☉ Etxebarri
Izaro Saiz: «Kirolak matematikak besteko garrantzia dauka gure etxean»
Aurten Mediterraneoko Jokoetan aritzeko deitu du Espainiako Selekzioak Izaro Saiz otsailaren 27tik martxoaren 4ra Náfplion (Grezia)

Izaro Saiz García (Sopela, 2006) Etxebarriko Kukullaga Eskubaloi Taldeko gazte eta zilar kategorietako jokalaria da. Aurten Mediterraneoko Jokoetan aritzeko deitu du Espainiako Selekzioak otsailaren 27tik martxoaren 4ra Náfplion (Grezia). Maletak egin eta Madrilera abiatu baino lehen entrenamendu saioan izan ginen berarekin Etxebarriko kiroldegiko kantxan eta talde osoak transmititu digun gauza bera eskaini digu Kukullagakoak bai aurrez aurre, bai ariketak egiten zituen bitartean: hurbiltasuna, zintzotasuna eta gogor borrokatzeko gogo nekaezina. Kirol ibilbidean egin duen lehen elkarrizketa dugu honako hau eta ziur gaude atzetik beste hainbeste etorriko direla.

Zorionak, Izaro! Zer sentitu zenuen Mediterraneoko Eskubaloiko Txapelketan Espainiako selekzioarekin jokatuko zenuela esan zizutenean? Urduritasun handia eta poztasuna. Ezin nuen sinetsi ni aukeratu nindutela. Espainiako Selekzioa urrun dagoen zerbait izan da beti niretzat. Jokalari askok askotan pentsatu dugu lor ezin daitekeen helburu dela, eta hara! Deitu zidatenean ezin nuen gertatzen ari zena sinetsi.
Nolakoa izan zen dei hura? Otsailaren 8an deitu zidaten telefonoz. Momentu hartan eskolan nengoen. Telefonoa itzalita neukan eta klasea amaitu zenean, telefonoa piztu eta mezu zaparrada jaso nuen. Telefonoak eztanda egingo zuela zirudien! Lagunen, taldeko kideen eta beste eskubaloi taldeetako zorion mezuak jaso nituen. Momentu hartan ez nuen ezer ulertzen. Orduan familiako Whatsapp taldea begiratu nuen eta aitak deialdia bidali zidala ikusi nuen. Momentu hartan komunera joan nintzen eta aitari deitu nion telefonoz. Dardarka nengoen eta aitak esan zidan lehen gauza zera izan zen: “Zaude lasai eta ez ezazu asko flipatu”. Pozgarria da, bereziki Espainiako gazteen selekzioak taldea eginda zeukalako orain urte batzuk eta bertan egoteko oso aukera gutxi daudelako.
María Fernándezekin batera Espainiako Selekzioko gazteen azken fitxaketak izan zineten. Zer esan nahi du horrek guztiak zuretzat? Handicap-a da niretzat. Ez ditut selekzioko joko-eskemak eta aurreko txapelketetan egindako jokaldiak ezagutzen. Beraz, ahalegin berezia egin beharko dut ahalik eta lasterren integratu eta nesken joko-maila erdiesteko.
Zer esan zizuten Kukullaga Eskubaloiko taldekideek? Zoragarria izan zen. Gauzarik onena, zalantzarik gabe. Taldekide guztiak asko poztu ziren. Egun hartan entrenamendu saioa izan genuen Etxebarrin eta animo mezuak eta besarkadak eman genizkion elkarri. Jende horrek guztiak Kukullaga Eskubaloi Taldea osatzen duela jakitea izugarria da. Beraiei eskerrak eman behar dizkiet jasotako maitasun guztiagatik eta horrek eman didan ilusio itzelagatik.
Berria jakitean entrenamendu saioak aldatu zenituen? Nire errutinak berdina izaten jarraitu du. Arlo fisikoan saioak antolatzeaz Cáceres eta Manolo arduratu dira, gazte eta zilar kategorietako taldeetan, denboraldia hasi zenetik.

