☉ Basauri
[Sakonean] Isileko lana, ondo entzun dadin
Joseba Ibarra basauriarra urriaren 28an San Migelen ospatuko den Bizkaiko Kantarien Topaketarako kantuak moldatzen ari da.

Joseba Ibarra basauriarra urriaren 28an San Migelen ospatuko den Bizkaiko Kantarien Topaketarako kantuak moldatzen ari da.
Elkartu da lagun koadrila larunbat gauez afaritarako eta hasi dira kantuan muturra berotu orduko: Isil-isilik daaaaagoooo, kaia barreeeeeeeniaaaaaaaan… Eta aurrerago, birikak arnasez beterik: Anteroooooooooooooooon txamarrotiaaaaaaaa …ren bigotiaaaaaa… Momentu bat: noren bibotea esan dute? Francorena? Apaizarena? Sinkerrena? Ez dugu argi entzun… Hareeeetxek ei dauko, ei dauko preso… Eta nor zeukan preso? Euskal Herria? Txipiroia? Hori ere ez zaigu garbi geratu. Gainera, iruditu zaigu batzuk anteroren txamarrotiaz ahaztu eta zuzenean Hau dok, hau don, hau dok umoria… esaten ere hasi direla. Tira, orain bai, denak batera ari dira behintzat: Kalian goooooora, kalian beheeeeera…
Lagun koadrila baten afalosteko kantu saioan hori gertatzeak garrantzi gutxi du, batere ez duela ez esatearren. Baina urriaren 28an San Migelen ospatzekoa den Bizkaiko Kantarien Topaketan halako nahasteak ekiditea ez legoke txarto, eta horretantxe ari da buru-belarri Joseba Ibarra basauriarra. “Hainbat herritara bidali da urriko topaketara etortzeko gonbita. Kontuan hartu behar da herri bakoitzak kantu horiek abesteko bere modua duela. Batzuetan diferentzia horiek lelokeriak dirudite baina… Demagun, Eperra abesten ari garela: toki batzuetan errepikatu egiten dute abestiaren bigarren zatia, beste batzuetan, ez. Errepikatu behar den edo ez aurretik zehazten ez bada, beraz, lehenengo aldiz abestiaren bigarren zatia kantatu ostean edozer gauza gerta liteke. Eta jende asko dagoenean hori kontrolatzea ez da hain erraza izaten zuzendariarentzat”, dio Ibarrak.
Abesti bakoitza nola abestu zehaztea: tonua, letra, errepikapenak… Horixe da Joseba Ibarra asteotan egiten ari dena. Normalean erreferentzia originalak izan ditu kontuan erabaki horiek hartzeko. Esaterako, Benito Lertxundiren Baldorba abestu behar badute, oriotarrak nola abestu duen begiratzen du Josebak. Baina, noski, beti ez da posible kantu originalaren ezaugarri guzti-guztiak mantentzea. “Natxo de Feliperen ahotsa ez du edonork, eta horrelakoetan tonua aldatu behar izaten da”, azaldu digu. Eta horrez gain, badira abesti batzuk erreferentzia konkreturik ez dutenak: gure lagun koadrilak abestu duen Isil-isilik bera, adibidez. Herri bakoitzak kantu hori abesteko bere modua du, eta urriaren 28koa bezalako topaketa baten aurretiko komeni da, besteak beste, bibotea Francorena edo apaizarena izan- go den zehaztea. Zentzu horretan, hilean behin San Migelen kantari ateratzen den taldeak abantaila txiki bat baduela dio Josebak: “San Migelgo taldearen oinarrian ia umetatik elkar ezagutzen dugun lagun koadrila bat dago; esan liteke talde trinko bat dagoela eta gero haren inguruan jende gehiago batzen dela. Isil-isilik modu batera abesten genuen koadrilan, eta modu horretara egiten dugu orain taldean”. 2013ko abenduaren 30az geroztik ateratzen dira San Migelen hilean bariku batez abestera.

