☉ Etxebarri
Danel Marin: «Egun txar batean ere musika sortu edo jotzeak lasaitasuna eta inspirazioa ematen dit»
Txikitatik izan du musikarekiko interesa Danel Marin etxebarritarrak. Monday Potions taldean perkusionista bezala dihardu eta azaroan Hego Uribeko talderik onenaren saria irabazi zuten Rockein lehiaketako finalean

Azaroan Rockeineko finalean Basauriko Social Antzokiko eszenatokian jo zuen Monday Potions taldeak, baita Hego Uribeko taldetik onenaren saria irabazi ere. Danel Marin Urrutxurtu (Etxebarri, 1991) taldeko perkusionista da eta berarekin solasaldia izan dugu.
Monday Potions taldearekin azaroan Hego Uribeko talderik onenaren saria irabazi zenuten Rockein lehiaketan. Zorionak! Eskerrik asko! Aukera bikaina izan zen Social Antzokian, Rockeineko finalean jotzea! Oso gustura ibili ginen oholtza gainean eta Hego Uribeko talderik onena sariaren irabazleak izatea poztasun handiz hartu genuen, zalantzarik gabe!
Rockein irabazita, bideoklip profesional bat grabatuko duzue. Lehen aldia izango da bideoklip baten grabaketan parte hartzen duzuela? Bai. Talde profesional batekin grabatuko dugu lehen aldiz bideoklip bat. Aurretik hainbat bideoklip eta bideo grabaketa egin ditugu, baina beti lagun giroan.
2025eko MAZ Basaurin ere kontzertua emango duzue. Bai! Oso pozik gaude. Rockein irabazi eta urtebetera Basaurin jotzea, eta are gehiago MAZ Basaurin jotzea, zoragarria izango da! Jaialdia ezagutzen dugu eta edizio berri honetan arituko diren taldeak zeintzuk izango diren jakiteko gogoekin gaude!
Rockeineko finaleko epaimahaiaren balorazioa izan zen: “Musika proposamen eklektiko batekin, pop barrokotik art rockera nabigatzen du”. Horrela definitzen duzue taldea? Hau bai galdera zaila, nik neuk gurea definitzeko zailtasunak baititut! Ez da, hala ere, asko pentsatzen dugun gaia ezta kantagintza prozesuan eztabaidatu dugun zerbait ere. Dena den, pop kantak dira egiten ditugunak. Abesti bakoitzean dagoen DNA pop kanta horietan sartzen dugu. Akaso, zerbait ezberdina duen pop musika egiten dugu. Gustura hartzen ditugu, zernahi gisaz, jasotzen ditugun etiketa guztiak eta eroso sentitzen gara horiekin, geure musika definitzeko ere lagun izaten ditugu eta.