Zenbat denbora eskaintzen diozu eskubaloiari astero? Astean hiru entrenamendu saio ditut eta asteburuetan partida bat edo bi jokatzen ditugu: zilar kategoriako talde nagusian jokatu behar badut partida bi izan ohi dira asteburuetan. Benetan garrantzitsua da niretzat gazteen kategoriako kideekin egotea. Hala ere, denboraldi honetan Zilarrean jokatzeak asko eman dit eta nagusiek ere ondo baino hobeto zaintzen naute!
Zer espero duzu Mediterraneoko Txapelketatik? Joan den urtarrilean Euskadiko Selekzioarekin emandako maila mantentzearekin aski izango nuke Mediterraneoan. Erronka hau berria da niretzat eta talde berri batekin lehiatzea nolakoa den ikusi nahi dut. Bertako jokalariek nik baino maila altuagoa dute, Grezian arituko diren taldeek bezalaxe. Hori uste dut nik behintzat.
Gogorrak izango dira, beraz, nazioarteko aurkariak? Ez ditut taldeak banan-banan ezagutzen ezta bertako jokalariak ere. Hala ere, ziur nago partida zailak jokatuko ditugula, oso fisikoak. Azken batean, txapelketan parte hartuko duten taldeek eskubaloiko diziplina maila altua dute.
Espainiako Selekzioarekin Mediterraneoko Txapelketara joateko ez duzu maila makala izango. Agian, txikitatik hasi zinelako eskubaloian. 8 urterekin hasi nintzen eskubaloian, eskolako taldean. Gimnasia erritmikoarekin saiatu nintzen baina ez nintzen oso elastikoa eta oso haserre heltzen nintzen etxera saio bakoitzaren ondoren. Gauzak horrela, amak, garai batean eskubaloian jokatu zuenez, baloi bat oparitu zidan eta etxeko terrazan sakeak egiten irakatsi zidan. Benetan gustatu zitzaidan eta dibertigarria zen. Gainera, taldean jokatzeko kirola da eta horrek arreta erakarri zidan bereziki. Horiek horrela, eskubaloi taldea sortu genuen eskolan eta lehiatzen hasi ginen.

Zein eskolatan izan zen hori? Urdanetan. Gero denboraldi bat eman nuen Zuazon eta bertatik Kukura egin nuen salto. Hona heldu nintzenean helburu nagusi bat neukan: entrenamendu saio bakoitzean aurreko saioko markak hobetzea. Azken batean, Kukullagako taldean maila oso altuko kirolariak daude eta horrek nire alde onena atera du, zalantzarik gabe. Etxebarriko Kukullaga taldea nagusiki neskena da eta bertako jokalariak zaintzeaz gain errendimendurik onena ematea lortzen dute. Euskadiko Txapelketako kategoria ezberdinetako emaitzak ikustea besterik ez dago horretarako! Iaz, esaterako, gazteen eta kadeteen taldeek Euskadiko Txapelketa irabazi genuen eta Espainiako sektoreetarako sailkatu ginen. Hau ez da azken urteetako joera soilik: 2018an, haurren kategoriako taldea Espainiako txapeldun izan zen klubetan. Itzela da hori. Niretzat ohorea da talde horretako entrenatzailearekin eta hainbat jokalarirekin jokatzea. Hauxe da Etxebarrira etorri nintzenean bilatzen nuena eta topatu dut.
Beraz, Etxebarriko eskubaloia kirolaz harago doan zerbait dela esango zenuke? Herrian 12.000 lagun inguru bizi dira eta harrigarria da eskubaloiarekiko dagoen zaletasuna. Kirolaz blai dago herria eta poztasun itzela ematen du herrian neskatilak Kukullaga Eskubaloiko txandalarekin ikusteak. Oso harro nago familia honen parte izateaz.

Nolako garrantzia dauka zuretzat eskola kirolak umeengan gaur egun? Eskola kirola beharrezkoa dela uste dut. Etxean, kirolak matematikak besteko garrantzia dauka. Azken batean, ikasketetan ondo egoteko aukera ematen dit. Osasun aldetik onurak ekartzeaz gain, kirolak sakrifizioaren balioa erakusten dio praktikatzen duenari. Alde akademikoak duen garrantzi antzekoa du. Jokalari izugarriak ezagutzen ditut, ez bakarrik eskubaloikoak, kirolari trebeak izateaz gainera esparru akademikoan primerakoak. Kirolak, gainera, hortzak berdintzeko laguntzen du ere.
Eta bestelako kirolik praktikatzen al duzu? Ez daukat denborarik. Libre ditudan egunak berreskuraketarako erabiltzen ditut. Ahal dudanean San Mamesera noa Athletic jokatzen ikustera eta udan mendi eta bizikleta martxak egiten ditut gurasoekin.