2013ko abenduaren 30az geroztik ateratzen dira San Migelen hilean bariku batez abestera / Amaia Goikoetxea
Josebak aipatu moduan, abestiaren tonua izaten da sarri aldatu beharreko ezaugarrietako bat; abeslariak zerbaitegatik baitira abeslari, eta denok ez baitugu haiek bezala kantatzeko abilidaderik. Beraz, maiz tokatzen da tonua jaistea. Normalean tonu errazak erabiltzen dituzte taldean: do maior edo fa maior. Demagun, oriotarrarekin jarraituz, Benito Lertxundik Nere herriko neskatxa maite fa maior tonuan abesten duela baina taldeko lagunentzat altuegi geratzen den tonua dela hori eta do maiorrera jaistea erabakitzen duela Josebak. Hainbeste jaitsita, ordea, baxuegi ere geratzen zaie batzuei. Bada, jar dezagun pixka bat gorago, re maiorrean. Badirudi abeslarientzat tonu egokia dela hori, baina orain arte aipatu ez ditugun batzuei sortuko diegu arazoa: musikariei. Izan ere, musikaz apur bat dakiena jabetuko da do maiorretik re maiorrera pasatzeak konplikazio bat baino gehiago ekar dakiekeela musikari batzuei, txistulariei adibidez.
Musikariekin jarraituz, kantu batean erabiliko diren akordeak adostea ere ez da hain sinplea. “Benito Lertxundik minorreko modu asko sartzen ditu bere abestietan, baina gero kantu talde askotan oinarrizko hiru akordeak erabili eta modu minorrak eta gainerakoak baztertu egiten dituzte, kontua erraztearren, noski. Baina zer nahi duzu esatea, niri ez zait berdin kantuaren zati batean re minor edo fa maior sartzea. Lertxundiren Jaun baruak kantua prestatzerakoan, nire erreferentzia oriotarra bera izan da. Lertxundik modu minorra erabiltzen du kasu honetan ere pasarte zehatz batean, baina konturatu naiz toki guztietan fa maior sartzen dutela. Hainbat lagunekin kontsultatu ondoren, modu minorra baztertu eta jendeak kalean egiten duen bezala egitea erabaki dut. Beraz, halako kasuetan horretara lerratu naiz. Baina beti ezin izaten da hori egin. Era horretarako eztabaidak oso luzeak izan daitezke, gainera… Denbora eskaini behar zaio gai horri, gero ondo entzun dadin”.
Tonuaz eta harmoniaz gain, badaude musikariei begira nkatu beharreko beste hainbat atal ere. Sarrera zelan eman adostu behar da, baita estrofen artean bitarteko doinurik egongo den ala ez ere; edo, esaterako, azkeneko estrofan tonu bat igo behar den edo ez… “Gauza horiek adostu egin behar dira aldez aurretik. Musikariek argi izan behar dituzte, bestela kantariak galdu egiten dira. Eta zuzendariak ere oso argi izan behar ditu. Kantariek musikariei jarraitzen diete. Abestera datorren jendeari ez zaizkio partiturak ematen, abestien letrak baizik. Beraz, musikariek gidatu behar dituzte kantariak”. San Migelen soinulariek, txistulariek eta pandero-jotzaileek osatzen dute normalean musikarien talde hori. Dena den, Josebak garbi utzi nahi izan du ekimen hauen helburua ez dela instrumentala: “Helburu nagusia kantatzea da”.
Euskara ere, helburu
Hilean behin barikuetan San Migelen biltzen den kantari taldean dirutxo bat ipintzen dute bost tabernetara joateko. Barikuetan pintxo-potea egoten denez, tabernari batzuekin aurretik adostu eta bertara iristean poteak eta pintxoak zain izaten dituzte (horrela beste itxura bat hartzen du kontuak, ezta?). “Ia-ia afalduta goaz etxera, eta jendeak hori asko estimatzen du. Antolakuntza aldetik horrek asko laguntzen du, erraztu egiten du. Zeozer hartu, abestu eta, bien bitartean, euskaraz gehiago egin”. Hori ere bai baita kantu taldearen helburuetako bat. Euskaraz badakien jendea badago San Migelen, baina ez badago testuinguru egokirik, jendea ez da hitz egitera animatzen. “Kantu taldeak jendea euskaraz hitz egitera bultzatzen du nolabait, euskara gehiago entzuten da”.