Monday Potions Rockeineko finalean // Rockein
Zelan azalduko zenizkioke kontzeptu hauek zure bizilagun bati: “proposamen eklektikoa”, “pop barrokoa” eta “art rocka”? ‘New Age Hokum’ besterik ez. Hori da erantzun bakarra.
Hori da hain zuen Monday Potionsen diskoaren izena. Bai, hala da. Azaroaren 15ean kaleratu genuen diskoa. Hamabi abesti ditu, denak ingelesez.
Zein harrera izan du diskoak? Nahiko ona, momentuz. Hori da behintzat helarazi digutena, eta aldizkarietan iritzi onak zabaldu dituzte. Oraindik ez ditugu iritzi negatiborik entzun! (barreak).
Monday Potionseko erritmoan, Alba Granadosekin batera, bugalú ukituak daudela azaldu duzue. Azalduko diguzu zer den bugalú ukitu hori? Bugalú ulertzeko, bugalua ez dena azalarazi beharko genuke. Eta zer ez da bugalua? Bugaluaren antza du, baina ez da bugalua. Ezta takatá taká bugalua ere. Bugalu, ordea, bugalua da. Nahiz eta batzuetan ezin izan. Hau ere bakoitzaren iritziaren araberakoa izan daitekeelako. Guretzat takatá taká bezala. Bizia eta bortitza denean, zaila egiten zaigu guri ere bugalutik bereiztea.
Perkusionista zara Monday Potionsen. Nola heldu zinen taldera? Egia esan, laurok elkar ezagutzen genuen. Ekaitzekin jotzen dut Sonic Trash taldean eta Alba aspalditik ezagutzen dut bateria ikasten ari ginenetik. Enekok ere denbora darama Sonic Trashekin elkarlanean, musikari gisa eta eduki bisuala diseinatzen. Hirurak elkarrekin ari ziren lanean diskoan, eta bere garaian perkusio batzuk grabatzea proposatu zidaten, asmo handirik gabe. Horren ondoren konturatu ginen abestiek oso norabide interesgarria hartzen zutela, eta proposamenak hainbeste maitemindu ninduenez, taldearekin bat egitea erabaki nuen. Eta orain arte.
Zein da taldean duzuen giroa? Bada oso ona egia esan. Noski, tentsioa ere badago momenturen batean! (barreak). Baina, bromak aparte, aurreiritzirik eta oztoporik gabeko giroa sortu dugu kantuei aurre egiteko, bakoitzari barrutik ateratzen zaion bezala. Eta hori ez da beti erraza izaten.
Lehen aipatu duzu Sonic Trash. Talde horretan ere bateria zara. Bi taldeetan aritzea bateragarria da? Bateragarria baino, bateria-garria! (barreak). Bai, momentuz moldatu egiten naiz.
Talde guztiek izaten duzue amets handiren bat. Zuen kasuan, zein da? Orain dela egun batzuk John Fogerty musikari eta abeslariaren —Creedence Clearwater Revival— antza zuen Athleticzale bat ikusi genuen San Mamesen. Berarekin berriro topo egitea gustatuko litzaiguke zein punturainoko antzekotasuna zuen ziurtatzeko! (kar, kar, kar)
Adimen artifizialaren gaineko kezka zabaldu da artearen eta musikaren munduan. Zelan ikusten duzue zuek? Ordezkatuko gaituzte makinek arlo horretan ere? Duela gutxi horren inguruan aritu ginen hitz egiten. Izan ere, Enekoren benetako ahotsa Phil Collinsen ahotsaren tesituraren antzekoa da, baina adimen artifizialari esker, hainbeste sentsazio sortzen ari diren crooner-ehundura horiek diskoan sartzea lortu dugu! (barreak).
Aurretik Dead Bronco eta Los Retros taldeetan ibilitakoa zara. Talde horietan esperientzia irabaziko zenuen. Esperientzia guztiekin hazi egiten zara zentzu batean zein bestean. Egia esan, oroitzapen onak eta lagun handiak eraman ditut parte hartu dudan proiektu guztietatik.
Noiz hasi zinen musika munduan? Txikitatik izan dut musikarekiko interesa. Niretzat musika adierazpen-iturri bat da, komunikatzeko eta emozioak askatzeko modu bat. Egun txar batean ere musika sortu edo jotzeak lasaitasuna eta inspirazioa ematen dit. Gainera, musika besteekin konektatzeko modu unibertsala da. Une magikoak entzuleekin partekatzea zoragarria iruditzen zait.
Zaila da musikaz bakarrik bizitzea? Bai. Askotan ateratzen den gaia da hauxe. Zaila da, normalean musika beste lan serio batekin partekatu nahi duzulako, musikak bakarrik asetzen ez zaituelako. Musika egiten dugu beste lan horretan jarduteko.
☉ Etxebarri
San Esteban etorbideko obrak faseka egingo dituzte Etxebarrin eta aldi baterako murrizketak iragarri ditu Udalak
Lehen fasean etorbideko zenbaki bikoitien aparkalekuak desgaitu dituzte eta bigarren fase batean zenbaki bakoitietan egingo dituzte obrak

Etxebarriko San Esteban etorbidea eta Barrondo kalea guztiz eraldatzeko eta herritarrentzat irisgarriagoak, seguruagoak eta atseginagoak bihurtzeko lanetan murgilduta dabil Udala.
Birmoldaketa horri esker aparkaleku-sistema berrantolatuko dute —bateriatik lineara—, aparkaleku berriak jarriko dituzte, espaloiak zabalduko dituzte eta eliza ondoko autobus geltokiaren funtzionaltasuna eta segurtasuna hobetuko dute.
Obrak udan hasi zituen Ansareo enpresak eta dagoeneko Barrondo kalean egin behar zituzten lanak amaitu dituzte. Eta, behin lan horiek bukatuta, San Esteban etorbidean esku hartzen hasi dira aste honetan.
Lan berri hauek faseka burutuko dituzte. Hasteko, San Esteban etorbideko zenbaki bikoitietan jardungo dute eta, hortaz, bertako aparkalekuak desgaitu dituzte eta edukiontziak lekualdatu dituzte. Ondoren, zenbaki bakoitietan esku hartuko dute.
“Obrak egiten diren bitartean aldi baterako murrizketak egingo zaizkio oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioari, esku-hartzearen fase bakoitzari egokituta. Hala ere, etxebizitza, garaje eta saltokietarako behin-behineko sarbidea bermatuko da”, zehaztu dute udal ordezkariek: “Udalak herritarren laguntza eskatzen du, baita kaltetutako eremuetan kontu handiz ibiltzeko ere”.
Etxebarriko Udalak guztira 564.000 euro bideratuko ditu eraldaketa integral honetara. Aurreikuspenen arabera, urte berriko lehen hiruhilekorako amaituko dituzte lanak.
☉ Etxebarri
Etxebarrik zortzi pertsona kontratatuko ditu sei hilabetez lan egiteko
Profil desberdinetako lanpostuak beteko dituzte eta hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko interesdunek Lanbiden eman behar dute izena azaroaren 18a baino lehen