☉ Etxebarri
San Esteban etorbideko obrak faseka egingo dituzte Etxebarrin eta aldi baterako murrizketak iragarri ditu Udalak
Lehen fasean etorbideko zenbaki bikoitien aparkalekuak desgaitu dituzte eta bigarren fase batean zenbaki bakoitietan egingo dituzte obrak

Etxebarriko San Esteban etorbidea eta Barrondo kalea guztiz eraldatzeko eta herritarrentzat irisgarriagoak, seguruagoak eta atseginagoak bihurtzeko lanetan murgilduta dabil Udala.
Birmoldaketa horri esker aparkaleku-sistema berrantolatuko dute —bateriatik lineara—, aparkaleku berriak jarriko dituzte, espaloiak zabalduko dituzte eta eliza ondoko autobus geltokiaren funtzionaltasuna eta segurtasuna hobetuko dute.
Obrak udan hasi zituen Ansareo enpresak eta dagoeneko Barrondo kalean egin behar zituzten lanak amaitu dituzte. Eta, behin lan horiek bukatuta, San Esteban etorbidean esku hartzen hasi dira aste honetan.
Lan berri hauek faseka burutuko dituzte. Hasteko, San Esteban etorbideko zenbaki bikoitietan jardungo dute eta, hortaz, bertako aparkalekuak desgaitu dituzte eta edukiontziak lekualdatu dituzte. Ondoren, zenbaki bakoitietan esku hartuko dute.
“Obrak egiten diren bitartean aldi baterako murrizketak egingo zaizkio oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioari, esku-hartzearen fase bakoitzari egokituta. Hala ere, etxebizitza, garaje eta saltokietarako behin-behineko sarbidea bermatuko da”, zehaztu dute udal ordezkariek: “Udalak herritarren laguntza eskatzen du, baita kaltetutako eremuetan kontu handiz ibiltzeko ere”.
Etxebarriko Udalak guztira 564.000 euro bideratuko ditu eraldaketa integral honetara. Aurreikuspenen arabera, urte berriko lehen hiruhilekorako amaituko dituzte lanak.
☉ Etxebarri
Etxebarrik zortzi pertsona kontratatuko ditu sei hilabetez lan egiteko
Profil desberdinetako lanpostuak beteko dituzte eta hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko interesdunek Lanbiden eman behar dute izena azaroaren 18a baino lehen

Langabezian dauden zortzi pertsona kontratatuko ditu Etxebarriko Udalak sei hilabetez lan egiteko % 75eko lanaldian.
Zehazki profil hauek dira kontratatuko dituztenak: bi agente zibiko Udaltzaingoarekin elkarlanean bizikidetza eta segurtasuna hobetzeko; bi administrari-laguntzaile; bi komunikazio-dinamizatzaile; datu-baseetako analista bat; eta biltegiko laguntzaile bat.
Hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko, Lanbideren webgunean lanpostu bakoitzerako adierazten den eskaintzan izena eman behar dute interesdunek. Izena emateko epea zabalik dago azaroaren 18ra arte.
“Lanpostuak sortzeaz gain, enplegua sustatzeko tokiko ekintza horien helburua partehartzaileen inklusioa, prestakuntza eta egonkortasuna bultzatzea da”, diote udal ordezkariek.
Etxebarriko Udalak 89.500 euro bideratuko ditu 2025-2026 Enplegu Planera, Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak sustatutako dirulaguntzari esker.
☉ Etxebarri
Mendi irteera antolatu du Arpelak Etxebarrin, Alberto Lago ipuin kontalariarekin