Urriaren 28ra begira
Bizkaiko hogeita zortzi kantari talderi bidali diete San Migeltik urriaren 28ko topaketara etortzeko gonbidapena. Iñaki Uterga antolakuntza taldeko kideak azaldu digunez, oraindik ez dute guztien erantzunik eta, beraz, ezin dute zehaztu zenbat jende elkartuko den. Datozen horiek goizeko 11:00etan bilduko dira San Migelen eta lauzpabost taldetan banatuko dira. “Taldeak herrian barrena ibiliko dira eta zortzi puntutan abestuko dute, puntu bakoitzean hiru abesti”. Berrogei kantuko zerrenda prestatu dute Bizkaiko Kantarien Topaketa antolatzen ari diren batzordeko kideek. Erronda egin ostean Pinceles enparantzan elkartuko dira talde guztiak, handik bazkaltzera joateko. “Bazkalostean kantuan jarraituko dugu mahaiaren inguruan, aspertu arte”, kontatu digu Iñakik. Berrogeigarren kantua abestu ostean, isilik geratuko ote dira, bada?
Zer den tradizio eta zer ez
BASAURI. Askotan aipatzen den kontua da Ipar Euskal Herrian indartsu mantendu duela jendeak kanturako tradizioa eta Hegoaldean, ostera, galdu egin dugula ohitura hori. Joseba Ibarrari horri buruz galdetuta, belaunaldien arabera dagoen zerbait ere badela uste du. “Taldean elkartzen garen gehienok 50 urtetik gora ditugu, momentu oso konkretu bat bizi izan genuen jendea gara: frankismoaren amaiera, Ez Dok Amairuren sorrera, festibaletara joaten ginen, kantuak buruz ikasten genituen… Baina ez ziren abesti oso tradizionalak: Benito Lertxundirenak ziren, edo Laboarenak. Egia da beti dagoela substratu bat, musika herrikoiarena, baina kantu berriak ziren haiek eta, kasu askotan, itzulpenak. Jende gutxik jakingo du seguru asko Amets, amets, Argoitia anai-arrebek abesten zutena, alemanierazko kantu bat dela. Edo Lertxundiren Oi ama Eskual Herri frantsesezko beste baten moldaketa dela. Benito Lertxundik Pierre Bordazarrerena zelakoan grabatu zuen (tira, agian jakingo zuen jatorrizkoa zein zen…). Pierre Bordazarre, Etxahun Iruri ezizenez, (bide batez, oso ezaguna Basaurin, urtero etortzen baitzen dantza agerketara txirula jo edo bertso batzuk botatzera) baserritarra zen eta kortan lanean ziharduen bitartean irratia entzun ohi zuen. Behin abesti hori entzun, gustatu eta bere egin zuen: euskal letra jarri zion, Parisera lan bila doan zuberotar baten istorioa, bere herriko istorioa kontatuz”. Oi ama Eskual Herri kantu tradizionala dela esan al liteke, beraz? Josebaren iritziz, bai. Zenbaitek plagioa dela esango du akaso, baina garbi dagoena da kantuak sustraiak hartu dituela. “Kantu originalean, frantsesez den horretan, lehen aipatu ditugun oinarrizko hiru akordeak erabiltzen dira, baina Lertxundik hainbat aldaera, tonu minor etab. sartu ditu, eta gozatu egin du asko. Bertsio hori da jendeak ezagutu eta kantatu duena. Ez dira gure aititek eta amamak kantatzen zituzten abestiak; haiek beste batzuk abesten zituzten, edo gutxiago abesten zuten akaso. Bagare lehenengoz grabatu zutenean nik hamabost urte inguru nituen. Tradizionala al da? Gaur egun agian bai. Nire seme-alabentzat, bai”.
Amets, amets eta Oi ama Eskual Herri-ren kasuen moduko beste hamaika daudela dio Ibarrak. “Ezusteko bat baino gehiago hartuko luke jendeak. Ez dira berez euskal kanta tradizionalak; orain bai, baina gurean ezagun egiten hasi ziren momentu hartan, ez. Jendea euskal kanta tradizionalak zirelakoan zegoen, eta ez dira. Baina, kanta tradizionala zer den eta zer ez, edo zer den dantza autoktono bat… Batzuetan hori ez dago oso argi”.