Langabezian dauden zortzi pertsona kontratatuko ditu Etxebarriko Udalak sei hilabetez lan egiteko % 75eko lanaldian.
Zehazki profil hauek dira kontratatuko dituztenak: bi agente zibiko Udaltzaingoarekin elkarlanean bizikidetza eta segurtasuna hobetzeko; bi administrari-laguntzaile; bi komunikazio-dinamizatzaile; datu-baseetako analista bat; eta biltegiko laguntzaile bat.
Hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko, Lanbideren webgunean lanpostu bakoitzerako adierazten den eskaintzan izena eman behar dute interesdunek. Izena emateko epea zabalik dago azaroaren 18ra arte.
“Lanpostuak sortzeaz gain, enplegua sustatzeko tokiko ekintza horien helburua partehartzaileen inklusioa, prestakuntza eta egonkortasuna bultzatzea da”, diote udal ordezkariek.
Etxebarriko Udalak 89.500 euro bideratuko ditu 2025-2026 Enplegu Planera, Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak sustatutako dirulaguntzari esker.
☉ Etxebarri
Mendi irteera antolatu du Arpelak Etxebarrin, Alberto Lago ipuin kontalariarekin

Arpela Euskaltzaleen Elkarteak mendi irteera antolatu du azaroaren 9an.
Santa Marina ospitale zaharra, Iturritxualdeko lubakiak eta askaldia eta Leon askaldia bisitatzeko aukera izango dute herritarrek.
Sei kilometroko ibilbidea izango da eta Alberto Lago ipuin kontalariak parte hartuko du.
Interesa dutenek izena eman behar dute; QR kodea udal webgunean dago.
☉ Etxebarri
Beldurrezko Pasabidea antolatu dute Etxebarrin asteburuan Gau Beltzaren egitarauaren barruan

Arimen Eguna ospatuko da asteburuan Hego Uribeko udalerrietan. Etxebarrin Beldurrezko Pasabidea antolatuko dute aurten ere: ‘Ispilu beltzaren madarikazioa’.
Urriaren 31n, azaroaren 1ean eta 2an bisitatu ahalko dute herritarrek Beldurrezko Pasabidea Kultur Etxean. Jarduera doakoa da, baina interesa dutenek sarrera eskuratu beharko dute esteka honen bitartez. Oraindik azaroaren 1erako eta 2rako sarrerak daude eskuragarri.
Pertsona bakoitzak 8 sarrera lortu ahal izango ditu gehienez; izan ere, bisitak 6-8 laguneko taldeetan egingo dituzte 10 minuturo.
“Pasabide hori udazkeneko hitzordurik gogokoenetariko bat da Etxebarrin, eta belaunaldien arteko lanaren emaitza dugu”, diote udal ordezkariek: “Talka taldeko 12 eta 17 urte bitarteko gazteek eta eguneko zentroko adinekoek parte hartzen dute lan horretan, eta elkarrekin ari dira egiten izuaren etxea girotuko duen dekorazioaren zati bat”.
Tailerra gaztetxoentzat
Beldurrezko Pasabideaz gain, Gau Beltzari buruzko tailerra antolatuko du Etxebarrin Beti Batera elkarteak 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzat.
Urriaren 31n izango da eta tailerra honakoa: sorginen txanoen apainketa eta ‘Saria edo Ziria’ jokoa.
Amezola plazan izango da tailerra eta dagoeneko plaza guztiak bete dituzte.
Jasoko duten diru guztia Julenett elkarteari emango diote, Rett sindromea ikertzearen aldeko elkarteari.
☉ Etxebarri
Ertzain batek drogetan positibo eman du Etxebarri parean izandako istripu batean
Etxebarriko industrialde batetik irteten ari zen ibilgailu susmagarri baten atzetik joan ostean, Ertzaintzako patruila-autoak istripua izan du kotxe harekin

Ertzaintzako agente batek drogetan positibo eman du Etxebarri parean gertatutako esku hartze baten ostean.
Gertaerak gaur goizaldean gertatu dira: Etxebarriko industrialde batetik irteten ari zen ibilgailu susmagarri batek ez die jaramonik egin ertzainek bere martxa gelditzeko emandako argibideei. Ertzainak ikusterakoan, ibilgailuak ihes egin du, eta modu arriskutsuan gidatu du, patruila atzetik zuela, errepidetik irten den arte. Orduan, patruila-autoak istripua izan duen ibilgailuarekin talka egin du.
Ibilgailuaren barruan hankan igeltsua zeraman gizon bat (gidaria), emakume bat eta adingabe bat zihoazen. Gidaria eta adingabea zauritu egin dira, eta Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetara eraman behar izan dituzte.
Kasuaz Bilboko Udaltzaingoa arduratu da, Ibarsusiko biribilgunean gertatu baita istripua. Eta, ohiko protokoloari jarraituta, ibilgailua gidatzen ari zen agenteari alkohol eta droga-test bat egin diote, eta positibo eman du drogetan.
Agenteak odoleko kontraste-proba bat eskatu du. Ertzaintzak antolaketa neurriak hartu ditu, eta, kautelaz, agente horrek ez du polizia-lanik egingo kalean; horren ordez, eta odoleko kontraste-probaren emaitzak jaso eta gertatutakoa argitu arte, barne-lanak egingo ditu.
Gertakarian inplikatutako bi agenteak bajan daude mutuatik igaro ondoren, eta ihes egindako ibilgailuaren gidaria ikertzen ari dira trafiko-segurtasunaren aurkako delitu baten ustezko egile gisa.










