☉ Basauri
Jon Martin: “Basozelaitik Bentako plazara ekarriko dugu Festibas, San Isidro jaietan”

Festibas, Basauriko musika taldeak bultzatzeko jaialdia, maiatzaren 16an ospatuko da. Parte hartu nahi duten musika taldeek martxoaren 29a baino lehen bidali behar dute inskripzio orria Zirt Zart bulegora. Zortzi talde aukeratuko dituzte Bentako plazan zuzenean jotzeko
Tokian tokiko musika taldeen jaialdiaren bigarren edizioa antolatu du Zirt Zart gazte bulegoak Basauriko Udalaren Gazteria zerbitzuaren bitartez. Festibas jaialdia maiatzaren 16an ospatuko da Bentako plazan eta Basauriko musika taldeak eta Basozelaiko Gizarte Etxeko entsegu gelen erabiltzaileak ezagutaraztea da helburua. “2014an kontzertu aretoa bete egin zen. Finean, herriko musika taldeak dira protagonistak eta bertako jendea etortzen da”, dio Jon Martin Zirt Zart bulegoko kideak. Guztira hiru entsegu gela daude Gizarte Etxean eta iaz 100 musika taldek baino gehiagok erabili dituzte.
2014an Basozelaiko Gizarte Etxean izan ziren kontzertuak, baina aurten Bentako plazara eramango dituzte: “Gizarte Etxean kontzertuak eskaintzea ‘handicap’ bat da. Askotan jendeari kosta egiten zaio Basozelairaino etortzea”. Hori dela eta, kontzertuak kalera ateratzea proposatu zioten Udalari: “Maiatzaren 16an Bentako Jaiak izango direla kontutan hartuta eta herriko erdigunea izanik, bertan egitea erabaki dugu”.
Inskribatuko diren musika taldeetatik zortzik izango dute aukera maiatzaren 16an 22:00etatik aurrera Bentako plazan zuzenean jotzeko. “Aurreko urtean hainbat musika taldek eman zuten izena Festibaseko lehenengo edizioan parte hartzeko, baina guk finkatzen dugu muga 8 taldetan”, dio Martinek. Hala ere, arduradunek eurek erabaki dezakete kopuru hori aldatzea. Jon Martinen esanetan, “euskaraz abesten duten taldeek lehentasuna dute eta taldekideen adina ere aintzat hartzen dugu, gazteenetatik hasita”.
PARTE HARTZEKO BALDINTZAK
Festibas jaialdian parte hartzeko Zirt Zart bulegoan edo Basozelaiko Gaztegunean eskuragarri dagoen inskripzio orria bete behar dute interesatuek, eta bertan entregatu martxoaren 29a baino lehen. Posta bidez eta zirtzart@basauri.net helbide elektronikoz ere bidal daiteke izen-ematea. Inskripzio orriarekin batera musika taldearen deskribapena eta partaide baten NAN zenbakia edo errolda ziurtagiriaren fotokopia ere bidali behar dira, baldin eta 2013. urteaz geroztik taldeak ez badu entsegu gelarik erabili.
Taldekideren bat Basaurin erroldatua egotea edo azken hiru urteetan (2013tik 2015era bitarteko epean), noizbait, Basozelai Gizarte Etxean dauden entsegu gelen erabiltzaile izatea dira Festibasean parte harzteko baldintzak. Era berean, parte hartzaileek 16 urtetik gorakoak izan behar dute.
☉ Basauri
Basauriko Argazkilari Elkarteak 15 urte beteko ditu aurten

Basauriko Argazkilari Elkarteak 15 urte beteko ditu aurten. 2011n sortu zuten elkartea zaletu batzuek argazkigintza ikasi, praktikatu eta zaletasuna hobetzen jarraitzeko helburuarekin.
“Basauriko Udalak berak antolatu eta diruz laguntzen dituen Ibaiganeko argazki-tailerreko ikastaroetan parte hartzen duten zaleak hurbiltzen saiatzen gara gure elkartera, baita zaletasun bera duten pertsona guztiak ere, zaletasun hau sustatzen jarraitu ahal izateko”, diote elkarteko ordezkariek.
Basauriko Argazkilari Elkarteak egoitza du Leon kaleko 13. zenbakian, eta hamaika ekintza antolatzen dituzte. Esaterako, ikasteko eta aholkuak emateko asteroko bilerak, argazkigintzari buruzko hitzaldiak, irteerak hilero, hileroko erronka bat, erakusketak edota Basauriko beste talde eta elkarte batzuekin lankidetzak.
“Gaur egun Euskadiko Argazkilari Elkarteko kideak gara, eta harremanak ditugu Euskadiko eta Euskaditik kanpoko beste argazki-elkarte batzuekin”, diote.
Urtarrilean Asier Iragorri alkateak eta Maria Larrinaga Kultura arloko zinegotziak bertatik bertara ezagutu zuten Basauriko Argazkilari Elkartearen jarduna eta euren lokala bisitatu zuten.
☉ Basauri
Zigor Orbe preso basauriarra aske geratu da kondena osoa bete ostean