Eta kanturako tradizioa galduz joan ote den? Akaso bai. Josebak garbi duena da asko aldatu dela. Bere iritziz, egun aitzakia bat da euskaraz kantatzeko, euskal kantaera apur bat modernizatzeko ere bai. “Hau da tokatu zaiguna, eta aurrera. Gure helburua kantatzea da, ondo pasatzea, eta hurrengo hilean bueltatzeko gogoa izatea”.
☉ Basauri
Basauriko gaurko etxegabetzea salatzeko kontzentrazioa deitu du Batuk

Bi bizilagun etxegabetu dituzte gaur goizean Basaurin. Batu Elkarlaguntza Sareko kideak azken momentura arte negoziatzen saiatu arren, Ertzaintzak gauzatu du 11:00ak aldera etxegabetzea.
Horren aurrean elkarretaratzea deitu du Batu gaur Basaurin, 20:30ean Bentako plazan.
“Etxegabetzea gelditzeko gertu egon gara, baina azkenean ez da gertatu. Hala ere, gaur argi adierazi dugu kapitalismoaren aurpegirik ankerrenari ere antolakuntzaz autodefentsaz erantzungo diogula”, esan dute sare sozialetan Batuko kideek.
☉ Basauri
Argazkiak | Basauriko bi bizilagunen etxegabetzea eta herritarren elkarretaratzea, argazkitan
Gaur eguerdian bi bizilagun etxegabetu dituzte Basaurin, Agirre Lehendakaria kaleko 82. zenbakiko etxebizitza batetik. Higiezina Cerberus putre-funtsarena da eta Batu Elkarlaguntza Saretik adierazi dutenez, “negozioatzeari uko egin diote, alokairua oraintzeko prest baitzeuden bi bizilagunak”.
Etxegabetzea 10:30ean zen betetzekoa, baina dozenaka herritar batu dira “erresistentzia” egiteko 08:30etik aurrera. Goizean goizetik bertan izan da GEURIA, eta hauek egin ditugun argazkiak:
☉ Basauri
Bideoa | Basaurin etxegabetzea gauzatu ostean: “Beste etxebizitza bat hutsik, negozioa egiteko”
Bi bizilagun etxegabetu dituzte. Protestetan hainbat pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak

Agirre Lehendakaria kaleko 82. zenbakiko etxegabetzea gauzatu da gaur eguerdian. Bigarren solairuko etxebizitza batean bizi ziren bi pertsona kaleratu ditu Ertzaintzak.
Eurekin batera, Batu Elkarlaguntza Sareko 20 lagun zeuden etxebizitza barruan, eta Ertzaintzak banan-banan kaleratu ditu.
“Etxegabetzea gelditzeko gertu egon gara, baina azkenean ez da gertatu. Zalantzan egon dira epaitegiko bitartekariak eta polizia; hortaz, hurrengo batean lortuko dugu”, esan dio GEURIAri Luis Diaz Batu Elkarlaguntza Sindikatuko kideak.
Diazen arabera, “beste etxebizitza bat hutsik geratuko da, berarekin negozioa egiteko”, eta gogorarazi du etxegabetu dituzten bi herritarrak duela lau-bost urte iritsi zirela etxebizitza hartara, “kontratu faltsu baten bidez”.
“Ordutik, alokairu bat ordaindu nahi izan dute; egungo errealitatera egokitzen den alokairu bat ordaintzeko prest zeuden, baina Cerberusek ez du onartu”, adierazi du Diazek.
Hainbat identifikatu
Ertzaintzak hainbat lagun identifikatu ditu, baina atxiloketarik egon ez dela adierazi diote Batuko ordezkariek GEURIAri.
“Jende asko elkartu gara gaur etxegabetzea geldiarazteko. Eta elkarretaratzea guztiz baketsua izan da”, dio Diazek.
Identifikazioen inguruan, isunak jasotzen badituzte, Batuk kanpaina bat abiaraziko duela adierazi du Diazek, “seinalatzen nortzuek jartzen dituzten isunak eta nortzuek jasotzen dituzten”.
