Hilaren 22an Basauriko eta atzerriko familiek edo norbanakoek elkarrekin bazkalduko dute, Bizilagunak-Aldameneko Familia ekimenaren baitan. GEURIA urtero parte hartu duen bizilagun batekin elkartu da esperientziari buruz berba egiteko.
Orain dela hiru urte izan zuen Janire Villarrek (Elorrio, 1981) Basauriko herrikideak Bizilagunak-Aldameneko Familia programaren berri. Udal webgunean ikusi zuen lehenengo edizioaren iragarkia eta bere bikotearekin berba egin zuen: “Nire senarrak eta biok bat egin genuen: parte hartu nahi genuen”. Aurten ezin izango dute ekimenean parte hartu, “baina ahalik eta informazio gehien eman diegu gure lagunei”.
Bere ustetan, Bizilagunak bezalako ekimenak oso garrantzitsuak dira “jarduera kolektiboak direlako, eta gaur egun taldean egiten diren ekintzak galtzen ari direlako. Oso indibidualistak gara”.
Zein izan zen Bizilagunak programan parte hartzeko arrazoi nagusia?
Nire senarrari bidaiatzea asko gustatzen zaio, batik bat, kultura ezberdinak ezagutzeko, eta ni Gizarte Hezitzailea naiz, etorkinekin egiten dut lan. Horregatik, Bizilagunak programa oso ideia ona iruditu zitzaigun gure lanekin eta gustuekin bete-betean bat datorrelako.
Hasierako urtean Hego Amerikako familia batekin egon ginen eta eurak etorri ziren gure etxera. Eta bigarren urtean familia afrikar baten etxera joan ginen nire senarra, semea eta hirurok. Gure kasuan bi aukerak ezagutu ditugu, anfitrioi eta bisitari izan gara: biak ala biak oso esperientzia aberasgarriak. Pena handia dugu aurten ezin dugulako parte hartu, baina ondokoak animatzen ari gara.
Zein da etxeko txirrina lehendabizikoz jotzen duten edo duzuen momentuaren sentsazio hori?
Urduritasuna da sentitzen den lehenengo sentsazioa, baina naturaltasunez jokatu behar da eta horrela harremana lasaiagoa izango da.
Beraz, naturaltasunez jokatzea da gakoa.
Aldameneko familia gustura sentitu dadin nahi du bai anfitrioiak bai bisitariak. Esate baterako, nire senarrak prestatu ohi du bazkaria eta anfitrioiak izan garenean galdetu izan dio bere buruari ea aldameneko familiari gustatuko zaion edo ez. Kezka hori beti dago buruan bueltaka, baina mahaian behin jesarrita natural jokatu behar da eta dena bide onean joango da.
Bazkalorduan zer da hizpide?
Hamaika gaien inguruan berba egin ohi dugu. Gu biok ari garen bezala, elkarrizketa moduko batean datza kontua. Elkar ezagutzea da helburua, kultura ezberdinak ezagutzea: zein den bakoitzaren herrialdeko janari tipikoa, nola prestatzen den, zein ohitura dauden, besteak beste. Hortik hasi eta tiraka-tiraka gai asko agertzen dira.
Aurreiritziak al dira Bizilagunak moduko ekimen batean parte hartzeko oztopo nagusia?
Aurreiritzi asko ditugu Euskal Herrian. Informazio ezak eramaten gaitu aurreiritzietara, baita arrazista izatera ere, eta horrek amorrua ematen dit niri. Adibidez, kalean honakoak entzuten ditudanean: “Etorkina izateagatik, laguntza ekonomiko handiagoak dituzte” edo “Etorkinak bertara datoz lanpostuak guri kentzera”.
Nahiz eta zure argudioak defendatu behar dituzun, jendeak pentsamolde zabalagoa izan behar du eta ulertzen jakin behar du Aldameneko Familia hori. Izan ere, gure familiak ere etorkinak izan ziren.
Baina nola egin aurre aurreiritziei?
Beste kultura batzuk ezagutzen ditugunean apurtzen ditugu aurreiritziak. Zenbaitetan, guretzat ezezagunak diren kulturen beldur gara, baina pixkanaka-pixkanaka hauek ezagutzen ditugun heinean, aurreiritziak ere desagertzen dira. Horren sinplea da kontua.
Hala ere, zaila izango da aurreiritziak dituen norbaiten iritzia aldatzea…
Hala da, baina aurreneko pausoa norberak bere esperientzia kontatzea da eta konturatuko gara nola ondokoen ikuspegia ere zabaltzeko gai garen. Adibidez, iritzi ezberdinak partekatuz bakoitzaren bizitza eta ohiturak uler ditzakezu. Noski, erabakia bakoitzaren esku dago, eta pertsona irekiekin errazagoa da.
Bizilagunak programaren barruan gertatu zaizun anekdotaren bat ba al duzu kontatzeko?
Bigarren edizioan, familia afrikarraren etxera joan ginenean, amak euren herrialdeko bazkari tipikoa prestatu zuen, baina bere semeari ez zitzaion gustatzen bere jatorrizko herrialdeko janaria. Euskal kulturara guztiz ohituta dago, Euskal Herrian jaio baitzen.
Gaur egun, kontaktuan jarraitzen al duzu Aldameneko Familia horiekin?
Ez dugu eguneroko harremanik, baina elkar ikusten dugunean agurtu eta labur bada ere solasalditxoa egiten dugu. Gainera, ezagutu ditugun familiak herriko elkarte batzuetako kide dira eta ekitaldiak antolatzen dituztenean bertan egiten dugu topo.
