zuten agenteen aurka jotzeagatik.

Gertaerak atzo arratsaldean jazo ziren. Bakoitza bere ibilgailuan zihoan eta atxilotua modu arriskutsuan gidatzen zegoenez, atzetik zihoan gidariak argi-keinuak egin zizkion.

Aurretik zihoan gidariak orduan pistola atera zuen leihotik eta airera tiro egin zuen, eta ondoren, beste gidariaren aurka apuntatu zuen “modu mehatxagarrian”, Segurtasun Sailetik adierazi dutenez.

Gertaera horren ondoren, bistatik galdu ziren Basaurira iritsi arte. Bertan, biak beraien ibilgailuetatik jaitsi ondoren, berriro topo egin zuten, eta arma zeramanak berriro erabili zuen, mehatxu gehiago eginez.

Biktimak Sos Deiakera deitu zuen eta Ertzaintzako agenteak berehala bertaratu ziren eta ustezko egilea identifikatu zuten.

Identifikatzerako orduan, atxilotuak agenteen aurka egin zuen irainekin eta heriotza-mehatxuak egin zizkien.

Ertzainek ikusi zutenez, atxilotuak alkohola kontsumitzearekin bateragarriak ziren sintomak zituen eta minutu batzuk lehenago ibilgailua gidatzen ari zenez, agenteek alkoholemia-proba egin zioten: baimendutako tasa baino askoz ere handiagoa eman zuen. Gauzak horrela, bide-segurtasunaren aurkako delituagatik ere eginbideak ireki dizkiote.

Osorik irakurri