☉ Basauri
Bideoa | Tentsio uneak Basaurin Ertzaintzaren eta etxegabetzea geldiarazteko batu diren herritarren artean

Basauriko bi bizilagunen etxegabetzea geldiarazteko elkarretaratzea deitu du gaur goizean Batu Elkarlaguntza Sareak Urbi kaleko 82.zenbakian. Etxegabetzea, berez, 10:30ean burutzekoa zen.
Sindikatuko kideek lehen orduan adierazitakoaren arabera, etxegabetzea geldiarazteko saiakera egin dute epaitegietan, baina ezin izan dute euren helburua lortu, eta segidizio judiziala bertaratu denean tentsio uneak bizi izan dira bertaratutakoen eta Ertzaintzaren artean.
Eraikin barruan 20 pertsona zeuden zain, eta kontzentrazioan parte hartzen zuten herritarrak hurbiltzen saiatu dira, baina Ertzaintzak bultzaka eta borraz eragotzi du.
☉ Basauri
Bideoa | Etxegabetzea geldiarazteko epaitegietan lanean ari direla jakinarazi dute Basauriko Batu Sindikatutik

Basauriko bi bizilagunen etxegabetzea geldiarazteko elkarretaratzea deitu du gaur goizean Batu Elkarlaguntza Sareak. Etxegabetzea, berez, 10:30ean izango da.
Pablo Oliveros Batuko kidearekin berba egin du GEURIAk, eta epaitegietan etxegabetzea geldiarazteko lanean ari direla nabarmendu du Batuko kideak.
Arazo honen jatorria bost urte atzera kokatu behar da, Batu sindikatuaren arabera: “Bi herritar hauek ezagun baten bitartez heldu ziren etxebizitza horretara. Ahoz-ahoko kontratu bat egin zuten alokairua ordaintzeko, baina ohartu ziren handik bost hilabetera ezagun horrek ez zuela berririk ematen eta desagertu zela. Iruzur egin ziela konturatu ziren”.
“Etxebizitza horren jabea nor zen jakin barik, bertan jarraitu zuten eta duela bi urte inguru epaitegietatik notifikazioa jaso zuten, jabetza hori Cerberusena zela esanez eta prozesu judiziala martxan jarriko zela eurak kaleratzeko”, azaldu zuen Peio Molinuevo, Batuko kideak.
Epaiketa “euren burua defendatu ezinik” egin zela salatu dute Batuko ordezkariek, “ez baitzuten epaiketa horren berririk jaso”.
Batu, bitartekari
Batu Elkarlaguntza Sareak elkarrizketak izan ditu Solvia SL hiziezinen agentziko ordezkariekin: “Ezin izan dugu Cerberuseko ordezkariekin berba egin. Cerberusek kontratatu duen bitartekari-lanerako Solviako kideekin elkartu gara”.
“Eta gure eskakizunak mahaigaineratu dizkiegu: alde batetik, etxegabetzea bertan behera gelditzea, eta bestetik, bi herritar hauek alokairua ordaintzeko prest zeudela esatea”, dio Molinuevok, eta gaineratu du: “Baina, eurekin negoziatzea oso zaila da”.
Baturen helburua alokairu soziala da, eta proposamen hori helarazi diete hiziezinen agentziko kideei: “Hala ere, bi herritar hauek alokairu soziala ez den alokairu bat ordaintzeko prest daude. Hau da, gaur egungo errealitatera egokituago egon daitekeen alokairua ordaintzeko. Baina, euren erantzuna beti ezezkoa izan da, eta euren helburua da etxegabetzea gertatzea, eta horretarako behar den biolentzia erabiliko dutela”, salatu du Molinuevok.
Zentzu horretan, “erresistentzia” egiteko deialdia luzatuko dute Batuko kideek: azaroaren 13an, 08:30ean, Agirre Lehendakaria kaleko 82. zenbakian.
“Ez dugu onartuko gure eskualdean, gure herrietan eta gure auzoetan etxegabetzerik, eta are gutxiago, horrelako putre-funts espekulatzaileekin ari garenean”, adierazi du Molinuevok.













