Arpela Euskaltzaleen Elkarteak mendi irteera antolatu du azaroaren 9an.
Santa Marina ospitale zaharra, Iturritxualdeko lubakiak eta askaldia eta Leon askaldia bisitatzeko aukera izango dute herritarrek.
Sei kilometroko ibilbidea izango da eta Alberto Lago ipuin kontalariak parte hartuko du.
Interesa dutenek izena eman behar dute; QR kodea udal webgunean dago.
☉ Etxebarri
Beldurrezko Pasabidea antolatu dute Etxebarrin asteburuan Gau Beltzaren egitarauaren barruan

Arimen Eguna ospatuko da asteburuan Hego Uribeko udalerrietan. Etxebarrin Beldurrezko Pasabidea antolatuko dute aurten ere: ‘Ispilu beltzaren madarikazioa’.
Urriaren 31n, azaroaren 1ean eta 2an bisitatu ahalko dute herritarrek Beldurrezko Pasabidea Kultur Etxean. Jarduera doakoa da, baina interesa dutenek sarrera eskuratu beharko dute esteka honen bitartez. Oraindik azaroaren 1erako eta 2rako sarrerak daude eskuragarri.
Pertsona bakoitzak 8 sarrera lortu ahal izango ditu gehienez; izan ere, bisitak 6-8 laguneko taldeetan egingo dituzte 10 minuturo.
“Pasabide hori udazkeneko hitzordurik gogokoenetariko bat da Etxebarrin, eta belaunaldien arteko lanaren emaitza dugu”, diote udal ordezkariek: “Talka taldeko 12 eta 17 urte bitarteko gazteek eta eguneko zentroko adinekoek parte hartzen dute lan horretan, eta elkarrekin ari dira egiten izuaren etxea girotuko duen dekorazioaren zati bat”.
Tailerra gaztetxoentzat
Beldurrezko Pasabideaz gain, Gau Beltzari buruzko tailerra antolatuko du Etxebarrin Beti Batera elkarteak 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzat.
Urriaren 31n izango da eta tailerra honakoa: sorginen txanoen apainketa eta ‘Saria edo Ziria’ jokoa.
Amezola plazan izango da tailerra eta dagoeneko plaza guztiak bete dituzte.
Jasoko duten diru guztia Julenett elkarteari emango diote, Rett sindromea ikertzearen aldeko elkarteari.
☉ Etxebarri
Ertzain batek drogetan positibo eman du Etxebarri parean izandako istripu batean
Etxebarriko industrialde batetik irteten ari zen ibilgailu susmagarri baten atzetik joan ostean, Ertzaintzako patruila-autoak istripua izan du kotxe harekin

Ertzaintzako agente batek drogetan positibo eman du Etxebarri parean gertatutako esku hartze baten ostean.
Gertaerak gaur goizaldean gertatu dira: Etxebarriko industrialde batetik irteten ari zen ibilgailu susmagarri batek ez die jaramonik egin ertzainek bere martxa gelditzeko emandako argibideei. Ertzainak ikusterakoan, ibilgailuak ihes egin du, eta modu arriskutsuan gidatu du, patruila atzetik zuela, errepidetik irten den arte. Orduan, patruila-autoak istripua izan duen ibilgailuarekin talka egin du.
Ibilgailuaren barruan hankan igeltsua zeraman gizon bat (gidaria), emakume bat eta adingabe bat zihoazen. Gidaria eta adingabea zauritu egin dira, eta Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetara eraman behar izan dituzte.
Kasuaz Bilboko Udaltzaingoa arduratu da, Ibarsusiko biribilgunean gertatu baita istripua. Eta, ohiko protokoloari jarraituta, ibilgailua gidatzen ari zen agenteari alkohol eta droga-test bat egin diote, eta positibo eman du drogetan.
Agenteak odoleko kontraste-proba bat eskatu du. Ertzaintzak antolaketa neurriak hartu ditu, eta, kautelaz, agente horrek ez du polizia-lanik egingo kalean; horren ordez, eta odoleko kontraste-probaren emaitzak jaso eta gertatutakoa argitu arte, barne-lanak egingo ditu.
Gertakarian inplikatutako bi agenteak bajan daude mutuatik igaro ondoren, eta ihes egindako ibilgailuaren gidaria ikertzen ari dira trafiko-segurtasunaren aurkako delitu baten ustezko egile gisa.