Zigor Orbe Sevillano preso basauriarra aske gelditu da zigor osoa bete ostean.
2004an atxilotu zuten Orbe Basaurin autobus bat erretzegatik, gidaria barruan zegoenean.
Frantzian atxilotu zuten eta 2010ean Espainiako estatuaren esku utzi zuten.
2021ean Cadizetik Zaballako espetxera lekualdatu zuten zigorraren hiru laurdenak betetzear zituenean. Orduan, Espetxe Erakundetik esan zutenez, indarkeria gaitzetsi zuen, bere gain hartu zuen biktimei egindako kaltea eta haien erreparazioaren alde egin zuen.
2022an hirugarren gradua onartu zioten eta 2023ko abuztutik baldintzapeko askatasunean zegoen. Orbek zigor osoa bete du.
☉ Basauri
Txikientzako eta helduentzako euskarazko antzezlanak taularatuko dituzte otsailean Basauriko Social Antzokian
Umeentzako ‘Bazen behin…’ eta nagusientzako ‘Arizona’ antzezlanak izango dira Social Antzokian, euskaraz

Social Antzokiak euskarazko bi antzezlan taularatuko ditu otsailean, bat txikiei zuzendutakoa eta bestea helduei zuzendutakoa.
Otsailaren 22an, igandez, 12:30ean Tiritirantes konpainiak ‘Bazen behin…’ lana ekarriko du Basauriko antzokira. Emanaldia 3 urtetik gorako umeei dago zuzenduta eta zirkua, magia eta musika bezalako disziplinak ikusi ahal izango dira. Sarrerak salgai daude 6 euroan.
Eta, otsailaren 27an, ostiralez, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreek ‘Arizona’ antzezlana ekarriko dute (20:00). Mugei, migrazioari, giza ergelkeriari eta manipulazioaren mugei buruz hausnartzera gonbidatzen du lanak umorea erabiliz. Sarrerak salgai daude 10 euroan, eta Social Antzokiko bazkideek 5 euro ordainduko dituzte.
☉ Basauri
Lau gizon atxilotu dituzte Basauriko metalurgia enpresa batean lapurreta egiteagatik
Lapurreta iazko abuztuan gertatu zen, eta Ertzaintzak adierazi duenez, “balio handiko” lehengai metalurgikoa lapurtu zuten

Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak 25 eta 50 urte arteko lau gizon atxilotu dituzte Basauriko industria-pabiloi bateko metalurgia enpresa batean lapurreta egitea leporatuta.
Lapurreta iazko abuztuan gertatu zen eta Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, “balio handiko” lehengai metalurgikoa lapurtu zuten.
Atxiloketak Gernikan, Sestaon eta Portugaleten egin dituzte.
Gainera, lau pertsona horiei joan den urtarrilaren 19an Miranda de Ebroko enpresa batean egindako lapurreta ere egotzi diete. Kasu hartan 6.000 kilogramo kobre lapurtu zuten, 51.000 euro inguruko balioa zuena.
Bi delituetan atxilotuek zulo bat egin zuten enpresetan sartu eta lapurreta egin ahal izateko.
Atxilotuei indarrez lapurreta egitea eta talde kriminaleko kide izatea leporatu diete.
☉ Basauri
Emakume bat atxilotu dute Basaurin espetxean droga sartzen saiatu denean
Emakumeak 67 urte ditu eta osasun publikoaren aurkako ustezko delitua egotzi diote. Era berean, berarekin zegoen 29 urteko beste emakume bat ere identifikatu du Ertzaintzak

Ertzaintzak 67 urteko emakume bat atxilotu zuen atzo Basaurin, espetxean haxixa sartzen saiatu zenean, preso bat bisitatzera joan zela aprobetxatuz.
Susmoak jarraituz, preso batentzako zen pakete bat ikuskatu zuten. Beroki bat aztertu eta miatu ondoren, forruaren barruan ezkutatuta 300 gramo haxix zituzten zazpi poltsatxo aurkitu zituzten.
Gauzak horrela, momentuan bertan atxilotu zuten emakumea. Osasun publikoaren aurkako ustezko delitua egotzi diote, eta polizia-eginbideak bete ostean, aske utzi zuten.
Era berean, akusatuarekin zegoen 29 urteko beste emakume bat ere identifikatu zuten agenteek. Bere aurka eginbideak ireki dituzte, ikertu gisa, delitu beragatik.










